![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Josean Bueno Saez de Albeniz - EILAS / Irakaskuntza / 2005-03-22 / 07:00
Bizkaiko institutu batean itxita daude hainbat irakasle, estabilitate lan-egoera galdu dutelako. Denbora luzean ordezkapenetan ibilitako 1.500 irakasle interinorentzat lortu zen hobekuntza laborala STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuek Administrazioarekin sinatutako akordioan. Baldintza bakarra hau zen: hizkuntza eskakizuna HE1, gutxienez 2004. urterako betetzea.
Momentu honetan, euskara ez dakiten irakasle funtzionarioentzat beraientzat ere zaila suertatzen da batzuetan lanpostu egokiak aurkitzea: euskarazko irakaskuntza nagusituz doa, urtez urte, gure hezkuntza sistema publikoan. Euskararen eskakizuna ez da, esan eta idatzi den bezala, ideologiatik edo eta aurreiritzitik sortzen, benetako lan egoeratik baizik: zenbat ikastetxe pribatuk kontratatzen dute, egun, euskaraz ez dakien irakaslerik?
Hainbeste urte irakaskuntzan ibili ondoren, harritzekoa da pertsona horiek euskara ikastea lortu ez izana; are gehiago estabilitatea mantentzeko eskatzen zaien maila HE1 denean (ez oso zaila, beraz). 34 irakasle egon dira bi urtez liberatuta bakarrik euskara ikasteko: HE1 eskatzea ez dirudi gehiegikeria. Beste 65ek liberazioko bigarren urtean daude, HE1 ateratzeko; hirugarren urte bat izango dute HE2 atera ahal izateko. Besteek ere liberazioak izango dituzte. Bestalde, hizkuntz eskakizuna 2001. urtean bete behar zen, eta atzeratu egin zen 2004. urtera arte: epea egon da egoeraz ohartzeko. Horregatik, inposaketaz, bazterketaz, hizkuntza/etnia garbiketaz ezin da hitz egin. Seguru Europan milaka lanpostutan eskatzen dela hizkuntza bat jakitea. Eta inork uste al du langileek beste lekuetan hemen jartzen ari diren baldintzak (hiru urteko liberazioa, ikasteko bakarrik, soldata osoa kobratuz) edukiko dituztela? Hezkuntza sistemaren euskalduntzeari buruz idazten eta esaten ari diren gehiegikeriek zerikusi gutxi dute errealitatearekin.
Egiatzat aurkezten diren gauzen artean beste bat langabeziarena da. Errealitatea, aldiz, honakoa da: irakasle horiek ez dira kanporatuak izan. Ordezkapenen zerrendetan jarraitzen dute, orain arte egon diren lekuetan (lehenengo lekuetan, hain zuzen ere) eta hizkuntz eskakizuna ez duten lanpostuak har ditzakete. Lana izango dute honelako lanpostuetan beharra dagoen bitartean. Baina biktima moduan egokiagoak dira langabezian aurkezten baditugu, eta behin eta berriro «kaleratuak», «despido» eta halako hitzak ari gara entzuten, egoera bestelakoa bada ere.
Hala ere, irakasle horien protestaren atzean bada oinarrizko arrazoia: urteetan mantendu du Hezkuntza Sailak prekarietate sistema maltzurra, milaka irakasle ordezkorekin. Oposizio deialdirik ez da ia egon irakasleen egoera laborala normaltzeko. Horregatik du garrantzia akordio laboralean lortutako estabilitateak. Eta estabilitate egoera hori nekez justifika daiteke hezkuntza sistemaren beharrekin hizkuntza eskakizunari lotua ez badoa.
Eta muntatu den zirku politiko-mediatikoarekin estabilitatea irakasle interino gehiagori zabaltzea oso zaila bihurtuko zaigu hurrengo urteetako akordioetan. Estabilitatea STEE-EILAS, ELA eta LABek sinatutako akordio laboralaren ondorioa dela, ez inolako legeak bermatutako eskubidea. Izan ere, penintsulako gainontzeko autonomia erkidegoetan ez dago honelako eskubiderik aspaldiko interinoentzat. Hortik has daitezke lanean hainbeste eta hain kexa larri egiten ari diren PP, PSOE, CCOO eta UGT. Edo hango irakasleek hemengoek baino gutxiago balio dute?
Ez, ez dute gutxiago balio, baina haien egoera ezin da manipulatu propaganda politiko merkea egiteko. Pelikula oso bat antolatu da irakasle horien egoeraren inguruan. Ikusi dugunez, gidoia eta errealitatea ez datoz bat; baina berdin zaie, mezu bera errepikatuko dute egiaren itxura hartu arte. Ezin da onartu euskara dela medio neurri honetako manipulazioa eta erabilera maltzurra. Ez da gertatzen den lehena eta, seguruenik, ez azkena.
Berdin dio: errealitatea temosoa da. Guraso gehienek euskarazko irakaskuntza eskatzen digute. Eta irakasle gehienek euskaraz lan egiteko gaitasuna dute eta hor ari dira egunero. Horretarako hizkuntza landu eta ikasi dute. Ez da erraza izan, kasu askotan, eginiko bidea, denek ez baitituzte eduki, diru eta denbora aldetik, egokiera berak. Horri esker, egun, EAEn Derrigorrezko Irakaskuntzan eta Batxilergoan euskaraz ikasteko eskubidean urrats erabatekoak egin izan dira. Akatsak antzemateko, alde ilunak nabarmentzeko maisuak garen gure Euskal Herri honetan, agian hezkuntza arloko langileek euskalduntze bidean lortutakoa eta egindakoa ez da merezi duen bezala baloratu eta eskertu.
(JOSEAN BUENO SAEZ DE ALBENIZ EILAS sindikatuko kidea)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |