Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Imanol Mugika eta Bittor Kapanagari omenaldia

Imanol Mugika eta Bittor Kapanagari omenaldia

2005-03-08 / 07:00 / Remo Bianchini, Josu Naberan, Patxi Alaña, Pako Iriarte, Urtzi Ihitza   HIZKUNTZA

Imanol Mugikak eta Bittor Kapanagak bizitza osoan jardun dute euskararen jatorriaren ikerketan. Horregatik, omenaldia egin diete martxoaren 4an (2005-03-04) Donostiako Zorroaga Egoitzan. Omenaldi hau Euzko Izaera, Mikoleta, Bizi Hitza eta Ena Elkarteek antolatu dute, bizitza osoko lana eskertzeko eta egindako lana ezagutarazteko. Izan ere, bi euskaltzale hauen lana ez dago oso zabaldua.

Badira euskararen garapenean asko eman duten euskaltzaleak, baina euren lanen berri ez da zabaldu, tamalez. Biziki hipotesi interesgarriak plazaratu zituzten, biek, orain dela 20-30 urte, baina ondoren, eremu lehorra izan da jakintza gai hau. Nahiko lan izan dugu euskararen normalizazioa, erabilera... suspertzen, baina gure burua hobeto ezagutzeko balio zezakeen euskararen jatorria ikertzeari ez diogu denborarik eman.

Imanolek eta Bittorrek ordea, hitzen esanahia eta munduaren ikuskera bat deskubritu ziguten euren teorien bidez. Hizkuntzatik harago joan ziren biak, erlijio eta filosofian sakonduz. Imanolek, bokal eta kontsonante bakoitza naturaren bibrazio batekin lotu zuen eta, horren bidez, hitz askoren etimologia azaldu du. Bittorrek, beste ibilbide erabat desberdinetik, euskararen erroak azaldu ditu eta euskaran hiru substratu daudela azaldu du.

Eta eurek egindako ekarpenek hizkuntzarekin jolasteko aukera ematen digutela ohartuko bagina, primeran pasatuko genuke euskaltegietan, ikastetxeetan eta lagunartean. Esate baterako, izena hitza zein garrantzitsua den deskubrituko genuke. “Iz” hitzak argia esan nahi duelako –besteak beste-, eta hortik “izakia”. Alegia, gizakiok, animaliak, bizagabeak,... argiaren isladak gara. Bai gauza polita. Honela bada, hitz honek jakintza mota askoren ikuspuntutik azterketa egiteko aukera emango liguke: Fisika (kolore guztiak zuriaren islada desberdinak dira), Filosofia (Barandiaranek zioen moduan izena duen guztia izan bada, alegia, izen eta izan osagaia dute amankomunean), Erlijioak (beste kultura askotan bezala, euskaldunok ere argiaren seme-alabak garela adierazten digu gure hizkuntza zaharrak, Aranak ere proposatu zuen moduan: eguzkiko -> e(g)uzki(i)ko -> eusk), Irakaskuntza (agian euskara errazago ikasiko litzateke, erroetatik hasiko bagina).

Imanolek eta Bittorrek deskubritutako hitz bakoitzaren etimologiarekin artikulu bat idazteko haina edukiko genuke baina, ondoren, pasarte labur batzuk baino ez ditugu ekarri, ikerle eta euskaltzale hauek apurtxo bat gehiago ezagutzeko.

Imanol Mugikaren ekarpena

Imanol Mugika Alberdiren “Linguistica Basca”tik ateratako euskal nortasunari eta hizkuntzari buruzko testu batzuk ekarri ditugu lehendabizi. Liburu hau, 1966 urtean argitaratu zuen Argentinan. Imanol Bergaran jaioa da eta 84 urte dauzka. Imanolek, besteak beste, honako liburuak ere idatzi ditu: Iainkoa Sabiduría de la Naturaleza, Euzko Elea Etorburuko Esan Naia, Ciencia y Filosofía, Teoría de la Formación de las Lenguas Vista a la Luz del Euzkera.

“Herri euskaldunak erromatarrak, arabiarrak... jasan egin zituen, eta borroka horietan garaitua eta garaile izan zen, baina sekula ez menperatua. Bere esentzia eta historiak bloke ideologiko, psikiko eta mental oso indartsua osatzen baitzuten, herri euskalduna babesten zuena. Baina ideologia katoliko erromatarra heltzean, filosofia arrotza hartu zuten, euskalduna ez zena, pentsamenduaren batasuna apurtuz, taldearen batasuna hautsiz eta herria zatituz. Euskaldunek filosofia propioa eduki izan balute, hebrearrek duten moduan Tora eta Kabalarekin, herri euskaldunak bere foru eta berezko eskubideak gordeta izango zituen. Herri baten boterea bere ideologian datza. Berau dotrina arrotzen menpe geratzen bada, zatiketa dator eta hortik desegiten da, gure buru eta nahiak beste herri batzuenekin nahastean.”

“Euskalduna, gizaki prehistorikoa, inkontzientzia egoeran kokatuta sortu zenean, ez zeukan mitologia edo kosmologiaren bidez transmititutako ezagutza sistema bat. Odola, hizkuntza eta musika tresnek, euskal herria herri zaharra dela adierazten digute. Eta lehen, bere sorterria azaltzeko zaila bazen, orain bai azaldu ahal dugula bere egoera psikologiko berezia, bai azaldu ahal dugula herri berezi, desberdin, leial eta errebeldea, denetik daukana baina ez daukana beste inoren antzik. Bere hizkuntzak Amerikako hizkuntza indigenetan aurkitu ahal diren ahotsak ditu, hizkuntza aztekarren flexio eta amaierak. Ahoskeran eta atzizkietan japonieraren antza du. Homeroren grezieraren ahotsak ere baditu, Sumeriera eta egiptoerarenak ere. Kaldea eta Asiriako hizkuntzekin antza badu eta Asia Txikiko toponimian badira euskal izenak. Laburbilduz, Europako zaharrak diren gauzekin eta Mediterraneoarekin senidetuta dago.”

“Hizkuntza naturatik sortua da, beste gauza guztiak bezalaxe, gizakiak, animalia kontziente gisa bihurtzean, aurretik jadanik sortua zena kontziente bihurtzen du. Horrela, artea, hasieran, forma naturalak imitatzen ditu, baina gaur egun gauzen ideia edo arima margotu nahi da... Naturan, den-denak, zientziaren garapenaren prozesua jarraitzen du, bere ezagutzak lege naturaletatik ondorioztatutakoak baitira. Horregatik, hizkuntzen sorrera berdina da eta honako lege honen menpean dago: Izaki bakoitza, norbanako gisa antolatuta, eremu magnetiko eta bibrazio zehatz bat dauka, soinu edo nota bat sortarazten duena eta kolore bat ere ematen duena. Hizkuntzen sorrera, soinu bibrakor natural hori birsortzeko gizakiak egindako saiakera da, gizakia Unibertsoaren kontzientzia baita. Kontzientzia edo Lege Unibertsal Bibrakor hori izateko, bibrazio bakoitza birsortzen jakin behar du eta, horrela, bizitza eta existentzia kontrolatzeko gai izango da. Gaur egun ez gara gai Sortzea edo Kreazioa ulertzeko, baina ezagutzaren jabe izatean, Unibertsoaz guztiz kontzienteak diren gizaki bihurtzen gara. Bibrazioa materiala da eta kontzientziak forma emango dio.

Hizkuntza bakoitzaren fonetikak bi osagai nagusi ditu: kontsonante eta bokalak. Kontsonanteek naturan jadanik dagoen soinu bibrakorra imitatzen dute eta horregatik, hitzaren gorputz zehatz eta objektiboa osatzen dute. Bolaka, bibrazio hori finkatzen du eta horrela, bibrazio hori gordetzen duen ikur edo silaba osatzen du. Horrela, kontsonantea jan edo igo ekintzen ideia adierazten badu, bokalak jan edo igo horren kualitatea adieraziko digu, eta jate hori astiro edo atsegina izango da edo igotze gogor edo luzea... Eta naturan bibrazioa baldin bada garrantzitsua dena, gizakiarengan ideia da garrantzitsuena, Gizakiaren eguneroko bizitza objektiboan hitz horiek gordetzen dituzten ideien multzoa da, alderdi objektibotik abiatzen garelako beti abstrakziora heldu ahal izateko.”

Baina, Imanolen ekarpen nagusia euskararen etimologian egiten dituen proposamenak dira, berben esanahia argituz:

“-A bokalak naturaren faktore aktiboa adierazten du. Indarra esan nahi du eta bere izaera ondoen adierazten duen erroa “ar” da, arra, alegia.

-E bokalak naturaren faktore pasiboa adierazten du... Bere izaera adierazten duen erroa “em” da, emea alegia.

-I bokalak dimentsio bat adierazten du: espazio batean sartzea... Bera izaera adierazten duen erroa “iz” da, argia edo printzipio bitala, edo ura (bizindarra).

-O bokalak beste dimentsio bat adierazten du, altuera eta, bere izaera adierazten duen erroa “ortz” da, zerua, boveda celeste.

-U bokalak beste dimentsio bat adierazten du: luzera, behea, hutsik dagoena. Bere izaera adierazten duen erroa “lur” da.”

Imanolek beste bi bokal daudela ere aipatzen du: H (burmuinarekin harreman zuzena du eta sentsibilitate ideala handitzen laguntzen du) eta Z (sentsibilitate inmateriala). Azken bi bokal hauek zentzumen animikoekin zerikusia dute eta burmuinaren garapenerako oinarriak dira.

Imanolen arabera, “Indarra (a) zuzentzen badugu Lege Naturalaren arabera (e), Denboran (i) sartu ahal izango gara espazioaren bidez (o-u).”

Imanolek milaka hitzen etimologia azaldu du, bokal eta kontsonante bakoitzerako proposatutako esanahian oinarrituz.

Bittor Kapanagaren ekarpena

Omenduko dugun bigarren euskaltzale peto-petoa 79 urte dituen Bittor Kapanaga otxandiarra dugu. Bitorrek euskara beste bide erabat desberdinetik aztertu du eta bere teoria 1978an argitaratutako Euskera erro eta gara liburuan plazaratu zuen. Hizkuntzaz gain, euskal mitologia eta beste zenbait gai landu ditu Euzko Gogoan, Zeruko Argian eta Egunkarian argitaratutako artikuluetan.

Etimologian egin duen ekarpen nagusia lehenengo liburu horretan dago. 210 orrialde dituen liburu horretan, teoria guztiz interesgarria plazaratu zuen: euskarak hiru egitura desberdin ditu.

Horrez gain, Bittorrek euskararen oinarrizko erroak aurkitu eta 9 erro inguruetan kokatu ditu:

IzatasunaEgintzaGetasuna
Izinil
ar/uruku
gogige

Gainera, hiru substratuetan, lehengo hiru erroek izatasuna adierazteko oinarriak dira, bigarren hirurek egintza eta hirugarrenek “getasuna” (izaterik edo ekintzarik eza)

Hiru substratu hauek egotean, oinarri-oinarrizko kontzeptu batzuetarako hiru berba ditugu: Adibidez, Ur: ura, urtsu... / Iz: izotza, izoztu... / gar: garbi (bi aldiz ur esan nahi du).

Bederatzi erro hauekin, euskararen hitz gehienak sortu direla adierazten eta azaltzen du urratsez urrats Bittorrek, oinarrizko arau hauen arabera:

  • Izatasun zentzua duten fonemak esanahi orokor bat dute. IZ: sua, argia, ura, izatasuna, askotasuna, aitza, aizea, gorputza, gogoa, hitza, zuhaitza, denpora, bizia, gizona, piztia, etab.
  • Izatasun zentzua duten fonemak elkartuz, zentzu bereko diren hitz berriak sortzen dira: go-iz, iz-ar, ar-itz, ur-itz, ga-ur, itz-ar, go-ar. Egintzakoak elkartuz, egintzakoak sortzen dira: uk-a-n, e-uk-i, gi-n. Eta getasunak elkartuz ere ezpal berekoak: il-un, ga-u, ge-al (gal) (gel).
  • Izatasun eta getasun zentzukoak elkartuz, getasun zentzukoak sortzen dira: is-il, itz-al, its-u, itz-ul, itz-un, iz-un, is-un, ge-iz.
  • Izatasun eta egintza zentzudunak elkartuz, egintzakoak sortzen dira: iz-a-n, ya-n, ga-in, ur-i, ya-gi, ar-i, go-r-i, etab. (...)

Kapanagak, aditzen sorreraz ere luze idazten du. “Izan” aditzaren inguruan, hipotesi biziki interesgarria planteatzen du. Hasieran “ni” eta “hi” bakarrik bereiztuko ziren. Gero, askotasunaren eraginez, gu eta zu. Bestea orokorra dugu, izaki eta gizaki guztientzat balio duena. Bestetik, oinarrizko “a” eta “iz” (izatasuna adierazteko) fonemak erabiliz, besteak hauek sortu ziren:

  • a = aiz = aiz = daiz (daz, da)
  • i = iaiz = aiz = aiz (az, a)
  • ni = niaiz = naiz = naiz (naz, na)

Askotasuna berezi behar izan zenean, horrela jokatu zuen euskarak:

  • a = a-e-k = daiz-e = dare, dire
  • i = zu = zaiz-e = zare, zire
  • ni = gu = gaiz-e = gare, gire

Beste adibide bat sendiaren inguruko berben azterketa da. Bittorrek aipatzen du lehenengo “ahoskia” edo fonema “a” izan zela seguruenik eta urte askotan hori baino ez zela ahoskatuko baina, ondoren, garapen hau egon ahal izan zela:

  • A -> aua = ava = aba -> ama
  • A -> adda = atta -> atte / atta / aita

Sendiak garrantzi izugarri du gizakiongan eta, eremu semantiko honen inguruko berbak, seguruenik, zaharrenetatik zaharrenak izango dira. Bittorrek, “aba” erroarekin lotu ditu gehienak: asaba, osaba, izeba, iloba, alaba, arreba, neba.

Bittor esaera zaharrak argitzen ere aritu da eta, Koldo Mitxelenak berak argitu ezin izan zuen esaera batzuk azaldu zituen, batez ere, mendebaldeko euskaran oinarrituta.

Omenaldia

Imanol eta Bittorrek euskara barrutik ezagutzeko eta aztertzeko aukera eman digute euren proposamenekin. Horregatik, omenaldi bat egin genien Euzko Izaera, Mikoleta, Bizi Hitza eta Ena Elkarteek. Omenaldia martxoaren 4ean egin genien Donostiako Zorroaga Egoitzan.

Euskara ulertuz, natura eta gure mundua hobeto ulertuko ditugu. Beraz, badugu zeregin franko gure hizkuntzaren sorrera ikertzen. Ea gai garen misterio izugarri hau argitzeko.

Askotan entzun dugu bere historia ezagutzen ez duen herriak nekez izango duela bere interesen araberako etorkizuna. Ildo beretik ere esan dezakezu, bere hizkuntzaren historia ezagutzen ez duen herriak nekez garatuko duela etorkizunean bere hizkuntza behar den moduan.

(REMO BIANCHINI, JOSU NABERAN, PATXI ALAÑA, PAKO IRIARTE eta URTZI IHITZA omenaldia antolatu duten elkarteetako kideak dira)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com