![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Asier Larrinaga / Hizkuntza / 2005-03-07 / 10:01
Zelan komunikatu ondoen? Hori da gu denon kezka. Telebistako albisteak paperean idazten ditugu, baina ez dugu ahaztu behar esateko direla. Idatzizko baliabide asko ez dira belarriz entzuteko egokiak, baina ez da zaila izaten adierazpide samurragoak aurkitzea.
Jesus Rubioren iruzkinak interes handiarekin irakurtzen ditut beti, izan ere funtsean biok kezka bera dugula iruditzen baitzait. Kezka bera –komunikagarritasuna–, baina ikuspegi bi. Horregatik, gure arteko iritzi-trukea –polemika, zehatzagoa izatearren– guztiz elkorra da: berak ez nau berera erakarriko, eta nik ez dut bera konbentzituko. Nolanahi ere den, ez dezadan proselitismo-aukerarik gal.
Hain zuzen, horregatik ez ditugu oker moduan markatzen gure adibideetako esaldi gehienak. Beste komunikazio-egoera batzuetan ondo funtziona dezakete: adibidez, idatziz, edo hiztunak halako eta halako intentzioa duenean, edo...
Ulertu nahi ez duenak ez du ulertuko, eta, hona helduta, gaztelanian, edo frantsesean, edo nik ahal dakit ezin hizkuntzatan oinarrituriko kasuak aterako ditu. Tipikoa izaten da definizio erako lerrokada bat mahaigaineratzea: «una X es una Y que tal y que tal, que cuando tal, hace tal». Ez dago definizioak emateko beste moduren bat, DRAEren estilo ankilosatu eta artrosikoa ez dena? Bai, badago, eta egungo hiztegi moderno eta aurreratu askotan erabiltzen da. Berriro diot hizkuntza bakoitzak –eta hiztun bakoitzak– bere estrategiak dituela; eta denak dira onak.