|
Zelan komunikatu ondoen? Hori da gu denon kezka. Telebistako albisteak paperean idazten ditugu, baina ez dugu ahaztu behar esateko direla. Idatzizko baliabide asko ez dira belarriz entzuteko egokiak, baina ez da zaila izaten adierazpide samurragoak aurkitzea.
Jesus Rubioren iruzkinak interes handiarekin irakurtzen ditut beti, izan ere funtsean biok kezka bera dugula iruditzen baitzait. Kezka bera –komunikagarritasuna–, baina ikuspegi bi. Horregatik, gure arteko iritzi-trukea –polemika, zehatzagoa izatearren– guztiz elkorra da: berak ez nau berera erakarriko, eta nik ez dut bera konbentzituko. Nolanahi ere den, ez dezadan proselitismo-aukerarik gal.
- 1. Pertsonak ez gara makinak. Ordenagailuak bagina, eta informazioa prozesatzeko modu bakarra bagenu, mutur batetik hastea eta hitzez hitz edo bitez bit irakurtzen eta ulertzen joatea, orduan bai, orduan arrazoizkoak lirateke Rubioren argudioak. Baina esperientziak irakatsi digu gai garela testurik bihurrienez lehenengoan jabetzeko, eta irakatsi digu beste testu batzuez jabetzeko behin eta berriro prozesatu behar ditugula (ordenagailu batek ez lituzke inoiz ulertuko). Prozesagaitzetan, nire kutuna hau da –gaztelaniaz–: «la excepción confirma la regla». Arazoa ez da Rubiok ikusarazi nahi digun bezain sinplea.
- 2. Hizkuntzaren erabilera errealean ez da existitzen ordena optimorik. Hau da, ezin da arau absoluturik eman. Gehienez ere, gomendio eta jarraibideak eman daitezke. Testuingurua, ahoz ala idatziz ari garen, hiztunaren intentzioak eta beste mila xehetasun jakin barik, ezin da arau batean ezarri zein ordenak funtzionatuko duen ondo eta zeinek ez.
Hain zuzen, horregatik ez ditugu oker moduan markatzen gure adibideetako esaldi gehienak. Beste komunikazio-egoera batzuetan ondo funtziona dezakete: adibidez, idatziz, edo hiztunak halako eta halako intentzioa duenean, edo...
- 3. Hizkuntza bakoitzak bere komunikazio-estrategiak ditu. Gaztelaniaz, adibidez, testugintzan funtsezko tresna da «que». Egia da oso malgua dela, eta esaldi-katea infinituraino luzatzeko modua ematen digula. Horrek ez du ezer esan nahi. Are gutxiago euskarazko -n erlatiboarekin itzultzen tematzen bagara, horren bidez euskararen sintaxia zurruna dela frogatzeko. Izan ere, «que» hori ez da erlatiboa izaten gehien-gehienetan, lokailu soila baizik. Iruzurrik ez, mesedez!
Ulertu nahi ez duenak ez du ulertuko, eta, hona helduta, gaztelanian, edo frantsesean, edo nik ahal dakit ezin hizkuntzatan oinarrituriko kasuak aterako ditu. Tipikoa izaten da definizio erako lerrokada bat mahaigaineratzea: «una X es una Y que tal y que tal, que cuando tal, hace tal». Ez dago definizioak emateko beste moduren bat, DRAEren estilo ankilosatu eta artrosikoa ez dena? Bai, badago, eta egungo hiztegi moderno eta aurreratu askotan erabiltzen da. Berriro diot hizkuntza bakoitzak –eta hiztun bakoitzak– bere estrategiak dituela; eta denak dira onak.
|