Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hezkuntza Sailak aldatu beharra dauka

Hezkuntza Sailak aldatu beharra dauka

2005-02-28 / 07:00 / Javier Nogales Rodríguez - CCOO   IRAKASKUNTZA

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 157 irakaslek egonkortasuna galdu dute; horien artean, batzuk kale gorrian geldituko dira, lanposturik gabe, gauetik goizera; beste batzuk, bestalde, ordezkapenak egiteko, noiz hots egingo zain geratuko dira. Batzuk euskara ikasten ari dira, azterketa egingo dute: gainduko dutenak izango dira eta baita gainditu gabekoak ere. Bigarren Hizkuntza Eskakizuna (2HE) lortzeko aukera oso mugatua da, izan ere, aurkeztutakoen artean, %80k ez baitu gainditzen deialdi librean eta %65 gainditu ezinik ibiltzen da IRALE programaren deialdi itxian.

Irakasle hauek CCOO eta UGT langile-sindikatuen laguntzarekin Bilboko Bertendona Institutuan itxialdia egiten ari dira. Zein da itxialdi horren arrazoia?

  • Lanpostua galtzeak sortzen duen erresumina, batetik, eta, bestetik, txintik atera gabe aldegin dezaten antolatu den estrategia-makurrari aurre egin nahia.

Oso mingarria da EA alderdiak Hezkuntza Sailean mamitu duen politika babestu duten sindikatu berberak izatea Hezkuntza sailburuari neurri hau dekretu bidez hartzea eskatu diotenak. Dekretuak batez beste 15 urte lanean aritu ondoren, 45 urte baino zaharragoak diren pertsonak utziko ditu kalean. Orain baino lehen, astakeria galantak entzun behar izan ditugu: "Gertuen Burgosen nahi ditugu, izan dute nahi adina denbora euskara ikasteko, 2.HE ez daukanak jai dauka euskal hezkuntzan"... Orain ez gara hasiko kirtenkeria horiei erantzuten baina argi eta garbi utzi nahi dugu gehien-gehienak saiatu direla 2HE lortzen edota oraindik ere ari direla ahaleginean. "Euskararen aurka" dauden irakasleak bailiran aurkeztu nahi izan dituzte euskal gizartearen aurrean, alegia, urkatuak borrero bihurtu nahi izan dituzte "okerbidetik" barrena beste inor, inoiz abiatu ez dadin.

Euskararen izenean dagoen oldarkotasun horrek guztiak mesede kaskarra egiten dio hizkuntzari, izan ere, gure euskararen normalizazioak atxekimenduak behar baititu eta ez asmo gaiztoko jokabideak, gatazkak eta erresuminak sortzeko. Elkarrekin bizitzeko sortu genuen elkarbizitza esparrua aintzakotzat hartzen dugunok eta hezkuntz sistema elebiduna adostu genuenok, elebitasun hori garatzearen alde gaude. Sindikatu horiek eta Hezkuntza Sailak elkar hartuta 157 irakasle horiek makil guztien zahagi bihurtzea bidegabekeria hutsa da, batez ere, horrenbesteko aurrerakada egin denean euskalduntze prozesuan, irakasle talde osoaren ahalegin ikaragarri eta inoiz aitortu gabeari esker (22.000 irakasle dira guztira eta horietatik, 157 irakasle horiek, %0,71a dira).

Ezin dugu ontzat eman elkartasunik gabeko “zu kendu zaitez hortik, ni jar nadin” zital hori izatea sindikatu baten jarduera gidatuko duena eta sindikatuaren arrazoibidetzat erabiltzea irakasle horiek egonkortasuna galduko dutela baina beste batzuk irabazi egingo dutela, haien postuan jartzen direnean. Kalteordainik gabe aldegingo dute eta saiatzen ari dira txintik atera gabe alde egin dezaten, bake-bakean joan daitezen, euskal gizartea aztoratu gabe. Eta horregatik egin dugu itxialdia, egoera hau ezin delako ontzat eman berebiziko bidegabekeria delako, erabat baztertzailea delako eta sindikalgintzaren izana bera ukatzen duelako.

Langileriaren ikuspegitik neurri hau defendatu ezina denez, interes orokorreko argumentu ustel bat erabiltzen dute makulu gisa, alegia, 3 urteko ikasleen %82 B eta D ereduetan matrikulatzen direla. Arrazoibide hori faltsua da, ez baita mailakako bereizketarik egiten, ezta lurraldeka edota espezialitateka ere eta ez da esaten sisteman aurrera egiten den neurrian eskari hori murriztu egiten dela eta Bigarren Hezkuntzan (afektatuen gehiengoa hemen dago) egoera hau aldatu egiten dela eta Lanbide Heziketan, lan-merkatuaren eskariarekin lotuena dagoena, hain zuzen ere, gaztelaniazko eskaria %80ra gerturatzen dela. Hori guztia izkutatu egiten da, izadiaren fenomeno bat bailitzan. Hori guztia isil-gordean daukate sindikatu horiek eta Administrazioak hartutako erabaki okerren ondorio izango ez balitz bezala: 9 urtea dira ez dugula oposiziorik izan, azkena deitu zenean plaza guztiak derrigortasun dataren epea iraungita atera ziren, Iraungitako 2.HEarekin atera dira baita fagoteko plazak ere, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak, Helduen Heziketakoak, Ingelerakoak, Frantzesekoak, Gaztelaniakoak ... eta hauek ez dira inolaz ere justifikatzen norbaitek “eskatu egin duelako” musika edo musikatresnen ikasketa horiek euskaraz emateko, eta are gutxiago ingelera, fratzesa, alemana edo gaztelania euskaraz irakasteko eskaria dagoelako. Halaber, ahantzi egiten da etorkinek “eskatzen dutena”ri erantzuterakoan alderdikeria handiarekin hartzen direla erabakiak eta hizkuntza arloan egiten diren ahaleginak euskara indartzeari “bideratuak” daudela bereziki.

Bien bitartean irakaskuntza publikoa gutxietsi egin da, azpisare baten ohiz kanpoko finantziazioa bost aldiz biderkatu da, ez da errespetatu 1992an hitzartu zen sare-kuota eta abar. Alegia, planifikazio honekin eta itsukeria linguistiko honekin ezinezko da aurrera egitea komunitate honetako hizkuntza gutxituaren normalizazio prozesuan era arrazional batean, irtenbiderik gabeko bide batean sartu gabe.

Egonezin handia ari dira sortzen eta elebitasunaren eta hizkuntzen koofizialtasunaren aurkako jarrerei aukerak ematen ari dira, azken batean, elkarrekin bizitzeko sortu genuen elkarbizitza esparruaren oinarrietako baten aurkako jarrerei bidea zabaltzen ari dira. “Guda” linguistiko bat bultzatzen ari dira, eta horrela euskara ateratzen da galtzaile eta denok galtzen dugu. Zuhurtzia eta burua eskatu ditugu, daukagun irakasle plantilarentzat egokiagoak diren erritmoak, beti ere kontuan izanik lortu behar dugun helburua bi hizkuntza ofizialak trebestasunez erabiliko dituen irakaslegoa lortzea dela, baina ez zaigu jaramonik egin. Izan ere, ez da konbentzitzea nahi duen politika bat, irabaztea nahi duena baizik.

Inork ez dezala esan irtenbiderik ez dagoela, izan badira, gaur egun, epemugarik gabeko lan-kontratua daukaten irakasleak eta hizkuntza-eskakizunik izan gabe EAEko bederatzi ikastetxe publikotan lanean ari direnak -kasuren batean, magisteritza titulurik ere izan gabe-; tratu bera eskatzen dugu eta hemen inor soberan ez dagoenaren bermea. Interino egonkorren kopuruan 157 lagun gehiago sartu eta irakasle hauentzat kokapen egonkor bat bilatzea da gure ekintza sindikalaren erronka eta hori da Hezkuntza Sailarekin negoziatu nahi duguna. Euskarak eta elkarbizitzak ez ditu hiritarrak soberan; soberan dituenak dira bere izenean diskriminazioa burutu eta bazterketa bultzaten dutenak baizik. Dei egiten diegu, bereziki, indarkeria honekin ados ez daudenei, euren elkartasuna ager dezaten. Ez dugu utziko inolako biderik jorratu gabe, eta negoziazioan alde batera utzi baldin bagaituzte ere, prest gaude irtenbide bat negoziatzeko: bien bitartean, eskabidea Arartekoari eta Herritarraren Babesleari, babes gaitzaten eta gora jotzea Justizia Epaitegi Nagusiari, eta abar..., eta, jakina, mobilizazioa.


(JAVIER NOGALES RODRÍGUEZ Euskadiko Langile Komisioetako Irakaskuntza Sektorearen idazkari nagusia da)

  • CCOO da sektoreko mahaian sindikatu nagusia, %36,36arekin.


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com