Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen sintaxia inkomunikatiboa da

Mikel Mendizabal Ituarte / Kultura / 2005-11-23 / 20:58


Lehengo egunean Deustuko unibertsitatean eztabaida edo elkarrizketa bat izan genuen. Gazteek ez dutela euskaraz egiten.



Nik oso garbi dut zergatik ez den egungo Euskal Herrian euskaraz egiten: Hizkuntza maitagarri bezain traketsa delako. Denok maite dugu euskara, denok nahi genuke goi mailako hizkuntza izatea, jende guztiak euskaraz egitea, hau da, ez bakarrik ikastetxeetan edo haurrekin solastean, baizik eta gure eguneroko bizitzako hizkuntza izatea, esfortzurik gabe, militantziarik gabe, edozeinek euskaraz egitea, alegia erdararekin gertatzen den bezalaxe. Nahi bai, baina ezin.

Hasteko, euskararen sintaxia inkomunikatiboa da. Esaldi motzak egiteko balio du, baina denok dakigu zenbat arazo sortzen diren esaterako erlatibozko esaldiekin, batez ere esaldi luzeak edo konplikatuak badira. Askoz eraginkorragoa da esaldiaren gakoa hasieran ipintzea, anglosajonak (anglosaxoniarrek nahi baduzue) "Head First" deitzen dutena. Euskaraz ordea gaizki omen daude, -honela esaten digute behintzat gure gramatikariak (gramatikariek)- eta esaldi luzeetan galdu egiten gara, edo bestela propiyo ekiditen ditugu. Nola esan adibidez: "Te podría tocar trabajar en los más cien ayuntamientos con menos de mil habitantes que hay en Euskadi". Noski egiten ahal dela, baina ez edozeinek, itzultzaile profesional bat beharko genuke eta nahiko lan, zeren (head first erabiltzen dut) askotan egiten dituzte tranpatxoak itzultzaileak eta beste hizkuntza batetik euskarara pasatzean, hainbat hitz edo esaldi ezkutatu egiten dituzte. Edo esaldi bat itzuli ordez, zenbait esaldi bakun idatzi, sortzen zaizkien arazo sintaktikoengatik. Eta hau itzultzaile profesionalak izanik eta euskaratzeko denbora eukita! Ze gertatzen da beraz eguneroko elkarrizketetan? Ba gogoan duguna erabiltzeko arazoak ditugula eta horrexegaik jotzen dugu tresna efizienteago batera, gure kasuan, zoritxarrez, gaztelera.

Bestalde ezin ahaztu euskal aditza sobera konplexua dela, konparatu dezagun demagun inglesarekin, zenbat denbora behar da ingleseko aditza menperatzeko? Oso gutxi oso sinplea bait da. Baina ba al dago Euskal Herri osoan hiztun bakar bat euskal aditzak hitzetik hortzera erabiltzen ahal dituena? Berriro egingo dut galdera, ba al dago bakar bat? Zeren (head first) gauza bat da aditzak azterketa baterako prestatzea edo artikulu bat idazteko erabiltzea, baina eguneroko erabilerarako balio al dute ikastoletan sartu dizkiguten aditz taula buka ezin horiek? Ez, ebidentea da ezetz. Eta ze esanik aditz trinkoekin sartzen bagara.

Gure grmatikariak Euskara Zuzenaz besterik ez dira kezkatu, baina ez digute euskara eraginkor bat eskaini. Aski da edozein komunikabideko esatari bat entzutea, konturatzeko ze motel eta zenbat neke betiko lau topikoak euskaraz esateko. Alderatu BBC-ko esatariekin, non (head first) ez duten arazorik gramatikarekin, non ez duten hizkuntzan pentsatzen egon behar, baizik eta eskaintzen ari diren horretan. Gainera inglesez hitzak monosilaboak izanik, askoz informazio gehiago sartzen dute oso denbora laburrean. Euskaraz ere hitzak sobera luzeak dira eta hau gutxi balitz, atzizkiak erantsi behar dizkiegu, elkarrizketa are gehiago zailduz.

Badira ere beste hainbat muga, esaterako, nola esaten da gure hizkuntzan "aceite menos ácido" edo "la democracia es el sistema político menos malo"

Biziki maite dut euskara, bestela orain ez nintzen (nintzateke) hemen egongo, baina ezin diot nire buruari ziria sartu; ez da euskara hizkuntza erraza eguneroko erabilerarako, ez da erosoa, ez da komunikatiboa. Nire elkarrizketen ehuneko 95a euskaraz dira, honela hitz egiten bait dut senideekin, lagunekin, lan egiten dudan ikastolan... egunero idazten eta irakurtzen dut euskaraz, baina, paradogikoki errazago egiten zait gazteleraz hitz egitea edo udaletxeak bidaltzen didan txosten konplikatu bat argi entenditzea. Euskaraz bezain erraza ere, edo askotan errazago, egiten zait inglesez hitz egitea, oso hizkuntza eraginkorra.

Badakit esaten ari naizen hau ez dela batere popularra, baina egi borobil bat planteatzen dut. Gai honen inguruan badira sarean zanbait blog, esaterako, balbula.blogspot.com -zeinek batez ere euskal sintaxiaren mugak lantzen dituen- edo bestela, referentziak.blogspot.com non pixkat denetik azaltzen den.

Neronek idatzi dudan entsaio txiki bat norbaitek leitu nahi badu, idazten ahal didazue (idatz diezaidakezue) -garbi dago zein den komunikatiboagoa- helbide honetara argituarte@yahoo.com

Espero dut inor ez molestatzea esan dudanarekin eta izan dadila dena gure euskara maitearen mesederako.


(MIKEL MENDIZABAL ITUARTE ingelesa eta euskara irakaslea da)


Erantzunak


Euskararen arazo soziolinguistikoak ez daude sintaxian

Josu Elizondo / 2006-11-17 / 14:14

> Niri euskarari buruz eta euskalduntzeari buruz esaten den ia dana interesatzen zait, horregatik zure txostentxo hori bidaltzen badidazu, irakurri eta nire iritzia emango dizut.

Zuzenean esango dizut ez nagoela ados esaten duzunarekin. Sintaxi mota bat edo bestea (buru lehen edo buru azken) izatea inon ez da oztopoa izan hizkuntza bat erabiltzeko eta ondo erabiltzeko. Euskararen arazoa beraz ezin da hortik etorri, ez arazo soziolinguistikoa behintzat. Oraintxe esan dizudanez zuk aipatzen duzun arazo hori, erabilerarena, gure kasuan soziolinguistikoa da, eta horren arrazoiak ziuraski hortik bilatu beharko dira, eta ez sintaxiaren parametro batean.

Ez dakit non eta noiz lizentziatu zinen, ezta zertan ere (ingeles filologian somatzen dut) baina komeniko litzaizuke arlo hortan apur bat reziklatzea. Gaur egun euskal sintaxia nahikotxo ikertuta dago bai eta bere morfologia eta aditz morfologia ere. Eta ikerketa honek demostratzen dute batez ere aditz morfologiari dagokionez gurea nahiko hizkuntz erregularra dela. Arazorik ez, beraz, alde horretatik ikasi eta erabiltzeko.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1107358371/1132775939