Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zergatik egiten dute erdaraz euskal gazteek

Zergatik egiten dute erdaraz euskal gazteek

2005-02-03 / 07:00 / Gotzon Garate   KULTURA

Lehengo egunean Deustuko unibertsitatean eztabaida edo elkarrizketa bat izan genuen. Gazteek ez dutela euskaraz egiten.

Hori unibertsitatean bertan ikusten dugu. 14.000 bat ikasle ditugu hemen eta euskaraz jakin arren, eskuarki beraien artean erdaraz egiten dute.

Badira salbuespen txalogarriak. Deitoragarri da, ordea, Euskal Filologiako ikasleetan ere, batzuek erdaraz egiten dutela ikustea.

Dena dela, gaitzerdi euskal gazteek bakarrik erdaraz egingo balute. Euskaraz dakiten nagusiak ere erdaraz aritzen dira.

Jakina, horrela hondamendira goaz. Ez dakitenek ez dute euskaraz egingo eta dakitenek ez badute egiten, hor ez dago segidarik.

Esaera den bezala, gaitzari behar duen erremedioa eman behar zaio. Gure kontuan aurreneko galdera hauxe da: zergatik euskaraz dakitenek ez dute euskaraz egiten.

Gure artean batek hauxe esan zuen: «Batzuek erdaraz egitea ohoretzat daukate». Hots, erdaraz egitea dotoreago iruditzen zaiela, euskaraz egitea baino.

Gehienoi hau ez zela arrazoia iruditzen zitzaigun. Izan ere, euskara orain ez da lehen bezala gizajo edo ezjakinen hizkuntza. Aitzitik, euskara intelektualen, unibertsitateko jendearen eta ikasien hizkuntza da.

Zoritxarrez, Euskal Herriko jende xeha, ezjakina, pobrea da euskaraz ez dakiena. Prostitutek, drogazaleek, miserian bizi diren etorkinek, gizarteaz kanpo dabiltzan gaizkileek ez dakite euskaraz. Euskaraz mintzo den gizartea goi mailako gizartea da.

Etorkin batek behin esan zigun bezala:

-Euskara luxua da. Zuek luxu hori izan dezakezue. Guk ezin dugu luxu hori geure egin. Gu Euskal Herrira bizimodua ateratzera etorri gara. Euskara luxu bat da. Beharrezkoarekin konformatu behar gara, gaztelaniarekin.

Egungo egunean ­-hor aldaketa handia gertatu da-­ euskaraz eginez zeure burua dotore, argi, ikasia egiten duzu. Eta euskalduna zarela erakusten. Eta egia esan, Euskal Herrian euskaldun izatea, erdaldun izatea baino dotoreago eta estimatuago da.

Garai batean gauzak oso diferenteak ziren. Baziren euskaraz ongi jakin eta erdaraz ez zekitenak. Horiek batzuetan gizajo konplexua izaten zuten. Orain ordea, euskaraz dakitenek badakite erdaraz ere eta erdaldun hutsak baino gorago daudela sumatzen dute:

-Nik erdaraz eta euskaraz dakit. Zu baino jantziago naiz.

Oraindik egongo dira banaka batzuk erdaraz eginez bere burua goratu egiten dutela uste dutenak. Nafarroako eta Iparraldeko baserrietan ikusi dut hori. Gero eta gutxiago, baina.

Hegoaldean kontua oso diferente da. Hemen beste arrazoi bat aurkitu behar dugu. Eta arrazoia oso sinplea eta begi bistakoa da: gehienek erdaraz egiten dute ERRAZAGO EGITEN DUTELAKO.

Erdaraz erraz egiten dute eta euskaraz nekez.

Hau entzun eta berehalaxe galdetzen genuen: Zergatik egiten dute erdaraz errazago?

Arrazoi asko dago. Batzuek euskaraz ez dute sekula ondo ikasi. Erdal familietan jaio dira eta ikastolan ikasi duten euskara azalean gelditu zaie.

Hau batez ere hiri handietan ikusten da. Gurasoek ez dakite euskaraz baina haurrak ikastolara edo ikastetxera bidaltzen dituzte, euskaraz ikas dezaten. Ikastola barruan dauden bitartean pixka bat egiten dute baina ikastolatik irten eta berriz ere erdaraz. Etxean erdaraz, kalean erdaraz, telebistan erdaraz.

Erdal giroan bizi denak erdaraz errazago egingo du. Nola eskatu pertsona bati euskaraz egiteko, erdaraz errazago egiten badu? Ez dago eskubiderik horretarako. Hizkuntzak barreneko aberastasuna erakusteko dira. Erdaraz hobeki moldatzen bazara, erdaraz egingo duzu.

Hemen, baserritarrek esaten duten bezala, etengabeko soka bat gertatzen da, puska ezinezko katea (circulo vicioso). Errazago egiten dutelako, erdaraz egiten dute. Eta euskaraz egiten ez dutelako euskara gero eta zailago egiten zaie. Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago.

Egoera negargarri honentzat irtenbide bat bakarrik dago. Euskara beharrezkoa egitea. Orain beharrezko hizkuntza erdara da. Erdaraz egiten duten euskaldunek garbi ikusten dute hori. Erdara guztirako da. Euskarak toki batzuetan bakarrik balio du.

Euskara beharrezkoa balitz, nahitaez euskaraz egingo lukete orain erdaraz egiten duten horiek. Eta euskaraz eginez, gero eta errazago egingo lukete.

Oraingoz erremedio bat gelditzen zaigu. Ikastetxeetan ikasleei euskal kontzientzia eman. Ikastetxeetan euskaraz oso ongi irakasten zaie ikasleei. Maiz ez zaie, ordea, euskal kontzientziarik ematen. Hots, gazteek ez dute ikusten zergatik egin behar duten euskaraz. Euskal kontzientziarik gabe gazteek ez dute euskaraz egingo.


(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)

Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Erderaz errazago egiten dutelako
2005-02-03 / 09:36 / Pablo Suberbiola

Euskararen erabilerak izango duen bilakaerari begira oinarri-oinarrizko kontuak dira hauek, eta ni behintzat, esandakoarekin oro har, oso ados. Batez ere puntu honekin:

"Eta arrazoia oso sinplea eta begi bistakoa da: gehienek erdaraz egiten dute ERRAZAGO EGITEN DUTELAKO"

Eta ondorioz, honetan ere ados: "Egoera negargarri honentzat irtenbide bat bakarrik dago. Euskara beharrezkoa egitea."

Azken honekin, ordea, ez hainbeste: "Euskal kontzientziarik gabe gazteek ez dute euskaraz egingo."

Eta... kontzientzia gehiagorekin euskara gehiago erabiliko dute?? Kontzientziarekin batera beste elementu batzuk aldatu ezean, seguruenik ez.

Ikasleek euskal hiztun kontzientzia jasotzea oso lagungarri izango zaie hiztun moduan, horretan ados. Baina kontzientzia bakarrik landuta, helduengandik jasotzen duten erabilera-araua (-ren pertzepzioa) aldatu gabe, harreman sarean aldaketarik izan gabe, euskarazko interesatzen zaien input berririk jaso gabe... erabileran gutxi aurreratuko da, seguruenik.

Nire ustez gehiago heldu behar litzaioke puntu honi: "irtenbide bat bakarrik dago. Euskara beharrezkoa egitea" eta bide horretatik, pentsatu eta landu gazteen zein gustoko (aisialdi, zaletasun...) jardueretan bihurtu dezakegun euskara "beharrezko".

Adibide bat? (asko egongo dira) Kuadrillategi egitasmoa Gurpil zoroa etete bidean, aukera on bat. Emaitzak ikusi dituzue?

2004-12-28ko artikuluan dituzue, HEMEN


(PABLO SUBERBIOLA UNANUE Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da)

 
Tortikolis jenerala
2005-02-03 / 12:10 / Jesus Rubio

Berriro ahazten ari gara hon gainkostu komunikatibo nabarmena zein segitzen baita tik erabiltzea estruktura pospositiboa (head-last) respektu erabiltzea estruktura prepositiboa (head-first). Badirudi inork ere (errepikatuko dut: inork ere) ez duela gaia aztertu nahi, bere sakontasun osoan (nahiz-eta ebidentziak pilatzen diren).

Bestaldera hainbeste begiratuta, tortikolisak joko gaitu.

Nik atzo idatzi nuen ohar bat buruz esaldi batzuk zein aurkitzen dira an artikulua hon Gotzon Garate. Dago an nire bloga, an balbula.blogspot.com


(JESUS RUBIO PEÑA da doktore an ekonomia)

 
Hizkuntza ahalkeago batek ahalkeago eginen gaitu, gutxiago geu
2005-02-03 / 13:18 / erabili.com

Jesus Rubio Peña jaunak bere BALBULA izeneko blog-ean idatzitako iruzkina hona ekarri dugu:

Hizkuntza ahalkeago batek ahalkeago eginen gaitu, gutxiago geu

Irakurri berri dut artikulu bat hon Gotzon Garate, zeinen titulu biziki aderazgarria baita Zergatik egiten dute erdaraz euskal gazteek , eta non autoreak diosku hau:

"... Nola eskatu pertsona bati euskaraz egiteko, erdaraz errazago egiten badu? Ez dago eskubiderik horretarako. Hizkuntzak barreneko aberastasuna erakusteko dira. Erdaraz hobeki moldatzen bazara, erdaraz egingo duzu".

Bai, hizkuntzak barreneko aberastasuna erakusteko dira, eta, hizkuntza batek zenbat-eta aukera ahaltsuago, malguago, informatiboago, eta hitz batean hobeagoak eman afin-eta espresa gaitezen, orduan eta geuago izan ahalko gara, orduan-eta hobeto erakutsi ahal izanen dugu gure barreneko aberastasuna, orduan-eta hobeto erlazionatuko gara. Hizkuntza ahalkeago batek ahalkeago eginen gaitu, hizkuntza gutxiago ahaltsu batek gutxiago ahaltsu eginen gaitu, gutxiago geu.

 
Euskararen sintaxia inkomunikatiboa da
2005-11-23 / 20:58 / Mikel Mendizabal Ituarte

Nik oso garbi dut zergatik ez den egungo Euskal Herrian euskaraz egiten: Hizkuntza maitagarri bezain traketsa delako. Denok maite dugu euskara, denok nahi genuke goi mailako hizkuntza izatea, jende guztiak euskaraz egitea, hau da, ez bakarrik ikastetxeetan edo haurrekin solastean, baizik eta gure eguneroko bizitzako hizkuntza izatea, esfortzurik gabe, militantziarik gabe, edozeinek euskaraz egitea, alegia erdararekin gertatzen den bezalaxe. Nahi bai, baina ezin.

Hasteko, euskararen sintaxia inkomunikatiboa da. Esaldi motzak egiteko balio du, baina denok dakigu zenbat arazo sortzen diren esaterako erlatibozko esaldiekin, batez ere esaldi luzeak edo konplikatuak badira. Askoz eraginkorragoa da esaldiaren gakoa hasieran ipintzea, anglosajonak (anglosaxoniarrek nahi baduzue) "Head First" deitzen dutena. Euskaraz ordea gaizki omen daude, -honela esaten digute behintzat gure gramatikariak (gramatikariek)- eta esaldi luzeetan galdu egiten gara, edo bestela propiyo ekiditen ditugu. Nola esan adibidez: "Te podría tocar trabajar en los más cien ayuntamientos con menos de mil habitantes que hay en Euskadi". Noski egiten ahal dela, baina ez edozeinek, itzultzaile profesional bat beharko genuke eta nahiko lan, zeren (head first erabiltzen dut) askotan egiten dituzte tranpatxoak itzultzaileak eta beste hizkuntza batetik euskarara pasatzean, hainbat hitz edo esaldi ezkutatu egiten dituzte. Edo esaldi bat itzuli ordez, zenbait esaldi bakun idatzi, sortzen zaizkien arazo sintaktikoengatik. Eta hau itzultzaile profesionalak izanik eta euskaratzeko denbora eukita! Ze gertatzen da beraz eguneroko elkarrizketetan? Ba gogoan duguna erabiltzeko arazoak ditugula eta horrexegaik jotzen dugu tresna efizienteago batera, gure kasuan, zoritxarrez, gaztelera.

Bestalde ezin ahaztu euskal aditza sobera konplexua dela, konparatu dezagun demagun inglesarekin, zenbat denbora behar da ingleseko aditza menperatzeko? Oso gutxi oso sinplea bait da. Baina ba al dago Euskal Herri osoan hiztun bakar bat euskal aditzak hitzetik hortzera erabiltzen ahal dituena? Berriro egingo dut galdera, ba al dago bakar bat? Zeren (head first) gauza bat da aditzak azterketa baterako prestatzea edo artikulu bat idazteko erabiltzea, baina eguneroko erabilerarako balio al dute ikastoletan sartu dizkiguten aditz taula buka ezin horiek? Ez, ebidentea da ezetz. Eta ze esanik aditz trinkoekin sartzen bagara.

Gure grmatikariak Euskara Zuzenaz besterik ez dira kezkatu, baina ez digute euskara eraginkor bat eskaini. Aski da edozein komunikabideko esatari bat entzutea, konturatzeko ze motel eta zenbat neke betiko lau topikoak euskaraz esateko. Alderatu BBC-ko esatariekin, non (head first) ez duten arazorik gramatikarekin, non ez duten hizkuntzan pentsatzen egon behar, baizik eta eskaintzen ari diren horretan. Gainera inglesez hitzak monosilaboak izanik, askoz informazio gehiago sartzen dute oso denbora laburrean. Euskaraz ere hitzak sobera luzeak dira eta hau gutxi balitz, atzizkiak erantsi behar dizkiegu, elkarrizketa are gehiago zailduz.

Badira ere beste hainbat muga, esaterako, nola esaten da gure hizkuntzan "aceite menos ácido" edo "la democracia es el sistema político menos malo"

Biziki maite dut euskara, bestela orain ez nintzen (nintzateke) hemen egongo, baina ezin diot nire buruari ziria sartu; ez da euskara hizkuntza erraza eguneroko erabilerarako, ez da erosoa, ez da komunikatiboa. Nire elkarrizketen ehuneko 95a euskaraz dira, honela hitz egiten bait dut senideekin, lagunekin, lan egiten dudan ikastolan... egunero idazten eta irakurtzen dut euskaraz, baina, paradogikoki errazago egiten zait gazteleraz hitz egitea edo udaletxeak bidaltzen didan txosten konplikatu bat argi entenditzea. Euskaraz bezain erraza ere, edo askotan errazago, egiten zait inglesez hitz egitea, oso hizkuntza eraginkorra.

Badakit esaten ari naizen hau ez dela batere popularra, baina egi borobil bat planteatzen dut. Gai honen inguruan badira sarean zanbait blog, esaterako, balbula.blogspot.com -zeinek batez ere euskal sintaxiaren mugak lantzen dituen- edo bestela, referentziak.blogspot.com non pixkat denetik azaltzen den.

Neronek idatzi dudan entsaio txiki bat norbaitek leitu nahi badu, idazten ahal didazue (idatz diezaidakezue) -garbi dago zein den komunikatiboagoa- helbide honetara argituarte@yahoo.com

Espero dut inor ez molestatzea esan dudanarekin eta izan dadila dena gure euskara maitearen mesederako.


(MIKEL MENDIZABAL ITUARTE ingelesa eta euskara irakaslea da)

 
Euskararen arazo soziolinguistikoak ez daude sintaxian
2006-11-17 / 14:14 / Josu Elizondo

> Niri euskarari buruz eta euskalduntzeari buruz esaten den ia dana interesatzen zait, horregatik zure txostentxo hori bidaltzen badidazu, irakurri eta nire iritzia emango dizut.

Zuzenean esango dizut ez nagoela ados esaten duzunarekin. Sintaxi mota bat edo bestea (buru lehen edo buru azken) izatea inon ez da oztopoa izan hizkuntza bat erabiltzeko eta ondo erabiltzeko. Euskararen arazoa beraz ezin da hortik etorri, ez arazo soziolinguistikoa behintzat. Oraintxe esan dizudanez zuk aipatzen duzun arazo hori, erabilerarena, gure kasuan soziolinguistikoa da, eta horren arrazoiak ziuraski hortik bilatu beharko dira, eta ez sintaxiaren parametro batean.

Ez dakit non eta noiz lizentziatu zinen, ezta zertan ere (ingeles filologian somatzen dut) baina komeniko litzaizuke arlo hortan apur bat reziklatzea. Gaur egun euskal sintaxia nahikotxo ikertuta dago bai eta bere morfologia eta aditz morfologia ere. Eta ikerketa honek demostratzen dute batez ere aditz morfologiari dagokionez gurea nahiko hizkuntz erregularra dela. Arazorik ez, beraz, alde horretatik ikasi eta erabiltzeko.

 
Harremanetarako
2007-02-15 / 19:51 / Mikel Mendizabal

Agur Josu Elizondo:

Estimatzen dut biziki zure erantzuna, nahiz eta ados ez zauden. Dena dela, gustora asko bidaliko nizuke neronek idatzitako entsaioa. Horretarako ordea zure emaill-a behar dut. Nire helbidea da, argituarte@yahoo.com

Mesedez idatziazu eta gustora asko bidaliko dizut. Urte askotako!


Mikel Mendizabal

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com