|
Jean Haritschelhar Duhalde jaunak Euskaltzaindiaren lemazain lanetan lau hamarkada egin eta gero, atzokoan (2005-01-27) utzi zuen ardura hori Andres Urrutia euskaltzainburu berriaren eskuetan. Jean Haritschelhar jaunak irakurritako hitzaldia erabili.com-en daukazu oso-osorik:
Urteak iragan dira: 42 Euskaltzaindian enetzat , haietan 38 zuzendaritzan, 22 euskaltzainburuorde eta 16 euskaltzainburu. Etorria zen karguaren uzteko ordua. Zaharrena izanez Iratzederrekin, izendapenaren arabera (1962ko uztailaren 27an izendatua izan ginen) azken lau hamarkadetan Euskaltzaindian egin diren lanak nahi nituzke aipatu.
Arantzatzuko biltzarra da Euskaltzaindiarentzat bihurgune nagusia, orduan erabakitzen delakotz euskara batuaren alde jokatzea. Urre ezteiak ziren eta haiek ospatzeko nola ez obra, kazetari, idazle, irakasle eta euskaltzain batzuen artean bazabilan ideia nagusia: euskara batuaren beharra. Giro berri bat sortzen ari zen, bereziki Hegoaldean, ordua zen lanean hasteko eta gauzatzeko lehenbiziko euskaltzainen ametsa, hastapen bat ukan zuela 1920.ean Campion, Broussain-en txostenarekin.
Zertan gaude orain?
Arantzazuko Biltzarrean argiki urratu zuen bidea Koldo Mitxelena euskaltzain zenak, erakutsiz Euskaltzaindiaren eginbidea zela gidari izatea, bide erakuslea, batasuna lortuz azaleko auzietan lehenik, hasiz ortografiarekin, segituz morfologiarekin eta azkenik joskerarekin.
Ortografiarena egina aspaldi honetan, morfologiari doakonez batasuna lortua da bere ñabardurekin, bai izenen deklinabidean, bai erakusleetan bai eta ere aditzean, izan diten aditz laguntzaileak edo aditz trinkoak, ahantzi gabe hitanozko formak, Joskeraren garaia etorriko da segitzen baitu Euskaltzaindiak normalizaziorako bidea.
Ez zuen aurre pausu hori emanen Euskaltzaindiak ez balitz sartu, denbora berean, lan sakonetan bere bost batzorde nagusiei esker. Euskara idatziaren altxorra Orotariko Euskal Hiztegian daukagu, osoki bukatua baita, XVI. liburukia editoreen eskuetan dagoela duela hilabete bat baino gehiago. Horri esker hiztegi batuko lehen itzulian 23.000 hitz erabakiak izanak dira.
Bigarren altxorra ahozko euskararena Atlaseko inkestei esker (2.800 galdera 145 herritan) pentsatuz ere lekukoak mintzatu direla laxoki, ixtorio konda, egiazko euskalkiaren hiztegia eta gramatika sartzen direlarik solas horietan, bai eta ere ahoskera eta azentua. Hori da Dialektologia Batzordearen emaitza.
Gramatika batzordeak sei liburuki agertu ditu, zazpigarrena bukatua, argitalpen batzordearen eskuetan dela. Joskeran sartua da, segitzen du bere lana behar duen bezala finkatzeko egun batez euskara batuaren joskera.
Onomastikako batzordeak kaleratu ditu Euskal izendegia, gizasemeen izenena eta ponte izenena, herri eta herritarren izenenena Euskal Herri guztian, ahantzi gabe euskal deituren izendegia Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak babesturik agertua.
Literatura batzordeko kide nihaur izanez eman dezaket nire lekukotasuna. Bukatutzat ematen da Literatura kritika hiztegia, jakinik ere kide guziek parte hartzen dutela kongresuetan lan, txosten, mintzaldiak azalduz euskal literatura idazleei buruz izan diten Iparraldekoak hala nola Etxepare, Oihenart, Elizanburu, edo Hegoaldekoak Larramendi, Kardaberaz, Lizardi, Orixe eta aurten Lauaxeta.
Lan sakonak horiek guziak, lan ixilak ere eguneroko lanak euskaltzainek, urgazleek, batzordekideek (gehienak Unibertsitateko irakasleak) gogotik eskainiak, baitakite denek euskararen onerako lanean ari direla. Lan sakon, lan ixil horiek nahi ditut gaur goraipatu kargu aldaketa honetan, eskertzen ditudalarik, denbora berean, batzorde guztietan parte hartu eta hartzen duten ikerle guziak, haien artean zendu direnak gogoan ditudala.
Eguneroko lana, lan xumea bainan emankorra, Euskaltzaindiaren egoitzan eta ordezkaritzetan langileek egiten dutena, jendearen galdeei erantzunez, haien zerbitzari leialak izanez, zabalduz Euskaltzaindiak hartzen dituen erabakiak bai ere agertzen dituen liburuak. Eskertzen ditut bihotzez ordezkariekin batean zabaltzen dutelakotz Euskaltzaindiaren irudi ona Euskal Herri osoan, mugaz gainetik euskaldun guztien artean lokarri bat baita Euskaltzaindia eta zaintzen duen hizkuntza gure hizkuntza maitea.
Eta orain, zuei mintzo nitzaizue agintzari agurgarriok. Zuri lehenik, Lehendakari jauna: Bai zuk eta bai Eusko Jaurlaritzak beti harrera ona egin diozue Euskaltzaindiari, ez diozue sekulan diru-laguntzarik ukatu, bereziki ezagutu dituen garai latzetan, bultzatu, aldiz, sar zadien orainaldian informatika eta tresneria berrien erosteko laguntza laguntza eskainiz, hala hedatzen baita mundu zabalera Euskaltzaindiaren emaitza, Interneten egiten diren bisitak direla lekuko.
Bizkaiko Foru Aldundiari zor diogu gure egoitza eta gero Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiak bildu dira egoitza hori ederki apaintzeko. Inauguratu zen eguna egun ederra eta ezin ahantzizkoa izan zen Euskaltzaindiarentzat.
Hitzarmen batek lotzen ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiak eta Euskaltzaindia, hitzarmen berri bat sinatuko delarik laster; nola ez dut baliatuko gaurko eguna, denak bilduak zaretelarik hemen, eskerrik beroenak eskaintzeko zuri eta hiru diputatu nagusiei orain arte erakutsi diguzuen atxikimenduarengatik, egin duzuen diru-laguntzarengatik eta, geroari begira, eginen duzuenarengatik baitakigu atzo eta egun bezala bihar ere zuekin konda dezakegula.
Ez ditut ahantzi nahi Nafarroako Gobernua ez eta ere Iparraldeko agintariak. Nafarroarekin badugu hitzarmen bat; Iparraldean hitzarmen bereziari esker, frantses Kultura Saila, Akitaniako kontseilua eta Departamenduko Kontseilu Orokorrarengatik Euskaltzaindiak diru-laguntza badauka urtero. Har dezatela denek Euskaltzaindiaren izenean ene eskerrik beroenak. Madrilgo Gobernuari eta orain hemen dagoenez gero ministra andere agurgarriari doa mila esker handi bat. Excelentísima señora, le agradezco mucho su presencia en este acto y también la ayuda financiera que aporta su Ministerio. Argi eta garbi daukagu gogoan ez zuela Euskaltzaindiak egin duen lana eta emaitza eginen ez balu denen sostengu nasara ukan.
Duela 16 urte kargu aldaketa Aita Villasante eta ene artean egin zen Bizkaiko Foru Aldundian Ardantza jauna orduko lehendakariaren eta Pradera diputatu nagusiaren aintzinean Mari Carmen Garmendia Lasa zela, ene ustez, bestaren asmatzailea. Orduan sortu zen ohidura berri bat, ofizialki agintari guztien aurrean eginez kargu aldaketa. Ohidurak segitzen du gaur, orain gure egoitzan, beste ohidura berri bat plazaratzen dugularik. Erakusteko euskaltzainburua dela “primus inter pares” lehentasunaren lekuko hona euskaldun makila Andres Urrutia Badiola euskaltzainburu berriari eskaintzen diodana. Doala euskaltzainburuz euskaltzainburu hemendik aintzina, ene zorionik beroenak hartzen dituela eusklatzainburu “primus” delakoak ni sartzen naizela berriz “pares” delakoen artean.
(JEAN HARITSCHELHAR DUHALDE euskaltzaina da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|