|
Andres Urrutiak atzo, 2005-01-27an, Euskaltzaindiaren aginte makila hartu zuen, Jean Haritschelhar orain arteko euskaltzainburuaren eskutik. Andres Urrutiak egindako hitzaldia erabili.com-en daukazu oso-osorik:
Joan den urteko abenduaren 17an, Euskaltzaindiak, bere historian hainbat aldiz egin duen bezalaxe, zuzendaritza-karguak berriztatu zituen. Beste behin ere, Euskaltzaindiak erakutsi zuen instituzioa dela, hain zuzen , euskararen instituziorik gorena.
Egun hementxe gara horren testigantza emateko, eta, beharbada, Xabier Kintana idazkari eta fedemaileak irakurritako aktaren hitzei, espiritua eta arima emateko, behar den moduan girotzeko.
Egun ere agur esaten dio karguari urteetan gure buru izan denak, Jean Haristchelhar jaunak. Zure aurretik, Jean, halako arduretan izan ziren Resurreccion Maria Azkue, Ignazio Maria Etxaide, Jose Maria Lojendio, Manuel Lekuona eta Luis Villasante. Haiengandik jaso zenuen lekukoa gaur ematen duzu, gure aurrean. Ohore zuri, Jean, beti gidatu duzulako tinko eta fermu, esku onez eta trebez, Euskaltzaindiaren norabidea eta ibilbidea.
Zuregandik ikasi dugu Euskaltzaindiaren izena eta izana aurrera eramaten, egoki zertzen. Zuregandik ere, egoera korapilatsu zein erosoagoetan, irtenbideak bilatzen eta euskaldunei euren euskararen harrotasuna erakusten, berez dituzun dohainak eta eskarmentuz zureganatu dituzunak eskuzabal eskaini dizkiezula gure instituzioari eta euskaltzain guztioi, ohorezko, oso nahiz urgazle izan. Zer esanik ez, etxeko behargin eta langile prestuei ere.
Lausenguak eta losintxak baino, beti maite izan dituzu lana eta ekina. Badakigu kargua uzten duzula, dakigularik euskaltzain oso moduan zure ekarriak eta jakituria aurrerantzean ere gure esku izango ditugula, halako esperientzia handiko maisuak hasiberriko urduriari dion harrera eta arreta artatsu berberarekin.
Lana behin baino gehiagotan aipatu duzu zure hitzaldi, agerpen eta plazaratze uneetan. Euskaltzaindiaren lana, bereziki. Lanerako gonbita egin zenuen 1989. urtean, Aita Villasanterengandik euskaltzainburutza eskuratu zenuenean. Orduko zure hitzak, orduko zure esanak ditut gaur nik gidari, Euskaltzaindiaren nondik norakoak eta egitekoak zehazteko.
Lanak hasiak dira, behar dira bururatu. Hona, hitzez hitz, orduko zure esamoldea. Gaur, ostera, orduko lan hasi berriak bururatu direla, neurri batean bederen, ezin uka. Horra hor Orotariko Euskal Hiztegia, bukatua, horren azken liburukia aurki argitaratuko dela. Horra, Atlasa, amaitzeko tenorean jarrita, laster ere horren fruituak bistaratuko ditugula. Horra, Hiztegi Batuaren lehenengo itzulia, euskarari, prestutasuna ez ezik, erreferentziak ere eman dizkiona.
Bururatu aditza erabili zenuenean, ez zinen desbideraturik ibili. Izan ere, euskararen lanek egunero-egunero, aldiro-aldiro, bestelako, osterantzeko eskakizunak sortzen baitituzte. Bizirik dagoelako seinale zalantza gabekoa.
Euskara batuaren moldaketa zen garai hartako erronka nagusia. Hamabost urte geroago, begien bistakoak dira orduko ekinaren ondorioak. Euskara batua abian dugu; euskara bera, kodeketa eta estandarizazio horren bitartez, egunerokotasunerako tresna bihurtu da unibertsitateetan, irakaskuntzan, komunikabideetan, administrazioan.... Oro dira horren erakusle, eta gure akulari eta zirikatzaile fin eta zorrotzak, bekoz beko errealitate ezohikoak jartzen dizkigutenak euskararen esparruan.
Sarea, informatika, baliabide elektronikoak... badira, gure artean ere, ezinbesteko osagaiak hizkuntzaren geroari egoki eusteko. Hor ditugu lanabes berriak, euskarak nahitaez behar dituenak.
Lanabesak, hala ere, hutsalak eta arima gabekoak dira, baldin eta egitasmo eta proiektuak artean ez badira. Euskaltzaindiak baditu halakoak, hain justu ere, Euskaltzaindia bera XXI. mendean jarri behar dutenak.
Euskal Gramatika Orokorra, Hiztegi Batuaren definizioak, hiztegigintzaren ikerketak, Euskal Corpus Onomastikoa, Euskal Literaturaren azterketak... Horiek dira jendaurrean plazaratu beharrekoak, horiek osatzen baitute, gure iritziz, osterantzeko gogoa, behinola egindako euskara batuaren kodeketari gure belaunaldiak ekar diezaiokeen eite edo tankera berezia.
Behar dugu, orobat, euskara zabaldu eta euskaldunen arteko ahozko erabilera jagon, jakinik, hori bai, euskara guztiona dela, berriz diot, guztiona, egongela honetan eta euskal gizartean diren ideia, sentsibilitate, iritzi eta aburu desberdinena, euskarak berak guztion ahalegina eta konpromisoa behar duelako.
JAGON zeregin horren zerbitzuko dauka Euskaltzaindiak JAGONET sistema. Horren bidez, gizarteari eskaintzen zaiona baliotsu eta esanguratsua da, eta, are gehiago, hobetu beharrekoa. Euskararen erabilerak ere kezkatzen du Euskaltzaindia, hizkuntzak berez duen komunikagarritasuna babestu beharrean dagoelako, batez ere, beraren bizi iraupena bermatu behar duen euskara moduko hizkuntza batean.
Badaki Euskaltzaindiak herrialde euskaldunen egoerak desberdinak direla, antolakuntza politiko eta administratiboaren aldetik. Leku batzuetan ofizialkidea da euskara gaztelaniarekin batera, lurraldez mugatua bada ere ofizialkidetasun hori beste leku batzuetan. Bada, bestalde, ofizialtasun bat ere ez duen euskal lurraldea.
Europa dugu ate joka. Hara goaz eta hark jarri dizkigu, dagoeneko eta larregi konturatu gabe, jokamolde berriak, guretzat, sarri askotan, ezezagun direnak. Hark ere baldintzatuko du euskararen etorkizuna, hur-hurretik begiratu beharko diogula prozesu horri.
El euskera, sin embargo, no es sólo una cuestión de la Comunidad Autónoma Vasca o Navarra. El euskera es algo vivo, también uno de los símbolos de identidad de España, y una de sus riquezas culturales, proclamada por la Constitución en el artículo 3.3· donde se afirma que “la riqueza de las distintas modalidades lingüísticas de España es un patrimonio cultural que será objeto de especial respeto y protección”.
La Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia surgió en 1918 de la iniciativa de las cuatro Diputaciones Forales de Araba/Alava, Bizkaia, Gipuzkoa y Navarra/Nafarroa. Su personalidad jurídica y su naturaleza consultiva oficial, con un ámbito de actuación que se extiende a los cuatro territorios, nos pone de manifiesto una vez más su carácter institucional, ya establecido por el Decreto 573/1976, de 26 de febrero, de reconocimiento de su personalidad, confirmado posteriormente por el Real Decreto 272/2000 de 25 de Febrero, de modificación de sus Estatutos en su artículo 1.j): “Como institución consultiva oficial en materia de lengua, expedir los oportunos certificados, informes y dictámenes”.
Por eso hoy la Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia quiere recordar, en presencia de los representantes de las diputaciones fundadoras, del Gobierno de Navarra como continuador de la Diputación Foral de Navarra, del Gobierno Vasco y del Gobierno de España, su profunda convicción de que la lengua vasca es algo en lo que todos y cada uno de ellos debe implicarse. Esperamos sinceramente que todos ellos, sin exclusiones y con independencia de adscripciones ideológicas concretas, sean un factor importante en el desarrollo y financiación de los trabajos que esta Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia realiza en torno al euskera, una lengua que nosotros, sus hablantes, no queremos arcaica, ni objeto de exposición en una vitrina de un museo, sino de utilización diaria en todos los ámbitos de la vida social y con una presencia europea significativa.
Un saludo a los hablantes de las lenguas castellana, catalana, gallego-portuguesa, aragonesa, asturiana y aranesa-gascona-occitana, que son, como los hablantes de la lengua vasca, miembros de una comunidad cultural acrisolada por siglos de convivencia.
Il faut continuer à travailler afin de rendre la langue basque officielle de la même façon que la langue française dans les territoires de Lapurdi, Nafarroa Beherea et Zuberoa .
Basque language, literature and culture must be known and have to be translated into the largest written and spoken languages all around the world. Euskaltzaindia- the Royal Academy for the Basque language will promote the work of spreading Basque language through international scientific fields of research and development.
Kanpoan diren euskaldunak ere ez zaizkigu arrotz, senide eta etxeko baino. Beti izango dute Euskaltzaindian abegi amultsu eta beroa.
Baliabide handiak behar dira halako proiektuei eusteko. Baliabide material eta pertsonalak, Euskaltzaindiak administrazio publiko eta gizabanako nahiz pertsona juridiko desberdinengandik jasotzen dituenak. Eskerrak, beraz, zuei, gure lana egingarri egiten duzuenoi. Zin-zinez eskerrak, eta aurrerantzean ere horrela jarraitzeko deia luzatu.
Diru publikoa darabil Euskaltzaindiak. Badaki diru publikoa erabiltzeak berebiziko erantzukizuna dakarrela, guztion sosak baitira hor tartean dabiltzanak. Izatez, Euskaltzaindiak badu berebiziko betebeharra, bere proiektuak adin onez, taxuz eta artez egiteko, eta bere buruari ere berak gizarte eta agintari publikoei eskatzen dien eskakizun-maila berbera ezartzeko.
Barne antolakuntzari buruzko arautegiak ere behar ditu gaurkotu eta eguneratu Euskaltzaindiak. Malguago jokatu, euskaltzain urgazleak berbizitu, aktibatu, euskaltzain osoengandik gertuago jarri. Datozen urteetan, andrazko zein gizonezko, euskalgintzaren hamaikatxo aditu, jakitun, sortzaile, eragile... bertaratu beharko dira, euskaltzain oso zein urgazle izateko. Horretarako, bistan da, Euskaltzaindiak euskalgintzaren gune erkide behar du izan, bertara biltzen baitira bateko eta besteko euskaldunak, mugaz, ideologiaz, pentsaeraz... bereiz direnak, baina euskara lokarri dutenak.
Hor dira unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustukoa, Arrasatekoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Unibertsitate Publikoa, Bordeleko eta Pabeko unibertsitateak); hortxe ere, euskararen inguruan diharduten hainbat talde, elkarte, federazio, terminologia-ikergune eta zentro, enpresa eta komunikabide. Horietako batzuek, dagoeneko, ageriko loturak dituzte Euskaltzaindiarekin. Beste batzuk ere, hurrengo urteetan ekarri beharko ditugu gure arlora, eta eurokin hitzarmenak egiteko bidean jarri. Hartara, Euskaltzaindiak, lehendik dituenak ez ezik, areagotu ere egin beharko ditu horiekiko harremanak. Paper hutsezkoak baino, errealitateak eta fruitu berriak ekarri beharko dituzte horiek.
Bada, hortaz, nekea non hartu Euskaltzaindiaren sailetan. Neke-lor horietan bete-betean jarduteko euskaltzain osoek aukeratu dute zuzendaritza berria, hemen hitz egiten dizuena horren buru dela. Talde moduan gatozkizue, helburu zehatz batzuen asmoarekin. Aukera hori baliatuko dugu, eta eginbeharrekoa, zilegi bekit hala esatea, onartzen dugu, oraingo honetan ni neu neure zuzendaritza-kideen ordezkari naizela.
Ordua da neke eta lorrerako. Lanak hasiak dira, behar dira bururatu. Halaxe esan zuen Jean Haristchelhar euskaltzainburuak kargua hartu zuenean. Gure lanak gaur hasten dira; gure lanen zerrendan gaur irekitzen dugu lehen orri zuria. Hura lerro zuzenez moldatzeko, guztion laguntza beharko dugu. Zuengandik eta euskaldunengandik halakoxea eskuratuko dugulakoan, gurea behintzat, gogotsu letorke, harako Ekin eta jarrai haren bidetik, XXI. mendean gauza bera beste modu batez esateko eta egiteko, alegia, ekinean jarrai.
Mila esker
(ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|