Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara irabazpide

Euskara irabazpide

2005-01-25 / 07:00 / Erramun Osa   BESTELAKOAK

Bihar etziko euskararen egoeran eragina izango duelakoan, Estatutu Berrirako proposamenaren harira, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea ez ezik ezagutzeko betebeharra dutela ere azpimarratu dute hainbatek eta, hartara, orain arteko ordenamendu juridikoan aldaketak egin daitezen proposatu dute. Halako erabaki bat hartzea euskararen aldeko indarberritzean eragingarria izango litzatekeen zalantzazkoa da.

Izan ere, ahuldutako hizkuntza komunitateak indartzeko asmoz, gutxiengo baten hizkuntza gutxiagotua derrigorrean jakin behar delako horren adibiderik badago egon Europan. Alta, horrek ez du bere baitarik, delako inguru horietan, ahuldutako hizkuntzentzat aurrerapauso eragingarririk ekarri.

Gaztelania eta frantsesa ezartzeko unean baliatu diren neurriei nola baita hizkuntza politikei begira jarri eta, gure hizkuntza indartzeko eta hedatzeko xedez, itxurakerietan, errezeta bera ezartzearen alde agertzen dira batzuk, baina, gauzak ez dira horren errazak. Herritar ia guztiek hizkuntza bat nonahi eta zernahirako darabiltenean, ahuldutakoa indarberritzeko, herritarren sostengua, atxikimendua arian-arian landu behar da, erakargarria eginez, jendea hurreratu dadin arrazoiak eta heldulekuak eskainiz, ikasten animatzen direnei baliatzeko ahalik aukerarik zabalenak emanez. Esandakoa, administrazioek herritarrei zerbitzuak eskaini behar dizkietenez gero, zerbitzu horiek hizkuntza batean zein bestean eskaintzeko daukaten eginbeharrarekin uztartu behar da ezinbestean.

Indarrean dagoen legediak zeharkatu edota behar beste garatu ez ditugun aukerak eskaintzen dizkigu, hizkuntza politika are zabalagoa eta ausartagoa garatzeko abagunea eskainiz. Horretarako, borondatea, gaitasuna, noranzko garbia, xede mailakatuak, bitartekoak, hartutako erabakien jarraipen estua eta zuzentzeko abilezia beharrezkoak dira. Euskararen inguruko mugimenduak ere noranzko horretan egin beharko lituzke urratsak, euskararen aldeko lana irabazpide bihurtuz, ezen, euskaltzaleena ustez nor den erakusten ahalegintzea baino, ekintza zehatzen bidez, euskararentzat etorkizuna irabazteko lanean aritzea eta ahaleginak batzea baita kontua.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi eta Hizkuntz Proiektua egitasmoen arduraduna da)

  • Estreinakoz Deian argitaratua, 2005-01-22an

Iritzi-artikulu honek jorratutako gaiaren uztarkide diren artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Zeozer egin beharko da baita corpus-ean (gorputzean), ez soilik status-ean.
2005-01-25 / 10:13 / Erramun Gerrikagoitia

Zentzu onez beteriko berbak eta ideiak dirudite Erramun Osa Ibarlotza-renak, ez dago dudarik. Besterik da ostera esatea duela arrazoi %100ean.

Edozelan ere, aparte kasu egin arlo soziologiko edo status-ean egin beharko da baita derrigorrez eta urgenteki kasu arlo linguistikoan, euskaran bertan, ikusi beharko dugu eta analyzatu zelako absurduak egiten diren eta egin daroaguzen euskara idatzian, h. d., ezen izkiriatzen dugu erribonukleiko ordez izkiriatu ribonukleiko. Hori horrela dauka Akademiak ezarria, imposatua; ez dakigularik zein arrazoi edo argudio erabilirik. Hau da soilik adibide bakar bat baina ba dira hainbat eta hainbat exenplu holakoak eta bestelakoak.

Kasu egin behar zaio ere euskarari, berari euskarari, ez bakarrik kanpoko faktoreei. Barruan ere, corpusean euskarak, etxe barruan strukturan, ba dauka euskarak zer eginik eta zeri begiratu eta rebegiratu tentuz.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ, maisua da eskola publikoan)

 
Euskara guztiona... baina nola?
2005-01-25 / 11:18 / Aitor Etxebarria Zamora

Abenduaren 27an, aldizkari honetan bertan argitaratutako nire artikulu batean ("Euskara guztiona... baina nola?") Erramun Osaren kezka den gaiaren inguruko gogoetak aurkeztu nituen. Orduan esandakoa ez errepikatzeko, interesa duenak bertara jo dezake beste iritzi baten bila. Artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN


(AITOR ETXEBARRIA ZAMORA Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com