Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko planak EBPN udal-ereduekin uztartzea
Erramun Osa eta Iñaki Arruti / Irakaskuntza / 2005-02-21 / 07:00
"Izan, ala ez izan" Shakespeare-k (1564-1616) Hamlet-en ahotan jarritako esaldi gogoangarriak euskararen eta euskarazko irakaskuntzan aritu izan diren eta hala diharduten askoren barreneko pentsamenduak laburbiltzen dituen esaldia da, beharbada. Izan ere, Euskal Herrian gertatu mintzaldatzeari (language shift) galga jartzeko ez ezik euskararen indarberritzea gertatu ahal izateko ere, eskolaren (1) zein helduen euskalduntze eta alfabetatzearen ekarpena garrantzi handikoa izan da.
Ingurumari horretan, Cooper-en “maintenance of a language implies its acquisition by the next generation” ildotik, Euskal Herrian gertatu dislokazio demografikoari (Fishman) zein ahultze soziokulturalari buelta emate horretan gogotik ahalegindu gara ikastola, eskola zein euskaltegietan. Lortutako emaitzek ez gaituzte erabat gogobete, ordea, eta, besteak beste, euskal lurralde batzuetan euskararen ezagutzak gora egin arren, adin talderik gazteenetan, euskararen erabilerak maila bereko hazkunderik ez izatea kezka iturri da gure artean.
2003-04 ikasturtean, EAEko 328 ikastetxe, 6.842 gela, 10.324 irakasle eta 153.176 ikasle ari dira, era batean edo bestean, euskararen erabilera indartzeko izaera eta gorputz desberdinetako egitasmoetan murgilduta. Nafarroan zein Iparraldean ere, neurri murritzagoan eta bitarteko eta babes urriekin, dozenaka ikastola eta eskola, milaka ikasle zein irakasle ari dira. Halako egitasmoen hedadura ikusirik, batzuen iritziz, euskararen erabileran pauso dezente sendoagoekin egin beharko genuke aurrera. Alabaina, euskararen erabilera planak (2) baloratzeko zenbait inguruabar aintzat hartzekoak dira, besteak beste, gizartean diren baldintzak, hizkuntza politikaren mugak, gela barruan euskararen erabilera ahalbidetzen ez duten estrategiak, ziklo edota etapetan eragin mugatua edo eraginik eza, profesional askoren prestakuntza eza, abian jarritako plangintzen eragingarritasuna ebaluatzeko tresna eznahikoak, ea.
Hots, eskola eta ikastoletan euskararen erabileran aurrera egiteko gauza dezente egiten da, are gehiago ere egitea komeni da eta egin daiteke gainera, egiten den hori era sistematikoago eta eragingarriago batean hezurmamitzea posiblea da, baina, plan horiek guztiak tarteko direla, ez dezagun pentsa gure gaitz guztien soluziobideak hortik datozkeenik soil-soilik. Bada, euskararen erabileran aurrerapausoak emateko askotariko erabakiak eta politikak dirateke zuzendu edo abian jarri beharrekoak, horietako batzuk agintarien ausardiaren, kemenaren eta borondatearen baitan daude ezbairik gabe, beste batzuk, ordea, hezkuntzan dihardugunon esku daude zalantzarik gabe. Hemen besteek zer egiten duten begira edota zain denbora ematea ez da kontua, bakoitzak dezakeenetik urratsak egitea baizik.
Eta egin dezakegunen artean dago, ikastetxeetako euskararen erabilera indartzeko planak eta EBPN udal-ereduekin uztartzeko urratsak egitea. Bakoitzak, albokoa kontuan hartu gabe lortzen duena dezente indar baitaiteke komunean dauden eremuak eta kontuan har zein noranzko berean jarriko balira. Bada, kezka horrek bultzaturik, Euskararen Aholku Batzordeak bi egitasmoak uztartzeko beharra mahai gainean jarri, eta aurrera begirako urratsak proposa daitezen, Geroratzearen Batzorde-atalaren 2003. urteko jarduketa-planean gaia aztertzea erabaki zuen.
Hezkuntzan bideratu beharreko zenbait kezka
Euskararen ezagutza gehitzeari dagokionez, hezkuntza arautuan egin dira ahaleginik gehien-gehienak, alabaina, hasiera batean, belaunaldi gazteenen euskalduntzea ahalbidetuta euskararen kinka larria gainditzea aurreikusten bazen ere, hogeita bost urtez beheko adin taldeetan gertatu den biztanleen urritze progresiboak (3) belaunaldi gazteenen garrantzia erlatibizatu eta biztanleria-piramidean daukan eragina apaltzea suposatu izan du. Testuinguru horretan, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntzak bere egitekoa ondo betetzea, euskara belaunaldi batetik bestera igaro dadin belaunaldi berriek euskara naturaltasunez, zuzentasunez eta egokitasunez erabiltzea etorkizun hurbilean erabakigarria gertatuko baita.
Halaber, Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari da, alabaina, kontrapuntu gisa, Euskal Herrian eskulana behar da, beraz, arrazoi politikoengatik, sozialengatik edota ekonomikoengatik lehenago indar biziz Europan eta, nola ez, Euskal Herrian gertatu fenomeno bat Euskal Herrian berriro gertatzen ari da. Etorkinen emanaldi berria gertatzen ari da, eta joera hori etorkizun hurbilean indartuko dela ematen du. Hartara, neurri egokirik hartu ezean lehenago gertatu dislokazio demografikoaren eragina indartzea gerta liteke. Hezkuntzan dihardutenek arazo gisa hartu beharrean, erronka gisa, gogoeta gai gisa aztertu behar dute etorkinen harrera. Izan ere, zein izango da etorkinen emaldi berrien hizkuntza eta kultur erreferentzia? Badirudi gizartean nagusi dena izango dela beraientzat ere; beraz, horrek ez du euskararen eta euskal kulturaren alde jokatzen. Hortaz, erronka zaila izango da euskararen behar larririk izango ez duten pertsona helduei euskaraz ikasteko gogoa suspertzea. Alabaina, eskola garaian dauden etorkinekin aukerak ez dira errazak, baina bai pertsona helduek dituztenak baino ugariagoak; beraz, horiekin ondo asmatu beharko da integrazio eta kulturen arteko bideak erabiltzen (Siguán, 2000), beren hizkuntza eta kultura galdu gabe, euskara eta euskal kultura beregana ditzaten.
Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren hedatzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan indartzen ari dira, baina, Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean goraka egin arren, oraindik asko falta da egoera erabat normalizatzeko. Halaber, Lanbide Heziketan euskararen egoera kezkagarria da, eta horren eragina erabakigarria da lan munduan euskara normalizatzeko egin beharreko urratsei begira. Nafarroan eta Iparraldean euskarazko irakaskuntzaren egoera EAEkoa baino are kezkagarriagoa da. Hargatik, euskarazko irakaskuntzaren egungo egoerak eta aurreikusitako bilakaerak ematen du aditzera, ezen, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasleen aldetik azpiko presioa egon arren, goi mailako irakaskuntzan zailtasunak eta erresistentziak are handiagoak daudela. Alta, kontrapuntu gisa, euskarazko irakaskuntza ez bada garatzen Lanbide Heziketan zein goi mailako ikasketetan, lehen urteetako ahaleginak erdi bidean geratuko dira, eta erdarek jarraituko dute prestigiozko hizkuntza eta lan munduan erabiltzen den hizkuntza nagusia izaten.
Halaber, EAEn, 1982ko azaroaren 24an, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen arabera (10/1982), derrigorrezko irakaskuntza amaitzen denean, ikasle guztiek, jatorriz euskaldun zein erdaldun, elebidun orekatuak izan behar dute. Alabaina, 1974tik 1998ra egindako elebitasunari buruzko ikerketen arabera (Etxebarria Balerdi, F. –1999– eta beste batzuk), euskararen bitartez lortutako emaitzek, besteak beste, harreman estuak dituzte euskarari eskaintzen zaion irakaskuntza denborarekin. D ereduko emaitzak B eredukoak baino hobeak dira, eta B eredukoak A eredukoak baino hobeak. Alabaina, badira D ereduan ikasitako ikasleak oso erraz eta aise euskaraz hitz egiten eta idazten dutenak, bai eta idazmenerako zein, bereziki, mintzamenerako zailtasun handiak dituztenak ere. Etxeko hizkuntzak, ingurune soziolinguistikoak, hizkuntzen arteko interferentziak, metodologia didaktikoak eta abarrek badute horretan eragina, bada, horietan guztietan eragin behar da. Hargatik, euskararekiko harremanak zenbat eta lehenago eta trinkoago gertatu hizkuntza gaitasunean (4) emaitzak are hobeak izan ohi dira, alabaina, lehenago adierazi bezala emaitzetan eragiten duen beste faktore asko dago.
Ingurumari horretan, egun bestelako errealitatea bizi dugula kontuan, azken hamarkadetan didaktika arloan, materialgintzan, irakasleen prestakuntzan, Europako hizkuntzen eskuratze goiztiarrean pilatu dugun eskarmentuak nola baita Europan, hizkuntza gutxiagotuei buruz ez ezik herritarren eskubideak jasotzen dituen kartak ere nahikoa helduleku eskaintzen digute beste ibilbide bati ekiteko.
Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko, branka norazko egokian jarri behar da
Hizkuntzen esku-hartze eremuak definitzen
Euskararen erabilera ez ezik hizkuntzen eskuratzea zein erabilera indartu asmo duten gela barruko zein gelaz kanpoko jarduketa-planak uztartzeko eta era koherentean garatzeko marko egokia eraiki behar da. Hartarako, ikastetxean diren hizkuntza guzti-guztiak (hiru edo lau) hartu beharko dira kontuan, bakoitzarekin izango ditugun helburuak definitu egin beharko ditugu, eta xedeak lortu ahal izateko ikastetxearen jarduera osoa hartu beharko dugu kontuan. Horretan laguntzeko, hizkuntzen erabilera eremuak aurreikustea garrantzi handikoa da. Erabilera eremu horiek aurreikusita, horietan guztietan eragin ahal izateko, hizkuntzen esku hartze eremuak (Osa, E. eta Elorza, I. –2002–) definitu ahal izango ditugu. Proposamen gisa bada ere, bi esku hartze eremu aurreikusi ahal ditugu, gutxienez:
- Eremu pedagogikoa: ekintza pedagogikoarekin eta gela barruko interakzio didaktikoarekin erlazionatutako hizkuntzaren alderdiak biltzen dituena.
- Eremu instituzionala: ikastetxearen kudeaketa eta antolaketarekin eta interakzio orokorrarekin, hau da, gelaz kanpoko harremanekin nahiz ingurunearekin, erlazionatutako hizkuntzaren alderdiak biltzen dituena.
Bada, ikastetxearen esku hartze eremu garatua honakoa izan daiteke:
Eremuen oinarrizko proposamen horretatik abiatuta, eremu pedagogikoan nola baita eremu instituzionalean burutzen ditugun jarduerak, besteak beste, euskararen erabilera indartzearekin lotu ahal izango ditugu. Horretarako, proposamen gisa ere, lan esparruak definitu ditugu.
Euskararen erabilera indartzeko lan-esparruak
Besteak beste, honakoak aurreikus litezke:
Hizkuntza plangintzen oinarrizko irizpideak
- XXI. mendean, gutxiengo baten hizkuntza gutxitu bat –euskara– mantentzea eta indarberritzea testuinguru eleaniztunean kokatu behar da. Alabaina, euskarak eskola eremuan hizkuntza nagusia izan behar du eta eskola eremuko hizkuntza planifikazio guzti-guztiek gutxienez baldintza hori bermatu behar dute. Egun, toki askotan, ez da hori inola ere gertatzen.
- Euskal Herriko hezkuntza planteamendua kultur aniztasunean eta eleaniztasunean ardaztu behar da; are gehiago, etorkizunean, inmigrazioaren eta globalizazioaren eraginez, ezaugarri horiek indartzen joango direla kontuan. Egoera horren aurrean, euskal eskolen curriculuma eraikitzeko, berreskurapen eta integrazio kulturalaren ereduen arteko uztarketa egin beharko da, beraz, euskal kultura ardatz, horren inguruan ukipen kulturak, curriculum ofizialak, Europako kultura eta kultura unibertsala uztartzea nola baita inmigranteen ukipen kulturak uztartzen dituen curriculum integratzailea gauzatu behar izango da.
- Euskara, oro har, ez da hiztun taldearentzat beharrezkoa den hizkuntza, hartara, beharrezkoa ez den hizkuntza –ekonomia linguistiko zein bestelako irizpideen pean– atzera aurrera desagertu egiten da. Gazte belaunaldiek, esate baterako, erdarei funtzio komunikatiboa ematen diete, eta euskarari, aldiz, funtzio sinbolikoa eta politikoa. Iparraldean, esaterako, galdutako eta atzeraka doan mundu bati lotua ikusten dute euskara. Uniformizazioak eta mundializazioak hizkuntza “nagusiak” –ingelesa, batik bat, baina ez hizkuntza hori soil-soilik– ikastera bultzatzen dutenean, euskara hiztunentzat behar-beharrezkoa den hizkuntza bilakatzea lortzen ez badugu, poliki-poliki, funtzio sinboliko eta politiko hori ere ahulduz joango da, eta euskara albo batera lagako den balio erantsirik gabeko kontua izango da. Beraz, euskara komunikaziorako tresna eragingarria eta hiztunentzat behar-beharrezkoa zein hiztun gaientzat erakargarria den hizkuntza bihurtu behar da.
- Eragotzi egin behar da kosta ahala kosta euskara hizkuntza akademiko soil bihurtzeko egun dagoen arriskua, hau da, eskola barruko esparruetan (eta ez guztietan) bakarrik erabilia izatekoa, ikasleen eskolaz kanpoko bizitzan inolako erabilpenik izan behar ez balu bezala. Testuinguru horretan, euskararen erabilera indartu asmo duten egitasmoek eragingarriak izateko ikastetxe osoaren jarduera kontuan hartu behar badute ere, gehien-gehienetan, ez da hala gertatzen, bada, eremu batean (klasez kanpoko zenbait jarduera, gehien-gehienetan) eraginez ez dago euskararen erabileran urrats sendorik egiterik.
- Erabileran eragin nahi duen egitasmo osatua zehazteko, besteak beste, hiru urrats segitu beharko genituzke; bat, ikastetxean kontuan hartu beharreko hizkuntzen erabilera eta trataeraren diagnostikoa egitea; bi, helburuak definitzea eta horietara hurreratzeko beharrak/lehentasunak antzematea; hiru, beharrei/lehentasunei erantzuteko lan estrategiak eta plangintza zehatzak definitzea.
Eremu kurrikularrean hizkuntzen erabilera abiapuntu
Lehenago esan dugun moduan, besteak beste, euskararen erabileran eragiteko ikastetxearen eremu guztietan eragin behar da. Eragin beharreko eta gehien-gehienetan nahikoa zurruna gertatzen zaigun arloa kurrikularra da, ordea. Zenbaitetan gela barruan egiten diren jarduerek ez dute hizkuntzaren erabilera bultzatzen, izan ere, garai bateko planteamenduak gogora ekarriz, hizkuntzaren ezagutza ahalik ondoen jorratzen ahalegintzen dira, alabaina, hizkuntzen ezagutzaren eta erabileraren artean bereizketak egitea ez da eragingarria, izan ere hizkuntzak, haiek guztiak baliatzen diren neurrian eskuratzen dira. Halaber, etapa edota zikloen artean askotan ez dago helburu komunik, ez estrategia (metodologia, ebaluazio irizpide, etab.) konpartiturik ez eta loturarik ere. Hizkuntzen erabilera, oro har, euskararena bereziki, bilatu nahi duen ikastetxeak, eragingarria izateko, konponbidea bilatu behar dio egoera horri.
Pertsona eleaniztunak nahi badira eleaniztasunaren egiazko dimentsioa ulertu behar da. Eleaniztasunak ez du adierazi nahi hezkuntzan lanabes ditugun hizkuntzak modu bakartuan (5) planteatzea. Izan ere, eleaniztasun ikusmoldeak azpimarratzen du gizabanakoak ez dituela gordetzen hizkuntzak buruan elkarrengandik aparte. Gaitasun komunikatiboa, hizkuntza esperientziak oro handitu ahala, famili mintzairatik gizartearenera, eta hortik atzerriko hizkuntzetara (bai eskolan edo unibertsitatean ikasiz edota zuzeneko esperientziak baliatuz) igaro ahala garatzen baita, eta horretan laguntza handikoak dira ezagutza guzti-guztiak, esperientzia linguistikoak eta hizkuntzak uztartuta (6) antzematea ere. Ingurumari horretan, hizkuntza arloaren xedea ikasleen komunikazio eta errepresentazio gaitasunak garatzea da, bizitzan planteatzen diren egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin hizkuntza komunikazio-tresna eragingarri gisa erabil dezaten hizkuntzaren oinarrizko trebezia nagusien (entzun, irakurri, hitz egin eta idatzi) menperatzea lortuz.
Baina, hizkuntza arloaren antolaketak ez ezik gainerako jakintza arloek ere hizkuntzak eskuratzeko egin dezaketen ekarpenaz gogoeta sakona (7) egin behar dugu (gainerako jakintza arloetan hizkuntza arloan baino dezente ordu gehiago ematen ditugu, halaber, jakintza arlo horiek hizkuntza batean edo bestean garatzen ditugu. Alabaina, jakintza arlo horietan burutu nahi ditugun jardueren planifikazioan tarteko den hizkuntza kontuan hartzen ote dugu?). Izan ere, gainerako arloetako profesionalak, besterik uste izan arren, hizkuntza irakasle ere badira. Eremuetako edukiak irakatsi eta ikasi ahala, arlo bakoitzaren hizkuntza irakasten/ikasten ere badihardugu, eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala, komunikazio-ekintzak burutu ahala, curriculumean esku hartzen duten eremuetako edukiak garatu edo barneratu egiten ditugu. Alde horretatik, curriculuma diseinatzerakoan, eremu bakoitzeko testu mota desberdinak definitu eta haiei dagozkien ulermen eta ekoizpen prozedurak ere zehaztu behar dira. Horrekin batera, eta erabili beharreko trebeziaren arabera, testu-mota bakoitzarekiko landu beharreko baliabide linguistikoak zehaztuz.
Sustatu beharreko ikuspegi metodologikoari dagokionez, komunikazioak izan behar du irakaskuntza-ikaskuntzaren estrategia nagusia. Alabaina, komunikazio horrek zenbait baldintza bete beharko ditu hizkuntzaren eskuratzea eta erabilera ahalbidetu ahal izateko:
- Komunikazio testuinguru aberatsa. Gela barruko eduki eta harremanen inguru mugatua gaindituz, ahalik eta bizitzako eremu guztietako esperientziak eskaini behar dira.
- Hizkuntzaren erabilera esanguratsua. Proposatutako ekintzen funtzionaltasuna, ikasleen behar eta interesekiko lotura, hizkuntzaren egiazko tresna izaera ziurtatu behar dira batetik. Bestetik, ikasketa prozesuarekiko koherentzia, hau da, jasotako “input”aren eta ekoitzi beharreko “output”aren bideragarritasuna ere ziurtatzea ezinbestekoa da.
- Kalitateko interakzioa. Hizkuntza eraikuntza soziala da; irakasle-ikasleek elkarrekin eraikitako testuinguruak, “partekatutako esparruak” (Artigal –1993–), ematen die esanahia hizkuntza formei. Beraz, elkarrekintza horren kalitateak garrantzi berezia du hizkuntzaren eskuratze prozesuan eta kalitate hau bi esparrutan ziurtatu beharko dugu: harreman afektiboetan eta komunikazio ekintza eta jardueren egituraketa zehatz eta egokian.
- Hizkuntzari buruzko hausnarketa. Halaber, hizkuntzaren erabilera indartzeko, egiten dugun horretan sortutako forma eta erregelen inguruko gogoeta funtzionala egitea garrantzitsua izango da. Hausnarketa hau, komunikazio eta erabileraren ikuspuntutik egiten dugun neurrian, diskurtsoaren mailatik abiatuta, komunikazio unitate diren testuetan oinarrituko da.
Eremu ez-kurrikulurra eta instituzionala. Euskararen erabilera indartzeko irizpideak
- Ikasleak urteetan txikiak direnean eskolaren ordainbide propioek badute bere eragina ikasleen jardunean. Adinean aurrera egin ahala, eskolan gora (goiko kurtsoetara) egin ahala, geroz eta zabalagoa den gizartearen ordainbideei (8) begira jartzen dira ikasleak, horren ondorioz, oso aldapa gora egiten zaio eskolari bertako ikasle zaharrengan eragitea (9) –nahiz eta halako euskara-maila bat dagoeneko eskuratua izan– , eta gazte horiek, gelatik atera orduko, beren artean euskaraz egiten jarrai dezaten segurtatzea edo bultzatzea. Hartara, saio batzuk gorabehera, “gizarteak agintzen duen” hizkuntza batean, bestean egin edo (abagunearen edo momentuaren arabera) bietara jo ohi dute ikasleek. Testuinguru horretan sakonduz, gizartearen maila desberdinetan baloratzen eta aintzat hartzen ez den hizkuntza, luzaro gabe, hiztunek albo batera uzteko eta onarpen zabalagoa duen hizkuntza gailentzeko joera indartu egiten duela hartu beharko genuke kontuan.
- Hizkuntzaren ezagupena ez ezik dakigun hori eskolatik kanpo erabiltzeko dauzkagun aukera urriek euskararekiko atxikimendua ahuldu, gaitasunean atzera egiten erraztu eta erdaren aldeko joera indartzea ere badakarte. Ingurumari horretan, zer egin dezake eskolak erabilera elikatzeko? Besteak beste, hezkuntza komunitatearen harreman sareetan (ikasleen artean, ikasle eta profesionalen artean, familian, e.a.) euskararen erabilera eragozten duten buxonak eta etenak identifikatzea eta gainditzeko estrategiak zehaztea, eta bere jendearentzako arnasguneak eratzen, bilatzen eta mantentzen berariaz ahalegintzea (10).
- Baina, ikastetxeak bere jendearentzako arnasguneak eratze horretan kokatuta dagoen gizarte eragileekin askotariko egitasmoak konpartitzea eta gizartean euskararentzat espazioak irabaztea ere badago egon. Halakoetarako, hiru irizpide hartu beharko lirateke kontuan: bat, leku bakoitzean euskararen belaunez belauneko transmisio sendoena berma dezaketela iruditzen zaizkigun ekimenak eta proposamenak aukeratu eta lehenetsi behar ditugu; bi, ekimenak lehenesteko unean, egingarrienetatik hasi behar dugu, beraz, egitasmo handi, eta, zenbaitetan egiteko zailak direnak, hurrengo baterako utzi behar ditugu; hiru, erdal munduak lagun diezaguke, batetik, euskararen kontra ez daudela esaten badute behin eta berriro, eman diezaiegun nahi adina aukera, behar den errespetuz eta begirunez, beren onginahi hori praktikara eraman ahal izan dezaten, bestetik, bihur dezagun euskarazko jarduketa irabazpide, erdal mundu hori ere, modu batera edo bestera, euskalgintzaren gurpilera hurbiltzen saiatuz.
- Komunikazioak erreala izan behar badu ikasketa eragingarria bideratzeko, hainbat eremutan gela barruko lana oso mugatua gelditzen da. Pertsonarteko esparru informalean bereziki, irakasleak bidera dezakeen hizkuntz erabilera artifiziala eta antzua gerta baitaiteke. Jabetze maila egokia gerta dadin berezko esparruetan eragin beharko dugu. Hartara, eskola eta bere ingurune hurbila bilduko dituen eta gelaz kanpoko esparru sozial horietan eragiteko estrategiak koordinatu eta era koherentean diseinatzeko bidea emango duen plangintza egin beharko da (11). Testuinguru horretan sakonduz, euskara formalaren ondo-ondoan ahoz jaso ditugun kodeak idatzira ekartzeko joera ikusten da toki askotan. Ez dakigu, ahoz jaso dugun kode aberats hau batasun bidea kontuan hartu gabe idatzira ekartzeak ez ote duen bazterretan nahasmena eta zalantza sortzen eta ez ote ditugun, bidenabar, statusari eta corpusari dagozkion kontuak nahiko modu arinean nahasten.
- Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko, planteamendu sistematikoan oinarritzen diren plangintzak dira eragingarriak, ez ekintza bakartuak. Baina, planteamendu sistematikoaz ari garenean eskola mailako planifikazioaz ere ari gara. Borondaterik onenaz egindako eta burututako ekintza bakartuak eta egitasmo solteak egitea gaindituz, xedeak lortzeari begirako planifikazio baterako urratsak egin behar dira. Baina hori ere ez da nahikoa. Izan ere, ikastetxeetan, behin baino gehiagotan, euskararen erabilera –ustez– indartzeari begirako egitasmoak lantzen dira, alabaina, haur eta gazteek ekintzetan ondo igaro arren, euskararen erabilera indartzeko baliagarri –benetan– gertatu ahal dira? Hona hemen, etengabe, egin beharreko hausnarketa.
- Gelaz kanpoko euskararen erabilera indartu asmo duten egitasmoak eremu pedagogikoaren arlo ez kurrikularra eta arlo instituzionala hartuko lituzke, batez ere. Honek ez du adierazi nahi kudeaketa pedagogikoan eta interakzio didaktikoan sarbiderik ez duela (zenbaitetan, planifikatutako ekintzen bidez eremu horietara iritsiko baita), bere esparru natural eta nagusiak aitatu ditugun horiexek direla baizik.
- Euskara haur eta gazteek gustuko dituzten jarduerekin (ez eramanezin edo obligazioarekin) lotzeko urratsak egin behar ditugu. Horretarako, gelaz kanpoko jarduerak, ondo planifikatuz gero, erabakigarriak dira. Haur eta gazteek euskarara hurbiltzeko edota euskara erabiltzeko formula eragingarriena ez da “egizu euskaraz!” esatea, adinaren araberako halako edo bestelako jarduerak egitean, era naturalean euskaraz jardutea dela konturatzea/ohartaraztea baizik, horretarako espazio horiek euskararentzat irabazteko urratsak egitea da kontua.
- Horretarako, ikastetxe bakoitzak eremu horretan zer egiten ari den (zuzeneko eskaintza edota beste erakunde batzuen partaidetza tarteko dela), zein hizkuntza baliatuta, nolako bitartekoekin (giza baliabideak, batez ere), halakoetan ari direnek zein prestakuntza dutela, e.a. bildu egin beharko du. Halaber, burutzen dituen edo burutu gabe arrakasta izan dezaketen jarduerak identifikatu beharko ditu. Datu hauek baliatuta, besteak beste, helburuak definitu, hutsuneak non dituen antzeman, begiraleen prestakuntzarako orientabideak zehaztu, gainerako zerbitzuetako (jantokia, e.a.) profesionalen prestakuntza edo aukeraketarako irizpideak finkatu, e.a. egin beharko ditu ikastetxeak. Irizpide hauek euskararen erabilera indartu asmo duen urteko plangintzan jaso beharko ditu eta honako atalak gaineratu beharko dizkio: eremua eta etapa –guztietan eragina izango duen plangintza zehazten ahalegindu behar du–, helburuak, ekintzak, azpi-ekintzak, burutzeko behar den denbora, arduradunak, baliabideak eta aurreikusten diren ebaluazio adierazleak.
- Era berean, euskararen erabilera indartu asmo duen egitasmoan hizkuntza paisaia (errotulazioa, hormirudiak, e.a.) zaintzeko orientabideak, ikastetxearen inprimaki, batzar, estatutu, ohar, idatzi zein bestelakoetarako hizkuntza irizpideak ezarri eta hauen jarraipena egiteko mekanismoak zehaztuko ditu. Halaber, hezkuntza-zentroak kokatuta dagoen ingurunean ere euskararen erabileraren aldeko giroa sortzeko asmoz, zerbitzuak-eta kontratatzeko zein hizkuntza irizpide baliatuko duen ere erabaki beharko du.
- Familia giroan euskararen erabilera indartzeko egitasmoak indartzeari dagokionez, 1970eko hamarkadan (batez ere) alfabetatze mugimenduaren bultzatzaile bihurtu ziren ikastolak. Gerora, euskalduntze-alfabetatze mugimendua profesionalizatu ahala, azpiegiturak-eta eskuratu ahala, sustatzaile izaera hori dezente ahuldu da, ordea. Haurren etorkizuneko hizkuntza jokabideen finkatzean nola baita euskararen erabilera indartzean garrantzi handikoa da familia giroa ahalik euskaldunena izatea. Hartarako, ikastolek zein eskolek gurasoen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko egitasmoak hezurmamitu behar dituzte. Zertan lagun diezaiekete ikastetxeek gurasoei? Euskaltegiekin lankidetzan eskaini ahal diren ohiko ikastaroak gaindituz, haien seme-alabei etxerako lanak egiten laguntzeko ez ezik hezten ere laguntzeko moduluak dirateke berariaz prestatu eta eskaini –teknologia berrien erabilerarekin osatuz– beharrekoak (guraso eskolak eratzea edota indartzea litzateke kontua). Era honetara, gurasoek euskara gauzak egiteko baliatzen duten neurrian eskuratzeko modua izango lukete, seme-alabak etxerako lanekin doazenean laguntzeko aukerak izango lituzkete (egun kasu askotan gertatzen ez dena) eta familia giroan euskararen erabilera indartzen joateko urrats sendoak egingo genituzke. Batzuek kontrako iritzia eduki arren, ikastolak zein ikastetxeak gurasoek euskara eskuratzeko, hobetzeko eta hezteko erabakigarria den ekarpena egin dezakete, bidenabar, euskararen erabileran ikaragarri lagunduz.
Ikastetxeetako euskararen jarduketa-planak eta EBPN
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (Eusko Jaurlaritza –1998– eta Eusko Legebiltzarrak onetsia –1999–), eta berorren garapena den eta EAEko udalerri gehienetan geroz eta eragin zabalagoa izango duen Udal-Ereduen Araberako Hedapenak (Eusko Jaurlaritza, 2001) hiru eremu estrategikoren inguruan biltzen dituzte proposamenak:
- Euskara ondorengoetaratzea: “Euskara, belaunez belaun eta etenik gabe, ondorengoetaratzea. Euskararen geroratzea, familiaren, eskolaren eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen bidez eta hizkuntza bera osatuz, aberastuz eta hobetuz lortzen da, batez ere” (5. orrialdea).
- Euskararen erabilera: Euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza. “(...)Datozen hamar urteotako erronka nagusia, belaunaldi berrietako euskaldunentzat euskara helduaroko erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin eta gaztelania bezain baliozko egitea da, esaterako, enpresa-mundurako, aisiarako, kirolerako eta komunikabideetako, produktuen kontsumorako, bai eta funtzio sinboliko eta afektiboetarako ere, hala nola, familiako harremanetarako, lagunarterako, gizarteko bizitzarako, kulturarako, eta norberaren burua euskal hiritar jotzeko. Horretarako, euskarazko zerbitzuen “eskaintza” eskolatik harantzago eraman eta beste erabilera-eremu garrantzizkoetara zabaldu behar da. Euskararen aldeko auzogintza, zerbitzugintza da, hurrengo hamar urteotan, bai herri-aginteek bai euskararen aldeko taldeek egin beharreko ahalegin garrantzitsuena: euskarak bizi-indar osoa edo ohargarria duen bizi-inguru hurbiletan osasun-, hezkuntza-, kirol, aisia- eta abarreko zerbitzuak euskaraz edo elebietan eskaintzea” (5.-6. orrialdeak).
- Euskararen elikadura: “Hizkuntza eroso eta erraz egin eta erabiliko bada, elikatu egin behar da, liburu, irrati, aldizkari, egunkari, telebista eta abarren bidez. Euskara, bigarren hizkuntza gisa, eskolan ikasi duen euskaldun berriari dituen hizkuntza-ezagupenak sendotzen, euskal kulturaren aberastasunaz jabetzen eta bere harreman-sare euskalduna zabaltzen lagundu behar zaio” (6. orrialdea).
Plan estrategiko honetan, irakaskuntza euskara ondorengoetaratzeari dagokion multzoan kokatzen da. Hori da irakaskuntzaren funtzio nagusia hain zuzen: belaunaldi berriei euskara ona, zuzena eta egokia eta ondo irakastea. Hala ere, irakaskuntzaren funtzioa, adibidez, ezin da mugatu euskara irakastera. Izan ere, irakaskuntzaren eta eskolaren betebeharra ere bada euskararen erabilerari eragitea, bidenabar, euskararen elikaduran eraginez. Gauzak horrela, ezinbestekoa da eremu guztietako eragileen arteko harremanak eta koordinazioa sustatzea. Hartarako, EBPN udal-ereduen araberako hedapena. Lehentasunak (Eusko Jaurlaritza, 2001) lana hartu behar da kontuan.
EBPN udal-ereduak garatzeko aukeratutako neurriak
Segidan, helburu estrategikoen arabera aukeratutako neurriak aurkeztuko ditugu:
Euskara ondorengoetaratzea
- Irakaskuntza; irakaskuntza sistemako B eredua eta bereziki D eredua bultzatu, ikastetxeen ohiko zereginetan euskararen presentzia bermatu eta Eskola orduz kanpo euskarazko kirolak eta kultur ekintzak eskaini. A eredua hobetu, metodologia, irakasleen prestakuntza, euskarazko irakasgaiak eta ikasleen arreta eta euskararenganako atxikimendua hobetuz.
- Euskalduntze-alfabetatzea; ahalik eta eperik laburrenean hizketarako gai diren euskaldunak lortu, giza taldeak identifikatu, ikastaroen antolaketa optimizatu, ordutegi egokiak, gutxieneko talde homogeneoak; ikasketa prozesu osoa hitzartu gizarteko hainbat eragile eta talderekin.
- Familia bidezko jarraipena: gazteengan eta familia osatu berriengan egin behar da indar haurraren lehen hizkuntza ziurtatzearren, jarraipenaren eragina dutenak (gazteak eta familia osatu berriak, batez ere) sentiberatu eta eskolatu eta euskaraz egiteko zerbitzuak, guneak eta aukerak eskaini.
Euskararen erabilera
- Administrazioa: euskara administrazioaren zerbitzu eta lan-hizkuntza izango dela bermatu, udalaren eragin esparruan euskararen erabilera bultzatu, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintzak gauzatu, udalaren euskara-zerbitzua eratu edota sendotu eta Hizkuntza Normalkuntzarako Teknikarien prestakuntzaz arduratu.
- Teknologia Berriak; teknologia berrien euskarazko erabilera bultzatu; informazio-kanpainak antolatu eta sentiberatze-lana egin informazio produktuen eskaria handitzeko; euskal kulturaren ondareari buruzko informazioa digitalizatu eta hedatu.
- Enpresa mundua: erakunde publikoek enpresak euskalduntzeko dituzten egitarauak udalerriko enpresetan bultzatu eta ekintza osagarriak planteatu, eragileak hizkuntza-politikarako partaide bihurtu, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotu.
- Aisia: aisialdian lanean diharduten talde indartsuenetan zein aisialdirako begirale eta zuzendarien prestakuntzan ari diren eskolekin arlo honetan ere euskararen erabilera areagotzeko lan egin, begiraleen eskoletan euskarazko adarra bermatu, inguru hezitzailean eskaini aisialdi-zerbitzuak: herria, nortasuna, herri-kidetasuna, kondaira eta hizkuntza elkartuz, alegia.
- Kirola: euskarazko baliabide eta materialen hedapena, kiroletako materiala euskaraz sortu edota egokitu, kiroletako prestakuntza euskaraz egitea, herri-mailako sentikortzea eta zabalkundea, udalak eskaintzen dituen kirol-zerbitzuetan euskararen presentzia bermatu, kirol jardunak euskaraz egitea, euskararen erabilera areagotu jendaurreko kirol agerpenetan, argitalpenetan eta elkarteenganako komunikazioan euskara erabili.
- Erlijioa: euskararen presentzia bermatu katekesi ekintzetan, parrokiek antolatzen dituzten kultur eta aisialdirako ekintzetan euskararen erabilera areagotu.
Euskararen kalitatea
- Corpus-plangintza: hizkuntza-paisaia ugaldu eta txukundu, hizkuntza-paisaia eratzen dutenengan eragin eta berbazko euskal kultur produkzioak ere landu.
- Komunikabideak: udalak komunikabideen erabilera bultzatu, jokaera enpresarial egokiaren aldeko apustua egin behar du prentsak, produktu desberdinak eta merkatuan lehiatzeko modukoak eskaintzea ezinbestekoa du, euskarazko prentsak elkarlana bultzatu, baliabideei ahalik eta etekinik handiena atera, kalitatea hobetu eta produktu berriak eskaini behar ditu, haurrentzako eta gazteentzako saioak eta argitalpen bereziak sustatu.
- Liburugintza: irakurzaletasuna bultzatu orain arte baino arreta handiagoa jarriz erosle eta irakurleengan, euskal literatura herritarrengana hurbildu eta irakurzaletasuna sustatzeko hitzarmenak egin.
- Publizitatea; euskaldunen merkatua eta honen kontsumo-eta errentagarritasun-ahalmenak aurkeztu publizitate-prozesuko eragileei; euskaraz publizitatea egiteak dakartzan onurak eta abantailak azaldu; herri-erakundeek euskarazko publizitatearen alde jarri, publizitate-prozesuko eragileen ondoan; euskarazko komunikabideak gizartearen begietarako edertzeko lana ere egin beharko lukete.
- Kulturgintza; haurrei eta gazteei zuzendutako kultur ekoizpenak lehenetsi, euskara biziberritzeko duten garrantziagatik; euskara ulertzeko (elebidun hartzaileak edo ia-euskaldunak) gai direnak ere erakartzen saiatu; euskaraz bakarrik jaso daitekeen produkzioa irrikagarri egin; administrazio guztien arteko loturak sendotu eta lankidetzan aritu; kultur arloan lan egiten dutenen lan baldintzak hobetu eta lanaren oihartzuna ozendu.
Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko planak eta EBPN udal-ereduen arteko uztarketa
Ikastetxeetan hizkuntzen esku-hartze eremuak definitzeko markoa proposatu dugu, halaber, marko horretatik abiatuta euskararen erabilera indartzeko lan-esparruak zein EBPN udal-ereduen lehentasunak aurreikusi ditugu, bada, orain bi egitasmoen arteko gurutzaketa egin eta uztartu ahal izateko, proposamenak egingo ditugu.
Bi irizpide nagusi
- Eskola da hizkuntza baten normalizazio-prozesuaren zutabe eta eragilerik oinarrizkoenetakoa. Bere eginkizuna, ordea, erlazionatuta egongo da euskal gizarteko beste sektore guztiekin, interakzio-prozesu batean, non eskola izango baita euskalduntzearen bultzatzailea. Baina, aldi berean, gizarteak bere egoera egokitzen joan behar du hizkuntza errealitatera, bai gaurkora eta bai etorkizun hurbilekora. Administrazioa eta gizartea, orokorki, ezin dira mugatu gaurko eskaerari erantzuna ematera, planifikatu egin behar dute eta baldintza egokiak sortu gaur eskoletan euskalduntzen ari diren haurrek, bizitza sozialeko edozein esparrutan, beren ahalmenak euskaraz garatu ahal izan ditzaten.
- Horretarako ikastetxeetako planak eta udaletan abian direnak uztartzea beharrezkoa ez ezik, emaitzei dagokienez, eragingarritasuna irabazteko modu bakarra da.
Bi planak uztartzeko marko proposamena
Inguruabar horretan, oso eragingarria izan daiteke, bai ikastetxeak berak duen euskararen erabilera indartzeko plana bideratzeko, bai udalerriko EBPN garatzeko, bi egitasmoen arteko uztardura definitzea eta bien garapenerako puntuak zehaztea. Hona hemen behar horri erantzuteko proposamen bat:
Bi planak uztartu ahal izateko lau proposamen
- Udalei dagokienez, EBPN udal-ereduak garatu ahal izateko, berariaz hartutako erabakiari EBPN garatu ahal izateko baliabide nahikoak gaineratzea ezinbestekoa da. Baliabideei dagokienez, besteak beste, segidan zehaztutakoak dirateke kontuan eduki beharrekoak, gutxienez: antolamendu egokia (Euskara Batzordea eta beste), giza baliabideak (udal-ereduari egokitutako lehentasunei erantzun ahal izateko, berariazko prestakuntza jaso duten eta neurrikoak diren zerbitzuak) eta baliabide ekonomikoak (plangintza erabat garatu ahal izateko, aurrekontu osoaren %2 bideratzea, gutxienez –HAKOBA–).
- Ikastetxe eta udalen arteko lankidetzarako, berriz, ikastetxeetako euskararen erabilera indartzeko jarduketa-planak eta Udaletan EBPN garatzekoak uztartu ahal izateko, koordinazio gune iraunkorra sortzea ezinbestekoa da, hartarako, Euskara Batzordea baliatu ahal da edota berariaz antolatutako batzorde iraunkorra eratzea komenigarria izan daiteke, herriaren tamainaren arabera. Halaber, egitasmo komunak abian jartzeko ez ezik esperientziak elkarri trukatzeko ere, eskualde mailako egiturak eratzea garrantzi handikoa da. Eskualde mailako egitura horietan, besteak beste, halako plangintzak abian dituzten ikastetxetako teknikarien, berritzeguneetako hizkuntza normalkuntza adituen eta udaletako teknikarien esku hartze normalizatua ahalbidetu beharko litzateke.
- Egun bi planak garatzeko fitxak zein bestelako euskarriak baliatzen dira. Alabaina, planifikazioan kontuan hartu beharreko esparruei dagokienez, ez dago planen artean harreman eta metodologia komunik, beraz, batean egiten diren ahaleginak ez dira bestean txertatzen. Hori bideratu ahal izateko lankidetzarako markoa eraiki behar da. Beraz, bi planak uztartu ahal izateko, Udal edota mankomunitateetako nola baita ikastetxeetako planak zehazteko baliatzen diren estrategiak bateratzeko (planifikazio fitxak, jarraipena eta ebaluazioa burutzekoak, euskarri telematikoak, e.a.) batzorde teknikoa eratzea komeni da. Batzorde tekniko honek plangintza batean zein bestean egin beharreko egokitzapen teknikoak proposatuko lituzke. Batzorde tekniko hau EABren batzorde berezi gisa era dadin proposatzen da, eta sei hilabeteko gehienezko epean, plangintzak egiteko eredu bakoitzean egin beharreko egokitzapenak proposatu behar izango dizkio EABren Geroratzearen Batzorde-atalari edota plan horien garapena kudeatzen duten sailei. Osaketari dagokionez, halako egitasmoetan zer esana duten erakundeetako ordezkarien presentzia bermatzea komei da (HUIS, HPS, EUDEL, EABko kideak edota halakoetan zer esana eduki dezaketen erakundeetako ordezkariak).
- EBPN garatzeko udalei esleitutako laguntza deialdietan zein HUISek abian jartzen dituen bestelako deialdietan ere EABren batzorde berezian proposatu eta hobesten diren gomendioak ezartzeko neurriak har ditzaten proposatzen zaie HUISi eta HPSri.
Euskararen erabilera indartzeko bestelako proposamenak
- Gela barruko jarduera burutzeari dagokionez, etorkizunean, EAEn ofizialkide diren bi hizkuntzak naturaltasunez eta zuzentasunez eskuratzeko ez ezik Europako hizkuntzak ere eskuratu ahal izateko, euskara ardatz eta lekuan lekuko egoera kontuan hartzen duen eleaniztasun egitasmoa hedatzen jarraitzeko urratsak egin ditzan proposatzen zaio HUISi.
- Euskal kultura indartzeari dagokionez, hizkuntzak, haiek guztiak, ez dira ideia, nahi eta esperientziak pertsonen artean trukatzeko bitarteko soil. Horrez gainera, hizkuntzak, beste osagai batzuen ondoan, beraiei loturiko kulturen erakusle edo adierazpen sinboliko dira, bada, kulturak horien zati dira eta beroriei, neurri handi edo txiki batean, komunikaziorako oinarria ematen diete. Testuinguru horretan, ez dago kultur edukirik gabeko euskararik, beraz, curriculumaren euskal dimentsioa (12) eraikitzeko proposamena egiten zaio Eusko Jaurlaritzari. Halaber, curriculum proposamenean ardaztuko den prestakuntza eskaintza antolatzea zein curriculum hori kontuan hartzen duten argitaletxe zein testuliburuak berariaz laguntzea eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari.
- Maila guztietan (Lanbide Heziketa barne dela) euskararen erabilera indartzeko asmoz egitasmo osatu eta bateratua eduki behar delakoan, maila desberdinetan (Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan, etab.) egitasmoak zehazteko, abian direnak koordinatzeko, irizpide komunen arabera antolatzeko, jarraipena egiteko zein halako egitasmoak garatzeko egitura eta plan komuna sor dezan proposatzen zaio HUISi.
- Euskararen erabilera indartu asmo duten ikastetxeetarako materialak sortzeari dagokionez, EBPN udal-ereduak garatzeko zehaztu lehentasunak ere kontuan har eta bidera daitezen urratsak egiteko proposamena egiten zaio HPSri eta HUISi (laguntza deialdiak, elkarte publiko zein pribatuekin hitzarmenak, etab.). Inguruabar horretan, material sorkuntzari dagokionez, gelaz kanpo ari diren begiraleen lana errazteko bideratutakoek lehentasun osoa izan dezaten proposatzen da.
- Irakasleei egiten zaizkien prestakuntza eskaintzen artean (Irale, Garatu, ea.), hizkuntza baliatu behar dutenean sortzen zaizkien zailtasunei berehalakoan erantzuteko sistemak lehentasunez eskain daitezen proposatzen da (teknologia berriak baliatuz, batez ere), bestalde, ikastaroen izaera aldatzea, eta hizkuntza erabili ahala zailtasunei aurre egiteko moduan etorkizuneko ikastaroak prestatzea proposatzen zaio HABEri. Era berean, irakasleen prestakuntzari euskal curriculuma eratuko duten gaietan prestakuntza ahalbidetzeko plan oso eta denboran eramana prestatzeko gomendioa egiten zaio HUISi.
- Ikastetxeetan lan egiten dutenen euskalduntasuna eta euskara maila ona ahalbidetzeko, irakasleen prestakuntzari gainerako zerbitzuetan (heziketa bereziko langileak, begiraleak –jantokikoetan, jolas denboran zein eskolaz kanpoko jardueretan ari direnak–, bestelako zerbitzuetakoak –zaindariak, sukaldariak, ea. –, ea.) ari direnak euskalduntzeko edo alfabetatzeko egitasmoak gaineratzea behar beharrezkoa da. Testuinguru horretan, euskararen erabilera eremu ez-formaletan indartzeari dagokionez, ikastetxeetako profesionalak (gelaz kanpo ari diren begiraleena, batez ere) lekuan lekuko aldaeretan prestatzeko eta alfabetatzeko urratsak ahalik azkarren eta antolatuen egin behar direla uste da.
- Gurasoei dagokienez, bestalde, ikastetxean lantzen diren edukiak eta metodologiak aintzat zein haurrak hezteko dituzten gabeziei erantzun nahian, berariaz euskara ikasteko edota hobetzeko moduluak presta ditzan eskatzen zaio HABE erakundeari.
Ikastetxeetan, udaletan (hizkuntza teknikariak) zein berritzeguneetan euskara indartzeko egitasmoetan ari diren teknikarien (HNTak) prestakuntza komunerako egitasmoak zehazteko premia larria da, bada, hartarako egitasmoak zehatz daitezen eskaria egiten zaio HPSri zein HUISi ere.
Euskararen aldaerak indartzeari dagokionez, Euskaltzaindiak prestatzen diharduen “Euskalkien erabileraz. Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazioan” adierazpena onartu ondoren, 6.3 atalean proposatutako batzordeak beren-beregi aztertzea eta garatzeko urratsak egin ditzan proposatzen da. Halaber, proposamenen atal honen 1-4-5-6-7 gomendioen garapenean kontuan hartzeko urratsak egin daitezen ere proposatzen da. Alabaina, egun ikastetxeetan baliatzen diren testuliburuen lexikoari dagokionez, laginak har eta aldiro-aldiro azter daitezen zein horren arabera, argitaletxeei gomendioak egin dakizkien proposatzen zaio HUISi.
- Halaber, euskararen lurraldea aintzat, ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko egitasmoak ahul diren lurraldeetan, administrazio edota gizarte eragileekin halakoak garatzeko lankidetza hitzarmenak izenpetzeko proposamena egiten zaio Eusko Jaurlaritzari. Eskari honek, besteak beste, egitasmoen ezartzea, materialak trukatzeko sistemak zein prestakuntza saioak jasoko ditu.
(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi eta Hizkuntz Proiektua egitasmoen arduraduna da eta IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Euskara teknikaria da)
- Euskararen Aholku Batzordearen Euskararen Geroratzearen Jarraipenerako Batzorde-atalak 2003ko matxoaren 26an izandako bileran, batzorde-atal horrek lehentasunez jorratu beharreko hainbat gai identifikatu zituen. Horrela, 2003. urtetik hona bi izan ditu hausnarketa-gai nagusi: 2003ko abenduan kaleratu zen euskalduntze-alfabetatzeari buruzko hausnarketa, lehena, eta, argitalpen honetan aurkezten den Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko planak EBPN udal-ereduekin uztartzeari buruzko proposamena, bigarrena.
Horrela, Batzorde-atalean finkatu zen prozeduraren arabera, gaiaren inguruko oinarrizko txostena egin zuten Batzorde-ataleko buru den Erramun Osa jaunaren eta Iñaki Arruti jaunaren artean. Txostena 2004ko urtarrilaren 15ean aurkeztu zen eta, ondoren, Batzorde-atalean eztabaidatu eta kideen ekarpenekin osatu zen.
Euskararen Aholku Batzordea hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko harreman-organoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-normalkuntzari buruzko gaiak aztertzea eta ikertzea eta euskararen erabilerari buruzko xedapenak ondo ezartzeko behar diren neurriak proposatzea Jaurlaritzari eta dagokien erakundeei dira, besteak beste, Euskararen Aholku Batzordearen egitekoak.
Hona hemen, beraz, Euskararen Aholku Batzordeak euskal hiritar guztiei, eta, bereziki, irakaskuntzari nahiz udal mailako EBPNren garapenean arloan diharduten eragile publiko zein pribatuei zuzendutako aholku-proposamenak, lagungarri izango direlakoan.
|
Bibliografia eta glosarioa
Bibliografia
- AMONDARAIN, A. eta ZALDIBIA, E. (2002), “Euskaraz Bizi euskararen normalkuntzarako lan proposamena eta Laskorain ikastolan burututako esperientzia” in IX. Jardunaldi pedagogikoak. Euskararen erabilera, EHIE, Donostia.
- ARENAS, J. eta ARENY, M. (1997), “Ikastetxeko hizkuntz proiektua”, in BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 24. alea, 29-46. Donostia.
- ARTIGAL, J. M. (1990), “Uso/adquisición de una lengua extranjera en el marco escolar entre los tres y los seis años” in Comunicación, Lenguaje y Educación, (8. orr., 127-144).
- ARTIGAL, J.M. (1993), “Erabileraren garrantzia hizkuntza berri baten eskurapenean” in Hezkuntza Eleaniztunari buruzko I. Nazioarteko Jardunaldiak. Gaztelueta Fundazioa, Areeta-Getxo.
- BILBATUA, M. (2000), “Euskara irakasteko metodologiaren bilakaera” in Hezkuntza Eleaniztunerako bide berriak. Ikastaria. Eusko Ikaskuntza. Donostia. 11.zkia.
- BRONCKART, J.P. (1985), Las ciencias del lenguaje: ¿un desafío para la enseñanza? UNESCO, Lausana.
- BRONCKART, J.P. (1985), Teorías del lenguaje. Herder, Barcelona.
- BRONCKART (1997), Activité langagière, textes et discours. Pour un intéractionisme socio-discursif. Delachaux et Niestlé, Paris.
- CASSANY, D., LUNA, M. eta SANZ, G. (1994), “Enseñar lengua” in GRAÓ aldizkaria 1. zkia, Barcelona.
- COLL, C. (1987), Psicología y Currículum. Laia. Barcelona.
- CUMMINS, J.(1979), “Interdependencia lingüística y desarrollo educativo de los niños bilingües” in Infancia y aprendizaje (1983, 21, 37-61)
- CUMMINS, J. (1993), “Hezkuntza eleaniztunaren alderdi psikolinguistikoak” in Hezkuntza Eleaniztunari buruzko I. Nazioarteko Jardunaldiak. Gaztelueta Fundazioa, Areeta-Getxo
- EHIE (2002), “Ikastoletako ebaluazioaren azterketa eta proposamena”. Argitaratu gabea.
- ELORZA, I. eta SAENZ, M. (2000), “Urtxintxa proiektua: Haur hezkuntzarako Curriculum Proiektua” in VII. Jardunaldi Pedagogikoak: Haur Hezkuntza. Ikastolen Elkartea, Zarautz.
- ELORZA, I. , SAENZ, M. (2001), “Irakurketa-idazketa ikastolen ikuspegitik” in VIII. Jardunaldi Pedagogikoak. Irakurketa eta Idazketa. EHIE, Iruñea.
- EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA (1992), Euskararen erabilera irakaskuntzan. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.
- EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA (1999), Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.
- EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA (2001), EBPN udal ereduen arabera hedapena. Lehentasunak. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.
- FISHMAN, Joshua A.; COOPER, R. eta MA. R. (1971), Bilingualism in the Barrio. Bloomington, Indiana University Press.
- FISHMAN, Joshua A. (1982), Sociología del Lenguaje. Madrid. Cátedra. The Sociology of Language (Newbury House) liburuaren itzulpena.
- FISHMAN, Joshua A. (1990), “Limitaciones de la eficacia escolar para invertir el desplazamiento lingüístico” in Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresua. Ponentziak eta Komunikazioak, 189-96. Servicio central de Publicaciones del Gobierno Vasco, Vitoria-Gasteiz.
- FISHMAN, Joshua A. (1993) Reversing Language Shift. Clevedon. Multilingual Matters.
- GARAGORRI, X. (2000), “Eleaniztasun goiztiarrari bai, baina ez edonola, Nuevos caminos para la enseñanza plurilingüe”. In Ikastaria. Cuadernos de Educación, 11. alea, 97-117. Eusko Ikaskuntza, Donostia.
- GARAGORRI, X. (2001), “Euskarari eta euskal kulturari buruzko euskal eskolaren erronkak” (argitaratu gabea) in Euskaltzaleen Biltzarraren Mendeurrena, Sabino Araba Kultur Elkargoa. Bilbo.
- ISASI, X. eta ERRIONDO, L. (2000). Ulibarri Programa. Euskara Zerbitzua. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.
- MIRET, I. eta RUIZ BIKANDI, U. (1997), “El proyecto lingüístico de centro”. Textos 13. alea, GRAÓ, Barcelona.
- OSA, E. eta ELORZA, I. (2002), “Ikastolen hizkuntz proiektua definitzeko oinarriak” in IX. Jardunaldi Pedagogikoak: Euskararen erabilera. Ikastolen Elkartea, Gasteiz.
- PASCUAL, V. –koordinatzaile– (1992), El Projecte i el Pla Anual de Normalització Lingüística d’un centre d’Educació Infantil i Primària. Conselleria de Cultura, Educació i Ciència. Generalitat Valenciana, Valencia.
- PASCUAL, V. –koordinatzaile– (1993), Guia per a l’Anàlisi del Context del Centre. Generalitat Valenciana, Valencia.
- ROULET, E. (1976), Lingüística y comportamiento humano. Marfil. Alcoy.
- SERVEI D´ENSEYAMENT DEL CATALÀ (1999), “Projecte lingüístic de centre. Aproximació teòrica”. Generalitat, Barcelona.
- SIERRA, J. eta OLAZIREGI, I. (1990), Eife-3 Euskararen irakaskuntza: faktoreen eragina. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.
- SIGUÁN, M. eta beste (2000), “Lengua e inmigración”. Textos (23). Graó. Barcelona.
- SIGUÁN M. eta MA. F. W. (1986), Educación y bilingüísmo. Santillana/Unesco. Ginebra.
- ZALBIDE, M. (1998), “Irakas-sistemaren hizkuntza-normalkuntza: nondik norakoaren ebaluazio-saio bat”. Argitara gabea.
Glosarioa
EAB: Euskararen Aholku Batzordea
EBPN: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia
HAKOBA: Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordea
HUIS: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
HPS: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
EUDEL: Euskal Udalen Elkartea
Garatu: Irakasleen prestakuntza-plana
HABE: Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea
HNT: Hizkuntza normalkuntzarako teknikaria
Irale: Irakasleak Euskalduntzeko-Alfabetatzeko programa
Oin-oharrak
(1) XIX. mendetik aurrera, euskal hizkuntz komunitateak atzera egitearen –ez indartzearen– atzealdean, besteak beste, euskarak eskolan izan duen sarbide ezaren edota kontuan ez hartzearen testuinguruan kokatu beharko genuke hein handi batean. Izan ere, Estatu eta Nazio sentimenduak sortu eta belaunaldi batetik bestera igarotzearen testuinguruan eskolak izan duen garrantzia erabakiorra izan da. Ingurumari horretan, XIX. mendean ezarri ziren Frantzian (Guizot, 1833; Falloux, 1859; Ferry, 1879-82) eta Espainian (“Reglamento General de Instrucción Pública” –1821– urte batzuk geroagokoa den Moyano Legeak –1857– zehaztu eta osatu zuena) euskara itotzeko tresna ahaltsua bilakatuko ziren eskola berriaren oinarriak, eta ordukoa da, gutxienez, eskola euskaldun edota elebidunaren aldeko eskaria, 1873-75 bitartean, estatu karlistaren ahaleginak dira horren lekuko.
(2) Besteak beste, Huis-ek bultzatutako Ulibarri egitasmoaren edo Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak bultzatutako Euskaraz Bizi egitasmoa dirateke egitasmorik indartsuenak.
(3) EAEn, 1982-83 ikasturtean, 523.622 ikasle ari ziren irakaskuntza ez unibertsitarioan ikasten, 1999-2000 ikasturtean, aldiz, 310.283 ikasle. Hamazortzi urteko epean ikasle kopurua %40,75 jaitsi da.
(4) Testuinguru honetan, besteak beste, haurtzaindegien nola baita haurrak euskaraz zainduko dituzten pertsonen multzoa haztea eta prestatzeak garrantzi handia du.
(5) Hizkuntzen eremu integratua eratzea litzateke ikuspegi honen ondorio zuzena. Honakoa, Cummins-en (1981) Hizkuntzen Interdependentzia printzipioan, Elkarmenpekotasun Linguistikoaren printzipioan, ardaztu ahal da. Honela adierazi ohi da formalki: “Hx-eko irakaskuntza Hx-ean gaitasunak sustatzeko eragingarria den heinean, gaitasun hauen Hy-rekiko transferentzia gertatuko da, Hy-rekiko esposizioa (eskola edo ingurunean) eta Hy ikasteko motibazioa egokiak diren neurrian”. Edo beste hitz batzuetan esanda: hizkuntza batean lortutako hainbat gaitasun eta ezaguera erabiltzen diren beste hizkuntzetara transferitu egiten dira, baldin eta beste hizkuntza horietan komunikazio aukerak eta motibazioa badira.
(6) Marko horretan ez dago planteatzerik ikastetxeetan hizkuntz curriculuma hiru edo eta lau hizkuntza curriculum bakartuen batura bezala; hizkuntza eta komunikaziorako heziketa, curriculumeko hizkuntzak biltzen dituen Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik bidera daiteke soil-soilik.
(7) Karga linguistiko handiagoa den jakintza-arloetan xede-hizkuntzaren eskuratze eznahikoak jakintza-arloetako edukien eskuratzean eragin handia du. Hargatik, euskara arloan ez ezik gainerako arloetan ere arrakastaz aritzeko hizkuntzaren aldetik proposatu jarduerak burutu ahal izateko neurriko prestakuntza ahalbidetzea erabakiorra da.
(8) Astialdiko norma sozialak, lan merkatuaren eskakizunak, kale-bizitza arrunt, normal, egunerokoan gailendurik dauden konbentzioak, e.a.
(9) Egoera hori are larriagoa izatea bultzatzen duten dinamikak badaude hezkuntzan. Izan ere, ikasleak ikaste-prozesuan aurrera egin ahala, haien eskuhartzea murrizten duten metodologiek indarra are handiagoa hartu ohi dutela gaineratu beharko genuke. Ziklo nahiz etapek aurrera egin ahala, dakitena azalpenen bidez transmititzen eta eduki horiek ikasleek buruz ikas ditzaten ahalegintzen diren profesional multzoa indartzen joan ohi da. Profesional hauek metodologiak eraberritzen eta eguneratzen atzeratuenak dira eta erabiltzen dituzten estrategiekin edukiak zein gaitasunak garatzea ezinezko egin ez ezik, gehien-gehienetan, ikasleen esku hartzea hutsaren hurrengo izatea eta jasotzaile jarrera pasibora bultzatzea ez besterik lortzen dute. Honek guztiak, euskararen ezagutza baldintzatu ez ezik euskara erabiltzeko jarrera ere apaltzen du.
(10) Euskarazko arnasgunea, demografi aldetik euskara “bere habian” sentitzen den bilgune gisa definituko genuke. Hizkuntza txikiek, hiztun-herri gisa jarraitu nahi badute, beren kontzentrazio demografikoko arnasguneei eutsi behar diete. Izan ere, zenbat eta euskaldunak elkarrengandik gertuago bizi/egon hainbat eta anparo handiagoa emango dio batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten gizarte arauak eta egoera interaktiboak ugarituz.
(11) Berazadi, E. “Euskararen erabilera informalak landu behar ote dira eskolan”.
(12) Curriculum integratua eraikitzeko, berreskurapen eta integrazio kulturalaren ereduen arteko uztarketa egin beharko da, beraz, euskal kultura ardatz, horren inguruan ukipen kulturak, curriculum ofizialak, Europako kultura eta kultura unibertsala uztartu nola baita etorkinen ukipen kulturak uztartzen dituen curriculum integratzailea gauzatu beharko da.
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1105614724