Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Nor, nori, nork... ˇAl diablo con ellos!

Jon Urruxulegi Agirre / Irakaskuntza / 2005-01-20 / 07:00


Badakit gai polemikoa noala ukitzera. Baina barruak hala aginduta, gogoeta batzuk egitera nator euskararen irakaskuntzaz. Urte asko dira gogoeta hauek plazaratu nahian nagoela, baina oraingoan ezin izan diot tentazioari eutsi. Hemengo gogoeta batzuk ez dira politikoki oso zuzenak izango, agian disonante samarrak ere izango dira, baina denetik behar da gure mundutxo honetan ere. Helduen eskalduntze-alfabetatzeaz ariko naiz.



Esan dezadan hasieratik bertatik: euskarak ez du bizirik iraungo soberania politikorik gabe. Ez euskarak eta ez inongo hizkuntzak ez luke iraungo nolabaiteko herrialde soberano baten hizkuntza ofiziala izan gabe. Soberania hori lortu bitartean, zeinak bakarrik bermatuko baitu euskararen iraupena, nola edo hala herritarrak euskalduntzea dugu egitekorik funtsezkoena.

Aspaldian hemen gabiltza soziolinguistika gora eta glotodidaktika behera. Estrategiak, ondorioen deskripzioak, egoeraren deskripzioak, konstatazioak, familiaren bidezko transmisioaren ahultasuna, “euskainola”, pertsekuzioak, militantismoa, gastuen kopuru astronomikoak eta emaitza eskasak... Erudizio gehiegi dago, larregi espekulatzen da, diletantismoa nagusi dabil. Egoera hain gaizto hori gainditzeko, estrategia teoriko bat behar da, teorikoa eta teorian posible dirudiena. Jakina, ez dago praktikarik teoria gabe.

Duela urte batzuk Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak (Bagerak) mintzapraktikarako mintzalagun izan nahi al nuen galdetu zidan. Astean ordubeteko lana izango nuela adieraztean, baiezkoa eman nien, banuela eta hainbeste denbora libre.

Niretzat esperientzia ona izan da orain arte eta, aurrera ere, ona izatea nahi nuke, mintzapraktikaren beharra bera ez bada galtzen behintzat. Mintzapraktikan daramadan denborak, beste gauza batzuen artean, gaurko euskara irakaskuntzaz lehen baino hobeto jabetzeko aukera eman dit. Beti egon naiz kezkatuta, diru eta denbora asko xahutzen dela euskara irakasten eta emaitzak benetan eskasak izan ohi direla. Eta egoera honek nahi eta behar baino urte gehiagoan dirauela. Uste dut nirekin jende asko etorriko dela bat afirmazio hau egitean.

Hain zaila al da euskara ikastea? Ez, ez da zaila. Badakit beste bi kultura arrotz erraldoik itolarrian daukatela euskara. Gaur euskalduna kultura arrotzean murgildurik bizi dela ere badakit. Hala ere, nire ustez ez ditugu eskura dauzkagun aukerak eta baliabideak behar bezala erabiltzen.

Uste dut euskaltegiak, oro har, ez direla euskara ondo irakasten ari. Nahiz eta metodologia komunikatiboa txertatzeko saio batzuk egin diren. Euskaltegietan apuntatzen den jenderik gehiena euskalduntzeko asmo hutsez apuntatzen dela uste dut. Euskalduntzeko asmo hutsez, ez alfabetatzeko asmoz. Zer gertatzen da? Euskaltegiak ikaslearen borondatea batere errespetatu gabe, ikasleak alfabetatu eta alfabetatu aritzen direla urteetan eta urteetan. Azkenerako, euskara ikasten bost, sei, zazpi... hamar urte daramatzanean, ikasleak euskara zapuztu, nazka hartu eta dena bertan behera uztea erabakitzen du. «Hau ez da niretzat egiten». Zentzuzko erabakia, erabaki inteligentea! Zertarako sufritu hain maite zuen/duen hizkuntza ikasi ezinik? Ez dago masokismoaren beharrik euskara ikasteko.

Normalean argudiatu ohi da jendeak euskararen aldeko sentimendua baduela, baina gero ikasteko egin behar duen esfortzua mamitzeko ez dagoela behar hainbat motibaturik. Gezurra. Euskaraz mintzatzea bakarrik nahi zuenari eskatzen zaion esfortzuan dago okerra, denei alfabetatzea exijitzen baitzaie sistematikoki. Eta hau ez da bidezkoa, ez da justua; irakaskuntzaren metodologian dago minbizia, ez motibazio faltan.

Niri tokatu zaizkidan mintzalagunak ia denak zeuden eta daude euskara ikasteko benetan motibatuak. Egunero joaten dira euskaltegira, baina astean behin nirekin biltzen dira mintzapraktika egiteko. Zer esan nahi du horrek? Euskaltegian ez dutela hizketan ikasten? Bada, bai, horixe bera, euskaltegian apenas ikasten dutela hizketan, alfabetatu eta alfabetatu egiten dituztela derrigor. Mintzapraktikaren mundua sortu beharra da euskaltegien porrotaren adierazgarri nabarmena. Klasean, irakasleak orriak banatu eta hor ikusiko dituzu ikasle guztiak ordubetean zorioneko orriak betetzen, isilik, «honek hatxe ba ote du, hemen subjunktiboa jarri behar ote nuke ala hobeto legoke aditz nominalizatua, aber agente edo ergatiboren bat gaizki jarri dudan ala jartzen huts egin dudan». «-Aizu, nik orri hau beste egun batean egina daukat». «-A, bada, bete beste hau». «Euskarak duen mugagabe zoragarri hori ondo erabili ote dut». Hurrengo ordua, orriak zuzentzen. Kausalak, aditz trantsitiboak, intrantsitiboak, izen sintagma, aditz sintagma, perpaus koordinatuak, nagusiak, menpekoak, enuntziatiboak, galderazkoak, nor-nori-nork... «Halako liburua erosi behar duzue eta hamabost egun dauzkazue irakurri eta laburpen bat niri ekartzeko (ekar diezadazuen?)»... Beste egun batean, sinonimoak ikasten. Hurrengoan... Badaukat mintzalagun bat euskara ikasteko amorratzen dagoena, eta inork ez daki zenbat sufritzen duen azterketa aurreko egunetan. Benetan pasatzen du gaizki. Trikua arantza eta guzti osorik irentsi balu bezala ibili ohi da. Eta nik neure buruari galdetzen diot: Baina nola sufriaraz dakioke horrela bere burua euskaldundu nahi duen pertsona bati, zoratzen baino egon behar ez lukeen bitartean! Dudarik gabe, ugari dira euskara ikastera apuntatzen direnen motiboak. Sailka ditzagun.

Lehenengo multzoan sartuko nituzke, eta agian gehienak dira, euskara maite izan eta euskalduna ez izatearen lotsa sentitzen dutenak. Familian, tratuan-eta beragatik beste askok euskaraz egin ezin dutelako, euskara ikasi beharra sentitzen dutenak. Horien motibazioa argi eta garbia da, guztiz boluntarioak direlako. Halaber, sartu beharko genituzke multzo honetan denbora libre ugari eduki eta, askotan lagunen batek bultzatuta, giro jatorra bilatu nahiz, euskaltegietan apuntatzen direnak ere. Horien motibazioa epela izango da seguruenez. Gainera, oztopo izan daitezke besteentzat.

Bigarren multzoan, lanposturen bat lortu nahirik, hizkuntz eskakizuna edo profila lortu nahi dutenak. Hauen motibazioa oso ezberdina da, baina gutxienez euskara ikasi nahi dute. Gainera, behartuak daude alfabetatzera. EGA-edo atera nahi dute. Eta nolabait boluntarioak dira.

Hirugarren multzoan, administrazioan lan egin eta duten lanpostuaren hizkuntz eskakizuna lortzera behartzen dituztenak. Hauen motibazioa ahuntzaren gauerdiko eztularen oso parekoa izango da gehienen kasuan. Ez dira boluntarioak. Batek baino gehiagok euskarari gorrotoa ere izango diote baina, behartua dagoenez gero, klasera joango dira. Eta seguru nago lanean baino okerrago pasako dutela ikasiko ez duten euskara ikasten. Baina gaitz asko onerako. Hauen etekin mota bat sustituzioak egiten dituztenek jasoko dute. Eta beste etekin mota bat politikariek jasoko dute, eurek jakin ez eta sekula ere ikasiko ez duten euskara, gure hizkuntza hain maitea, hainbat eta hainbat funtzionario euskara ikasten jarri dituztelako. Estatistika harrotuko dizute politikari horiek euskararekiko beren interesa zuritzeko. Desastre honen kostua izugarria da: funtzionarioak berdin kobratuko du lanik egin gabe, sustituziogileari berdin eta euskaltegiko irakasleari ere bai.

Panorama triste eta negargarri horren aurrean, zer egin? Gauza bat badakigu behintzat: zer ez dugun egin behar, hots, ez dugula orain arte bezala jarraitu behar. Ez da gutxi hori jakitea edo horretaz jabetzea.

Eta erantzuna erraza bezain naturala du galderak: hizkuntzak hitz egiteko dira lehenik.

Lehenengo, denak sistematikoki euskalduntzea litzateke nire proposamena. Pertsona bat euskalduntzeko ez dago azterketa beharrik, ez dago ariketa orri luzeak banatu, bete eta zuzendu beharrik. Ez dago, orain bezala, klase didaktiko klasikoak antolatu beharrik, ez dago euskara garai batean latina eta grekoa irakatsi ziguten bezala irakatsi beharrik. Ez dago batere enfoke gramatikalik aplikatu beharrik. Libururik gabe irakatsi behar litzateke euskara. Arkatza eta koaderno bat gehienera ere. Libururik gabe, euskara belarritik sartuko zaie eta errazago jaulkiko dute gero berek. Begitik sartzen bazaie, ez dira ohituko inprobisatzen, espontaneoki mintzatzen eta, azkenik, alfabetatzearen baso ilun eta amaigabean galdurik ibiliko dira urteetan, erabat desanimatu eta dena ttottoaren salara bidali arte. Eguneroko elkarrizketan beharko ez dituzten dozenaka eta dozenaka aditz flexio ikasi beharko dituzte, alfer-alferrik, kokoteraino nazkatu arte. Irakasleak letraren esklabo edo morroi bihurtuko ditu ikasleak eta hortik aurrera apenas izango dute hitzaren bidaide, solaskide izateko modurik. Letren kartzelak bahiturik edukiko ditu nazkatu arte. Eta behin zurrunbilo horretan sarturik, zail da handicap hori superatzen.

Pentsatzekoa da ikasleek irakurketaren bat egin nahiko dutela. Horien irakurketak estralektiboak izan daitezela eta, ahal den neurrian, irakasleak gidatuak edo kontseilatuak. Ikasleak duen konbertsazio mailari egokituak, alegia. Klasean irakasleak bakarrik irakurri beharko luke, sistemaren funtsa den entzumen teoriaren efektua desbirtuatu ez dadin.

Beraz, lehenengo fasea denak euskalduntzea izango da, baita euskara gramatikalki ikasi nahi/behar dutenak ere. Horregatik diot euskalduntzea, ez alfabetatzea. Ez dago zertan hasi denak derrigor alfabetatzen hasieratik bertatik. Maila komunikatiboa, kolokiala eman ikasleari. Horretarako ez legoke liburu beharrik. Belarria erne eta mihia solte.

Gero, bigarren eta hirugarren multzoko ikasleentzat edota bere burua alfabetatu nahi lukeen ororentzat, ez bada lanagatik, idazten hasi nahi duelako izan baitaiteke edota beste zeinahi arrazoirengatik, orduan litzateke bidezkoa horientzako alfabetatze klaseak antolatzea. Eus- kalduntze konpultsibo arin, alai eta erakargarriak aurrenik eta gero alfabetatze fase luze bezain aspergarriak.

Libururik gabeko klaseak hasieran katxondeotzat har litezke. Ez genuke ulertuko libururik gabeko klasea, klaseak akademikoa, erudiziozkoa izan behar duela barneratua baitaukagu. Ez etxerako lanik, ez zuzenketarik, ez azterketarik... Horrek guztiak sortu berriak ziren ikastolak oroitarazten dizkit. Ikastolen aurka-edo zeudenen ohiko argudioa zen esatea: «Ikastolan haurrek ez dute ezer ikasten, jolasean ematen dute egun osoa». Metodologia kontua zen gakoa. Euskaltegietan ere, nolabait, ikasketa informalak gain hartu beharko lioke ikasbide formalari, lehenengo fasean behintzat. Antzoki, zinema eta hitzaldietara joatea klase denboratzat hartu beharko litzateke.

Libururik gabeko klasean, ez legoke maisuarentzako tribunarik. Taldean bat gehiago izango da. Zein ikasleri zer zuzendu ­eta beti hitzez­, hor legoke maisuaren trebezia ikaslea kontent eta konfiantzaz mantentzeko. Irakasleak gutxi zuzendu behar lukeela iruditzen zait. Hizketan uztea izango du bertute. Ikasleak fijatuko dira berak nola hitz egiten duen eta berak bezala egitea izango da ikaslearen grina edo lehia. Haurrak ez du hitz egitean erridikuluaren kontzientziarik; ikasleak ere hori ez izatea litzateke irakaslearen garaipena. Hasieran katxondeoa ematen zuena seguru nago hilabete gutxian (egunero bi orduko klaseak emanez) aurrerapen komunikatibo izugarria izango litzatekeela eta ikaslearen autoestima eta motibazioa multiplikatuz joango liratekeela. Arauak entzunez ikasiko ditu. Singularra, plurala, erlatiboa, kausalak, dena entzunaren poderioz ikasi ahalko du. Milaka urtetan horrela izan bada, zer gertatu da gaur sistema honek ez balio izateko? Ezin al da transmisio oral hutsa gaur praktikan jarri?

Badakit gaur helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko egitura zabala bezain trinkoa egin dela, aurrekontu handiak manejatuz. Eta, hala ere, behar hainbat inbertitzetik urrun dagoela Eusko Jaurlaritza. Maiz, egitura munstroa mantendu beharrak fagozitatzen du helburuaren funtzioa bera. Horregatik uste dut mereziko lukeela, era paraleloan, libururik gabeko klaseak inpartitzea abian jartzea. Besterik ez bada, esperimentu bezala. Ea pare bat urtean nolako emaitza ematen duen.

Horra plazaratua aspalditik erraietan neramana. Ongi esanak hartu eta gaizki esanak barkatu.


(JON URRUXULEGI AGIRRE itzultzailea eta idazlea da)


Inprimatu


Erantzunak


Egoera komunikatiboak sortzen trebea izatea da kontua

Amaia Zinkunegi - Deba / 2005-01-20 / 08:42

Niri ere hala iruditzen zait, benetan. Horrelako zerbait egin nahian gabiltza gu ere. Libururik gabe, azterketarik gabe, ohiko klaserik gabe. Egoera komunikatiboak sortzen trebea izatea da kontua.


(AMAIA ZINKUNEGI Debako Udalaren euskara teknikaria da)


Nor-Nori-Nork ere bai

erabili.com / 2005-01-21 / 07:40

Rufino Iraola Garmendia jaunak, Lasarte-Oriako Udal Euskategiko zuzendariak "Nor-Nori-Nork ere bai" izenburudun iritzi-artikulua argitaratu du erabili.com-en Jon Urruxulegiren artikuluari erantzunez. Iritzi-artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN


Mintzatzearen eta idaztearen irakaskuntzak bereizi behar dira

Txomin Peillen / 2005-01-24 / 12:50

Zurekin ados, mintzatzearen eta idaztearen irakaskuntzak bereizi behar dira. Ni behintzat euskaldun berritzean mintzatuz eta gramatikarik gabe euskarari lotu nintzen hasierako liburuak kantu liburuak izan nituen. Egia da askotan ikasleek gramatika egitea eskatzen dutela, beste hizkuntzak halaxen "ikasi" dituztelako, ingelesa edo latina bezala,praktikarik gabe. Ea dakigun gauzen aldatzen?


(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Nik nori, nork nor?

erabili.com / 2005-04-04 / 07:03

Beńi Agirre Oiarzabal jaunak, Donostiako Monpas Berri euskaltegiko irakasleak "Nik nori, nork nor?" izenburudun iritzi-artikulua argitaratu du erabili.com-en Jon Urruxulegiren artikuluari erantzunez. Iritzi-artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1105465786