|
Arrazoi aski daude euskaltzaleok Ibarretxeren Planari ezezkoa emateko:
1. Espainiako Konstituzioa (1978) indarrean dagoeno, Baskongadetako hiritarrok gaztelania ezagutu behar dugu, eta erabiltzeko eskubidea dugu (3.Art.).
Ibarretxe Plan-ean, ordea, ez da inon honen arau simetrikoa agertzen. Alegia, eta berdintasunaren ohoretan, hau legeztatu behar litzateke: «euskaldunek oro ezagutu behar dute euskara, baita erabiltzeko eskubidea izan ere».
2. Horren ordez hau dugu: «Art.8.1 -El euskera, lengua propia del Pueblo Vasco, tendrá, como el castellano, carácter de lengua oficial en Euskadi, y todos sus habitantes tienen el derecho a conocer y usar ambas lenguas». Gaztelania jakin behar dugu denok; euskara, berriz, ezagutzeko eskubidea dugu.
3. Formulazio hau (8.1), eta 1979. urteko Gernikako Estatutuarena (6.1), ez dira «antzekoak» bakarrik; edo-ta «oso antzekoak», hortik esaten den bezala; identikoak baizik. Testu bera da.
4. Gernikako Estatutuaren eskutik, eta ondorio gisa, 1982ko Azaroaren 24ko Ley de Normalización del Uso del Euskera dago. Asko eta askotan, euskaltzaleok ongi dakigunez, Lege hau ez da bete. Batzuetan espainiar Gobernua izan da debekatzailea. Baina beste hamaika aldiz Aginte Autonomikoak ukatu ditu gure hizkuntz eskubideak; euskararen erabilpena behin eta berriz militantzi ekintza bihurtuz.
5. Lege honen 8.3ak honela dio: «Los poderes públicos podrán hacer uso exclusivo del euskera para el ámbito de la Administración Local, cuando en razón de la determinación socio-lingüística del municipio, no se perjudiquen los derechos de los ciudadanos». Madrileko Gobernuak inpugnatu egin zuen puntu hau segituan. Eta geroztik legetik at daude euskara hutsez ari diren Udalak.
6. 1991an sortutako U.E.M.A. delakoa (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), hain zuzen ere 8.3 puntua gauzatzeko antolatua, legetik at dago sorreratik beretik. Mugimenduak indarra hartu zuen:45 udal euskaldun Baskongadetan: 27 Gipuzkoan, 17 Bizkaian eta bat Araban.(Nafarroan beste zazpi daude, bidenabar).
Hots, bi aldetatik jo dute UEMAren aurka. Madrilek, espero zitekeenez, «porque discrimina a los españoles que no conocen el vascuence, ni tienen por qué conocerlo». Eta PNVak ere bai leku askotan, ulertu ezinezko arrazoinengatik, UEMA krisian jarri arte (ikus egunotako prentsa, adibidez).
7. Galizian ez da hau gertatu . Hona hemen 3/1983 Legeak, bere 1. Artikuluan dioena: «O galego é la lingua propia de Galicia. Tódos los galegos teñen o deber de coñecelo e o dreito de usalo».
8. Katalunian, bide bereti , joera bera nagusituko bide da Nou Estatut d'Autonomia delakoan. Barcelonako Unibertsitate Autonomoak eta Observatori de la Llengua Catalana instituzioek, 3.2 Artikulu hau proposatzen baitute: «Tots els catalans tenen el deure de conéixer el català».
Arrazoi aski, ene ustez, euskaltzaleok Ibarretxeren Planari ezezkoa emateko.
Bukatzeko, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua aspaldidanik esaten ari denarekin bat nator, alegia, eraginkorragoa izan behar duela Estatutu Berrirako testu horrek euskararen normalizazio prozesua azkartu nahi badugu. Gure hurrengo urteetako euskararen etorkizuna erabakitzen ari gara orain. Izan bezate hori kontuan gure arduradun politikoek.
(JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA Txillardegi hizkuntzalaria eta idazlea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|