![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Aitor Etxebarria Zamora / Kultura / 2004-12-27 / 07:01
Gure inguruan zabalkunderik handiena duen egunkari bateko zuzendariari zuzendutako gutunen sailean honako hau irakur genezakeen irakurle baten lumatik 2004ko azaroaren 13an “Euskara y utilidad” izenburupean (gutunak aurreko egun batean egunkari berean agertutako beste bati erantzun nahi zion):
“Deduje que no comparte la idea de que el conocimiento del euskera sea para el que lo desee y no para todos, ya que no todos queremos ni deseamos ese “idioma” (...) Para mí es una vergüenza haber estado “obligada” durante todos mis años estudiantiles a aprenderlo, y me he tenido que aguantar. De lo que me alegro ahora es de no utilizarlo en mi vida para nada y de que todo pasara, se lo digo por experiencia.”
Batek baino gehiagok hau irakurtzean esan edo pentsatuko du lerrootan ageri den jarrera pertsona jakin batena dela eta ezin dela jarrera orokor baten adibide gisa hartu. Baina neure inguru hurbilera begiratuta zera egiaztatu ahal izan eta, zoritxarrez, egiaztatzen dut: euskararen aurkako jarrera (edo, gutxienez, indiferentea) aurrekoa bezain gogorra eta erradikala ez izan arren, nahiko zabaldua dela hiritar arrunten artean, forma, maila eta diskurtso ezberdinen azpian.
Ondoko lerroen asmoa bikoitza da:
Ez bilatu, beraz, hemen euskararen normalkuntza eta biziraupenerako proposamen edo plangintza berritzaile eta definitiborik. Hemen proposatu nahi dudana oinarri-oinarrizko aurre-akordio nagusi baterako gutxienezko baldintzak dira.
Utz dezagun albo batera une batez kontu hau eta saia gaitezen irudikatzen adibide pare baten bidez euskararen munduan lor genezakeen gutxieneko adostasuna.
Pentsa dezagun une batez gizartean bizi dugun beste problematika, arazo... edo deitu nahi duzuen bezala. Ekologiaren mundua, esate baterako. Arlo hau dela eta, baditugu kontu hau hurbilagotik eta aparteko intentsitatez bizi duten deituriko talde ekologistak. Beraiek gogoratzen digute etengabe gure ingurua, izadia bera errespetatzeak duen garrantzia eta berebiziko balioa. Naturaren kontrako eraso gogorren bat gertatzen edo proiektatzen denean, kanpaina bereziak antolatzen dituzte, bai salaketa egiteko, bai hiritarrak arazo honen inguruan sentsibilizatzeko.
Talde hauen artean badira aparteko erradikaltasunaz jokatzen dutenak eta hiritarren artean kausarekiko adostasuna lortu beharrean, haserrea eragiten dutenak. Baina salbuespenak dira eta, oro har, esango genuke talde ekologistok gutxienezko hiritarren errespetua lortua dutela, bereziki lan-estilo serioa (hots, diagnostiko zuzen batean oinarrituak, zentzuzko proposamen eta alternatibak aurkeztu...). Kontzientzia maila handi edo txikiagoarekin, uste dut denon gogoan sartuta dagoela Izadia, Natura zaindu, errespetatu eta babestu beharreko kontu bat dela.
Gobernu eta alderdien aldetik ere ekologiaren arlo hau, nola edo hala, gogoan izaten den kontu bat da. Denek uste dute lan esparru hau gutxienez errespetatu egin behar dutela eta itxurak gordetzearren ez bada ere, ezin dutela argi eta garbi defendatu naturaren kontrako erasorik, ezta justifikatu ere. (Arlo honetan gure herrian salbuespen garrantzitsuak badirela aitortu behar dut: Itoiz, AHT...) Badira printzipio hau hausten duten norbanako edo enpresa pribatuak eta dagoeneko hasiak dira zenbait administrazio publiko hauen jokabidea legalki zigortzen.
Jo dezagun beste adibide batera: Emakumearena: genero berdintasuna, aukeren aurreko berdintasuna, sakoneko errespetua, tratu txarren salaketa... Hona hemen esparru edo alor hau definitzen duten zenbait problematika eta helburu nagusi. Esparru honetan ere baditugu emakumeen eskubideen aldeko konpromiso sendo eta iraunkorra agertzen duten talde feministak. Berauen egitekoa (era profesionalean zein militantean) emakumearen berdintasuna etengabe aldarrikatzea da, berdintasun hau urratzen duten kasuak salatzea, emakumeen tratu txarren aurreko prebentzio kanpainak burutzea, tratu txarren salaketa bideratzeko zerbitzuak jarri eta hauen berri ematea...
Instituzioek ere badute, beraien aldetik, emakumea laguntzeko eta babesteko zerbitzu ofizialak: Emakunde, Emakumearen Institutua...; martxoaren 8a heltzen denean aparteko mezuak gizarteratzen dituzte egun honen karian... Eta hiritarren artean badago pentsatzeko eta sentitzeko modu orokorra: bi generoen arteko ezberdintasuna eta tratu txarrak erabat onartezinak direla... nahiz eta gero, berdintasunaren kontuan bereziki, hainbat eta hainbat pertsona inkoherenteak izan pentsatzen duenarekin. Badira tratu txarrak eragiten dituztenak, heriotza eragiterainokoak kasu askotan; baina berauek eragin dituztenek, atxilotuak izanez gero, merezitako zigorra jasotzen dute eta ez ditu inork zalantzan jartzen berauen zilegitasuna. Gauza bera esan genezake hain nabarmenak ez diren beste delitu batzuen kasuan: jazarpen sexuala, lan-diskriminazioa sexua dela eta... Edonola ere, gizartean badago sentipen eta iritzi global bat emakumearen berdintasuna eta berarekiko errespetua inolako zalantzarik eta salbuespenik gabe defenditzen duena, gradu edo intentsitate ezberdinarekin bada ere.
Bi adibide dira. Badakit ez direla akasgabeak (berauek deskribatzerakoan sinplekeriaren bat seguru azalduko dela) baina, nola edo hala, zera irudikatu nahi dute: euskararen esparruan lor genezakeen gutxieneko adostasuna zeren antzekoa, zein itxuratakoa izan litekeen... edo beharko lukeen. Inork imajinatu ahal du artikulu honen hasieran ekarri dugun gutunaren tonu bera erabiltzen konparaziorako erabili ditugun bi esparru hauen inguruan hitz egiteko? Nik neuk behintzat, ez.
Adi! Bi egoera hauek (gaur egun emakumearen berdintasunak eta natura zaindu eta babesteak gure gizartean lortu duten errespetu maila erreala) ez dira hemen eredugarri bezala planteatzen. Bai ekologian, bai emakumeen alorrean asko eta asko dago zer hobetu eta zertan aurreratu. Euskarari dagokionean antzeko maila eskuratuko bagenu ere, ez nuke inolaz ere planteatuko egoera ideal bezala edo bukatutako zeregin bat bezala; bai, ordea, adierazi dudanez, oinarrizko adostasun bezala.
Aurreko bi errealitateetan zenbait elementu komun bereiz genitzake:
Hiru elementu hauek, nola azaltzen zaizkigu euskararen esparruan?
Euskararen aldeko mugimendua
Aurrera jarraitu baino lehen, argibide bat: ondoren datorren diagnostikoa ez dago ikuspuntu neutraletik egina, leku jakin batetik baizik: euskararen aldeko lanean ari den mugimendu edo gizarte sektoretik. Horrek zera eragin du: egindako analisian eta planteatzen diren irtenbideetan euskararen sustatze-lanetan ari diren mugimenduei arreta handiagoa eskaintzea, nahiz eta beste esparruei dagozkienak ere azaldu. Horregatik, euskararen aldeko mugimenduaren inguruko diagnostikoa luzeagoa izateak eta beraiei luzatutako gomendioak ugariagoak izateak ez dute esan nahi arazoaren muina eta ardura sektore honen bizkar uzten ditudala, ezta gutxiagorik ere.
Baditugu euskararen aldeko talde, elkarte, mugimendu, elkarteak... zabalkunde handi edo txikiagoa dutenak (auzo, herri, lurralde, nazio-mailakoak). Nahi beste. Honetan izugarrizko errekurtsoak ditugu, altxor ikaragarria.
Beste kontu bat da taldeok gehiengo zabal baten oniritzia edo, gutxienez, errespetua duten ala ez. Eta hemen erantzuna ez da bakarra. Badira gure gizartearen onespen nahiko zabala lortu duten zenbait ekimen. Adibide soil batzuk jartzearren, Korrika, ikastolen aldeko festak (Kilometroak, Ibilaldia...) Kontseiluak bultzaturiko kanpaina erraldoiak... Badira oso egoera berezietan adostasun zabala lortu duen zenbait erakunde (Egunkariak berak, bereziki itxieraren ondorengo egunetan lortu zuena...) Oro har, ekimen hauek guztiek, aipatu dugun azkena izan ezik, badute denek ezaugarri komun pare bat: batetik, euskararen aldekotasuna bilatzen dutela; hau da, ez direla jazoera puntual batek eragindakoak, baizik eta euskararekiko atxikimendu iraunkorra bilatzen dute; bestetik, jendearen parte hartze aktibo eta alaia islatzera bideratuta daudela.
Beste kasu batzuetan, ordea, gizartearen babesa eta oniritzia ez da hain zabala Honelakoetan “eraso” baten aurkako erantzuna, ekintza gertatzen da; eraso hau, bereziki, administrazioaren edo erakunde ofizial baten erabaki edo jokabidearen aurkakoa da eta erantzun hauen protagonista, kasurik gehienetan, sektore ideologiko jakin baten ingurukoak dira, ezker abertzale tradizionalaren ingurukoak hain zuzen. Okertzeko beldur handirik gabe, esan genezake honelako jokabideek atxikimendu edo adostasun maila urriagokoak direla eta euskararen defentsa jokabide edo esparru ideologiko jakin batzuekin lotzera daramala gizarteko sektore nahiko zabala. Bere ezaugarriak hauexek lirateke: administrazioarekiko mesfidantza edo kontrako jarrera; egiten denari sekula nahikoa ez iriztea; euskararen egoeraren diagnostikoa eta sendabidea beren diagnostiko, jarrera eta irtenbidearekin identifikatzea eta lotzea; bidaltzen dituen mezu eta aldarrikapenak adostasun zabala bilatu beharrean, bere inguruko kideak asetzera zuzenduta izatea.
Euskaltzaletasunaren, era mugatu batean ulertutako Euskalgintzaren “diskurtso ofiziala”, hein handi batean, sektore hauen eskuetan dagoelakoan nago. Bertan aurki genezake monopolizaturik euskararen aldeko diskurtso nagusia, nahiz eta azkenaldian diskurtso ofizialean ñabardura gehiago eta aniztasun handiagoa agertu.
Administrazioa
Goazen orain bigarren elementuarekin: Administrazio publikoa. Arlo honetan beste bereizketa bat egin beharra dugu: EAEko Administrazioa alde batetik; Foru Erkidegoko eta Estatuko Administrazioa, bestetik.
Ez naiz asko luzatuko arlo honi dagokionez hasieran esandako arrazoiengatik. Gainera, lerro hauen bidez nolabaiteko gogoeta eragin nahi dut berauek irakur litzaketen irakurleengan. Eta badakit sail honetako gutxik (inork ere ez esatearren) irakurriko dituena.
Administrazio hauen eta berauek sostengatzen duten alderdi politikoen jokabidea ez da, oro har eta salbuespenak salbuespen, euskararen aldekoa. Aitzitik, murriztailea, ezabatzailea, mugatzailea... da. Beti ahalegindu da batzuen “gehiegikeriak” (bai ustez EAEko Administrazioak berak eragindakoak, bai euskararen sustatze lanean aritzen den talderen batek bultzatutakoak) salatzen, mugak jartzen. Azkenaldian nabarmena da Foru Erkidegoko Gobernuaren jokabidea: aurrerabiderik ez proposatzeaz gain, aurretik emandako pausuak atzerantz egin nahian ari da etengabe, Europako beste ezein herritako Estatuk erakutsi ez duen jarrera eta politika defendatu eta bultzatuz. Jarrera hau, epeldu edo ahuldu beharrean, areagotzen ari da azkenaldian.
Euskararen aldeko neurri “ustez” diskriminatzaileak salatzeko pronto azaltzen badira, ez dute inolako sentsibilitaterik erakusten kontrakoa gertatzen denean. Nola, bada, honelako ekintza nahikoren atzean beraiek ari badira lanean?
Honek haserreaz gain, mesfidantza sakona ere sorrarazten du: “ezin da euskara abertzaleak ez direnen esku utzi, galbidera eramango bailukete.”
Iritzi publikoa, gizartea
Eta zer esan iritzi publikoaz, gizarteaz, bere osotasunean? Kasu honetan zaila da argazki bakarra ateratzea. Hiru aterata ere badakit nolabaiteko sinplifikazioa egiten ari naizela, baina sektore guztiak, espektro osoa ezin lerrootara ekarri eta, mugaz muga, hirurotara mugatuko naiz:
Laburbilduz
Azken faktorea hau, hots, elementu soziala da “euskara guztiona” den ala ez erabakitzeko orduan oinarrizko elementua, funtsezko neurgailu edo termometroa; azken batean beste bi elementuen (eta azterketatik kanpo geratzen zaizkigun beste aldagai batzuen) ondorioa baita. Eta arestian esan dugunez, badira bi joera (azken biak) baieztapen hau oso-osorik egitea oztopatzen digutenak:
Zergatik ematen dira jarrera hauek? Zergatik ez da nagusi gizartean, bere osotasunean zalantzan jartzen ez den euskararen aldeko adostasun zabal konpartitua? Honako faktore edo arrazoi hauek seinalatzera ausartuko nintzateke:
Izango dira uste dutenak orain arte idatzitako guztia alferrikako kezka baten ondorioa dela eta beste horrenbeste hemendik aurrera idatziko dudana. Izan ere, euskaraz kezkatuta bizi diren eta euskarak kezkatzen dituen askoren iritziz, kontu nagusia euskal hiztunen komunitatea trinkotzea datza, eguneroko bizitzako funtzio eta premia guztiak euskaraz asetzeko moduan izatea. Bigarren mailako kontua litzateke euskaraz ez dakiten edo erabiltzen ez dutenen jarrera edo jokabidea. Nire ustez, ordea, euskarak, euskal hiztunen komunitateak iraungo badu, ezinbestekoa du bere inguruan onarpen edo adostasun zabal hau ematea gure gizartean.Gaur eta hemen zail egiten zait imajinatzea nola biziraun lezakeen euskara hutsean bizi den komunitate txiki batek erdaldunen itsaso luze-zabalean. Jarrai dezadan, beraz, aurrera.
Gutxi gora beherako egoera aurrerago deskribatutakoa izanik, nondik jo, nola jokatu, nola erdietsi adostasun zabal eta eztabaidaezin hori? Zein izango litzateke bide honetan eman beharreko lehen urratsa?
Hiru elementu ikusten ditut nik ezinbesteko. Ez dakit zein hurrenkeratan eman beharko (ahalko) liratekeen, baina hauexek lirateke, nire ustetan, gakoak:
Euskararen aldeko akordio politiko zabala.
Hau da, euskara gure herri osoak duen balio orokor, komun eta konpartitua dela onartu beharko lukete alderdi politiko guzti-guztiek, borroka-zelai politiko guztietatik aparte. Adostasun honen barruan eztabaidagarriak izan litezke erritmoak, intentsitate mailak... eta nahi den guztia. Baina euskara bera sendotu, indartu eta normaldu beharra den-denek argi ikusi (eta sentitu?) beharko lukete. Hirigintzan, ingurunearen alorrean... eta beste hainbat arlotan ikuspuntu ezberdinak egon dauden bezala (nolako politika jarraitu lur-zoruaren inguruan, etxebizitza sozialen inguruko ikuspuntu ezberdinak, zenbait proiekturen balorazio ekologiko ezberdina (AHT, Zabalgarbi...), euskararenean ere zilegi litzateke ikuspuntu eta sentsibilitate ezberdinak izatea, baina oinarri finko komun batean oinarriturik.
Kontseiluak 2004ko azaroan aurkeztu duen Akordio Sozio-Politikoa arestian esandakoaren antzeko zerbait izan liteke, akordio honetatik kanpo geratu diren zenbait alderdi bertara bilduko balira.
Herri mugimendu euskaltzaleen arteko adostasun zabala eta, era berean, berauen eta Administrazioaren arteko elkarrekintza osagarria
Horretarako zenbait baldintza ikusten ditut beharrezko:
Euskararen aldeko diskurtso eta ekintza berri eta erakargarriak
Hau guztia aurrekoaren ondorio zuzen-zuzena izango litzateke. Gaur egun gizartera heltzen den euskararen diskurtsoa ezberdina eta askotan kontrajarria da. Diskurtso ofizial eta epelaren ondoan bestelako diskurtso erradikala, erasokorra heltzen zaio. Honen ondoan diskurtso bizia, erakargarria, ilusionagarria, euskararen mundura hurbiltzera, euskaldunokin batera hizkuntza sorburu duen mundu hori ezagutzera bultzatzen duena
Diskurtso berria positiboa, baikorra eta integratzailea izan beharko luke; ideologia politiko jakin batekin identifika ezina. Honetarako lehen puntuko akordio politiko zabala ere ezinbestekoa izango litzateke.
Behin, Herri Eliza 2000 erakundeak antolatutako mahai inguru batean Iparraldeko Demo batek adierazitakoa (hitzez hitz ez dut gogoratzen) izan daiteke esan nahi dudanaren argigarri: helburu bat lortzeko planteatutako ekintzak (bideak) ez du inola ere ilundu edo ezkutatu behar helburua. Bidea, ekintza, desegokia bada, helburua bera ezkutatu, ilundu, desegokitu egingo du besteen begien aurrean. Jendeak ez du horrenbeste ekintzaz bideaz hitz egin behar, helburuaz baino; eta ekintzaz hitz egiten badu, izan dadila helburura gehiago hurbiltzeko.
Hasieran esan dudan bezala, orain arte deskribaturiko egoera berriak ez luke, besterik gabe, euskararen biziraupena ziurtatuko; honekin bakarrik ez litzateke “lan guztia” burututa egongo. Aurreko guztia gutxieneko oinarri sendo konpartitua litzateke, hortik aurrera lanean aritzeko, nork bere sentsibilitate eta aukera politikotik, baina beti ere esfortzuak eta ahaleginak osagarriak izanik.
Emakumearen problematikaren inguruan, ekologian, etxebizitzen arloan... ezagutzen ditugun egoerak ez dira, inolaz ere, idealak, desiragarriak bere horretan: zoritxarrez, oraindik ez dugu lortu emakumezkoaren eta gizonezkoaren egoerak parekatzea; eraso gogorrek eta tratu txarrek iraun diraute. Ingurumen arloan ere badago zer salatu (enpresa batzuen jarrera erasokorra naturarekiko), badago zer eztabaidatu eta zer adostu (zenbait proiektu publiko eta pribatu...), hiritarron heziketan eta sentsibilitatean ere badago zertan aurreratu...; etxebizitza bat lortzea luxu eskuraezina da hainbat eta hainbatentzat, lurraren espekulazioak segitzen du... Baina esparru hauetan eta beste askotan badago oinarrizko adostasun zabal bat. Badakigu zer egin beharko litzatekeen, zein izan beharko lukeen egoera justuak, zuzenak..., nahiz eta gero proiektu eta ekinbide guztiek norabide bera ez izan, interes pertsonalak edo bestelako muga eta oztopoak direla eta.
Antzeko egoera bat diseinatu nahi izan dut euskararentzat, argi izanik honekin ez ditugula, besterik gabe, euskararen etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko, baina bai lanean tinko aritzeko norabide egokian, oinarri sendoetan sustraiturik.
Hemen esandako guztia askotan pentsatu eta hausnartutakoaren emaitza da. Hemen esandako askoren atzean konbikzio pertsonal sendoak daude. Hemen esandako baieztapen nahikoren atzean zalantza eta behin-behinekotasuna dago. Hau da, nik neuk halaxe dela uste dut, baina argi daukat izan badirela, eta arrazoi sendoetan oinarrituta, bestetara pentsatuko dutenak. Horrexegatik esaten dut behin baino gehiagotan “hau esatera ausartzen naiz”.
Hori dela eta, artikulu hau idatzi duenak nahiko luke artikuluaren azken puntua amaiera ez izatea, eztabaida baten hasiera (edo jarraipena) baizik.
(AITOR ETXEBARRIA ZAMORA Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea da)
![]() | Inprimatu |