|
Begi-bistakoa dirudi produktuen eta zerbitzuen eskaintza eta eskaera dela, gero eta gehiago, gure gizartea gidatzen duena. Produktu eta zerbitzu horiek, ordea, ez dira mutuak, hitz egiten dute. Beste hitz batzuekin esanda, hizkuntzarekin (hizkuntzekin) kontsumitzen dugu, eta hizkuntzari ematen diogun balioa hizkuntzarekin egiten dugun kontsumoaren eta gauzak egiteko balio digun heinekoa ere bada.
Beraz, edozein merkatutan bezala, eskaintzaren eta eskaeraren arteko lehiak ere gidatzen du euskararen erabilera. Eta, egia bada ere eskaintza handitu ahala eskaera ere handitu ohi dela, egia da berebat, bezerook (euskal hiztunok) euskaraz kontsumitzeko ohitura indartzen badugu, saltzaileak behar (erakargarri) horretara egokituko direla.
Hori da, adibidez, Jesus Royok Una llengua és un mercat liburuan defenditzen duen tesia. Tesi hori urrundu egiten da hizkuntza nortasunaren ikur bezala defenditzearen argumentutik, zeina izan baita ohikoa. Haren hitzetan, identitatea merkatuan disolbatzen da.
Gutako asko ere aspaldi hasi ginen euskara merkatuan saltzen (enpresetan erabiltzeko planak, merkataritzako egitasmoak, komunikabideak...) eta badakigu zein zaila den merkatua “irabaztea”.
Gutako asko ere aspaldi hasi ginen euskara merkatuan eskatzen (harreran, publizitatean, aurrekontuetan, fakturetan, gidatzeko baimena ateratzeko azterketetan...) eta badakigu zein zaila (eta nekagarria) den merkatua “iraultzea” (hizkuntzaz).
Horren harira, urtebete egingo du Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea onetsi zuela. Lege horren bidez, 1982ko “Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko” Legeak 26. atalean dioena behintzat garatu nahi dela uste dut:
| “... herritarrei bere merkataritza, kultura, bazkun, kirol, erlijio eta beste nolanahiko ekintzapidetan euskaraz ari daitezeneko bideak eskeintzeko”. |
Horretarako, kapitulu oso bat (VII.) eskaini zaio kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntzazko eskubideei.
Kontua da, eta horretara dator artikulua, kapitulu horretan, nire iritzi apal eta ez-legegilean, gauza interesgarri eta interpretakizun asko daudela produktu eta zerbitzuak euskaraz saltzeko eta erosteko. Adibidez, eta hasteko, eskubide hauek aitortzen zaizkigu:
- a) Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzekoa...
- b) Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa; enpresa eta establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete.
Jarraitzeko, beste adibide hau:
| “jatorri-deitura edo kalitate-deitura duten euskal ondasunek eta artisau-produktuek dituzten etiketetan jartzen diren nahitaezko datuak eta borondatezko informazio gehigarriak euskaraz agertuko dira, gutxienez. Betebehar hau arian-arian nola ezarri, erregelamendu bidez finkatuko da.” |
Kontu garrantzitsuegiak iruditu zaizkit niri, urtebete iragan ondoren hain oharkabean uzteko (uste hori dut nik behintzat). Eta, han eta hemen galdezka arituta, txoritxo batek esan dit gaiaz gehixeago jakiteko aukera izango dugula laster (otsailaren bigarren hamabostaldian edo) Debagoiena inguruan (orain ere) antolatzen ari diren jardunaldietan. Legearen beraren azalpena, aplikazioa, Kataluniako eta Quebec-eko esperientziak... Apuntatu agendan.
(IŃAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Udalaren Euskara Zerbitzuko arduraduna da)
|