Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Iritzi-muinetik »  1100692110
Albiste nagusira itzuli

Auzitegi konstituzionalera bidalitako autoa

2004-11-17 / 12:48 / erabili.com   HIZKUNTZA

Oraino, epaiketa batean euskaraz hitz egin ahal izateko ezinbestekoa da itzultzaile baten beharra. Baina Bilboko Probintzi Auzitegiko hiru epailek, itzultzailearen beharrik gabe epaiketak euskaraz egin daitezkeela uste dute. Konstituzioak aukera hori baimentzen duen ustea adierazi diote Auzitegi Konstituzionalari.

Hona hemen Bizkaiko Auzitegi Probintzialeko Ruth Alonso, Nekane San Miguel eta Edorta Herrera epaileek Auzitegi Konstituzionalera igorritako autoa.

AUTOA

PRESIDENTEA RUTH ALONSO CARDONA And.
MAGISTRATUA NEKANE SAN MIGUEL BERGARETXE And.
MAGISTRATUA EDORTA HERRERA CUEVAS Jn.

Bilbao, 2004ko urriaren 1ean.

GERTAKARIAK

Honako apelazio-errekurtsoaren jatorri den auzian, ahozko judizioko ekitaldia bi mila eta biko otsailaren hogeita bian egitea erabaki zen Bilboko Zigor Arloko 1 zk.ko Epaitegian. Ekitaldiaren buru zen Magistratuak Autonomia Erkidego honetako hizkuntza koofizial biak (euskara eta gaztelania) ezin hobeto zekizkien; Ministerio Fiskalak, berriz, ez. Horrenbestez, erabaki zen Salan itzultzaile bat egotea; akusatuak protesta adierazi, eta aktan jasotako arrazoietan oin hartuta, judizioa euskara hutsean, itzultzailerik gabe, egin zedila eskatu zuen.

Bi mila eta biko otsailaren hogeita bian, Zigor Arloko Magistratu jaunak autoa eman zuen eta bertan berariaz adierazten zen akusatuaren ezein eskubide ez zela hausten, prozeduran erabili nahi zuen hizkuntzari zegokionez egindako eskarien inguruan. Izan ere, aurreko paragrafoan aipatu denez, entzun behar zuenak hizkuntza ulertzen zuen, eta itzultzailea egotea beharrezkoa zen judizioan egonda hizkuntza koofiziala ez zekiten alderdientzat.

Bi mila eta biko apirilaren hogeita bostean erabaki zen judizioa bi mila eta biko maiatzaren hogeita batean, goizeko hamaiketan, egitea. Errekurtso honetako eztabaidagaiari eragiten ez dioten arrazoiak direla medio, ekitaldia atzeratzea eskatu zen eta bi mila eta biko ekainaren lauan egitea erabaki. Baina berriz ere eten zen, ez baitzegoen jasota akusatua zitatua zegoenik.

Bi mila eta biko ekainaren seian akusatuak eskuz eginiko idazki bat aurkeztu zuen eta bertan adierazi bere hizkuntza eskubideak urratu zirela judizioko ekitaldian itzulpen-sistema erabili zenez gero; eta eskatu zuen judizioa euskara hutsean eta itzulpenik gabe egin zedila. Horren harira, akusatuaren ordezkaritza prozesalak eta letradu-zuzendaritzak ekainaren 7ko zigilua duen idazkia aurkeztu zuten.

Akusatu den Basañez Ruiz jaunaren defentsak egindako eskaera Ministerio Fiskalari helarazi zitzaion; aldi berean, akusatua espetxeratzea erabaki zen, egin zitzaion azken deiaren ondoren (bi mila eta biko ekainaren hamarreko autoan) ez baitzen bere borondatez agertu. Aipatutako autoaren aurka erreforma-errekurtsoa aurkeztu zen eta gaztelaniara itzuli eta gero, ekainaren hogeita lauko autoaren bidez ebatzi egin zen akusatuaren egoeraren aldaketa bertan behera uztea. Izan ere, autoetan jasota dauden beste arrazoi batzuen artean, akusatua bere borondatez agertu zen Epaitegian.

Berriz ere erabaki zen judizioa bi mila eta biko irailaren hogeita lauan egitea, eta alderdiak Epaile ordezko den Arenaza andrearen aurrean agertu ziren. Aktan jasota dagoenaren arabera, Arenaza andreak ez daki akusatuak deklaratzeko eskatu duen hizkuntza; Epaitegiko idazkari andreak egindako aktan jasota dauden gorabeheren ondoren, erabaki zen judizioa etetea akusatuaren defentsaz arduratuko den abokatua izendatu arte, eta halaber pieza banandua eratu zen Letraduak izan zitzakeen erantzukizunak argitzeko; izan ere, letraduak bista-aretotik alde egin zuen aktan jasota dagoen arrazoiagatik, alegia, ahozko judizioan erabili behar zen hizkuntza.

Berriz ere erabaki zen judizioa bi mila eta hiruko urtarrilaren bederatzian egitea, baina ekitaldia berriz ere eten zen akusatua letradurik gabe agertu baitzen (antza denez, ofiziozko izendapenak eragindako arrazoiengatik, bere konfidantzazko abokatua izendatua baitzuen).

Judizioko ekitaldia bi mila eta hiruko maiatzaren hogeian egitea erabaki zen. Bertan letraduak aurretiazko gai hau azaldu zuen: ekitaldiaren buru den Epaile-Magistratu jaunak ez dakiela Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofiziala. Judizioaren aktan jasota dauden gorabeheren ostean, letraduak salatik alde egin zuen. Bi mila eta hiruko ekainaren zazpian Autoa eman zen, eta bertan Zenon letradu jauna Basañez Ruiz akusatuaren defentsari uko egindakotzat jo zen. Ebazpen hori gaztelaniaz jakinarazi zen; hori dela-eta, letraduak eskatu zuen ebazpena euskarara itzultzea.

Itzulpenak egin ondoren, bi mila eta lauko urtarrilaren bederatzian autoa eman zen eta horren bidez gai biren inguruan erabaki zen: a) batetik, akusatuak eta bere letraduak duten eskubidea, judizioko ekitaldiaren buru den Epaile-Magistratu jaunak euskara jakin eta ulertzeari buruzkoa; b) bestetik, letraduaren jokabidea bista-aretotik alde egin zuenean.

Akusatuaren letradu defentsariak erabaki horren aurka egin zuen, eta berriz ere erreklamatu judizioko ekitaldia euskaraz egin zedila, bestela eginez gero, zenbait manu urratzen zirela uste baitzuen, besteak beste: Espainiako Konstituzioan jasota daudenak, eta Estatuak sinatu eta bi mila eta biko irailean argitaratu zen haren aldizkarian Eskualdeetako- eta eremu urriko hizkuntzen Europako Karta.

Errekurtso-idazkiak eta jasota dauden zehaztasunak Probintzia Auzitegi honetara igorri ziren. Ondoren, erabakia hartzeko eguna jarri zen, eta bi mila eta lauko irailaren hamaseiko probidentzian jasotako auzia planteatu zen.

Probidentzian Konstituzio Auzitegiko Lege Organikoaren 35. artikuluan zehaztutako ondoreetarako epea eman zen. Epe hori igaro denez, honako hau ematen da, eta inkonstituzionaltasunaren auzia planteatu, azalduko den moduan eta aipatu den artikuluarekin lotuta.

ARRAZOIBIDE JURIDIKOAK

Bilboko Probintzia Auzitegiko sekzio honek inkonstituzionaltasunaren auzia sustatzeko duen eskumenaz.

Botere Judizialeko Lege Organikoko 5-2 art.ak, Konstituzio Auzitegiko Lege Organikoko 35-1 artikuluarekin bat, ondokoa adierazten du: organo judizial batek uste duenean prozeduraren batean auziari aplika dakiokeen arau bat, lege izaera duena, konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela, epaitza arau horren baliotasunaren menpe egonik, Konstituzio Auzitegian planteatuko du auzia, aipatutako KALOn ezarritakoarekin bat.

Errekurritzen dena ahozko judizioan azaldutako intzidente baten erabakia da, baina horrek auzialdi honetan pieza zehatz horren izapidetzeari bukaera ematen dio. Eta eman beharreko autoa halabeharrez Botere Judizialeko Lege Organikoko 231. art.an funtsatu behar da, auzialdiko ebazpenetan eta apelatzailearen zein Ministerio Fiskalaren –apelazioko errekurtsoa inpugnatzen duena- alegazioetan jasota dagoenez.


Auzitan jarri den artikulua identifikatzea:

Botere Judizialeko Lege Organikoko 231. artikulua eztabaidatzen da, prozesuaren hizkuntzari dagokionez, eta are zehatzago Zigor arloko jurisdikzioko epaileek Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofiziala -akusatuak eskatutakoa- jakin behar ote duten, hori guztia hurrengo paragrafoetan idatziz jasoko diren konstituzioko printzipioekin eta oinarrizko eskubideekin bat:

231. artikuluak ondokoa ezartzen du:

1- Jarduera judizial orotan, Epaile, Magistratu, Fiskal, Idazkari eta epaitegietako zein auzitegietako gainerako funtzionarioek GAZTELANIA, hau da, Estatuko hizkuntza ofiziala, ERABILIKO DUTE.

2- Epaile, Magistratu, Fiskal, Idazkari eta epaitegietako zein auzitegietako gainerako funtzionarioek Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ere ERABILI AHAL IZANGO DUTE, baldin eta ezein alderdik aurka egingo ez balu, hizkuntza ez jakiteak defentsagabezia eragingo lukeela alegatuta.

3- Alderdiek, hauen ordezkari eta zuzendariek, lekuko zein adituek, eginbide judizialak egikaritzen ari diren lurraldeko Autonomia Erkidegoan ofiziala ere baden hizkuntza erabili ahal izango dute, hala ahozko adierazpenetan nola idatzizkoetan.

4- Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean egiten diren jarduera judizialak eta aurkezten diren agiriak erabat baliozkoak eta eraginkorrak izango dira, gaztelaniara itzuli beharrik gabe. Ofizioz itzuliko dira Autonomia Erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo eragina izan behar dutenean, salbu eta Autonomia Erkidego horiek duten hizkuntza ofiziala berbera bada. Era berean itzuliko dira legeek hori xedatzen dutenean edo alderdiren batek eskatzen duenean defentsagabezia alegatuta.

5- Ahozko jardueretan, Epaileak edo Auzitegiak interprete izendatu ahal izango du erabili den hizkuntza hitz egiten duen edozein pertsona, zin egin edo hitz eman ondoren.

Horixe da indarrean dagoen araua prozesuan erabiliko den hizkuntzari dagokionez zein hura erabiltzeko moduari dagokionez. Zigor Arloko ordena jurisdikzionalean ez dago gai horrekin lotutako arau espezifikorik; izan ere, Prozedura Kriminaleko Legeko 398., 440. eta hurrengo artikuluak zein horiekin guztiekin bat datozen artikuluak irakurtzetik ondorioztatzen da gaztelania dela espainiar hizkuntza bakarra. Manu horren idazketa jarraian adieraziko diren konstituzio-erabakien aurrekoa bada ere, egun indarrean dagoen 762-8 artikuluak (2002ko urriaren 24ko 38/2002 Legearen arabera idatzitzakoa) Prozedura Kriminaleko Legeko 398. eta 440., eta aurreko 785. artikuluen (7/1998 Lege Organikoak idatzitakoa) edukia dauka. Aurreko artikulu guztiak irakurrita, errealitate sozialaren, linguistikoaren eta normatiboaren berri ez duen edozein pertsonak honako ondorioa aterako luke: Espainiar Estatua elebakarra dela, edo gutxienez, gaztelania ez diren hizkuntzek ez dutela ofizialtasun mailarik.


Interpretazioaren bidetik araua egokitzearen ezina:

Botere Judizialeko Lege Organikoko 231. artikuluaren idazketak eta Prozedura Kriminaleko Legean jasota dauden arauei buruzko aipamenek ez dute uzten a quem organoak egindako irakurketaz bestelakoa egiten. Eta gogora ekartzen badugu Prozedura Zibileko Legeak izaera osagarria duela (indarrean dagoen lege zibileko 4. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera), prozesuan eta jarduera judizialetan erabiliko den hizkuntzari buruzko gaia lege horretako 142. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dago, eta horien edukia eta BJLOko 231. artikuluarena –zeinaren konstituzionaltasuna eztabaidatzen den- bat bera dira.

Inkonstituzionaltasunaren auzia planteatzeko arrazoiak.

Auzialdian emandako erabakian berariaz aipatzen da letradu apelatzaileak azaldutako gaiaz Konstituzio Auzitegiak jada erabakia hartu zuela, nahi denaz bestela.

Izan ere, Konstituzio Auzitegiaren Lehen Salak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urriaren batean emandako probidentziak (erregistro-zk.: 2310/97-A) babes-errekurtso bat ez du inola ere onartzen, eta itzulpen-zerbitzuaz ondokoa dio: errekurtsogileek eta beraien letradu defentsariek ahozko judizioan euskaraz aritzeko egin zuen eskariari emandako erantzuna da, juridikoki funtsatua eta logikoki neurrizkoa dena; arrazoi hori dela bide, horiek ezin dituzte babes-demandan salatzen diren eskubideak urratu, alegia, babes judizial eraginkorrerako eskubidea, berme guztiak izango dituen prozesu baterako eskubidea eta defentsa-eskubidea. Bestetik, Konstituzioko 14. artikulua urratzeari dagokionez, errekurtsogileek ez dute ekartzen inpugnatutako erabakiekin erkatzeko moduko ezer, agerian jartzeko zuzenbidea aplikatzerakoan ustez urratu direla berdintasunerako eta hizkuntzagatik diskriminatuta ez izateko eskubidea.

Aurreko erabaki hori jakinda, auzi hau planteatzen duen Salak uste du kontuan hartu behar diren elementuak aldatu direla, nola legeriari dagokionez hala auzi honetan lehian dauden ustezko eskubideen gainean azken boladan egin den interpretazioari dagokionez: Espainiak bere garaian sinatu zuen Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna EAOean argitaratzeaz gain (justizia administrazioaren gaineko atala), Konstituzio Auzitegiak zigor arloko hurrentasunaz egindako interpretazioa irauli egin da, eta horrek prozesuaren eskubideei eragiten die.


Konstituzioak onartzen duen hizkuntza ereduari buruz eta hortik eratortzen diren eskubideak:

Espainiako Konstituzioko 3. artikuluak ezartzen du Estatuko hizkuntza ofiziala gaztelania izanik, espainiar guztiek hura jakiteko betebeharra, eta erabiltzeko eskubidea dutela. Aipatutako artikuluaren 2. paragrafoak Espainiako gainerako hizkuntzen koofizialtasuna ezartzen du, bakoitzaren Estatutuen arabera.

Berezko hizkuntza duten Erkidegoetako Estatutuen edukia ez dugu une honetan azalduko, ezta Hizkuntz Normalkuntzarako legeak ere (inkonstituzionaltasun errekurtso bat baino gehiago eragin dutenak). Baina bai deritzogu beharrezkoa epai hauek gogoratzeari, 82/1986 KAE (epai honen edukiak askotan aipatzen dira legelariok gai honi erreferentzia egin behar diogunean), eta era berean 46/1991 KAE, gogorarazten duenez, Oinarrizko Arauak koofizialtasun kontzeptua aipatzen du, baina ez du definitzen, eta adierazten du hizkuntza bat ofiziala dela, bere errealitatea eta fenomeno sozial bezala duen pisua edozein dela ere, botere publikoek komunikaziorako ohiko tresnatzat aitortzen dutenean, barne komunikaziorako, botere publikoen artekorako, zein subjektu pribatuekin dituzten harremanetarako, balio eta ondore juridiko osoekin (Nazioarteko Lege eta Itunek baimentzen dutenari kalterik egin gabe, alegia, berariazko eremuetan, prozedura eremuetan adibidez, eta ondorio zehatzetarako, esaterako defentsa-gabezia ekiditeko, Nazioarteko Lege eta Itun horiek hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituztenek hizkuntza ez-ofizialak erabiltzea baimen dezakete ere).- (2. Oin.); eta 337/1994 KAEk zeritzonez, koofizialtasun egoerak hau dakar, botere publikoek, bakoitzaren eskumen-eremuan, bermatu egin behar dute Erkidego Autonomoetako hizkuntza ofizialetako bat erabiltzeagatik bereizkeriarik ez izateko denok daukagun eskubidea (6. Oin.)

Halaber, eta botere publikoek aitortza horrek dakarren exijentziari erantzuteko betebeharrari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak zera esaten digu, kasua denean botere publikoek betetzen duten betebeharra bada ere: a) botereari bere orokortasunean dagokio eta ez funtzionario edo agente bakoitzari banan-banan hartuta; b) betebehar hori ez da berehala bete behar, era mailakatuan baino, Koofizialtasunarekin batera organismo publikoen zerbitzura dagoen pertsonalaren elebitasun erreala lortzen den heinean, elebakartasunetik elebitasunerako bidea ez delako egun bateko kontua.

2001eko irailaren hamabostean, larunbata, EAOak Eskualdeetako edo Eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna Berresteko Tresna publikatu zuen, 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon egin zen gutuna, alegia. Tresna horren hitzaurrean, Katalunia, Balear Uharteak, Galizia, Valentzia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoetako Estatutuetan ofizialtzat aitortuta dauden hizkuntzak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bezala jo ondoren, aplikatzeko izenpetu diren artikuluen aipamena egiten da. Gutun hori, konstituzioko 96. art.ak ezarritakoarekin bat, Espainian publikatu eta gero, barne-ordenamenduko parte izango da.

Gutun horren Hitzaurreak Europako eremu urriko hizkuntza historikoak babesteko beharra adierazi ondoren, hau deklaratzen du, bizitza publikoan eta pribatuan Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea eskubide preskribaezina dela, Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren printzipioen arabera, eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmenaren espirituarekin bat. Eta Espainiak izenpetu dituen Gutun horretako alderdi zehatzei dagokienez, 9. art.aren edukia azpimarratu behar dugu, berariaz aipatzen duelako prozesuko hizkuntza justiziaren eremuan: "...alderdiek konpromisoa hartzen dute… .a) zigor-arloko prozeduretan: i) jurisdikzio-organoek, alderdietako batek hala eskatuta, prozedura Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan beteko dutela ziurtatzea, akusatuak eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzan hitz egiteko eskubidea ziurtatzearekin batera…"


Zigor-arloko prozesuetako oinarrizko eskubideei dagokienez.-

Hainbestetan argudiatu den gure Konstituzioko 24. art.ak babes judizial eragingarria lortzeko oinarrizko eskubidea kontsakratzen du. Doktrinak dioenez, konstituziogileak babes judizial eragingarriaren mekanismoaren gutxieneko egitura bat zehazteko ardura hartu zuen, nahiz eta zuzeneko aipamen bakarra Karta Magnako 120. art.an dagoena izan, artikulu horretan prozedura zibila zein prozedura penalaren ahozkotasuna eta publikotasuna zehazten da. Ahozkotasun hori konstituzioak ezartzen du, eta aldi berean bete eta jaso behar da, hau da, aldi berean eta bitartekaririk gabe, hurrentasunean oinarritutako egitura prozesalarekin, aipatu ahozkotasunaren ondorio den hurrentasuna, eta kontzentrazioarekin batera frogen egiazkotasunaren berme izatera heldu dena. Elementu horiek zigor-arloko prozeduraren bermearen zati bat dira, eta berme horiek beti izan dira oinarrizko eskubide bat eskubideen benetako deklarazioetan, nahiz eta gure Konstituzio Auzitegiak ia prozesu mota guztietara zabaldu dituen, eta ez zigor-arlokoetara bakarrik.

Hala ere, azkenaldian, Konstituzio Auzitegiaren doktrinak, eta zigor-arloko prozesuko hurrentasunari dagokionez, interpretazio hertsia izan du printzipio hori egiazkotasunaren berme bezala aplikatzean, eta, epailearen eta akusatutako hiritarraren arteko elkarrizketa zuzenaren bidez, bitartekaririk gabe, gauzatzeko beharra adierazten du. Epaileak, zuzeneko aplikazio horretan, eta bakarrik era horretan, eduki ahal izango du zuzenean jasotako iritzi bat. Eta hainbat ebazpenetan (Auzitegi horretako Osoko Bilkurak 167/2002 KAEn, irailaren 18koa [9. eta 10. OJak]; geroago epai hauetan berretsi zena, 197/2002, 198/2002, 200/2002 KAEak, urriaren 28koak, 212/2002, azaroaren 11koa eta 230/2002, abenduaren 9koa), Konstituzioaren interprete horren doktrinak, zigor-arloko bigarren auzialdian frogak baloratzeko orduan publikotasuna, hurrentasuna eta kontraesanaren printzipioak errespetatzearen beharra azpimarratzen du, berme guztiak dituen prozesu bat izateko eskubidearen edukia osatzen duten neurrian. Horrela, Auzitegiko Osoko Bilkurak, irailaren 20ko 220/1999 KAAn adierazitako ildoan aurrera eginez, aurreko ebazpenetan mantendu izan duen doktrina zuzentzen du, hau da, zigor-arloko bigarren auzialdian hurrentasun eta kontraesanaren printzipioari buruzkoa, ”berme guztiak dituen prozesu bat izateko oinarrizko eskubidearen (EKko 24-2 art. …) interpretazio konstituzionala hertsiago egokitzeko” 1950eko azaroaren 4ko giza eskubideak eta askatasun publikoak babesteko Hitzarmenaren exijentziei, eta, zehatzago, Hitzarmen horren 6-1 art.aren exijentziei, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak interpretatu duenarekin bat eginez, eta horrela EKko 10-2 art.an ezarritako interpretazio-irizpideari eutsiz (167/2002 KAE, 9. OJ). Eta sortutako gai honen inguruan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako doktrina dakargu orriotara, hasiera batean 1988ko maiatzaren 26ko Epaian jaso –Ekbatani Suediaren aurkako auzia- eta gero berriagoak diren erabakietan sendotzen dena (GEEAko Epaiak: 2000ko otsailaren 8koak –Cooke Austriaren aurkako auzia eta Stefanelli San Marinoren aurkako auzia-; 2000ko ekainaren 27koa –Constantinescu Errumaniaren aurkako auzia-; eta 2000ko uztailaren 25eko auzia –Tierce eta beste batzuk San Marinoren aurka-). Doktrina hori horrela laburtu daiteke, "hasiera batean, prozesu zuzen edo bidezkoak berarekin dakar akusatuak ahalmena duela lehen auzialdian bertan egoteko eta esan beharrekoa pertsonalki esateko". Baina prozesuaren bermeak eta eskubideak goreneraino zaintze horretan, hurrentasun-exijentzia hori apelazio fasera hedatzen da. Hala ere, zehaztapen hau egiten du, "exijentzia hori kontuan hartzen den prozeduraren berezitasunen araberakoa izango da, horretarako prozedura bere orokortasunean aztertu beharko da barne-ordena juridikoaren arabera, eta, halaber, Auzitegiak epaitu behar dituen auziak kontuan hartuta zein den apelazioko jurisdikzioak jokatuko duen zeregina eta demandatzailearen interesak benetan nola azaldu ziren eta Auzitegiak nola babestu zituen". “Eta prozeduraren ezaugarriengatik justifikatu ahal izango da bigarren edo hirugarren auzialdian bista edo eztabaida publikorik ez egotea, lehen auzialdian egon bada". Beraz, “ezin daiteke ondorio hau atera, nahiz eta apelazioko Auzitegi batek jurisdikzio osoa izan, zirkunstantzia horrek beti ez du esan nahi, Hitzarmenaren 6. art. aplikatzean, bigarren auzialdian entzunaldi publiko bat izateko eskubidea dagoenik, epaitu behar diren auzien izaera edozein dela ere (10. OJ). Eta apelazioko Auzitegia egitatezko zein zuzenbideko auzietaz arduratu behar denean, eta bereziki akusatuaren erruduntasuna edo errugabetasuna, oro har, aztertu behar duenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iritzi dio, akusatuak arau-hauste zigorgarria egin duenik ukatzen duenean, apelazioa ezin dela erabaki prozesu justu batean akusatuaren azterketa zuzena eta pertsonala egiten ez bada. Horregatik, kasu horietan, apelazioko Auzitegiak akusatuaren erruduntasun-deklarazioa berriro aztertu behar duenean, azterketa horrek entzunaldi berri bat eta erabatekoa eskatzen du, akusatua eta gainerako interesdunak edo kontrako alderdiak bertan daudela" (GEEAko Epaiak: 1988ko maiatzaren 26koa –auzia: Ekbatani Suediaren aurka, 32-; 1991eko urriaren 29koa –auzia: Helmes Suediaren aurkakoa,28; 1991eko urriaren 29koa –Auzia: Fejde Suediaren aurka, 32). Zentzu honetan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zera deklaratu du oraintsuago 2000ko ekainaren 27ko Epaian (auzia: Constantinescu Errumaniaren aurka, 54 eta 55, 58 eta 59), apelazioko auzialdiak auzi baten egitatezko eta zuzenbideko alderdietaz arduratu behar duenean, eta akusatuaren erruduntasuna edo errugabetasuna batera aztertu behar duenean, ezin ditu, prozesuaren zuzentasuna arrazoitzat hartuta, auzi horiek erabaki akusatuak berak pertsonalki aurkeztutako lekukotzak entzun gabe, hau da, arau-hauste penaltzat jo den egintza berak ez duela egin esaten duen akusatua entzun gabe. Kasu honetan zehazten du, lehen auzialdian absoluzio-erabakia eman ondoren, apelazioko Auzitegiak akusatua entzun beharra zuela, batez ere akusatua kondenatzen lehena izan zelako arlo penaleko akusazio baten inguruan erabakia hartzeko egin zen prozeduraren baitan. Doktrina hori errepikatzen du 2000ko ekainaren 25eko Epaian (auzia: Tierce eta beste batzuk San Marinoren aurka, 94, 95 eta 96), bertan baztertu egiten du egitate berriak ez egotea nahikoa denik apelazioan akusatuaren aurrean eztabaida publikoak egiteko beharraren salbuespena justifikatzeko, eta, guztiaren gainetik, kontuan hartu behar direla apelazioko Epaileari aurkeztutako auziak" (10.OJ). Eta behin eta berriro aipatu den 167/2002 KAEk, agerian jartzen du azaldu diren jurisprudentzia-irizpideek zailtasunak sor ditzaketela, zalantzarik gabe, Espainiako Konstituzioaren esparruan PKLko 795. art. interpretatzeko orduan. Baina jarraian zehazten duenez, "egia esan, apelazio-errekurtsoaren hiru oinarri posibleetatik, PKLko 795-2 art.an xedatutakoaren arabera eta kontuan hartuta hurrentasun eta kontraesanaren printzipioen exijentzietatik eratorritako mugek benetako proiekzio-eremua izaten dutela apelazioan egitatezko auziak planteatzen direnean, seguruenik frogaren balorazioarekin erlazionatuta dagoen oinarria da muga horiekin zuzenean lotuta dagoena…1" (11. OJ). Eta adierazpen honekin amaitzen du, "zigor-arloko prozedura laburtuan apelazio-errekurtsoak, gure ordenamenduan konfiguratuta agertzen den bezala, ahalmen osoak edo jurisdikzio osoa ematen dio ad quem Auzitegiari planteatzen diren auzi guztiak erabakitzeko, egitatezkoak izan zein zuzenbidekoak. Haren izaerak, Auzitegi honek behin eta berriz novum iudicium bezala proklamatu duena, itzulketa-efektua esaten zaionarekin, berekin dakar ad quem juzkatzaileak bere gain hartzea kasuaren jurisdikzio osoa, a quo Epailearen egoera berdinean. Ez bakarrik egitateak arauaren barruan kokatzeko, baita frogaren balorazioaren bitartez egitate horiek zehazteko ere. Eta a quo Epaileak egindako haztapena berrikusi eta zuzendu ahal izango du (KAEak: 172/1997, urriaren 14koa, 4. OJ; 120/1999, ekainaren 28koa, 3. eta 5. OJak; 220/1999 zk.ko KAA, irailaren 20koa). Baina PKLko 795. art.ak ad quem Auzitegiari ematen dizkion ahalmenak aplikatzean EKko 24-2 art.an ezarritako berme konstituzionalak errespetatu behar dira beti (11. OJ). Eta hori zehazten du Auzitegiko Osoko Bilkurak irailaren 18ko 167/2002 zk.ko KAEn, berme guztiak dituen prozesu bat izateko oinarrizko eskubidearen eta eskubide horrek berea duen hurrentasunaren interpretazio konstituzionala era doituagoan egokitzeko, alegia, 1950eko azaroaren 4ko Giza Eskubideak eta Askatasun Publikoak babesteko Hitzarmenaren 6-1 art.tik ondorioztatzen diren exijentziei egokitzeko, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak interpretatu duenarekin bat eginez, eta horrela, eraginkorra eginez EKko 10-2 art.an ezarritako interpretazio-irizpidea (198/2002 KAE).

Kontsiderazio hauek jasotzeari bidezko iritzi diogu, Auzitegi horrek zigor-eremuan hurrentasunari ematen dion garrantziaren lekuko suertatzen baitira, zenbateraino eta bigarren auzialdian eta azaldutako terminoen arabera exijitzeraino. Aurreko lerrokadetan agerian uzten diren exijentziak ikusirik, esan daiteke, zigor-prozesuan eta akusatuaren eskubideei dagokienez, hurrentasuna ondoko bidean sakontzeaz gain: aipatu eskubideak bermatzen dituen prozesu-sistemaren funtsezko tresna edo balorea delako bidean alegia, hurrentasuna ezin dela ordezkatu Idazkariak jasotako akta batean egiaztapenaren bidez, ez eta beste epaile baten (a quo epailearen) oharmenak dakarren mediatizazioaren bidez ere. Labur beharrez, ondoren material agerikoak dituen eskubide prozesal hori interpretatu izan da, ebazpenotan, juzgatzaileak norberaren oharmenaren esku dagoen froga inolako bitartekotasunik gabe, hots, zuzenean ulertu ahal duelako beharrizan ezin itzurizko gisa; era horretan jardunez, epaileak keinuak, zalantzak, ñabardurak, inflexioak eta abar…balioetsiko ditu bai akusazioa zuzentzen zaion pertsonarengan bai, epaitzeko xede den egitatearekin, akusatutako horri erantzukizunaren edota zerikusiaren kargu egin edo kargua kenduko dioten lekukoengan. Eta horrexegatik, formazko hurrentasuna izateaz gain, materiazko hurrentasuna ere planteatu eta galdatzen da.

Balioespen eta interpretazio hau dagokigun kasuari aplikatuz gero, Sala honek uste du hurrentasunerako eskubide formazkoari eduki material orotaz gabetzen zaiola, noiz eta laburbildu ditugun KAEetatik jasotako lerrokadetan ageri diren puntuen ulermena Epailearen zuzeneko oharmenaren helburupean ez den jartzen, baizik eta hiritarrak darabilen hizkuntza ez dakien epailearen eta hiritar horren tartean sartzen den hirugarren baten (itzultzailea edo interpretea) gaitasunaren edo profesionaltasunaren mendean.


Konstituzioan jasotako beste eskubide oinarrizkorekin zein alderdirekin duen erlazioaz

Begi bistakoa da balioespenon (txanponaren aurkia: zilegi bekigu lagunarteko hizkeran esatea) ifrentzua doakigun hiritarra mintzo den hizkuntza koofiziala ezagutzeko exijentzia behar dela izan, nori eta exijitu hiritar horren lekukotza bitartekorik gabe, hau da, zuzenean, ulertu behar dionari; izan ere, auzi honekin loturik, gure Konstituzioa indarrean jarri zenetik, planteatzen ari diren auzietako bi azpimarratuko ditugu jarraiko lerroetan.

Berriro ere esango dugu Botere Judizialaren Lege Organikoko 231. artikuluari eman zaion oraingo idazketak espainiar hiritarren arteko bereizkeria dakarrela berez, prozesuan por excelencia hartutako hizkuntza ofizialaren (gaztelaniaren) eta, kasuan kasuko Autonomia-Erkidegoaren eremuetan, Espaniako gainerako hizkuntzei dagokien hizkuntzaren arteko bereizketa egiten duen heinean. Izan ere, halako bereizkeria Erkidego bakoitzean ofizialtzat aitortua den hizkuntzaren kariaz egiten da (gaztelaniarekin batera, hizkuntza hau guztietan baita ofiziala). Bada, gaztelania erabiltzeko eskubidea egikaritu nahi duenak prozesuaren hizkuntzarekin inongo oztoporik ez duen bitartean, hizkuntza hori ez beste hizkuntza koofiziala batean aritzeko eskubidea egikaritu nahi duten espainiarrek, ordea, ezin dute hainbatik hainbatean gauzatu; eta hartara, interprete baten laguntza behar dute epaileak ulertu ahal izan ditzan, edozein atzerritarrekin gertatzen den bezala.

Gorago aipamen egin zaio gure ustez gertatu den egoera-aldaketari, hots, EAOean argitaratuko Gutuna indarrean sartzeak erakarri duen aldaketari; eta zentzu horretan, gogora ekarri behar dugu, estatuz gaindiko arau horri doakionez, Estatuaren Kontseiluaren 1492/92 irizpena, abenduaren 3koa, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutun horren (2001ko irailaren 15eko EAOean argitara emanda) edukiaren aldean jarrita. Goi-mailako Erakunde horrek, gutun horren balioa eta lege-indarra aitortzeaz gain, Gutunean barne harturiko konpromisuek Konstituzioak aintzatetsitako printzipio batekin duten lotura nabarmenarazten du, kultur eta hizkuntz aniztasunaren babesaren printzipioarekin hain zuzen. Printzipio hori Konstituzioaren atarikoak aipatzen duena, haren 3. artikuluan jasotzen da, eta beraz, Atariko Tituluaren barruan. Gutuneko xedapenen eta aipaturiko konstituzio-printzipioaren arteko uztardura horrek Gutunaren izaera politikoa baieztatzeko behar adinako indarra du. Bestalde, Konstituzioaren 94.1 artikuluko e) idatz-zatia ere aplikatzekoa da. Izan, badira legezko gaietan eragiten duten Gutunaren alderdi batzuk. Horrela suertatzen da, kasurako, prozesu judizialetako hizkuntzen erabilerari dagokionez; izan ere, gai hori Espainiako lege-ordenamenduan arautua dago, BJLOko 231. artikuluan hain zuzen.

Hizkuntz eskubidea oinarrizko eskubidetzat jotzearen aurka daudenek azaldutako argudioaren berri ere; argudio horren ildotik, zein hizkuntza hautatu (hori erabiltzeko eskubidea izanik) eta horretan bitartekorik gabe ulertua izateko eskubidea halakotzat hartuko balitz, horrek bide emango lioke beren hizkuntzan (arabieraz, jo dezagun) zuzenean ulertuak izan nahiko luketen hiritarrak epaitzeko ezintasunari (ezaguna denez, hizkuntza hori dakien biztanle-multzoa ugaria da Estatuko gune eta lurralde jakinetan). Auzi hau planteatzen dugunok uste dugu argudiabide hori engainagarri dela, zeren eta aldarrikatzen den berdintasuna hizkuntza ofizialekikoa da, eta ez edozein gizabanakok bere hizkuntzaz aritzeko duen eskubide generikoarekiko; eta zentzu horretan, gizabanako horren hizkuntza bizi den lekuko mintzaera ofizialari ez dagokionean, ukaezina da interprete batek lagundua behar duela. Hizkuntz eskubidearen ikuskera hori aintzat hartzera, Estatuaren lurraldean hizkuntza koofizial batean ulertuak izan nahi duten hiritar espainiarrek atzerritar baten trataera bertsua izango lukete, nahiz eta eskubide horren egikaritza eskatzen duten euren lurrean bertan eta Konstituzioak zein Konstituzio-izaeradun multzoa eratzen duten arauek (Autonomia-Estatutuak, besteak beste) espainiar hizkuntza gisa definituriko mintzaira batean.

Ageriko kontua da jarraian azalduko duguna anekdota huts gisa edo bakarrik behar dugula hizpidera ekarri, baina ez dugu uste Estatu eleaniztun batean (Espainiako Estatua halakoa da) hizkuntz eskubideak interpretatzen saiatzen den edozein legelarik eduki behar duen kontzeptutik urruntzen denik Kanadako Justizia Ministroak esan zuen harako hura: “bi hizkuntza ofizial dituen herrialde batean bizi den pertsona orok haietako edozein baliatzeko eta haren aukerako hizkuntzan ulertua izateko eskubidea behar du izan, zigor-prozesu batean bereziki. Eta erabiltzeko aukera hori oinarrizko eskubidetzat eta ez pribilegiotzat ulertuaz (…) justiziaren eta Kanadako batasunaren interesean", eta kideko ildoaren alde agertu zen Kanadako Auzitegi Gorena (1999ko maiatzaren 24ko epaia.- Beaulac kasua), epaiketa penal batean, epaimahai baten kide guztiek aukeratutako hizkuntzan artezean ulertua izateko prozesupeko baten eskubidea aitortu zuenean.


Estatu-kontzeptuarekin duen harremanaz eta jurisdikzio-batasunari dagokionez

Gure iritziz, egiten dugun interpretazioak Konstituzioan bildutako beste eskubide batzuei eraso egin edo Estatuaren egiturari eragiten diola alegatzea ez da aurka egoteko arrazoi aski. Ildo horretan, Espainiak sinaturiko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren (EAO, 2002ko irailaren 20koa) 5. artikuluak ezartzen du ez dagoela Gutunaren edukia interpretatzerik, horrela Estatuen subiranotasunaren eta lurralde-osotasunaren printzipioak urratzen badira; eta Europako herrialde inguruan daudenekin ezarritako adibideek argi asko erakusten dute eskubide horren egikaritza, lurralde-osotasunari eraso ez egiteaz aparte, kohesio-tresna ere bilakatu ahal dela, hiritar horren hizkuntz eskubideak, Estatu eleaniztasuneko hiritarra den aldetik, bermatzen diren neurrian.

Ez da hau leku egokia Estatua, egitura gisa, oinarrizko eskubideak zaindu eta bermatzeko itun modura sortu ote zen gogoeta egiteko, baina onartu egiten da haren funtzioa, une hauetan eta botere desberdinen egikaritzaren bidez, direlako eskubideak zaintzea dela (Espainiako Konstituzioaren 9.2. artikulua); eta esan gabe doa Estatu horretan jaiotakoen hizkuntz eskubideak izan badirela.

Hizkuntz eskubideak materializatzeari helduz, eta Gutunaren 9. artikulua aplikatzearen ondorioz, ikusten dugu gai honen inguruan Europako gainerako Estatuek duten arautegiak legegintzako beren aurreikuspenak oinarritzen dituztela aurreko lerrokadetan aipatu den funtsezko eskubideari oratuz, eta ez (legezko bide horren bitartez inoiz auzitan jar ez dezakegun). Estatu-eredu zehatz bati. Zenbait Estatu eleanitzen errealitatean, eskubide hori oinarrizkoa dela kontsideratzeak zera dakar: Espainiarena ia egitura judiziala berdina duen Bolzano Probintzian (Italia) funtzio judizialean jarduteko, bertan lan egitera doazen epaileei exijitzen zaie aleman-frogak gainditu izana; edo Suitzako Friburgo, Berna edo Valaiseko kantoi elebidunetan Justizia-Administrazioaren zerbitzupeko epaileen zein langileen gaitasun linguistikoa bermatzea, horretara hiritarrak hautatutako hizkuntzan zerbitzua eman dezaten. Bestela, eskubide horren edukia hutsik geratuko litzateke, Konstituzio Auzitegiak berak babes judizial eraginkorrerako eskubideaz egin duen interpretazioaren arabera, baldin eta bitartekotasunik gabe (hots, hurrentasunez) entzun eta ulertu behar dion horrek, dagokion herrialdean jaiotako hiritarraren eskubideaz denaz bezainbatean, delako hiritarraren hizkuntza ez badaki.

(Gaztelaniaz gain) hizkuntza koofizialak, halakotzat dauzkaten lekuetan, jakitea jurisdikzioan aritzen direnei exijitzeak ez du gure Konstituzioaren 117. artikuluan jasotako printzipioa kolpatzen, KAk, behin baino gehiagotan, antolatzeko beharrizanari buruzko pronuntziamendua egina baitu desberdintasun substantiboak zein prozesalak sortarazten dituzten bereizgarri jakinen alde; eta bereizgarriok, betiere epaituaren bermeekiko begirunean kokatuak badaude, ezarri egiten dira epaileek zaindu eta babestea ardura duten interes zein eskubideen arabera. Hala, ez da hemen aipaturiko printzipio hori hausten.


Epailearen eskubideari dagokionez

Halaber, berdin ezaguna da eztabaida bizienik pizten duen arazoetako bat: ea "txanponaren" ifrentzuak (erran nahi baita, hiritarrari hizkuntza koofizialean zuzenean ulertu ahal izan diezaioten, funtzionarioak –kasu honetan, epaileak– zein Erkidegotan lan egin eta bertako hizkuntza koofiziala jakiteko betebeharretik heldu den ondorioak,) pertsona horren (kasu honetan, jurisdikzioan aritzen duenaren) oinarrizko eskubide batzuei eraso egiten ote dien. Oroit gara horixe izan zela BJLOaren aldaketa (16/1994 LO) aurkaratu zutenek agertu zituzten planteamenduetariko bat, eta zehazki, BJLOko 231. artikuluko 4. idatz-zatia –horren edukia lerrootan eztabaidan jartzen da–. Diotenez, manu horrek Autonomia-Erkidegoen hizkuntza ofiziala jakitera behartzen ditu Epaileak eta Magistratuak, beraietan kokaturiko organo judizialetako lanpostuak bete nahi baldin badituzte; eta behartze horrek EKren 3. artikulua hausten du, eskubide soil bat baino ez dena betebehar bihurtzen baitu (Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurak hartu 2000-IV-13ko epaiaren aurrekariak, 105/2000 KAE).

Esandako epaiaren hamabigarren oinarrian irakurtzen dugunez, auzi hau ez zen balioetsi, zeren eta, BJLOko 231. artikuluaren, eta konkretuki, bere 4. puntuaren (zeinaren edukia eztabaidapean jartzen zen errekurtso horretan) idazkeratik abiatuta zera ulertu baitzen modu argian: ez haren eduki espresutik, ez, hura interpretatuz, inferitutako eran, ezin da zentzu horretan inposaketarik ondorioztatu, ezta are inplizituki ere (hori, modu argian ere, uztartua dago arau hau bai aurreko lerrokadetan bai KALOaren 5. artikuluaren aurreikuspen hasieran aipatuan aletu diren exijentziei egokitu ezinarekin).

Jabetzen gara epaileak (hura kide den) botere judizialaren proiekzio zehatza materializatzen duela, alde batetik, baina prestazio-jarduera bat burutzen ere duela, bestetik, azken hau Estatuaren beste bi botereek egiten duten boterearen egikaritzarekin ezin aldara daitekeela; eta horren arrazoia honako honetan datza: gure eginkizunean (eta zigor-eremuan areago) botere hori zuzeneko harreman baten bidez darabilgu, bitartekorik gabe, eta hiritarrari aitortzen zaion eskubidearen erabileran, Erkidego horren bi hizkuntza koofizialetako batean egikaritzeko hautua (gaztelania ez beste hizkuntza baten hautua denean) egin duen harekiko hurrentasuna gordez. Horrexegatik, eta 23-2 artikuluaren edukiari gatxezkiola (funtzio publikoan hainbatik hainbatean sartzeko eskubidea), AGk on eduki du gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat aitortua duen Autonomia Erkidegoaren hizkuntza koofiziala jakiteko exijentzia, eskakizun edo ezagutza edo merezimendu estrajuridikoa dela. Uste dugu, begirune osoz uste izan ere, estrajuridikotasun-izaera hori gainerako hizkuntza ofizialei ez ezik gaztelaniari ere eratxiki beharko zaiela; hala ere, eratxikitze hori ezin izango da prozesuarekiko kanpokotasunez egin, zeren eta ez baita bere hizkuntza propioan aritzen den Espainiako hiritarrari ulertu eta epaitzeko eginkizunetik kanpo inoiz egongo, dagoeneko adierazitako inplikazioengatik: ez gara, haatik, horien gainean berriro arituko. Hori horrela, hauxe agertaraziko dugu: babes judizial eraginkorrerako eskubideak, lerro hauetan barrena zirriborratu diren eskubideen gauzatze aldera, ezagutza juridikoren jabe izatea dakar, baina horiek, ezinbestekoak izanik ere, ezin dira exiji daitezkeen bakarrak izan.

Beste alde batetik, bi balore (Konstituzioak halakotzat aintzatetsiak) elkarren aurka jartzeari dagokionez, hein berean onartzen da alderdi faktikoak eta juridikoak haztatuz egin behar dela hautua, eta printzipioak optimizatuz eta eraginkortasunik gorena haiei emanez; ordea, haztatze-lan horretan ezin da at geratu funtzio publikoaz zein-nahi Zuzenbide-Estatu Sozialetan gogoan atxiki behar den kontzeptua (geurea horrela definitua dago Arau Nagusiaren 1. artikuluan).

Beraz, epaileak hizkuntza koofiziala jakiteko duen baitezpadako betebeharrarekin lotuta, gogoratuko dugu funtzio publikoan sartzeko berdintasun-printzipioak ez duela zenbait baldintza jakin exijitzea kanpo uzten, herri-interesari zein hiritarren eskubideen bermeari doazkien arrazoietan oinarri hartuta; eskakizun edo baldintza horiek, jakina, eztabaidagarri suerta litezke testuinguru edo helburu horretaz landa. Horrexegatik ere, ez litzateke Konstituzioaren 23-2 artikulua kolpatuko, noiz eta, lurralde batean BI hizkuntza ofizial egotearen ondorioz, funtzio publiko zehatzetan bitzuon ezagutza exijituko litzatekeen, hiritarren alde aitortutako eskubideak trataera deberdindu bat erreklamatzeko adinako garrantzia duelako. Gogora ekar dezagun nola 76/1983 AKE-k kontsideratu zuen hiritarren hizkuntz eskubideak funtzionarioarenei gailendu behar zaizkiela, ezerk ez baitu eragozten botere publikoek lanpostu jakin batzuetan jarduteko bi hizkuntzen ezagutza xedatzea (82/1986 KAE, 14. oinarria), ezagutza-maila hori modulatu eta aldatu ahal delarik, nolakoa den Administrazioan burutuko beharreko jarduera (46/1991, 3. oinarria). Kideko ildoaren alde egin du pronuntziamendua EEJA delakoa, 2000ko ekainaren 6an (C-281/98, Angonese kasua) edo 2000ko uztailaren 4an (C-424/97, Haim kasua) emandako epaiek erakusten duten legez; epai horiei jarraiki, zilegi da maila zehatz bat iristen duten hizkuntz ezagutzak exijitzea enplegu baterako hautagaiari.

Balioespen hauek guztiak ez dira bakanak; aldiz, iritzi berekoa da koofiziala eta espainiarra ere den bere hizkuntzan aritzeko eskubidea egikaritu nahi duen hiritarra, hizkuntza hori koofiziala eta Espainiakoa ere izaki (izan ere, hiritar horren eskubideak babestera beharturik gaude). Sentimendu horren agergarri, Kataluniako Legebiltzarrak aurkeztu eta Gorte Nagusien Buletin Ofizialak 2004-4-16an argitara emandako Proposamena; horren bitartez eskatu zen, beste manu batzuen artean, BJLOko 231. artikulua aldaraztea, zeinaren konstituzionaltasuna auzitan jartzen dugun, eta hurrengo zentzuan egin ere: autonomia-erkidego bakoitzean bi hizkuntza ofizialen trataera juridikoa parekatzeko asmoz, LOko 231. artikuluaren idazkera berriak gaztelania Justizia-Administrazioaren berezko hizkuntza dela ezartzen duen printzipioa baztertzen du eta horren ordez beste bat jarri: epaileek eta gainerako funtzionarioek, kasuan kasuko autonomi-araubidearekin bat eginik, hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal dutelako printzipio orokorra (…). Prozeduraren izapideak alderdiek erabilitako hizkuntzan behar dira egin, eta alderdiok hizkuntzari dagokionaz ados jartzen ez badira, prozedura Autonomia-Erkidegoaren berezko hizkuntzan izapidetu behar da; nolanahi ere, defentsarik eza alega dezaketen hiritarrei igorriko zaizkie haiek aukeratutako hizkuntzan komunikazioak edo jakinarazpenak (…). Erreformak, azken batean, Justizia-Administrazioaren zerbitzuak darabiltzaten hiritarren hizkuntz eskubidea maldatzea du xede, eskubide hori Konstituzioaren 24. artikuluak aldarrikatzen duen babes judizial eragingarrirako eskubidearekin uztarturik dagoela ulertuaz.

ONDORIOAK

Gorago elebitasuna arian-arian ezartzearen beharrari egin zaio aipamen, eta kontu hori, aipaturiko ebazpenak ematen diren uneari kasu eginik (badira hamabost urte baino gehiago) onargarri da oso. Baina horrek ez du esan nahi hizkuntza ofizialean atenditu eta ulertua izateko eskubide hori epe mugagabean askietsi barik gera daitekeenik. Hogeita bost urte bete dira, dagoeneko, Konstituzioak Espainiako Estatuaren izaera eleaniztuna aldarrikatu zuenetik, eta Justiziako Administrazioan, hala ere, ez da izaera edo errealitate horretaranzko bidea urratu. Agerikoa da hizkuntz eskubideek eduki hutsa dutela horiek prozesuaren eremuan egikaritzen saiatzen direnentzat; berdin agerikoa da, bestalde, eskubideok espainiar guztien arteko trataera-berdintasunarekin duten lotura.

Horregatik guztiagatik, Salak uste du BJLOko 231. artikulua bere horretan uzteak hizkuntz eskubideen urraketa dakarkiela, Justizia-Administrazioan gaztelaniaz beste hizkuntzetatako edozeinetan eskubide hori egikaritu asmo dutenei, haien herrikideek izango lituzketen berdintasun-baldintza beretan, behintzat, eta prozesuaren eskubideak (hurrentasuna) aplikatuz egikarituko badira, behintzat. Salak ere uste du araubidea egokitu behar dela direlako eskubideak materializatzeari begira. Oraingo egoerari eta araubideari eusteak Konstituzioaren 3. artikuluan bertan aintzatetsitako eskubidearen edukia hustea dakar, bete-betean hutsi ere; egitez, Espainiako hiritar batek bere eskubideak hainbatik hainbatean materializatu ahal izan ditzan, eskura duen ahalbide bakarra gaztelaniaz aritzea da. Konstituzioaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian aitorturiko eskubidea materializaezina da, seinalatu den guztia aintzat hartuz, eta zerrendatutako gainerako eskubide eta printzipioekin bat.

Azaldutako arrazoinamenduengatik,

JARRITAKO GORA JOTZEKO ERREKURTSOAREN GAINEAN EBATZI BEHAR DUEN AUTOA EMATEKO EPEMUGA ETENDA ETA BOTERE JUDIZIALAREN LEGE ORGANIKOAREN 231. ARTIKULUA KONSTITUZIOAREN AURKAKOA DELA IRITZITA prozesuaren hizkuntzari dagokionez, XEDATZEN DUGU BIDEZKO INKONSTITUZIONALTASUNAREN AUZIA AURKEZTEA, ebazpen honetan adierazitako terminoen arabera.

Horrela bada, auto honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatu dute goiburukoan adierazitako jn.ek/and.ek. Fede ematen dut.

MAGISTRATUAK

IDAZKARIA


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com