Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Legelaria eta itzultzailea: bereiz ala elkarrekin?

Andres Urrutia Badiola / Hizkuntza / 2004-11-15 / 07:03


Azken urteetako joan-etorriak dira, euskarari dagokionez, etengabeko prozesu baten lekuko. Arlo eta esparru desberdinetara zabalik, euskarak berebiziko bidea egin du zientzia- nahiz gizarte-esparru anitzetan. Horien artean, zer esanik ez, zuzenbidearena ere bada. Zuzenbidearena, edo esan dezadan bidenabar, egun hain erruz erabiltzen den “juridiko” horren abiapuntutik norabidetuta, eragile juridikoena.



Mugarria jartzen dute frankok euskararen ofizialtasunean. Izan ere, duela hogeita bost urte euskara eta gaztelania Euskal Herriaren lurralde batzuetan ofizial egiteak ekarri dio euskarari, antza denez, ordu arte ezezagun zitzaizkion jokamolde eta plazaguneak.

Hala izanda ere, bat-batean eta arrapaladan etorri zaizkion premia berriei aurre egin nahian, euskara bera hornitu behar, tresna eta baliabide gaurkotuenak balia ditzan. Zuzenbidearen aldetik, bistan da gailendu egin dela itzulpengintza, batez ere aldizkari ofizialetako hainbat erdal testuri euskarazko ordaina emateko unean. Luze joango litzateke, alabaina, horren gorabeherak xehe-xehe hemen aipatzea.

Hobe, bestela ere, zuzenbidearen barrunbean ari diren legelarien gogoetak eta kezkak aintzat hartzea, euskara erabiltzeko eskubidearen aldarriarekin batera, euskara bera protagonista izan dadin zuzenbidearen zereginetan. Hainbatez, euskara erabiltzeko eskubideari gehitu zaio, ezari-ezarian, euskarazko zuzenbidearena. Zin-zinezko berrikuntza, beraz, euskararen historia luze bezain malkartsuan.

Ararteko, argi gera bedi, gertaera eta erakunde batzuk: lehen, Euskaltzaindiak bultzaturiko euskararen batasuna, ezinbesteko lanabesa hizkera juridikoaren bilakaeran; hurren, IVAP-HAEE eta Euskal Herriko lurraldeetako itzultzaile ofizialak, unibertsitateak, abokatuen bazkunak, itzultzaile pribatuak, UZEI, EIZIE eta osterantzekoak, hain zuzen ere, zuzenbidean euskaraz jardutea ahalbidetzen dutenak.

Bada, artean, halako galdera oinarrizkoa egingo duena ere: zeri eman lehentasuna? Legelariak bereari eutsi bitartean, itzultzaileak beste soka batetik ten egingo du , alegia, eguneroko lanak ekartzen dizkion behar gorrienetatik. Batek juridikotasuna eskatuko du ororen gainetik; besteak, aldiz, testuaren zirrikituak nola euskaratu. Batentzat interpretagarri dena, ondorio juridiko esanguratsuak atera ahal izateko, bestearentzat euskaraz ahalik zehatzen eta azkarren emateko testu-multzoak dira.

Ba al dago, beraz, bi horiek batera jarduteko modu eta manera? Baten kezkak eta bestearen larritasunak uztartzeko modukoak al dira? Bereiz ala elkarrekin?

Horri heldu dio Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, hogeita bost urte bete dituen honetan. Izan ere, aspaldi hasi ziren institutua eta unibertsitate bereko zuzenbide fakultatea, Euskara Juridikoaren Mintegia tartean zela, halako egitasmo berezian, euskara eta zuzenbidea lantzeko. Lagungarri eta babesle izan dute, haste-hastetik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta horren Itzultzaileen Zerbitzu Ofiziala.

Hartara, itzulpengintza zela eta, zuzenbidearen euskal testugintzari lekua eman zitzaion bertan, eta hiru sail nagusi abiadan jarri: lehena, eskuliburuena, gaurko ikasleei eta biharko legelariei ikasmaterialak eskaintzeko; bigarrena, lege-testuena, euskal legelari ororen eskuetan jarri dituena Euskal Herrian indarrean dauden lege-testu esanguratsuen argitalpen elebidunak (gaztelania-euskara), aurkibide eta guzti; eta, hirugarrena, Minor bilduma, terminologia-lanak plazaratzeko liburuxka eskuragarriak.

Horien egile eta eragileek oinarri-oinarrian izan dituzte hizkuntzaren eta zuzenbidearen aldeko eskakizunak eta premiak. Euskaltzaindiaren arauak bete, terminologiaren inguruko gorabeherak egokitu, proposamen zentzudunak egin, eta diskurtsoaren aldetik euskarazko testu erabilgarriak sortzea izan dira prozesu horren eginkizunik behinenak. Iritziak iritzi, badirudi, lehen begirada batez behintzat, ekimen pozgarri izan dela honako hau. Areago oraindik, Kode Zibila testu garrantzitsuarekin batera, Zigor Kodeak bigarren argitalpena izan duenean, urtebeteko aldian. Badira hor testu onuragarri eta erabilgarriak, euskal legelari eta itzultzaileentzat.

Horiek aurkeztu, eta, oro har, euskaraz ari diren legelarien eta itzultzaileen arteko bilgune eta eztabaida lekua eskaintzeko, sinposio aproposa antolatu dute Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialak, kanpoko (Espainia nahiz Europako) eta bertako adituek ( Justizia Saila, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, IZO, UZEI, EIZIE, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua) euren iritziak jendaurrean ager ditzaten.

Hitz batez esateko, hona hemen, beste behin ere, euskaraz dihardugun legelari eta itzultzaileon arrangura erkideak eztabaidatzeko mintzatoki egoki eta era-erakoa.


(ANDRES URRUTIA BADIOLA Deustuko Unibertsitateko irakaslea, notarioa eta euskaltzaina da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Hizkera Juridikoa eta Itzulpengintza: euskararen norabideak

Andres Urrutia Badiola / 2004-11-15 / 07:10

LEHENENGO EGUNA (2004ko azaroaren 17a)

Goizeko saioa


Arratsaldeko saioa

BIGARREN EGUNA (2004ko azaroaren 18a)

Goizeko saioa


Arratsaldeko saioa

Oharrak:

Hitzaldi, mahai-inguru, galde-erantzun eta jarduera guztiak euskaraz egingo dira, hurrengo hauek izan ezik: lehenengo hitzaldia eta Kode Zibilaren eta lege testu elebidunen sailaren aurkezpena euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta bigarren eta hirugarren hitzaldiak gaztelania hutsez. Ez da aldibereko itzulpenik egongo.

Argibideak

Sinposioko Idazkaritza.
(Rosa Buendía and.aren izenean)
Euskal Gaien Institutua.
Deustuko Unibertsitatea
Unibertsitateetako etorbidea, 24
E-48007 Bilbao.
Telefonoa: (+34) 944 139 225
Faxa: (+34) 944 139 388
Posta elektronikoa: estudios.vascos@deusto.es
www.iev.deusto.es


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1100304387