|
Azken urteetako joan-etorriak dira, euskarari dagokionez, etengabeko prozesu baten lekuko. Arlo eta esparru desberdinetara zabalik, euskarak berebiziko bidea egin du zientzia- nahiz gizarte-esparru anitzetan. Horien artean, zer esanik ez, zuzenbidearena ere bada. Zuzenbidearena, edo esan dezadan bidenabar, egun hain erruz erabiltzen den “juridiko” horren abiapuntutik norabidetuta, eragile juridikoena.
Mugarria jartzen dute frankok euskararen ofizialtasunean. Izan ere, duela hogeita bost urte euskara eta gaztelania Euskal Herriaren lurralde batzuetan ofizial egiteak ekarri dio euskarari, antza denez, ordu arte ezezagun zitzaizkion jokamolde eta plazaguneak.
Hala izanda ere, bat-batean eta arrapaladan etorri zaizkion premia berriei aurre egin nahian, euskara bera hornitu behar, tresna eta baliabide gaurkotuenak balia ditzan. Zuzenbidearen aldetik, bistan da gailendu egin dela itzulpengintza, batez ere aldizkari ofizialetako hainbat erdal testuri euskarazko ordaina emateko unean. Luze joango litzateke, alabaina, horren gorabeherak xehe-xehe hemen aipatzea.
Hobe, bestela ere, zuzenbidearen barrunbean ari diren legelarien gogoetak eta kezkak aintzat hartzea, euskara erabiltzeko eskubidearen aldarriarekin batera, euskara bera protagonista izan dadin zuzenbidearen zereginetan. Hainbatez, euskara erabiltzeko eskubideari gehitu zaio, ezari-ezarian, euskarazko zuzenbidearena. Zin-zinezko berrikuntza, beraz, euskararen historia luze bezain malkartsuan.
Ararteko, argi gera bedi, gertaera eta erakunde batzuk: lehen, Euskaltzaindiak bultzaturiko euskararen batasuna, ezinbesteko lanabesa hizkera juridikoaren bilakaeran; hurren, IVAP-HAEE eta Euskal Herriko lurraldeetako itzultzaile ofizialak, unibertsitateak, abokatuen bazkunak, itzultzaile pribatuak, UZEI, EIZIE eta osterantzekoak, hain zuzen ere, zuzenbidean euskaraz jardutea ahalbidetzen dutenak.
Bada, artean, halako galdera oinarrizkoa egingo duena ere: zeri eman lehentasuna? Legelariak bereari eutsi bitartean, itzultzaileak beste soka batetik ten egingo du , alegia, eguneroko lanak ekartzen dizkion behar gorrienetatik. Batek juridikotasuna eskatuko du ororen gainetik; besteak, aldiz, testuaren zirrikituak nola euskaratu. Batentzat interpretagarri dena, ondorio juridiko esanguratsuak atera ahal izateko, bestearentzat euskaraz ahalik zehatzen eta azkarren emateko testu-multzoak dira.
Ba al dago, beraz, bi horiek batera jarduteko modu eta manera? Baten kezkak eta bestearen larritasunak uztartzeko modukoak al dira? Bereiz ala elkarrekin?
Horri heldu dio Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, hogeita bost urte bete dituen honetan. Izan ere, aspaldi hasi ziren institutua eta unibertsitate bereko zuzenbide fakultatea, Euskara Juridikoaren Mintegia tartean zela, halako egitasmo berezian, euskara eta zuzenbidea lantzeko. Lagungarri eta babesle izan dute, haste-hastetik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta horren Itzultzaileen Zerbitzu Ofiziala.
Hartara, itzulpengintza zela eta, zuzenbidearen euskal testugintzari lekua eman zitzaion bertan, eta hiru sail nagusi abiadan jarri: lehena, eskuliburuena, gaurko ikasleei eta biharko legelariei ikasmaterialak eskaintzeko; bigarrena, lege-testuena, euskal legelari ororen eskuetan jarri dituena Euskal Herrian indarrean dauden lege-testu esanguratsuen argitalpen elebidunak (gaztelania-euskara), aurkibide eta guzti; eta, hirugarrena, Minor bilduma, terminologia-lanak plazaratzeko liburuxka eskuragarriak.
Horien egile eta eragileek oinarri-oinarrian izan dituzte hizkuntzaren eta zuzenbidearen aldeko eskakizunak eta premiak. Euskaltzaindiaren arauak bete, terminologiaren inguruko gorabeherak egokitu, proposamen zentzudunak egin, eta diskurtsoaren aldetik euskarazko testu erabilgarriak sortzea izan dira prozesu horren eginkizunik behinenak. Iritziak iritzi, badirudi, lehen begirada batez behintzat, ekimen pozgarri izan dela honako hau. Areago oraindik, Kode Zibila testu garrantzitsuarekin batera, Zigor Kodeak bigarren argitalpena izan duenean, urtebeteko aldian. Badira hor testu onuragarri eta erabilgarriak, euskal legelari eta itzultzaileentzat.
Horiek aurkeztu, eta, oro har, euskaraz ari diren legelarien eta itzultzaileen arteko bilgune eta eztabaida lekua eskaintzeko, sinposio aproposa
antolatu dute Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialak, kanpoko (Espainia nahiz Europako) eta bertako adituek ( Justizia Saila, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, IZO, UZEI, EIZIE, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua) euren iritziak jendaurrean ager ditzaten.
Hitz batez esateko, hona hemen, beste behin ere, euskaraz dihardugun legelari eta itzultzaileon arrangura erkideak eztabaidatzeko mintzatoki egoki eta era-erakoa.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA Deustuko Unibertsitateko irakaslea, notarioa eta euskaltzaina da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
- Data: 2004ko azaroaren 17 eta 18a
- Lekua: Deustuko Unibertsitateko Entzungela
- Antolatzaileak: Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea
- Sinposioaren koordinatzaileak: Santiago Larrazabal Basañez eta Eneko Oregi Goñi
LEHENENGO EGUNA (2004ko azaroaren 17a)
Goizeko saioa
- 9.30-10.00
- Harrera ofiziala: Jon Koldobika Urrutia jn. txit argia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, eta Santiago Larrazabal jn., Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendaria.
- 1. hitzaldia: Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ekina: hogeita bost urteko ekarria, Santiago Larrazabal jn., Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio zuzenbideko irakaslea, Euskara Juridikoaren Mintegiko kidea eta Euskal Gaien Institutuko zuzendaria.
- 10.00-10.45
- 2. Hitzaldia: Jurista, itzultzailea eta itzulpen juridikoa, Enrique Alcaraz jn., Alacanteko Unibertsitateko Filologia Ingeleseko katedraduna.
- 10.45-11.15
- 11.15-12.00
- 3. Hitzaldia: Europako Erkidegoko antolamendu juridikoa, zuzenbide eleaniztuna. Horrek itzulpen juridikoan dituen ondorioak (aipamen berezia Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiari), José Palacio jn., Europako Erkidegoetako Lehen Auzialdiko Auzitegiaren Idazkaritzako administratzaile nagusia eta Auzitegi bereko Itzulpengintza Zuzendaritzan Espainiako Sailaren jurista-hizkuntzalaria.
- 12.00-13.00
- “Kode Zibila eta Lege testu elebidunak” sailaren aurkezpen ofiziala*. Ekitaldian, Jaime Oraá jn. txit gorena, Deustuko Unibertsitateko errektorea, mahaiburu izango da eta alboan izango ditu Idoia Zenarrutzabeitia and. txit gorena, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburua, Jon Koldobika Urrutia jn. txit argia eta beste agintari batzuk, hurrengo erakunde hauen izenean: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Euskaltzaindia.
Arratsaldeko saioa
- 16.30-17.15
- 4. hitzaldia: Itzulpen juridikoa eta euskararen historia, Cesar Gallastegi jn., Zuzenbide Fakultateko administrazio zuzenbideko irakaslea, Euskara Juridikoaren Mintegiko kidea eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko kidea.
- 17.15-18.00
- 5. hitzaldia: Gerra ondoko itzulpen juridikoaren bilakaera: joerak eta emaitzak, Gotzon Lobera jn., Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailean euskara sustatzeko zuzendari nagusia, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko euskara tekniko-juridikoaren irakaslea eta Euskara Juridikoaren Mintegiko kidea.
- 18.00-18.20
- 18.20-19.05
- 6. hitzaldia: Hizkuntzalaritza eta itzulpen juridikoa, Adolfo Arejita jn., Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko Euskal Filologiako irakaslea, Labayru Institutuko kidea eta Euskaltzaindiko euskaltzain osoa.
- 19.05-19.20
BIGARREN EGUNA (2004ko azaroaren 18a)
Goizeko saioa
- 9.30-10.20
- 7. hitzaldia: Jurista euskalduna, jurista elebiduna, Andres Urrutia jn., notarioa, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko foru zuzenbide zibileko irakaslea, Euskara Juridikoaren Mintegiko koordinatzailea, Euskal Gaien Institutuko kidea eta Euskaltzaindiko euskaltzain osoa.
- 10.20-11.00
- 8. hitzaldia: Itzulpenaren harian: IZOren ekarria, Eneko Oregi jn., zerbitzu horren burua.
- 11.00-11.30
- 11.30-12.15
- 9. hitzaldia: Zuzenbidearen irakaskuntza eta euskara, itzulpenaren ikuspegitik: Deustuko Unibertsitatea, Esther Urrutia and., Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zuzenbide zibileko irakaslea, Euskara Juridikoaren Mintegiko kidea eta Euskal Gaien Institutuko kidea.
- 12.15-13.00
- 10. hitzaldia: Zuzenbidearen irakaskuntza eta euskara, itzulpenaren ikuspegitik: UPV-EHU, Itziar Alkorta and., Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zuzenbide zibileko irakaslea.
- 13.00-13.15
Arratsaldeko saioa
- 16.30-18.30
- Mahai-ingurua: Euskarazko testugintza juridikoa, itzulpenaren eskutik. Mahai-inguruaren moderatzailea Jon Landa jn., Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zigor zuzenbideko irakaslea, izango da, eta hurrengo hauek izango dira parte hartzaile: Esteban Umérez jn., abokatua, Justizia euskaraz elkartekoa, Josu Barambones jn., Justizia Auzitegietako itzultzailea, Karlos del Olmo jn., Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria, Leire Zenarruzabeitia, UZEIren izenean, eta Manu Arrasate jn., IVAP-HAEEko Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialeko kidea.
- 18.30
- Itxiera-ekitaldia: Rosa Miren Pagola and. txit gorena, Deustuko Unibertsitateko Ikasleen eta Hizkuntza Politikako errektoreordea.
Oharrak:
Hitzaldi, mahai-inguru, galde-erantzun eta jarduera guztiak euskaraz egingo dira, hurrengo hauek izan ezik: lehenengo hitzaldia eta Kode Zibilaren eta lege testu elebidunen sailaren aurkezpena euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta bigarren eta hirugarren hitzaldiak gaztelania hutsez. Ez da aldibereko itzulpenik egongo.
Argibideak
Sinposioko Idazkaritza.
(Rosa Buendía and.aren izenean)
Euskal Gaien Institutua.
Deustuko Unibertsitatea
Unibertsitateetako etorbidea, 24
E-48007 Bilbao.
Telefonoa: (+34) 944 139 225
Faxa: (+34) 944 139 388
Posta elektronikoa: estudios.vascos@deusto.es
www.iev.deusto.es
|