|
Giza ezaugarri eta emaitza esanguratsuenekin gertatu ohi den bezala, kulturari ere ezin zaizkio mugak zehaztu, ezin zaio muina guztiz definitu, ezin dugu, itzulinguruka ez bada, kultura zer den adierazi. Iruditzen zaigu badakigula zer den kultura, harik eta kultura zer den galdetzen diguten arte. Eta, orduan, ez baikaitu erantzun bakar batek ere asetzen, kulturak eskaintzen dizkigun obra eta emaitzei begiratzen diegu: hizkuntzari, arteari, munduan bizitzeko moduei, baloreei, jakintzari… Emaitzetan araka dezakegu, inon arakatzekotan, zer den kultura.
Kultura, giza nortasunaren espresio eta ospakizun. Kultura, hausnarketa eta ekintza. Kultura, mundua ulertzeko era bat, munduan egoteko manera bat. Kultura, joko-arauen onarpen gisa kontsideraturik, baina baita disidentzia eta desadostasunaren emaitza moduan ere. Kultura, tradizioaren eta etorkizunaren uztarketa. Kultura, gizarte zuzenago baten alde lehiatzeko premia. Kultura, edertasunaren aldeko apustua. Kultura, beste kulturekin elkar ulertzeko zubia. Kultura, giza gurarien zilegitasuna eta giza neurri benetakoen aitormena. Kultura, edo marka, arragoa, sukaldea eta memoria, transmisioa, sehaska eta biblioteka, erakusleihoa, kontzientzia kolektiboa, pentsamendua eta bizitza, oinordetza eta konkista, bidaia eta arriskua, iraganetik datorren presente baten etorkizuneranzko tentsioa, hurkoaren deskubrimendua, espiritu kritikoa, askatasunaren egarria, mugarik gabeko eremua, jakin-minezko irrika eta giza kontzientziaren ase ezina, nahiaren eta ezinaren espresatu behar emaitzez betea…
Hori guztia eta gehiago kabitzen da kultura kontzeptuaren zakuan. Zibilizazioaren iturburua da kultura, eta, aldi berean, ondorioa. Abiapuntua, bidea eta jomuga da; arkua, gezia eta itua. Bidaia.
Kulturari buruz hitz egiten hasi orduko, gizabanakoon esperientzi pribatua etortzen zaigu burura: sortzailearen lan bakartiak edo kultur emaitzen jasotzeko moduak horretara eramaten gaitu. Baina kulturaren dimentsio soziala azpimarratu nahi nuke nik gaurko ekitaldi honetan. Testuinguru tenporal eta geografiko batean -gaur eta hemen- gertatzen den giza fenomenoa da kultura. Gaurko eta hemengo parametro kultural jakin batzuen arabera pentsatzen dugu, gaurko eta hemengo parametro kulturalen arabera bizi eta erlazionatzen gara, parametro horien arabera eta horiei esker lantzen ditugu gure adimenaren eta sentiberatasunaren aukerak. Gizon-emakume guztiok gara, definizioz, kulturadun: kultur parametro jakin batzuen arabera espresatzen dugu gure giza esperientzia; ez dugu ezerezaren gainean sortzen, sortutakoaren komunikazioa ere ez dugu ezerezaren gainean eraikitzen; mundu ikuskera nolako, halakoa da elkarbizitzari eskaintzen diogun ekarpena…
Zeintzuk dira, ordea, euskaldunon kultur parametroak? Koldo Mitxelenak zioen euskaldunon berezitasuna ez dela "europartasunaren hezur-mamiei usain eta kolore berexi antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik". Ikuskeren eta idealen aniztasun halako bat da Euskal Herriaren ezaugarrietako bat. Baina nahiz euskaraz edo gaztelaniaz edo frantsesez jardun, nahiz gure ikuskera kulturalen tradizioa erabatekoa zein bestekoa izan, europarrak gara; Europan ditugu sustrai nagusiak; Europako jakintza dugu gure joanetorri intelektualen iturri; Europak garatu duen mundu ikuskerak bizi gaitu. Kultura da substantiboa, eta euskalduna, modernoa, kosmopolita, herrikoia edo bururatuko litzaigukeen beste edozein adjektibok substantiboa zehazten du eta gizentzen edo argaltzen, baina adjektiboak ezin lezake substantiboaren tokia hartu. Europar kulturaz hitz egiterakoan ere, kulturak garamatza, ez europartasunak, beste kulturetarako gizon-emakumeekin solidarizatu ahal izateko eremu komunera.
Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu. Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko. Gizarteak alor guztietan eskatzen duen kalitatea bermatu behar dizkio Administrazioak bai kultur kontsumoari bai sorkuntzari. Horretarako, hiritarrak jasoko dituen kultur produktuen kalitatea eta kultur sortzaileen independentzia bermatu behar ditu Administrazioak. Era berean, hiritarrak -kultur sortzaileak zein kultur kontsumitzaileak- eskubidea du kultur kudeaketaren demanda egiteko, kudeaketa jarraitzeko, kudeaketaren aurretik bere irizpideak emateko eta, ondoren, kudeaketa kritikatzeko zein txalotzeko. Hori guztia Administrazioaren eta administratuaren elkarren arteko hipotekarik gabe eta bien arteko zibiltasunez eramanda.
Benetan kontu zaila. Bai, baina kulturaren egiteko nagusia ez da ba utopiaren bideragarritasunean sinestea eta ahalegintzea?
(ANJEL LERTXUNDI ESNAL idazlea da)
- Hitz hauek Kulturaren Euskal Planaren aurkezpen ekitaldian eginikoak dira 2004-09-28an.
Gai honi buruzko informazioa sakonagoa (irakurtzeko gainean sakatu)
|