Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Errorik gabe

Errorik gabe

2004-12-02 / 07:03 / Joxe Manuel Odriozola Lizarribar   KULTURA

Euskal literaturarik ezin da sortu euskaraz ez bada, hori inork gutxik jartzen du zalantzan. Erdaraz izkiriatutako orriak, pentsaerak pentsaera eta ideologiak ideologia, ez dira-eta euskal literatura. Baina, ez dakit zer mirari dela medio, euskal kultura izateko ez dago euskararen beharrik nahitaez.

Juan Antonio Letamendiak Koldo Mitxelenaren zenbait hitzaldi izen bereko liburuan jaso zituenean, Errenteriako maisu handiak honela uztartu zizkigun hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak: Honek esan nahi du hizkuntzak eragiten duela kultura, eta kulturak hizkuntza (baldin barruti bereziak bezala hartzen baditugu), biek elkar determinatzen dutelarik, eta era berean determinatuak direlarik

Orain, Kulturaren Euskal Plana dela eta Alberto Barandiaranek Ramon Zallori Berrian egindako elkarrizketan (Berria, 2004-10-27), euskararen eta kulturaren arteko harremanak zehazteko orduan, eztabaidagarriak iruditzen zaizkidan hainbat iritzi daude. Orduko hartan Mitxelenak hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremanetan ez zuen ikusten lehenik eta bigarrenik, elkar taxutzen eta moldatzen zuten eragileak ziren biak. Zer dio, ordea, plazaratu berri diguten Kulturaren Euskal Planak auzi honi buruz?

Zalloren esanei bagagozkie, gauzak honelatsu ageri dira Planean: «Esan nahi da, beraz, euskal kulturaren kontzeptua euskararena baino zabalagoa dela, euskara, oinarrizkoa izanda ere, bere partea delako». Interpretazio-logika honen arabera, aldez aurretik badakigu non bukatuko dugun. Hizkuntza kulturaren baitako baldin bada, haren mirabe, ez dago batere arazorik euskaltasunaz haratagoko kultura-kontzeptua legitimatzeko eta ezartzeko, eta, azkenean, euskal hiritarra eta euskalduna parekatuz eta kidetuz, euskal kultura eta cultura vasca berdinduz, euskal kultura espainolez ere egin daitekeela zuritzeko. Alegia, Nazio-estatuek hemen eta hemendik kanpo ezarria daukaten kulturaren politika totalitarioa legitimatzeko. Kultura arrotza etxekotzeko bide erraza daukate hemen ideologia politikoek: jakina, zer esanik ez espainolistek, beraiek dira eta Hegoaldean hizkuntzazko eta kulturazko politika totalitario horren oinordekoak. Baina, dirudienez, ideologia abertzaleek ere ez daukate kezka handirik gai honetan, ideologia horiek eskuineko nahiz ezkerreko izan.

Erdara ere hemengoa dela zuritzeko, Mitxelenaren esanak hartu izan dira maiz ahotan. Ez dakit zergatik hartzen diren haren iritziak gogoan euskal identitatearen aurka jokatzeko bakarrik, oraingoan bezala, alde jokatzeko argudioak eskueran dauzkagunean. Adibidez, euskal literaturarik ezin omen da sortu euskaraz ez bada, hori zioen Mitxelenak. Erdaraz ekoitziak, pentsaerak pentsaera eta ideologiak ideologia, ez omen dira eta euskal literatura. Baina, ez dakit zer mirari dela medio, euskal kultura izateko ez dago euskararen beharrik nahitaez. Ezta euskal zinema egiteko ere. Ezta euskal pentsamendua izateko ere. Hots: ezta euskal pertsona izateko ere. Euskal pertsona, hau da, euskalduna, orain euskal hiritarra bihurtu zaigu gauetik goizera. Martxa honetan, ikusia dago zer gertatuko zaigun: Ilustrazioaren argitan sortuko dugu noizbait (Euskal?) Herri batua eta independentea. Zer ikusteko jaio ote gara!

Bagenekien, ikusia zegoen dagoeneko, delako euskal erro horrek ez digula balio gure gizartearen konplexutasuna ñabartzeko. Hasiak ginen euskarazko prentsa eta antzekoak esaten. Haren oinordeko lanak egiteko asmatu bide dugu hau. Kultura kolonizazioak, etnozidioak, akulturazioak, Nazio-estatuen totalitarismoak, ez dizkigute soil-soilik lurraldea, historia, nazio-erakundeak eta nazio-identitatearen ezaugarriak suntsitu. Horrekin batera geure kabuz pentsatzeko, izendatzeko eta sentitzeko ahalmena ere ostu dizkigute. Jadanik ez dakigu euskal izaera eta izatea zertan den.

Zalloren zehaztapenok ditugu aurreko horren argigarri: «Gaztelaniaz, “vasquidad” zera da, nork bere burua vasco-tzat hartzea; “vasquismo” hitzak, aldiz, beste zerbait ere badakar berekin: “euskal nortasuna” lantzeko jarrera aktiboa. Euskaraz, arazoa da “euskal” erroa hizkuntzari bakarrik lotzen zaiola (euskaraz mintzo den euskal herritarra da euskalduna); normala da hori horrela izatea erro horren bilakaera historikoari erreparatuz gero, baina horrek murriztu egiten du interpretazio eremua, baldin eta hitz horrek edo besteren batek ez badituzte beretzen, kontzeptuan eta komunikazioan, bi gizarte fenomeno. Alde batetik, euskaraz egiten ez duten euskaldun hiritarrak, euskal gizartearen parte direnak. Bestetik, (...) banakoak eta taldeak hizkuntzara (euskarara) erakartzeko modu jakin batez mintzo garenean eta kultur politika partekatuak egin dezakete horretarako modua, denok ados egongo gara honetan: oraindik eraikitzeko bidean diren gizarte demokratiko, libre eta herritarrentzat inklusiboetan, ez da ez zuzen eta ez komenigarri inolako zirrikiturik uztea “euskaldungoa-ez hain euskalduna” mailaketa egiten duten interpretazioei, izan interpretazio agerikoak, izan lausoak».

Orain modu zehatzagoan dakigu lehendik sumatzen genuena: zorioneko euskal erroak ez omen digu balio gure errealitate nazionala zuzen ulertzeko. Orain, errorik gabe, euskal-ik gabe, euskalduntasunik gabe, demokraziaren izenean, nazio-estatuek ezarri diguten ideologiara errenditu behar dugu derrigorrez, edo bestela, interpretazio-eremua murrizten ez duen hitzen bat asmatu. Zertarako behar dugu, ordea, kontzeptu berria? Gorago esan duguna ez esateko: alegia, gauza bat dela euskalduna izatea eta, beste gauza bat, arras bestelakoa, herri honetako hiritarra izatea.

Gure desarme ideologikoaren neurria zein neurritaraino iritsi den ikusteko, Zalloren eta bere kideen gidari intelektualek diotena ekarri nahi nuke hona. Jürgen Habermasen hitzak dira honako hauek: «Kultura aniztasunaren inguruan piztu berri den eztabaidak hiritartasunaren kontzeptu zaharkitua, koloreari dagokionez neutrala, berritzea ekarri du. Wil Kymlickak hiritartasun multikulturalaren kontzeptu berria sortu du, eta ni erabat ados nago berarekin. Hiritartasuna eskubide zibilen alorrean kokatzen den estatus jakin bati dagokio. Baina, jakina, kontuan izan behar dugu delako hiritar horiek, tradizio jakin batzuen baitan, kultura-ingurune zehatz batzuetan, garatu dituztela beren pertsona-identitateak, eta testuinguru horien beharra dutela beren identitateei eusteko».

Aldea dago, aldea dagoenez, hemengo jarraitzaile kikilduen eta hango gidari teorikoen artean. Herri honetan ez daukagu gaitasun teoriko eta ideologiko minimorik gauzarik oinarrizkoenak bereizteko. Eta Kulturaren euskal planean aritu direnek ere betiko harrian egin dute behaztopa. Kontzeptu inklusiboaren bitartez, euskalduna hemengo hiritar espainolaren mirabe izatera kondenatu nahi dute, Euskal Herria Espainiaren morroi, eta hori guztia demokraziaren eta askatasunaren izenean aurkezten digute. Erroak (euskal, euskaltasuna) abertzaletasunaren izenean erauzten dira hemen, de facto Hegoaldean hiritar espainolak izateko eta Iparraldean frantsesak. Erroetaraino espainoldua dago alde hau, eta espainoltasun hori inon baino argiago ikusten da abertzaletasun erdaldunean. Euskaraz pentsatzeko gaitasuna galdu duen herri honek, euskal hizkuntza eta euskaltasuna ez du sentitzen erdaraz sortutako mundu sozial eta kulturalaren axaleko axalean ez bada. Hizkuntza eta bizitzaren mundua ez ditu ikusten elkar determinatzen duten eragile gisa, elkar determinatuak diren eragile moduan, bizitzaren gain axaleko kontua da euskara halakoentzat. Eta Plan honen egileak horren lekuko.

Hizkuntzaren egitekoa tresna-funtzio hutsera murriztuta, euskararen funtsezkotasuna lausotzen ari zaizkigu hemengo espainolistak eta abertzaletasun erdalduna. Euskararen ikuspegi hori, Euskal Herriaren kontzeptu hori, ordea, gure herriaren hondamendia da, Euskal Herria euskararen herria delako eta bere izaera eta izatea hizkuntza horri zor diolako. Hizkuntzaren eta kulturaren arteko lehentasun-kontuak garbitzen hasiko bagina, bestalde, bateren bat bestearen aurretik jartzekotan, hizkuntza jarriko nuke nik neuk. Izan ere, hizkuntza da gizatasunaren lehen baldintza, horren baitakoa delako komunikazioaren jarduna, eta kulturaren mundua ez al da, azken batean, komunikazioaren harian ondutako unibertsoa? Hitz batean: euskarak euskaldun egiten gaituen bezala, espainierak espainol egiten gaitu.

(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR euskara irakaslea da Pasaiako Udal Euskaltegian)

Inprimatu


Erantzun

 
Hiritar
2004-12-02 / 17:08 / Edurne Alegria Aierdi

Jose Mari Odriozolaren idatzia dela eta, ohar bat egin nahi nuke "hiritar" hitzari buruz.

Hegoaldeko euskaldunnetzat, beraz gazteleraren eraginpean daudenentzat, "hiritar" hitza "ciudadano"ren itzulpena da, eta azken hau bi frantsez hitzen ordaina da:

  • "citoyen" = "être humain considéré comme personne civique", eta
  • "citadin" = "habitant d'une ville".

Argi dago euskaraz hiriko biztanlea "hiritarra" dela, beraz, baserritarrak ez al dira "citoyens"?

Alta, zergaitik ez dugu erabiltzen HERRITAR hitza eskubide eta betebehar zehatzak dituen pertsona izendatzeko (citoyen), eta "hiritar" hiriko biztanlea (citadin) bereizteko.


(EDURNE ALEGRIA AIERDI Euskal Itzultzale, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko EIZIE idazkaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com