![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Joserra Garzia & Andoni Egaña & Kike Amonarriz / Hizkuntza / 2004-10-29 / 07:03
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak hala eskatuta (*) euskararen kalitateari buruzko txosten hau lantzen hasi ginenean, berehala jabetu ginen hizkuntza kalitatearen kontzeptua bera argitu eta zehaztu beharko genuela nahitaez, beste ezertan hasterako.
Euskararentzat alor, eskualde eta hiztun berriak irabaztea izan da orain arteko kezka nagusia, eta hedatze lan horretan asko dago oraindik eginkizun. Oraintsu arte kezka ia bakar izan dugun horri, ordea, hedatzen ari garen euskararen kalitatearena gehitu zaio azken urteotan. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (1) ere (EBPN: IV.3.15) argi eta garbi ezartzen du kalitatearena une honetako lehentasunen artean:
“IV.3.15. Corpus-plangintza eta euskararen kalitatea
Euskarak berak ere eguneratu eta egokitu beharra du, jakina, gaurko premietara eta arlo nahiz eremu berrietara. Izan ere, eguneroko jardunean euskara lan-tresna eta komunikazio-hizkuntza dutenen beharra handia da. Hori dela eta, euskal lexikoa bateratzeko eta finkatzeko lan handia egin da Euskaltzaindiaren gidaritzapean, eta egiteke dagoena burutzeko, berriz, baliabideak jarri dira. Orain arte burutu den guztia informatizaturik da, bestalde. Euskararen corpusaz arduratzen diren erakundeek eta elkarteek duela gutxi arte ez zuten gaitasun-maila erdietsi dute, beraz.
Hala ere, norberaren hizkera ez da baztertu behar eguneroko bizitzatik, hizkuntza zuzenagoa eta egokiagoa erabiltzen baitu nork bere euskalkian. Besteak beste, ez dezagun ahantz, euskararen eta euskarazko baliabideen kalitatea hobetzeko apustua irabazi behar da urteotan.”
Euskararen egoeraz aldez edo moldez arduratzen direnen —edo garenon— artean kalitatea gero eta sarriago aipatzen den arren, ordea, ez dirudi denok gauza bera dugunik buruan “euskararen kalitatea” aipatzean. Aitzitik, bakoitzak bere erara ulertu eta erabiltzen du kontzeptua, eta horrela, bistan denez, nekez iritsiko gara elkar ulertu, diagnostiko zehatza egin eta arazoa konponbidean jartzeko hartu beharreko neurriak adostera.
Ohartzen gara, noski, “kalitate” hitza erabiltze hutsak albo kalte larriak sorraraz ditzakeela. Besteak beste, norbaitek uste izan dezake euskararen gramatika arauak guztiz eta erabat menderatu arte isilik egotea proposatzen ari garela hemen, eta horrek, jakina, bat baino gehiago atzendu egingo luke dakien euskara —ona, erdipurdikoa zein kaxkarra— erabiltzetik, eta horixe litzateke euskararen kalitateari egin genezaiokeen kalterik handiena. Txosten honetan, izan ere, euskararen kalitatea euskaraz komunikatzeko gaitasunarekin lotzen baitugu nagusiki: euskararen erabilerarekin, alegia, azken batean, argi eta garbi baitugu erabilera dela hizkuntzaren kalitatearen oinarri.
“Euskararen kalitatea” diogunean zer esan nahi dugun argitu eta zehazten saiatu gara, beraz, txostenaren hasieran. Amaitu, berriz, hainbat lan ildo proposatuz amaitu dugu, amaiera hasiera baino ez delako usteak oraingo honetan erdia ustel izango ez duen esperantza eta uste osoan.
Hiztun masa kritiko gutxieneko bat segurtatzea izan da, oraintsu arte, euskararen inguruko kezka nagusia.
Egoera minoritarioan dagoen hizkuntzaren hedapenak berekin dakar hedatzen den hizkuntzaren “kalitate”aren galera nolabaitekoa. Galera horrek bi eragile mota ditu:
“Euskaldunen kopurua gehitzeak badakar, neurri batean, kalitatearen galera, erdararen kutsaduragatik bereziki”.
“Lizardik baino prosa “hobeagoa” idazten du gaur edozein gaztek, baina inork ez du haren grazia… /… Mintza eta idazketa korrekto bat ahalegindu gara egiten, estilorik gabeko bat, jardun neutro bat, mintza eta idazketa inuzentaren bila. Eta beharrezkoa zen. Bizitasuna sakrifikatu behar zen korrektotasunaren truke, euskara biziko bazen”.
Izagirreren hitzok 1981ekoak badira ere, esan liteke kalitatearen inguruko kezka ez dela 1997 aldera arte nagusitu.
Badirudi, beraz, kalitatea dela gaur egun euskararen inguruko kezka nagusietako bat, nahiz kantitatean oraindik ere asko dagoen egiteko (hiztun, eskualde eta alor berriak irabazi beharra). Baina, oro har, nekez eztabaida liteke, hedatze lan horrekin batera, hedatzen ari garen hizkuntzaren kalitatea zorrotz zaindu behar dugula.
Oharrak eta argibideak
“Kalitatea”, kontzeptu lauso eta nahasia da hizkuntza kontuetan. Aski da kalitateaz dihardutenen lanak irakurtzea horretaz ohartzeko. Hona hemen “kalitate” hitzari eman izan zaizkion adiera zenbait:
Guztiarekin ere, “kalitateaz” dihardugunean, arriskurik handiena zera da: hizkuntza kalitatea paradigmatik, gramatika hutsetik kontsideratzea. Tamalez, hori da, salbuespenak salbu, eskolan eta hedabideetan dabilen eredua.
Hizkuntza kalitatearen parametroak, beraz, ez daude hizkuntza barruan, kanpoan baizik.
Hizkuntzaren kalitatea eraginkortasunean jarrita, urrats handia egingo genuke, bide batez, motibazioaren alorrean.
Euskararen kalitatearen hiru mailak
Kalitatearen alderdi guztiak eredu bakarrera biltzen hasita, Ibon Sarasolak (9) proposatutakoa iruditzen zaigu eredurik baliagarriena.
| Zuzentasuna | Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara da zuzena, arau horiek aplikagarriak diren egoera komunikatiboetan. Ortografia, joskera, ahoskeran… maila askotan daragi zuzentasuna. |
|---|---|
| Jatortasuna | Euskararen senaren edo usadioaren araberakoa da euskara jatorra. “Entrenatzailea zirkunstantzia aurpegiarekin atera zen aldageletatik” euskara zuzena izan liteke akaso, baina ez da jatorra. “Entrenadorie halamoduzko aurpegixaz urten zeban bestuarixotik”, aldiz, jatorra da, nazio mailako egoera formaletarako zuzena ez izan arren. Ideala, esan dugun moduan, zuzena eta jatorra izatea litzateke. |
| Egokitasuna | Bere xederako egokia dena da euskara egokia, eta, Mitxelenak zioen bezala, hizkuntzaren xedea eragitea da batez ere. Egokitasun kontzeptu honetan txertatzen dugu, beraz, eraginkortasunaren alderdia, nahiz jakin batzuek (Esnal eta Zubimendik, esaterako) guk “jator” esaten diogunari esaten diotela “egoki”. |
Orain arteko ahaleginetan, oro har, zuzentasunari eman izan zaio lehentasuna, eta hurrena jatortasunari.
Zuzentasunaren eta jatortasunaren aldean, kontzeptu aldakorra da egokitasunarena.
a) Xedea.
b) Xede-taldea, edo audientzia.
c) Mezu-bideak.
d) Hiztun edo hizlariaren hizkuntz gaitasuna.
| Euskara zuzenaz, jatorraz eta egokiaz aritu gara. Irizpideak erabat finkatzeko asmorik gabe, argigarri izan daitezkeen adibide batzuk ekarri nahi izan ditugu hona. Hezkuntza arautuan egin izan ditugu hainbat proba, eta proba horien emaitzaz baliatuko gara adibideak jartzerakoan. 13-14 urteko neska-mutikoei honako ariketa jarri genien behin: “Gurasoen lana dela medio, beste herri batera joan behar izan duzu bizitzera. Apenas duzun lagunik. Egizu herriko aldizkarian argitaratzeko moduko iragarki bat, nor zaren azalduz, lagun eske. Labur, badakizu-eta egunkarietako iragarkiak garestiak izaten direla”. Hona erantzunetako batzuk: a- Moises izena dut eta herri honetan berria naiz orain dela gutxi etorri behar izan dudalako. Nire laguna izan nahi baduzu, dei egin ezazu telefono honetara: (xxxxxxxxx). b- Libe nahiz. Ile-horia eta enroyatua nahiz eta arratsaldetan batzuetan ez dut jakiten zer egiten kalean. Zu ere berdin bazara, jarri nirekin kontaktuan. (xxxxxxxxx). c- Mikel da nire izena. Bakarrik nago. Lagunak behar ditut. Zuk ere bai? Idatzi! Egizu nire buzoiak eztanda egitea!!! (xxxxxxxxx). d- Xabier nauk/naun. Surfa eta igeriketa gustatzen zaizkit. Deitu eta deputamadre pasatuko dugu. Nire telefonoa: (xxxxxxxxx). e- Zintzilik nago, txaparroak eguzkitan lehortzen bezala. Ez gero ni hola utzi! Deituko? Ez zara damutuko. Iker. Telefonoa: (xxxxxxxxx).. Zuzen-Jator-Egoki irizpideen arabera, honako burutazioak ibili genituen epaitzerakoan: a- ZUZENA da. JATORRA ere bai, neurri batean. Baina ez da EGOKIA. Lortu nahi duen xederako ez du euskara eragingarria erabiltzen. Nolanahi ere, behar lituzkeen tresna gutxi batzuk emanda, jarriko litzateke ikasle hau hizkuntzaz gozatu eta hizkuntza gozagarri erabiltzeko moduan. b- Ez da ZUZENA. Ez da noski, EGOKIA. Ezta JATORRA ere. Urruti dabil ikasle hau alde guztietatik. c- ZUZENAren muga-mugan dago. Baina ez da JATORRA. Senaren eta usadioaren aurka doa. Erdarakada begi bistakoa da “egizu nire buzoiak eztanda egitea!” delako esaldi hori. Baina izan daiteke EGOKIA. Esan indarra du. Gainerako 200 ikasleetan inork ere erabili ez duen esamoldea da. Litekeena da batek baino gehiagok idaztea bere buzoira. Oso gutxirekin bihurtuko genuke ikasle hau euskara EGOKIAren jabe. d- Ez da ZUZENA. Hika darabil hasieran, eta da zuka gero, tresnak —kasu honetan hitanoaren erabilerak— huts egiten diolako. Baina EGOKIagoa da halere, den-dena zuka egin balu baino. Asmoa, antzeman egiten zaio. Hizkuntza adierazkorraren bila doa, nahiz horretarako erdararen beharra izan (euskarak huts egiten dio eginkizun horretan). Hitanoa horretarakoxe dela erakutsi behar zaio; ez dela paradigma hutsa. e- ZUZENA da. Eta EGOKIA ere bai. “Txaparroen” lokalismoa (gizonezkoen bainu jantziari hala esaten zaio Zarautz aldean) zilegi ez ezik komenigarri ere izan daiteke, herri-aldizkarirako baita iragarkia. Beste esparru bateko hedabide baterako balitz, ez litzateke hain EGOKI, ulermena zailduko bailuke. Jatortasunean kriki-kraka txiki bat egiten du belarrira “zintzilik nago” horrek. Eta beste muturrean, sintaxi ezin jatorragokoa da “ Ez gero ni hola utzi!”. Agian, DESEGOKI puntu bat izateraino, jatorraren jatorrez, hartzailea zein den kontuan harturik ez ulergarri ere izan baitaiteke |
Hizkuntza estandarra, aldaerak eta erregistroak
Estandarra, aniztasuna gainditzen duen aldaera da. Hiztunek ezagutua eta onartua izan behar du:
Hizkuntzaren aldakortasuna, guztiz da berezkoa, Toni Mollàk (12) dioen bezala: “Hizkuntza ez da ez monolitikoa, ez aldaezina. Aitzitik, hizkuntza heterogeneoa eta dinamikoa da (nola egituran hala erabileran ere)”. Isidor Marík (13) honela sailkatu zituen edozein hizkuntzatan bereiz daitezkeen aldaera eta erregistroak:
a) Egituraren araberako aldaerak:
b) Erabileraren araberako aldaerak:
Klase edo gizatalde bakoitzak hizkuntz aldaera jakin bat erabiltzen du. Ad: Giza dialektologia / Argotak. Horrelakorik sortuko bada, gutxieneko baldintzok bete behar dira ezinbestean: masa kritikoa, erabilera dentsitate nahikoa eta erreprodukziorako mekanismo sozialak erabiltzea (komunikabideak, irakaskuntza...)
Hiztunok ez dugu beti berdin hitz egiten. Aldian aldiko leku, egoerara egokitzen dugu geure hizkuntza, bai estilistikoki bai funtzionalki, eta adinarekin ere aldatu egiten da hizkuntza. Honako aldagaion araberakoa izaten da hizkuntz aldaketa:
Hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka planteatzen denean (haur eta gazteen hizkerari dagokionez batez ere), kasurik gehientsuenetan honako gabeziak nabarmendu nahi dira:
Alegia, hizkuntza birsortzeko mekanismoak ez dabiltzala ondo, eta zailtasunak ditugula, hizkera informal-kolokialean, maila lokaletik (euskalkiaren aberastasunetik edo inguru geografiko/sozial konkretuetako hizkuntza gutxi edo gehiago aberatsetik) maila nazionalerako jauzia emateko. Hizkuntza birsortzeko mekanismoek funtzionatuko badute, gune edo ingurune oso euskalduna behar da, motibazio bizikoa, hizkuntza tresnatzat hartu eta erabiliko duena.
Euskararen kalitatearen adierazle garbi izan litezkeen datuak eskaintzea da atal honen helburua, gai horretaz egin diren azterketen emaitzak barne direla. Hona hemen datu-emaitza horietan esanguratsuenak iruditzen zaizkigunak, haiei buruzko hausnarketa-iruzkinekin batean.
Egiturazko aldaketa:
Azken bi belaunaldi hauetan, euskararen hizkuntz komunitateak aldaketa sakonak izan ditu bere barne egituran.
Euskararen egoera funzionala desorekatua —minorizatua edo minoritarioa, alegia— izanik, inguruko bi erdarek sekulako distortsioak sorrarazten dituzte euskal hizkuntz komunitatearen barne garapenean, garapen hori guztiz baldintzatzeraino.
Honen guztiaren ondorioz, euskal hizkuntz komunitatearen edo hiztun elkartearen barne ezaugarriak guztiz aldatu dira azken urteotan:
Euskararen ezagupenari buruzko abiapuntuko argibideak:
Hizkuntza gaitasunaren bilakaera, Euskal Herria (1991-2001)
![]() |
Hizkuntza-gaitasunaren bilakaera, EAE (16-24 urte)
![]() |
Hizkuntza-gaitasunaren bilakaera, EAE
![]() |
Euskarak mendeetan ezagutu ez duen lurralde hedadura lortu du azken hamarkadatan, batez ere haur eta gazteei dagozkien adin esparruetan.
Adin batetik behera ia euskaldun guztiak alfabetatuak dira.
Gazte euskaldunen artean gero eta gehiago dira jatorri erdaldunekoak (euskara lehen hizkuntza izan ez dutenak) eta hiriburuetan edo/eta zonalde erdaldunetan (euskaldunak %20 baino gutxiago direnetan) bizi direnak.
Euskara ikasten duten haurren testuinguru soziolinguistiko hurbila gero eta askotarikoagoa da:
Euskararen transmisioaz
Euskararen transmisioan asko aurreratu da (Iparraldean izan ezik). “Euskararen Jarraipena III”n (17) honako emaitza hauek aurki daitezke:
Belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eten nabarmena egon da. Gazteen eta zaharren euskarak desberdinak dira, eta horren kontzientzia hedatua dago. Bestalde, gazteen gaur egungo euskara, belaunaldien arteko “liskarraren” ondorioa ere bada. Gazteek “beren” hizkera sortu nahi dute “boterearen” (irakasle eta gurasoen) hizkeraren aurka (alegia, estandarraren aurka).
Familiatik jasotako ereduaz gain, haur eta gazteek euskararen erreferente oso desberdinak jaso ohi dituzte (eskola, telebista eta komunikabideak, musika eta literatura, ingurua...). Inoiz ez bezala, gaur egungo haurrak eta gazteak, tokian tokiko euskalkiaz (bizirik dirauen lekuetan) eta estandarraz gain, euskararen bestelako erregistroak ere modu natural eta sistematikoan jasotzen ditu.
Askotan, familia ez da erreferenterik nagusiena. Are gehiago, maiz gertatzen da haurrek “kanpotik” dakarten euskara “okerra” nagusitzea:
Fenomeno hauen guztien ondorioz, belaunaldi berrien euskara gero eta eklektikoagoa da, ahozko harremanetan sistematikoki nahasten direlarik euskara batua, erdarakadak, norberaren hizkera edo euskalkia (bizirik dagoen lekuetan) edo/eta beste euskalkiak.
Euskararen erabilpenaz
Euskararen erabilera esparruak oso mugatuak izan dira aurreko mendeetan. Gaur egun, aldiz, inoiz bete izan ez dituen esparru funtzional berrietan normaltasun osoz erabiltzen da euskara. Aldi berean, ordea, erdaren presentzia gero eta handiagoa da orain arte euskararenak izan diren zenbait esparrutan. Lehen, gutxiagok eta esparru gutxiagotan egiten zuten euskaraz, baina horien artean baziren bere bizitza osoa euskaraz garatzen zutenak; gaur egun, denak elebidunak gara, eta euskararenak bakarrik ziren esparru horietara ere iritsi da, aldez edo moldez, erdaren eragina. Alegia, gehiagok eta esparru gehiagotan hitz egiten dute euskaraz, baina erdararen presentzia eta interferentziak gehiago eta handiagoak dira.
Haurrak eta gazteak dira euskararen erabilpenean gora nabarmenkien egiten ari diren adin multzoak.
Euskararen erabilera, Euskal Herria (1991-2001)
![]() |
Euskararen erabilera, lehen hizkuntzaren arabera. EAE (16-24 urte)
![]() |
Hala ere, gazteen euskararen erabilpena ez da ezagupenaren proportzioan handitu. Zonalde erdaldunetan, gazteen euskararen erabilpena erabat anekdotikoa da, eta arriskuak begi-bistakoak dira: asignaturizazioa (eskola gai huts bihurtzea euskara) eta, azken batean, euskara erabiltzeko motibazioa galtzea.
Gazteek beren arteko harremanetan nagusiki euskara erabiltzen duten herrien zerrendan apenas agertzen den 2.000 biztanletik gorako herririk. Aitzitik, asko dira gazteen artean euskararen erabilpena %2ra iristen ez diren herri eta hiriak. Zonalde euskaldunetan, hala ere, badira ia erabat euskaraz bizi diren haur eta gazte hiritarrak.
Euskararen ezagupen erlatiboaz, erregistroez eta adierazpen ahalmenaz
Inkesta soziolinguistikoaren arabera, hiru dira euskararen erabilera baldintzatzen duten faktoreak, nahiz hirugarrenaren eragina apalagoa izan:
Euskararen ezagupen erlatiboari dagokionez, askoz gehiago dira erdaraz hobeto moldatzen direnak euskaraz baino. Euskaraz hobeto moldatzen direnen kopurua finko samar ageri da azken urteotan.
Hizkuntza-gaitasun erlatiboaren bilakaera. Euskal Herria, 1991-2001
![]() |
Gazte euskaldunen euskara maila, oro har, ez da ona; ez ditu asebetetzen beren behar komunikatiboak. Gazte euskaldun gehienek adierazkortasun arazoak dituzte:
Erregistro bakarreko “estandarra” baizik ez daki askok. Bestalde, zuzentasuna eta egokitasuna nahastu, eta zuzendu behar ez liratekeenak ere zuzendu egiten zaizkie askotan:
Gero eta zailagoa da gazteen hizkuntz erregistroa identifikatzea. Hizkera nahasia da. Erdiak baino gehiagok (%54) ez daki herriko hizkeraz hitz egiten (I.Mz de Luna eta K. Berri-Otxoa (27))
Batua, norberaren hizkera edo euskalkia, gainerako euskalkiak, erdarakadak… den-denak nahasi erabiltzen dituzte gazteek, jatorri eta zonaldearen arabera proportzioak desberdinak badira ere.
Euskararen inguruko motibazio, jarrera eta iritziez
Gazte gehienek (eta nagusiek ere) funtzio komunikatiboa ematen diete erdarei; euskarari, aldiz, funtzio sinbolikoa eta politikoa. Hizkuntza desberdinen arteko funtzio banaketa zehatza ezartzen dute. Euskararen alde daude, baina praktikan euskararen “estatusa” bere horretan onartzen da. Iparraldean bereziki baserriari eta iraganari lotua da euskara. (I.Mz de Luna eta K. Berri-Otxoa (29))
Testuinguruak eta aukera politikoak eragin zuzena dute gazteen euskararekiko jarreretan.
Euskarazko kultur produktuen kontsumoak ez du, gazte euskaldunen artean, legokiokeen proportzioan gora egin. Ondorioz, euskarazko erreferentzia sinboliko eta errealen hutsunea nabarmena da. (Euskarazko kultur produktutzat, bai euskaraz sortutakoak eta bai erdal hizkuntzetatik itzuli edo egokituak hartzen ditugu hemen).
Molde berriak
Teknologia berrien eraginez, eta inguruko hizkuntza guztietan bezala, euskaraz ere ziber-hizkera berriak sortu dira, bi ezaugarri nagusi hauekin: hitz egiten den bezala idazten da (maila informaleko harremanetan), eta laburdurak etengabe erabili.
Erabilera informal hauetan, ordea, ageri-agerian geratzen dira gazteen ahozko kodeak dituen gabeziak: erdarekiko menpekotasuna, erabilera okerrak, hizkuntzaren pobretze espresiboa, sorkuntzarik eza...
Globalizazioa
XIX. mendearen hasieran euskaldun gehienak elebakarrak ziren; XXI. mende amaieran, aldiz, gehienak eleanitzak izango dira, itxura guztien arabera. Gaztelania edo frantsesarekiko mendekotasuna, euskarak orain arte pairatu izan duena, norabide bakarrekoa zen. Aurki, ordea, mundu mailakoa izango da euskararen mendekotasuna: ingelesarekikoa, alegia. Mendekotasun egoera batetik bestera goaz, beraz. Bien bitarte horretan, euskara bera aldatu egingo da, jakina, hizkuntza nagusien eraginez.
Egoera berri horretan, ezinbestekoa izango da euskararen erabilera eta egokitzapen linguistikoa bermatzea gizarte-funtzio guztietan. Besteak beste, garapen tekniko-terminologikoaren bidez.
Ondorioak:
Euskaldunon hizkuntz komunitateak funtsezko aldaketa kuantitatiboak eta kualitatiboak ezagutu ditu bere baitan azken mendean, eta areago azken hamarkadetan. Funtsezkoenen artean honako hauek aipatuko ditugu:
Bistan da, beraz, euskal hizkuntz komunitatearen egitura sakonki astintzen eta eraldatzen duen prozesu global baten aurrean gaudela. Hala, bada, hizkuntzaren kalitatearen inguruko hausnarketek errealitate horixe hartu behar du, nahitaez, abiapuntutzat, beti ere gogoan izanik errealitate konplexua dela, asko eta askotarikoak baitira kontuan hartu beharreko faktoreak.
Aitzin oharra
Ikasketa prozesua eta erabilera guztiz loturik daude; erabilera bera da neurri handi batean ikasteko modurik egokiena, eta baita ezagupena finkatu eta sozializatzeko berme nagusiena ere.
Euskarazko hitz, esamolde, lokuzio eta esaera asko arrotz egiten zaizkie haur eta gazte askori. Batzuetan ezagutu ere ez dituzte egiten, eta ezin beraz erabili. Baina, sarri, ezagututa ere ez dituzte erabiltzen, beren inguruan horrelakorik ez delako erabiltzen edo erabiltzekotan “zaharrek” erabiltzen dituztelako, ez beren adinkideek: zahar kutsua hartzen dietela, alegia, eta horregatik ez dituztela erabiltzen.
Erabilera esparruak irabaztea ezinbestekoa da, beraz, hizkuntzaren kalitatean eta adierazkortasunean aurrera egitekotan.
Oinarrizko faktoreak eta baldintzak
Kalitatezko hizkuntza izateko, derrigorrezkoa izango da hizkuntza horretan hitz egingo duen komunitate bat izatea, eta hizkuntza horrek bere garapenerako ezinbestekoak diren baldintzak bermatuta izatea. Euskaldunik ez badago, euskaldunek ez badute euskaraz egiten —edo ez badira gai garai berrien eskakizunetara egokitzeko—, ezinezkoa izango da kalitatezko hizkuntzarik sortzea.
Hizkuntzaren kalitateaz hitz egitea, beraz, hizkuntzaren normalizazioaz hitz egitea da. Bere egoera normalizaturik ez duen hizkuntz komunitateak beti izango ditu gabeziak. Aldi berean, komunitate hori zenbat eta beregainago eta hizkuntz kalitatean aurretuagoa izan, orduan eta normalizatuagoa izango da.
Prozesu hau erabat dinamikoa dela —eta aurrerantzean ere hala izango dela— jakinik, esan dezagun, hala ere, gutxieneko normalizazioak honako hiru ezaugarriok eskatzen dituela:
Motibazioa
Motibazioaz beste txosten bat landuko bada ere, aipatu beharra daukagu motibazioaren puska handi bat hizkuntzaren beraren baitan dagoela.
Familia eta berezko ingurunea
Mendez mende, familia eta berezko ingurunea izan dira euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatu dutenak. Familia egitura aldatzen ari da, ordea, eta berezko ingurune euskaldunak murrizten. Gero eta gehiago dira familietan euskara jasotzen ez duten haurrak.
Hala ere, datuek adierazten digutenez, lehen hizkuntza gisa (bakarrik edo erdararekin batera) euskara ikasitakoak dira gero ezagupen eta erabilera mailarik onenak izatera iristen direnak.
Premiazkoa da, beraz, euskararen euskarririk sendoenak diren familia eta berezko inguruneak babestea eta sendotzea. Euskaldunik ez dagoen familia eta inguruetan, berriz, bestelako estrategien bidez bermatu behar da transmisio naturalaren bidez lortu ezin daitekeena. Honako hauek izan litezke aipatu “bestelako estrategia” horietako batzuk: haur eskolak, haur hezkuntza, zaintzaile eta hezitzaileak, euskararekiko harremanak sendotzea familian, kalean eta haurraren inguruan...
Gurasoengandik seme-alabenganako hizkuntz transmisioan eten nabarmena gertatu da. Sarri, euskaldun zahar alfabetatugabeek konplexu halako batez jokatu izan dute, darabilten euskalkiari nahiz beren hizkuntz gaitasunari balio gutxiko iritzita edo. Premiazkoa da, beraz, jokabide hori irauli eta norberaren hizkuntz ondarearen transmisioak duen garrantziaz jabetuaraztea, euskaldunen bat dagoen familietan euskararen berezko transmisio hori segurtatzeko.
Hezkuntza sistema
Bigarren atalean aipatua, Lertxundirena (31), izan liteke diagnostiko orokorra:
“Gero eta irakasle gehiago dago Espainian —Europan aspaldikoa da joera— hizkuntzaren irakaskuntza gramatikala arbuiatzen duena, lehendabiziko hizkuntzan batez ere. Guk, ordea, begien aurrean genuen eredurik estuenaren aldeko apustua egin dugu. Hizkuntzaren deskribapena lehenetsi dugu hizkuntzaren beraren erabilera espresiboaren kaltean”.
Hizkuntzaren ikasketa zuzentasun hutsetik egituratzen bada, ezinezkoa da ikasleengan motibaziorik sortzea.
Esan dugun horrek badu beste ondorio bat ere. Lagun arteko hizkera, argotak eta jergak, ez dira zuzenean eskolaren langai.
“Ez dugu ahaztu behar norma eta hizkuntza bizia etsai direla” (I. Sarasola (32) in BAT42).
Hedabideak
Euskararen kalitateari eskaintzen dioten arretaren arabera, bi sail handi egin litezke nazio mailako euskarazko komunikabideetan: idatziak, batetik; eta ikus-entzunezkoak bestetik. Kalitatearekiko ardura handiagoa erakutsi dute orain arte idatzikoek ikus-entzunezkoek baino. Kalitatea zaindu duten kasuetan ere, zuzentasunari —eta, neurri apalagoan, jatortasunari— erreparatu izan diote orain arte hedabideek, eta, salbuespen gutxi batzuk salbu, egokitasuna bermatzea ez da lehentasunen artean agertzen.
Eskolak ez bezala, hedabideek erregistro bat baino gehiago lantzeko aukera dute, eta baliatu behar lukete, horretarako daude-eta, besteak beste, generoak.
Kontua berez aski larria izaki, are larriagoa da eraginkor —hots: egoki— izatea beste funtsik ez duten generoetan, hala nola publizitatean. Egokitasunaren jardun paradigmatikoa da publizitatea: huts egin dezake zuzentasunean edo jatortasunean, baina inola ere ez egokitasunean, bere izateko arrazoia galduko luke-eta horrenbestez. Euskarazko publizitatea, aldiz, gaztelerazkoaren itzulpena da gehienetan, eta, kasurik onenean, zuzena-edo izatea gerta liteke. Suerte apur batez, jatorra ere bai. Euskarazko publizitatearen euskara egokia izatea, aldiz, mirari baino ez da, publizitate prozesuetan euskarak izan ohi duen tokia kontuan harturik. Euskararen aldeko kanpaina instituzionalak ere erdaraz landu eta erabakitzen dira gehienetan, azken unean itzultzaileren bati ematen zaizkiola.
Programa edo sail bat sortzen denean, eduki-ildoa finkatzen den bezala finkatu behar litzateke dena delako sail edo programa horretan erabiliko den hizkeraren nondik-norako nagusia. Ez dago denetarako balio duen eredu bakar bat ezartzerik. Publizitate prozesuetan, hasiera-hasieratik bermatu behar litzateke euskararen presentzia.
Teknologia eta hedabide berriak
Esan berri duguna are egiagoa da hedabide berrietan. Ahozkoa eta idatzizkoaren arteko mugak ezabatzen ari dira, nabarmen, Interneten (e-mail, blaga) eta SMS edo sakelako telefono bidezko mezuetan. Arlo horietan erabiltzen den hizkera estandar nagusiaren ikuspegitik juzkatzea, astakeria galanta da.
Teknologia eta hedabide berrietan funtsezkoa izango da euskarazko produktu eta zerbitzuak eskuragarri eta erakargarriak izatea. Horretarako, ordea, euskarazko edukiak ugaldu eta ezagutarazi behar dira, haien kontsumoa bideratu eta bultzatuz.
Horretarako behar diren oinarri teknologikoak landu behar dira: hizkuntzaren corpusari dagozkionak, era guztietako zuzentzaileak, edo hizkuntzaren erabilera bermatuko duten bestelako euskarriak.
Hedabide berriek gero eta presentzia handiagoa dute —eta areago izango dute— hezkuntza sisteman. Eusko Jaurlaritzaren “Premia” programari esker, ikasle bakoitzeko ordenagailu ratioa handiagoa dugu EAEn Espainian baino. Programa horretaz —eta, oro har, teknologia berriez— arduratzen direnek behin eta berriz aipatzen dute teknologia berriotan sartzen diren edukiak ezin direla izan paper euskarrikoen kalko, kopia edo eskaner huts, euskarri bakoitzak bere formato propioa eskatzen duela, bertan jartzen diren edukiak eraginkor izango badira. Mezua euskarriari egokitu behar horretan, ordea, sekulako garrantzia dute erabiltzen diren hizkera eta erregistroek, eta hori, tamalez, gutxitxo aipatzen da teknologia berriak ezarri eta kudeatzeko ardura dutenen artean. Komenigarria litzateke, beraz, alor horretan dabiltzanentzat ikastaro edo hitzaldi sorta batzuk antolatzea, teknologia berriak ezartzean euskararen kalitatea atzenduta gera ez dadin.
Beste jarduera esparruak
Giza talde bakoitzak, jarduera bakoitzak, bere hizkera propio eta berezia du. Azken urteotan ahalegin handia egin da euskara egokitze eta osatzeari dagokionez, euskara edozein jardueratan erabilgarri bihurtzeko: administrazioan, lan munduan, zerbitzuetan, kirolean ...
Esparru horietan ere, arestian aipaturiko parametro berberetan planteatzen da hizkuntzaren kalitatearen auzia. Izan ere, euskararen erabilera sektorialak zenbat eta aberatsago eta osatuagoak izan, orduan eta hobea izango da hizkuntzaren kalitate maila orokorra ere. Bestalde, sektore hauetako euskalduntze programei ere guztiz aplikagarriak zaizkie hezkuntzaren inguruan aipatu ditugun hausnarketak.
Euskarazko edukien sorkuntza, hedapena eta gizarteratzea
Euskarazko edukien, produktuen eta zerbitzuen eskaintza gero eta zabalagoa da: literatura, musika, hedabideak, kirola, aisia, ...
Zabaltasun eta aniztasun hori da nazio mailako erregistro desberdinen sorrera, hedapena eta erabilera ahalbidetzeko oinarririk sendoena, erreferente komunak sortzeko aukera eskaintzen duelako; bai hizkuntza erreferenteak (Euskal Herri osoko hiztunek ulertu eta erabiliko dituztenak), eta baita erreferente informatibo-sinbolikoak ere.
Erregistro horien hedapenerako, ordea, ezinbestekoa da eduki horiek ezagutzea eta kontsumitzea Euskal Herri osoan.
Orokorrak
Motibazioa
Familia eta ingurune hurbila
Hezkuntza sistema
Hedabideak
Teknologia eta hedabide berriak
Beste jarduera esparruak
Euskarazko edukien sorkuntza, hedapena eta gizarteratzea
(JOSERRA GARZIA GARMENDIA, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da; ANDONI EGAÑA MAKAZAGA, idazle eta bertsolaria da; eta KIKE AMONARRIZ GORRIA, Soziolinguista eta Argia aldizkariaren sustapen arduraduna da)
(*) Euskararen Aholku Batzordea hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko harreman-organoa da. Egitekoen artean ditu, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-normalkuntzari buruzko gaiak aztertzea eta ikertzea eta euskararen erabilerari buruzko xedapenak ondo ezartzeko behar diren neurriak proposatzea Eusko Jaurlaritzari eta dagokien erakundeei.
Kulturgintzaren eta Komunikabideen Jarraipenerako Batzorde-atalak 2003ko matxoaren 27an izandako bileran, batzorde-atal horrek langai izan ditzakeen hainbat gai identifikatu zituen eta, besteak beste, Euskararen kalitatea deiturikoa jo zuen lehentasunez jorratu beharrekotzat.
Halaber, erabaki zuen, gaiaren inguruko mapa orokorra egitea, esparruak eta atalak finkatzeari begira. Honekin batera, hainbat kidek proposatuta, Joserra Garzia jaunari, Kike Amonarriz jaunari eta Andoni Egaña jaunari eskatu zitzaien horren gaineko dokumentua idaztea. Batzorde-atalean finkatu zen prozeduraren arabera, oinarrizko txostena mahai gainean jarri, eztabaidatu eta osatu egin zen.
“Euskararen kalitatea,- Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako-“ izeneko argitalpena beraz, Kulturgintzaren eta Komunikabideen Jarraipenerako Batzorde-atalak 2003. urtean egindako azterketaren eta hausnarketaren emaitza da.
Hona hemen, ba da, Euskararen Aholku Batzordeak euskararen kalitatearen inguruan euskal hiritar guztiei, eta, bereziki, eragile publiko zein pribatuei zuzentzen dizkien aholku-proposamenak, lagungarri izango zaizkielakoan.
(1) Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila (1999): Euskara Biziberritzeko Plan nagusia. Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
(2) Izagirre, Koldo (1981): Euskal Lokuzioak, hitzaurrea, XXII. Donostia. Hordago
(3) Sarasola, Ibon (1997): Euskara Batuaren ajeak. Irun. Alberdania.
(4) Garzia, Juan (1997): Joskera Lantegi. Gasteiz. HAEE
(5) Izagirre, Koldo: op. Cit.
(6) Zuazo, Koldo (2000): Euskararen sendabelarrak, Irun, Alberdania.
(7) Esnal, Pello eta Zubimendi J. (1993): Idazkera liburua. Gasteiz. Eusko Jaurlaritza
(8) Mitxelena, Koldo (1972): Idazlan hautatuak. Bilbo. Mensajero
(9) Sarasola, Ibon (1997) Herri Komunikabideak, III. Jardunaldiak. Arrasate. Arco
(10) Saizarbitoria, Ramon (1999): Aberriaren alde (eta kontra), Irun, Alberdania.
(11) Lertxundi, Anjel (1999): Gogoa zubi. Irun. Alberdania
(12) Mollà, Toni (2002): Manual de sociolingüística. Bromera. Alzira
(13) Marí Isidor (1983): Registres i varietats del llenguatge. Barcelona. Generalitat de Catalunya
(14) Zalbide, Mikel (2002): Ikasleek egiten al dute euskaraz? In BAT42. SEI. Andoain
(15) Esnaola, Imanol (2002): Gaztetxoak eta euskara. Euskara etxeko ala auzoko? In BAT42. SEI. Andoain
(16) Martinez de Luna I., Berrio-Otxoa K. (2001): Etorkizuna aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara, Bilbo, NUP-EHU-EKE.
(17) Op.cit.
(18) Martinez de Luna I., eta Berrio-Otxoa K. (2001): op. Cit.
(19) Estibalitz Amorrortu (2003): Ahozkotasuna aztergai” Mendebalde Kultura Alkartea. Bilbao
(20) Gaminde, Iñaki (2003): Ahozkotasuna aztergai” Mendebalde Kultura Alkartea. Bilbao
(21) Zalbide, Mikel: op.cit.
(22) Goikoetxea, Jose Luis (2002) in BAT Soziolinguistika aldizkaria 42. zka. Andoain. SEI
(23) Sarasola, Ibon (2002) in BAT Soziolinguistika aldizkaria 42. zka. Andoain. SEI
(24) Urmeneta, Asisko (2003) in Ahozkotasuna aztergai Mendebalde Kultura Alkartea. Bilbao
(25) Martinez de Luna, I. (2002) in IX Jardunaldi pedagokikoak euskararen erabilera. Iruñea.Ikastolen Elk.
(26) Gaminde, Iñaki (2003) in Ahozkotasuna aztergai Mendebalde Kultura Alkartea. Bilbao
(27) Martinez de Luna, I. eta Berri-Otxoa, K. (2000): Etorkizuna aurrikusten 99. Bilbo. NUP-EHU-EKE
(28) Muñoa, Inma (2002) in BAT Soziolinguistika aldizkaria 42. zka. Andoain. SEI
(29) Martinez de Luna, Iñaki eta Berri-Otxoa, Kontxesi (2000): Op.cit.
(30) Rubio, Jesus (2002): Euskararen garabideak. Alberdania. Irun
(31) Lertxundi, Anjel (1999): Gogoa zubi. Irun. Alberdania
(32) Sarasola, Ibon in BAT Soziolinguistika aldizkaria 42. zka. Andoain. SEI
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Jesus Rubio / 2004-10-30 / 11:25
Bichakjian ikertzaile nederlandarraren hitzak dira hauek :
The shift from the head-last (zelangoa baita euskararen ordena) to the head-first (zelangoa baita frantsesa eta gaztelaniaren ordena) order constitutes an important step in the expression of thought and thence in thinking itself. [Bichakjian, Bernard H., Language Evolution and the Complexity Criterion, Psycoloquy: 10,#33 Language Complexity (1), 1999. Mesedez, irakur artikulu osoa hemen ]
Horixe da sakoneko mezua hon nire saioa deitzen Euskararen garabideak, non, besteak beste, aritu nintzen buruz kontzeptuak nola logika komunikatibo unibertsala, garapen linguistikoa edo/eta garapen humanoa; eta non aldarrikatu nuen ezen sintaxi diskurtsibo-prepositibo-garatua dela aurrerapen humano zoragarria respektu estadio sintaktiko-komunikatibo azpigaratuagoak (ahalkeagoak), adibidez respektu sintaxi pospositibo-regresiboa.
Zin-zinez, munta handiko okerra egiten dute hizkuntzalariek noiz ekiparatzen baitituzte sintaxi diskurtsibo-prepositibo-progresiboa (edo, teknikoki, buru-lehena edo head-first, zeinetan jartzen baitira erreferenteak edo buruak lehenago ezi erreferentziak) eta sintaxi adierazkor-pospositibo-regresiboa (edo, teknikoki, buru-azkena edo head-last, zeinetan jartzen baitira erreferenteak atzerago ezi erreferentziak).
Sintaxi buru-lehenari egokitzen zaio pentsabide-mintzabide diskurtsiboa; eta sintaxi buru-azkenari dagokio pentsabide/mintzabide ez-diskurtsiboa.
Pentsabide/mintzabide diskurtsibo paradigmatikoan buruak (hots: aditza, preposizioa, izena, ...) beti doaz lehenago ezi euren osagarriak, eta horrexegatik hitz bakoitza ongi itsasten da, ongi txertatzen da an diskurtsoa, metatuz bere informazioa koherenteki (nahiz informazio partziala izan, perfektuki enkajatzen da, esan nahi baita ezen informazio horren zentzua ulertzeko ez dela inongo bukaerara itxaron behar, ez dela egon bear inongo buruaren zain), halatan non mezua progresatzen baita unidirekzionalki, aurrera, hitzetik hitzera, atzerakargarik gabe, kizkurrik gabe; eta horregatik ongi korritzen du, ongi diskurritzen du, atzetik seguru eta aurrera iragarriz bidea, prestatuz bidea, eta, finean, gozatuz bidea.
Beste hitzetan: pentsabide/mintzabide diskurtsiboan hitza da informazio-unitate itsaskorra, hitzetik hitzera doa, eta zentzu horretan pentsabide/mintzabide hori jarraitua da. Jarraitua izanik, pentsabide/mintzabide diskurtsiboan pausatuki progresa dezakegu, hainbateraino non egin baitezakegu pausa an birtualki edozein hitz, arazorik gabe (mezuaren adreilu bakoitza linealki eta koherenteki itsasten baita). Pentsabide/mintzabide diskurtsiboa, azkenik, irekia da, zeren aurrera garatzen delarik, ematen baitigu aukera on jarraitzea osatuz gure osagarriak, suabeki gidatuz gure ideiak gain bide seguruak, kalitatez, kantitatez.
Pentsabide/mintzabide ez-diskurtsibo paradigmatikoan hitz-multzoka joaten gara, jauzika, informazio-unitate itsaskor erlatiboki askoz lodiagoetan (respektu diskurtsiboan), zeinen zentzua ez den ikusten harik-eta hitz-multzoaren burura ailegatu arte (hots, akaso aski atzeratutako burura, head-era: aditz pospositibora, posposiziora, atzizki deklinatibora, ...), eta gauza da ezen informazio-unitate bat ezin dela koherenteki itsatsi harik-eta bere zentzua, bere burua (bere head hori) erakutsi arte (hau da, soilik itsatsi ditzakegu koherenteki horiek hitzak zein doazen an ordena komunikatiboa: buruetatik osagarrietara, azpiburuetatik azpiosagarrietara).
Baldin-eta nahi baditugu itzuli serie informatibo-diskurtsiboak tu molde adierazkorra, tipikoki sortuko dira bukle edo kizkur antiinformatiboak zeinen metaketak biziki zailduko baitu progresoa hon kodifikazioa edo deskodifikazioa zein ari garen egiten. Teknologia adierazkorraren arazo konparatibo biziki larriak ez dira nabaritzen mezu edo esaldi oso sinpleetan (hizkuntza guztien hasieran esaldi guztiak izanen bide ziren sinple-sinpleak, zuzen-zuzenak, bat-batekoak, adierazkor-adierazkorrak), baina ber momentutik non mezu edo esaldiak hasten baitira luzatzen edo konplexutzen, hortxe ageriko zaizkigu oztopo horiek zeinek, esan bezala, kritikoki baldintzatuko duten gure pentsabide/mintzabidea, zein baita asko esatea.
Hau guztia hain da frogagarria, hain da esperimentagarria, hain da logikoki aztergarria, hain logikoki ulergarria nola beste edozein teknologiaren funtzionamendua, eta hain da argia nola eguzki beteko argia bera. Eta hala da edozein diskurtsotan, edozein testutan, eta baita edozein hizkuntzatan ere (hau garrantzi handiko detailea da, zeren horrek ahalbideratzen baitu konparazioa inter hizkuntzak).
Orain proposatu nahi dut neurri bat zein erabil daitekeen afin baloratu zenbateko diskurtsibitatea duen diskurtso batek.
Hartara, hartuko ditugu diskurtsoaren esaldiak (puntutik puntura doazen diskurtso-unitateak) eta esaldi bakoitzean kontatuko ditugu zenbat hitz dauden inter esaldiko hitz bakoitza eta hitz horri dagokion buru atzeratuena (head atzeratuena). Gero batuketa eginez lortuko dugu hitz-kopuru bat, zeini deituko diogu indize antiinformatiboa. Esaldi guztien indize antiinformatiboen batezbeskoa eginez lortuko dugu batezbesteko indize antiinformatibo absolutua, zeinek neurtuko baitigu diskurtsoaren kalitatea an modu absolutua.
Goiko txostena hasi eta berehala agertzen da asterisko bat, zeinetan azaltzen baita honakoa, besteak beste:
Euskararen Aholku Batzordea hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko harreman-organoa da.
Esaldi horren indize antiinformatiboa oso altua da. Hain zuzen (13+12+11+10+9+8+7+6+5+4+3+2+1 =) 91 da indize hori (kontsideratu ditut izen propioak eta hitz konposatuak nola “Euskararen Aholku Batzordea” edo “hizkuntza-normalkuntza” nola bailiran hitz sinpleak). Egin dezagun honakoa desdoblamendua:
Euskararen Aholku Batzordea da hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko harreman-organoa.
Indizea jaitsi da tu 78 (=12+11+10+9+8+7+6+5+4+3+2+19, baina oso altua da oraindik. Jarrai dezagun desdoblatzen:
Euskararen Aholku Batzordea da harreman-organo bat hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko.
Indizea jaitsi da tu 36 (hartu ditut azkeneko hiru aditzak nola bailiran bat). Jarrai dezagun:
Euskararen Aholku Batzordea da harreman-organo bat afin aztertu, bideratu eta koordinatu hizkuntza-normalkuntzan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak.
Indizea jaitsi da tu 13. Askoz baxuagoa, baina oraindik ere altua:
Euskararen Aholku Batzordea da harreman-organo bat afin aztertu, bideratu eta koordinatu ahaleginak eta ekintzak zein egiten dituzten erakunde publiko nahiz pribatuek zein aritzen diren hizkuntza-normalkuntzan.
Indizea jaitsi da tu 0. Hori da ordena diskurtsiboa (esan bezala, izendapen propioak hitz modura kontsideratuz, bsteak beste).
Halaber pentsa genezake nola kalkulatu indize antiinformatibo erlatiboa, non izanen genuke kontuan esaldien luzera (hitzetan): ez baita berdin batezbesteko indize absolutu altua noiz esaldiak motzak diren edo noiz esaldiak luzeak diren. Hori beste baterako utziko dut.
Ohartu, bestalde, ezen goiko desdoblamendu horretan ez dudala erabili batere baliabide berezirik). Hauxe lehenengo fasea hon hizkuntza baten garapena.
Ikus honetaz guztiaz ze konklusiotara ailegatu den gaztelaniaren ikerlari den Ángel López García buruz gaztelaniaren sorrera (agertzen diren ñabardura lodiak neureak direla):
CONCLUSIONES
Las conclusiones del presente trabajo pueden resumirse en los siguientes puntos:
1) La conversión del latín en español se produjo primero en el componente sintáctico, ya por el siglo IV d. C., y sólo mucho después, hacia el siglo XI d. C., en el componente morfológico.
2) Ambos procesos tuvieron lugar en muy poco tiempo y de forma bastante repentina, aunque no de la misma manera.
3) La sintaxis protorrománica surge como consecuencia del nuevo modelo tipológico representado por el latín de la Vulgata. Como los textos anteriores se sentían latinos y los posteriores, también, habría que hablar de un punto de infexión en la evolución del latín, pero no de una catástrofe.
4) En cambio, el surgimiento del romance en el siglo XI representa una remorfologización de dicha sintaxis textual, la cual venía alargando su existencia varios siglos atrás. Al presentar una apariencia diferente, los hablantes apreciaron una discontinuidad brusca entre los textos “latinos” anteriores y los nuevos textos “romances”, por lo que técnicamente puede hablarse de catástrofe.
5) Este proceso fue inducido externamente por ciertos atractores entre los que se cuentan: la reforma cluniacense, que conduciría al llamado “latín medieval”; la imitación de los textos franceses y provenzales en romance; y, en un primer momento (siglos X y XI), la influencia del vasco.
6) No obstante, es muy posible que dicho proceso de independización del latín se hubiera producido de todas maneras, pues la tensión entre una sintaxis rectiva y una morfología propia de una lengua de construcción se iba haciendo cada vez más insoportable conforme crecían las necesidades textuales derivadas de la expansión económica europea del siglo XII.
[López García, Angel, (2000), Cómo surgió el español. Introducción a la sintaxis histórica del español antiguo, Gredos, Madrid.]
Beraz, bi estadio nagusi nabarmendu daitezke an garapen-bidea on latina tu gaztelania:
Edonola ere, pentsabide/mintzabide retrogresiboa da kantitatez mugatua, estua; eta kalitatez ongi eskasagoa ezi beste estadio garatuagoa, non sistematikoki betetzen baita komunikazioaren urrezko legea: aurrena burua, gero osagarria.
Dio Hidalgok:
Dirudi prozesamendua, ahoz edo irakurriz, gehienera 10 (15?) silaba bitarteko informazio unitateetan egin ohi dela. (EKAIA, 2002, 16. zkia.)
Gehienera, beraz: tope modura 10-15 silaba. Pentsabide/mintzabide pospositiboan informazio-unitateen topeak inportanteak dira, zeren, barne-antolamendu antiinformatiboa izanik, hortxe dira guztiz operatiboak tope horiek, zeinek markatzen baitute justuki hizkuntzaren estuasunen neurri kuantitatiboa (multzoaren burua ezagutzeke, komunikatiboki kostutsua da tope horretatik aurrera segi). Bestalde, tope horien barnean ere ez da berdin ordena komunikatiboa ezi ez-komunikatiboa, jakina.
Modu diskurtsiboan tope horrek ez du funtzionatzen, zeren kasu horretan informazioaren adreilu koherenteak eta zentzudunak (informazio-unitate itsaskorrak) izaten dira hitzak (burua beti aurretik doalarik, hitz-multzoa informatiboki garatzen delarik, informaziogai gehigarri bakoitza, hitz bakoitza itsasgarria baita), zeinen metaketa informatiboak ez duen muga argirik. Modu adierazkorrean, aldiz, mehatxu konstante bat da tope hori (metaketa antiinformatiboak eragindakoa), Damokles-en ezpata bat zein, edozein momentutan, erori baitaiteke gain gure osagarri bat, gain gure perpaus bat, gain gure esaldi bat.
Bittor Hidalgok edo Asier Larrinagak diote ezen 7 edo 10 edo inkluso 15 silabatako zatietan ez duela inporta non jartzen dugun preposizioa edo posposizioa, non jartzen dugun izena edo ezizena, baina hori ez da horrela. Jakina inporta duela, eta asko gainera; zeren, informazio-unitate itsaskor luzeen barneko ordena antiinformatiboak oztopatzen baitu unitate horien aurrerako kateazioa (ez ordea, atzerakoa: baina atzera kateatzeak sakonduko luke gure arazo komunikatiboa). Esan nahi baita ezen informazio-unitate itsaskor luzeen barneko ordena antiinformatiboak zeharo baldintzatzen duela informazio-unitate horiek aurrera kateatzeko aukera, baldintzatzen duela mezuaren korritzea, baldintzatzen du mezua bera.
Larrinagak aipatzen duen Juan Garziak honakoa dio:
Izan ere oso gauza desberdina da ISaren gune nagusia eman (determinazioa eta izena) eta gero haren muina den izena zehazten segitzea (erdaraz gertatu ohi den moduan), eta (hori baita kasua) zehaztapen hori airean -erreferenterik gabe- egitea eta gero halako batean, guztiaren buruan, erreferente nagusi hori ematea. Garbi dago hore ere kizkur horietako bat egitera behartuko genuekeela berehala irakurlea (hots, behin luze-konplexotasun gradu batera orduko). Kasu honetan, gainera, kontutan har bedi lan hori guztia esaldi orokorraren zatitxo txertatu batean egiteko eskatzen diogula. (Joskera, lantegi, 368 or.)
Hidalgoren azken bertsioen arabera 7, 8 edo 10 bat silaba da topea nondik aurrera agertuko zaigun kizkur nabaria, edo, nahiago bada, atzerakarga (IU bat da topea):
Badirudi guk bai irakurtzean eta bai entzutean kolpe batean ulertzen ditugun zatiak direla 10 bat silabatakoak. 10 silabatik gorako zatiak nekez ulertzen ditugu. 7-8 silabatako multzo hori da "informazio unitatea" deitzen dena.(ARGIA, 2003ko azaroaren 23ko alea)
Hori da topea, informazio-unitate itsaskorren tamaina maximoa; baina diskurtsoa unitate itsasgarri oso txikietan progresatzen bada, ez da batere arazorik agertuko (modu diskurtsiboan hala da). Esanda dago: tamaina hori dependitzen da krutziaki hon ze nolako hitz-hurrenkera erabiltzen ari garen; eta zenbat eta informazio-unitate itsaskor laburragoak erabili, orduan eta jarraikortasun gehiago gozatuko dugu, bai-eta, beraz, arazo gutxiago diskurritzeko.
Modu adierazkorrean, bizitza konplikatuagoa da, zeren IU baten topea (hots, 10 silaba horiek) oso tope txikia baita, adibididez, izen-sintagma (IS) batentzako, non, ahal izanez gero, erabiliko baititugu osagarrien kate luze samarrak, erlatibozko osagarri kateatuak barne. Irakur, adibidez, Juan Garzia beraren beste zita hau:
Oinarri-oinarrizko arazo bat dago, beraz, erdarazko erlatibo-perpausak euskaraz emateko: erdarazko egitura irekia da, muga garbirik gabe luzagarria; euskarazkoa, berriz, itxia eta oso mugatua. (Joskera, lantegi, 368 or.)
Begibistan da sakoneko diferentzia funtzionala inter hizkuntza estadio adierazkor oztopoz-betea eta estadio diskurtsibo jarraitua. Irakur honako hau (non-eta Larrinagak aholkatzen digun Garziarenean):
Hortik ere (...), bistan da, gure sintaxiak eskatzen duen zatikakotasun erlatiboa, erdararen jarraikortasunaren aldean. Ez da, hala ere, berez, dena desabantaila, gehiegikeriarako bideak ixten baitizkigu horrek. (Joskera, lantegi, 369 or.)
A ze kontsolamendua! Eta, esan gabe doa: jatorrizko euskarazko testuetan ez da arazoa desagertuko, baizik-eta soilik hobeto ezkutatuko.
Hizkuntza diskurtsibo (head-first) batetik hizkuntza ez-diskurtsibo (head-last) batera itzuliz gero, makroarazo sintaktiko zailak nonahi izanen ditugu (ezin besterik espero, ez behintzat baliabide mugatuagoekin, itxiagoekin, zatikakotasun handiago sortzen dutenekin, edo hitz batean, antiinformatiboekin); itzulpena ez-diskurtsibotik diskurtsibora eginez gero, soilik topatuko ditugu mikroarazo aise konpongarriak, eta, orokorrean, emaitza izanen da hobeagoa ezi jatorrizkoa, hau da: ulergarriagoa, diskurtsiboagoa (diskurtsibitate-indizea jaitsiko da). Paradoja horren azalpena datza an faktoa ezen baliabide pospositiboak dira ahaltsuagoak ... ezi euren kide prepositiboak. Kalitatezko baliabideen bidez sortzen dira kalitatezko diskurtsoak, eta kalitate gabeko baliabideekin sor daitekeen bakarra da kalitate baldintzatua, kalitate mugatuagoa, baxuagoa (ikusi nahi duenarentzat, bistakoa da hau; ikusi nahi ez duenak, berak jakingo du zergatik ez duen ikusi nahi).
Horra hor beste froga bat hon euskararen azpigarapen sintaktikoa, zeinen eragina gain kalitatea ezin baita saihestu.
(JESUS RUBIO PEÑA da doktore in Ekonomia)