|
Luze jo zuen, orain dela hogeitabost urte, gaztelaniaz besteko hizkuntza espainiarrak konstituzioan jasotzeak. Luzeago joko du, zalantzarik ez, orduko lege-baieztapenak eguneroko bizimoduan gizarteratzeak eta gorpuzteak.
Asmo berriak eta gogo eragileak omen datoz oraingo honetan hizkuntzen esparruan eta hartara, Kataluniako Generalitateak urriaren zortzian bildu ditu Bartzelonara hainbat aditu eta parte-hartzaile, Espainiako hizkuntza guztiak araugai izan ditzakeen lege-testu baten esperoan.
Conseller en Cap-ek deialdia egin eta bitariko esparruak aintzat hartu dira proiektuaren aurrepausoak emateko asmoz. Izan ere, arlo akademikoa eta politikoa bereiztu dira eginbide horretan. Hortaz, Espainiako akademiak batetik eta agintariak (estatuarenak zein autonomia erkidegoenak) bestetik, saioaren protagonistak izan dira. Hala nahita egin da hori, agerian gera dadin hizkuntzen gaia gizarte osoari dagokiola, politika eta ideologia guztien gainetik.
Gogoa, behinik behin, horretan dago eta metodologia ere, ildo beretik etorri da. Institut d´Estudis Catalans-en etxean izan dira batzarrak, bertako Secció Filologicaren buru, Martí jaunak, talde akademikoaren lanak bideratu dituela. Gobernuen aldetik, berriz, Vernet jaunak, Generalitateko Consell Consultiu-ren kideak atondu ditu agintarien zereginak.
Bi taldetan jokatu bada ere, bateratu beharra gertatu da bi taldeon artean, ustezko lege horren abiapuntuak era berekoak izan daitezen, araubideak izan behar duen edukiaren ikuspegitik batik bat.
Bistan da, bestalde, hasierako ahalegin hauetan xedea ez zela formulazio oso eta itxia, ezpada elkarren arteko iritzi trukaketa eta legegintza berriaren oinarriak bideratzeko nondik norakoak zirriborratzen hastea. Hala ulertu dute bi taldeen kideek eta hala agertu da, bi taldeon emaitzetan.
Ordu berean eta gela desberdinetan baturiko taldeei dagokienez, printzipio batzuetara iritsi da biotan, horiek kontraesanekoak baino, elkarren osagarri direla.
Akademien taldean, lehen esan legez, katalana, galegoa, asturianoa eta euskara (Euskaltzaindiaren Jagon sailburua eta diruzaina bertan izan direla) hizkuntzen akademiak bildu dira, Martí jaunaren gidaritzapean. Lehenengo eta behin, argi geratu da hizkuntzen lege horrek eskatzen duela hizkuntza guztien akademiak partaide izatea, gaztelaniaren akademiatik hasita. Parte-hartze hori eskuratzeko ahaleginak premiazko izan eta hurrengo bilkura baterako hori egingo dela berbatu da. Bestera ere, ekimen honek izan beharko lituzkeen gaiak egoki zerrendatu ditu Martí jaunak, besteak beste, ustezko lege hori estatuari dagokiola, jada autonomia erkidegoek dituzten ahalmenak ukitzeke. Era berean, oinarri batzuk azaldu ditu berak, hala nola, marko juridiko demokratiko baten beharra hizkuntza guztientzat, hizkuntza bakoitzari dagokion lurralde esparrua, haien izendazioa, hizkuntza bakoitzaren agintaritza linguistiko bakarra, akademiei baliabideak eskuratzeko betebeharra, ofizialkidetasunaren kontzeptua, gaztelaniaz besteko hizkuntzen irakaskuntza estatu osoan nola arautu, hizkuntza ofizialen erabilera euren lurralde esparrutik kanpo nola bermatu, estatuko lege-biltzarretan hizkuntzak erabiltzeko eskubidea nola moldatu... horiek oro agertu dira eztabaidagai, betiere gogoratuz horiek baztertzeko aitzakiak ezin izan daitezkeela ekonomia edota utopia. Azkenean, Espainiako hizkuntzak Europan agerikoak izatea ere nahitaezkotzat jo da.
Taldearen barruan eztabaida bizia sortu da, ontzat eman dira puntu horiek eta bide beretik gehitu zaizkie hizkuntza bakoitzaren toponimia eta onomastikarako kezkak eta emigrazioaren inguruko ardurak plazaratu beharra.
Akademien ordezkariek, beraz, ontzat eman eta onuragarri iritzi diote ekimen honi, partaideen aldetik osatu beharra ikusi badute ere. Zernahi gisaz, azpimarratu da abiapuntu sendoak ezartzeko premia, prozesuak bertan behera huts egin ez dezan.
Aldameneko gelan izan den gobernuen taldeak (besteak beste Kataluniako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Galiziako, Aragoiko eta Balear Irletako ordezkariek osatua), aldiz, hirutara jokatu du bere aburuetan: lehena, hizkuntzak herritarren arteko bizimodu egokia eskuratzeko kontuak direla esanez eta hizkuntzen arteko pluralitatea aldarrikatuz; hurrena, Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua garatu beharra azpimarratuz eta azkena, nabarmen adieraziz halakoek eite askotako neurriak eskatzen dituztela: exekutiboak, sustapenezkoak eta diru-baliabideenak.
Aurrekoak ikusita, badirudi konstatazio hutsak izan direla horiek, aspalditik ezagutzen ditugun kontuak. Menturaz, horiek ere egin beharrekoak, aitzina joateko urratsetan norabidea zehatza hartu nahi bada. Euskaltzaindiaren aldetik, argi dago hizkuntza eskubideen bermatzea estatuari ere badagokiola, gaztelaniaz ez ezik, estatuaren beste hizkuntzez ere. Horrexegatik gure konpromisoa, batik bat Jagon Sailaren aldetik, lege bidegintza honi eusteko eta bertan parte hartzeko, sorreratik bertatik Euskararen Akademiak euskaldunen eskubideak zaintzeko duen eginkizunari muzin egin gabe.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzaina eta Jagon sailburua da)
Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)
|