 |
Hilak eta hildakoak |
 |
2004-10-15 / 07:04 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB |
HIZKUNTZA |
|
Hizkuntzen arteko eraginak ez dira gauza berria. Aldeak alde, euskaldunen ahotan “¿Sabes quién se ha matado?” entzuten izan dugun moduan, orain “Lau hildako eragin ditu istripuak” esaten hasi gara, dotore ari garelakoan.
- HIL aditza lasai esan dezakegu, ingurumariaka ibili gabe.
- Hiru hildako eta hogei zauritu egon dira lurrikararen ondorioz.
- HOBETO: Hiru lagun hil dira eta hogei zauritu lurrikararen ondorioz.
- Bi autok talka egin dute eta emakume bat hilik suertatu da.
- HOBETO: Bi autok talka egin dute eta emakume bat hil da.
- Uholdeak hiru hildako eragin ditu.
- HOBETO: Uholdeak hiru heriotza ekarri ditu. / Hiru lagun hil dira uholdean.
- HIL izena ere bada, euskalki eta garai guztietan oso erabilia, atsotitz eta esapideetan ikusten denez.
- Hila lurpera, gosea baratzera.
- Hilak pizteko moduko janaria, ederra.
HILDAKOA = HILA, HIL DENA, HIL DUTENA. Ezin daiteke edonon sartu. Egokia da adibide hauetan:
- Erasoan hildakoen gorpuak gaur hilobiratuko dituzte.
- Larri zeudenetako bat hil da goizean. Hogei dira guztira atzoko istripuaren ondorioz hildakoak.
Eta okerra beste honetan:
- Ehunka hildako arrain agertu dira ibaian.
- HOBETO: Ehunka arrain hilda / hilik agertu dira ibaian.
Jakingarriak
HERIOTZA eta HERIOA bereiztu egiten dira. Herioa kodaina edo segarekin datorkiguna da. Heriotza, berriz, haren emaitza.
- Herio(a)k eraman arte lanean jarraitzeko asmoa du.
- Heriotza tristea izan du, bakar-bakarrik eta pobrezian.
BIZIA GALDU, UTZI / KENDU. Erabilgarriak dira, bigarren mailako sinonimo moduan, "hil" aditza askotan ez errepikatzeko.
ZENDU. Hau ere zuzena da, baina gogoan izan behar dugu "hil" askoz zabalagoa eta ezagunagoa dela euskaldun guztientzat, eta "zendu" ekialdeko euskara batzuetakoa besterik ez dela.
GORPU edo hilotz esaten zaio gorputz hilari. Gorpuak ezin dira erreskatatu (jaso, atera-eta egiten dira). Biziak bai, erreskatatu daitezke.
ZERRALDOA ez da hildakoa, hilkutxa baino. "Zerraldo erori" esaten da, bai, baina hilkutxa bezain astun plaust jaustea esateko. Dena dela, lagunarteko esapidea da.
HIL EDO BIZI(KO) hobetsi du Euskaltzaindiak. Ez erabili, beraz, "hil ala bizi". Eta neurriz erabili, dena ez da "hil edo bizikoa".
| Hitzoi lotutako esapideak |
| Ez hil (eta) ez bizi egon | Hilzorian egon, hil hurran egon | | Hil-bizi egon | Hilzorian egon, hil hurran egon | | Hil adina bizi egon | Hilzorian egon, hil hurran egon | | Hil herioan egon | Hilzorian egon, hil hurran egon |
|
| | Hil eta bizi aritu | Zain eta muin, jo eta ke, jo eta hautsi | | Hil eta herio aritu | Zain eta muin, jo eta ke, jo eta hautsi |
|
| | Hileta jotzen ibili | Negar eta negar ibili |
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN
|
Erantzun |
| |
 |
| Irizpide okerra |
 |
2004-10-15 / 08:50 / Pruden Gartzia |
|
Eskergarria da artikulua, eta ororen buru, praktikoa, baina kontutxo batek harritu nau: HIL ALA BIZI. Esaten da Euskaltzaindiak HIL EDO BIZI "hobetsi" duela, eta badirudi hala dela, Hiztegi Batuan esaera hori agertzen baita (zehazki, "hil edo bizi(ko)" da agertzen dena). Baina hortik ez da segitzen Euskaltzaindiak HIL ALA BIZI debekatu edo gaitzetsi duenik. Nik dakidala Euskaltzaindiak ez du horretaz tutik esan.
Alegia, eta hau da sakoneko kontua, bada joera oker bat gure artean, eta nire uste apalean honela laburbiltzen da: "Hiztegi Batuak jasotzen EZ duena txarto dago". Uste dut bat etorriko garela esatean irizpide hori guztiz okerra dela.
Beraz, HIL ALA BIZI ondo ala txarto dagoen erabakitzeko, Euskaltzaindiaren erabakiez gain beste elementu batzuk jarri beharko dira mahaigainean. Honetan ere bat etorriko gara guztiok. Jakina, ez halabeharrez Euskaltzaindiari kontra egiteko (hori ere egin daiteke, baina ez da nire gaurko kontua), baizik eta haren jarduna aberasteko.
Eta, bide batez, zorionak Antton Garikanori gaur eman dioten sariagatik. Eta zorionak ere gaur, arazo hau dela-eta, DEIAn egiten dituen adierazpenengatik.
(PRUDEN GARTZIA, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)
|
| |
 |
| Arrazoi du |
 |
2004-10-18 / 13:00 / Asier Larrinaga |
|
Arrazoi du Pruden Gartziak, eta ETBn berak aipaturiko irizpide bertsuak
darabiltzagu.
ETBko kazetarientzat prestatzen ditugun orrietan azalpen luzeegiak eta
korapilatsuegiak saihesten ditugu, eta arazoaren muinera jotzen dugu
zuzenean.
Arazoa, kasu honetan, bikoitza zen (da): "hil ala biziko (partida)" formak
lekua kentzen zion "hil edo biziko (partida)" formari; eta esapide horrek
ia ezereztuta zeuzkala beste esapide batzuk eta esateko beste modu batzuk.
Gure orriko oharraren helburua, beraz, ALA eta EDO juntagailuen erabileraz
ohartaraztea zen. Izan ere, ez dago zalantzarik "Realak hil edo biziko
partida du igandean" esan behar dela. Hiztegi Batuak ez dio horrelakorik,
baina erraz hel gaitezke ondorio horretara EGLU-IV irakurrita.
Jakina, "hil edo bizi" / "hil ala bizi" egituraren erabilera ez da hor
agortzen, eta hortik aurrerakoetarako oso argigarriak dira Patxi Goenagak
1994ko martxoaren 18ko Egunkarian, Orri Debozionezkoa atalean, eginiko
iruzkinak. Goenagaren azalpenen ildotik interpretatu behar dira, esate
baterako, OEHan jasotako adibide hau:
"Hizketaldi larria, hil ala bizi, bide bila, nahigabez inguraturik"
(Mitxelena).
Esan bezala, gure orrien helburua ez da horrelako erabilerak aztertzea,
albiste testuetan izaten diren gorabeherak argitzea baino.
|
|
Erantzun |
|