![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2004-09-24 / 08:31
Filmetan, telesailetan eta marrazki bizidunetan agertzen diren izenekin, publizitatean erabiltzen diren ondoriozko perpausekin eta dokumentaletako animalien izenekin zein hizkuntza irizpide erabiltzen diren aurkituko duzu www.erabili.com-en.
Fikzioko izenak
Filmetan, telesailetan eta marrazki bizidunetan agertzen diren izenak bere horretan uzten ditugu euskarazko bertsioan. Hori da irizpide nagusia.
Hala ere, marrazki bizidunetan batik bat (eta inoiz fantasiazko film eta telesailetan), izenak eta ezizenak esanguratsuak izaten dira, eta pertsonaiaren, lekuaren edo dena delako tresnaren ezaugarriren bat izaten dute oinarri. Beraz, izena entzuteaz bat, badakigu nolakoa den aipatutako pertsonaia, lekua edo tresna. Horrelakoetan, izen eta ezizenoi euskarazko ordaina asmatu behar zaie, betiere giroa hautsi barik. Txakurrak zerura doaz 2 filmean, adibidez, Zeruko mugazaina barrura sartu behar duten txakurren zerrenda irakurtzen ari da: «Uh... Asta, Bandit, Bowser, Fido, Fifi, Hound of Baskerville, Pavlov dog, Rex, Rover, Rufus, Shatzi, Spot... and Itchy». Euskaraz honela jarri zen: «Hm... Asta, Flo, Mendi, Txiki, Gorri, Baskerville, Txo, Zuhur, Laika, Lau, Tony, Xarpa, Pintxo, eta... Itchy».
Nekeza da euskarazko ordainak asmatzeko irizpide zehatzak ematea, tentu handiz jokatu behar baita hitzen luzerarekin, osagaiekin, soinu-oihartzunekin eta abar. Emaitzak argia, deigarria eta irudimen handikoa izan behar du, betiere jatorrizko izenaren haritik, baina euskal oihartzunarekin.
Orain arteko bikoizketetan jatorrizko izenetik abiatu da ia beti euskarazko ordaina. Salbuespenik aipagarriena Harriketarrak (The Flinstones / Los Picapiedra / Les Pierrafeu) dira. Zail egin zen gaztelania aintzat ez hartzea, eta euskal bertsioko izenetan denerik dago: Pedro Harriketarra, Pablo Atxurdin, Pebbles... Hala egin zen, eta hala geratu da, baina aurrerantzean jatorrizkotik abiatu beharko genuke.
Dena dela, ez dugu zertan ibili beti asmatzen. Umeentzako ipuinetan eta liburuetan badira bikoizketarako baliagarri zaizkigun izenak, argiak, irudimen handikoak eta euskal oihartzuna dutenak. Halakoak jaso eta zabaldu egin behar ditugu. Marrazki bizidunetan, esate baterako, behin baino gehiagotan erabili dugu Bizarzuri (Santa Claus / Papá Noel / Père Noël).
Aurreko orrian esan genuen bezala, garrantzitsua da izenok finkatzea eta, bestelako produktuetan agertzen direnean, lehendik pentsatutakoak erabiltzea. Horrela, euskaldunon belarrietara egin, eta, horren ondorioz, bikoizketan eta gidoigintzan baliabide adierazkorrak izango zaizkigu. Adibide modura Heidi aipa dezakegu. Guretzat Pedro, Abuelito, Copito de Nieve... zirenak gure umeentzat Pello, Aitona, Elurtxo... dira.
Ondorio-perpausak
Publizitateko hizkeran oso erabiliak dira ondorio-perpausak: «Prueba Herbal Essences. Tu pelo estará tan increiblemente bonito que le dejará fuera de combate», «Con la nueva Nissan Primastar es tan cómodo trabajar que nadie creerá que lo haces», «La nueva colección “Repara y protege” posee una fórmula hidratante tan intensa que actúa reforzando tu pelo exactamente donde lo necesitas».
Gaztelaniazko iragarkien euskarazko bertsioetan ez dugu aurkitu ondorio perpausen eredu jasorik: «hain... ezen... bait- / -n», «hain... non... bait- / -n». Normala ere bada horrelakorik ez aurkitzea, ereduok hizkera idatzi landuarekin lotzen ditugu eta. Aztertu ditugun iragarkietan alborakuntza baizik ez da erabili, hots, menderagailurik gabeko eredua (bait- edo -n gabea).
Adibideetan ikusten denez, joera nagusia maila-hitza (hain) aditzaren aurrean jartzea da. Ondo dago «hain handia da» erako ordenamendua ere, baina bestea («hain da handia») ondorio-perpausen ezaugarritzat hartzen da, askoz maizago erabiltzen da eta.
Lokailua duten esaldiak direla eta, adibideetan «ze» baino ez dugu aurkitu, beharbada ahozkotasunetik hurrekoena delako.
Iragarkiak aztertuta, ikusi dugu ez dela sistematikoa gaztelaniaz ondorio-perpausa dagoen testuan euskaraz era bereko perpausa erabiltzea.
Euskarazko testuok ez dute ezer galdu, eta, beharbada, naturaltasuna irabazi dute. Bide hori, beraz, ez da baztertu behar.
Baztertzekoak dira, berriz, «-la» menderagailuarekin osaturiko ondorio-perpausak, okerrak dira eta.
Bizidunen izenak
Bizidunei izena emateko prozeduretan badago bat sarri-sarri erabiltzen dena: beste bizidun baten antza duela adieraztea. Horren modukoa da «urde oreina» izena.
«Urde oreina» entzunda, beharbada zalantza egingo dugu. Animalia hori zer da, urdea ala oreina? Izan ere, euskaraz, modu bi daude izen bat beste baten bidez zehazteko: a) izen-elkarketa (ardi-gazta, behi-gazta...) eta b) atribuzio-elkarketa, alegia, izen bat beste baten izenondo bihurtzea (gol mamua, mediku pediatra, banda etsaia...).
Sasoi batean atribuzioaren alde egin genuen bizidunen izenak sortzeko, beste batzuek hala jokatzen zutela ikusita, eta arrain tximeleta (arraina) eta horren antzeko batzuk sortu genituen. Laster utzi genion bide horri, oso nahasgarria baitzen, eta harrezkero izen-elkarketa hobetsi dugu: tximeleta-arraina (arraina). Elhuyarrek irizpide bera erabili du Munduko ugaztunen izendegia-n (2002). Hartara, urde-oreina deritzona oreina da (Cervus porcinus).
Irizpide horrek puntu bi ditu alde. Batetik, ingeles izenek eredurako balio digute, ingelesez berdin jokatzen dute eta: hog deer (urde-oreina). Bestetik, irizpidea bat bakarra da bizidun batek beste baten antza zein gauza baten antza duela adierazi nahi izanez gero. Izan ere, gauza baten antza duela adierazteko izen-elkarketara jotzen dugu, eta ez atribuzio-elkarketara: tapiz-marrazoa, titare-marmoka, harri-arraina...
Euskal Telebistak bikoizten dituen dokumentaletan, horrenbestez, era honetako izenak sortzen eta erabiltzen ditugu.
| IZEN ZIENTIFIKOA | INGELESEZ | EUSKARAZ |
|---|---|---|
| Galeocerdo cuvier | tiger shark | tigre-marrazo |
| Bitis nasicornis | rinocerous viper | errinozero-sugegorri |
| Ogcocephalidae fam. | batfish | saguzar-arrain |
| Scaridae fam. | parrot fish | papagai-arrain |
| Geochelone pardalis | leopard tortoise | lehoinabar-dortoka |
| Pterois sp. | lionfish | lehoi-arrain |
Hala ere, badira irizpide honetatik kanpo bidea egin duten izen batzuk. Onespen zabalekoak bere horretan onartuko ditugu, esate baterako Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Hiztegia-n finkaturikoak.
| IZEN ZIENTIFIKOA | INGELESEZ | EUSKARAZ |
|---|---|---|
| Scyliorhinus canicula | dogfish | katuarrain / lixa |
| Siluridae fam. | catfish / silurid | arrain katu / siluru |
Azken oharra. Hemen azaldu dugun irizpideak bizidunaren itxuraren berri eman nahi dugunerako baino ez du balio. Izan ere, jokabidearen berri eman nahi dugunean, atribuzio-elkarketara jotzen dugu: lehenengo bizidunaren izena eta, gero, zelan jokatzen duen adierazten duen hitza.
| IZEN ZIENTIFIKOA | INGELESEZ | EUSKARAZ |
|---|---|---|
| Sagittarius serpentarius | secretary bird | hegazti idazkari |
| Acanthurus sp. | surgeonfish | arrain kirurgialari |
| Hestiasula sp. | boxing mantis | marisorgin boxeolari |
Ondorio-perpausak
Ondorio-perpausetan, lokailua –erabiltzekotan– koma baten ostean idazten da, aurreko esalditik bananduta.
Ortotipografi arauek hala agintzen dute, baina horrek ez du esan nahi ondorio perpausen doinuera bat datorrenik grafia horrekin. Izan ere, «ze» aurreko esaldiari (zehatzago esanda, aurreko esaldiaren azken hitzari) lotuta esaten dugu. Literaturan ez dira falta fenomenoa garbi erakusten duten adibideak.
Goragoko esaldia honela irakurriko genuke.
Okerra da honela esatea: «hain da polita / ze-ez ez dirudi aire gozagarria».
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
![]() | Inprimatu |
Orain arte argitaratuak