|
Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia egin berri du Abadiñon "Euskal kulturgintza 60ko hamarkadan" gaia hartuta. Sarrera-hitzaldia, oso-osorik, erabili.com-en daukazu.
Euskal kulturgintza 60ko hamarkadan
Arratsaldeon senide, euskaltzainkide eta adiskide guztioi. Ongi etorria jaso duzue, Euskaltzaindiaren ageriko batzarretan ohi bezala, tokian tokiko herriko alkate jaunarengandik, gaurkoan eta hemen, Abadiñon, nire adiskide Bentabarriko Javier Uriartegandik. Hasierako agurra, Jean Haritschelhar euskaltzainburuarengandik. Bi horiez gain, hemen mahaiburuko ditudan Nekane Alonso Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkariarengandik, hirurok agurtu nahi ditut.
Gainontzeko agur-aipamenen hasiera, hor aurrean dituzuen hiru emakume izendatzea zilegi bekit: Lourdes, nire emaztea; Leiore, gure alaba eta, Guadalupe, nire ama. Hirurok osatzen baitute nire bizitzako "Trinitate" bedeinkatua.
Segidan, egoitza eta ordezkaritzetako langile-lankide guztiok eta aldemenetan jarri zaituzten euskaltzain osook.
Agurtu nahi zaituztet, baita ere, aurrenengo lerrokadan zaudeten eskualdeko alkate, Abadiñoko zinegotzi, eta enparau herri ordezkariok. Nola ez hona etorri zareten euskaltzain ohorezko, urgazle eta batzordekideok, Gerediagakook bereziki, kultura eta politika lagunok, adiskide eta lagun oro. Agur!
Akademiaren Erregelek diotena entzun duzue. Lege Azpibatzordekide legez niri neuri tokatu zitzaidan horren lehen idazketa egitea, testua berritu zenean, euskaltzain osoen sarrera kokalekuen tradizioa kontuan izanik, horretan erakundeekiko tradiziozale bainaiz. Ezin igar diezaiokezue zer-nolako ohorea den niretzat, hemen, XIII. Mendearen hasierarte Iruñeko Erresumako izan zen Durangoko konderri, Bizkaiko merindade autónomo, gero, hots, Batzar Nagusien propioen egoitza honetan sarrera hitzaldia egitea. Tamalez, ondoko berriztatze lanak amaitu barik daude, inguruaren edertasunaz gozatzeko.
Jakin ezazue, Akademia erakudeko ez zaretenok, Euskaltzaindia, zazpi Euskalerrietako instituzio amankomun bakarrean sarrera mintzaldiak ez direla Bilboko Plaza Barriko egoitzan bakarrik egiten, are gehiago, 1921eko otsailaren 27an Baztango Udaletxean, Damaso Intzakoak hasiera emandakoari ohitura jarraiki, zazpi herrialdeetako udaletxe eta eraikuntza publiko askotan burutu direla. Hain zuzen ere, eskualde historiko honetako Batzar Nagusien egoitzan sarrera egitea, Henrike Knörrek 1978an eta Patxi Goenagak, 1995ean gure mugakide dugun probintziako, Arabako, Batzar Nagusien aretoan egiteak eman zidan ideia.
Jose Mari Satrustegiri aipamen eta ohore.
Entzun diozue, Xabier Kintana idazkari akademikoari 57.7. artikulua. Berorrek aginduko ez balu ere, zor diot aipamen hori Jose Mari Satrustegi zenari. Euskal Herri osoan haren lanengatik ezagutua, Nafarroan instituzioa, euskararentzat ikerlerik onenetarikoa, Euskaltzaindiarentzat zutabe historikoa. Ohorea da niretzat haren ondoko sartze-izatea, gehiegizko, lar, agian, 2. zenbakidun domina eramatea, nire euskalkiko Koldo Eleizalde Debarrokoaren, Urolaldeko Etxegarai anaia bien, Karmelo eta Bonifacio eta Toloserriko Nikolas Ormaetxea "Orixe"ren segidakoa baitzen Sakanako semea.
Satrustegiren euskalgintza, bereziki Euskaltzaindikoa, oso hurbiletik ezagutu eta jarraitu izan dut, bestalde, lankide ere izan ginen urte askotan. Hamalau urtez hura Erakunde-idazkari eta ni idazkariorde. Pentsa dezakezue norainoko lokarria izan dugun bion artean. Genio-izate biziduna, haren arrebak aitortzen zidan hori joan den martxoan, Arruazun. Bestalde, "nafar zezena" esaten zuen euskaltzain batek, behin baino gehiagotan "toreatzea" tokatu zitzaidan, baina inoiz ere ez ginen zeharo haserretu, besteak beste, argi geneukelako, gure izamoldeak gorabehera, Erakunde amankomunarekiko interesak zeudela gainetik. Baina, ezer bazen Jose Mari Euskaltzaindiarekiko leiala izan zen.
Andres Iñigo, Nafarroako ordezkari eta euskaltzainkideak, oraintsu EUSKERA agerkarian Satrustegiz idatzitako lau kapituluak dakarzkizuet, alegia: I.- Euskararen defendatzaile Nafarroan; II.- Euskararen lekukoen biltzaile eta ikertzaile; III.- Euskaltzain eta IV.- Jose Mari Satrustegiri buruz erran eta idatzitakoak.
Gehienok entzunak edo irakurriak dituzue, eta hemen ez ditut errepikatuko. Bakarrik euskaltzain lerrokadara mugatuko naiz, hots: "1963ko maiatzaren 18an "Orixek" utzitako aulkia hartu eta ia berrogei urtez euskaltzain oso izan zen. Aldez aurretik, bertze sei urtez ere urgazle izan zen. Berriki gogorazi digun bezala, hurbiletik hartu zuen parte Erakundearen erabaki garrantzitsuenen bilakabidean, euskara batuarenean, alegia. Halaber, Erakundearen barne egituran kargu garrantzitsuak izan zituen, hala nola, 14 urtez idazkari eta 18 urtez Nafarroako ordezkari. Jarduera akademikoetan haren emaitzarik oparoenak Onomastika batzordean eta Jagon Sailean eman zituen, ahantzi gabe hain berea zuen Nafarroako euskaratik hiztegi batuari egin zizkion ekarpenak.
Akademia hurbiletik edo, hobeki erranda, barru-barrutik ezagutu eta bizi izan zuen, eta hura, adierazpen publiko guztietan, Instituzioaren defendatzaile sutsua agertu izan zen beti. Esaldi batean laburbiltzeko, haren senideetako batek, 2003ko martxoaren 27an, hil zen egun berberean, esandakoa aipatuko dut : "Euskaltzaindia Jose Mariren bigarren familia izan da". Egia galanta. Eta hemen, nire aurrean dauden hiru emakume-familiakoek, nahiz lankide zein Zuzendaritzakideek, nitaz ere, gauza berbera errepìkatuko lukete, seguru asko.
Une batez, nire aitaponteko-erantzule hautatu nuena, Andolin Eguzkitza ere oroitzea nahiko nuke. Galera izugarria euskararentzat eta gure Akademiarentzat; baita lagun eta adiskideontzat ere.
Gaurko sarrera hitzaldiaren gai nagusia hautatu eta gero, ohartu nintzen ur sakonegietan sartu nintzela, ozeanoan, seguru asko. Dena dela, gaiak badu zerrikusirik, behinola gure Euskaltzainburuak, Donostian, Zuzendaritzako bilera baten ondoren egindako proposamenarekin, alegia, Euskaltzaindiaren azken hogeita hamabost urteotako barne-historia, hots, Miguel Unamunok esaten zuen intrahistoria idatzi behar nuela. Albotik, garai hartan idazkari akademiko zen Patxi Goenagak, aspaldiko adiskideak, animatu ninduen berandutu baino lehen "memoriak" idazten hasteko, berak ohi duen adarjotze eran, esaldi batekin. Esan nien, jubilatu ondoren. Behinolako Georges Lacombe euskaltzainaren liburutegi sailkapenaren antzera, hiru liburukitan idatziko nituela nire memoriak, hots: bata, kulturgintza-euskalgintzakoa; bigarrena, politikoa eta, hirugarrena, orotarikoa.
Geroztik, uste gabe, jubilazioarekin batera, lehenago gure Arautegi zuhurraren arabera, ezinezkoa baitzitzaion idazkariorde-kudeatzaileari (hori, herri agintariok uler dezazuen, udal idazkari-artekaria ezin dela, legez, zinegotzi ezin litekeela izan), euskaltzain oso izendatzean pentsatu nuen, lehen tomo horren, lehen zatiaren laburpen gisa, izan zitekeela hitzaldi hau, hots, "1960ko hamarkadaren kulturgintzaz" eta, bereziki, euskalgintzaz. Astia hartzen baldin badut eta osasuna izan, egingo dut, hots, 70ko hamarkada, bi azpizatitan: bata lehen bost urteetakoa, alegia, Francoren diktadurapekoa eta, bigarren "kinkenioa", transiziokoa, gure denon sektariokeria eta banderizokeriak barne delarik. Hirugarren zatia, 80-90 hamarkada, biona batera.
1961eko Euskaltzaindiaren Biltzarra Donostian.
Gipuzkoako hiriburuan egin zuen Euskaltzaindiak bere gerra osteko bigarren Biltzarra, hain zuzen, urte horretako abenduan, EUSKERA agerkarian, biltzar agirien artean, jarraiko hau irakur daiteke:
| "Abadiño-n,1961´gko urrillaren 20-an.- Euskaltzaindiko Buruzagi jauna .- BILBO .- Jaun agurgarria : Euskerari buruz oar asko egin litezke eta danak gitxi dira gure izkuntza maitearen alde. Nik ere nere zorrotxoa eraman nai dut errotara : EGUTEGIAK. Gaztea naiz (23 urte nituen orduan) eta orregatik ez dakit asko lengo berri, baiña urte auetan agertzen asi dira egutegi batzuk euskeraz :... Baiña au tamalgarria, danak desberdiñ, eta desberditasun au arritzekoa da arrotz batentzat eta lotsatzekoa euskaldunontzat. Ayentzat : Nolako izkuntza duk au? Bertakoontzat : Bueno, bueno, etxakiat zein erabili ba, ta obe duk enerua, febrerua... esatea, ze onekin ziurrago nejabik.... Besterik gabe, barka eskatuaz, agurtzen zaitu biotzez. Jose Luis Lizundia Askondo". |
Horixe izan zen, duela 42 urte pasa, nire euskalgintza mundurako "suzko bateoa". Nire gutuna irakurri ondoren Aita Luis Villasantek bere txosten-hitzaldia irakurri zuen, hain zuzen, nire eskaerari lotuta. Eta hark, bigarren lerrokadan, zera dio:
| "Abadiñotik Lizundia jaunak idatzi zigun, batasunaren alde egiten dan baiño lan gehiago egin bear dala esanaz....". |
Eta gero, hilabete guztien izenei buruzko azterketa zehatza egin zuen, Euskera agerkarian ikus daitekeenez. Idatzi banuen idatzi nuen, zeren eta elkarrizketan izugarrizko zalaparta sortu zen eta Koldo Mitxelena mahaiburuak esan zuen:
| "Ezkaitezen sesiotan asi orren gauza gutxigatik. Alegia, Aita Villasantek, ez Euskaltzaindiak, eztute gauza ontan errurik. Erruduna, erruduna baldin bada, karta orren egillea da, eta karta orren egileak ere eztu errurik. Berak aurkitu du desberdintasun aundiak daudela eta galdera bat egin du. Zerbaitetaz auzia bear badugu izan irizpide oietaz da. Eta nik ontan askotan egin dan duda eskera egingo nuke berriz ere, ia noiz zentzatzen geran, ia noiz begiratzen dugun ingurura eta beste gaiñerako izkuntzetan zer gertatzen dan ikusten dugun".... "Biaramonerako utzi dira batzarrak..." |
Eta hurrengo egunean beste gai batekin hasi zen Biltzarra.
Hamar urte igaro behar izan zen Euskaltzaindiak hilabeteen izenez Araua emateko. Orain hogeita hamar urte, hain erraz soluzionatutako arazo hau, eskoletan eta ikastoletan, administrazioetan eta komunikabideetan;
hamabi izenok finkatu eta errotu ondoren, berriz ere sakabanatze-ahaleginak egiten dihardute zenbaitzuk. Ernegua sorrarazten zait. Eta hau da itauna: berriz ere tribuetara goaz? Ez ote gara gai egutegi nazional bati eusteko ere? Badirudi, batzuen irresponsabilitatez, ezetz.
Bateo data hau hartzen dut hasiera erreferentziatzat gaurko hitzaldirako. Amaierakoa, 1970. urteko iraila, Zuberoako hiriburuan A. Luis Villasante euskaltzainburuaren kargu hartzearena. Garai berri bat hasten zuen hizkuntzaren Akademiak eta euskarak berak ere bai.
1963koa Arantzazun eta, Loiolan, 1966an.
Oñatiko Arantzazun, bigarren Biltzarra, oso adierazgarria izan zen garai hartako kultura munduarentzat eta, bereziki euskaltzalegoarentzat. Hain zuzen ere, "Euskaltzaleen Biltzarra" deitu zen, titulua bera ere esanguretsua zelarik: "Hiztegi iturburuak eta kultura hitzak". Beronek, irailaren 30etik urriaren 2rarte iraun zuen. Egun bitan joateko aukera izan nuen. Orain hizlarien izenetara mugatuko naiz: Sebero Altube, Luis Villasante, Julene Azpeitia, Jose Maria Azpiroz, Jose Azurmendi, Jose Migel Barandiaran, Jose Basterretxea "Oskillaso", Imanol Berriatua, Nikolas Altzola Gerediaga "Anaia Berriotxoa", Andoni Urrestarazu "Umandi", Joseba Intxausti eta Eugenio Agirretxe. Hauek guztiok garaiko euskalaririk bikainenak. Orduko kontestuan jarri behar da Biltzar hori, ordenaren babespean bakarrik posible zena, entzundako hitzaldi, txosten eta eztabaidek sortu ziguten zirarra ulertu ahal izateko.
Ordutik urte bitara, oraingoan, Jesusen Konpainiaren babespean eta beraren semerik famatuetarikoa omentzeko, hots, Manuel Larramendi, antolatu zuen Euskaltzaindiak beste biltzar bat Loiolako santutegian, alegia, 1964ko irailean, gerra osteko seigarrenean, hain zuzen. A. Luis Villasantek zioenez, guztiz apala suertatu omen zen, arrakasta gutxikoa. Zehatzago aztertu beharko litzateke, bai Azkue Bilbiotekako artxiboan eta, baita Loiolakoan ere. Zergatik gertatu zen hau, kontuan izanik euskaltzale zahar eta gazteok, zer nolako egarria geneukan !!! Gai nagusia ere interesgarria zen: "Euskarak irakurleak gehitzeaz". Eta ni, bertara, bakarrik, azken egunean joan ahal izan nuen.
Euskal kantagintza berria.
Gure belaunaldiko edonork daki euskal kangagintza berria, Kataluniako "nova cançó" fenomenoan oinarritua dagoela. Principat-eko
bibliografía ugariz hornitua dagoen neurrian, ez dago hemengoa, horrenbeste ez gutxiagorik ere. Belen Oronoz Antxordokik, Juan Mari Lekuona euskaltzainkidea aitaponteko duela, liburuki polita egin du, titulu luzetik hasita GAZTERI BERRIA, KANTAGINTZA BERRIA. Euskal Kantagintza Berriaren ("Ez dok Amairu) eta Nova Canço Catalana-ren (Els Setze Jutges") arteko AZTERKETA KONPARATIBOA.
Manuel Vázquez Montalbanentzat, kantagintzak izan dezakeen eragina zeintzu faktoreri zor zaien azaltzen du, labur bilduz "testua laburra eta oroiterraza izatea; musikaren bitartez giza sentsibilitatera, emotibitatera heltzea; komunikazio erraza izatea; kantariaren beraren izaerak "karismak", eman dezaiokeen babesa". Munduan zehar ereinda zegoen hazia ere aipatzen du, hala nola Atahualpa Yupanqui, Bob Dylan, Beatles taldea, George Brassens, Doménico Modugno eta abar.
Lehen kapitulua amaitzeko, Juan Mari Lekuonak, 1978.eko JAKIN aldizkarian egindako definizioaz gelditzen da, nahiko osatua iruditzen zaiolarik Oronoz andreari. Gaurko pasarte bat aski da, nahiz eta gero hitzaldi hau argitaratzen denean guztia/osoa irakurtzeko aukera izango baldin baduzue ere. Honela dio Juan Mari Lekuonak: "Kantautoreari eskatzen zaizkion baldintzak hiru eratakoak dira: poetaren arikoak, musikalariaren alorrekoak eta kantariaren mailakoak".
"Ez dok Amairu" taldea da euskal kantagintza berria nagusiki denifitzen duena. 1965ean biltzen hasi zen taldea eta Barandiaranek Bizkaian bildutako ipuin baten oinarritua, Oteizak eman zion izena, gehienok jakingo duzuen legez. 1966ko urte hasieran, Jarrai antzerki taldearen eskutik egingo zuen, urtarrilaren 9an, Hernanin eta Donostiako Victoria Eugenian, hil horren 23an. Astia banu, martxoaren 20an, Irunen taldeak eman zuen errezitalaren erreseina ekarriko nuke, liburugilea ohartu ez bada ere, badakidalako nor den, Nikolas Altzola Gerediaga izurtzarra, Anaia Berrio-Otxoa, alegia. Bizkaira urte berean etorri ziren lehendabizikoz, hain zuzen, Gerediagak ekarritako Durangoko II. Euskal Liburu eta Disko Azokara, Domusantuetan. Izugarrizko onarpen eta zabalkundea lortu zuen Uribarriko Andra Mariako elizpe handia jendez gainezka "Ez dok Amairu"-k, Euskal Herriko eskualde orotarik etorritakoak. Bertan kantari jarraikook izan ziren, alegia: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Jose Anjel Irigarai izan ziren, oker ez banago, taldekideak, baita Artze txalapartariak ere. Baina esan behar da, lehentxoagotik hasi zela M. Laboa kantagintzan, katalanekin zituen harremanak medio, 1964an, Lapurdiko "Goiztiri" argitaletxean argitaratutako lau kanta herrikoiekin. Eta hemen ez naiz talde honekin gehiago luzatuko, 1965-72 urteetan iraun zuen eta ongi estudiatuta / ikerturik dagoela uste dut.
Gutxiago, ordea, beste kantari batzuk, hala nola Mixel Labegerie lapurtarra. Beronek, 1963an, lehen diskoa plazaratu zuena, besteak beste, "Gazteri berria" kantu famatuarekin, Piarres Lartzabal euskaltzaina letragile izan zelarik. Maite Idirin eta Estitxu Robles bizkaitar bion kantagintza ere historiatzeko dagoela esan daiteke. Jose Antonio Villar oñatiarraren "basque party" edo eta "euskal ye-ye" motako kantagintza modernoak, alegia, dantzalekuetarakoak ere aipamen garatuagoa mereziko luke. Honela, Bergarako Arizona hotelak saioak antolatzen zituen eta nobedade erakargarria zen dantzazaleontzat. Orobat, "Soroak" eta Azkoitiko "Los contrapuntos" boskotearenak, Luis Iriondo tartean. Ondarroako Argoitia neba-arrebak, 1969an, Abrako Jaialdian sarituak. Lerrokada honek Imanolekin amaitzea merezi du, zeren eta egunotan zendu berri zaigunez gero, 60ko hamarkadaren amaieran hasi baitzen kantatzen, hark esandako arrazoibideekin, alegia: "Jendearen kontzientzia esnatzeko kantuak behar ziren. Horregatik hasi nintzen, beharrizan politiko bategatik".
Euskal artisten lau taldeak.
1966.eko uztailaren 25etik 31ra, Garaiko Zubiaurre anaien, Valentin eta Ramonen omenetan antolatu zuen Gerediaga Elkarteak erakusketa bat, hemendik hiru kilometrora dagoen udalerrian. Baimenak lortzeko, Santiago-Santa Ana herriko jaien egitarauan sartzea izan zen lehen prozedura, Udalaren babesa lortuz, orduko Juan Oarbeaskoa alkatearen laguntzarekin, eta Diputazioarena, Durango eta Markinako diputatu probintzialena. Omenaldiaren kanpoko jaia, ofiziala, lehen eguna izan zen; eta, bigarrena, ordea, Santa Ana egunekoa, itxuraz apalagoa, garaitarrena bakarrik izaten dena, artisten omenaldirako aprobetxatu zen. Hiru hilabete lehenago, Gipuzkoako "Gaur" taldea sortua zen eta "Hemen" izendun Bizkaiko artista taldearen kanporatzeko igararri bazen ere, prekauzio guztiekin, Arabako "Orain" eta Nafarroako "Danok" taldeak osotzeko ere baliatu zen Zubiaurretarren omenaldi hau, zeren eta lau herrialdeetako artistak hurbildu baitziren Garaira, Artze anaien txalaparta deialdi eta guzti. Hona hemen adierazpenaren lerrokada zenbait, gaztelaniaz, noski:
| "El grupo EMEN de Vizcaya, al nacer con el grupo GAUR en Guipúzcoa, el grupo ORAIN en Alava, el grupo DANOK en Navarra, con la voluntad de unir a los artistas respetando sus diferentes tendencias dentro de la ESCUELA VASCA .... su identificación con el manifiesto del grupo EMEN en abril; estableciendo dentro de este espíritu sus directrices generales en común con los otros grupos, sobre la base de igualdad y respeto al carácter y autonomía de cada uno de ellos...". |
Nazio Batuetako Giza Eskubideen Karta, "Pacem in Terris" entziklika famatua eta askatasun espresioa agertzeaz gain, zenbait erreibindikazio egiten ziren. Hauetatik bakarra dakargu hona
| "a) Reivindicamos la elemental y urgente necesidad de la creación del Instituto de Investigaciones estéticas como culminación y actualización de las Escuelas de Bellas Artes, con la proyección actual de enriquecimientos e investigación de nuestra cultura, en cada uno de los diferentes niveles que se le vienen planteando al artista; así como de una Universidad Vasca sin carencia ni dispersión de Facultades Técnicas y Humanísticas a nivel de nuestra sociedad". |
Pentsa dezagun zer datarekin amaitzen den "Garay, 26 de julio de 1966". Hau da diktadorea, alegia, Francisco Franco hil baino bederatzi urte lehenago! Prentsak, La Gaceta del Norteko Miguel Angel Astiz, kazetari euskaltzale nafarraren kronikaz landa, ez zuen ohiartzunik txikienik ere eman. GEREDIAGA Elkartearen aldizkariak, zeinen zuzendari legala zen Astiz berbera, ekarri zuen adierazpen hura.
Omenaldiaren bazkalostean kamuflatutako bileran artista ezagun ugari agertu ziren, alegia: Oteiza, Zumeta, Ruiz Balerdi, Basterretxea, Larrea, Ibarrola, Elgea eta abar (antolatzaile elkartearen idazkari gisa hartutako oharrak ez ditut aurkitu). Herriko Etxean, argitaldari, idazle, kantari eta beste mahaikidek lekukotu zuten kasu honetan ere euskal kulturgintzako transbersalitatea. Noizbait garatuko ote da, hots, euskal artiston 60ko hamarkadaren mugimendua, noski, kulturgintzaren kontestu osoan!
Ama Lur filma.
Euskal kulturgintzan, film honek zer suposatu zuen hamarkada honetan jakiteko ez dago gauza hoberik Gurutz Jauregi, Félix Maraña eta
Juan Manuel Gutierrezek paratutako liburukotea irakurtzea baino, hots, Haritzaren Negua "AMA LUR" y el País Vasco de los años 60" izenekoa. Aipaturiko lehen bien artikuluetatik pare bana aipamenekin aski duzue, gaurkoz, baina, dena irakurtzea biziro erregutuz. Gurutzek "Nuestro mayo del 68" titulupean:
| "Durante la década de los sesenta Euskadi vivió tiempos de grandes protestas sociales y políticas... Estos y otros acontecimientos constituían en definitiva el reflejo, la parte más visible de la extraordinaria vitalidad y efervescencia de la sociedad vasca del momento, en todos sus ámbitos, cultural, económico, social, político, etc...". |
Félix Marañak, ordea, "La década creadora" izenpean hausnarketa sakonak egin zituen, besteak beste:
| "Existe una tendencia generalizada a explicar la historia reciente de Euskadi reduciendo su pasado a la significación más o menos mediata o inmediata, de lo que la política determina, informa o conforma. Este modo de historiar, que presta relevancia, de manera sectaria, al pasado de los agentes y grupos políticos y centra su ejecución en su ejecutoria, falsea por reducción el valor de la historia "total" y desoye y cercena la ejecutoria civil del conjunto de actividades sociales y culturales en un tiempo determinado.... la sociedad civil y buena parte de sus agentes culturales conformaron una tarea de mayor significación y mejor crédito. Esto, sin más, ha sucedido a la hora de tratar de un período, como es la década 1960-1970... ". |
78 artikulugile biltzen ditu liburu aberats horrek, kultura eta politikako andana oparoa agertuz. Orain zerrendatzea luzeegi aterako litzateke, baina bai argitaratzean ezarriko. Besteak beste, nireak honela zuen izenburua: "67-68 urteak eta euskal kultur testuingua". "Ama Lur" egitasmoaren inguruan, ez baitzen film soila izan, Fernando Larrukert, Nestor Basterretxea eta beste batzuen artean, Jose Luis Etxegarai zenaren izena nabarmendu zen, hura izan baitzen taldearen kudeatzaile eta arima.
Kultur elkarteen sorrera, Gerediaga eta beste.
Gerediaga, Durango Merindadeko Adiskideen Elkartea sortzea, 1965ko urtarrilaren 22an, auzoko San Bizenti zaindariaren egunean, beraz, Astolako orduko gure etxean, jaia ospatzeko afarian, talde batek asmatu genuen. Handik hilabete gutxira, ekainaren 7an, berriz ere beste afari
batean, bestela legezko bilerak egitea zaila baitzen, Abadiñoko Soloeneko jatetxean, hamaika lagunek sortu genuen kultura elkarte hori. Legezko egoitza gure etxea, Bizkaiko Gobernu Zibilaren onartze agirian ikus daitekeenez. Horregatik nengoen ni honen zaindua!
Elkartea legeztatzeko, aurreko urtean, 1964.eko abenduaren 24ko "Ley de Asociaciones" lege berriaren arabera egin behar zen. Eta Lege horren garapen dekretua, 1965.eko maiatzaren 20koa zen. Frankismoaren lege berri horrek zirrikitu bat ematen zuen eta indarrean ezarri bezain pronto mugitu ginen. Hala eta guztiz ere, 1966ko ekainaren 1ean, onartu zigun elkartea orduko Gobernadore Zibilak, bizkitartean, ikerketa, informe eta beste buruturik, noski.
Interesgarria litzateke, 1965-1975 tartean, zirrikitu horren bidez, Euskal Herrian zehar zenbat elkarte sortu ziren jakizaraztea, kulturgintzakoak, bereziki.
Asmo ugari sortu ziren bazterretan, nahiz eta kasu batzuetan gauzatzerik ez izan. Honetaz, ni baino hobeto oroituko da gure euskaltzainkide eta adiskide Jose Antonio Arana Martija, gugana etorri baitzen elkartearen sorreraren berri jakinguran, bera zebilelako Gernikan, Busturiko Merindadeko Adiskideen elkarte bat sortzeko asmotan. Jose Antoniori ezinezkoa suertatu zitzaion.
Gure elkartearen zilegitasuna lortzeko "eskualdearen kultura altxorra, zaintzea eta jasotzea" zen helburu nagusia, "interes amankomun baten, batasun kontzientzia berloratuz". Beraz, argi geneukan, gure eskualdea, euskal eskualdea zela eta aipatu "batasun kontzientzia" ez zela bakarrik hamabi udalerrien artekoa, baizik eta Euskal Herrikoa ere. Esan ez genuen egiten, ez eta Bizkaikoa ere, badaezpada. Lehen ekintza, onuragarria zelako, baita despistatzeko ere, eskualdeko lau urietan, Elorrio, Ermua, Otxandio eta Durangon, pintura erakusketa ibiltaria antolatu genuen. Ez gara hasiko hemen eta orain elkarte honek 39 urtetan egin dituen ekintzak aipatzen, behinenak ere ez, ez eta kultura alorrekoak ere, zeren eta Elkartea nekazaritza eta beste ekonomia sektoreetan ere aritu baita. Tokiko administrazioko egitasmo bat aipa daiteke, hementxe bertan bildu baizituen, 1966ko abuztuaren 6an, Salbatore egunean, eskualdeko alkate gehienak, Mankomunite bat sortzea bultzatzeko asmoarekin. Honela ba, gaurko Euskal Autonomia Erkidego eremuko 36ko gerraostean, lehen mankomunitatea, eskualde honetakoa izan zen eta, bigarrena, Debagoienekoa. Eremu asko ikutzen zituen. Onuragarria litzateke eta, onartuko didazu atrebentzia, Gerediaga Elkarteko, Nerea Mujika lehendakari andrea, datorren ekainerako, 40. urtemugarako, norbaiti
Elkartearen barne-historia burutzeko agintzea. Onuragarria litzatekeen moduan, gainontzeko Hego Euskal Herrian, garai horretan, 1965-1975, loratu ziren kultur elkarteen historiak burutzea ere.
Euskal Liburu eta Disko Azoka.
Gerediaga Elkartearen lehen urteko ekintzetariko bat Euskal Liburu eta Disko Azoka izan zen. Behin baino gehiagotan esan bezala, adibidez, Joan Mari Torrealdai zuzendariaren eskariz, 1975.ko urriaren 31ko ANAITASUNA aldizkarian, "Hamar urtetako kronikan" idatzi nituen pasarte batzuetara mugatuko naiz, alegia:
| "...Azoka hau egitea, elkartearen sortzaileetariko baten ideia izan zen, Leopoldo Zugazarena. Gerla aurretik euskal liburu azoka bat Gasteizen izan zela entzuna zuen nonbait. Behin egindako feria horrek jarraipena behar zuen, egun jakin batetan egina, eraberritua, gaurkotua. Domusainduetarako prestakizunak egiten hasi ginen, beldur ere. Argitaldariak gauza ezezagun baten aurrean aurkituko ziren. Agintarien erantzuna ere ez zen segurua. Hemen emakume bi aipatu behar ditugu: Conchita Astola, elkartearen lehen presidentea eta beroren ahizpa Charines, Durangoko Udaletxeko bulegaria, mugitu behar ziren hari batzuk mugitzen saiatu zirelako. 1965eko urriaren 30etik azaroaren 1 bitartean antolatu zen Azoka, 25 argitaletxe etorri ziren, Katalogoak 28 orrrialde izan zituelarik.... Lehen Azoka honek Euskal Herriko kultura munduko zenbaituk harriturik utzi zituen. Gauza berri baten aurrean jarri zuen: "Jai au ez da izan gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzekoa, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... Beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetsi gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau". |
Hau guztiau zioen ANAITASUNAK, 1965.eko azaroko zenbakian:
| "Beste euskal aldizkari eta erdal egunkarietan ere holako zerbait agertu zen, Durangoko Azokak ordurarteko jaialdien eraketaren muina gainditzen zuelako, hain zuzen ere". |
Bigarren Azokak, arestian aipaturiko "Ez dok Amairu"-ren Bizkaiko lehen agerraldiaz gain, beste bi gertakizun bildu zituen: bata, ondoko herrian, Mañarian, Kirikiñoren mendeurrena, Euskaltzaindiarekin batera, berau Bilboko egoitza eta Gipuzkoako Diputaziotik atereaz eta, bestea
| "Andra Mariako elizpean bertan egin zen, halaber, azkenengoz egin den Bizkaiko bertsolarien txapelketa. Harez gero ez dute horretarako baimenik eman. Lau bertsolari hauk geratu ziren lehenengo : Lopategi, Mugartegi, Arregi eta Muniategi". Eta hara non norbaitek zera esan zidan:
- Zer, EGIkoak dituk danak, ala?".
|
Hurrengo urtean, 1967an, ezin egin ahal izan zen Azoka, Andra Mariako elizpea eta teilatua konpondu behar zelako. Geroztik, urterik urte, lehen zortziak elizpe zabal horretan antolatu ziren, l974koa, ordea, Merkatu Plazara, Gobernadore Zibilaren eraginez. Hura militarra baitzen, beraz, nekez zibila, baina kaltetu nahian mesedea egin zion Azokari. Geroztik, 2003. urte arte, 38 Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu ditu Gerediagak, Diputazioen, Jaurlaritzaren -1980 ondoren- eta Durangoko Udalaren babesekin. Argitaletxeen partaidetza urtetik urtera ugaritzen joan dena uka ezina dugu. Ea datorren urtean, beste 30 urtetako kronika norbaitek idazten duzuen, hots: Anton Mari Aldekoak? Jon Irazabal?. Seguru, askoz ere aberatsagoa izango dela... Hemeroteka ere galanta izango litzateke eta Index Onomasticon delakoa ere, elkarteko langile trebe eta apal asko ere agertu beharko bailirateke eta Euskal Herriko argitaldari, kantari, idazle, euskaltzale eta agintari ere. Bego horretan, gaurkoz, kronika orokor horren zain.
Antzerkia eta folkloregintza: dantza, txistu eta beste.
Euskal antzerkia ere hamarkada honetan hasi zen mugitzen, gerraosteari dagokionez, noski, hitzaldi honetan errepikatuko den izen baten eskutik hain zuzen, Iñaki Beobiderengandik eta berak zuzentzen zuen Donostiako "Jarrai" taldearen inguruko "Antzerti"ren bidez. Talde honek, euskal antzerki tradizionalen ildotik aldendu eta korronte modernoetara eraman zuen hemengo antzerkia, Kataluniako antzerkigileekin harreman hestuak sortuz. Hain zuzen ere, Gipuzkoako egoera politikoa baino hobeagoa zegoelako hemen eta Gerediaga Elkartea legeztatua zegoelako, Zaldibarren antolatu ziren, Iñaki Beobide eta Ricard Salvaten zuzendaritzapean, Euskal Antzerki Jardunaldiak, 1967.eko uztailaren 16, 17 eta 18an, herriko jaien egitarau babespean. Bartzelonako "Adriá Gual" antzerki eskolaren Salvat izan zen jardunaldion gidari, Antonio Labaien, Jone Forkada, Pierre Larzabal, Jorge Oteiza, Iñaki Barriola eta Iñaki Beobide eta Salvat bera, besteak beste, izan zirelarik hizlari edo txostengile. Jardunaldiok probetxugarri izan ziren, ordurarte, bakoitzaren isolamendutik irten eta elkarren arteko loturak finkatzeko. Iñaki Beobide berak, amaieran adierazi zuenez, euskal antzerkiaz mintzatukeran, "Zaldibar aurretik eta geroztik" esan beharko dela. Gerediaga Elkarteak ere eskualde honetarako saila sortu zuen "Garitaonandia" izenekoa, zeinen babespean martxan hasi baitzen Durangoko "Geroa" izeneko taldea, hain zuzen, hamarkada honen amaieran.
Folkloregintza gerra aurretik abertzaletasun berbizkunde zentzutik aritu zen gehienbat. Hamarkada honetan beste gurpil bat hartu zuen, dantza autoktonoei buruzko ikerketa zentzua emateko. Herrietan, batzuetan hilzorian gainera, gordetzen ziren dantzak, hiriburu eta hiri ertainetan sortzen ari ziren dantza taldeen bidez indarberritzen hasi ziren. Gehiago oraindik, zenbait zuzendari, lekukotasunak bildu, artxiboak arakatu, dantzari eta soinujoleei grabatu eta foklore ikerketan murgildu ziren. Izen batzuk aipatzearren Donostiako Juan Antonio Urbeltz eta Bilboko Iñaki Irigoien eta Sabin Egiguren azpimarratuko nituzke, Durangaldean Ihurretako Jose Javier Abasolo "Tiliño"ren izena ezin dut ahantzi. Hain zuzen, 1967ko irailaren 27an, "Aita San Migel Ijorretako...", elizate horretan, Gerediaga elkarteak antolatu zuen I. Ezpatadantzari Eguna, hasi berri ziren "euskal jaien" zentzuz kanpo, gure folkloreari eraberritze bat emateko asmoarekin. Han ziren aipaturiko ikerle eta beste. Data jakingarria gai honetaz 1969.eko azaroaren 29an, zeinetan lortu baitzen, urte eta erdiko kudeaketa zailen ondoren, Euskal Dantzarien Biltzarra legeztatzea. Jesus Mari Arotzarena, Manuel Olaitzola, Elena Arizmendi, Francisco Escudero, Antonio Valverde eta Javier Aranburu, azken biok euskaltzain urgazleak, izan zirelarik elkartea sortzeko sinatzaile, gibelean beste batzuk bazeuden ere. Elkarte horren emaitza, hurrengo urtean sortuko zen DANTZARIAK izeneko aldizkaria izango zen, guztiz irakurgarria gure folkloregintza eta beronen ikerkuntzaz zerbait jakin nahi baldin badu norbaitek. Ni neu ere, hasieran, kolaboratzailea izan nintzen.
Txistularitza, Gerra Zibilaren ondorioz, Diktadurak zeharo ez zuen baztertu, Lizarrako alkateak txistua jotzea galerazi arren. Askoz hobeki ezagutzen da elkartea 1964ko Legea baino lehenago legeztatu zen bakarretarikoa zelako eta, berarekin batera, TXISTULARI aldizkaria. Berau ez zen eta, ez da, txistulari munduaren harreman eta informazio iturri, bakarrik, baita ere melodia bilgune eta ikerketa lehio aparta ere, 60ko hamarkadako bilduma delarik alor honen lekukorik hoberena. Aipaturiko aldizkari bion aurkibide komentatu batek asko lagunduko luke urte horietako folkloregintza ezagutarazteko.
Euskarazko klaseak eta Alfabetatze Kanpainen sorrera.
Euskaraz ikasteko gerra osteko klaseak non, nork eta nola hasi ziren historiatzea ere onuragarria litzake. Bilbori dagokionez, aurreko hamarkadaren amaieran, Xabier Peñaren ardurapean, Erribera kaleko Euskaltzaindiaren egoitza zaharrean hasiak ziren, gero Jaime Goenagak jarraituko zituenak. Eskualde honi dagokionez, aurtengo abenduaren 3an beteko dira berrogei urte hasi nituela uriko Santa Ana parrokiako "Escuela Dominical" deritzanean, bi talde, 39 lagun apuntatu zirelarik.
Ricardo Arregik, euskal kulturaren historia aipatzerakoan, 1960. urtea hartzen du mugarri. "Eta ez da kasualitate hutsa gizartean horrelako aldakuntzak gertatzea (Estatuko aldaketa ekonomikoak ditu gogoan, teknokratenak batipat) eta euskal kulturara –hau da, euskal literaturara, euskal pinturara, euskal abestira, euskal antzerkira etab. – belaunaldi berri batera iristea".
Rikardok, 1966ko urtarrilaren 14an, Euskaltzaindira igorritako gutunaren zati esanguretsuenek hau diote:
"Bi orri bidaltzen dizkizut nire adiskideen izenean ikus dezazun zer nai den nai duguna ta Euskaltzaindian datorren batzarrerako .... gai au erabiliko den abisua, jarri dezazun (gure artxiboan dagoen gutun hau ez dago inori zuzendua, baina nori zegokion bistan dago, orduko idazkariordeari, Alfonso Irigoieni, alegia). Bakazioetan Koldo Mitxelenarekin egon giñan eta gure asmoekin ados zegon..... Uste dugu proposatzen duguna oso garrantzi gauza dela ta gu beiñepein Euskaltzaindiak onartzen baldin bagaitu lanerako gertu gaude ta..."
Arregik eta Zeruko ARGIAko Jarrai sailkide bik, Iñaki Beobide eta Mikel Lasak sinatzen zuten, gero, hil bereko 28ko Batzar-Agiriari, eskaria onartu zenekoari begiratzen badiogu, sinatzaileen artean J. San Martin ere agertzen da. Beronekin, beste hirurekin eta Patxi Altunarekin osatu zen lehendabiziko Alfabetatze Batzordea. 1967an gure etxera etorri zen Bizkaian Alfabetatzeko Kanpainei hasiera emateko gogoz eta, handik lasterrera, Bilbon hitzordua jarri genuen, Xabier Kintanarekin, Udaletxe ondoko ostatu batean, honek hiriburuan eta nik eskualdeetan kanpainok atontzeko. Alfabetatzea Euskal Herrian liburukian honako hau irakur daiteke: "Herri Gaztedi izan zen eskualde honetan eragile, Abadiñoko Gerediaga auzoko Salbadore ermitan, Durangon eta Berrizen 1968 eta 69an alfabetatze ikastaroak martxan jarriaz. Ricardo Arregi berbera gure artean hizlari izan genuen".
Zilegi bekit, bertan gaudelako, pasarte hau zuoi irakurtzea.
Rikardoren heriotzak, 1969ko uztailean, gertatuak Alfabetatze Batzordea berriztatzea ekarri zuen, abuztuko Batzar-Agiriak dioenez: "Zuzendari, A. Irigarai jauna, eta Rikardo zenaren ordezko J. L. Lizundia eta Begoña Arregi. Ontzat hartu da".
Azaroan Kepa Enbeita eta Serafin Basauri sartzen dira eta hurrengo urtean, batzordea berriztatzen denean, Xabier Kintana, Bizkaitik, Manu Ruiz Urrestarazu, Arabatik eta Jean Haritschelhar eta Piarres Xarriton, Iparraldetik gehitzen dira. 1970era iritsiz geroz, hamarkada honetan alfabetatzeari, euskalduntzea gehitzen zaio eta, nola eskualde bakoitza bere kontutik zebilen eta koordinatu beharra, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea sortu zen, AEK, alegia. Honen eragileetako bat izan zen Juanjo Zearreta lankidea, beraz, berari pilota pasatzera hobe, hasi "Colegio Vasco-navarro de Arquitectos" delakoaren egoitzako bataio agiritik eta segi, hamarkada hori historia dezan.
Ikastolen loratzea.
Oraindik ez da ziurtatu, noiz eta nork asmatu zuen ikastola hitza, zeren eta Larramendik ikasola erabili zuelako. Lekukotuta dagoena da ikastola hitzaren hedadura, 1921ean, Euskaltzaindiaren lehen biltzarrean, Durangon, Federico Belaustegigoitia euskaltzain urgazleak eman ziola. Haren hitzaldiko izenburu eta kapituluek hau diote: "Euskerazko eskolak: ume ikastolak eta beste ikastolak, nai dogun ikastola, ikastola barriak Diputaziño ta udalen egitekoa, eskola liburuak eta Euskaltzaindia, auzo ikastolak".
Gerra aurreko ikastolen "Escuelas Vascas" eta bestez, ez dira gaurko gai ez eta, gerrostean, 50eko hamarkadan, etxerik etxe, Donostian (1945-1969), Elvira Zipitria eta beronen lankideek egindako lanez, orobat, Bilbon, San Nikolas elizako lokaletan egin ahaleginak, agintariek zapuztutakoak, (1957). Gaurkoz aipa daiteke 60ko hamarkadan sortu zen ikastola mugimendua, uholde bihurtuko zena, frankismoaren amorrurako. Uholde horren hasieraz zertzelada batzuk egitea aski da. Gainera lan interesgarriak argitaratuak daude.
1963an, Donostiako Santo Tomas Lizeoan egindako urratsak garrantzitsuak izan zirela, dudarik ez dago. 1966. eko ekainean egin zen, ordea, lehen ikastola legalaren inaugurazioa, Euskaltzaindiaren izenean eta babespean, Alfonso Irigoien, erakunde akademikoaren idazkariordeak
egindako tramitazioari esker, Julita Berrojalbiz maistraren zuzendaritzapean. "Resurrección Maria Azkue" izena eraman zuen, Bilboko Elkano kalean. Baionan, 1969an, Argitxu Noblia, Ramuntxo Camblong, Manex Pagola eta bestek sortuko zuten Seaska elkartea eta ikastola. Hamarkada honen amaieran sortu zen Iruñeko ikastola hedatzea, jaio eta berehala zatiketa etorri bazen ere "San Fermin" eta "Paz de Ziganda" ikastolak eraikiz. Gasteizko Olabide ikastola, 1967/68 ikasturtekoa dela uste dut. Ikus daitekeenez eta, hau bada interesgarria, ikastolen mugimendua hiriburuetakoa da, gero, maila ertaineko hirietara hedatzen dena. 20ko hamarkadan, Bizkaiko Diputazioaren "auzo ikastolen" erakundetze hori, Primo de Riveraren diktadurak desbideratu zuena, baserri gizartera zuzendua zen. 60ko hamarkadakoa, ordea, urbanoa, hirikoa zen. Horiez gain, beste kultura mugimenduekin, batez ere, euskalgintzakoekin harreman ugariekin: euskara batuaren premiarekin eta Euskaltzaindiarekin, alfabetatze-euskalduntzekoarekin, artistekin, liburugileekin eta argitaletxeekin eta abar. Euskalgintza horren transbersalitate hori nabarmendu nahi nuke eta, behar bada, 60ko hamarkadako zeharkaletasun hori gutxi ikertua baitago.
Karlos Santamaria, Jose Migel Zumalabe, Pakita Arregi, Jaxinto Fernández Setien, Jose Lasa, Julita Berrojalbiz, Gereño neba-arrebak, Jesus Atxa, Joseba Arrieta, Arantxa Santamaría, Uri Ruiz Bikandi eta Zabaleta nebarrebak, Iparraldeko aipatutakoak eta beste asko, ikastola mugimendutik kanpo genbiltzanontzat ez ziren ezezagunak, baizik eta lagun, batzuentzat "bidaia lagun", gainera...
Kataluniako "Rosa Sensat"ekokin ikastola munduak izan zituen harremanak ere jakingarri lirateke, kantariekin, artistekin eta Akademia bietakoekin zeuden bezalaxe. Urteak pasa eta gero, 1981ean, hara hor, non berriz topo egiten dugun beraien Parlament jauregian Marta Mata eta Maria Aurèlia Capmanyrekin, hango eta hemengo hizkuntza erabileraren normalizazio legeen prestaketa-trukaketa zirela medio. Non ezagutu genuen, ordea?: ikastoletako andereñoen ikastaroetan.
Ikastoletako irakasleek euskararen ezagupen eta gaitasun maila frogatzeko, Euskaltzaindira jo zuten arduradunek, alfabetatzekoek bezalaxe, horrexetarako sortu zuelarik gure Akademiak D titulua. Harreman hauek ere historiatzeko daude, orobat, gure Erribera kaleko egoitza zaharra ordu eta egun askotan nola izan zuten aipaturiko Arantxa, Uri, Amaia Gorroño, Gaztantxo eta beste askok. Eta Gipuzkoan, Donostiako elizbarrutia babesle izan zen bezalaxe, Lazkao, Zornotzako Euban, pasiotarren ikastetxea eta beste aterbe asko izan ziren. Hemen dauden Gerediaga Elkarteko bigarren eta hirugarren lehendakariek, Balendin Lasuen eta Jose Ignazio Alberdik zer azpiegitura eman zuen Elkarteak, bere Kirikiño Sailaren bidez, aitor dezakete. Euskal Herriko beste eskualde askotako elkarte ugari busti ziren orduan, ez ordea, erakunde publikoak, trabajartzaile baitziren, salbuespen pertsonal batzuk salbu.
Hau guztia garatuz ikusiko litzateke nolako "transbersalitatea" zegoen 60ko hamarkada ilun hartan, nola zikulartzen zuten euskalgintzako lagunek, "Zeharkalean" zehar, eginkizun batetik bestera. Kasu honetan, ikastola mugimenduaren mesedetan, zeren eta hamarkadaren bukaeran, ia ehun bat ikastola loratuta baitzeuden Euskal Herrian, lehendabizi 1967-02-02ko "Texto refundido de la Ley de Enseñanza Primaria"-ko zirrikitu hestuek uzten zuten heinean eta, hurrengo hamarkadan, 1970-08-04ko Villar Palasi ministroaren "Ley General de Educación" delakoaz baliaturik.
Euskara Batua : Baiona, Ermua eta Arantzazuko Biltzarra.
Euskara Batuaren premia aspaldidanik bazetorren ere, Euskaltzaindia 1919an sortu eta laster, gehienok dakizuen legez, erakunde akademikoak Arturo Campion nafarrari eta Broussain lapurtarrari eman zien gaia jorratzeko. Mila arazo eta arrazoik, ez bakarrik garbizalekeriak, ez eta Diktadura biak, Dictablandak, edota, Errepublikaren inestabiliteteak, atzeratu zuten premia horren soluziobidea / irtenbidea. Aztertzeko gaia litzateke. Federico Krutwigek planteatu zuen arazoa lapurtar klasikoa eredutzat hartuz. Hamarkada honetan hasi zen hedatzen euskara batuaren aldeko mugimendua, hain zuzen 1964an, Baionan, idazle talde batek, Txillardegi ezagunena, Euskal Idazkaritza izeneko bulegoa zortu zuen. Zenbatek dakite talde horren ahaleginez?
1968. urteko lehen bilkura akademikoan, urtarrilekoan, Euskaltzaindiaren Urre Eztaiak ospatu behar zirela eta, Gabriel Arestiren proposamenez, urriaren hasieran egingo zen biltzarra euskara batuari eskaintzea onartu zen, bi parte izango zituelarik: Oñatiko Arantzazun biltzarra bera eta, Unibertsitatean, ospakizun irekia. Hizlari nagusia Koldo Mitxelena izan zen, baina Aita Villasante, Salbador Garmendia eta beste zenbaitegandik hitzaldi eta txosten mamitsuak entzun genituen. Denak ez ordea, zeren eta Juan San Martin idazkariaren eskariz, Iñaki Beobide eta biok antolakizun laguntzaile izan baikinen. Hango adierazpen erabaki famatua, hainbeste eztabaida sortuko zuena, ezin izan zen laugarren egunean Unibertsitatean agiriko ospakizunean aldakarrikatu, Gipuzkoa "Salbuespen Legepean" zegoelako, eta Oñati herriko urteko jai nagusiak ere ezabatuak zirelako. Aldarrikapen hori ez egitea norbaitek prozedura huts legez hartu zuen euskara batuaren erabakiari balioa kentzeko. Norbait horrek ez zekiena zen eta Juan San Martinek argitu zion. Hain zuzen, hileroko ohiko bilkura akademikoan irakurri eta Batzar-Agiriarekin batera birretsi zen eta, agian, zuok, gehienok ez dakizuena beste hau da: Gerediaga Elkartearen gomita onartuz, III. Euskal Liburu eta Disko Azokaren karira, Merindadeko Auzitegi zaharrean, Astola-Abadiñon egin zuela Euskaltzaindiak bilkura hori. Badugu, alkate jauna eta abadiñarrok, gure herriak euskararen historian bere lekutxoa. Oñatiko Arantzazuko Biltzarraren eduki, testu, agiri eta gainontzeko xehetasunez ez da zertan luzatu, askok ezagutzen dituzuelako eta bibliografia ugari dagoelako.
Aurretiaz, urte honen erdian, eskualde honen lau urietarik baten, Ermuan, hain zuzen, gertakizun garrantzitsua antolatu zuen Gerediaga Elkarteak, gerra osteko euskal idazleen lehen biltzarra. Ideia Juan San Martin eibartar, Euskaltzaindiaren idazkari eta elkartearen bazkidearena izan zen, helburu argi batekin, hots, udazkenean Arantzazu-Oñatin egiteko zen Biltzarra girotzeko eta idazleen iritziak entzuteko. Oso arrakastatsua atera zen Eskola Profesionalean antolatu zena, azpiegituran primeran portatu zirelarik ermuar bazkideak eta, aurrenengo, Agustin Aranberria ordezkaria. Ekainaren 28, 29 eta 30ean izan ziren biltzar-jardunaldiok, hizlari eta txostengileen artean, Juan San Martinez landa, Aingeru Irigarai, J.L. Alvarez Enparantza "Txillardegi " (exiliotik / atzerritik bidali zuen lana), Gabriel Aresti, Juan Antonio Letamendia, Salbador Garmendia eta Pierre Lafitte. Prentsa oharrak hau zioen, euskarazko egunkaririk ez baitzen orduan: "Al final cerró dando realce a las reuniones, uno de los miembros más destacados de la Academia, el canónigo de Bayona y director-fundador de la revista "Herria" de Bayona, Pierre Lafitte. Se tomaron nueve acuerdos relacionados con la unificación literaria del idioma".
Hamarkadako euskal prentsari begirada.
Frantses Errepublikaren askatasun mugatuan baino askoz okerrago geunden Hegoaldean, oso zaila bai zen euskara hutsezko prentsa ateratzea. Baionan, Pierre Lafitte kalonje euskaltzainaren zuzendaritzapean HERRIA astekaria kaleratzen zen eta, oraindik, Dirassar euskaltzain urgazlearenpean jarraitzen du. Bazegoen bai EGAN 1952tik euskaraz soilik ateratzen zena, baina BOLETÍN de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País-en literatura sormen eta kritika gehigarri gisako hiruhilabetekaria.
Bestelako biak Aita San Frantziskoren ordena biri esker ateratzen ziren, kaputxinoei esker, ZERUKO ARGIA Gipuzkoan eta, ANAITASUNA, O.F.M.ri (Ordo Fratrum Minorum) esker. 1966ko "Ley Fraga" zeritzanak eman zuen zirrikitu bat, Katalunian eta hemen onura apur guztiekin baliatu zena.
ZERUKO ARGIA 1919an, Euskaltzaindia martxan hasi zen urte berberean sortu zuten kaputxinoek, A. Damaso Intzako euskaltzain nafarraren ekimenez. Gerra Zibilean desagertarazia, 1954an berriz argitaratzen da Aita Oieregikoaren zuzendaritzapean, 1960ean debekatu arte. Hamarkada honetan, 1963an hasten da hirugarrenez, informazio orokorreko astekari legez. Kaputxinoen esku egon arren, eskuzabal jokatuz, idazle laikoak ere sartzen dira, adibidez, bazeuden zenbait gazte, zeintzuk bi sailez arduratzen ziren: bata, "Gazte naiz" Ramon Saizarbitoriaren ardurapean, eta bestea, "Herri eta gizon", Ricardo Arregirenean. Horietan zebiltzan Ibon Sarasola, Iñaki Beobide, Anton Santamaria edota Mikel Lasa. Eta nik 1965etik 1968ra zenbait artikulu argitaratu nituen eta une batez Erredakzio Kontseiluko ere izan nintzen. Ez dago dudarik, hamarkada honen euskalgintzaren berri zehatza jakiteko astekari honen hemeroteka ezinbestekoa dela, euskal prentsaren historian urrezko zerrendan agertu beharko litzatekeena.
ANAITASUNA aldizkaria Imanol Berriatuak, Foruan, sortu zuen, 1953an; 1955-57 tartean Alfonso Irigoienen ardurapean; "Jakin" teologo taldeak, Arantzazu-Oñatin, 1957-1966an eta, Bermeon, J. Azurmendiren zuzendaritzapean, 1967-68ko epean. 1969an hasi zuen martxa berria. Hara hor horretaz oraintsu zer idatzi berri duen Anjel Zelaieta berak : "ANAITASUNAren Zuzendaritzak (frantziskotarrak) eta zenbait laguntzailek hala eskaturik, 1968ko martxoan, Bilbo Zaharreko Torre, 3an, bildu ginen zenbait euskaltzale gazte. Josu Naberanek Anjel Zelaieta izena proposatzen du Zuzendari izateko, eta halaxe onartzen. Azaroan, 60 apaiz (Zelaieta barne) Derioko Seminarioan hersten dira. Bizkitartean, Jose Luis Lizundia egunero dator Bilbora lanera (egun birik bat, egia esan), eta noizbehinka Galdakoeko Bengoetxen (zeinetan baitzen apaiz Zelaieta) gelditzen da, Zelaietari ANAITASUNA argitaratzen ahalegin dadin eskatzeko".
Akulari lanean, beraz. 1969ko irailaren 15ean hasten du hamabostekari legez martxa berria, astiro-astiro, Bizkaitik Euskal Herri
osora hedatzen hasten dena, euskara batuaren aldeko apustu argi eta garbia, zuzendari Zelaieta, zuzentzaile zorrotz eta zehatza I. Berriatua eta Erredazio Batzordea, zeinetan izan bainintzen luzaro eta jarduneko zuzendari ere hilabete bat inguru, Zelaietak izkutatu beharra izan zuelako. Jabegoa, ostera, frantziskotarrena zen, egoitza Durangoko Intxaurrondo kalean zuelarik. Xabier Gereño batzordekideak egindako txostenaren arabera : "Gure harpidedunak 1969 amaitu denean, 3.531 dira". Ezin da, orain, aldizkari honetaz luzatu zeren, laster, Zelaieta berak lan bat argitaratuko baitu, Bilboaldeko euskarazko prentsa idatzia: 1940-1980"ren barruan "ANAITASUNA (1969-1972) Barriro Lanean" izeneko kapituluan. Bertan irakurri daitezke zeintzuk idazlek parte hatzen zuten eta zeintzuk ziren sailkatzen diren hogei gaiak.
Euskal irratiak ere ezin dira ahantzi: Loiola, Segura eta Arrate irratiak ziren euskararen sostengu. Izen bat aipatzekotan, ezpairik gabe -euskal kazetaritzan aitzindari, izar, dena- Jose Mari Iriondo dugu. Mila arazo izan zituzten irrati hauek. Adibidez, agintariek salatu ondoren, Arrate Irratia urteetarako isilarazi zuten; izan ere, guardia zibilak, irrati inguruan ere, sarri ibiltzen baitziren.
Hamarkadaren amaiera eta berriaren hasiera. "Ba dok amairu".
Ondorio gisa, 60ko hamarkada honek baditu, ene ustez, ezaugarri zenbait:
1.- Posibletasuna. Diktadura zaharkitu eta usteldu batek, diktadore aguretu bat aurrean zuelarik, ezinbestean, zirrikitu batzuk ireki zituen, hala nola, prentsan, 1964ko legea; elkarteak legeztatzeko urte berekoa; irakaskuntzan, "Texto refundido" delakoa. Euskal kulturgintzaren dinamika bete betean baliatu zen, "la política del posibilisme" estrategiaz -Prat de la Riba katalan politikari handiaren hitzekin dei daitekeena- uholde bezala gainezka jarri zuten Katalunia eta Euskal Herriko kulturgintzek, Administrazio bat eta bakarra.
2.- Hiritartasuna. Gerra aurreko kulturgintza baserri gizarte bukoliko euskaldun baten oinarritzen zen gehienbat. Oraingoa, ikastola nahiz alfabetatze, literatura nahiz hizkuntzalaritza, folklore nahiz kantagintza berri, prentsa nahiz elkarte mundua, hiriburuetatik edo hiri ertainetatik gauzatzen da.
3.- Zeharkatasuna. Inoiz aipatu dudan gure hiri historikoetan Zeharkaleek hirigintzan jokatu izan duten interkomunikazioaren antzera, 60ko hamarkadan atzeman dut uste izan den baino "transbersalitate"
handiagoa. Kulturgizon/andre eta euskaltzale orok bakoitza bere "kaletik" soilik zirkulatu beharrean, maiz igarotzen ziren "Euskal Zeharkaletik". Index Onomasticon bat egiten denean argi ikusiko da hori, nola Juan San Martin, Xabier Gereño, Alfonso Irigoien, Jose Mari Satrustegi, Gabriel Aresti Carlos Santamaria, Pierre Xarritton, Jose Antonio Arana Martija, Iñaki Beobide, Joseba Intxausti eta beste asko ageri direla.
4.- Batasuna. Bai kulturgintzan, orohar eta, bereziki, euskalgintzan ideia guztien
gainetik bazegoen batasun handia, frente bat. Agian, errazagoa zen Diktadura baten kontra, "orkestra zuzendaririk" gabe, bazegoen estrategia amankomuna. Hurrengo hamarkadan, batez ere ferroldarra ohean hil eta gero, sektariokerian erori ginen gehienok eta, noizbait, transizioaz autokritika sakona egin beharko dugu.
5.- Naziotasuna. Kulturgintzak, "kultur frenteak" esango zukeen F. Krutwigek, aurrelari, teoria politikoak eta politikakeriak baino lehenago eta haratago, hamarkada honetan gure naziotasunaren oinarri modernoak jarri zituela uste dut, aipatu alorretan nahiz bestetan.
Gai hauetaz, baina ez soilik 60ko hamarkadaz, saio interesgarriak eta txalogarriak egin dira -egile bi azpimarratzekotan Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdai aipatuko nituzke- bai arloka eta baita bakarlanean. Gaur, hemen nik esandakoak, hamarkadaren laburpena besterik ez dira. Ildo horetatik, hemen zaudetenoi, ez bakarrik euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleoi, baita ere ikastoletako irakasle eta eragile, alfabetatze-euskalduntze alorreko kanpainagile eta koordinatzaile, artista, idazle, bertsolari, unibertsitateetako ikerle eta argitaletxe arduradun eta gainontzeko euskal kulturgintzako lankideoi, dei berezia bat egin nahi dizuet elkarlanera gonbidatuz, honako gai orokorrarekin:
Hasi 60ko hamarkadan, lehendabizi, eta 70ekoan segi, gure kulturgintza eta, bereziki, euskalgintzaren barne-historia orokorra egitea, "zeharkatasun" baldintza ezinbestekoarekin.
Euskal Herriaren historiarako eta belaunaldi berrien probetxurako mesedegarri izango litzatekeela uste dut. Ideia hor dago eta, hordago horrekin, amaitu.
Eskerrik asko!
Esan dut.
Gerediaga-Abadiñon, 2004.eko uztailaren 23an.
(JOSE LUIS LIZUNDIA ASKONDO euskaltzaina da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|