![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Erramun Osa, Itziar Elorza eta Inma Muñoa / Irakaskuntza / 2005-01-14 / 07:05
Ahozkoaren lanketa hizkuntza arlora mugatzeko joera egon ohi da; alabaina, testuak ahoz laburtzea, ahozko azalpenak egitea eta eztabaidatzea, besteak beste, arlo guztien garapenerako ezinbestekoak izateaz gain, landu beharrekoak ere badira.
Donostian, 2002. urtean, “Euskararen erabilera” goiburu zutela burutu ziren IX. Jardunaldi Pedagogikoetan, lehenagotik zetorren ahaleginaren emaitza gisa, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak izeneko egitasmoa aurkeztu zuen. Burubidean zehazten genuenez, eskola eremuan euskararen normalizazioa lortzera begirako egitamuak gainditu eta, euskara eta euskalduntasuna ardatz harturik, koherentzia izateko zein uztartzeko asmoz, ikastolan lantzen diren hizkuntzen irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dira hizkuntz proiektuan. Horretarako, besteak beste, ikastolen izaera eta helburuei dagozkien hizkuntz eta hezkuntza politikarako oinarriak proposatu zein hizkuntz, kultur eta metodologi ikuspegiaren oinarriak aurreratu genituen. Geroztik, egitasmoa garabidean jarri ahal izateko zein hezkuntza komunitatea osatzen dutenen arteko lankidetza ahalbidetzeko asmoz, hizkuntzen esku-hartze eremuak identifikatu genituen.
Orduan zein geroztik ereindakotik, lau hausnarketa utzi nahi genituzke –hasteko– mahai gainean. Bat, hizkuntzen ezagutza eta erabileraren artean egin ohi den bereizketa gainditzeko daukagun premia larria (hizkuntzak, gauzak egiteko baliatzen ditugun neurrian eskuratzen ditugu). Bi, hizkuntzak ez dira ideia, nahi eta esperientziak pertsonen artean trukatzeko bitarteko soil; horrez gainera, hizkuntzak, beraiei loturiko kulturen erakusle edo adierazpen sinboliko ere badira, bada, hizkuntzak eta haiei lotutako kulturak eskuz esku bideratzeko daukagun premia larria (euskarari dagokionez, gutxiengo baten hizkuntza gutxiagotua dela kontuan hartuta, besteak beste, hizkuntz komunitatea berrosatze aldera, are indar handiagoz segitu beharreko bidea da). Hiru, hezkuntza komunitateko kideen artean lankidetzarako eta egitasmoak konpartitzeko –lankidetzarako, finean– zein koordinatzeko dagoen premia larria (koordinazio bertikala zein horizontala, Hizkuntza arlokoak ez ezik gainerako arloetakoak ere Hizkuntza irakasle dira, den-denak dira noranzko berean arraunean ibili behar duen traineru bateko kide). Lau, hizkuntzen kontuei erantzun egokia eman ahal izateko egitasmo sendo eta denboran eramana gauzatzeak daukan berebiziko garrantzia.
Harrezkero, proiektuan proposatutako irizpideak eta garatzeko asmoz, ingurune soziolinguistiko, tamaina eta hizkuntzen eskuratze edo erabilera indartze egitasmoetan eskarmentu desberdinetako ikastolekin, talde pilotua eratu du Ikastolen Konfederazioak. Talde pilotu honetan esku hartu dutenek, beren-beregi sortutako edo lehenagoko behaketa tresnez baliatuz, bakoitzak bizi duen egoeraren azterketa burutu, indarguneak eta ahuleziak identifikatu, beharrak eta lehentasunak antzeman eta errealitate bakoitzaren neurrira egokitutako hizkuntz proiektua eraiki du. Halaber, eraikitako horretara hurreratu ahal izateko, jarduketa planak zehaztu eta 2003-04 ikasturtean abian jarri dituzte Ikastolek.
Bada, ponentzia honetan Hizkuntz Proiektua ahozkotasunari bere osotasunean erantzuteko helduleku den aldetik aurkeztuko dugu. Besteak beste, hizkuntz proiektuaren oinarriak gogoratu, inguruabar horretan, ahozkotasuna kokatu, 2002. urtean aurkeztutako esku-hartze eremuak eguneratu, definitu eta horietako bakoitzean ahozkotasunak duen lekua zehaztuko dugu. Era berean, esku-hartze eremu horien hizkuntz egoerari behatzeko talde pilotuan baliatu diren tresnak zein emaitzak aurkeztuko ditugu, bereziki ahozkotasunak gaur egun eta gure artean bizi duen errealitatea islatzen duten neurrian.
Hizkuntza zer da?
Hizkuntza eremu sozial desberdinetan komunikaziorako erabiltzen den hautazko zeinuen sistema gisa definitzen dugu. Sistema dela esatean hizkuntzaren alderdi estrukturala azpimarratzen da, elkarren artean loturik dauden neurrian eta osotasunari erreferentzia egiten dioten neurrian zentzu eta balio osoa duten elementuz osaturik dagoen sistema. Alabaina, sistema horren elementuak erabilera jakinen baitan egituratzen dira eta erabileran hartzen dute zentzua. Sistema eta komunikazioa banaezinak kontsideratzen ditugu eta, ondorioz, gure egitasmoaren oinarri gisa, biak elkarrekin lotzen dituen hizkuntzaren ikuspegi diskurtsiboa hautatu dugu.
Ikuspegi honen aburuz, hizkuntza komunikazio sistema konplexua izanik, testuinguruan bakarrik ulertu eta deskribatu daiteke; ondorioz, funtzionamenduan eta egoera zehatzetan ezagututa eta erabilita bakarrik ikas daiteke. Hizkuntz formen deskribapen eta ikasketa abstraktua alboratuz, formen esanahia erabileraren bitartez bakarrik eraikitzen dela baieztatzen da. Honenbestez, hizkuntz sistemaren unitate komunikatiboa ez da hitza, ez eta esaldia ere, diskurtsoa baizik, mota askotako testuetan, ahozko nahiz idatzietan gauzatzen dena.
Marko teoriko hau abiapuntu dugularik, gure hizkuntzaren inguruko hausnarketa guztia hizkuntzaren funtzionamenduari lotutakoa da, hizkuntzaren eskuratze eta erabilera prozesuen izaera eta baldintza sozialen inguruko azterketetan oinarritutakoa.
Hizkuntza nola ikasten da?
Hizkuntza ez da gauza isolatu bat hezkuntza prozesuan; beraz, hezkuntzaren ikuspegi orokorraren baitan jarri beharko genuke hizkuntzarekiko ikuspegia ere. Ikuspegi komunikatibo eta diskurtsiboak ikastolok hautatu dugun hezkuntzaren ikuspegi eraikitzailearekin eta, bereziki, Vigotsky-ren elkarrekintza sozialarekin lotura sendoa du.
Hizkuntz sistema, beste ezagutzak bezala, ikasleak eraiki beharreko ezagutza modura ikusiko dugu, besteekin elkarrekintzan, hizkuntzaren bidez gauzak eginez, eredu ugariak jaso eta saiakera askotarikoak eginez, poliki-poliki eta puzzle moduan osatzen joango dena, sistema horren elementu eta arauez jabetzera iritsi arte. J. M. Artigal hizkuntzalariaren hitzak erabiliz: “Hizkuntzak ez dira aurrez ikasten, gero erabiltzeko; erabili ahala jabetzen gara hizkuntzaz”. Besteekin hitz eginez egiten dira hizkuntzan lehen pausoak, prozesu honen oinarri-oinarrian elkarrizketa izanik. Bada, ahozkotasuna giltzarri da hizkuntzaren jabetzean.
Beraz, nola irakatsi behar da?
Arestian ikusi dugun bezala hizkuntzaren jabetze prozesu naturalak komunikazioan errotuta garatzen badira, komunikazioak izan beharko du irakaskuntza-ikaskuntzaren estrategia nagusia; prozesuaren giltzarria hizkuntzaren erabilera esanguratsuak eta eraginkorrak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, eraikitzean datza.
Komunikazioaren didaktika egin ahal izateko, komunikazioa bera da, hizkuntzaren erabilera, sailkatu eta sekuentziatu beharko duguna. Komunikazio eremuek emango digute horretarako bidea. Literaturaren eremua, ikaskuntza eremua, komunikabideak, jendarteko harremanen eremua, ea. Bakoitzak bere testuinguru eta funtzio bereziak ditu eta haiei erantzuteko, askotariko testuak sortuko dira, hizkuntz elementu eta arau mailako egituraketa oso desberdinak izango dituztenak.
Komunikazio eremu jakin bateko egoera baten edo bestean sortutako testuak izango dira, beraz, gure lan unitatea; hau da, komunikazio ekintza baten baitan zentzua duten “hizkuntz zatiak”, komunikazio ekintza horren adierazle direnak. Komunikazio ekintza horiek aurrera eraman ahal izateko eta dagozkien testuak erabili ahal izateko beharko ditugun hizkuntz trebeziak (ulermen nahiz adierazpenekoak) eta hausnarketa eta sistemaren ezagutza lanak izango dira gure curriculumaren osagarriak.
Zer irakatsi?
Eremu batean edo bestean egindako aprendizaiak ez dira unibertsalak, beste eremuetara ez dira zuzenean aplikatzen. Adibide bat jartzeko, ipuinak lantzeagatik ez dugu lortuko zientzietako testu bat ondo ulertzea edota jolas garaian euskaraz jolastea. Hizkuntzaren garapen orekatua lortzeko, eremu guztietako egoerak hartu beharko ditugu langai modura. Eta hala izanik, ahozko hizkuntza berez integratzen da hizkuntzaren lanketan, hizkuntza idatziaren parean eta harekin uztartuta. Bizitzako egoera askotarikoetan, komunikazio eremu bakoitzean, egoera jakin batzuk daude ahoz gertatzen direnak, beste batzuk idatziz. Ahozko komunikazio zeregin horietatik sortutako ahozko testuak oinarrizko edukiak dira, dagozkien ahozko ulermen nahiz adierazpen trebezien bidez landuko ditugunak.
Ikastolon Hizkuntz Proiektuan hizkuntzekiko gure hezkuntza sistemaren funtzioa honela definitzen da: “Ikasleen komunikazio gaitasunak garatzea, hizkuntza, bizitzako egoera eta behar guztietarako tresna eragingarri gisa erabil dezaten”.
Bizitzako egoera eta behar guztiei erantzun ahal izateko, tresna hori era egokian garatzeko, hizkuntza arloan arestian aipatutako aukera teoriko nahiz kurrikularra egin beharra dago. Baina hori ez da nahikoa, jabetze prozesua lotzea beharrezkoa dugu, ez arloaren garapenarekin bakarrik, ikasleen komunikazio testuinguru guztiekin era integralean baizik. Horretarako, ahal den neurrian testuinguru akademikoen zein aisialdikoen azterketa linguistikoa egitea eta proposatutako markoaren araberako estrategiak definitzea garrantzi handikoa da. Beraz, beste arloetako hizkuntzen trataera instrumentalaren inguruan, Zenbat hizkuntzatan?
Hizkuntz Proiektuak definitutako helburu nagusia hauxe dugu:
"Ikastolak, hezkuntza eta hizkuntz proiektuaren ardatz euskara izanik, pertsona eleaniztunak hezi nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz"
Beraz, hizkuntzari dagokionez, ez da nahikoa euskarak bere hizkuntz eremuan behar duen garapen osoa lortzea; gutxienez, kontaktuan dauden bi hizkuntza ofizialak (euskara-gaztelania; euskara-frantsesa) eta nazioarteko komunikaziorako beste hizkuntza bat ditugu langai ikastoletan: "pertsona eleaniztunak hezi nahi ditugu"”.
Inguruabar horretan eta eleaniztasunari dagokionez, zera esan beharko genuke, ezen pertsona batek bizi dituen hizkuntza guztiak ez direla bata bestearen ondoan, paraleloan, garatzen besterik gabe; izan ere, gaitasun linguistiko orokor baten pean bildurik eraikitzen ditu, haiek konparatu, kontrastatu eta etengabeko elkarrekintzan ditu, konpetentzia eleanitz integratua lortzeko. Hau horrela izanik, Erreferentzi Marko Europar Bateratuak dioen bezala:
"Ikusmolde horretatik, hizkuntz heziketaren helburua erabat aldatzen da. Kontua ez da hizkuntza bat, bi edo hiru elkarrengandik aparte hartuta jakitea, jatorrizko hiztun idealaren ereduari jarraikiz. Aitzitik, helburua da gaitasun linguistiko guzitak gauzatuko diren hizkuntza erreportorio gune bat garatzea (Europako Kontseilua –2000-)."
Pertsona eleaniztunak hezteko, beraz, Hizkuntza Arlo Integratua definitzea beharrezko zaigu; bertan, ikastolan erabili eta ikasten diren hizkuntza guztiak marko komun baten barruan antolatuko ditugu. Marko horrek hizkuntzaren ikuspegi bakarraren baitan definitu beharko ditu metodologi ardatz komunak eta, hizkuntzen arteko interdependentziaren printzipioari jarraituz (J. Cummins), hizkuntzen arteko eduki osagarriak (hizkuntza batetik bestera transferitzen direnak), hautatu eta sekuentzializatu. Noski, hizkuntza bakoitzak bere ezaugarri berezkoak ere baditu, bakoitzeko definitu eta landu beharko ditugunak.
Ondorioz
Komunikazio eragingarria bideratzea da gure xedea; bidenabar, komunikazioa gure tresna nagusia ere bada hizkuntzaren bilakaera prozesuan. Hari honi tiraka, bi gauza azpimarratu nahiko genituzke: bat, komunikazio horren benetako muina ahozko hizkuntza da, beraz, ahozkotasunari behar duen lekua eskaini behar diogu hizkuntza guztietan –behingoz– eskola sisteman; bi, ikasleekin harremanetan gauden ikastola komunitateko partaide guztion inplikazioa behar dugu, harreman horietan, ikastolako komunikazio testuinguru bakoitzean, eskuratu eta eraikiko baitute ikasleek hizkuntza. Horretarako dugu Hizkuntz Proiektua, inplikazio hori zertan datzan definitzeko, ikastolako komunikazio esparruak deskribatzeko eta komunitate osoaren elkarlana antolatu ahal izateko.
Hizkuntzen esku-hartze eremuen deskribapena
Hizkuntzaren ikuspegi hori gauzatzeko, hizkuntzaren (eta batik bat ahozkoaren) zeharkakotasunari erreparatu beharko diogu. Bestela esanda, hizkuntzak bizitzako (eta ikastolako) esparru guztiak hartzen dituen neurrian, hizkuntzaren garapenak hezkuntza komunitate osoaren ardura izan beharko du.
Ezinbestekoa izango zaigu, beraz, ikastolako komunikazio testuingurua aztertu eta hizkuntzen gain eragina duten eremuen sailkapena egitea. Proposamen gisa bada ere, hizkuntzekiko bi esku-hartze eremu aurreikusi ahal ditugu, gutxienez:
Eremu pedagogikoak bi azpi-eremu biltzen ditu bere baitan. Alde batetik, eremu kurrikularra, non hizkuntzen berezko curriculuma eta haien trataera instrumentala definitzen den, eta gela barruko harreman sareen hizkuntz kalitatea bermatzen den. Bestetik, eremu ez-kurrikularra, non ikastolaren eraginpean dauden gelaz kanpoko esparruak biltzen diren.
Era berean, eremu instituzionalak bi azpi-eremu hauek biltzen ditu: ikastolako antolaketari dagokiona, eta familia nahiz ingurunearekin ikastolak dituen harremanen ingurukoa. Bada, hari horri segituz, ikastetxearen hizkuntzen esku-hartze eremu garatua honakoa izan daiteke:
![]() |
Ikasleek eremu horietan guztietan euskara erabiltzeko gaitasuna bereganatuko badute, hau da, ikasleek haien komunikazio gaitasunak garatu eta hizkuntza bizitzako egoera eta behar guztietarako tresna eragingarri gisa erabil dezaten nahi badugu, bizi dituzten komunikazio eremu guztietan eragin beharko dugu.
Orain artean eremu hauetako bakoitzeko atalen inguruko lana egin izan dugu, baina askotan era puntualean, elkarrekin loturarik gabe, paraleloan, batzuetan batak besteari oztopoak ere jarriz. Gaur egun, berriz, hizkuntz proiektua eremu guztiak bilduko dituen marko orokorra dugu, eta horrek aukerak eskaintzen dizkigu, besteak beste, egoeraren diagnostiko egoki bat egiteko, lan plangintza koherentea eta egingarria martxan jartzeko zein egindako lanaren emaitzak baloratzeko.
Bide horretan, ondo baino hobeto koordinatu beharko ditugu esku-hartze eremu bakoitzean gauzatzen ditugun ekimenak, zabala baita eremu bakoitzak besteengan duen eragina.
Hizkuntzen esku-hartze eremuen eragina ahozkotasunean
Eragin beharreko eta gehien-gehienetan nahikoa zurruna gertatzen zaigun eremua kurrikularra da. Hizkuntza arloa hitz egitearen inguruan hausnarketa sistematikoa eta planifikatutakoa egiteko lekua da; hizkuntz kodea, komunikazioa eta haren arauen inguruko hausnarketarako lekua. Eta hori hizkuntza guztiak kontuan hartuz, era osagarrian egin beharko dugu, baliabide linguistikoak desberdinak izango diren arren, beste hainbat eduki berberak eta transferitzeko modukoak baitira. Ikastetxean langai ditugun hizkuntza guztien artean ahozko hizkuntzaren inguruko helburu eta edukien sekuentzializazio garbia eta koordinatua garatzea, ikuspegi metodologiko bera partekatzea eta elkarreragina bideratzeko estrategiak partekatzea giltzarri dira ahozkotasunaren garapenean.
Gure Hizkuntza arloko proposamenaren abiapuntua erabilera eremuak direnez gero (1), hizkuntzazko eduki blokeen eta arestian aipaturiko esku-hartze eremuen arteko erlazioa nabarmena da:
| HIZKUNTZ ARLOKO CURRICULUMA: EDUKI BLOKEAK | ESKU-HARTZE EREMUAK | |||||
|---|---|---|---|---|---|---|
| Eremu pedagogikoa | Eremu instituzionala | |||||
| Eremu kurrikularra Beste arloak | Eremu ez- kurrikularra | |||||
| Kudeaketa pedagogikoa | Interakzio didaktikoa | Jolasaldiak, zerbitzuak, eskolaz kanpokoak | Anto- laketa | Familia eta ingurua | ||
| ERABILERA EREMUAK | Hizkuntza giza harremanetan | X | X | X | X | X |
| Hizkuntza ikaskuntzan | X | X | X | |||
| Hizkuntza literaturan | X | X | ||||
| Hizkuntza komunika- bideetan | X | X | X | |||
| Hiztunak eta hizkuntzak | X | X | X | X | X | |
Lotura horrek hiru eremutan du garrantzi berezia:
Baina, hizkuntzen eskurapena benetakoa eta eragingarria izan dadin komunikazioak erreala izan behar duela kontuan hartuz, Hizkuntza arloan egiten den lana oso mugatuta gelditzen da, eta hainbat kasutan lan horrek ez du eraginik izango berezko erabilera egoeretan ez bada ikasitakoa aplikatzen eta sendotzen.
Muga horiek nabarmenak dira, esaterako, Hizkuntza ikaskuntzan eduki blokean, non hizkuntza ikasketa tresna gisa lantzen den. Izan ere, ez dugu ahaztu behar beste arloetan ere ahozko (eta idatzizko) hizkuntza dela tresna nagusia, eta, beraz, irakasle guztiok dugula horrekiko erantzukizuna. Arlo bakoitzean zer behar dugun erabaki, eta hori lantzeko bideak zehaztu beharko ditugu. Hizkuntz irakasleak eta hizkuntza arloak berak lagundu dezakete, baina Hizkuntza arloan egiten denak ez du zentzurik ez eta baliorik izango, baldin eta irakasle bakoitzak bere arloko curriculumaren barne eduki eta gaitasun horiek txertatzen ez baditu. Azken batean, hizkuntz eduki horiek beste arloetako ezagutzak eraikitzeko jardueretan bakarrik barneratuko dira.
Pertsona arteko harremanetan eduki bloketik, berriz, gela barruko harremanen inguruko hausnarketa beharra datorkigu, hezkuntzak ahozkotasunari eman diezaiokeen erantzuna hor baitago neurri handi batean. Gela barruko bost orduotan hitz egiteko, zenbat aukera eskaintzen diegu ikasleei? Talde lanaren eta ikasleen autonomiaren esparruen gainean hausnartu beharrean gaude, ahozkotasuna ez baita ahozko azalpen, debate eta antzerakoetara soilik mugatzen. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan elkarrizketa oinarrizko tresna da arloen ezagutzak barneratzeko garaian. Elkarrizketa hori, jakina, ez da irakasle eta ikasleen artekoa bakarrik; ikasleen artekoa ere bada. Gela barruko harremanen kudeaketak, beraz, berebiziko garrantzia du ahozkoaren garapenean. Honetan ere, beste arloetako irakasleek badute zer esan, baldin eta Hizkuntza arlotik bideratzen den lanak gure ikasleen ahozkotasunean eragina izango badu.
Esandakoaren ildotik, beraz, irakasleen prestakuntza eta ikasleen ahozkoaren arteko lotura euskararen eguneratze ikastaroak baino harago doa, eta metodologiari dagokion trebakuntzak toki nabarmena hartzen du.
Ikastola ez da soilik ikasgela, ikastolaren heziketa ardurak ez dira arlo akademiko hutsera mugatu behar. Izan ere, euskararen normalizazioan pausoak eman ahal izateko, ezinbestekoa da, arlo akademikoaz gain, ikaslearen beste bizitza esparruetan ere eragitea, haietan ohiko komunikazio hizkuntza euskara izan dadin bitartekoak jarriz.
Eguneroko harremanetarako hizkuntza ziurtatu ahal izateko, testuinguru euskaldunak sortu beharraz aspaldi ohartu ginen, eta ekintza mordoa antolatu ohi dugu. Baina egitea ez da nahikoa; begirale euskaldunak izatea, adibidez, ez da nahikoa hizkuntzaren erabilera ziurtatzeko. Testuinguru horietako hizkuntza ondo ezagutu beharko dute horretan dabiltzanek, eta hura nola bideratu jakin. Azken batean, hizkuntzaren erregistro informalaren esparruan irakasleek bideratu dezakegun hizkuntz erabilera artifiziala eta antzua gerta daiteke, eta, jabetze maila egokia gerta dadin, berezko esparruetan eragiteko estrategiak definitu beharko ditugu.
Horregatik kokatu dugu esparru hau eremu pedagogikoan, loturak behar dituelako eremu kurrikularrean egiten den lanarekin.
Badira erabaki batzuk euskararen normalizazioan murgildurik dagoen edozein ikastolak hartu behar dituenak. Aipatu erabakiok ikasleen hizkuntz portaeran zuzen-zuzen eragiten ez badute ere, eremu instituzional horri hizkuntzarekiko identifikazio eta koherentzia ezarriko diote.
Esparru honetan hartzen ditugun erabakiak, hortaz, funtsezkoak izango dira ahalik eta testuinguru euskaldunena ziurtatzeko eta ikasleen euskara erabiltzeko aukerak zabaltzeko. Batetik, hizkuntz paisaia (errotulazioa, hormirudiak, e.a.) zaintzeko orientabideak, ikastetxearen inprimaki, batzar, estatutu, ohar, idatzi zein bestelakoetarako hizkuntz irizpideak ezarri, eta hauen jarraipena ziurtatu beharko dugu. Bestetik, Hezkuntza komunitatearen harreman sareetan (ikasleen artean, ikasle eta profesionalen artean, familian, eta abar) euskararen erabilera eragozten duten etenak identifikatzeko eta gainditzeko estrategiak zehaztu eta ikastolak arian-arian euskararen indartzearen zein hedatzearen erreferente eta euskara erabiltzera bultzatuko dituen egitura eragingarria bilakatu behar du.
Azken batean, Hizkuntza arloan ez ezik, gainerako arloetan eta ikastola barruan ere orokorrean egindako lana alferrik galduko da, baldin eta inguruak euskara erabiltzeko aukerarik ematen ez badu edota erabilera bultzatzen ez badu.
Hizkuntz Proiektu orokorraren marko honetan Euskaraz Bizi egitasmoaren lekua hemen kokatuko genuke: testuinguru euskaldun hori ziurtatzeko ahaleginetan, bai eremu instituzionalean bai eremu ez-kurrikularrean. Honek ez du adierazi nahi eremu kurrikularrean sarbiderik ez duela (zenbaitetan, planifikatutako ekintzen bidez eremu horietara iritsiko baita), bere esparru natural eta nagusiak aitatu ditugun horiexek direla baizik.
Eremu kurrikularrean, berriz, Hizkuntza arloak beste eremuetan gertatuko diren hizkuntz erabilerak finkatzen lagun dezake, bai eta ikasleek beharrezko dituzten gaitasun eta trebeziak garatzen ere, baina erabilera horien kokagune naturalean eman beharko diogu lanari jarraipena eta osagarritasuna.
Are gehiago, gaur egun irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaz dakiguna kontuan izanda, ezinbestekoa izango da hizkuntzazkoak ez diren gainerako arloetan ere hizkuntza lantzea, baldin eta ikasleek arloko edukiak era egokian barneratuko badituzte.
Hartara, hizkuntzaren egoeraren hobekuntza bultzatu nahi badugu, esku-hartze eremu guztietan eragin beharko dugu, koherentziaz eta koordinazioan, eta plangintza baten testuinguruan profesional eta begirale ororen esku-hartze eragingarria bilatuz.
Jarraian, esku-hartze eremu horien hizkuntz egoera behatzeko talde pilotuan baliatu diren tresnak zein emaitzak aurkeztuko ditugu, bereziki ahozkotasunak gaur egun eta gure artean bizi duen errealitatea islatzen duten neurrian.
Behaketa tresnak
Talde pilotu honetan esku hartu dugunok, beren-beregi sortutako edo lehenagoko behaketa tresnez baliatu gara taldeko kide bakoitzak bizi duen egoeraren azterketa burutu, indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta beharrak zein lehentasunak antzemateko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Ulibarri egitasmoaren barruan sortutako tresnez (Ulibarri –2000 eta 2003–), Euskaraz Bizi egitasmoan baliatutakoak (“garbantzuen” sistema eta beste) zein bestelakoez baliatu gara.
Hizkuntzen esku-hartze eremu bakoitzean zein tresna baliatu dugun beheko taula honetan ikus daiteke (2).
![]() |
Diagnosietan ahozkotasunari lotutako ondorio nagusiak
Horretarako, hiru eremu hartuko ditugu –batez ere– oinarritzat:
Arestian ikusi dugun bezala, ikuspegi integratzaile batez landu beharreko esparrua da ahozkotasunarena, eta eremu pedagogikoan uztarketa eta elkarlana bideratzeko dugun tresna nagusia Curriculum Proiektua da. Curriculumaren integrazioa ardatz nagusia dugu, beraz, gai honen planteamenduan. Bateratze lana ikuspuntu askotatik ziurtatu beharra dago:
Berez, "Curriculum" hitzari badagokio ere, azpimarratu beharra dago gai honekiko integrazio bertikalaren garrantzia, maila, ziklo eta etapa artekoa. Hizkuntzen jabekuntza prozesua luzea da, pausoz pauso eraikitzen doana, eta egindako aurrerapausook erraz gal daitezke jarraipen egokia ematen ez bazaie. Ikaslearen eraikuntza prozesu hori era eraginkorrean bideratu ahal izateko hizkuntzekiko ikuspegi komuna eta horri dagozkion metodologi ardatz nagusiak adostea derrigorrezkoa zaigu, Haur Hezkuntzatik hasi, eta Bigarren Hezkuntzaren bukaeraraino.
Integrazio horizontala ere beharrezkoa dugu. Hizkuntza Arloan lehenik, ikastolako hizkuntza guztiak bilduko dituen arlo integratua bihurtuz, eta, ondorioz, metodologia irizpideetan nahiz helburu eta edukien definizio eta sekuentzializazioan ikuspegi bateratua izango duen hizkuntzen curriculum integratua diseinatuz.
Integrazio horizontalaren beste adar bat arlo artekoa da. Arlo bakoitzak berezko hizkuntz mota du irakatsi beharrekoa, bai eta bere baitako ulermen eta adierazpen estrategiak ere. Gainera, ezagutzak eraikitzeko elkarreraginean sortutako komunikazio prozesuak garrantzi handikoak dira ikaslearen hizkuntzaren garapen orokorrerako. Hizkuntza zehar lerro gisa kontsideratu beharra dago.
Beraz, arlo guztietako curriculumean eragin kontzientea eta ahalegin komuna behar ditugu hizkuntz gaitasunen inguruan, ikuspegi bertikalean nahiz horizontalean. Hizkuntz prozesuen eta arlo bakoitzeko hizkuntz beharren kontzientzia behar dugu; hizkuntzaren trataerarako planteamendu, irizpide eta esku-hartze argiak, zehatzak eta zorrotzak partekatu behar ditugu, eta ikastolako proiektu kurrikularretan txertatu. Curriculuma kudeatzeko ikastolak dituen koordinazio egiturek ahalbidetuko dute elkarlan hori.
Hizkuntz proiektuko egoeraren azterketan, curriculum proiektuen inguruko behaketak ondorio nahiko orokorrak eman ditu; honako joerak nabarmendu ahal ditugu:
Ondorio horietatik argi agertzen denez, ahozkotasunari erantzuteko hobekuntza lanetan egiteko handia datorkigu esparru honetan, curriculum proiektuen koherentzia eta sendotasuna lortzeko.
Ikastolako komunikazio testuinguruan, gela barruko interakzioa izango da hizkuntzaren jabekuntza eta garapenerako esparru garrantzitsuenetako bat. Alde batetik, bertan komunikazio behar errealak sortzen direlako eta, ondorioz, egiten den hizkuntz erabilera funtzionala eta motibagarria gertatzen delako. Bestetik, testuingurua kontrolatua denez, hizkuntz erabilera hori irakasleak bideratu eta hoberendu dezakeelako.
Ez dugu ahaztu behar, ordea, ahozkoak garrantzi nabarmena duela ikaskuntza prozesuan; izan ere, haurrek ez dituzte ezagutzak pilatzen, baizik eta ingurunearekin eta ingurukoekin elkarreraginean eraiki egiten dituzte. Ikuspegi horretatik abiatuz gero, komunikazioa, hots, elkarrizketa, izango dugu ikaskuntza prozesuaren giltza. Horrela, ikasten ari garenaren inguruan hitz egitea garrantzitsua izango da, kontzeptu berri bat ahoz adierazterakoan ikasleak kontzeptu hori garatu eta osatu egiten baitu. Kontzeptu hori nahiko garatuta egon daiteke ikaslearen buruan, baina hitzez adierazi arte ez du(gu) jakingo benetan barneratu duen ala ez.
Elkarrizketa hori, jakina, ez da irakasle eta ikasleen artekoa bakarrik; ikasleen artekoa ere bada. Gela barruko harremanen kudeaketak, beraz, berebiziko garrantzia du ahozkoaren garapenean eta, ondorioz, arloko edukien barneratze prozesuan.
Hori horrela izanik, ahozkotasunari dagokionez, ezinbestekoa izango da gela barruko interakzioaren balorazioa egitea; hau da, irakasleok gure saioak nola antolatzen ditugun aztertzea eta hura hobetuko duten estrategiak eta baliabideak planifikatzea. Hona hemen adibide bat:
| A | Urratsak | Irakaslearen egitekoa | Ikaslearen hizkuntza- trebetasun nagusia | Interakzioa | Denbora |
|---|---|---|---|---|---|
| Irakasleak aurkezten ditu kontzeptu berriak | 1 | Sarrera | Entzumena | Klase osoa | 5 |
| 2 | Aurkezpena | Entzumena | Klase osoa | 20 | |
| 3 | Eztabaida | Entzumena / Mintzamena | Klase osoa | 20 | |
| 4 | Ondorioak | Entzumena | Klase osoa | 15 |
Gela barruko interakzioaren balorazioa egiteko irakasleok erabili ohi ditugun saio motak aztertu (3) eta honako joera hauek aipa ditzakegu:
Azaldu beharrik ez dago horrek guztiak ikasleen ahozkoan duen eragina (eta ahozkoak ikaskuntza tresna gisa duen garrantzia kontuan izanda, eragin hori oso zabala litzateke). Gela barruan hizkuntz erabiltzaile nagusia irakaslea baldin bada, eta ikasleen zeregin nagusia entzutea edota galderak erantzutea bada, ez gaitezen harritu ikasle horien ahozko gaitasunaz.
Tradizio hori apurtuko duen planteamendu didaktikoa behar dugu, benetako elkarrizketa bultzatuko duena eta komunikazio joan-etorri horren kalitatea bideratuko duena. Horretarako, irakasle bakoitza eta haren ikasleen arteko interakzioaren ezaugarriak aztertu, eta interakzio hori hobetuko duten estrategia didaktikoak definitu eta aplikatu behar ditugu.
Gela barruan komunikazio aukerak zabaltzeko bitarteko garrantzitsua ikasleen arteko interakzioa izango da. Horretarako, ikasleen arteko euskararen erabilera eta kalitatea ziurtatu beharko dugu. Batetik, ikasketa kooperatiboa bideratzen duten ikasleen taldekatze motak sustatuz; eta bestetik, talde mailako interakzioetan aurreikusi edo/eta behatzen diren ikasleen hizkuntz premiak definituz eta behar horiei era egituratuan eta sistematikoan erantzunez.
Hizkuntza idatzia garatu ahala, pertsonak gizartean txertatzearen adierazle idazketa eta irakurketa menderatzea bilakatu dira; ondorioz, irakurketa eta idazketa ikastetxeetako komunikazioaren jaun eta jabe bihurtu zaizkigu, harik eta Mendebaldeko hezkuntza sistema askori buruzko txostenetan egungo gazteen ahozko hizkuntz gaitasun eskasa jaso den arte. Inguruabar horretan, euskararen etorkizuna arian-arian jokatzen ari garen honetan, euskarazko ereduetan ikasten aritu arren, gelatik atera orduko, erdaraz ari diren haur zein nerabeen jarrerak –oro har– kezkatzen gaitu. Guretzat, espazio hau euskaraz –nagusiki– garatzeko urratsak egin behar ditugu, inguruan euskaraz aritzeko aukera larregirik ez den tokietan are indar handiagoz zein eskaintza zabalagoz, gainera.
Lehenago esan dugun eran, besteak beste, euskararen erabileran eragiteko, ikastetxearen eremu guztietan eragin behar da. Eragin beharreko eta gehien-gehienetan nahikoa zurruna gertatzen zaigun arloa kurrikularra da, ordea. Zenbaitetan, gela barruan egiten diren jarduerek ez dute hizkuntzaren erabilera bultzatzen; izan ere, besteak beste, garai bateko planteamenduak gogora ekarriz, hizkuntza (ezagutza) ahalik eta ondoen jorratzen ahalegintzen dira hutsuneak betez, askotariko aditzak buruz ikasiz, azterketa morfosintaktikoak egiten ikasiz eta gisako ariketak eginez. Baina, komunikazio jarduerak egituratu eta ikaskuntza prozesuaren ardatz izan gabe murgilduta ari den pertsonak nekez jakingo du hizkuntza hori nonahi eta noiznahi erabiltzen; halaber, gure kasuan, euskarari atxikimendua izatea zaila izango da. Bada, talde pilotuko ikastolen kudeaketa pedagogikoaren ondorioak ez ezik, interakzio didaktikoaren ondorioak ere oso aintzat hartzekoak dira eremu ez-kurrikularrean hizkuntzen erabilera, euskararena bereziki, indartzeko ahaleginean.
Hizkuntzak, oro har, euskara bereziki, gela barruan zein gelatik kanpo gauzak egiteko baliatzen dugun neurrian eskuratzen ditugu. Testuinguru horretan, euskara gustuko dituzten jarduerekin (ez eramanezin edo obligazioarekin) lotzeko urratsak egin behar ditugu. Horretarako, gelaz kanpoko jarduerak, ondo planifikatuz gero (eta egindako behaketetan hori ez da beti gertatzen), erabakigarriak dira. Haur eta gazteek euskarara hurbiltzeko edota euskara erabiltzeko formula eragingarriena ez da “egizu euskaraz!” esatea, adinaren araberako halako edo bestelako jarduerak egitean era naturalean euskaraz jardutea dela konturatzea eta ohartaraztea baizik. Horretarako, espazio horiek euskararentzat irabazteko urratsak egitea da kontua.
Testuinguru horretan, euskararen erabilera indartzeko asmoa duten egitasmoak eragingarriak izateko ikastetxe osoaren jarduera kontuan hartu behar badute ere, gehien-gehienetan ez da hala gertatzen; bada, eremu batean (klasez kanpoko zenbait jarduera gehien-gehienetan–ez guztietan–,) eraginez ez dago euskararen erabileran urrats sendorik egiterik. Horretarako, hizkuntzaren normalizazioa lortzeko, planteamendu sistematikoan oinarritzen diren plangintzak dira eragingarriak, ez ekintza bakartuak. Sarritan, loturarik gabeko eta xede zehatz bati erantzuten ez diotela, jarduerak antolatzen ditugu bazterretan; bada, horrelakoetan, borondaterik onenaz burututako jarduera puntualek zenbaitetan indarrak ahitzea eta jendea erretzea besterik ez dute ekartzen. Beraz, halakoak –izatekotan– puntualak izatea komeni da. Era berean, planifikazioa errazteari dagokionez, euskararen erabilera indartzeko asmoa duten plangintzak hizkuntz proiektuan proposatutako eremuekin uztartuta agertzea lagungarria da.
Baina hori ere ez da nahikoa. Izan ere, ikastetxeetan, behin baino gehiagotan, euskararen erabilera –ustez– indartzeari begirako egitasmoak lantzen dira; alabaina, haur eta gazteek ekintzetan ondo igaro arren, euskararen erabilera indartzeko baliagarri –benetan– gertatu ahal dira? Hona hemen etengabe egin beharreko hausnarketa. Beraz, ikasturtean zehar euskararen erabileraren neurketa egitea komeni da; era horretara, jarduerak eragingarriak izan diren ebaluatzeko modua izango dugu, eragingarriak ez diren jarduerak baztertzeko bidea erraztuz.
Haur eta gazteek erabiltzen dituzten hizkuntz aldaeretan eragin handia du –zenbaitetan erabakigarria– irakasle eta gainerako profesionalek erabiltzen duten ereduak. Profesionalen etengabeko prestakuntzan eta eguneratzean (euskararen eredu ona eskuratzen lagunduz ez ezik, hizkuntzen eskuratzearekin zerikusirik daukaten oinarri teorikoak zein esperientzien trukatzeak bideratuz ere), ahalegin are handiagoak egin behar dira. Inguruabar horretan, azken bost urteetan, besteak beste, irakasleriak izan dituen ikastaroei begiratua eman ostean, zera ikus daiteke, ezen irakasle askok eta askok ez dutela esku hartzen ez euskararen ez metodologiaren gaurkotze saioetan, eta, askotan, gutxi batzuk direla han-hemenka antolatutako saioetan etengabe parte hartzen dutenak (honek egiten ari garenaz eta eskaintzen ditugun ikastaroen eragingarritasunaz gogoeta bultzatu behar du). Halaber, antzeman daiteke prestakuntza saioek ez dutela norabide garbirik (profesionalen zein ikastolaren beraren beharrak zein diren, nora iritsi nahi den, zein epetan, nolako bitartekoak dauden), eta jarraipenik ere–oro har– ez dagoela.
Ingurumari horretan, bestelako zerbitzuetan ari direnen prestakuntzarako estrategiarik ez dagoela eta eskaintzak urriak direla antzeman daiteke. Eskolaz kanpoko jardueretan ari diren begiraleen prestakuntzari bagagozkio, hizkuntz ezagupenak ez dira beti kontuan hartzen, burutzen dituzten jarduerak hizkuntza batean ala bestean garatzeko prestakuntzarik (zein euskara, zer landu, zein eratara, nolako estrategiekin, etab.), materialik zein bestelakorik ez zaie eskaintzen, etab.; beraz, eremu horretan euskara indartzea eta hedatzea nahi bada, halakoei aterabide egokia bilatzea zein gainerako egitasmoekin koordinatzea eta uztartuta garatzea garrantzi handikoa, lehentasunezkoa da.
Baina, aurrekoak bideratu behar baditugu ere, "Ikaskuntzak, ikasbideak eta ikastetxeak ez du bere lanaren jarraipen bermerik segurtatzen. Eskolatik bakarrik ezin espero liteke konponbiderik. Etxe-auzo-bizigiro multzo korapilatsu horren falta du eskolak. Eskolak ezin du hizkuntza bere kabuz eta bere eragin hutsez biziberritu" (Fishman); bada, eskolak kokatuta dagoen ingurunean eragile izan behar du, eta lankidetzan jardun behar du. Ez da nahikoa eskolan gauzak ondo egitea, ez eta gelaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera indartzeko ahaleginak egitea ere; eskolatik kanpo ere espazioak irabazteko, arnasguneak eraikitzeko ahalegina egin behar da.
Erabilera indartzea denon egitekoa eta lehentasunezkoa da (gauza asko omen dira lehentasunezko, baina, ditugun indarrak eta baliabideak kontuan izanik, lehentasunen hurrenkera egin behar da). Baina, aurrekoarekin batera, maratoia korritzen ari den baten ikuspegia izatea ere komenigarria da. Azkarregi joan nahi izateak ez digu helmugara iristen lagunduko, beharbada. Izan ere, lehenbiziko kilometroan arnasa hartu ezinean gelditzea litekeen kontua da. Mantsoegi joatea ere ez da aterabide egokia, helmuga urruti dago, eta bidean izango ditugun arazoak, trabak edota nagiak gehiegitxo gerta litezke eta maratoia korritzeari uzteko aitzakia bilakatu. Gure gorputzak eraman dezakeen erritmoa behar dugu, hala behar denean erritmoa bizkortuz edota apalduz, bidean amore emateko izango ditugun tentazioei aurre egin ahal izateko talde lanean.
Beraz, orain artekoak gogoan ditugula, jardunaldi hauen bidez, ez dugu ahozkotasuna era isolatuan landu nahi izan; hizkuntz proiektuaren kariaz eraikitako hizkuntzen esku-hartze eremuak kontuan harturik, ikaskuntza prozesuaren testuinguruan kokatu dugu. Hargatik, inguruabar horretatik kanpo leudekeen esperientzia bitxi eta isolatuak bazterrean laga ditugu nahita.
Horrenbestez, besteak beste, ahozkotasunaren garapena gainerako trebetasunekin uztartuta eta ziklo zein etapa bakoitzean pertsonak dituen beharrizanei erantzuten diotela bideratu nahi izan dugu. Halaber, ahozkotasuna hizkuntza arloaren eta gainerako jakintza arloen garapenean kokatu dugu. Izan ere, ahozkoaren lanketa hizkuntza arlora mugatzeko joera egon ohi da; alabaina, zerbait definitzea, sailkatzea, planifikatzea, azalpen zientifikoak ekoiztea, testuak ahoz laburtzea, ahozko azalpenak egitea, eztabaidatzea, etab., jakintza arlo guzti-guztien garapenerako ezinbestekoak ez ezik landu zein baliatu beharrekoak ere badirenez, jite hori eman diegu Jardunaldiei. Era berean, gelaz kanpoko jardueretan ahozkotasuna lantzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan dugu, horretarako zenbait pista eskainiz. Gure aburuz, hezkuntza komunitate osoaren ardura da ahozkotasuna lantzea, ezbairik gabe.
Behaketarako tresnen aurkezpena, Euskal Herrian burutzen ari garen zenbait esperientziatara hurbiltzeko saiakera, gelaz kanpoko jardueretan aritzeko pistak, etab. Hots, XI. Jardunaldiek, Hizkuntz Proiektuaren markoan eta asmo bakar baten inguruan bilduta, hizkuntzen esku-hartze eremu guztiei begira urratsak egin ahal izateko, orientabideak eta heldulekuak eskaintzea dute xede; ez dira, beraz, hemen zein nazioartean egiten denaren erakustoki soil, ezen, haur eta gazteen ahozko adierazpena kezka iturri bada, kezkak ekintzara eraman behar gaituela uste osoa baitugu.
(1) Zehaztasun gehiago “Ahozkotasuna Hizkuntza Arloan. Planteamendu teoriko orokorra” artikuluan
(2) Taulan jasotako zeinuen esanahia. G = beren-beregi prestatutako galdetegiak. U = Ulibarrik sortutako tresnak. Garb. = Euskaraz Bizik sortutako garbantzuen sistema. Ikaswin = Ikastoletan ezartze bidean den hezkuntza prozesuen kudeaketarako sistemako familien ezaugarriak jasotzeko fitxategia.
(3) Saio moten inguruko informazioa biltzeko “Interakzio didaktikoa” galdetegia erabili dute talde pilotuko kideek. Orokorrean, galdetegia irakasleei banatu eta bakarka bete dituzte. Ondoren, Hizkuntz Proiektuko dinamizatzaileek datuak jaso eta bateratu egin dituzte
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi eta Hizkuntz Proiektua egitasmoen arduraduna da; ITZIAR ELORZA ALDAY Ikastolen Konfederazioko hizkuntz aditua eta ikasmaterialgintzaren hizkuntz arduraduna da; eta INMA MUÑOA BARREDO Ikastolen Konfederazioko Eleanitz egitasmoko teknikaria da)
![]() | Inprimatu |