|
Eusko Jaurlaritzak Administrazioa Euskalduntzeko Planean lehentasunez elebiduntzeko aurrikusita zituen 84 administrazio-ataletatik bakar bat ere ez da helburu horretara iritsi. Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren orain arteko bi plangintzaldiek izandako emaitzak oso kaskarrak direla esan du eta 3. plangintzaldiari orain arteko oinarri eta baliabide berberekin, aldaketarik egin gabe, ekin nahi diotela salatu du. Kontseiluaren esanetan, "Indarrean jarri nahi den plangintzak orain artekoak bezain etsigarriak izango diren emaitzak lortuko dituela iragar genezake dagoeneko".
Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Administrazio orokorraren euskalduntze prozesua eta emaitzak aztertzen dituen txostena osatu du eta EAEko administrazioan hastear dagoen 3. plangintzaldirako Jaurlaritzak dituen asmoei buruzko irakurketa egin du. Hona hemen txosten hori oso-osorik:
Hitzaurrea
Esku artean duzun hau Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak EAEko Administrazio Orokorrean hizkuntza normalkuntza prozesuak duen egoeraren berri emateko prestatutako txostena da.
Bertan EAEko Administrazioak daraman hizkuntza normalkuntza prozesuari buruz ofizialak ez diren datu eta iritziak topatuko dituzu. Administrazio Orokorraren hizkuntza normalizazioak berebiziko eragina du gizarteko gainerako eremuen normalizazioan. Beharrezkoa da, gaiari buruzko eztabaida publikoa piztea. Lan honek horretan lagungarri izan nahi du.
Aurtengo udazkenean Euskararen Erabilpena Arautzen duen Legeak hogeita bi urte beteko ditu, hamabost, berriz, Funtzio Publikoan hizkuntza normalkuntza plangintzaren oinarriak jarri zirenetik. II. Plangintzaldiaren (1997-2002) epea agorturik dago eta III. Plangintzaldiaren egitasmoa onartu gabe dago oraindik. Une egokia da egindako bideari erreparatu eta etorkizunean beharrezkoak izango diren oinarriez gure iritzia emateko.
EAEko Administrazioaren Euskalduntze prozesuaren ezaugarrietako bat isiltasuna izan da. Plan hauen alderdi gehienak ez dira publiko egin eta datu kuantitatibo soil batzuek besterik ez dira Jaurlaritzak gizarteratu dituenak. Legeak agintzen dituen ebaluazioek zer dioten ere ez dugu ezagutzen.
Azken asteotan Administrazio Orokorreko Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaian Eusko Jaurlaritzako ordezkariek III. Plangintzaldirako egitasmoaren zirriborroa aurkeztu zuten. Bertan amaitu berria den plangintzaldiaz hainbat datu kezkagarriren berri eman zuten. II. Plangintzaldia amaitutakoan Administrazio Orokorrak duen egoera eta hurrengo Plangintzaldirako adierazi dituzten asmoek premiazkoa egiten dute prozesu honi eman zaizkion oinarriez gogoeta egin eta Gizarte Eragileak eta Administrazioaren arteko elkarlana abian jartzea.
Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari Sindikatuen esku jarritako dokumentazioaren kopia eskatu dio, eta oraindik noiz iritsiko zain dago. Beraz, hemen emango dugun hainbat datu euskararen normalizazioarekin konprometitutako sindikatuen bidez eskuratutakoa da.
Kontseiluak uste du Administrazioa Euskalduntzeko politikaren lerro nagusien diseinuak gizartearen parte hartzea eta oniritzia behar duela. Eusko Jaurlaritzak ezin du orain arte bezala gizarte eragileon parte hartzerik gabeko hizkuntza politika egiten jarraitu. Administrazioaren euskalduntzean indarrean dauden irizpideek berebiziko eragina dute gizartearen baitan hizkuntza normalizazioa eta berreuskalduntzearen inguruan sortzen diren joeretan. Administrazioak eragin handia duen neurrian, saihestu ezin den ardura du. Eta gizarte eragileok ardura hori dagokion neurrian bete dezan ahalegindu behar dugu.
Esku artean duzun dosier honek, beraz, egoeraren berri eman nahi dizu. Bertan biltzen diren datuak larriak dira ordea. Administrazioaren euskalduntze politikan aldaketa sakonak egin beharra aski justifikatuta dagoelakoan gaude eta lan honek aldaketa hori eragiteko dinamikaren lehen urratsa ematen lagundu nahi du.
Aurrera jo aurretik ohar zaitez hemen esaten direnak EAEko Administrazio Orokorraren euskalduntze prozesuari buruzkoak direla. Hots, ez ditugu aintzat hartu ez gainerako lurraldeak, ez eta udal edo foru administrazioak. Sektore horiek guztiak Administrazio Orokorraren eremutik eta plan honetatik kanpo geratzen dira.
Atarikoak
Mamitan sartu aurretik hona II. Plangintzaldian (1997-2002) lortutako emaitzei buruzko bi datu esanguratsu:
- Aldi honetan lehentasunez (2002. urtea amaitu aurretik) elebiduntzea aurreikusi ziren 84 ataletatik bakar bat ere ez da helburu horretara iritsi (orotara 456 sail dira Administrazio Orokorrean, eta 84 ziren Plangintzaldia amaitu aurretik elebidun egiteko lehentasunezkoak).
- Plangintzaldia amaitu zenetik urte eta erdi joan da. Hala ere, oraindik ez dugu ezagutzen ebaluazioek zer dioten (eta hala ere Eusko Jaurlaritzak dagoeneko mahai gainean jarri du hurrengo Plangintzaldiaren egitasmoa).
Eta indarrean jarraituko duen politikari buruzko beste bi
- Administrazioak bere buruari jarri dion elebitasun indizea 1996ko erroldak emandako datuetan oinarrituz kalkulatutakoa da (%40,74). Hots, datu horiek jaso zirenetik ia hamar urte joan diren arren, eta 2001eko Erroldaren datuak ezagutzen baditugu ere (horren arabera Administrazio Orokorrari dagokion derrigortasun indizea %43,87 litzateke), administrazioaren euskalduntze indizeak izoztuta jarraitzen du.
- Emaitza zinez eskasak utzi arren, III. Plangintzaldirako aurrekoan indarrean egon diren helburu, baliabide eta eragiteko oinarri ber-berak aplikatzen jarraitu nahi dute. Zenbait kasutan eginkizunak apaldu ere egin dituzte.
Zertzelada hauek eta ondoren azalduko dizkizuegun gainerako argibideek EAEko administrazioan (dela udal, foru nahiz erkidego mailakoa) euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatera hel dadin orain 22 urte (Euskararen Erabilera Arautzen duen 10/1982 legea, eta geroztik honetatik eratorri direnak) xedatutakoak gauzatu gabe jarraitzen du. Are gehiago, indarrean dagoen politikarekin helburu horretara iristea oso gaitza gertatzen ari da.
Arazoa gizartearen begietatik ezkutatu eta eztabaida soziala galerazteko larriegia delakoan jarri dugu zure esku agiri hau.
Datu nagusiak
Hona EAEko Administrazio Orokorraren euskalduntzeari buruz eman daitezkeen datu nagusiak:
Une honetako egoeraz
- Euskararen Erabilera Arautzen duen legea onartu zenetik 22 urte betetzera doazenean eta EAEko Administrazioa euskalduntzeko plan nagusiak abian jarri zirenetik 15 betetzera doazenean, EAEko Administrazio Orokorreko Hizkuntz eskakizuna frogatzeko derrigortasun data beteta dutenek lanpostuen % 14,33 osatzen dute. Hau da Jaurlaritzak bere buruari jarritako neurria baino 26 puntu gutxiago.
- Gaitasuna frogatu arren, hauetako gehienek ez dute erabilera planik beren lan atalean, ez eta trebatzailerik ere. Beraz, askok erdaraz lan egiten jarraitzen du eta eskuratutako trebetasuna galduz doaz.
- Derrigortasun data jarrita duten lanpostuetatik 834 (data dutenetatik %38,17) hutsik dauden lanpostuak dira oraindik.
- Administrazioko lan ataletan planaren aplikazioaren ardura goi-karguen (zuzendariak, zerbitzu-buruak...) esku dago. Hauek, ordea, hasieratik daude salbuetsita.
- Halaber, kualifikazio altua eskatzen duten lanpostuetan dago hizkuntz eskakizunaren betetze mailarik eskasena (II Plangintzaldiaren amaierako egoeraren datuak ez ditugu ezagutzen oraindik).
- Planon aplikazioaren emaitza orokor eta sarritan nahasiak besterik ez ditugu ezagutzen. Ebaluazioak ez dira gizarteratu eta ilunkeria da nagusi. Beraz, oso zaila da behar den moduko oinarriaz jantzitako iritzirik ematea. Iluntasuna izan da Jaurlaritzak gai honetan eraman duen politikaren ezaugarria.
- Publiko egin diren datuak errealitate gordina era lotsagabean desitxuratzeko moduan eman dira.
- Administrazioak bere buruari jarri dion derrigorrezko indizea biztanleen erroldaren emaitzetan oinarritzen da eta honela kalkulatzen da: euskaldunak + ia-euskaduna /2. 2001 erroldako emaitzak iaztik publikoak diren arren 1996ko datuen arabera kalkulatutako indizea da indarrean dagoena oraindik, alegia %40,74. Honek, besteak beste, 86/1997 Dekretuaren kontrakoa da, murriztailea eta legalista hutsa (11. atala, 3. puntua).
- II plangintzaldia 2002ko abenduaren 31an amaitu zen. Gaur oraindik ez dugu ebaluazioa ezagutzen eta da dagoeneko III. Plangintzaldiaren diseinua egina eta onartzear dute.
- III. plangintzaldiaren diseinua erabat iluna izan da. Ez dute parte hartu ez sindikatuek ez eta gizarte eragileek ere. Sindikatuei berri eman zaie, gizarte eragileoi, berriz, informatu ere ez.
Lehenengo plangintzaldiaz
- I. Plangintzaldian (1989-1995) 6.153 lanpostu zituen EAEko Administrazio Orokorrak, horietatik 2.040ri jarri zitzaien derrigortasun data (%33,15), alegia, administrazioak bere buruari jarritako indizearen azpitik (indize horrek %36,19 derrigortzen zuen).
- Plangintzaldiaren amaieran derrigortasuna jarrita zuten 2.040 lanpostuetako titularretatik 581-ek frogatu zuen bere hizkuntz eskakizuna. Hau da, frogatu behar zutenen 28,48ak, hots, une hartan Administrazio orokorrak zituen lanpostuetako titularretatik %9,44ak.
- Derrigortasun data ezarri zitzaien lanpostu asko hutsik zeuden, 724 (%35,49), eta titularretatik 376 (%18,43) adinagatik salbuetsita zeuden. Askotan salatu bada ere, ez dakigu I. Plangintzaldian derrigortasun data izan eta HE frogatu zutenen artean zenbat ziren lehendik ere euskaraz trebatuak. Baina baziren batzuk...
- HE frogatzeko epea 1993ean amaitu bazen ere, Eusko Jaurlaritzak HE frogatzeko erak malgutuz bi urteko luzapena agindu zuen. Orain arte emandako datuak luzapenaren ondorengo balantzeari dagozkio. Ezin dugu ahantzi, ordea, trikimailu honen helburu bakarra euskalduntzearen porrota ezkutatzea zela (zenbait funtzionariok beren espedientea osatzeko behar zuten hizkuntza agiria eskuratzeko erraztasunak emanez) eta ez euskararen normalizazioan urratsak ematea.
- Emaitzak kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak Hizkuntz Eskakizuna eskuratzeko epealdia beste bi urtez luzatu zuen eta baldintzak malgutu egin zituen. Horren eraginez, hizkuntz eskakizuna eskuratzea erraztu egin zen eta salbuetsitakoen multzoa handitu.
- I. Plangintzaldian erabilera sustatzeko planik ez zegoenez, Hizkuntz Eskakizuna frogatzera iritsi ziren langile gehienek erdaraz lan egiten jarraitu zuten ezinbestean. Beraz, urte horietan egindako lanaren zati handi bat alferrik galdu zela esan daiteke ez baitzen bere azken helburua betetzera iritsi, hots, euskaraz lan egin eta zerbitzua ematera. Fenomeno hau sarri aipatu izan dute langileek, zenbait sindikatuk eta hizkuntza normalkuntza teknikariek.
- Gogora ditzagun, bidenabar, planaren aplikazioaz hainbat gizarte eragilek egindako salaketak (besteak beste euskararen gizarte erakunde zenbaitek eta hizkuntza normalkuntza teknikari ospetsu batzuk), besteak beste honakoa salatzen zuten: hizkuntza eskakizuna langile euskaldunei jarri zitzaizkiela; hizkuntza eskakizuna frogatu behar zuten lanpostuak ez zirela askotan euskarazko zerbitzua bermatzen zutenak; eta beraz, egindako ahaleginak ez zuela eraginkortasuna ziurtatzen, arduradun politikoak eta goi karguak salbuetsita zeudela...
Bigarren plangintzaldiaz
- II. Plangintzaldia 1997-2002 urteetarako zen. Aurreko plangintzaldiak agerian utzi zuen Hizkuntz eskakizuna egiaztatzeak nekez egiten zuela euskara zerbitzu eta lan hizkuntza. Plangintzaldi honen helburua beraz euskararen erabilera areagotzea zen, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izatera iristea.
- Jaurlaritzak bere buruari jarritako derrigortasun indizea %40,74koa izan zen (1996ko datuetan oinarrituz) (1), baina epe honen amaieran bere lanpostuen %34,90k zuen zehaztua derrigortasun data, orotara 2.185 lanpostuk (alegia, proportzio honek ez zuen betetzen ezta 1991ko erroldak adieraziko lukeen indizea ere, alegia %36,74).
- II. Plangintzaldiaren derrigortasun data ezarria zuten lanpostuetako titularretatik 913k (egiaztatu behar zutenen %41.78 eta plantila osoaren %14,58k) zuten egiaztaturik beren lanpostuen hizkuntza eskakizuna. Kontuan har bedi, bestalde, derrigortasun data zutenen artean 834 lanpostu bete gabe zeudela (egiaztatu beharra zutenen %38,17 eta plantila osoaren %13,32k). Beraz, II. Plangintzaldian hizkuntza eskakizuna frogatzeko derrigortasun data zuten lanpostuetatik 1272k (%58) ez zuten zegokien maila frogatuta.
- Proportzioa 2001ko erroldak utzitako datuen arabera kalkulatuko bagenu (%44), ordea, diferentzia are nabarmenagoa izango litzateke. Izan ere, indize hori aplikatuz 2.837 lanpostutako titularrek behar lukete frogatua HE eta 913k bakarrik izango lukete egina (%32) Are gehiago II plangintzaldiari zegokion hizkuntza eskakizun berriak ez dira ezarri, (2550 zegozkion eta 2185-i bakarrik ezarri zitzaizkion), beraz 365 lanpostu inguru gelditu ziren zegokien derrigortasun data izendatu gabe (652 izango lirateke 2001eko datuek emandako indizea aplikatu izan balitz. Eta legez plangintzaldiaren lehen urtean ezarri behar ziren denak (86/1997 D 19.1 atala).
- Administrazio atalen sailkapena eginez, Administrazio Orokorrean Jaurlaritzak 456 atal ditu sailkatuta (hemendik kanpo daude Ertzaintza, Osakidetza eta Hezkuntza saileko zenbait atal). II. Plangintzaldiaren hasierarako 17 elebidun ziren eta beste 84, berriz, elebiduntzeko lehen mailako lehentasuna zuten (2). II Plangintzaldian ez zen atala elebidun berri bakar bat ere sortu eta ez dakigu elebidun funtzionatzeko moduan zeuden hamazazpi atal horietako bakar batean ere elebitan lan egiteko planik ezarri den, ez baita horren berririk eman. Beraz, II Plangiltzaldiak bere buruari jarritako helburu nagusia, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izatera iristea herritarrarekin aurrez-aurreko harremana zuten zenbait administrazio ataletan eta horren bitartez “herritarrek Euskadiko edozein herri-administraziorekin dituzten harremanetan hizkuntza-eskubideak bermatzea” gauzatu gabe gelditu da.
- EAEko administrazio orokorrean elebiduntzeko lehentasun maila desberdinak dituzten atalak kontuan hartuz 287 atal elebidun gehiago egon beharko lirateke eta ez daude. Bestalde EAEko populazioan euskaldungoa %50era hurbiltzen den bitartean administrazioaren atalen % 96,27ak elebidundu gabe jarraitzen du. Alegia, elebidun behar luketen atalen % 94,4 oraindik ez da elebidun
- Ez dituzte hainbat sail eta erakunde autonomotako normalkuntza planak egiteko agindutako Hizkuntza Normalkuntza Teknikari postuak sortu. Hau zen helburua: “Jaurlaritzaren Lehendakariordetzan HNT 1; Osalanen HNT 1; Osasun Sailean HNT 1; Kultura Sailean eta SHEE-n HNT 1; Merkataritza eta Kontsumo eta Turismo Sailean HNT 1; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean 2 HNT". Eta hau da bost urte t'erdi hauetan sortu dutena: Kulturan 1 (euskara normalkuntzako teknikaria da lanpostuaren izena). Honez gain planean sartuta ez zeuden honako lanpostu hauek sortu dituzte: Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailean euskara normalkuntzako teknikari laguntzaile 1 eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean 8 euskara normalkuntzako teknikari . Hauek, ordea, HPSko ordezkariek adierazi dutenez, itzulpenak egiten aritu dira.
- Langile, arduradun eta politikarien artean egindako sentiberatze lana oso ahula izan da eta euskararen erabilerara deitzen zuen kanpainatxo bat besterik ez zen izan.
- Jarraipen Batzordea ez da bildu planak iraun dituen urteetan.
- Beraz, gaur egun Jaurlaritzaren hizkuntza normalizazioa 1997an zegoen egoera beretsuan dago ez baitira eman beharreko urratsak eman; hainbat urte eta baliabide alferrik galdu da euskara ikasi duten langile asko normalizazio planetan sartu ez direlako; planak egin ez direlako; ondorioz trebatzailerik jarri ez delako; HNT-ak izendatu ez direlako; langile askok etsi egin duelako...
- II Plangintzaldia amaitu zela dagoeneko urte eta erdi joan da (gogora dekretuz ezarri zela planaren amaiera 2002ko abenduaren 31rako) eta oraindik urte horietan egindako lanaren ebaluazio bakar bat ere publiko egin ez bada ere dagoeneko mahai gainean dugu III Plangintzaldia izango denaren diseinua (3).
- Bilera ofizialetan Jaurlaritzako ordezkariek banatu duten dokumentazioaren arabera, III. Plangintzaldiaren helburua II Plangintzaldiak izan zuen hori bera da, besteak beste euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izatera iristea. Baina aurrekoaren ebaluazioa ezagutu gabe nekez eman dakioke bermerik oinarri bera duen egitasmo bati.
- Plangintza orokor honek ez ditu Ertzaintza, Osakidetza eta Hezkuntza sailak ikastetxeetan dituen langileak hartzen.
Hirugarren plangintzaldiaz
- Plana 2007ko abenduaren 31an amaituko da, baina ez dakigu noiz hasiko den. Dagoeneko urte eta erdi joan da azken plangintzaldia amaitu zenetik eta normalizazioan urratsak ematen jarraitzeak berebiziko garrantzia du.
- Derrigortasun indizearekin arestian aipatu dugun arazo bera izaten jarraitzen dugu. 1996koa aplikatzen jarraitu nahi dute dagoeneko 2001eko datuak badituzten arren.
- Osakidetza eta Ertzaintza plan honetatik kanpo utzi dituzte. Eta bere plan propioa izango badute ere, badirudi I. Plangintzaldiko irizpideetan oinarrituko direla. Hots, derrigortasun indizeak bete zerbitzua euskalduntzeari lehentasuna eman ordez.
- Aurreko plangintzatik hona eragin eremuan UTAP delakoa, Ertzaintzaren laguntzarako unitate teknikoa, kendu dute.
- Lehentasuna duten atalak elebiduntzeko hurrenkera eta epeak kendu dituzte. Beraz, hemen atzera pauso nabarmena dago.
- Ez da aurreikusten zenbat HNT beharko diren eta zein atal edo erakunde autonomotan egon beharko duten. Honetan ere atzerapausoa dago, aurreko planak hori zehazten baitzuen (nahiz eta gero ez bete).
- Ez da aipatzen lanpostuan bertan erabilera sustatu behar duten trebatzaileak zenbat izan behar diren, zein eginkizun izango dituzten, zein atalek duten lehentasuna laguntza horrekin baliatzeko. Beraz, erabilerarako agintzen diren bi oinarri nagusiak (teknikariak eta trebatzaileak) adierazpen hutsa dira, aurreko Plangintzaldian bezala.
- Plangintzaldi honetan L1 izaerako atalak elebiduntzeko helburua bazterrean uzten da atal horietan adinagatik salbuetsita dagoen langile kopuru altuak ezinezkoa egiten duelako helburu horretara iristea. Ez dute ezer proposatzen egoera hau ahalik eta lasterren gainditzeko.
- Ez da zehazten zein berme jarriko den sail eta erakunde autonomoek beren planak egin eta gauzatu ditzaten. Aurreko plangintzaldian bete ez zena nola beteko da oraingoan?
- II. Plangintzaldian zehazten zen zein zen kontratu administratiboa duten enpresek bete beharreko elebitasun indizea. Plangintzaldi honetan betebeharra aipatzen den arren dekretuak agintzen duen betekizuna ezabatu da. Atzerapausoa da.
- Baimen eta lagapenak egiterakoan herritarren hizkuntza aukera babesteko euskararen erabilera bultzatuko dela esaten da baina ez da ezer zehazten. Aukera galdua da, administrazioak euskara enpresen munduan sartzeko bere esku duen baliabide bat alferrik galtzen uzten ari da.
- Sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko ente publikoetarako bideragarritasun-txostenak egitea bere gain hartzen zuen Jaurlaritzak, baina plangintzaldi honetan helburu hori bazterrean gelditu da. Ente eta Sozietate horiek berez euskaldunduko direla uste al du Jaurlaritzak?
- Kontratu administratiboa duten enpresek eskaintzen duten zerbitzuan hizkuntza irizpideak aplikatu behar dituzte baina ez da zehazten hori nola ikuskatuko den, ez eta huts egiteak zein ondorio izango duen.
- Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxeetako administrazioko langileak ere planetik kanpo utzi zituzten. Langile hauek inguru erabat euskaldunean lan egin behar badute ere, beren hizkuntz eskakizun maila ez dago horren pare eta arazoak sortzen ari dira aspaldian. Orotara 817 langile dira (Horietatik 785 teknikariak, administrariak eta administrari laguntzaileak eta atezainak). Talde honek EAEko Administrazio Orokorreko lanpostuen % 13 osatzen du eta Administrazioaren menpeko sailik euskaldunenean dihardute.
- 45 urtetik gorako langileak hizkuntz eskakizuna betetzetik salbuetsita daude. Bigarren Plangintzaldiaren amaieran derrigortasun data jarrita zuten lanpostuen %7,46a (163 lanpostu) adinagatik salbuetsitako langileek beteta zeuden. Martxoko datuen arabera, berriz, eta orain arteko planen eraginkortasuna kontuan harturik, langileen % 81 adinagatik salbuetsita dago edo plangintzaldia amaitzen denerako salbuetsita egoteko arriskua legoke (Ikus honi buruz HAEE-k argitaratu duen martxoko estatistika). (4)
Ondorio nagusiak
Hona hemen Kontseiluak atera dituen ondorioak:
- Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko politika honek ez dio gizartearen premiei erantzuten; ez da gauza izan Administrazio Orokorrean herritarren hizkuntza eskubideak behar ziren mailan eta neurrian bermatzeko; eta indarrean jarri nahi den plangintzak orain artekoak bezain etsigarriak izango diren emaitzak erdiestea iragar daiteke dagoeneko. Beraz, errotik aldatu beharra dago normalizazioaren aurrean administrazioak daraman bidea.
- Administrazioko politikari eta goi karguei dagokie (eta beraiek izendatzen dituztenei) honelako prozesu baten lidergoa. Egitasmo honetan ez dago lidergorik eta horrela ezinezkoa da horren aldaketa serioak eskatzen dituen prozesuarekin aurrera egitea. Arduradunok, ordea, hizkuntz eskakizunetatik salbuetsita daude eta askotan planek aurrera egin dezaten eragozpenak jartzen dituzte, edo normalkuntza bigarren edo hirugarren mailako helburuen artean uzten dute. Fenomeno hau I. Plangintzaldia indarrean dagoenetik da ezaguna eta ez da berau gainditzeko ageriko urratsik egin.
- Administrazio Orokorraren euskalduntzeak gainerako administrazioetako normalkuntza planei eragiten die. Emandako urrats bakoitzak berehalako eragina du bide horretan abiatu diren gainerako administrazioetan. Geldirik egindako egun bakoitzak, berriz, gainerakoen aurrerakada eragozten du. Fenomeno hori urteak aurrera joan ahala are larriagoa da, izan ere, euskaldundu arren euskaraz lan egiten jarri ez diren langileek trebetasuna galtzen dute eta horrekin batera euskaraz lan egiteko ilusioa eta konfidantza. Euskalduntzean hamabost urte hauetan inbertitutako indar ugari alferrik galtzen ari da honen ondorioz. Are gehiago, gaur egun alor honetan euskara erabili nahi duten edo erabili dezaketenengan etsipena nagusitzen ari da.
- Administrazioan euskararen erabilerak daraman normalizazio prozesuaren emaitzak gizartearen begietatik ezkutatu egin da behin eta berriro. Ez ditugu planon aplikazioaren ebaluazioak ezagutzen, emaitzak ere doi-doi eta sarritan herritarrak nahasteko berariaz prestatua aurkezten dira.
- Ardurarik handiena dutenen artean dago euskara ikasteko jarrerarik hotzena (hots, arduradun politikoak eta kualifikazio altuko funtzionariak). Horrek berebiziko eragina du haien esanetara edo elkarlanean diharduten administrazio atalen euskalduntzean.
- EAEko administrazio orokorrean elebiduntzeko lehentasun maila desberdinak dituzten atalak kontuan hartuz dagoeneko 287 atal elebidun gehiago egon beharko lirateke eta ez daude. Bestalde EAEko populazioan euskaldungoa %50era hurbiltzen den bitartean administrazioaren atalen % 96,27ak elebidundu gabe jarraitzen du. Alegia, elebidun behar luketen atalen % 94,4.
- Indarrean dagoen kontratazio politikak epe jakinik gabe luzatzen du Administrazioaren euskararen erabilera normalizatua. Izan ere, gaur egun oraindik sortzen diren hainbat lanpostuk ez dute Hizkuntza Eskakizuna aldez aurretik frogatuta sartzea agintzen.
- EAEko Administrazio Orokorreko langile taldea zahartzen ari da eta geroz eta gehiago dira salbuesteko adinera iristen ari direnak. Une honetan hauxe da egoera: funtzionarioen artean batez besteko adina 45 urtekoa da eta langileen % 81 berrogei urtetik gorakoa da, beraz, orain arteko planen eraginkortasuna kontuan hartuta, une honetan gehienak adinagatik salbuetsita, edo Plangintzaldia amaitu aurretik salbuetsita egoteko arriskua legoke.
Kontseiluaren proposamenak
Hona Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari egiten dizkion zenbait proposamen eta eskaera.
- Helburuak euskara administrazioko lan hizkuntza izan behar du; lan hizkuntza izatea arrazoizko epe jakin batean, administrazio eremu ezberdinetako erakunde eta administrazio atal guztietan, administrazio orokorrean, foraletan, toki administrazioetan, eta estatuak EAEn duen administrazioan.
- Erabilera planak abian jartzeko eragin handieneko ataletan behar diren baliabide guztiak jartzea: Normalizazio teknikariak, erabilera planak, langile trebatuak, trebatzaileak, arduradun euskaldunak eta normalkuntzarekin konprometituak... Sentsibilizazioa eta motibazioa ere bereziki landu behar dira.
- Plana betetzea unean uneko eta tokian tokiko arduradunen esku gelditzen da. Horrek orain arte ekarri duen ez-betetzeko jarrera gainditu beharra dago, beraz, ezinbestekoa da agindutakoak betearazteko bideak jartzea.
- Hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezarri behar zaie, baita goi-kargu politikoei ere. Ardura maila bakoitzari dagokion hizkuntza eskakizuna betetzen ez duenik ez izendatzea. Zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza helburuak eragotziko dituzten langileak lanpostuz aldatzea.
- Hizkuntz eskakizuna duen lanpostua betetzen dutenek dagokien hizkuntza gaitasunera iritsi behar izatea, adina edozein dela ere; beraz, adinagatiko salbuespena indargabetu beharra dago.
- Lan Eskaintza Publikoetan lanpostu guztiak elebidun izatea eta kontratazio berri guztietan langileak elebidun edo, gutxienez, lanpostuari dagokion Hizkuntza Eskakizuna bete behar izatea (eta horretarako behar diren lege aldaketa eta erabakiak). 2000.eko Enplegu Publikoaren Eskaintzan (azkenekoa) Funtzionarioei gordetako lanpostuen artean, %48,73an Hizkuntza Eskakizuna eskatu zen eta %51,27an ez (749 lanpostu eskaini ziren, 365ean euskara derrigorrezkoa izan zen maila batean edo bestean eta 384tan ez).
- Aldi baterako langileei nahiz lan-poltsetan daudenei gainerako langileei ezartzen zaizkien irizpide orokorrak ezartzea, alegia, lanpostuak edo funtzioek hala eskatzen dutenean Hizkuntza Eskakizuna bete behar izatea lanean hasteko.
- Euskara ikasteko langileek egiten dituzten ahaleginei bultzada berezia ematea: derrigortasun data izan nahiz ez euskalduntzeko erraztasunak, langileen euskalduntzea lanpostuaren HE + 1 izan arte ziurtatzea, trebatzailearen laguntza ... Horrek, besteak beste, bere ezaugarrien araberako plana eskatzen du eta eskoletara joan dadin bere lanpostuan ordezkatua izatea.
- Planaren ebaluazioa zorrotz egin behar da, epeak bete eta emaitzen berri eman. Administrazioa euskalduntzeko politikaren irizpideak zehazterakoan eta kontu ematean euskararen gizarte erakundeen nahiz gizarte eragileen parte hartzea bermatu behar da.
- Zerbitzu publikoen hizkuntza eskaintza ikuskatzeko ikuskaritza sortzea, beronen jarduera babestuko duen legedia eta baliabideekin. Ikuskaritza honek ahalegin berezia egingo du Administrazioaren erakunde autonomo, sozietate eta titularitate pribatuko ente publikoek, administrazioarekin hitzarmenak dituzten enpresek edo lagapen administratiboa medio herritarrei zerbitzua ematen dieten enpresen lana ikuskatzeko eta neurri zuzentzaileak agintzeko.
- Administrazioaren euskalduntzea jarraitu eta aholku emateko zerbitzu autonomoa sortzea.
1. ERANSKINA
Administrazioak bere burua euskalduntzeko indarrean jarritako helburuez eta bere buruari jarritako lanez
Honelaxe dio 6/1989 Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak (5):
Euskera eta gaztelera dira euskal Administrazio Publikoetako hizkuntza ofizialak, eta bi hizkuntzok erabiltzea bermatu beharko dute Administrazio horiek bere barneko zein kanpoko harremanetan.
Eta II. Plangintzaldiaren 1998-2002 planak (6):
2.- HELBURU NAGUSIAK
2.1.– Euskara, zerbitzu-hizkuntza herritarrekiko harremanetan.
(...)
Ahozko harremanei dagokienez, herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera sustatuko da administrazio honen langilegoaren aldetik.
2.2.– Euskara, beste administrazio batzuekiko harremanetako hizkuntza.
(...) Plan honen beste helburuetako bat, beraz, Administrazio honek beste batzuekin euskarazko harremanak ahalbideratzeko adostasuna lortzea da.
2.3.– Euskara, administrazio barruko lan-hizkuntza.
Euskara lan-hizkuntza izan dadin beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituzten administrazio-ataletan, berriz, jarraibideak eman eta dagozkion neurriak hartuko dira, hizkuntza-gaitasun egokia duten langileek euskaraz lan egin dezaten.
(...)
2.4.– Administrazio honen ekintza-eremu desberdinetan hizkuntza-irizpideak erabiltzea.
Oraingo Plangintzaldi honetara arte, herritarren hizkuntza-eskubideak berma daitezen herri-aginteek hartutako neurriak funtzio publikoaren ingurukoak izan dira gehienetan. (...)
Helburu hori betetzeko, berriz, eginkizun hauek markatu zizkion bere buruari:
I. Plangintzaldian (7):
1.2.1.– Helburuak.
(...) herritarrek Euskadiko edozein herri-administraziorekin dituzten harremanetan hizkuntza-eskubideak bermatzea izan zen lehenengo Plangintzaldiaren helburu nagusia. Hori dela eta, hizkuntza-prestakuntza izan da lehenengo plagintzaldian gehien landu den alorra EAEko Herri Administrazioan.
II. Plangintzaldian(8):
Lanpostuaren hizkuntza-eskakizunaren jabe izatea euskara erabiltzeko derrigorrezko baldintza bada ere, ez da nahikoa. Plan honek, beraz, hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko ohiko neurrien ondoan beste neurri osagarri batzuk proposatu beharko ditu, erabilerarako bete beharreko baldintza guztiak eskuratzeko. Ondoren aipatzen da, beraz, EAEko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak kontuan izan beharko duena, besteak beste:
– Hizkuntza-eskakizunak ahalik eta ondoen egokitu behar dira lanpostuen zeregin nagusietara.
– Derrigortasun-data apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 20. atalak xedatutakoaren arabera beharrezkoa duten lanpostuetan ezartzea, jendearekiko hurbiltasun-maila, administrazioaren barruan duen harreman-sarea eta bere kokagunea den zerbitzu edo atalaren ezaugarriak kontuan izanik.
– Helburuekin bat datozen euskalduntze-alfabetatzerako irizpideak erabiltzea.
– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibide zehatzak finkatzea.
– Itzulpen-politika osagarria finkatzea.
– Erabilera sustatzeko eta erabileraren aldeko jarrerak eragiteko neurri osagarriak ezartzea.
– Erakundean planari lotutako hizkuntza-normalkuntzaren alorreko eginkizun zehatzak beteko dituzten giza-baliabide espezializatuak izatea.
– Helburuen betetze-mailaren jarraipen zorrotza egitea, dagozkion neurri zuzentzaileak aplikatuz.
Aspaldikoak dira euskaltzaleen eta euskararen gizarte erakundeekin Eusko Jaurlaritzak bere administrazioa euskalduntzeko politikan darabiltzan irizpideei egindako kritikak. Hona hemen 1995ean EKBk, lehen Plangintzaldiak eman zuenaz adierazitakoaren printza bat (9):
“Plan osoa erabileran oinarritu ez izanak ekarri du balantzea eskasa izatea. Erabilera helbururik ez da jarri eta bitartekoa izan behar zuena –euskararen ezagutza- helburu bihurtu da, gainera, hori ere ez da osorik bete.
(...)
Arazo orokor batzuei errepaso azkarra ematearren, esan beharra dago oro har administrazioko lanpostu berrietan ez dela euskara eskatu lanpostuetarako eginkizunei zegokien mailan, politikoei ez zaiela plana ezarri, eta ondorioz, duten erantzukizunarengatik erabilera oztopatzeko faktore baldintzatzaile nagusi bihurtu direla, goi mailako teknikarien artean izan dela planaren betetze mailarik txikiena eta horiek izan direla erabilera sareak oztopatzeko beste eragile garrantzitsu bat, motibazioa ez dela behar adina landu (...)
Plangintza langileekin eta beren ordezkariekin hitzartu gabe burutu da (...). Indar sozialekin kontatzea oinarri oinarrizkoa zen langileen adostasun maila handiagoa lortzeko.
(...) baliabide ekonomikoak txikiegiak dira dudarik gabe erabileran oinarritu beharko litzatekeen plan bat aurrera eraman eta dagoen gabeziari aurre egiteko.”
Eta hona Joxean Amundarainek eta Gotzon Egiak adierazitakoa (10):
“Alegia, hizkerak bestela adierazten badu ere, ez da erabilera sustatzeko plangintza bat izan, langileen euskarazko gaitasuna sustatzekoa baizik.
Hala ere, ezin da ukatu hizkuntz eskakizuna elementu garrantzitsua izan dela euskararen normalkuntzarako bidean.
Plangintza honi buruz behin baino gehiagotan esan izan da sindikatuekin hitzartu gabeko plangintza bat izan dela. Hori, noski, kalterako izan da (...). Hala ere horrek ez du zuritzen, gure ustez, sindikatu batzuk plangintza hau beraien komenentzirako erabili nahi izatea (...)
Joan den bost urteotan zehar informazio falta handia egon dela iruditzen zaigu (...).
Beste alde batetik, iruditzen zaigu oro har administrazioko agintariek ez dutela hau beren plangintzatzat hartu. Agintarien aipua egitean ez gara soilik hedabideetan ageri diren sailburu, diputatu eta antzeko politikari ezagunei buruz ari; administrazioan badaude hain ezagunak ez diren kargu politikoak, zuzendariak, zerbitzuburuak... eta beraiek dira hein handi batean erakundeen martxa daramatenak (...).
Guk, oro har, euskara sustatzeko plangintza baten aldeko jarrera egiaztatu ahal izan dugu langileen artean (...).
Are gehiago, Plangintzaldian zehar erakundeek trakeskeria asko eta asko egin dute, maiz ez dute eskolaratu diren langileentzat ordezkorik bidali eta langileek eguneroko lana ordu gutxiagotan egin behar izan dute (zenbat halako!), baina egoera hauek jasan dituzten askok egiaztatua dute dagoeneko zegokien hizkuntz eskakizuna.”
Ezin ahaz dezakegu, halaber, azken urteotan Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jaso dituen salaketa askok politika honen eraginkortasun eskasean dutela sorburua. Horra hor erakunde honek iazko urteaz aurkeztu berri duen txostenak EAEko Administrazio Orokorraz jasotzen dituenak (“Euskal Herriko administrazio maila guztietan urratzen dira hizkuntza eskubideak”) (11).
Agerian dago, beraz, Administrazioak daraman hizkuntza politikak ez diola erantzuten aitortzen zaion helburuari. Administrazioak bere lanaz esaten dituenak agerian uzten dute esandakoa (12):
(...) ez da lehenengo Plangintzaldiaren irudi sasi-arrakastatsurik eman nahi, eta bai nabarmendu, ostera, euskal funtzio publikoan erabat berri den prozesu baten emaitzak. Prozesua bost urte lehenago hasi zen, eta bost urteren buruan eman duen langile elebidun kopurua hurrengo Plangintzaldietan ez ahazteko modukoa da. Ahaleginak egin beharko dira, bestalde, emaitza onak derrigortasun-data duten lanpostuetara ekartzen.
(...)
1.2.2.2.– Euskararen erabilera.
Helburuen atalean esan bezala, langilego elebidun kopuruaren hazkundea aipatzeaz gain, euskararen erabilera apurka-apurka areagotzen ari dela esan daiteke: gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten langileak, oraindik sistematikoki ez bada ere.
Hala ere, euskararen ohiko erabilera ezagutzaren azpitik dago orohar Eusko Jaurlaritzan. (...).
Eta hona zer II. Plangintzaldiaz (13):
(...)
Horrela, Plangintzaldiaren amaieran, bere lanpostuen %34,90k (6.261tik 2.185) zuten ezarria hizkuntza-eskakizuna betetzeko derrigortasun data, behar baino gutxiagok, beraz.
(...)
Emaitza horiek eta plangintzaren lehenengo aldiaren amaieran, hots, 1995. urtean lortu zirenak alderatuz gero, ikusten da gehitu egin direla derrigortasun data duten lanpostuak: 2.040 izatetik 2.185 izatera igaro da.
Egiaztapenen kopuruak ere gora egin du: 581etik 913ra. Portzentajeei begiratuta, gehikuntza oso nabarmena izan da, %28,48tik %41,78ra.
(...)
Baina II. Plangintzaldian hasierako 17 atal elebidun horiez aparte, ez da atal elebidun berri bat ere sortu. Beraz, II. Plangintzaldian zehar ez da urrats handirik egin atal elebidunak sortzeari buruz. Eta Plangintzaldia amaituta ere, badira oraindik derrigortasun data ezarri gabeko Jendaurreko lanpostuak. Gauza bera gertatzen da lehentasunezko Gizarte izaerako ataletan ere. Aldiz, badira lehentasunik ez duten atalak derrigortasun datak ezarriak dituztenak.
Mamitan sartu eta xehetasun handiagoz azter daiteke orain bi hamarkada luze hasitako ibilbidea. Bete ezin izan diren hainbat helburu zergatik ezin izan den bete xeheago azal daiteke, baina horrek ez du prozesuaz atera dugun ondorio nagusia indargabetzen: indarrean dagoen politika ez da eraginkorra eta bere aplikazioak ez ditu aitortutako helburuak betetzen. Ondorioz Administrazioaren euskalduntzea mugagabe atzeratzen ari da; EAEko Administrazio Orokorrak herritarron hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen du; eta prozesuak daraman bidearekin aitortutako helburuari etorkizunean ere nekez erantzungo dio.
II. Plangintzaldia helburuak eta emaitzak.
Honela laburbil daiteke II. Plangintzaldiak eman duena
Planak agintzen duena (14):
- Hizkuntza-eskakizunak ahalik eta ondoen egokitu behar dira lanpostuen zeregin nagusietara.
- Derrigortasun-data apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 20. atalak xedatutakoaren arabera beharrezkoa duten lanpostuetan ezartzea, jendearekiko hurbiltasun-maila, administrazioaren barruan duen harreman-sarea eta bere kokagunea den zerbitzu edo atalaren ezaugarriak kontuan izanik.
- Helburuekin bat datozen euskalduntze-alfabetatzerako irizpideak erabiltzea.
- Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibide zehatzak finkatzea.
- Itzulpen-politika osagarria finkatzea.
- Erabilera sustatzeko eta erabileraren aldeko jarrerak eragiteko neurri osagarriak ezartzea.
- Erakundean planari lotutako hizkuntza-normalkuntzaren alorreko eginkizun zehatzak beteko dituzten giza-baliabide espezializatuak izatea
- Helburuen betetze-mailaren jarraipen zorrotza egitea, dagozkion neurri zuzentzaileak aplikatuz.
Publiko egin diren emaitzek diotena:
- Hizkuntza Eskakizuna betetzeko derrigortasun datak: behar baino 442 lanpostu gutxiagok (15).
- Derrigortasun data zutenen Hizkuntza Eskakizuna: hamarretik lauk egiaztatu (%41,78) .
- Administrazioko atalen elebiduntzea: Bakar bat ere ez.
- Sail elebidunetako erabilera planak: Ez da ezer aipatzen.
- Hizkuntza Normalkuntza Teknikariak: Ez da ezer aipatzen.
- Hizkuntza trebatzaileak: Ez da ezer aipatzen.
- Hizkuntza ofizialen erabilerarako jarraibideak: Ez da ezer aipatzen.
- Erakunde autonomoen euskalduntzea: Ez da ezer aipatzen.
- Kontratu Administratiboa duten enpresak: Ez da ezer aipatzen.
- Sozietate publikoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak: Ez da ezer aipatzen.
- Baimen edo lagapen administratiboen menpe dauden jarduerak: Ez da ezer aipatzen.
- Diru-laguntzak eta laguntzen banaketa: Ez da ezer aipatzen.
- Argitalpenak: Ez da ezer aipatzen.
- Ekitaldi publikoak: Ez da ezer aipatzen.
III. Plangintzaldirako adierazitako asmoak
Hurrengo Plangintzaldirako dekretuaren zirriborroan aurreko Plangintzaldiaren helburu nagusiak ber-berak dira, lan eremuak ere lehengo berak dira eta lan irizpideak ere bai. Xehe-xehe aztertuz gero, ordea, aurrekotik honetara zenbait puntutan markatutako helburu xeheak apaldu egin direla laster ikusten da. Aldiz, ez dago helburuak indartu direla erakusten duen proposamenik.
Zirriborro horretan, halaber, ez da aurreko Plangintzaldiko ebaluazioen ondoriorik aipatzen. Emaitzen atalean aipatzen diren datuak, berriz, lan irizpide nagusien arteko atal bakar batzuk besterik ez dituzte ukitzen. Pentsatzekoa da aipatzen ez badira landu gabe utzi direlako izan dela (edo ebaluatu ez direlako, edo emaitzak oso zirelako negargarriak, edo...).
Dena dela, auzi nagusia hauxe da: III. Plangintzaldirako markatutako helburuak II. Plangintzaldiaren emaitza ezin eskasagoak markatuta datoz, eta horrek ezin gaitu baikor izatera animatu, aitzitik.
Aurrera jarraitu aurretik ezinbestekoa da, dekretu zirriborroa eta II. Plangintzaldiko dekretuaren artean dauden aldeak aipatzea. Esate baterako:
L1 (16) lehentasun maila duten atalak elebiduntzera iristea baztertzen (17) da, bertan salbuetsita dagoen langile kopurua handia dela argudiatuz. Ez da zehazten noiz arte baztertzen den helburu hori, ez horrek zein ondorio ekarriko dituen.
Erakunde autonomoen eta kontzesiopean diharduten entrepresen gaineko presioa arindu egiten da. 21/1998 Erabakiak honakoa xedatzen zuen Jaurlaritzak egindako kontratazio administratiboetarako:
“Erabiltzaileekiko harremana dakarren prestazioa eskainiko duen lan-taldean euskarazko hizkuntza-gaitasun egokia duen langileen gutxieneko kopuru bat egongo da. Gutxieneko kopuru hori zehazteko, zerbitzua emango den esparruan administrazioari apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 11. Atalean xedatutakoaren arabera derrigorrez betetzea dagokion indizea izango da kontuan” –7. atala, d puntua- ).
III. Plangintzaldirako zirriborroak gauza bera agintzen du, baina ez du aipatzen derrigortasun indizerik dagoenik. Are gehiago, ez da beronen jarraipena egiteko baliabiderik aurkezten ez eta aurreko Plangintzaldiak utzitako emaitzarik ere.
Ez da zehazten zein berme jarriko den sail eta erakunde autonomoek beren planak egin eta gauzatu ditzaten. Aurreko Plangintzaldian bete ez zena nola beteko da oraingoan?
2. ERANSKINA
Ebaluazioa, jarraipena eta gizarte eragileen parte hartzea
Arestian honelako egitasmo orok behar duen gizarte eragileen parte hartzea eta adostasuna azpimarratu ditugu. Ez gara gu bakarrik, ordea, hori diogunak. Horixe bera eskatzen dute Lan Hitzarmenaren mahaian parte hartzen duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, UGT). Eta horixe da politika honen diseinu eta aplikazioan parte hartu dutenek jendaurrean esaten dutena. Mari Carmen Garmendia andereak, Kultura Sailburu zela honela adierazi zuen (18):
“Beste gauza bat ere badago, eta denoi dagokiguna hau: ezin dugu pentsatu administrazioaren hizkuntz normalkuntza batzuen eskutan bakarrik utz daitekeenik. Hemen askoren arteko lana dago (...) Dei bat egiten dizuet denoi: denoi dagokigunez –lehen esan dudana, denoi dagokigunez- ahalegindu gaitezen elkarlanean; elkarlanean diot eta ditugun kezkak, ditugun arazoak, sortzen zaizkigun ezintasunak, egiten ditugun lorpenak horretarako behar diren komunikabiderako bitartekoak, behar diren zubiak, behar diren sareak lortuz, edo sortuz hobeto esan, ahalegindu gaitezen elkarrekin erabakitzen”
“Hitzak eder, eginak lander” dio, ordea, esaerak eta ederki adierazten du zein den EAEko Administrazioaren Euskalduntzearen inguruan Jaurlaritzak daraman politikaren ezaugarri nagusietako bat. Izan ere, Normalkuntza prozesuaren jarraipena arautzen duten xedapenek ez diote aipamen bakar bat ere egiten gizarte eragileak informatzeari edo iritzia eskatzeari, Euskararen Aholku Batzordea bera ere ez da aipatzen. Normalizazio prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuak berak honela dio:
24. atala.– Herri-administrazio bakoitzak aholku eskatu beharko die Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 102.1. atalean aurrikusitako sindikatu eta erakunde sindikalei:
a) herri-administrazio bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko egin behar duen plana osatzerakoan eta plan hori ebaluatzerakoan.
b) lanpostuei hizkuntz eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzerakoan, lanpostu-zerrendetan egon daitezkeen aldaketak egin aurretik.
25. atala.– 1.– Herri-administrazioek, nork bere esparruan, euskararen erabilera normalizatzeko plana administrazio horretan nola ari den garatzen jakinaraziko diete aurreko atalean adierazitako sindikatu eta erakunde sindikalei.
2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzak euskal herri-administrazioetan hizkuntza normalizatzeko prozesua oro har nola ari den garatzen jakinaraziko die aldiro-aldiro aipatutako erakunde sindikalei.
3.– Atalburu honetan ezarritakoak, dena den, uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 8. atalak Funtzio Publikoaren Euskal Batzordeari emandako ahalmenak errespetatu beharko ditu beti.
Honi, halaber, plangintza hauen ebaluazioaren inguruan dagoen hutsunea gehitu behar zaio, izan ere, honela agintzen du 86/1997 dekretuak:
*3.–* Euskal herri-administrazioek euskararen erabilera normalizatzeko planei buruzko ebaluazio-txostena egingo dute plana onartu denetik bigarren urtea betetzen denean. Txosten horrek antzemandako hutsune eta zailtasunen ondorioz beharrezkoak diren berrazterketak egitea izango du helburu. (19. atala)
Eta II plangintzaldi osoan Jarraipen Batzordea ez da behin ere bildu. Are gehiago, agindutako ebaluazio lanaren berririk ez dugu. Kontuan har bedi hauxe dagoela xedaturik (19):
8.4.– Ebaluazioa.
Planaren ebaluazioak adierazleen sistema osatua, betetze- eta eragin-mailaren txostenak, egokitze- eta doitze-programak eta jarraipen eta kontrolerako batzordeak begiesten ditu.
8.4.2.– Aldikotasuna.
Sail bakoitzak emaitzen etengabeko ebaluazioa egingo du sei hilabetero, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko frogen emaitzak jasotzearekin batera.
Administrazio osoaren ebaluazioa urtean birritan egingo da, sei hilabetero.
Plana indarrean jarri zenetik gaurdaino, ordea, ez da ezagutzera eman planaren aplikazio eremu bakar bateko ebaluaziorik, ez ataletakoa, ez Administrazio Orokorrarena. Ezta aldian aldiro egindako ebaluaziorik, edo Plangintzaldiak osorik eman duenari buruzkorik ere (nahiz eta Plangintzaldia amaitu zela dagoeneko 18 hilabete joan diren eta ondo bidean III. Plangintzaldiaren diseinuak emaitza horiekin uztartuta joan beharko lukeen).
Oin-oharrak:
(1) Indize hau euskaldun kopurua eta ia-euskaldun direnen erdia batuz osatzen da. Kasu honetan EAEko egoeraren arabera.
(2) L1 multzokoak 1999rako elebidundu behar ziren, L2 multzokoak 2001erako eta L3koak 2002rako. Orotara 84 atal. L4 multzokoez (203 atal), berriz, zer esan?
(3) Honela dio 86/1997 Dekretuak Inplementazioa eta ebaluazioa izeneko atalean (8.4.2 atalean):
“Sail bakoitzak emaitzen etengabeko ebaluazioa egingo du sei hilabetero, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko frogen emaitzak jasotzearekin batera. Administrazio osoaren ebaluazioa urtean birritan egingo da sei hilabetero.”
(4) EHAEko Administrazioan diharduen langilegoaren argibide estatistikoa, 2004ko martxoa: Administrazio Orokorra, Hezkuntza Administrazioa: Ertzaintza, Justizia Administrazioa. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza (Ogasun eta Herri Administrazio saila; Funtzio Publikoaren Sailordetza), 2004.
(5) V. idazpurua, 97. atala, 1. puntua
(6) 21/1998 Erabakia, Eranskinaren 2. puntua, “Helburu nagusiak” izenekoa.
2.- HELBURU NAGUSIAK
2.1.– Euskara, zerbitzu-hizkuntza herritarrekiko harremanetan.
1.2.1.– Helburuak.
Euskara eta gaztelania Euskadin kokatutako herri-administrazioetako hizkuntza ofizialak direnez gero, herritarrek Euskadiko edozein herri-administraziorekin dituzten harremanetan hizkuntza-eskubideak bermatzea izan zen lehenengo Plangintzaldiaren helburu nagusia. Hori dela eta, hizkuntza-prestakuntza izan da lehenengo plagintzaldian gehien landu den alorra EAEko Herri Administrazioan.
Ahaleginik handienak euskalduntze-alfabetatzerako izan badira ere, izan da besterik. Izan ere, azken urteotan sortu diren azpiegiturak oso lagungarri izango ditugu euskararen normalkuntzan aurrera egiteko orduan:
- a) Arian-arian euskararen hizkera administratiboa sortuz joan da, bera barik ezinezkoa baita administrazioaren alorrean euskararen erabilera normalizatzea.
- b) Lege- eta administrazio-alorreko euskarazko terminologia ondo ezagutzen duten adituak ditugu, Administrazioko itzultzaile-taldea osatzen dutenen artean.
- c) Administrazioaren lan-eremuan euskararen ahozko eta idatzizko erabilerari ekiteko lehenengo urratsak eman dira, (ALET egitaraua, administrazioaren lan-eremurako trebatze-egitaraua).
- d)Sentsibilizazioaren eta motibazioaren alorrean, administrazioaren eremuan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatu dira («Administrazioa euskaraz» kanpaina).
(7) Administrazioak sindikatuen esku jarritako III. Plangintzaldirako dekretu zirriborroaren arabera.
(8) 21/1998 Erabakia, Eranskinaren 1.3 puntua, “Euskararen erabilera normalizatzeko planaren testuingurua” izenekoa.
Lanpostuaren hizkuntza-eskakizunaren jabe izatea euskara erabiltzeko derrigorrezko baldintza bada ere, ez da nahikoa. Plan honek, beraz, hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko ohiko neurrien ondoan beste neurri osagarri batzuk proposatu beharko ditu, erabilerarako bete beharreko baldintza guztiak eskuratzeko. Ondoren aipatzen da, beraz, EAEko Herri Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak kontuan izan beharko duena, besteak beste:
– Hizkuntza-eskakizunak ahalik eta ondoen egokitu behar dira lanpostuen zeregin nagusietara.
– Derrigortasun-data apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 20. atalak xedatutakoaren arabera beharrezkoa duten lanpostuetan ezartzea, jendearekiko hurbiltasun-maila, administrazioaren barruan duen harreman-sarea eta bere kokagunea den zerbitzu edo atalaren ezaugarriak kontuan izanik.
– Helburuekin bat datozen euskalduntze-alfabetatzerako irizpideak erabiltzea.
– Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibide zehatzak finkatzea.
– Itzulpen-politika osagarria finkatzea.
– Erabilera sustatzeko eta erabileraren aldeko jarrerak eragiteko neurri osagarriak ezartzea.
– Erakundean planari lotutako hizkuntza-normalkuntzaren alorreko eginkizun zehatzak beteko dituzten giza-baliabide espezializatuak izatea.
– Helburuen betetze-mailaren jarraipen zorrotza egitea, dagozkion neurri zuzentzaileak aplikatuz.
(9) EKBko Administrazio Saila (1995). “EAE-ko administrazioa euskalduntzeko lehen Plangintzaldiaren balantzea eta aurrera begirako proposamenak”. BAT aldizkaria, 17. zka. (61-67. or).
(10) Joxean Amundarain, Gotzon Egia (1995). “Euskararen normalkuntza Euskal Autonomi Elkarteko Herri Administrazioetan: kronika bat etorkizunari begira”. BAT aldizkaria, 17. zka. (49-59. or).
(11) Behatokiaren 2003. urteko balantzea, 153. or.
(12) Hona zer dioen II. Plangintzaldiaren araudiak I. Plangintzaldiak emandakoaz (21/1998 Erabakia, Eranskinaren 1. puntua, “Euskararen erabilera normalizatzeko planaren testuingurua” izenekoa):
1.2.2.– Emaitzak.
1.2.2.1.– Euskararen ezagutza.
Lehenengo Plangintzaldia amaitutakoan (1995eko uztailaren 30ean), Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari luzaturiko ebaluazio-txostenak honako datuak eman zizkigun:
Aurreko irudian ikus daitekeenez, 1995ean 581 langilek zuten bere lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztaturik. Horrez gain, igarotako derrigotasun-datadun 724 lanpostu huts ziren, hau da, probisio-prozesuren baten bidez lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileek besterik bete ezin dituztenak. Beste alde batetik, baziren hainbat langile lanpostuko hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa izan ez arren hizkuntza-eskakizuna lortu zutenak: 1. hizkuntza-eskakizunaren jabe 239, 2. hizkuntza-eskakizunaren jabe 342, 3. hizkuntza-eskakizunaren jabe 232 eta 4. hizkuntza-eskakizunaren jabe 55.
Goragoko datu horiek azalduta ez da lehenengo Plangintzaldiaren irudi sasi-arrakastatsurik eman nahi, eta bai nabarmendu, ostera, euskal funtzio publikoan erabat berri den prozesu baten emaitzak. Prozesua bost urte lehenago hasi zen, eta bost urteren buruan eman duen langile elebidun kopurua hurrengo Plangintzaldietan ez ahazteko modukoa da. Ahaleginak egin beharko dira, bestalde, emaitza onak derrigortasun-data duten lanpostuetara ekartzen.
Lanpostuak eskatu ez arren hizkuntza-gaitasun nahikoa izateak balio handia badu ere, interesgarriagoa ezeze eraginkorragoa ere bada, bai funtzioengatik bai harreman-sareagatik ere, hizkuntza ofizial bien erabilera beharrezkoagoa den lanpostuetara ekartzea dagokion hizkuntza-gaitasuna. Era berean, komeni da langilego elebiduna beharrezkoa den ataletan bilduz joatea.
Euskarazko hizkuntza-prestakuntzaren emaitzen balorazioa bukatzeko, erants dezagun sail batzuetako langilegoaren kudeaketaren arduradunek behin baino gehiagotan azaldu duten kezka, lanorduetan euskarazko eskoletarako baimenak ematerakoan batean eta bestean erabilitako irizpide desberdinen ingurukoa. Argi dago irizpide-batasun falta horrek emaitzetan izan duela eraginik, erabilitako irizpide desberdinen arabera.
1.2.2.2.– Euskararen erabilera.
Helburuen atalean esan bezala, langilego elebidun kopuruaren hazkundea aipatzeaz gain, euskararen erabilera apurka-apurka areagotzen ari dela esan daiteke: gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten langileak, oraindik sistematikoki ez bada ere.
Hala ere, euskararen ohiko erabilera ezagutzaren azpitik dago orohar Eusko Jaurlaritzan. Datuak daukan garrantzia aitortuta, alde hori euskal gizartearen beste alor batzuetan ere gertatzen dela esan beharra dago. Errealitateari begiak ez ixtea bezain garrantzitsua da, lehenengo, hizkuntza biak ezagutzen dituzten hiztunek euskara gaztelania baino gutxiago erabiltzearen arrazoi objetiboak ezagutzea, eta ondoren, erabilerarako baldintzarik onenak gerta daitezen dagozkion neurriak hartzea.
(13) Administrazioak sindikatuen esku jarritako III. Plangintzaldirako dekretu zirriborroaren arabera
1.2.2.2.- Euskararen erabilera
II. Plangintzaldiaren helburu nagusia, Euskararen erabilera sustatzea zen. Horretarako, atal elebidunak ezartzea aurreikusten zen. Halaber, aurreikusten zen zein izango ziren lehentasunak atalak elebidun izendatzeko orduan eta, horrenbestez, baita atal hauei atxikirik dauden lanpostuei derrigortasun datak ezartzeko orduan ere.
Lanpostuak berekin dakarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izatea, ordea, ez da nahikoa euskara egiazki erabilia izateko. Euskararen erabilera-maila, nonahi, bi faktore nagusiren mende dago: a) norberaren ezagutza-maila eta b) taldean gertatzen den hiztun-trinkotasuna. Hots, zailagoa da euskara erabiltzea hizkuntza behar bezala menderatzen ez bada, hiztuna mintzatzean eroso sentitzen bada baino; eta, bestalde, giza multzo jakin batean euskaldunen kopurua gutxieneko ehuneko batera iristen ez bada, nekez erabili ahal izango da euskara talde horretan.
Irizpide hauek administrazioko atalei ere aplika dakizkieke. Atal batek euskara erabiliko badu, bai administratuekin bai lan hizkuntza gisa bere barne-funtzionamenduan, bi faktoreek batera gertatu behar dute: atal bakoitzean ehuneko minimo batek euskaraz jakin behar du, bere lanari dagokion mailan. Horrezaz gainera, administrazioan hizkuntza idatziak hartzen duen garrantziagatik hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideak izatea beharrezkoa da, sustapen neurri egokiekin eta itzulpen-politika osagarriarekin batera.
Planean aurreikusten zen Jendaurreko eta Gizarte izaerako atal elebidunak ezartzea. Atal Orokor Mikroplandunak sortzea ere aurreikusten zen. Atal elebidun hauetan euskarak zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izan behar du. Horretarako, atalburuak eta ataleko kide guztiek edo ia guztiek derrigortasun data ezarria behar zuten eta lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatua. Hau dela eta, honako atalak bereizten ziren:
Atal elebidunak, hots, plana onartzeko unean elebidun izateko moduan zeudenak.
Lehentasunezko atalak: epe laburrean elebidun izendatuak izan ahal izateko moduan zirenak. Batzuek 1999an lortuko zuten (L1); beste batzuek 2001ean (L2) eta, azkenik 2002an lortu behar zutenak (L3).
Baziren lehentasunezkoak izan arren (L4), elebidun izendatzetik urrun ikusten zirenak ere.
Eta azkenik, baziren lehentasunik gabeko (LG) atalak ere.
Horrela, Administrazio Orokorrean aztertu ziren 456 atalak honako modu honetan banatuak izan ziren II. Plangintzaldian:
Atalak izaeraren arabera (Oharra: baziren egitura arazoak zituzten 9 administrazio-atal eta sailkatu gabe geratu ziren):
- Atal elebidunak: 17 (%3,73)
- Gizarte Izaerakoak 268 (%58,78)
- Orokorrak mikroplanarekin 140 (%30,70)
- Orokorrak 14 (%3,07)
- Atal bereziak 2 (%0,44)
Atalak lehentasunaren arabera (Oharra: baziren egitura arazoak zituzten 9 administrazio-atal eta sailkatu gabe geratu ziren):
- Atal elebidunak 17 (%3,73)
- Lehentasunezko atalak (L1, L2 eta L3) 84 (%18,42)
- L4 atalak 203 (%44,52)
- Lehentasunik gabeak 143 (%31,36)
Datu hauen arabera, 203 atalek atzeratutako lehentasuna zuten: Jendaurreko 15ek (Jendaurrekoen % 65,2k) eta Gizarte izaerako 188k (Gizarte izaerakoen %70,1)
Baina II. Plangintzaldian hasierako 17 atal elebidun horiez aparte, ez da atal elebidun berri bat ere sortu. Beraz, II. Plangintzaldian zehar ez da urrats handirik egin atal elebidunak sortzeari buruz. Eta Plangintzaldia amaituta ere, badira oraindik derrigortasun data ezarri gabeko Jendaurreko lanpostuak. Gauza bera gertatzen da lehentasunezko Gizarte izaerako ataletan ere. Aldiz, badira lehentasunik ez duten atalak derrigortasun datak ezarriak dituztenak.
(14) Administrazioak sindikatuen esku jarritako III. Plangintzaldirako dekretu zirriborroaren arabera.
(15) 1996ko indizea aplikatuz Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lanpostu kopuruaren (6.449) %40,74ari dagokio derrigortasun data ezarria izatea (2550 lanposturi) eta Plangintzaldia amaitu zenerako 2.185-i ezarri zitzaien. Beraz, II. Plangintzaldi amaieran 365 ziren oraindik legez hala egokitu arren, datarik jarri gabe zeuden lanpostuak.
(16) L1 Izendatu ziren “Elebidun izendatzeko baldintza nagusiak betetzear dauden atalei”. 21/1998 Erabakia, 5.2.2.2. puntua. Lehentasuna (edozein mailatakoa dela ere, 1, 2, 3 edo 4) duten atalak herritarrekin harreman zuzena dutenak dira.
(17) Administrazioak sindikatuen esku jarritako III. Plangintzaldirako dekretu zirriborroaren 5.2.2.2. puntuaren arabera.
“Lehentasun osoa duten jendaurreko administrazio-atalen kasuan, adinagatik salbuetsitakoen kopurua oso handia denez, aurreikusten da Plangintzaldiaren amaierarako atal gehienak ezin izango direla izendatu”.
(18) (Iturria: Mari Carmen Garmendiaren hitzaldia Hizkuntza-normalkuntzarako teknikarientzako III. Mahai-inguruan.Gasteiz, 1989.HAEE-k argitaratua, 16-17. or)
(19) II Plangintzaldiari dagokion 21/1998 Erabakia.
|