Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Eskola euskalduntzailea

Xabier Mendiguren Bereziartu / Irakaskuntza / 2004-07-06 / 15:00


“Hezkuntzaren onerako erabakiak” izenburuarekin Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak berriki idatziriko artikulua irakurri ahal izan dut eta bertan egonkortasun-akordioa eta bitarteko irakasleen inguruan sortu den eztabaidaren oihartzunak ageri dira.



Agi denez, Legebiltzarreko eztabaida egin aurretik sindikatuekiko akordioa lortzeaz salatu dute. Sinetsirik nago Anjeles Iztuetak egin duen bideak garbi erakusten duela alde guztien interesak kontuan hartu eta euskarazko hezkuntza hobetzeko ahalegin zintzoa izan dela, nahiz eta sindikatu batzuk azken orduan kanpoan geratu. Eta horregatik, ez zaio arrazoirik falta dioenean “elkarrizketa bada oinarrizko metodorik nagusiena, eta, gainera, elkarrizketa hori bi alderdiak ados jarrita amaitzen bada, zergatik egiten zaio kritika prozedura horri?”

Betiko arazoaren aurrean gaude: badira taldetxoaren, alderdiaren interesak nahiago dituztenak gizartearen gehiengoarena baino, nahiz eta hori era guztietako argudioz janzten saiatu.

Bistan dago ezertara iritsi nahi bada errealitatearen irakurketa ahalik eta objektiboena egitetik abiatu behar dela, bestela inoiz portu berera iritsiko ez diren ontzietan itsasoratuko gara.

Ezaguna da, nola 80. hamarkadan zehar bi hezkuntza autonomikoak eratu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, bata; eta Nafarroan, bestea. Eta hezkuntza-politika diseinatzerakoan A, B, D ereduen sistema ezarri zen orduko egoera eta mugak kontuan harturik, ikasleriaren euskalduntzea erabat bermatzen ez zuen ereduen politika batekin, esaterako, Katalunian ez bezala.

Hala ere, gurasoei dagokienez, urtez urte gero eta argiago erakutsi dute euskararekiko konpromisoa benetan euskalduntzea bermatzen duen eredu bakarraren alde gero eta nabarmenago jokatu dutelako, baina oraindik askok ez dakite A ereduak eta B eredu gehienek ez dutela euskalduntzen eta hori zor zaien argibidea da.

Irakasleei dagokienez, berriz, benetan pozgarria izan da nola milaka irakaslek azken 20 urteotan ahalegin eskerga egin eta euskarazko klaseak duintasunez ematea lortu duten ikustea. Horregatik, bitarteko irakasleen inguruan sortu den zarata eta propaganda guztia are arbuiagarriagoa gertatzen da esaten denean "hiru urte bakarrik eman direla sei edo zazpi beharko liratekeenean" edota "langileen gainetik nazio-eraikuntzaren egitasmoaren interesak" daudela. Lehenari dagokionez, nola ikasi dute orduan epe horretan gainerako irakasleek? Eta bigarrenari buruz, Epaitegi Konstituzionalaren doktrina goiztiarra gogoratu besterik ez: "Todos los habitantes de Euskadi tienen el derecho a conocer y a usar ambas lenguas (art. 6.1 del Estatuto). Ello supone, naturalmente, que ambas lenguas han de ser enseñadas en los centros escolares de la Comunidad con la intensidad que permita alcanzar ese objetivo. Y es de observar en este mismo sentido que tal deber no deriva sólo del Estatuto, sino de la misma Constitución.

(...)

De estos preceptos resulta que el Estado en su conjunto (incluidas las Comunidades Autónomas) tiene el deber constitucional de asegurar el conocimiento tanto del castellano como de la lengua propia de la Comunidad, que tiene carácter de lengua oficial (art. 6.1 del Estatuto). Una regulación de los horarios mínimos que no permita una enseñanza eficaz de ambas lenguas incumpliría este deber constitucional." (1)

Hainbeste urte igaro eta euskara ikasi ez duten bitarteko irakasleek eta horien babesleek zer "nazio-eraikuntza" egozten diote aurreko testuari?

Epaitegi Konstituzionalarenaren arabera, irakaskuntza eraginkorra segurtatzeko betebehar konstituzionala bermatzen ez duten ereduek alternatibak behar dituzte eta dagokionak hartu beharko ditu neurri horiek.

Hamabost urte irakaskuntzan daramatzan, hiru urtez soldata ordainduta liberaturik egon den eta perfila atera ez duen irakasleak, orain arte egin ez duen hori aurrerantzean egingo duela pentsa ote daiteke arrazoiz? Nondik egotz lekioke Hezkuntza Sailari muga jarri dielako irizpide politikoz ari delakoa? Uste dut, Hezkuntza Sailak nahikoa denbora eta baliabide esleitu dituela, nekez onar daitekeen egoera bat luzatu behar izateko. Hizkuntza eskubide soila betetzea dago hemen jokoan eta gizarteari zerbitzua ematea dagokio funtzionarioari, eta ulertzen dut betebehar hori nahikoa eta sobera modu arrazoizkoan itundurik egon dela. Beraz, badirudi lekuz kanpo daudela kexuak eta egoera onartezin hau sine die luzatu nahi izatea.

EAEko ikasleria osoaren % 38 D ereduan, benetan euskalduntzen duen horretan, ikasten ari den une honetan, etorkin gehienak eredu ahulenetan matrikulatzera bultzatuak direnean eta Behatokiak berriki gogorarazi digunez hizkuntza eskubideak administrazio eta maila guztietan urratzen direnean, zenbait irakasle eta sindikalistak egin dituzten adierazpenak nekez justifika daitezke.

Berehala mende laurdena beteko duen eredu sistema gainditzeko ausardia eskatu behar zaio Lakuako Gobernuari. Belaunaldi berriak erabat euskalduntzearen helburua lortzeko orain arteko eredu sistema gainditu egin behar da. Gehiegitan entzuten dugu hori eginez gero sortuko omen litzatekeen zalaparta politikoaren beldurraren aipamena. Gehiegitan entzuten dugu gaur egungo corpus juridikoak sortzen dituen traba eta oztopoen berri. Gehiegitan luzatzen dira epeak, gehiegitan ematen da amore herritarron eskubideak bermatzea lortzeko beharrezkoak diren politikak aplikatzeko unean. Eskola euskaldundu behar da eskolak euskaldun dezan eta zeregin horretan ausardiaz jokatzeko deia behar zaio Administrazioari.

Bukatzeko, esan nahi dut gaur egun hezkuntza sistemak euskaldun dezan, ditugun trabak gainditzeko denon konpromisoak beharrezkoak direla eta horiek lortzeko lan egingo duela Kontseiluak etengabe. Prest dago elkarlanerako, gurasoak, irakasleak, sindikatuak eta Administrazioarekin baina, era berean adierazi nahi dut hizkuntz eskubideen urraketa ekarriko duen inongo jarrera, portaera, proposamen edo politikarik ez duela onartuko.


(XABIER MENDIGUREN BEREZIARTU Kontseiluko idazkari nagusia)

Oin-oharrak:

(1) STC 87/1983, urriaren 27, f.j. 5º; eta STC 88/1983, urriaren 27, f.j. 4º.


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1089023766