![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Andres Urrutia Badiola / Herri-administrazioa / 2004-06-23 / 07:01
Kode Zibila euskaraz argitaratu da historian lehenengo aldiz, Europako kodegintza zibilaren mugarri den Napoleonen Kode Zibila frantsesez argitaratu zenetik (1804) mende bi bete direnean.
Kode Zibilak berebiziko pisua du sistema juridikoaren barruan. Euskal Herrian ere, norbanakoen arteko lege nagusia da, aspaldiko foru-zuzenbideekin batera. Berrikitan ageri da Kode Zibilaren euskal testua, historian lehen aldiz, hura gaztelaniaz argitaratu zenetik (1889). Itzulpen juridikoaren alorrean berebiziko ahalegina eskatu du horrek, hain zuzen ere, euskal juristen eskuetan jartzeko asmotan Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak eta Eusko Ikaskuntzen Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ondu dutena.
Joanak dira bi mende, Napoleonen Kode Zibila frantsesez argitaratu zenetik (1804). Horixe izan zen, hain zuzen ere, Europako kodegintza zibilaren lehendabiziko mugarria, eta, harrezkero, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko lurralde euskaldunetan indarrean egon den eta dagoen lege-testua. Orain, berriz, Espainiako Kode Zibilaren euskarazko bertsioa plazaratzen da. Hori berori da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan aplikagarri den lege zibila, betiere bertako foru-zuzenbidearekin batera.
Europako kontinentearen tradizio juridikoan, eta XXI. mendearen hastapenetan, Kode Zibila da oraindik tokian tokiko antolamendu juridikoaren euskarririk garrantzitsuenetako bat. Egoera horrek XIX. mendean du jatorria, garai horretan hasi baitzen Frantziako Kode Zibilak aitzinatu zuen prozesu luzea. Prozesu horren itxiera 1900. urtean gertatu zen, Alemaniako BGB argitaratzearekin batera. Hortaz, beranduko emaitza da Espainiako Kode Zibila, 1889. urtean kaleratu zena.
Espainiako kodearen abiapuntu nagusiak izan ziren lege-batasunaren guraria eta estatu osoaren modernizazio juridikoa burutzeko asmoa. Bi-biok sakon baldintzatu zuten lege-testuaren forma, hizkuntza eta edukia.
Begi-bistakoa denez, ikuspuntu horiek, eta, berarekin batera ere, Espainiako Errege-Berrezarpenaren estatu liberalaren garabideak, ez zuten erraztu kodeak gaztelaniaz besteko hizkuntzetara itzultzea. Baziren orduko Europan osterantzeko eredua ezarri zuten herrialdeak (ad. Austria-Hungaria), berezko zuzenbide zibilaren zabalkundea jatorrizko hizkuntzatik gainerako hizkuntzetara eramatea ahalbidetu zutenak. Espainian, ordea, Kode Zibilak egundo ere ez zuen halakorik ikusi.
1978ko Konstituzioa indarrean jartzeaz geroztik -Bigarren Errepublikaren garaia salbuetsita (1931-1939)-, gaztelania eta autonomia-erkidego zehatz batzuetako hizkuntzak (besteak beste, euskara bera) ofizialkide dira, autonomia-erkidego horien lurraldeetan. Horiek horrela, hizkuntza ofizialkideak mundu juridiko-zibilaren partaide dira, eta, mundu horretan, hizkuntzok adierazi behar dituzte, bai Kode Zibilaren edukia, bai Espainian indarrean dauden foru-legeria nahiz legeria zibil berezi desberdinen edukiak. Izatez, bi errealitate horiek barneratzen dituzte mundu juridiko-zibil horren oinarriak. Bestalde ere, ez da bazterrean utzi behar Kode Zibilak antolamendu juridiko orokorrari begira duen balioa; hartara, zuzenbideko zenbait arlotan, kode zibil espainiarraren atariko tituluak duen aginpidea, arau ororen xehetasun eta ezaugarriak barneratzen dituena.
Nolanahi ere, ukaezina da hizkuntzak lege eta arauen itxuraketan duen pisua. Kode Zibilaz denaz bezainbatean, horren jatorrian bultzada demokratikoa eta berdintasun-gogoak nabarmendu ziren; inguru horretan, hizkuntza erraz, labur eta argia erabili nahi izan zen. Horren aurka, mundu juridikoaren teknifikazioa, gero eta handiagoa eta beharrezkoagoa dena. Horrek berarekin dakar prozesuaren orekak beti-beti egokiera zehatza ez erdiestea.
Hori dela eta, zenbait gida-lerro finkatu dira, Espainiako Kode Zibilaren hizkerak dituen ezaugarririk agerikoenak laburbiltzeko. Horrela ulertu ahal izango dira lege-testu hori euskaratzeko gakoak:
Aurretiaz adierazi den bezala, zuzenbidea eta hizkuntza bateratu beharra dago, itzulpen juridikoaren arloan ahaleginak egitekotan; batez ere, Kode Zibila bezalako testu luze eta oro-hartzailearen euskarazko bertsioa ematekotan. Gogoan izan behar da, ildo horretatik, lehenengoz euskaratzen dela.
Abiaburuak, zernahi gisaz, badira izan. Egiatan, eta ondoren adieraziko den bezala, lan honen euskarriak zirriborraturik zeuden aurretiazko beste batzuetan, eta guretzat horiek bide-lagun izan dira.
Lehenengo eta behin, azpimarratu behar da hala nahita erabili izan direla euskarazko iturriak, iturriok itzulpen juridikoaren arlokoak izan (ad. Bizkaiko Batzar Nagusien XIX. mendeko testuak) nahiz zuzenbide zibilarekin lotutako herri-hizkeraren edo etnografiaren arlokoak izan (kontratuen izendazioak, oinordetzak, bide-zorrak eta bestelakoak). Agerian dago lexiko eta diskurtsoaren altxor hori erabilgarri oso dela, foru-esparru zibiletik Kode Zibilera alderatzeko, betiere beharrezkoa den zuhurtzia erabilita.
Edozein modutan ere, eginkizun hori ezinezkoa izango zen, azken hamabi urteotan Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuan eta Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegian lan sendoa egin gabe. Hizkuntza-zuzenbidea azaltzeko lana gutxietsi gabe, irakasle euskaldunak trebatzeko prozesua sustatu da, irakasle horien ardura testu juridikoen sortzea eta itzultzea izan dadin. Zuzenbide-fakultateko irakasle diren Andres Urrutia eta Gotzon Lobera jaunen zuzendaritzapean, lan-taldea osatu da, eta lan-talde horrek aspalditik atondu ditu eskuliburuen euskarazko bertsioak, zuzenbide zibilaren arlo zabal guztietan. Testu horien hizkeran, zentzuzkoa denez, behin eta berriro agertzen dira Kode Zibilaren eta bestelako lege-testuen aipamenak, dagoeneko euskaratuak direnak. Hori dela eta, esan beharrik ez dago geroagoko lan hau errazteko modua bazela, alegia, aurretiaz kontzeptu eta hizkuntzaren arloan ondutako funtsezko egitura.
Aurrekoaren ariora, mundu juridikoa euskaraz adierazteko idaztankera propioa eta diskurtso berezia finkatu dira, eta bi-biok nabarmen dira Kode Zibilaren testu honetan. Lehendaurrez, euskarazko eskuliburuak, itzulitakoak nahiz sortutakoak, plazaratu dira; geroago, hainbat doktrina-liburu, zuzenbide zibil, administrazio-zuzenbide, merkataritzako zuzenbide, zuzenbide politiko, zuzenbidearen historia, hizkera tekniko-juridiko eta beste arlo batzuetan. Hari beretik, indarrean dauden lege-testu batzuk ere kaleratu dira. Bada, testu honek osatu nahi du lan-esparru hori, esparru horrek, unibertsitateaz landara ere, mundu juridiko-profesionala barnera dezan. Izan ere, eskakizun akademikoek eta lanbideko eskakizunek ahalbidetu dute irakurleak eskura duen argitalpen hau.
Lehenengo kezka izan da testu normalizatua lortzea. Testu normalizatu horretan, Euskaltzaindiak orain arte emandako hizkuntza-arauak eta -gomendioak jasotzen dira. Bestera ere, testuak bildu nahi ditu kalitatezko euskaratzeak behar dituen idaztankera eta hizkera. Horretarako, esan gabe doa hori ere, zuzenbidea eta hizkuntza artez bertaratu behar ditu.
![]() |
Bertsioa bi hizkuntzatan aurkezten da. Hala egin da, ez bi-biok ofizialkide direlako bakarrik. Kontuan izan da, orobat, bi hizkuntzen artean dagoen aldea, alegia, gaztelaniaren (hizkuntza erromantzearen) eta euskararen (erromantze ez denaren) artean dagoen jauzi handia. Horregatik, nahitaezkoa da, alde batetik, gaztelaniazko testua izatea, hori itzulpenaren abiapuntua baita, eta, beste alde batetik, euskaraz egindako bertsioa gaineratzea. Horrela, lehen esan legez, lege-testuen bilduma honetarako finkatutako irizpideari eusten diogu, kodegintza zibilaren beste ahalegin elebidun batzuek egin duten bezala (Belgika, Quebec).
Itzulpen guztietan, eta, bereziki, itzulpen juridikoetan, nahitaez bermatu behar dira bi motatako eskakizunak: aurrenik, itzulitako hizkuntza bat etorri behar da itzulpenaren emaitza den testuarekin; eta, bigarrenik, segurtasun juridikoa zaindu behar da, bi testuetatik edozein erabili nahi duen jardule juridikoarentzat hori ezinbestekoa baita. Testu honetan, zailtasun horren jakitun jokatu da, batik bat, Kode Zibilaren sistema juridikoak historian zehar euskarazko molderik izan ez duela kontuan hartuta (eta, salbuespen moduan, foru-zuzenbide zibilaren kasua ere aintzakotzat izanik, gorago azaldu den bezala). Beste sistema batzuetan, hizkuntza bakoitza bere antolamendu juridikoaren eramaile izaten da. Gurean, aldiz, sistema bera bi hizkuntzatan adierazi behar da, eta bi hizkuntzok euren artean desberdintasun handiak dituzte, garapen juridikoari eta hizkuntza-garapenari dagokienez behinik behin. Ondorenez, jatorrizko hizkuntzak nabarmen baldintzatzen du itzulpenaren xede-hizkuntza.
Zuzenbide zibilean bada aintzat hartu beharreko beste faktore bat ere. Faktore horren eretzean, zuzenbide zibilaren esparruan nagusi diren araubideak “nazionalak” izaten dira, eta, horregatik, erabili beharreko lexikoan erreferentziak bilatu behar direnean, ez da onartzeko modukoa beste hizkuntza batzuetara, berbarako, ingelesera jotzea, horiek nazioartean egundoko eragina izan arren. Ingelesak sistema juridiko berezia bizi eta eratzen du, hain zuzen ere, Common Law izenekoa, eta sistema hori oraindik oso urrun dago Europako kontinenteko errealitatetik, kontinentean kodetutako zuzenbidea aplikatzen baita.
Zalantza-izpirik gabe, Espainiako Kode Zibilaren euskarazko bertsio hau egiteko, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurralde euskaldunen ikuspuntua erabili da. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko lurraldeen eguneroko bizimoduan, Frantziako Kode Zibilaren formulak eta artikuluak euskaraz aplikatzen hasiak dira oraintsu, gizabanakoen jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-kasuetan; baina hori ez da oztopo izan behar oraingo honetarako. Kontrara, bultzagarri bihurtzen da bihar-etzi batasunerako ahaleginak egin daitezen; lan honetan, lurralde horietako testu euskaldunak kontuan hartu eta erabili izan dira, eta guztion arteko bat-egiteak bide horretatik jo dezake. Azkenik, lurralde euskaldun guztietarako joera horretan, ezin da ahantzi Europako zuzenbidea terminologiaren eta diskurtsoaren batasuna bultzatzen ari dela dagoeneko, zuzenbide hori gero eta hurbilago baitago zuzenbide zibilaren eremu jakin batzuetan.
Aurrekoaren erakusle, eta labur-labur bada ere, egindako lanaren hiru ardatz nagusiak plazaratuko dira, alegia, euskarazko testu honen terminologia, morfosintaxia eta diskurtsoaren nondik norakoak.
Terminologia
Kode Zibilaren terminologia oparo eta anitza da zin-zinez. Gainera, zuzenbide zibilaren hainbat erakunde baitaratzen ditu. Terminologia hori euskaraz adierazteko orduan, proposatutako testuan honako parametro hauek izan dira gidari:
(1844g) Para que pueda tener lugar la disposición de este artículo...
(1844e) Artikulu honen xedapena gerta dadin...
Supuesto terminoari dagokionez, sistematikoki kasu terminoa erabili izan da baliokide moduan:
(4.1g) Procederá la aplicación analógica de las normas cuando éstas no contemplen un supuesto específico, pero regulen otro semejante entre los que se aprecie identidad de razón.
(4.1e) Arauen aplikazio analogikoa bidezkoa izango da, arauok kasu zehatza arautu ez arren, horren antzeko beste bat arautzen badute, eta bi kasuon oinarria berbera bada.
Bukatzeko, caso terminoa itzultzeko, aintzakotzat hartu da itzulitako testuinguruak eta euskarazko esamoldeek behar dutena. Horrek ekarri du, batzuetan, termino hori isiltzea:
(9.7g) En caso de cambio de la nacionalidad común o de la residencia habitual del alimentista, la nueva ley se aplicará a partir del momento del cambio.
(9.7e) Naziokotasun erkidea aldatuz gero edo mantenuhartzailearen ohiko bizilekua aldatuz gero, lege berria aplikatuko da, aldaketa-unetik aurrera.
Eta, beste batzuetan, kasu terminoa erabiltzea:
(1463g) Fuera de los casos que expresa el artículo precedente, la entrega de los bienes muebles se efectuará…
(1463e) Aurreko artikuluak aipatzen dituen kasuetatik kanpo, ondasun higigarrien ematea gerta daiteke…
(1276g) La expresión de una causa falsa en los contratos dará lugar a la nulidad..
(1276e) Kontratuetan kari faltsua adierazteak deuseztasuna dakar…
(1295g) La rescisión obliga a la devolución de las cosas que fueron objeto del contrato con sus frutos…
(1295e) Hutsalketaren ondorioz, kontratuaren objektu diren gauzak euren fruituekin batera itzuli behar dira…
(1503g) Si el vendedor tuviere fundado motivo para… podrá promover inmediatamente la resolución de la venta.
(1503e) Saltzaileak arrazoi oinarriduna badu… kontratuaren suntsiarazpena eragin dezake berehala.
Gauza bera gertatu da dominio/jabaria eta propiedad/jabetza bereizketa klasikoarekin:
(338g) Los bienes son de dominio público o de propiedad privada.
(338e) Ondasunak herri-jabarikoak edo jabetza pribatukoak dira.
Morfosintaxia
Sintaxiari buruz, azpimarratu behar da, oraingoz bederen, itzulpenerako irizpide ofizialik ez dagoela, testu arau-emaileak euskaratzeko. Horregatik, irizpideok ezari-ezarian finkatu behar izan dira, lehendaurrezko eskarmentua gogoan izanik. Orokorrean:
Artikulu horren lehendabiziko lerrokadak denborazko kutsua du:
(1514.1g) Cuando varios, conjuntamente y en un solo contrato, vendan una finca indivisa con pacto de retro...
(1514.1e) Norbaitzuek, batera eta kontratu batean bakarrik, finka indibisoa saltzen dutenean atzeraeskuratzeko itunarekin...
Eta bigarrenak, ostera, baldintzazko kutsua darabil:
(1514.2g) Lo mismo se observará si el que ha vendido por sí solo una finca ha dejado varios herederos...
(1514.2e) Gauza bera beteko da, baldin eta bere kabuz finka saldu duenak zenbait jaraunsle utzi baditu...
(1086g) … no se procederá a su extinción, aunque sea redimible, sino cuando la mayor parte de los coherederos lo acordare.
(1086e) … errenta edo zama hori ez da azkendu behar, nahiz eta luditzeko modukoa izan, salbu eta jaraunskide gehienek hala erabakitzen dutenean.
(10.3g) La emisión de los títulosvalores se atendrá a la ley del lugar en que se produzca.
(10.3e) Baloretituluen jaulkipena non gertatu eta toki horretako legeari egokituko zaio jaulkipen hori.
Bai eta ezen klasikoa ere:
(1479g) ... una parte de la cosa vendida de tal importancia con relación al todo que sin dicha parte no la hubiera comprado, podrá exigir la rescisión del contrato...
(1479e) ... gauza osoarekin alderatuz, zati hori hain garrantzitsua bada, ezen zati hori izan ez balitz, erosleak ez baitzukeen gauza hori erosiko, erosle horrek kontratuaren hutsalketa eska dezake...
(1517g) Si el comprador dejare varios herederos...
(1517e) Erosleak zenbait jaraunsle utzi baditu...
(1535g) Vendiéndose un crédito litigioso, el deudor tendrá derecho a extinguirlo...
(1535e) Kreditu auzigaia saltzen bada, zordunak hori azkentzeko eskubidea izango du...
Eta, beste batzuetan, aditzaren partizipioa erabili izan da, –z partikularekin:
(1203g) Las obligaciones pueden modificarse: 1. Variando su objeto o sus condiciones principales...
(1203e) Betebeharrak aldaraz daitezke: 1. Euren objektua edo baldintza nagusiak aldatuz...
Diskurtsoaren nondik norakoak
Zernahi gisaz, itzulpen onaren oinarriak ezin dira izan, besterik gabe, morfologia eta sintaxia. Aitzitik, xede-hizkuntzan idatzitako testuaren diskurtsoa moldatu egin behar da, itzulpenaren testuan jatorrizkoa behar bezala isla dadin. Gure kasuan, aurrekoaren adierazgarri, zenbait adibide jar daitezke:
(513.1g) El usufructo se extingue: 1. Por muerte del usufructuario.
(513.1e) Gozamena azkentzen da: 1. Gozamenduna hiltzen denean.
(348g) La propiedad es el derecho de gozar y disponer de una cosa, sin más limitaciones que las establecidas en las leyes.
(348e) Jabetza da gauzak gozatu eta xedatzeko eskubidea, eta legean ezarritako mugapenak baino ez ditu.
Beste kasu batzuetan, definizioen izaera predikatiboagoa da. Definizio horiek azalpenak besterik ez dira, eta, horregatik, beste eredu baten bitartez euskaratu dira:
(142g) Se entiende por alimentos todo lo que es indispensable para el sustento, habitación, vestido y asistencia médica.
(142e) Mantenu gisa hartzen da elikagaiak, gelak, arropak eta osasun-laguntzak izateko behar den guztia.
Modu berean ere, definizioak bere baitara bil ditzake definitutakoaren existentzia edo muinari buruzko baldintzak:
(1088g) Toda obligación consiste en dar, hacer o no hacer alguna cosa.
(1088e) Betebehar oro zerbait eman, egin edo ez egite horretan datza.
(227g) El que disponga de bienes a título gratuito en favor de un menor o incapacitado, podrá establecer las reglas de administración de los mismos y designar la persona o personas que hayan de ejercitarla.
(227e) Norbaitek dohainik ondasunak xedatzen baditu adingabearen edo ezgaituaren mesederako, ondasunok administratzeko erregelak ezar ditzake, eta administrazio hori burutu behar duen pertsona edo pertsonak izenda ditzake.
Labur-zurrean, lan honetan berebiziko ahaleginak egin dira hizkuntzaren gorabeherei eta beraren etengabeko garapenari erreparatzeko, bai eta gizarte-beharrizanei egokitzeko ere. Ahalegin horien guztien xedeak, lehen adierazi bezala, bi izan dira: bata, zuzenbidearen esparruan, eta, bestea, hizkuntzalaritzaren eremuan. Lehenengo eta behin, euskararen normalizazioa iritsi nahi izan da, historian zehar arrotz izan zaion esparru batean. Eta, bigarrenik, euskarazko testuan behar bezala lotu edo uztartu nahi izan dira jatorrizko hizkuntza eta xede-hizkuntza, bi-bion arteko baliokidetasuna, eta, horrekin batera, segurtasun juridikoa ere bermatzeko. Ezaguna denez, euskararen normalizazioa zuzenbidearen esparruan nekez lortuko da, hori kalitatezko testu juridikoen bitartez ziurtatzen ez bada. Zailtasun hori gogoan izan behar dute, nahitaez, itzulpen espezializatuaren munduan dihardutenek.
Testu hau baterako ahaleginen emaitza da. Ahalegin horietan jarri dira, buru-belarri, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta beraren Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala, eta Deustuko Unibertsitatea, bertako Euskal Gaien Institutuaren eta Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegiaren bidez. HAEE-IVAPeko Josu Erkoreka, Jon Urrutia, Jon Agirre eta Eneko Oregi jaunen harrerari esker lortu da ekimen hau, horiek Deustuko Unibertsitatearen egitasmoa onartu eta finantzabideak lortzen lagundu dutelako. Testua bera Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuan egin da, unibertsitate horretako Zuzenbide Fakultateko Eba Gaminde, Begoña Landa eta Esther Urrutia andre irakasleen eskutik, betiere fakultate bereko irakasle diren Gotzon Lobera eta Andres Urrutia jaunen zuzendaritza eta gidaritzapean. Testua berrikusi, zuzendu eta eguneratu dute, aurkibide analitikoekin eta lege osagarriekin batera, ondoz ondoko idatzaldietan, Andres Urrutia jaunak eta Esther Urrutia andreak. Geroago, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko Antton Burgoa zuzentzaileak eta Mertxe Olaizola terminologoak ohar erabakigarriak egin dizkiete testuari eta aurkibideei, eta horiek ere hemen daude jasota. Bukatzeko, Deustuko Unibertsitateko irakasle diren Santiago Larrazabal eta Lorenzo Goikoetxea jaunek, eta Euskal Herriko Unibertsitatean zuzenbide zibileko irakasle diren Itziar Alkorta andreak, Santi Goñi eta Mikel Karrera jaunek egindako iradokizunak barneratu dira.
Labur-zurrean, lan honetan zuzenbidearen eta hizkuntzaren munduak partaide izan dira. Jakin badakigu halako lan luze-zabalekin guztiok asetzea oso zaila izaten dela. Batzuek, beharbada, uste izango dute bertako proposamenak ez direla egokienak. Aitorpenik zintzoena har dezatela gure aldetik, horrek frogatzen baitu testu hau erabiltzen dela, testuarekin lan egiten dela. Horrela, bihar-etziko argitaraldietan, berau hobetzeko konpromisoa hartzen dutenek behar besteko oinarria izango dute hori erdiesteko.
(ANDRES URRUTIA BADIOLA notarioa, euskaltzaina eta Deustuko Unibertsitatearen irakaslea da)
![]() | Inprimatu |