Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskal Herri osoan urratzen dira hizkuntza eskubideak

Behatokia / Bestelakoak / 2004-06-16 / 07:03


Euskal Herriko lurralde guztietan eta administrazio-maila guztietan urratzen dira euskaldunen hizkuntza eskubideak. Hala jasota dauka Behatokiak aurkeztu berri duen txostenean: Hizkuntza Eskubideen egoera Euskal Herrian, 2003an.



Hizkuntz Eskubideen Behatokia fundazioa 2001eko ekainean sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatuta. Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, bermatzera zuzentzen du bere jarduera.

Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideak errespetaraztea xede duela, Behatokiak neutralitatez eta Kontseilua ez den beste edozein erakunde publiko edo pribaturen mendekotasunik gabe betetzen du bere lana.

Euskal Herrian, hizkuntza dela eta, ez dago herritar guztientzat aukera berdintasunik. Euskarak, Euskal Herriko berezko hizkuntzak, ez du status ofizialik Euskal Herri osoan eta euskal hiztunek egunero dituzte ukatuak beren hizkuntz eskubideak, eremu publiko zein pribatuan. Horren aurrean Behatokiak:

  1. Euskal hiztunen hizkuntz eskubideak babestu eta defendatu ez ezik, urratzen direnean haien urratu izana salatu ere egiten du.
  2. Euskal Herrian euskaraz mintzatzeko, administrazioari zuzendu eta administraziotik zerbitzuak hartzeko (osasuna, hezkuntza, justizia, informazioa zein beste edozein zerbitzu), bai eta orokorrean gizarteak eskaintzen dituen zerbitzuez euskaraz baliatzeko euskal hiztunek dituzten aukerak bermatzea du xede.

Hizkuntz eskubideak eta haiek errespetatzearen aldeko jardunbideak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hizkuntz eskubideen aldeko lana egiten du. Hizkuntz eskubideak herrien eta gizabanakoen berezko eta oinarrizko eskubide gisa hartzen ditu, hots, bertako hizkuntza erabili eta gizarte alor guztietan garatzeko herritar eta herri guztiek duten oinarrizko eskubidea.

Eskubide hori ez dago tokian-tokian indarrean dagoen hizkuntz legediari lotuta. Euskal hiztunen hizkuntz eskubideak ez daude Euskal Herrian indarreango lege murriztaileen edo lege ezaren baitan. Euskaldunek, munduko beste edozein hiztun herrik bezala, dituzten hizkuntz eskubideak giza berdintasunezko irizpideetan eta oinarrizko giza eskubideen printzipioetan kokatzen ditu Behatokiak, eta horren arabera, tokian-tokian indarrean dagoen legeak ez aitortuta ere, euskaldunak eskubide horien jabe dira eta horiek galdegitea zuzeneko aldarrikapena dute.

Ez da Hizkuntz Eskubideen Behatokia izan “hizkuntz eskubidea” kontzeptuaren adiera hori proposatu eta defendatzen lehendabizikoa, ez eta bakarra ere. 1996an Bartzelonan PEN Club International eta CIEMEN (Centre Internacional Escarré per a les Minories Čtniques i les Nacions) erakundeek sustatu eta UNESCOk berak babesturik antolatu zen Hizkuntz Eskubideei buruzko Mundu Mailako Biltzarrean Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zen. Deklarazio unibertsal horrek printzipio bera hartzen du abiapuntutzat, bere hitzaurrean azaldu bezala, “hizkuntz desberdintasunaren marko politikoa, bizikidetzan eta elkarren errespetu eta onuran” oinarritzeko asmoz :

5. artikulua. Deklarazio honen funtsean dago printzipio bat zeinaren arabera hizkuntz komunitate guztien eskubideak berdinak diren, kontuan izan gabe bere kontsiderazio juridiko edo politikoa den hizkuntza ofizialarena, erregionalarena edo minoritarioarena (...)

“Hizkuntz eskubide” kontzeptuaren oinarrizko erreferentzia definizio baten beharra agerian gelditzen da estatuan indarrean dauden hizkuntz legeak edo hizkuntz aniztasunaren aitzinean administrazioek dituzten jarrerak zein ezberdinak diren ikusita. Izan ere, euskararen lurraldeetan, Euskal Herrian, inon gutxi bezain larria da aipatutako bateratasun falta. Euskaldunek haien hizkuntzaren statusa bost erregimen juridiko ezberdinen pean dute: ofizialtasuna gaztelaniarekin batera Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru hizkuntz eremu Nafarroako Foru Komunitatean eta inolako lege aitorpenik eza Frantzia Estatuaren barneko euskal hiru herrialdeetan (Euskal Autonomia Erkidegoaren lur eremuaren barnean baina beste jurisdikziopean dauden Trebińon eta Turtziotz-Villaverden bezala).

“Hizkuntz eskubide” kontzeptua indarrean dagoen legeari lotuz gero, Euskal Herriko hizkuntz eskubideen egoeraren azterketarako oinarrizko arazo metodologiko handiak, bai eta etikoak ere, izango genituzke. Hizkuntzaren statusaren araberako euskal hiztun bost kategoria bereizi beharko genituzke, eta hori eginda, herritarrekin bereizkeriaz jokatzen duen eredu soziopolitikoa birsortu eta legitimatuko genuke.

Haatik, hizkuntz eskubideen definizioa indarrean dauden legeetatik aldendu eta giza berdintasunezko irizpideen eta oinarrizko giza eskubideen printzipioen alorrera eramanda, bateratasun eta koherentzia metodologikoa lortzeaz gainera, azterketa honek mundu osoko hiztun herrien arteko berdintasun eta ekitate eredu baten beharra agerian uzteko ekarpena egin nahi du.

Behatokiak darabilen oinarrizko kontzeptuaren adiera argituta, ikus ditzagun orain bere xedea erdiesteko jorratzen dituen jardunbide nagusiak:

Euskararen telefonoa zerbitzua eta haren metodologia

Behatokia, hizkuntz eskubideen urratze egoera modu objektiboan neurtu eta hizkuntz eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorraz baliatzen da: “Euskararen telefonoa” zerbitzuaz.

Hego Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura jarri zuen Behatokiak “Euskararen telefonoa” (telefonoz ez ezik, webgunez eta posta arruntez ere), eta horren bidez, hizkuntz eskubideen defentsan gizartearen inplikazioa sustatu nahi du.

Hiru motatako deiak bideratzen ditu Euskararen telefonoak: (1) Kexa egiteko deiak, euskara erabiltzeko herritarrek duten eskubidea ez bazaie errespetatu, ukatu bazaie edo euskara erabiltzeagatik kaltetuak izan badira; (2) Argibideak eskatzeko deiak, hizkuntz eskubideen inguruko aholkularitza juridikoa hartzeko, eta (3) txalotzeko deiak, euskaldunon hizkuntz eskubideak bereziki ongi zaintzen dituzten erakunde publiko zein pribatuen jokabide eredugarria zoriondu edo positiboki nabarmendu nahi izanez gero.

Zerbitzu honen bidez, Behatokiak herritarren deiak modu sistematiko batez biltzen ditu. Kexei dagokiela, datu guztiak hartzen ditu: kexaren arrazoia izan den gertaera ahal den xehekien azalduta, dokumentazio osagarria ahal den osoena eta kexa egilearen datuak, nahiz hauek konfidentzialtasun osoz babestu eta kexak bideratzean edo informazioa plazaratzean ez agertu.

Behatokiak espedientea irekitzen dio kasu (aholku eskaera, kexa edo txalotzeko dei) bakoitzari, erregistro zenbakia esleitzen dio (espediente zenbakia/urtea, 1/2003 adibidez, urteko lehen kasurako) eta bere artxibategian gordetzen du.

Espedienteak zabalduta, Behatokiak sailkatu egiten ditu. Espedienteen sailkapenerako hiru irizpide hartzen ditu kontuan Behatokiak: eremuak (publikoa/pribatua), kexaren izaera (soilik eskubide urraketa, edota lege urraketa ere izan denentz) eta larritasuna (zer kalte ondorio ekarri duen). Edozein kexa delarik ere, Behatokia 30 eguneko epean saiatzen da bideratzen. Kexaren arrazoia izan den gertaera zuzentzea xede duela, erakunde publiko zein pribatuetara zuzentzen da eta, beharrezkoa denean, bide judizialera ere jotzen du.

Bideratzean, batetik, kexa zuzendu zaion erakundearen arduradun nagusiari kexaren jakinarazpen idatzia bidaltzen dio Behatokiak; eta bestetik, kexa jarri duen herritar edo elkarteari kexak izanen duen prozeduraren berri ematen dio.

“Euskararen telefonoa” zerbitzuaren bidez herritarrek helarazten dituzten kexek ez ezik, hizkuntz eskubideen urratze egoeraren gainean egiten duen etengabeko azterketaren diagnosiak ere bide ematen diote Behatokiari urraketen aitzinean agertu eta salatzeko.

Behatokiaren urteko txostena

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtean jasotako kasuak, kasuei emandako bideraketak, gizarte alor zehatzetako hizkuntz eskubideen egoera ezagutzeko egindako azterketak eta egoera hobetzeko abian jarritako jarduerak txosten batean biltzen ditu. Urteko txostena Behatokiaren urteko lanaren bilduma eta emaitza da. Urteko txostenaren xedea Euskal Herrian hizkuntz eskubideak zertan diren azaltzea da eta horretarako, urtean Behatokiak jaso eta aztertutako kasuak ez ezik, bere ekimenez landuak eta egoeraren etengabeko azterketatik biltzen dituenak ere hartzen ditu oinarri.

Urteko txostenaren bidez Behatokiak bi ekarpen nagusi egin nahi ditu:

  1. Euskal hizkuntz komunitateari haren egoera erreala hautemateko edo haren autopertzepziorako bide ematea. Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideen egoera ezagutzeko ditugun datuak, gehienbat, herritarrek berek emanak dira. Horiek osatzen dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren hizkuntz eskubideen betetze eta urratzearen gainean egin duen diagnosi modukoa. Diagnosi horrek euskal hiztun herriak bere egoera hauteman dezan edo bere autopertzepziorako lagun diezaioke.

    Hizkuntz eskubideen egoera, hots, hizkuntzaren statusa eta presentzia sozialaren egoera ezagutu eta horretaz jabetzea abiapuntua da hura aldatzearen aldeko urrratsak emateko. Euskal hiztun herriak bere egoera hauteman behar du, bere buruaren pertzepzioa lortu behar du, autopertzepziorik gabe besteek (euskal hiztunak ez direnek eta euskararen beharra sentitzen ez dutenek) egiten duten diagnosia eta zabaltzen duten irakurketa hartu beharko baitu, eta horrek ez du Euskal Herriko herritarren eskubideen egoeraren hobetzea ekarriko. Behatokiak, bere urteko txostena gizarteratzean, euskal hiztun herriak bere egoeraren hautemate berekia eta neurrikoa izan dezala lagundu nahi du.

  2. Erakunde publikoei haien jarduera hobetzeko laguntza ematea. Urteko txostenak, herritarrek beraiek bizitutakoak oinarri dituela, hizkuntz eskubideen alorrean dauden beltzuneak, hizkuntz legediaren inplementazioaren arazoak bai eta sustapen handiagoa eskatzen duten alorrak ere agerian uzten ditu. Beraz, Behatokiak, urteko txostenaren bidez, Euskal Herriko nola Espainia eta Frantziako erakunde publikoei, herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeari dagokiola, haien efikazia eta zerbitzu kalitatea hobetzeko laguntza eman nahi die.

2003an bildutako datuak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 737 kasu bildu ditu 2003 urtean. Horietarik, 727 herritarrek bidalitako informazioaz osatutako eta Behatokiak bideratutako espedienteak izan dira: 642 kexa, 23 txalotze eta 17 kontsulta. Ehunekoei dagokionez, espedienteen %94,13 kexek hartu dute, % 3,37 zorionek eta %2,50 kontsultek. Horren arabera, Euskararen telefonoa zerbitzua kexak helarazteko erabili ohi dute herritarrek, aurreko urteetan bezalaxe, hala ere, hona hemen “Euskararen telefonoa” delakoak kudeatutako espedienteen azken bi urteotako bilakaera:

Hala ere, ez dezagun pentsa kexen kopuruak behera egin duelako hizkuntz eskubideen egoerak hobera egin duenik. 2003 urtean zehar Behatokiak ez du sustapen kanpainarik egin Euskararen telefonoa zerbitzua erabilarazteko, hain zuzen ere, zerbitzuak ezarritako prozedurari ahalik eta zorrotzen jarraitzeko.

Espedienteen bilakaera 2002 eta 2003 urteetan

Behatokiak txostenaren prestakuntzarako datu kuantitatiboak era gordinean kontuan hartzen ez dituela gogorarazi behar dugu; hala ere, interesgarria iruditu zaigu Euskararen telefonoa zerbitzua erabiltzen duten herritarren jatorriari buruzko azterketa txikia egitea, datuen interpretazio orokorrean duen eraginera hurbiltzearren.

Gipuzkoarrak izan dira Euskararen telefonoa delako zerbitzuaren erabiltzaile gehienak, %34; iparraldetik, berriz, ia erabiltzailerik ez du izan. 2003 urtean Euskararen telefonoaren zerbitzua Hego Euskal Herrian besterik ez da izan erabilgarria, nahiz eta, Behatokiarekin elkarlanean dabiltzan Iparraldeko zenbait erakundetako kideek hizkuntz eskubideen urraketa nabarienen berri eman duten.

Bi datu dira azpimarragarri erabiltzaileen jatorriari dagokionez:

Estatistikaren ikuspegitik ondorioak aterako ez ditugun arren, Behatokiaren azken bi urteotako bilakaera islatzeko ondoko grafikoa dugu.

Erabiltzaileen jatorriaren bilakaera 2002-2003 urteetan

Herritarren kexak hartu dituzten erakundeak

2003an eremu publikoan jasotako kexak
erakundeakopurua
Espainia Estatuko Administrazioa28
Frantzia Estatuko Administrazioa1
Espainiako erakunde autonomiadunak13
Frantziako erakunde autonomiadunak1
Eusko Jaurlaritza79
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomiadunak1
Eusko Legebiltzarra20
Nafarroako Gobernua70
Nafarroako Foru Komunitateko erakunde autonomiadunak4
Arabako Foru Aldundia eta erakunde autonomiadunak12
Bizkaiko Foru Aldundia eta erakunde autonomiadunak10
Gipuzkoako Foru Aldundia eta erakunde autonomiadunak27
Arabako udalak30
Bizkaiko udalak25
Gipuzkoako udalak33
Lapurdiko udalak2
Nafarroako udalak27
Bestelakoak2
Eremu publikoko kexak osotara385

2003an eremu pribatuan jasotako kexak
erakundeakopurua
Aisialdia14
Argitalpenak2
Aseguru etxeak2
Elikadura2
Energia-hornitzaileak9
Erlijioa2
Finantzak28
Garraiobideak12
Hedabideak5
Hezkuntza6
Kirola13
Komunikazio enpresak16
Merkataritza-guneak, kateak, denda erraldoiak64
Merkataritza txikia3
Mundu asoziatiboa16
Alderdi/Erakunde politikoak42
Osasuna7
Ostalaritza5
Profesionalak1
Zerbitzuak7
Bestelakoak1
Eremu pribatuko kexak osotara257

Ondorio nagusiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2004 urtean landutako datu guztiak bildu ditu urteko txostenak. Datuak aurkeztu, aztertu, eta haien gaineko gogoeta egin dugu, hizkuntz eskubideen egoerari buruzko ondoko berazkoak jalkitzen direlarik:


1. 2003 urteko txosten honek aurreko bi urteetako txostenek eman zituzten ondorio nagusiak guztiz berretsi ditu.


2. Euskal Herriko herrialde guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak.


3. Euskal Herriko administrazio maila guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak.

4. Hizkuntz eskubideak urratzea ez da soilik, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala oinarri duen eta Behatokiak bere egin duen, gizakien eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasun printzipio nagusia urratzea. Kasu gehien-gehienetan administrazioek, beraiek onartutako eta beraien lurraldeetan indarrean dagoen hizkuntz legedia ere ez dute betetzen. Legea urratzen dute:

5. Kasu batzuetan, hizkuntz eskubideaz gain oinarrizko eskubide batzuk ere urratzen zaizkie herritarrei: berdintasunez hartua izateko eskubidea, informazioa hartzeko eskubidea, etab. Bestalde, administrazioaren aldetik delitu zehatzen zantzuak dituzten kasuak ere aurkitu ditugu: bereizkeria, prebarikazioa, etab.

6. Estatuz gaindiko arauak ere urratzen dira, adibidez:


7. Nafarroa Europako kontraeredua da eta gutxiagotze instituzionalaren bideari jarraitzen dio.

Nafarroa Europako kontraeredua da bertako hizkuntz gutxiengo baten babesari dagokiola. Nafarroako Gobernuak murrizketak egin ditu legez aitortuta zeuden hizkuntz eskubideetan eta eskubide horiek sistematikoki urratzen dizkie herritarrei:


8. Frantziako Errepublikak Euskal hiztun komunitateari eskubideen subjektu izaera aitortu behar dio, bai eta eskubide kolektiboak aitortu ere. Horrela, ezinbestekoa du:


9. Hizkuntz eskubideen bermerako mekanismo juridiko administratibo berezitu eta azkarra ezarri beharra dago, gertatutako lege urraketei aurre egin eta haiek zuzentzeko.


10. Hizkuntz eskubideen urraketa zabal eta sistematikoak euskal hiztunek euren hizkuntz eskubideez duten pertzepzio subjektiboan du eragina.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren ekarpenaren balorazio orokorra

Urteko txostenak bildu dituen datuen gaineko azterketa juridiko, balorazio orokorra eta ondorio nagusien agerpena eginda, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak burutu duen lanaren inguruan ere gogoeta egin du. Zer dakarkion euskal gizarteari erakunde honek Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideen alde egiten duen lanak, lan hori nolakoa den kontuan hartuta? Ondoko bost ekarpenetan bildu dugu Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren jarduera:

2003 urtean jasotako espediente bereziak

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1086362039