|
Albiste-testuetan uste baino sarriago errepikatzen dira esamoldeak, egiturak eta are esaldi osoak ere. Ez da harritzekoa, edukiak ere errepikatu egiten baitira. Halako edukietako bat nazioarteko egunak ditugu, urtean makina bat. Hainbeste izanda, komeni da nazioarteko egunen berri emateko esamolde eta egitura egokiak jakitea, osterantzean, akats berak egingo baititugu testuetan behin eta berriro.
Bihar, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dugu. Arazo horren berri emateko eta izadiaren hondamendiaz ohartarazteko, hainbat ekitaldi eta ekintza izango dira. Ospatu, berriz, ez dugu ospatuko.
Ospatu
Aditz honek esan nahi du pozteko gertaera edo eguna gogoratzea, edo gertakari batengatik poza adieraztea. Esaterako, urtemugak, ezkontzak, garaipenak, gabonak... ospatu egiten dira.
- Ez erabili honelakoetarako:
- Azaroan abentura liburuei buruzko batzarra *ospatuko da Gasteizen.
- Gaur *ospatu da Michael Jacksonen epaiketa Kalifornian.
- Europako Batzordeak goi-bilera *ospatu du Salonikan.
Burutu
«Ospatu» ez baina «burutu» sartzen badugu, parra. «Amaitu, buru eman, azkena eman» adierazten du, ez «egin».
- Okerrak dira:
- Prentsaurrekoa *burutuko dute proiektuaren berri emateko.
- Eraso larria *burutu dute bart Ramalan.
- Lasterketa bikaina *burutu du etiopiarrak.
- Operazio zabala *burutzen ari dira narkotrafikoaren aurka.
Orduan, zelan esan?
Sentitzen dugu, baina ez dago aukera handirik: «izan», «egin» edo «gertatu» / «jazo»... Edo, bestela, aditza + izena formula erabili beharrean, aditzetara jo:
- epaiketa + egin
epaitu
- erasoa + egin
eraso
- lasterketa bikaina + egin
bikain korritu / jokatu
Nazioarteko egunak
Egutegiko hainbat egunek dute izendapen berezia. Horien berri emateko, honelako esapideak erabiltzen ditugu:
- Tabakorik Gabeko Eguna da gaur munduan.
- Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da bihar.
- Dantzaren Eguna dugu.
Gaixotasun edo gaitzen bat denean, ondo sartzen dira «aurkako» eta «kontrako» hitzak, baina ez dira nahitaezkoak.
- Minbiziaren Aurkako Eguna.
- Hiesaren Nazioarteko Eguna.
- Drogaren Aurkako Eguna ( baina ez *Drogaren Eguna).
Eta baztertu beharreko kontzeptuetan, honelako aditzak erabil daitezke: «gaitzetsi», «salatu», «borrokatu»...
- Emakumeenganako Tratu Txarrak Gaitzesteko Eguna.
- Ustelkeria Borrokatzeko Eguna = Ustelkeriaren Kontrako Eguna.
Zentzuz jokatzea da kontua. Izan ere, badira egun batzuk ospatzeko modukoak.
- Euskararen Eguna ospatuko dugu bihar.
- Gay eta lesbianek modu ikusgarrian ospatu dute euren eguna.
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN
|
|
Bi testuekin ados nago. Inoiz ez da ospatuko euskara zuzenaren eguna? ez eta beste hizkuntzena "burutu" eta ospatu eta horrelakoen ordezkoetan egin, izan, jazo, gertatu, bai, baina eman, gauzatu, ere darabilgu iparraldean, ez beti ezin da *ixtripu bat eman. Berrizarte.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|