Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Justizia administrazioa euskalduna izateko neurriak

Justizia administrazioa euskalduna izateko neurriak

2004-05-28 / 07:08 / Bizkaiko Abokatuen Bazkuna   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Bizkaiko Abokatuen Bazkuna ere Europako Kontseiluaren Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipenerako batzordearekin elkartu da aste honetan eta neurri zehatzak proposatu ditu Justizia administrazioa euskaldun izateko eta Espainiak orain arte bete ez duen ituna betetzeko. Proposatu dituen neurriak erabili.com-en dituzu.

Aurrekariak

Aurrekariak

Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak Europako Kontseiluari aurkeztu zion, 2004ko otsailean, Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren aplikazioari buruzko Txostena, Itunaren beraren 16. artikuluak ezartzen duen ahalmenari jarraiki.

Txosten horren xede zehatza Itunaren 9. artikuluaren aplikazioaren azterketa da, hots, Itunak Justizia Administrazioaren baitan onartzen dituen eskubide eta betebeharrak nola gauzatzen diren ikertu eta Europako Kontseiluari jakinaraztea. Beti ere, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren lurralde-eremu mugatuan, hau da, Espainiako Erresumaren baitan dagoen Euskal Autonomi Erkidegoan.

Asmo horretarako, gure Txostenak erantzun egiten dio Espainiako Erresumak aurkeztutako Txostenari eta benetako egoeraren azterketa eta azalpena egiten du, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren ustetan oso urruti baikaude Itunaren benetako aplikaziotik.

Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak Txostena aurkeztu eta Europako Kontseiluko Toki eta Eskualde Demokraziarako Elkarlanerako Zuzendaritzaren gonbidapen atsegina jaso duela eta, 2004ko maiatzaren 26an Aditu Batzordearen Ordezkaritzarekin zuzen-zuzenean bil dadin, Bazkunaren Euskara Batzordeak bilera horretan parte hartzea eskatu du, laburpen honen aurkezpenaren bitartez.

Laburpen honen asmoa, beraz, Euskara Batzordearen iritziz eztabaidatu eta gauzatu daitezkeen neurri batzuen aurkezpena egitea da, Justizia Administrazioaren esparruan, euskarari dagokionez, Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren eskakizunak eta edukia bete daitezen.

Bilera, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen 2004-05-26an.

Bilerakideak ezkerretik eskumara:
1. Antonio Bultrini, abokatua eta Europako Kontseiluko Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Idazkaritzako aholkularia.
2. Esteban Umerez Argaila
, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Euskara Batzodearen kidea. 3. Alberto Pérez Calvo, Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Aditu Batzordeko kide eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide irakaslea. 4. Nazario Oleaga, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Dekanoa. 5. Stefan Oeter, Aditu Batzordearen 2. Lehendakariorde eta Hanburgoko Unibertsitateko Zuzenbide Katedraduna. 6. Vesna Crnic-Grotic, Aditu Batzordearen 1. Lehendakariorde eta Rijeka-ko (Kroazia) Unibertsitateko Zuzenbide Katedraduna. 7. Gontzal Aizpurua, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Gobernu Batzordeko kidea. 8. Xabier Tomas, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Euskara Batzordeko kidea.

Justizia administrazioak euskalduna izan behar du

Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Txostenean jasotzen den bezala, gaur egungo legedia ez da nahikoa Itunaren edukia bermatzeko, berau betetzeko nahikoa neurririk hartzen ez delako; baina, batez ere, euskaraz jarduteko gai den nahikoa Abokatu, Fiskal, Epaile, Magistratu, Idazkari Judizial, eta funtzionario ez dagoelako.

Abokatuen aldetik, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua esfortzu handia egiten ari da euskaraz ahal den zerbitzurik onena emateko: Bazkunaren agerkari, gutun eta zirkular guztiak ele bitan argitaratzen dira; Ofiziozko Txandan eta Atxilotuaren Urgazpenerako Txandan euskaraz jardun nahi duen herritarrak bermatua du abokatu euskalduna; Legelarien Euskal Kontseiluaren eta Bazkuneko Euskara Batzordearen aldetik, urtero antolatzen dira bazkun-kideen etengabeko trebakuntzara zuzendutako ikastaro eta jardunaldiak euskaraz; Abokatu gazteak trebatzeko Praktika Juridikorako Eskolak euskal adar bat du, hezkuntza teoriko eta praktiko osoa euskaraz eskaintzen duena.

Justizia Administrazioaren kasuan, berriz, kontuan hartu beharrekoa da, zerbitzu publikoa den heinean, betekizun horiek oraindik ere beharrezkoago zaizkiola, herritarren eskubideen bermerako.

Prozedura judizial guztietan, orokorrean arazo juridiko guztietan, hizkuntza da tresna nagusia –ahozko zein idatzizko hitza-, eta hizkuntzaren bitartez gauzatzen eta konpontzen dira eztabaida juridikoak. Hizkuntza ganoraz menperatzen ez duen Epaile edo bestelako eragile batek ezin du auzian sortutako eztabaida juridiko osoa barneratu (demagun Epaileak gaztelera ondo menperatzen ez duela), eta muga horiekin bideratu eta erabaki behar dira auziak.

Itunaren edukia ondoen bermatzeko egoera Euskal Autonomi Erkidegoan ezarritako organo judizialak euskaraz zein gazteleraz jarduteko gai izatea izango litzateke, horrek bermatuko bailuke modu egokienean bat-batekotasun printzipioa, auzi batean dauden alderdiek hizkuntza ezberdinak erabiltzerakoan kolokan jar daitekeen arma berdintasun printzipioa eta bestelako oinarrizko irizpide.

Azken finean, euskaraz zein gazteleraz jarduteko gai den Justizia Administrazio batek herritar guztien eskubideak bermatuko lituzke, inori inolako diskriminaziorik sorrarazi gabe, euskaldun zein gaztelaniadunek kalitatezko justizia lortuko bailukete.

Gogorarazi behar baita, hausnarketa honen ildotik, Euskal Autonomia Erkidego osoan euskarak eta gaztelaniak status ofizial berbera dutela, eta bi hizkuntzatan egindako jarduerek baliagarritasun osoa eta berbera dutela. Ofizialtasun horretan inolako aurrerapenik gabe dagoen esparru bakarra Justizia Administrazioa baita, aurrerapenik ezean atzerapenak eman ez direnean.

Ildo horretatik hartu behar diren neurriak eta irizpideak:

  • Indarrean dagoen legedian, euskararen ezaguera merezimendu bat baino ez da Justizia Administrazioko protagonista guztien karguak hornitzerakoan, bai eta leku aldatzeak zein promozioak arautzerakoan ere. Are gehiago, merezimendu izaera hori erabat indargabe utzi du Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatu duen azken erreformak, 19/2003 Lege Organikoak, abenduaren 23koak, egin duena (1). Aitzitik, Justizia Administrazioak euskarazko zerbitzu publiko egoki bat eman dezan, beharrezkoa da gai honetan legea aldatzea eta euskararen ezagutza betekizuna bihurtzea Euskal Autonomi Erkidegoan jardun nahi duten Epaile, Magistratu, Idazkari, Fiskal eta funtzionarioentzako. Horren ezean, behintzat, euskararen merezimenduak oinarrizko garrantzia izan beharko luke karreran sartzeko eta destinoak esleitzeko, bai eta leku aldaketak zein promozioak erabakitzeko ere.
  • Justizia Administrazioan egun dauden funtzionarioak zein epaile, magistratu, fiskal edo idazkari judizialak ahal den heinean euskalduntzeko tresna aproposak ezarri behar dira, hala nola, euskara ikastaro eraginkorrak eta horiek egiteko erraztasunak zein pizgarriak, edota epekako hizkuntzaren birziklapen teknikorako programak.
  • Justizia Administrazioan lan egiten duten eragile guztiek egonkortasuna behar dute euren destinoetan, batez ere euskaldunak direnak eta euskalduntzeko ahalegina egiten ari direnak, beraien espezializazio horrek oso baliagarri egiten baititu Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko.
  • Hizkuntza –hitza, idatzia zein ahozkoa- prozesu baten oinarrizko tresna dela kontuan hartuta, hizkuntza teknikoaren ñabardurek berebiziko garrantzia hartzen dute. Hori dela eta, euskara tekniko juridikoa menperatzea eskatu behar zaie Justizia Administrazioko eragile publiko nagusiei (epaileei, magistratuei, fiskalei eta idazkari judizialei). Hizkuntza ezagutzeaz gain, beraz, hizkuntza tekniko-juridikoa menperatzeko tresna bereziak jarri behar dira martxan, xede horretarako Euskal Autonomi Erkidegoko Unibertsitateek, Eusko Jaurlaritzak eta bestelako erakundek egiten ari diren lan eskerga aprobetxa daitekeelarik.
  • Orokorrean, zehaztasun handiarekin finkatu behar dira lanpostu bakoitzerako hizkuntza eskakizunak, erabaki horrek justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatearengan eragin nabaria izan dezakeelako. Hizkuntza eskakizun baxu batek, hots, ulermen hutsa eskatzea nahikotzat jotzeak, eskuraezin bihurtzen ditu mezuaren jasotzailearentzako diskurtso juridikoaren terminologia eta ñabardurak, kontzeptu juridikoen interpretazioa, oratoria, logika eta dialektikaren arauak. Are gehiago mezuaren bidaltzailearena egiten duenean. Horrekin, ezinezko bihurtzen zaio euskaraz aritu nahi duen herritar edo abokatuari bere mezu juridiko osoa helaraztea, eta ezinezko bihurtzen ere eztabaida dialektiko egoki bat gauzatzea, hori guztia Justiziaren kalitatearen eta herritarren eskubide eta bermeen kalterako.
  • Aipatu ditugun neurri eta betekizun horiek guztiak aplikarazteko borondate benetakoa eta zintzoa beharrezkoa da. Bestela, egun gertatzen den moduan, hizkuntza eskubideak ematen dituen araudia egongo da, baina ez da aplikatuko.

Behin-behineko neurriak

Aurreko atalean azaldu dugun helburu nagusia jomugatik kendu gabe, posible litzateke, behin-behinekoz gutxienez, Justizia Administrazioan euskara ezartzeko lan horretan urrats aurrerakorrak ematea, xede horretarako jardunbide programak ezarririk, eta horietan hurrengo lerrotan aurkezten ditugun neurriak jasota, besteak beste.


Zirkuituak

Sistema honen bidez, helburu praktikoei begira, toki berean kokaturiko maila eta kategoria berdineko epaitegi bat baino gehiago dagoenean eta, Auzitegiek sekzio bat baino gehiago dituztenean, horietatik bat euskaraz jarduteko gaitasuna izango duen instantzia bihurtzeko urratsak eman beharko lirateke; auxiliar, ofizial, idazkari, fiskal, epaile eta magistratu euskaldunez betez. Bi instantzietako prozeduren kasuetan edo apelazioa ezagutzen duen goragoko instantzia judizialaren organoetatik bat behintzat euskaraz jardun ahal izango duen instantzia bihurtu beharko litzateke, zirkuitua behetik gora betez. Lau orden prozesaletan sortu beharko lirateke zirkuituok.

Hori horrela lortuko balitz euskarazko zirkuitu judizialak leudeke eta hizkuntza eskubideak eraginkorrak bihurtuko lirateke, zuzenbide prozesalak eskatzen dituen printzipio orokorrak bermatuz.

Planteamendu honi aurreikus dakizkion arazo prozesal, funtzional, material eta pertsonal mailakoak ongi aztertu beharko lirateke baina, aurrerapen gisa hona hemen proposamen bat:

  • Giza baliabide euskaldun nahikorik badagoen jakin dezagun, Auzitegi eta Epaitegi guztietan funtzionario euskaldunen kopurua jakiteari buruzko ikerketa egin beharko litzateke.
  • Kopuru nahikoa balego, euskaldun funtzionario kargatu beharko lirateke zirkuitu euskaldunak osatuko dituzten Epaitegi eta Auzitegi-sekzioak. Zirkuitu euskaldunak osatzen dituzten organo judizialak, bai euskaraz eta bai gazteleraz jardun ahal izango dute.
  • Giza baliabide euskaldun nahikorik ez balego, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko lehen urratsa, horretarako eskumenik badauka eta, funtzionarioen aukeraketan hizkuntza eskakizunak ezartzea litzateke, nahikoa funtzionario euskaldun lortu artean, eta horien etengabeko trebakuntza kontuan hartu.

Epaile naturalari buruzko agindua, hiritarron eskubideen bermerako ezarria, ez da aipaturiko planteamendu honen kontra agertu behar, izan ere Epaitegi eta Entzutegiko Atal horiek euskaraz zein gazteleraz aritzeko gai izango bailirateke, eta bestelako gaietan ere gaur egungo legearen joera Epaitegien espezializazioarena delako, horrek eskubide haren urrapenik sortzen ez duelarik.

Auzitegietan, esan bezala, Sala bat osatzeko adina magistratu euskaldun beharko lirateke, magistratu txostengilea txandakatuz.

Hortaz, banaketa-arauetan kontuan izan beharreko irizpideen barruan, auzia edo hasierako idazkia aurkezteko erabili den hizkuntza egongo litzateke. Banaketa arauek auzia edo hasierako idazkia aurkezteko erabili den hizkuntza kontuan hartu behar duten elementua izango litzateke eta horrek ez lituzke hautsiko banaketaren printzipioak. Euskaraz ongi dakiten titularrak barne hartzen dituzten Epaitegietan euskaraz jaso diren gaiak esleitzeak, ez du topo egiten banaketa zenbaki eta kopuru-irizpideen arabera egin behar dela adierazten duen printzipioarekin. Banaketaren aleatoriotasuna ziurtatu behar dela adierazten duen printzipioari dagokionez, gaia sartzeko erabili den hizkuntza kontuan izateak printzipio horrekin topo ez egiteko, barrutian eta maila jurisdikzional berean gutxienez ere bi epaile euskaldun barne hartu behar dira. Banaketa arauen artean irizpide hori hartzeak ez du lege arazorik sortzen, aitzitik, barrutiaren barruko maila jurisdikzional berean euskara ezagutza egokiak dituzten bi epaile edo gehiago egotea ekar dezake.

Zigor arloan auziperatutakoak euskaraz jardutea eskatuz gero, edo beste arlotan demandatuak edo auzia abiarazi ez duen alderdi batek hala eskatuz gero, nahikoa litzateke une horretan Epaitegi ez euskalduna Epaitegi euskaldunaren alde inhibitzea, autoak bertara bidaliz eta jaso bezain laster prozedurak bere horretan jarraituz.


Beste zenbait proposamen:

  • Ordezko Epaile eta Magistratuak izendatzerakoan, euskararen ezagutza lehentasunezko merezimendu gisa baloratzea, euskalduntze maila handia duten epaitegi-barrutietan destinoak ematerakoan balorazio hori erabakigarria izanik.
  • Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, izendapenak egiteko jarraitzen duen politikari dagokionez, euskalduntze-mailarik handienak dituzten organo judizial jakin batzuetan epaile euskaldunak biltzen saia dadin eskatzea.
  • Euskaldun herritarrek oso errotuta dute Justizia Administrazioaren aurrean euskara erabiltzeagatik aurreiritzi edo diskriminaziorik jaso dezaketela. Horrela, herritar euskaldunak, Justizia Administrazioarekin harremanetan jarri behar denean nahiago izaten du, gazteleraz ongi mintzatu ez arren, gaztelera erabiltzea, ongi menperatzen duen euskara erabili baino, aurrean daukan arazo judizialari beste arazo bat ez gehitzeagatik. Hori horrela, ekimen publikoak euskaldun herritarrei zuzenduriko kanpaina egin behar ditu, guzti hori honako helburu hauekin:
    • Lege-arauetan, batez ere Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunean, aitorturiko eta babesturiko hizkuntzari buruzko eskubideak ezagutarazi, eta nola erabil daitezken azaldu jarrera aktiboak bultzatuz.
    • Euskaldunon eskubideak euskaraz egikaritzerakoan sor daitezken arazoei nola aurre egin azaldu.
    • Herritarrari ofiziozko abokatu euskalduna eskatzerik baduela jakinarazi behar zaio eta herritarra atxilotua den unean ere euskaraz jardungo den abokatua eskatzerik baduela gogoarazi, bai epaitegietan, bai polizia-etxeetan.
  • Herritar euskaldunetik hurbilen dauden Bake Epaitegietako Epailea eta zenbait Udalerrik mankomunatuki dituzten Justizia Administraziopeko funtzionarioak izendatzerako orduan, oso kontutan hartu beharko litzateke Udalerrian bizi den euskaldungoaren kopurua. Ez baita logikoa euskaldunez osaturiko Udalerritan Bake Epaitegiek erdara hutsez funtzionatzea izendatuko funtzionarioa erdalduna delako. Gainera oso kontutan hartu beharrekoa da, Epaitegi hauen bitartez jakinarazpenak luzatzen direla eta, dakigun bezala, jakinarazpenak ad extra harremanak diren neurrian euskaldungoaren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte.


Itzulpen sistemaren kasu zehatza

Hizkuntza autonomikoa erabili nahi duen herritarraren hizkuntz eskubidea bermatzeko nahikotzat jotzen du Estatuak itzulpen sistemaren erabilera sistematikoa. Horrekin batera, ez dira hartu Justizia Administrazioaren eragile publikoak euskalduntzeko neurri nahikoak, aitzitik, alde hori erabat baztertu egin da (adibidez, esan dugun bezala, gero eta pisu gutxiago dauka euskara jakitearen merezimenduak karrera judizialean).

Bizkaiko Jaurerriaren Abokatuen Bazkun Ohoretsuak egindako Txostenean argi agertu da itzulpen sistema ezin dela izan xede bat, baizik eta behin-behineko neurrien artean, behin-behinekoena. Itzultzailearen bitartekaritzari esker ezin daiteke arazoa konpondu, bi arrazoiengatik:

  • Ahozko jardueratan itzultzailearen partehartzeak jarduera judizialetan oinarrizko printzipioak zapuzten ditu, bat-batekotasuna, ahozkotasuna, hurbiltasuna... Gogora dezagun, oinarrizko printzipio horiek hiritarron garantia bezala ulertu behar ditugula. Itzultzailea astungarri bihurtzen da, izan ere, abokatu, bezero edo lekuko euskaldunek une oro geldiuneak egin behar baitituzte, beren argudio lerroak indarra eta, hein handiz, zentzua ere galtzen dituztelarik, gainera aurretik esandakoaren itzulpenaren gainean egon behar dira, itzultzailearen esanak gainbegiratuz. Horrela nekez lor daiteke Epailearen begirunea.
  • Idatzizko jardueratan, aldiz, bestelako arazo batzuk sortzen dira. Gauza jakina da hizkuntzen arteko harreman linguistikoak unibokoak ez direla eta, are gutxiago euskara eta gazteleraren artekoak, familia linguistiko desberdinetan jatorria baitute. Euskaraz asmaturiko, prestaturiko eta sortutako argudiodun idatziak, euskararen araberako logika eta koherentzia gordetzen du; argumentazio hori gaztelerara itzuliz gero indarra galdu eta mezuaren koherentzia aldatzen da. Gainera, arazo nagusi horri beste faktore bat gehitu behar diogu, hots, itzultzaileak ez dira formazioz juristak, itzultzaileak baizik, hori horrela zuzenbidean hain garrantzi handiko gauza den ñabardura eta zehaztasuna galtzen da.

Bertan aipatu diren arazo hauengatik, baita Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak egindako Txostenean jaso diren beste arrazoi askorengatik, organizazio judizialeko kideen euskararen ezjakintasunak sortzen dizkien arazoak itzultzailearen bitartekaritzaz konpontzen ez direla baieztatzerik badugu. Hortaz, itzultzailea gaindituz eta neurri positiboak hartuz joan behar dela ondorioztatzea ez da inolako gehiegikeria, zuzenbidearen eta justiziaren araberakoa baizik. Eredu ideala izango litzateke itzulpengintza gradualki desagertzea (beti ere beharrezkoa izango den hondar-zerbitzu bat mantenduz) Justizia Administrazioa euskalduntzen doan heinean.

Argi gera dadila ez dugula itzultzaileen lana erabat gaitzesten, orokorrean izugarrizko borondate onez egindakoa da, baina esku artean dugun auzi honetan, itzulpengintzak arazoak sortzen ditu berez, inplizituki.

Hala ere, egun dagoen sistema izanik, ezinbestekoa egiten zaigu itzulpen zerbitzuak bitarteko gehiagorekin indartzeko eskaera egitea, bai eta itzultzaileei behar bezalako formazio juridikoa ematea ere, herritarrek euskaraz jarduteko duten eskubidea ziurtatzeko itzultzailearen esku-hartzeak sor ditzakeen oztopoak murrizteko.

Botere judiziala deszentralizatzea komenigarria izan daiteke

Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren txostenean agerrarazi dugunez, Espainiako Botere Judizialaren organo zuzendarien aldetik, euskararekiko sentikortasun eskasa nabari da. Horrek hurrengo hausnarketara eraman gaitzake: zer gertatuko litzateke, botere legegile eta exekutiborekin gertatzen den bezala, euskal botere judizial bat egongo balitz.

Euskal Autonomi Erkidegoan, Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna aplikatzeko sostengu eta berme handiagoa ekarriko luke horrek ziur aski, bai eta kudeaketa zuzenago eta eraginkorrago bat ere.

Itunak ezartzen dituen eskubideen eguneroko egikaritzean hizkuntza eskubidearen inguruko egungo arauen (Ituna barne) aplikazioa tokian tokiko kontrola egiteko aukera izango luke Botere Judizial autonomo horrek, euskararen egoera hurbilagotik ezagutuko luke eta herritarren eskaerak ere zuzenago jasoko lituzke, eta hori, azken finean, funtsezkoa da euskarak Justizia Administrazioan bizi duen egoera gainditzeko.

Bilbo, 2004ko maiatzaren 26a

(Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren EUSKARA BATZORDEA)

Oin-oharrak:

(1) Epaileen kasuan, hizkuntza autonomikoa ezagutzearen merezimendua ezabatu egin du BJLO-ko 301. artikuluaren eta hurrengoen erreformak. 110. artikulu berriak, berriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egin beharreko erregelamendu baten esku utzi du merezimendu horren balorazioa. Eta Justizia Administrazioari lotutako funtzionarioen kasuan, zera dio 483. artikulu erreformatuak: hizkuntza autonomikoaren ezagutza erakusteko frogak hautazkoak izango direla, eta ez dutela hautagairik eliminatuko, dagokion erkidego autonomikoan destinua esleitzeko baino ez baitira kontuan hartuko.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com