|
Lurrikaren indarra neurtzeko Richter-ek eskala-modu bat sortu zuen bezala, Fihsmanek ere antzeko eskala bat sortua du hizkuntzek izandako kalteen nondik norakoak neurtzeko. Izan ere, gaixo dagoen hizkuntza sendabidean jarri nahi badugu, lehenik eta behin, gaitzak noraino hartua dagoen jakin behar dugu, aspirina, morfina, edo bi horien tarteko botikaren bat, behar duen jakiteko.
Diagnosia: zertatik, eta zenbateraino, gaude gaixo?
Diagnosia: zertatik, eta zenbateraino, gaude gaixo?
Hiru atal izanik ere plangintzak, estrategiaren alorrean zentratzen da RLS. Diagnosi lanketak berariazko pisua du, horrexegatik, Fishmanen sorkari honetan. Ikus dezagun nola.
Gaixoa sendatuko badu, diagnosia egin ohi du lehenik medikuak. Zer gaixotasun du paziente honek, eta gaitza zenbateraino du sartua, zenbateraino aurreratua? Diagnostiko hori medikuak egin dezake, normalean, gaixoak berak eta bere familiartekoek baino ondotxoz hobeto. Horretarako egin du karrera, eta osasun-kontuei buruzko hainbat informazio tekniko jaso, egituratu, buruz ikasi eta, urteetako esperientzia profesionalean, behin eta berriro probatu eta kontrastatu du. Hala egin behar litzateke, Fishmanen ustean, HINBEren kasuan ere. Gai horretan jakitun direnei eman behar litzaieke lekua eta aukera. Jakitun handirik ez badago, berriz, horretan serio saiatu direnak eta urteetako eskarmentua dutenak kontuan hartu behar lirateke. Euskaltzaleok azken multzo horretan egon ohi gara sarri.
Zertaz (zer jakintza-sortaz) balia gaitezke gu, hizkuntza (hiztun-herri, soziokulturazko gizamultzo) gaixoa sendatu nahi dugunok? Horretaz dihardu atal honek. Badakizue han-hemen (hemen baino sarriago han, gure zori onerako) lurrikarak gertatzen direla. Eten eta urratu egiten da lurrazala, barreneko plaka tektonikoen mugimendu-talken ondorioz itxuraz. Eta lurrazalaren eten-urratze horrek ondorio nabariak izan ohi ditu jendearengan: etxerik gabe gelditzen dira batzuk, edo etxea gainera erori eta barruan hiltzen dira; ur- eta gas-hodiak lehertzen dira han-hemen, argirik gabe gelditzen dira hirigune osoak; zubiak zartatu eta, inoiz, erori egiten dira, eta abar. Hitz gutxitan esateko, geologiazko dislokazio edo eten-urratze horrek ondorio sakonak, eta hainbatetan larriak, izan ohi ditu pertsonengan. Lurrikara guztiak ez dira, ordea, neurri berekoak. Garrantzitsua da neurri-kontu hori, kalteak ere geologiazko eten-urratze horren intentsitatearen araberakoak izan ohi baitira sarri. Richter-ek eskala-modu bat sortu zuen behinola, lurrikaren intentsitate-maila neurtzeko. Halako lekutan joan den astean gertatu den lurrikara Richter-en eskalako 5., 6. edo 7. intentsitate-mailakoa dela esan ohi dugu, komunikabideetatik esan ohi digute behintzat, lurrikararen bat gertatzen denean. Zenbat eta lurrikara hori eskalan gorago joan (zenbat eta intentsitate-zenbaki altuagoa asignatu), hainbat eta larriagoa izan dela esan nahi du.
Badakigu, bestalde, RLSk edo HINBEk sendatu nahi duen gaitza LS (Language Shift edo mintzaldatzea) dela. Eta badakigu LS hori ere eten-urratze edo dislokazio-mota jakinek sortzen dutela: dislokazio fisikoak, demografikoak, sozialak eta kulturalak. Dislokazio horiek ere ez dira beti, neurriz, hedaduraz eta iraupenez, maila berekoak izaten. Soziokulturazko dislokazio edo eten-urratze horren intentsitate-maila neurtuko digun eskala-modurik sortu al daiteke? Merezi al du?
Bigarren galderak erantzun erraza du euskaltzaleontzat (eta, oro har, RLS-zale guztientzat): bai horixe, merezi du! Gaixotasunaren zer-nolakoa eta zenbatekoa ezagutzen baditugu, sendabidean ere errazago (eta asmatzeko aukera handiagoz) jarri ahal izango dugu hizkuntza gaixoa. Guretzat erraza den erantzuna ez da, zoritxarrez, erdal soziokultura nagusietako hiztunentzat (eta haien bozeramaileentzat) hain gauza erraza izaten. Lehenengo galderari, berriz, euskaltzaleok ez dugu jakiten zer erantzun: ezagutu, behintzat, ez dugu gehienok euskal dislokazioa neurtzeko tresnarik ezagutzen. Galdera horrixe erantzuten dio, hain zuzen, Fishmanek. Baietz dio berak, soziokulturazko dislokazio edo eten-urratzearen intentsitatea neurtuko duen eskala sor daitekeela. Esan bakarrik ez: egin ere bai. Dioenaren lekuko, bere eskala (berak, apaltasunez, GIDS deitzen duen konstruktua) eskaintzen digu. GIDS hori akronimoa da, hitz-hasierako letra-multzoaz osaturiko sigla. Izendapen osoa Graded Intergenerational Disruption Scale da. Euskaraz nola esango dugu? Hoberik ezean BAEN erabili izan dut nik, inoiz edo behin: Belaun Arteko Etenaren Neurria. Urrestillan ez dago BAEN handirik: euskara hutsean (edo nagusiki euskaraz) bizi dira aitona-amonak, halatsu bizi dira gurasoak eta berdintsu seme-alabak. Eguneroko mintzajardun arruntari dagokionez, euskararen katea Urrestillan ez da eten. Aieten, aitzitik, bistan da soziolinguistikazko "lurrikara" handia gertatu dela nire ume-denboratik hona. BAEN eskalak, xuxen aplikatuko bagenu, intentsitate altua markatu beharko liguke hortaz Aieten, eta txikia (oso txikia?) Urrestillan. Belaunaldi batetik hurrengora eten-urratze sendoa, sakona eta zabala jasan du euskarak Aieten: euskara baizik (ia) entzuten ez zen lekuan (etxe eta taberna, eliza eta jolasgune) zoaz orain eta egizu proba, ea zenbat eta zer-nolako euskara entzuten duzun. Hori neurtu nahi du Fishmanek GIDS edo BAEN horrekin: hots, belaunez belauneko hizkuntza transmisioak zenbateko etena, dislokazioa edo galera izan duen gune eta leku jakinean. Hizkuntzen (hiztun-herrien, hiztun taldeen edo hizkuntza honetaz diharduten harreman-sareen) galeran belaunaldi batetik hurrengora (eta erabilera-esparru bakoitzean bere tempo-an) gertatzen den eten-urratze edo dislokazio hori funtsezkoa da, izan ere, hizkuntzen (eta hiztun-herrien) bizian. Ba al da funtsezkoagorik ezer, hiztun-talde batentzat, bere bilakaeran?
Ez dakit seguru-seguru, baina Richter-en eskalak 9 maila dituela uste dut. Xuabeena 1.a eta larriena 9.a. Fishmanen GIDS edo BAEN eskalak ez ditu 9 maila, 8 baino. Hemen ere, Richter-enean bezala, 1.gradua da intentsitate aldetik xuabeena; aldiz larriena, okerrena, sakonena, 8. gradua. Zortzigarren mailako astindua, eten-urratzea edo dislokazioa jasan duen hiztun-herriak, malo: horrek ez du bizirik ateratzeko ia inolako aukerarik. 1. mailako (berdin 2. eta are 3. mailako) eten-urratzea duten hiztun-herriak milaka dira munduan eta, berez, muga-eragozpen hori berekin izanik ere, bizirik iraun dute menderik mende. Alde handia, izugarria dago 1. edo 8. mailako etena duten hiztun-herrien artean. Gogoa ere ematen du esateko 8. mailako etena dutenekin ez dagoela zereginik. Fishmanek bereziki azpimarratuko du, halere, beti egin daitekeela hiztun-talde ororen alde zerbait. "Beranduegi da" esklamazioarekin kontuz ibili behar dela, nahiz eta hainbat kasutan benetan beranduegi izaten den, urpera joandako ontzia berriro ur-azalera atera eta itsasgintza bizian berrabiatzeko. BAEN eskalaren 2. edo 3. mailako astindua jasaten ari den hiztun-herria edo hiztun-taldea, aldiz, belarriak erne (eta hainbatean beldurturik, okerragorik etorriko ote den) egongo da, baina hiltzeko arrisku bizian ez dago. Non ote dago Astigarraga, Fishmanen GIDS edo BAEN eskalan? Eta Urrestilla? Eta Barakaldo? Bere eskalaren 8 mailak banan-banan ikustea izango dugu hoberena, eta gero bakoitzak aterako ditugu kontuak. Larrienetik hasiko gara, eta xuabeenean amaituko dugu.
BAEN eskalaren 8. maila: Azken mohikanoarena.
Situaziorik okerreneko hiztun-herriak edo hiztun-elkarteak, eten-urratze sakona eta zabala izan dutenak, sartzen dira BAEN eskalaren 8. maila honetan. Egon ez dago hiztun-herririk, ez eta hiztun-taldeko harreman-sarerik ere, bere eguneroko mintzajardun arrunta hizkuntza horretan bideratzen duenik. Hiztun-hondar batzuk gelditzen dira soilik, han-hemen barreiatuak. Hizkuntzaren eten-urratzea hain sakona eta zabala izan delarik, indarberritu baino areago biziberritu egin nahi da hizkuntza, muturreko kasu honetan. Hori da BAEN eskalak neurtzen duen astindurik gogorrena, eten-urratzerik bortitzena. Hiztun-herririk ez dago jadanik, jarduera-esparruren bat bederen hizkuntza horretan osatzen dutenik. Hiztun-taldetxorik ere ez, xede jakinerako harreman-sarea hizkuntza horretan bideratzen duenik. Hiztun solteak soilik: galduak, deskonektatuak, gero eta zaharragoak. Jatorrizko hizkuntza amerindiar eta australiar askoren kasua halakoa da, berez. Ez haiena bakarrik ordea: nola dira kontuak Erronkarin, Zaraitzun, Legution?
Hizkuntza jakin (arras minoritario) baten azken hiztun galduen, han-hemen barreiatuen, etsipenezko egoera da hau. Azken hiztun horietako batzuek ondo samar egiten dute oraindik beren hizkuntza "arraro" horretan. Umetan ikasi zutena erdi ahazturik daukate, aldiz, beste batzuek. Zaharrak dira gehienak, baserritar-jendea (edo izandakoa). Hizkuntza edo dialekto horren gainbehera hain aurrera joanik dago zenbait kasutan, non ezinezkoa den elkarrekin hizkuntza horretan diharduten solaskideak (hiztun-elkarte edo language community bat, edota gutxienez language network edo harreman-sare bat) aurkitzea. Batzuek ez dira gai, elkarrizketa osoa beren "lehengo" hizkuntza hartan egiteko ere. Umetako kantuak, jolasak, otoitzak... gogoan dituzte hor nonbait, baina etengabeko mintzajardun bizi, oparo, zuzena nekez jasoko duzu haien ezpainetatik. Garai bateko hiztun-herri bizi, bizkor, beregain baten azken hondarrak dira gizaki bakan, isolatu horiek. Txakurrari "beren" hizkuntza horretan egiten jarraituko diote akaso. Ezer gutxi gehiago, ordea.
Zer egin dezakegu horrelako hizkuntza batekin? Folklore-aztertzaileek eta hizkuntzalari batzuek oso gogozko dituzte "azken mohikano" horiek. Zeharo galtzen ari den herri-jakintza baten eta hizkera-molde baten biltzaile eta osatzaile diren neurrian, bihar-etziko errestaurazio-saio baten iturburu ere bihur daitezke datu-jasotzaile horiek. Ez da gutxiesteko lana, HINBEren aldetik, nortasun-lanketa eta hizkuntza hori badakiten espezialista gutxi batzuek eskueran izatea: hori da 8. maila honetan gehienik-edo espero izan litekeena. Hortik ezin espero liteke, alegia, askoz aurrerago joatea. Gehienik ere, hizkuntzalariek eta antropologoek beraiek ikasi egin dezakete hizkuntza hori eta, bigarren fase batean, horren interesa ager dezatenei irakatsi egin diezaiekete. Aitona-amonek bazekitelako, edo halako maitasun bat diotelako, hizkuntza hori "berreskuratu" egin nahi izango dute hiritar batzuek. Ikasiko duten hizkuntza horrek ezin izango du ordea, gehienetan, kontestualizazio funtzionalik izan eta hor geldituko zaie, noiz- norekin-nola erabili behar duten ia ez dakitela. Ondorioa ere ez da asmatzen zaila: HINBE edo RLStik urrun, oso urrun geldituko gara, normalean, zortzigarren mailako BAEN-astindua jasan duten hizkuntzen eta hiztun-herrien edo hiztun-taldeen kasuan.
Zerbait ikasia izango dugu, halere, bidean: hilzorian dagoen hizkuntza bat ikastea gauza bat dela, eta RLSk behar-beharrezkoa duen belaunarteko language-in-culture erabilera bestea. Eta, hainbat kasutan, bata eta bestea ezin konektatu izaten ditugula. Mila aldiz errazagoa dela dagoenari eustea, galdutakoa berreskuratzea baino. Zer gertatzen da euskara orain dela ehun, berrehun edo hirurehun urte galdurik dagoen herrietako D (zer esanik ez B edo A) ereduko ikasle askoren mintzajardunarekin? Zenbat, eta noiz-nola-norekin-zertarako, egiten dute gazte horiek euskaraz, hamar-hamabi urte euskarazko eskolan pasa ondoren? Zenbaitek uste izan du, hildako hizkuntza bat biziberritzeko hiru gauza behar direla funtsean: hiztegia, gramatika eta... behar adinako aginte-indarra. Irlandako kasuak hori baino zuhurrago izaten erakutsi behar liguke, S. Altuberen lehengo azalpenak gogoan ez bagenitu. Hil eta gero, salda bero.
Erabatekoa al da ezintasun hori? Bere hizkuntza erabat galdua duen hiztun-elkarteak (edo elkarte-zati batek: Arabako lautadak eta Gasteizek, esate baterako) ezin al du berriro hizkuntza hori berreskuratu? Hala gertatu eta hala gertatzen al da mundu zabalean? Ez beti, eta ez ezinbestean: galdutako esparrua berriz ere irabazi duen hiztun-elkarterik bada munduan, izan, hurbileneko adibidea hebraiera izanik agian. Hor ere kontuz ibili beharko genuke, ordea, erabateko itzulipurdiaren kontua ondotxo matizatuz. Matizak matiz hor dago ordea adibide bat, eta ez da inondik inora bakarra. Perspektiba historiko luzeari eutsiko bagenio, azkenik, nahi adina (eta, zenbaitetan, harrigarrizko) adibideak erantsi ahal izango genizkioke LS eta RLS arteko joan-etorriari.
Egia da hori guztia, baina egia osoa da goian esandakoa ere: HINBE-lana mila aldiz zailagoa dela hizkuntza ahula (bere azken harreman-sare xumeena ere) eguneroko mintzajardun arruntetik desagertu ondoren. Ezinezkoa ez da, baina jendeak uste duen baino askoz zailagoa bai. Horrexegatik saiatu behar genuke bizirik (nola-hala, baina oraindik bizirik) dauden hiztun-taldeei, jarduera-esparruei eta harreman-sareei bizirik eusten atentzio handiagoa eskaintzen.
BAEN eskalaren 7. maila: Zaharrak joan eta berririk ez. Hiztun-herririk ez dago, bai ordea hiztun-talde bakarra: herriko zaharrak.
Beraiek euskaldunak dira, eta oraindik (eskalako 8. mailan ez bezala) badute elkarren arteko harreman-sarerik (senar-emazteak, lehengusuak, urtealdi beretsuko lagunartea) euskaraz bideratzen dutenik. Azkenak dira, ordea, harreman sare hurbil, aurrez aurreko horri bizirik eusten diotenak.
Maila horretako dislokazioa jasan dutenak elkarren ondoan bizi dira, X-eraz (gurean, euskaraz) ondo egiten dute baina zaharrak dira. Pasa zitzaien garaia umeak izan eta seme-alaba horiek euskaraz hazi eta euskaraz hezteko. Gaztetan ez bezala, ingurumen osoan erdara dute, gaur egun, jaun eta jabe.
Gogoan dut, orain dela hogeita hamar urte-edo, Nafarroan barrena ibili ginela lagun batzuk, Ultzama inguruan eta handik Iruñea aldera, herri-pare batean (ez dakit bata ez ote zen Olague). Tabernara joanda, zaharrekin hitz egiteko aukera izan genuen. Zoragarri egiten zuten euskaraz. Baina beraien artean bakarrik. Seme-alabek ezetz: haiek erdaraz egiten zutela beraien artean, gurasoei ere hala egiten zietela; eta erdaraz egiten zietela, jakina, beren haurrei. Hori da, niretzat, Fishmanek 7. maila honetan deskribatzen digun egoera. Honelako asko dago, nire ustez, orain bertan ere, Ipar Euskal herrian, Baztan aldean eta beste hainbat lekutan: uste baino eskualde gehiagotan, agian.
Egoera larria da 7. mailakoa ere, baina alde nabarmena du 8. mailarekin: Xdunak (gurean: euskaldunak) elkarren ondoan bizi dira: herri berean, auzo berean, zahar-egoitza berean. Beti bizi izandako etxe berean ere bai, aitona-amonen edo anai-arreben kasuan. Alde handia da hori, Xeraz (gurean: euskaraz) egiten jarrai baitezakete horiek, hil arte, elkarren artean. Horiek ez dira "azken mohikanoak", HINBE-saioa indartzeko gogotik "aprobetxa litekeen azken belaunaldia baizik". Gogoan dut Azkue nola ibili ohi zen zahar-etxez zahar-etxe, Donostian ere bai oker ez banago, hiztun jator haien bila, beren baitan gordetzen zuten altxor haren perla preziatuak hiztegirako (eta Euskal Erriaren Yakintza-rako) jasotzen. Oso antzeko lana egin zuen Joxemiel Barandiaranek, ohiko herri-jakintzarekin (bide batez haien mintzaera bizia hitzez hitz jasoaz). Zergatik ez gauza bera egin, euskara indarberritzeko? Hori da, funtsean, Fishmanek gomendatzen diguna.
Belaunaldi hori gainbehera doa demografia aldetik (herrian hiltzen diren gehienak beraiek dira, eta gazte euskaldunik ez dator neurri berean gora). Baina sozialki aktiboak dira: eredugarri gerta litezke, eta euskarazko jardunguneak eta harreman-sareak osatzeko elementu estimagarria izan litezke.
Zer egin dezakegu, hortaz, 7. mailako hizkuntz egoera horrekin? Zer egin dezakegu gaurko Olague guztiekin (edo ahal dugun gehienekin)? Beren bigarren hizkuntza euskara izango duten neska-mutilak ugaritzea, horretan laguntzea alegia, izan liteke azken belaunaldiko euskaldun horiek nork bere herrian edo auzoan euskalgintzari egin diezaioketen aportaziorik hoberena. "Bigarren hizkuntza euskara izango dutenak" dioenean, zera esan nahi du Fishmanek: gaztelaniaz gainera euskara ere erabiliko duten gazteak, ezkontzen direnean beren haurrei etxean euskara (edo euskara-erdarak) erakutsiko dietenak izatea. Berriro ere euskarazko euskaldunak (Xmen-via-Xish) sortzea, hori da Fishmanek begien bistan duena eta 7. mailako egoera horretan daudenei proposatzen diena. Nola egiten da, ordea, hori? Erantzun beterik ez digu Fishmanek ematen. Zertan saiatu behar ez dugun, halere, argi samar esaten digu. Kontuz ibiltzeko dio berak: HINBE baldin badugu buruan, alde batera uzteko gure energia osoa edadekoentzako euskarazko entretenigarriak eratzen eta mantentzen: teatroa, hitzaldiak, kantaldiak eta literatur saioak... hortik ezer gutxi aterako dugula. Gogoan dut, orain dela hogei bat urte, Artiñano euskaltzale suharrak (euskaltegiak eta barnetegiak antolatzen buru-belarri ari zen garai hartan), serio edo txantxetan ez dakit, beste plan hau ere aipatzen zuela noizean behin: Gipuzkoatik eta Bizkaitik Benidorm aldera, neguko hilabete gordinenak pasatzera, hainbat aitona-amona joaten zenez (eta denez) beraientzat hantxe, Benidormen-edo, euskaltegia antolatu eta alfabetatzeko ikastaroak eskaintzea. Fishmanek jakingo balu, badakigu seguru asko zer esango ligukeen: Benidorm-en negua pasatzen duten aitona-amona horiek ezer gutxi kontribuitzen dutela zoritxarrez, beren etxe, auzo eta herrietan, euskarazko idazlangintzan (euskal egunkarietako irakurle edo idazle moduan, eskutitzak euskaraz idazten, are gutxiago libururik idazten…). Hobe genukeela jende hori erdarara pasa diren beren seme-alaben iloba elebidunak (euskaraz ere egingo dutenak etxean eta auzoan, eskolan ikasten dutenaz gainera) sortzen saiatuko balitz. Euskaraz egingo (ez soilik jakingo) duten gazte-taldeak sortzea, eta berdin gazte-elkarteak, auzoguneak eta abar: horretan bai, horretan guztian lagungarri sendoa izan litezkeela erretiroa hartutako euskaldun zahar, "azken belaunaldikoak". Hizkuntza biziko bada euskal arnasgune horiek indarberritu edo sortu egin behar ditu norbaitek, antolatu, babestu, diruz lagundu eta asmoz oinarritu. Hizkuntza ahularen belaunez belauneko jarraipenak edo (kasu honetan bezala etenda badago) berriro indarrean jartzeak gure (HINBEzaleon, euskaltzaleon) jomuga nagusi eta ia bakarra izan behar omen du, era bateko eta besteko dislokazioek hizkuntza ahula BAEN eskalaren 7. mailara eraman dutenean. Hil ala biziko kontua da hori: ez beraz bestelako fantasiekin hasi. Kultur saio eta kantaldiek, hitzaldi eta antzerkiek, balio handia izan dezakete RLS edo HINBEren lanabes moduan. Belaunez belauneko transmisioa bizirik dagoen lekuetan, batez ere, lagungarri sendoak izan daitezke. RLSren lanabes dira, ordea, beti: inoiz ez RLSren helburu. Euskaraz bizi diren familiak, auzoak, herriak mantentzea eta, ahal den neurrian, zabaltzea: hori da HINBEren berezko helburu nagusia, ez bertso-saioak antolatzea. Helburu horri zer neurritan laguntzen diote era horretako ekitaldiek? Auzo edo herri horretako gaztetxoen euskara-erabilera indartu egingo al da ekitaldi horiekin? Hori da, bene-benetan, lekuan lekuko HINBEzaleek (euskaltzaleek) gogoan izan behar dutena. Eta horren arabera antolatu behar dituzte beren planak eta egitasmoak. Hizkuntza ahula BAEN eskalaren 7. mailan dagoen lekuetan, gehienetan, ekitaldi horiek ez dira HINBEren helburua betetzen laguntzeko baliabide egokienak.
BAEN eskalaren 6. maila: Jaioko dira berriak?
Familia eta lagunartean, auzoan eta kale-bizitza hurbilean, euskararen presentzia (oso) kolokan dagoeneko egoera. Euskaldunik badago tartean, eta ez gutxi, bai zaharren artean eta bai gazteetan! Gero eta erdal itsasoan murgilduago bizi dira, ordea, etxe-etxetik atera orduko. Eta, etxe-etxean ere, telebistak eta gainerakoek, gehi euskal-erdal ezkontzako guraso-bikoteek gero eta ahulduago daukate euskal giroa. Euskarazko gizarte hurbilari eutsi eta, ahal bada, euskal arnasguneak sortzea dute amets, baina kosta egiten zaie halakorik (partez bederen) erdiestea.
Aitona-amonek, gurasoek eta seme-alabek (nola-hala, eta guztiek ez bada gehienek edo askok behintzat) euskaraz dakite, baina etxean edo auzoan, lagunarte hurbilean eta kale-bizitzan gero eta sarriago (batez ere gurasoek eta gazteek) erdaraz egiten dute.
Zenbat lekutan ez ote da gaur egun, Euskal Herrian barrena, horren antzeko zerbait gertatzen. Esana dugu, dagoeneko, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako hainbat lekutan, eta ez haietan bakarrik, eten-urratzea hori baino larriagoa gertatu (edo gertatzen ari) dela eta leku horiek BAEN eskalaren 7. mailan daudela dagoeneko (aitona-amonen belaunaldia da, halakoetan, euskaraz dakien eta egiten duen azken belaunaldia). Aldiz, Bizkai-Gipuzkoetan, eta ez hor bakarrik, BAEN eskalaren 6. mailatik askoz hurbilagoko egoerak ikus ditzakegu hainbat kasutan. Aitona-amonek ez ezik gurasoek ere (edo bietako batek) badakite (eta egin ere egiten dute hainbatetan) euskaraz. Baina erdaraz dihardute gero eta sarriago, etxean eta auzoan. Seme-alabekin dihardutenean ere (adin batetik aurrera, bereziki) erdara ari da euskarari lekua jaten. Euskaraz badakite jakin, eta egin ere egiten dute hainbatetan, baina erdaraz errazago eta sarriago maneiatzen dira: kalera erosketak egitera joaterakoan, lagunartean ardotxo batzuk eta pare bana pintxo hartzera ateratzen direnean eta, hainbatetan, etxean bertan ere bai. Etxea diogunean familia bizitza esan nahi dugu bere zabalean: aste-bukaeran beste lagunekin eta beraien seme-alabekin ateratzean, amonaren urtebetetzea ospatzera troupe osoa baserrira (edo jatetxe batera) joaterakoan, umeak eta guzti igerilekura edo soziedadera apuntatzean eta antzekoetan ere bai, beraz.
Puntu zentrala da hau, guretzat ez ezik Fishmanentzat ere: euskal ontzia hondoratu ala ez, frente honetan jokatzen da beste inon baino gordinago. Eskolak ondo daude, irrati-telebistak ere bai, berdin egunkari-aldizkariak... Hori dena oso ondo dago. Baina ezer gutxi (harrigarri gutxi) egin dezakete ekimen horiek guztiek euskara indarberritzeko. Ahulak dira neurri horiek, aldez aurretik (edo aldi berean) etxeko eta auzoko, lagunarteko eta kale-giro hurbileko euskal jarduera zaindu, indartu, babestu, oinarritu eta finkatzen ez bada. Gauza handiak egiten ari garela iruditzen zaigu askotan, euskararen alde. Perspektiba falta zaigu ordea, gehienetan, hizkuntza ahula indarberritzeko orduan handia eta txikia zer den ondo bereizteko.
Demagun orain arte ehuneko ehun (edo, hori gutxitan gertatzen baita, ehuneko laurogei) euskaraz egin den herri batean euskarazko aldizkari bat sortzea erabakitzen dugula eta, aldi berean, herriko plazan dagoen betiko tabernan zerbitzari erdaldunak jartzen direla/ditugula (edo, are nabarmenago, lautatik hirutan erdaraz egiten duten tabernari euskaldunak agertu zaizkigula herrira). Barrara hurbildu orduko "ke ba a ser" galdetzen dizula, Markinako bere azentu garbiaz, tabernako nagusiak. Haserretzeko gogorik ez duzunez "dos tintos especiales" esan diozula. Ordaintzerakoan nagusiarengana ordez zerbitzari prestuarengana zuzentzen zarela: "Zenbat da, Arantxa?" galdetu eta, ziplo asko, "doscientas cincuenta" edo "invita la casa" erantzuten dizula. Zer aurreratu dugu hilean behin aldizkari euskalduna izatearekin (hainbat euskaltzale zintzoren nekea eta ilusioak, denbora eta dirua horretan inbertituz), plazako tabernan jendea euskaratik erdarara pasatzen hasten bazaigu gure begien aurrean?
Puzten ari naizela pentsatuko duzu, agian. Ez naiz, ordea, asmakizun hutsean ari. Zeharo oker nabilenik iruditzen ez bazaizu, eman dezagun pauso bat gehiago: saia gaitezen azken 25 urteotako irabazi-galduak aurrez aurre jartzen. Irabazietan, badakizu, eskola jarri ohi dugu lehenengo ilaran. Zertarako ditugu ordea D ereduko ikastetxeak, geure seme-alabekin etxean eta etxe inguruan, lagunartean eta erosketak egitera goazenean, erosotasunez edo ohituraz... nagusiki erdaraz egiten badugu gurasook? Aspaldiko kritika edo atentzio-deitzea da hori, Fishmanek HINBEzale guztioi egiten diguna. Ez al zarete konturatzen dituzuen indar apurrak bide okerretik (hots, hizkuntza ahularen eguneroko erabilera arruntean eta belaunez belauneko transmisioan eragin zuzenik kasik ez duten plangintzen ildotik) bideratzen dituzuela? Eta jendea aspertzen zaizuenean, zer?
Zer egin dezakegu ordea, Mikel, seme-alabak D (batzuek B) eredura bidaltzeaz gainera? Zertarako dago Gobernua? Zertarako zaudete zuek? Soluzioa ez da, jakina, seme-alabak erdarazko eskolara bidaltzea. Kontua da BAEN-eskalaren 6. mailako lurrikara jasan duen hiztun-herria ezin duela eskolak, bere hutsez eta bere baitarik, onik atera. Seigarren BAEN-mailan gauden eremu urriko hiztun(-herri) guztion eginkizun nagusia, honako bi puntuotan zentratzen du Fishmanek:
- a) erdarazko mintzajardunetik euskarazkora pasa behar dugu belaunaldi gaztea, edo oraindik euskaraz ari bada jardunbide horri eutsi behar zaio, dio firme. Eginkizun hori ezin dugu, lasai-lasai, andereñoen esku utzi.
- b) "demographically concentrated and intergenerationally continuous" izango den modus vivendia bultzatu, indartu eta zabaldu behar dugu belaunaldi gazte horientzat.
Hemen dago, nire ustez, Fishmanen BAEN eskalaren giltzarria. Hau da bere planteamendu osoaren muina. Buruan duena (bere hainbat liburu eta artikulu irakurri dudalarik, eta berarekin puntu honetaz berariaz hitz egin ondoan, buruan duela iruditzen zaidana) honako hau da: ondo da Erriberan eta Errioxan euskara indarberritzen saiatzea. Ikasi nahi duenak ikas dezala: horrek ez dio euskarari kalterik egingo. Mesederik ere ez asko, ordea. Kasu horietan ez gaude izan ere BAEN eskalaren 6. (edo are osasun hobeko) mailan, 8.ean edo, onenean ere, 7.ean baizik: Olague non dago dagoeneko? Euskararen egungo auzia 6. mailan (eta, beste neurri batean 5.ean, 4.ean eta 3.ean) dago. Hor jokatzen duzue bizia: Astigarragan, ez Murchanten. Ez ezazue beraz begien bistatik galdu, gurasoen bidez eta eskolaren laguntzaz eskuartean daukazuen altxor nagusia zein den: gaztejende euskalduna, lagunartean eta kalean euskaraz egiteko benetako aukerabidea izan dezakeen belaunaldia, hori duzue euskaltzaleok zuen altxor preziatuena.
Aurrerantzean ere euskaldun-jendea demografikoki nagusi, edota gutxienez masa batetik gorako kopuruan, izango den herri-herrixkak, auzoak eta biziguneak saia zaitezte euskaldun mantentzen. Horri eskerrak (italiarrei Italian, portugesei Portugalen eta daniarrei Danimarkan... bezalatsu) normala gertatuko zaie belaunaldi gazte horiei euskaraz bizi izatea. Eta, jakina: helduak izatera iristen direnean ondotxoz errazagoa izango da gazte horiek pareko lagun euskaldun batekin ezkondu eta euskal familia (n +1 belaunaldiko euskal familia) osatzea. Beste mende-laurdeneko arnasa eman diozue horrekin euskarari; epe horretan hau eta beste egin dezakezue, euskal hiztun-herriaren osasuna hobetzeko.
Zenbat eta euskarazko arnasguneak ugariago eta aktiboago izan, orduan eta errazago izango da euskaraz erdipurdika moldatzen diren horiek ere beren hizkuntz gaitasuna (ahozkoa oraingoz, idatzizkoa gero ere lor daiteke) sendotu eta zabaltzea. Igeri eginez ikasten da igeri egiten, gainean jarri eta pedalei emanaz ikasten da bizikletan ibiltzen … ingurukoekin honetaz eta hartaz hitz eginaz ikasten da erraz eta lasai hitz egiten. Ez da oraindik horrelako euskaltegirik asmatu, eta ez asmatuko ere. Goierriko zenbait herri(txo)tara etortzen diren inmigranteen seme-alabek goierritarrez egiten dute gaur ere. Eskolako euskara batuaren eredua gora-behera, eskolan eta plazan jolas eta solas ari direlarik beren laguntxoen mintzajardun jatorra eransten zaie, aparteko "hizkuntz plangintza"-rik gabe. Beren gurasoek ere ondo entenditzen dute bertako euskara, eta gauza errazak esateko gai dira hainbatean. Eta hori zergatik?: the informal daily life of a speech community-k (euskara nagusi den ingurumenetako hiztun-elkartearen eguneroko mintzajardun arruntak, planifikatzen hain zaila den etengabeko mintzajardun horrek), bizimolde moderno honetan ere aparteko indarra eta erakarmena duelako. "Horretan saia zaitezte zuen indarrak xahutzen, beste mila gauzatan baino lehenago": hori da Fishmanen aholku nagusia, mila sinplifikaziorekin esaten ari banaiz ere. Inportantea da muina entenditzea: ñabardurak eta matizak, garapenak eta salbuespenak gero etorriko dira. Hizkuntza oro hitzezko fenomenoa dela, idatzizko jarduna baino areago, hori azpimarratzen digu 6. dislokazio-mailan gaudenoi. Euskaraz erraz egingo duten hiztunak izateak lehentasun osozko jomuga izan behar duela guretzat. Horretarako, euskaldunek euskaldunekin euskaraz jardun ahal (hainbatetan behar) izango duten arnasguneak babestea, sendotzea eta zabaltzea HINBE osoaren funtsezko eginkizuna dela: hori gogoraraziko digu berak, behin eta berriro.
Gogoan dut erreparo bi jarri nizkiola behin, Bilbotik Plentziarako bidean:
- a) euskal ghettoa-k sortzea proposatzen ari al zara, Fishman jauna?, eta
- b) pertsonen esfera pribatua planifikatzen hastea nola ezkontzen da jokabide demokratikoekin?
Urteak pasa dira ordutik, eta baliteke berak emandako erantzuna behar bezain garbi jasorik ez izatea. Oso oker ere ez nenbilke, ordea, bere idatzietan ere behin baino gehiagotan aipatu izan baititu berak funtsezko erreparo horien kontuak. Zer erantzun zidan Fishmanek Plentziarako sarreran (eta zer erantzuten digu han-hemengo idaztietan)?
- a) Kontzentrazio demografikoa eta ghettoa ez dira, urrundik ere, sinonimoak. Bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza guztiak (begiratu ezker-eskuin, ea salbuespenik ikusten duzuen) demographic concentration eta institutional reinforcement horretan oinarriturik daude. Hizkuntza txikiek ere, bizi garen mendean ezinezkoa eta gogoz kontrakoa den ghetto-eredua alde batera utziaz, beren demographic concentration-eko arnasguneei eutsi behar diete beraz, ahal duten neurrian, hiztun-herri gisa bizirik jarraitu nahi badute. Zenbat eta euskaldunak (oro har, X-hiztunak) elkarrengandik gertuago bizi, hainbat eta babes handiagoa emango diote batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak (ele-erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten "social norms" eta "interactive situations" direlakoak ugarituz.
- b) Egia da eguneroko mintzajardun arrunta, ingurumen demokratikoetan bereziki, planifikatzen zaila dela (oso zaila ere bai, erantsiko nuke nik): bere hitzetan esateko, planned informality is a contradiction of sorts. Ez gara planifikatzeaz hitz egiten ari, ordea, ezinbestean: behar-beharrezkoa dela uste badugu, lagundu eta babestu, bultzatu eta erraztu egin dezakegu konfigurazio hori, inori goitik beherako obligazioak edo debekuak ezarri gabe. Edota, gutxienez, kontrako joera ez indartu. It is dificult to plan (the informal daily life of a speech community). It can be facilitated, however; it can be fostered and encouraged.
Hori baino gehiago ere esaten du: gure HINBE-saio guztien on-gaitzak neurtzeko eta ebaluatzeko metrorik onena horixe dugula. Demagun euskarazko irrati bat antolatu nahi dutela Sakana aldeko euskaltzaleek: merezi du hori egiteak, ala ez? Nola jakin, baietz ala ezetz erantzun behar den? Fishmanentzat oso argia da erantzuna: Sakanako euskaldun-jendeak bere eguneroko bizian euskaraz jardun dezan benetan lagungarri izango baldin bada, dudarik gabe bai; bestela, garaiz kontuak atera eta indarrak ez alferrik gastatu. Benetan lagungarri izatea da kontua, ez asmo ederrak izatea. Sakanako euskaldunen eguneroko hizkuntz erabilera eta euskal-elebiko belaunaldi berrien euskarazko mintzajarduna bermatu edo berpiztean: hori da Fishmanen metroa; hortik ez zaizu zentimetro bat aldenduko. Eta Etxarri-Aranazko dendetako errotuluak euskaraz jarriko bagenitu? Eta herriko festetan euskal kantari famatu bat ekarriko bagenu? Eta Sakanako eskola-umeei euskarazko slogana duen kamiseta bana erregalatuko bagenie? Eta inguruko nekazariei euskarazko nekazaritza-hiztegi bana oparituko bagenie? Eta Sakana aldeko ipuin zaharrak jaso eta, Aurrezki Kutxaren laguntzaz-edo, liburu eder bat prestatu eta Gabonetan etxe guztietan banatuko bagenu? Eta udaleko norma subsidiarioak euskaraz jarriko bagenitu?
Eta... (zerrendak ez du bukaerarik, ez behintzat bukaera ezagunik, ongi dakizuenez). Begi onez eta bihotz-berotasunez ikusten ditu Fishmanek ekintza horiek eta horrelako beste hamaika. Baina kontuz ibiltzeko esaten digu: urteak hamabi hilabete dituela, asteak zazpi egun, uste baino lehenago zahartuko garela gu ere, eta gaixoa (euskal konstelazio etnokulturala oro har, eta euskara bera nagusiki) osasun-egoera kritikoan dagoela. Odolusten ari dela eta odolusten ari denari odol-jario hori gelditu, moztu edo eten behar zaiola lehen-lehenik. Agian dentistarengana ere joan beharko duela gero, desastre baitauzka atzeko haginak eta buruko minez baitabil; kolesterola ere goi samar daukala eta tortila-kontu horrekin ere on izango duela neurriz ibiltzea. Alkoholarekin ere behar baino gehixeago katigaturik dabilela, tabakoarekin bezala, eta on egingo diola hilabete batzuetan pistoia pixka bat jaistea; eta pelukeriara joan behar lukeela, egia baita txima horiekin ez dagoela inorengana aurkezteko moduan. Baietz, egia dela hori guztia... baina orain ezetz: orain odol-isuria gerarazi behar dela, hori dela oraingo benetako premia. Hemorragia hori gerarazten ez badugu alferrik izango direla munduko dentista eta pelukero guztiak. First things first: hori da Fishmanek behin eta berriro errepikatzen duena. Euskal arnasguneak mantendu, babestu, indartu eta, ahal den neurrian, zabaldu behar ditugula. Euskaldunok euskaldunekin eguneroko berba-egikeran euskaraz jardun ahal izateko guneak ziurtatu behar ditugula, nahiz etxeko seguruaren paperak, kontribuzioko fakturak, labadora berriaren prospektu teknikoa, alaba zaharrenaren masterra eta beste hainbat kontu erdarazkoak izaten jarraitu. Horiek ere inoiz edo behin euskaraz edo ele bietan izan daitezen amets egiteko eskubide osoa dugula, eta agian lortuko ditugula... baina euskararen hil ala biziko apustua, bere eguneroko soka-tira, ez dela nagusiki plaza horietan jokatzen. Ez geure burua engainatzeko. Kontuak ondo, eta garaiz, ateratzeko.
Aspertu zarete, honez gero, irakurle-ikasleon erdiak baino gehiago. "Baina zer uste du honek, euskaldun guztiok Urrestillan bizi garela (edo ex profeso geuk sorturiko Urrestilla berrietan bizi nahi dugula eta bizi gaitezkeela), ala? Ez al daki oraindik Joantxo bakoitzeko bi Patxi, hiru Miren eta lau Lurdes dauzkagula? Eta azken 20 urtean jaio diren Edurne, Asier, Uxue eta Gorka guztiekin zer? Ez al daki non jaio zaizkigun eta non bizi diren? D ereduko ikastetxean pasatzen duten ordu bakoitzeko bost ordu pasatzen dituztela multizineetan, Gran Hermanon, bideokontsolan, interneten, atletismoan, ballet-ikastaroan, neguan Candanchún eta udan, Irlandan ez bada, Menorcan edo Port Aventuran?."
Hori guztia egia da, eta egunetik egunera egiago izateko trazak ditu... baina horrek ez du Fishmanek dioena indargabetzen. Adjektibo bi eranstea zilegi balitzait berak idatzitakoari, honela erantzungo liguke Fishmanek: "it is very dificult to plan the modern informal daily life of a speech community".
Konforme, 6. mailako eten-urratzea gainditzeari dagokionez apustu guztia ezin dugula, Urrestillan eta balizko Urrestilla berrietan egin. Astigarraga modukoei ere bereziki zaindu eta jaramon egin behar genieke nahiz horrelakoetan jardutea egunetik egunera konplikatuago bihurtzen ari den. "Gaurko Astigarraga ez dek orain 25 urtekoa", erantzungo digu Patxik. Aieten edo Amara Berrin, Fishmanen ildotik jardutea are lan nekezagoa gerta liteke. Zer esango digu Aieteko Mirenek, errezeta bakar edo nagusi moduan "demographic concentration" proposatzen badiogu? Egia da aldameneko etxean izeba-osabak eta lehengusuren bat bizi dituela. Egia da han-hemen euskaldun-mordoxka ezagutzen duela auzoan, eta noizean behin haiekin topo egiten duela. Baina zenbat bestelako, erdaldun edo ezezagun: eta ezezagunei, badakizu, erdaraz egiten diegu normalean; hain daukagu konprobatua lautatik hiru, hor nonbait, erdaldunak direla! Eta gero, betikoa. Etxetik ateratzen denean Donostiara jaisten da Miren, bitatik behin: hain dago salto batean! Eta hori, Miren. Zer esango digu Lurdesek: euskaraz hitz egiteko (minutu batez, eta etengabe estropozu egin gabe) gai ez den Lurdesek. Klienteen enpresetara joaten denean, jakina, ez du ehunetik laurogeita hemeretzian euskaldun hutsik aurkitzen eta ez dago bere euskara-hondar hori erabiltzera (eta erabiliaren erabiliaz, hobetzera) beharturik. Lagunak ere erdaldunak ditu gehienak, eta kalean erdaraz egiten da edonon: gazteren batzuek euskaraz hitz eginaz pasatzen zaizkizunean albotik buelta ematen duzu, disimuluz, parean pasa ondoren. Esaiozu Lurdesi "demographic concentration" behar duela. Hori ezin da bidea izan.
Bale ba: baina orduan zein da bidea? Orduan zertarako hainbat D eredu eta hainbat Kilometro, hainbat ETB1 eta hainbat euskaltegi? Zertarako hainbat hizkuntz eskakizun, administrazioan lan egitera sartzeko? Zertarako euskararen aldeko agerraldietara joan, batera bai eta bestera ere bai? Egia da demographic concentration hori desideratum bat dela kasu askotan. Baina desideratum izateagatik ez da alde batera utzi behar: hori da hizkuntza sano guztien egoera naturala. Eta, hizkuntz normaltasunaren alde baldin bagaude benetan, egoera naturala jarri beharko genuke guk ere, lehenik eta behin, helburu normaltzat. Edota toldopeko tomateak bezala landu nahi dugu euskalgintza osoa?
Patxi, Miren eta Lurdes ere gogoan ditu Fishmanek. Hain ditu gogoan, non haientzat ere aholkuak badituen. Hoberena (euskal arnasgunea) zer den garbi azaldu ondoren, erdibideko erremedioak ere (ala laurdenbidekoak dira?) azaltzen dizkigu zehatz. Bi jardunbide osagarri aipatzen ditu berak, Urrestilla-eredua aplikatu ezin den kasuetarako:
- a) handik harako harreman-sareak sortu, teknologia berriak lagun, aurrez aurreko harreman-sareak sortzea nekeza edo ezinezkoa denean.
"additional strategies (...) while demographic concentration is either not yet possible or, at least, not possible for all those whose informal family functioning is already primarily in Xish (euskaraz)": telefonoa astinduz, lekuan lekuko irratiaz baliatuz, euskal telebista-kate jeneralaz (eta, ahal den lekuan, eskualdekoaz), zirkuitu itxiko telebistaz, bisita-programak antolatuz, grabazioak egin eta elkarri trukean emanaz, neska-mutilentzako kantu-, txiste-, ipuin- edo joko-kaseteak prestatuz eta zabalduz, euskarazko guraso-elkarteak sortuz, "D ereduko" mendi-ibilaldiak antolatuz, "D ereduko" autobusak antolatuz neguan elurretara eta udan Praga aldera joateko. Guztia izan liteke ona, euskaraz (partez bederen euskaraz) diharduten familiak (nahiz elkarren ondoan, auzo berean edo herri berean ez bizi) birtualki edo aldian behin elkarrenganatzeko eta, horri eskerrak, "a sense of communtity" indartzeko.
Hori irakurtzen diodan artean, gure auto xaharrarekin akordatzen hasten naiz. Hitz egingo balu, hango irrati-kasete zaharrak! Gure neska-mutilak txikiak zirenean eta (aste-bukaeretan, udan, gabonetan) autoz inora joan behar genuenean, ez zen giro izaten. Lehen hogei minutuak pasa orduko bata negarrez eta bestea kexuan, "noiz iritsiko gera?" galdetuz. Jarri euskal kantuak eta pailazoen komeriak kasetean, eta biak isil-isilik eta erne asko: buruz zekizkiten kantu eta pasadizo guztiak. Hamar bat kasete izango ziren guztira. Horra euskal giroa sortu, negarrari eta marmarrari atseginezko euskal txoko ibiltaria erantsiz.
Ez dezagun beraz, gutxietxi bere txikian eta mugatuan ere, helburua "to establish and reinforce a sense of community" duten estrategion indarra. Bistan dago, jakina, estrategia horiek lor dezaketena eta Joantxoren hamar urteko mutikoak plazara jaitsi orduko lortzen duena oso gauza diferenteak direla, bai zabaleraz eta bai intentsitatez. Aldeak alde, mesedegarriak dira ordea neurriok ere, eta begien bistatik ez genituzke galdu behar. Italiako friuliarrak maisu omen ditugu alor horretan (RLS, 94), nolanahi ere, eta merezi liguke haien berri izatea. Nazioarteko "clearing house" moduko bat oso beharrezkoa omen genuke, gai honi buruzkoetan espezializatua.
- b) familia barruko taktikak eta estrategiak eratu, euskarari eusteko eta, ahal den neurrian, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten kideak euskal gurpilera biltzeko.
Neska-mutilek euskaraz errazago egin dezaten, hitz etorri hobea izan dezaten... lortzeko neurriak sartzen dira atal honetan. Baita etxe barruko euskal giroa sortu edo indartzekoak ere. Aita edo ama, bietako bat erdalduna denean, egoera zailagoa izaten da noski. Gure egoeran, asko dira Patxi, Miren eta Lurdes. Horientzako neurri egokiak proposatzea garrantzitsua da beraz. Britainia Handian argitaratzen den Bilingual Family Newsletter delakoa horrelako familiei zuzendurik dago; ingelesez, ordea.
Ez ote genuke hemen ere horrelako zerbait, esate baterako, egin behar? Baietz dio Fishmanek, baina besterik ere esaten du: aita eta ama, biak euskaldun (hala-holako euskaldun) izanik erdal giroko auzo-herri-hirietan bizi diren euskal familiei zuzenduriko estrategi lanketan, eta horretan zentraturiko ekimen konkretuen argitalpenetan, saiatu behar genukeela bereziki.
Egia da egungo kale-bizitza modernoan familiak ez duela etxeko haurrengan eta gazteengan, urrundik ere, garai batean izan ohi zuen itzala, eragina eta aginpidea: bere behinolako sozializazio-ahalmena oso kamustua dago. Familiaz kanpoko eraginen, erakarmenen, harreman-sareen, telebista-programen, astialdi libreko instituzioen eta publizitate-uholdearen zabala eta sakona ezin dira alde batera utzi: hor daude horiek guztiak, eta askotan eragin sendoagoa dute horiek gurasoen (zer esanik ez, gero eta etxetik urrutirago bizi diren aitona-amonen) konpainiak, laguntzak, azalpenek eta debeku-mehatxuek baino. Hala ere, funtsezko elementua da familia hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioan. Bere falta-gabezia guztiekin ere ama-hizkuntzaren transmisio-gune nagusia da, orain ere, familia. Bera da, haur txikiei eta neska-mutilei dagokienez, kanpoko presioei eusteko orduan harresi nagusia. Intimitatea eta pribazitatea oso loturik daude familiarekin. Lotura horrek aparteko indar psikologiko eta soziologikoa ematen dio familiari. Familiaren esparrua bere esku ez badute, Xdunentzat (euskaldunentzat), alferrik izango dira hortik gorako gure saioak eta plangintzak: oinarri sendorik gabeko eraikuntzak izango dira horiek.
Familiarekin batera lehentasun osoa eman behar diogu gure auzoari edo herriari, eguneroko gure bizimoduaren zati handi bat bere baitan biltzen duen locus natural horri. Egia da hor ere aldaketa handiak eragiten ari dela modernizazioa: hiri-bizitzaren anomiaz, elkarren ondoan bizi garenok ere elkarrentzat arrotz bihurtzen ari gara. Etxeko igogailuan ikusten dut hori, inon baino argiago: berrogeita hamar bat familia bizi gara etxepean, eta bi igogailu besterik ez guztiontzat. Honekin edo harekin igotzea edo jaistea tokatzen zaizu hainbatetan, honekin eta harekin ere bai hainbatetan… eta elkarri zer esanik ez dugu izaten: eguraldiak txarrera egin duela, afaldu ere egin beharko dugula laster, eta... denok zain, igogailua gure pisura noiz iritsiko den "gero arte" esan eta bizilagun horiez erabat ahazteko. Hiletetara ere ez gara gehienetan joaten. Hurbileko arrotz bihurtu gaitu modernitateak, hiritar asko eta asko. Urrestillan ez litzateke, deskuidoz ere, horrelakorik gertatuko... oraingoz. Gemeinschaft-giroan bizi dira han, ez Gesellschaft arrotz-burrundaratsuan, oraingoz. Anomiaren zezen horri heldu behar omen diogu euskaltzaleok (eta, oro har, HINBEzale guztiok) adarretatik. Modernitateak berekin ekarri dituen anomiari eta gainerako arazo sozialei erantzuten saiatu behar omen dugu buru-belarri, hizkuntza ahula indarberritu nahi dugunok: familiak bere ingurumen hurbilean txertatzen eta auzo-bizitza modernoak galdu-edo duen nondik norakoa berreskuratzen saiatu behar omen dugu. Etxea, familiartea, auzoa eta herria indartzen ditugun neurrian ari omen gara RLS edo HINBE ere indartzen. Hori omen da gure apustua.
Bi problema izango omen ditugu, nagusiki, auzogintza osasungarriaren egitasmo horri aurrez aurre heltzea erabakitzen badugu. Batetik, familiak ez direla (bizpahiru urterekin eskolara bidaltzen ditugun haurrak, goizean goiz fabrikara sartzen diren langileak edo soldadutzara joaten diren/ziren kintoak ere ez diren bezala) inoren kontrolpeko elementu otsanak. Bestetik, Gemeinschaft-giroko auzo-bizitza hori eten-urratzen duten luze-zabaleko gizartearen makro-indarrei aurpegi eman behar zaiela, gure langintza osoa hankaz gora jar ez diezaguten. Errezeta magikorik ez omen dago hori egiteko, baina ezinezkoa ere ez omen da. Etxea eta lagunartea, auzogunea eta herri-bizitza sortu eta trinkotu ohi duten erakundeak eta prozedurak indartzen ahalegintzea omen da funtsean, hautsak alferrik harrotzen ibili gabe, egin litekeen eta zinez egitea merezi duen bakarra, gure BAEN-eskalaren 6. mailako eten-urratzeari frenoa ezarri eta buelta ematen hasi nahi badugu.
Badakit luzetxo joan dela atal hau, baina merezi duelakoan nago: hemen dago Fishmanen HINBE-ereduaren funtsa: 6. mailako dislokazioa konpontzen ez badugu, alferrik-edo ari garela esaten du berak. Maila hori konponbidean jartzen badugu, berriz, okerrena egin dugula.
BAEN eskalaren 5. maila: Hiztunak irakurle eta idazle bihurtzea. Euskaldunak alfabetatzea
Euskaldun jendea elkarren ondoan bizi da, euskal auzo edo herrietan. Beren euskarazko jarduna euskara hutsezkoa izan dute ordea beti, eta ez dakite (kasik) ez euskaraz irakurtzen eta ez idazten. Zerbait irakurri edo idatzi behar denean, gaztelaniara (iparraldean frantsesera) jotzen dute. Egungo gizartearen zati osoak idatzian oinarritzen direnez, euskaraz bideratu ahal izango luketen hainbat jarduera erdaraz egiten dute eta, hori dela medio, euskarazko jarduna aurrez aurreko hizketa moldera-mugatzen dute ezinbestean, harreman-sare eta interakzio-modu zabal, jaso, formalagoetarako bidea itxiz. Muga-eragozpen larria da hori, egungo gizarte-molde berrian. Erremedio sendoa eskatzen duen muga.
Munduan izan diren eta egungo egunean ere diren, milaka hizkuntzetarik gehienak, gehien-gehienak, hitzez transmititu izan dira nagusiki edo huts-hutsik. Idatzizko planoa, eta solaskideen beharrak, aski mugatuak izan ohi ziren. Gogor aldatuz doa hori, ordea. Idatzizko jardunik ez duen hizkuntzak apenas, gizarte-molde berrietan, bizi itxaropenik duen. Beharrizan horri aurre egin beharra dauka, beraz, BAEN eskalaren 5. mailan dagoen hiztun-elkarteak, hiztun-taldeak edo harreman-sareak. Aurreko atalean, 6. mailako dislokazioari aurre egiteko, ahozko mintzajardunean oinarritu gara nagusiki. Jendeak hitz egin dezala (eta, jakina, entzun ere bai) etxean, familiarte zabalean, auzoan, herrian: hots, eskueran izan dezakeen euskarazko arnasgunean. Irakurtzeaz eta idazteaz ez dugu hitz erdirik esan. Badira ordea hiztun-herriak, edo hiztun-taldeak, 6. mailako dislokazio larri hori ez dutenak (goizean jaikitzen direnetik oheratu bitartean osorik edo nagusiki beren hizkuntzan, -gurean, euskaraz,- bizi direnak). Euskaldun horietariko hainbati ez dio ordea inork, ez etxean eta ez eskolan ibili zenean, euskaraz irakurtzen eta idazten erakutsi: hor dute beren "hutsunea". Hutsune mugatua izan da hori, milaka urtean, hiztun-herri eta hiztun-talde askoren kasuan. Hitzez transmititu izan da hizkuntza, belaunez belaun eta aparteko larritasunik gabe, mundu zabalean diren eta izan diren hiztun-herri gehien-gehienetan. Hizkuntza idatzirik ez izateak ez du ekarri izan, berez eta besterik gabe, hizkuntza horren galera.
Hori guztia horrela da, baina beste punta-muturrera ere ez dugu joan behar gure planteamenduetan. Ez gara lehengo mendeetan bizi, eta inork ez du esan (ez Fishmanek behintzat) hizkuntza idatziak HINBErako balio ez duenik. Hizkuntza idatzia lagungarri ona izan liteke ahozko mintzajarduna osatzeko, indartzeko eta zabaltzeko. "Izan liteke" bakarrik ez: horrelaxe da, izan, hainbat kasutan. Zertan lagun diezaioke alfabetatze-saioak menderik mende nagusiki ahozko mintzajardunean oinarritu den hizkuntzari? Nagusiki honako honetan, Fishmanen esanean: jendea alfabetaturik egoteak (uler bedi: euskaldunok euskaraz irakurtzen eta idazten jakiteak) hiztunen arteko, harreman-sareen arteko eta hiztun-taldeen arteko komunikazioa erraztu eta areagotu egin dezake. Bai gure arteko komunikazioa eta bai elkarlana, euskal asmozko xede hau edo hura burutzeko. Euskaldun guztiak Urrestillan (Urrestilla bezalakoetan) bizi balira, eta Urrestilla guztiak elkarren pegante baleude (orain dela 200 urteko Gipuzkoa-Bizkaietako eskualde osoak bezalatsu), alfabetatzearen mesede hori ez litzateke agian hain ohargarria izango. Euskal familia asko Astigarraga, Aiete edo Donostia moduko inguruetan bizi dira ordea, osobetezko arnasgunerik gabe edota, are, erdal itsasoan nola edo hala igeri. Eta horientzat, dudarik gabe, laguntza ederra izan liteke euskaraz irakurtzen eta idazten jakitea: bestela gesaltze-bidean leudekeen hiztun-multzo horiek elkarrengana bil daitezke, euskara idatzia lagun, bai lotura psikologikoaz eta bai integrazio kulturalaz. Mesede galanta egin lezakete, alde horretatik, egunkariek eta astekari-aldizkariek, lekuan lekuko berri-paperek eta han-hemengo boletinek, liburuxkek eta liburuek. Alfabetatze horrek, ondo egiten bada (hortxe lanak!), askatu egiten gaitu euskaldunok (euskaltzaleok bereziki) erdararen etengabeko nagusitasun mediatikotik: nagusitasun hori astuna ere izan liteke informazio-edukiei, jarrerei, irizpide ideologiko-filosofikoei eta, are, astialdia era batera edo bestera betetzeko hautabideei buruz. Liberazio handia da hori, ondo erabiltzen bada: hori gabe etsipen larrian eror litezke euskaltzaleak, azkenik beren burua ere konbentzituz adierazpen-molde zabal, jakitun eta errespetagarri bakarra erdal (hots, erdarazko) ikuspegiarena dela. Hor ikusten du Fishmanek, lehenik eta behin, alfabetatze-lanaren helburu nagusia: bestela zatikaturik (erdal itsasoan nola-hala igeri) bizi diren euskal hiztun-multzoei elkartasun-giroa eskaini eta batera jarduteko gogoa piztea, alde batetik, eta bestetik beraien ikuspegi eta sentierei, herri-amets eta gogo-irrikei leiho argia zabaltzea.
Zenbaitek hori baino gehiago espero izaten du, ordea, alfabetatze-lanetik: "euskal jende ikasia sortuko dugu horrela eta, horri eskerrak, gizartean gora egin ahal izango dugu euskaldunok". Erreparo handiak jartzen dizkio Fishmanek ikuspegi horri. Luze joko liguke hori azaltzeak, eta ez nago batere seguru neuk ere ondo ulertzen diodan zer esaten duen. Hainbat gauza ondo ulertzen diodala uste dut, baina den-dena apenas. Hobe izango dugu beraz, inor alferrik nahastu gabe, puntu hori bere horretan uztea.
Gure artean, jende askoren ustean, alfabetatzearen fase hau aspaldi gainditua daukagu euskaldunok. Nork ez daki, gaur egun, euskaraz irakurtzen eta idazten? Hogeita hamar urtez D ereduan jardunez, eta helduek berrehun bat euskaltegi eskueran dutelarik, nola esan dezakegu horrelakorik? Ez al ditugu zentsuko edo erroldako datuak gogoan? Erroldako datuak bai, gogoan ditugu. Baina datu horien atzean zer dago? Ondo idazten eta erraz irakurtzen al daki Joantxok euskaraz? Eta Patxik? Eta Mirenek? Eta beren seme-alabek? Egia da hogeita hamar bat urte daramagula helduak alfabetatzen, eta seme-alabak D eredura bidaltzen. Egundoko pausoak egin dira, egia da, batez ere eskola alorrean. Seguru ote gaude, ordea, Urrestillako soziedadean hurrengo astean basurdetarako postuen zozketa egingo dela-eta garaiz ekarri behar diren paperen zerrenda euskaraz idazten ausartuko direla bertako Joantxo guztiak? Nola idatzi behar dizu euskaraz "Federación de Caza de Gipuzkoa" deabru hori, Guipuzcoa-tik Gipuzkoa-rako saltoa oraindik erdizka digeritu duen Joantxo-jende guztiak? Bere bizian lau-bost orrialde segitu euskaraz idatzi ez duten euskaldun helduak (eta halakoak dira hamarretik bederatzi) alfabetaturik al daude benetan? Eta euskaldun gazteak? Ba al dakigu urtero EGAra aurkezten diren 17 urteko gazteen artean apenas iristen direla %30era, gaitasun-maila hori egiaztatzen dutenak? Norbaitek esan dezake A (eta, zenbaitetan, B) ereduan ikasitako gazteak izango direla beste %70 horiek. Ez dago ordea inolako oinarririk, aitzakia horri eusteko. D eredukoak dira gehienak; idazten ez ezik mintzatzen ere ez dira, gainera, punta-puntakoak. Galdetu, bestela, gure D ereduko batxiler mailako irakasleei: detaile gehiago behar al da?
Mesedegarri ez ezik premiazkoa izan liteke, euskaldun gazte eta helduen osobetezko alfabetatzeari azken urteotan baino atentzio handiagoa eskaintzea. Hezkuntza-munduan gero eta irakasle euskaldun gehiago dira, hasteko, bere burua prestatuagotzen ari direnak: oso berri ona da hori. Beste zerbaiten sintoma ere bai, ordea. Fishmanen azalpena oso ondo ezkontzen da ikusmolde horrekin.
BAEN eskalaren 4. maila: Euskal eskola, gure gaitz guztien aspirina.
Jendeak (zahar eta gazte) euskaraz daki, gehienek euskaraz (euskara hutsez, neurri on batean euskaraz) egiten dute baina eskola kontuak erdara hutsezkoak dira. Doktrina eta "euskal letra" basiko-basikoak euskaraz jasoak dituzte agian, baina ikasketa guztiak (gehi karrera, gorabide profesionala eta abar) erdarazkoak dira. Muga sendoak dakartza horrek ere; eta konponbide argia ikusi uste dute gehienek.
Mendetako (mende bi eta erdi bai, gutxienez) kexu-esperantzak dauzkagu eskolan jarriak: eskolak erdaldundu gaitu, eskolak ekarriko gaitu geure onera. BAEN eskalaren 4. mailako erremedioa horixe da: euskaldun gazteok beren ikasketak, batez ere hasiera- eta erdi-mailakoak, euskaraz egitea. Hamasei urte arteko eskola-aldia, obligaziozkoa dugu EAEn eta Nafarroan. Frantses-euskaldunen artean ez dakit nola den, baina ez da urruti ibiliko. Bizpahiru urterekin hasten dira gure haurrak eskolan, eta hamasei urte arte (gutxienez) hantxe dabiltza guztiak, txintxo-txintxo edo ez hain txintxo. Asper-asper eginda ere bai, batzuek. Hamasei urtetik aurrerakoak (unibertsitatea barne) alde batera utziaz oraingoz, neska-mutil eta gaztetxo horietan zentratzen da Fishman bere dislokazio-eskalako 4. maila horretan.
Euskalgintzaren (eta, oro har, RLS edo han-hemengo HINBEgintzaren) mundu bat amaitzen da bere eskalaren 5. mailan, eta mundu berri bat abiatzen 4.etik 1.ra bitartean. Hori da Fishmanen ikuspegia, gure egungo euskalgintzarekin ezkontzen hain-hain erraza ez dena. "A pultso"-ko euskalgintza da 8.etik 5.era arteko. Agintaritzaren parte-hartze zuzenaz egiten da, aldiz, 4.etik 1.ra doana. Gure etxeko historiatxoaren berri dutenentzat, 5. mailan amaitzen den mundua, "bottom to top" plangintzaren mundu hori, herriz herriko bertso-saioen eta "Ez dok Amairu" taldearen garaiko kantaldien mundua da; Francoren garaiko ikastolen mundua, hasierako alfabetatze-saioen eta orain dela 35en bat urteko argitalpen-saioen mundua dugu hori: euskaldun-jendeak (zehatzago esateko: euskaltzale-jendeak) euskara indarberritzeko bere kabuz eta bere poltsikotik (zozketak eta han-hemengo diru-biltzeak barne), "do it yourself" filosofiaren ildotik, jasotzen hasitako euskalgintzaren mundua.
Joan ziren ordea urte haiek, eta beste giro bat zabaldu da bazterretan. Bere helburu nagusien artean euskara berreskuratzea duen lege-markoa dugu orain: alderik alde EAEn, eta partez Nafarroan. Eskola-munduan, bereziki, oihartzun zabala jaso du lege-asmo horrek. Hizkuntz normalkuntzaren paradigma instituzionalean ari dira maisu-maistra gehienak (asko bai, behintzat) lanean. Lehen Hezkuntzako euskara-irakaslearen, Batxilergo mailako fisika-irakaslearen edo DBHko historia irakaslearen egungo egoera aski bestelakoa da, hori guztia dela-eta: bai herri-ikastetxekoa baldin bada irakasle hori, eta bai pribatukoa (ikastola gehienak barne) baldin bada ere. Irakasleek eta, oro har, ikastetxeek eskuartean daramaten zeregina aski berezia da: egia da "euskara salbatzeko" sortu zirela ikastolak, eta egia da Normalkuntza Legea eman duela EAEko Parlamentuak, irakas-sistemari aparteko eginbeharra agintzen diona; baina egunez eguneko jardun arruntean lan konkretua du irakasle-jendeak. Hiztun-herriaren belaunez belauneko transmisio arruntetik harantzago doa, nolanahi ere, Greziako historia eta elektromagnetismoaren printzipioak irakastea.
Mundu berri horretan, goraxeago aipatu dugunez, aurrerapauso handiak egin ditu euskarak XX. mendean: azken 35 urtean, bereziki. Fishmanek gurea bezalako hiztun-herrioi BAEN eskalaren 4. mailan "jartzen dizkigun debereak" neurri zabalean, gero eta neurri zabalagoan, ari gara egungo euskaldunok betetzen: batez ere EAEn; Nafarroan ere bai, hainbateko neurrian ez bada ere; eta Iparraldean ere ez hain-hain gutxi, nahiz eta EAEko ekimenaren parean oso maila apalean ibili. Euskal eskola instituzio garrantzitsua da, egungo egunean, euskalgintza osoaren baitan: titularitate publikokoa da batzuetan, ordena erlijiosoena edo zenbait kooperatibarena beste batzuetan eta ikastola-elkartearena besteetan. Horren gainetik eta horren ondoren euskalduntze-asmoen bi eratako gradazioa bereiz dezakegu bertan: irakasteredu elebidunaren araberakoa batetik (A, B edo D); eta curriculumaren euskal dimentsioari eta normalkuntza-proiektuei ematen zaien itzal-oihartzunaren araberakoa bestetik.
Curriculumaren X (gurean euskal) dimentsioari eta normalkuntza-proiektuari ikastetxe bakoitzak ematen dion lehentasunaren arabera, aski diferenteak izan litezke (irakaste-eredu berberaren baitan ere) ikastetxeak. Gauzak erraztearren, bi zatitan banatzen ditu Fishmanek X-ezko (gurean: partez edo osoz euskarazko) ikastetxeak.
- motakoak: curriculumaren euskal dimentsioari eta euskara indarberritzeko normalkuntza-proiektuari berariazko itzala eta oihartzuna aitortzen dioten ikastetxeak. Beti ez baina neurri batean bai, HINBEzaleek (gurean: euskaltzaleek) sortutako edo beren bultzadaz eratutako ikastetxeak izaten omen dira hauek.
- motakoak: itzal-oihartzun horiek alde batera utzi gabe ere, maila apal-xumean lantzen dituztenak. Arauzko baldintzak aintzakotzat hartuz, eta euskal mundua kontuan hartuz, erdal (aginte) esferatik sortutako iniziatibak izaten omen dira, hainbatean, ikastetxe moduok.
Eskolaren etekina neurtzeko orduan faktore askok hartu ohi dute parte, eta ez da komeni bietako bat ona eta bestea txarra dela esatea: garbi azaltzen du hori Fishmanek. Eskolen etekin-maila neurtzeko orduan, batetik helburu pedagogikoak izan behar ditugu kontuan: ikasleen garapen kognitibo, sozial eta emozional hoberena lortzea (horretarako sortuak dira eskolak berez, ez X hizkuntza "salbatzeko" edo Y hizkuntza "hedatzeko"). Bestetik, curriculum edo ikasketa-planaren egokitasuna, ikasmaterialena eta, inoiz gutxitan aitortzen badugu ere, irakasleen beraien trebezia eta profesionaltasun-maila. Bere gaia ondo dominatzen duten irakasleak ugari izatea, euskaraz ondo manejatzen direnak eta dedikazio-maila handia dutenak, hor dago eskola-munduaren faktore handi bat HINBEren ikuspegitik ere. Hori eta, nolabait esan, gurasoekiko sintonia onean jardutea. Litekeena da a) ereduko ikastetxeak aski onak izatea (jakite-mailaren aldetik, HINBErenetik, edo bien aldetik) eta b) eredukoak aski txarrak. Baina alderantziz ere gerta liteke: kontuz generalizazioekin. Eta gerta liteke, akaso, jakite-mailaren aldetik emaitza onak eta HINBEren aldetik txarrak izatea ikastetxe batek, eta justu alderantzizkoak besteak. Hori guztia horrela izanik ere, gauza bat dago Fishmanentzat argi: a) ereduko ikastetxeek aukera hobeak dituztela normalean, euskarari eta euskal kulturari sarbide zabalagoa eta lanketa sakonagoa eskaintzeko. Euskal Herriaren berri izatea, geografiaz zein historiaz, eta hizkuntzaren erabilerari ate-leihoak oparo zabaltzea, errazago-edo lortzen da multzo horretako ikastetxeetan.
Ez dago dudarik, nolanahi ere, euskal etnokulturaren eta indarberritze-saioen oihartzuna luze-zabal hedatu dela gure ikastetxeetan. Hizkuntz normalkuntzako proiektuak adibidez, EAEko 300 bat ikastetxetan indarrean daudenak, lagungarri sendoa gerta daitezke (gertatzen ere ari dira dagoeneko) euskal giroa piztu, euskaltasun-zantzuak ikasleenganatu eta euskarazko bizibidearen (hots, euskal elkartasunaren) gogo-asmoa belaunaldi berrietara helarazteko.
Hori dena egia da, baina egia ez da hori bakarrik. Eskolak, D eredukoak barne, gure (berdin du mundu zabaleko beste edozein X-en) seme-alaben erdalduntze-bide ere badira. Ondo baino hobeto dakigun kontua da hori. Isil asko gordetzen duguna ere bai. Ikasleen (ikasle askotxoren) etxea eta auzoa hain (erabat edo nagusiki) erdalduna izanik, oso zaila da ikasle horiek euskal hiztun trebe bihurtzea. Eta, alderantziz, nahi baino errazago gertatzen da etxetik euskaldun edo erdi-euskaldun etorri diren ikasleak beren mintzajardun arruntean nabarmenki erdalduntzea. Eta askotan, jakina, jendaurrean ez bada ere tentazioa sortzen zaigu gure buruari galdetzeko: "ondo ari al gara gure indar gehienak horretan xahutzen?". Kontuz ibili behar da, ordea, horrelako harakiri xinpleekin. Mugak eta eragozpenak neurtu egin behar dira ondo, bai jauna. Baina mesedeak eta aukerabide berriak, euskal eskolaren bidez hizkuntzari zabaltzen zaizkion albo-leihoak ere bai. Etxetik euskaldun den neska-mutil askori euskara idatziaren (eta, horren bidez, gure kultur nortasunaren) ikasbide arteza eskaini dio, mende laurden honetan, euskal eskolak. Etxetik erdaldun edo erdal-elebidun direnei euskaraz egiten ikasteko aukera ohargarria (bere ingurumeneko beste inolako instituzio sozialek eskaintzen diona baino ondotxoz sendoagoa) eskaintzen die oro har. Beren kideko gazteekin euskarazko edo euskal-erdal moduko harreman-sareak eta interakzio-ereduak sortzen lagun dezake. Baita bihar-etzietarako hain noraezekoak izango diren leader berriak sortzen hasteko aukera bideak ere. Eta ez hori bakarrik. Non aurkituko genuke hainbat heldu euskaldun, alfabetatu, ikasirentzako lanpostu eta posizio sozial ohargarririk, HINBEren esparruan, jarduera arautuaz eta hileroko soldataz milaka irakasle (eta zuzendari, ikuskari, teknikari eta laguntzaile) okupatuko ezbalitu euskal eskolak? Euskal eskolatik kanpora non lor dezakegu gaur egun, gero eta bakarrago ditugun arnasgune jatorretan izan ezik, belaun arteko interakzio-esparru formalik? Nolatan biziko ginateke euskalgintzaren gurpilean, orobat, gu geu eta gure antzeko gehienak?: era batera edo bestera eskola-munduarekin harreman zuzena dugun hezkuntza-alorreko funtzionariook, argitaletxeetako koadro teknikoak, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten elkarteak eta, oro har, gidaritza didaktikoa, antolamenduzkoa edo hizkuntz normalkuntzaren alorrekoa eskaintzen duten aholku-elkarteak? Hori guztia ere hor dago, eta bere muga-baldintza guztiekin ere ez da gutxietsi behar. Eta nola espero genuke, azkenik, euskal eskolarik gabe XXI. mendeko euskal intelektual, leader eta profesional trebeak izatea?
Eskola-munduaren HINBE aldetiko ebaluazio-saioak egiten hasi baizik ez gara egin. Horrelako gehiago, eta emaitza akademikoen alorreko datuekin gurutzatuago, egin beharko dira berandu gabe: euskal eskolak azken 35 urtean hartu duen bueloak hori eta gehiago justifikatzen du. Lehen ere esan dugunez kontuak ateratzea, eta zuzendu beharrekoak zuzentzea, punta-puntako eginkizuna da HINBE osoaren baitan.
BAEN eskalaren 3. maila: Euskara, jalgi hadi (bertatik bertarako) lanera!
Hiztun-elkarte sendoa, hitzez ezezik idatziz ere ongi moldatzen dena eta eskola ere (nagusiki bederen) bere hizkuntzan jasoa, baina erdarazko lan-munduan murgildurik bizi dena. BAEN eskalaren 6., 5. edo 4. mailan dauden hiztun-herriak baino askoz hobeto (sendoago, bizi-iraupenerako itxaropen zabalagoa) dago egoera honetako hiztun-herria. Egia da, ordea, pertsona helduon bizitzako zati handi bat (tentsioaz eta espektatiba profesionalez, emulazio sozialez eta akulturatze-bideez arras garrantzitsua) lan munduak eratzen, moldatzen eta mugatzen digula. Eta alde horretatik, konprenigarria da askoren amets-irrika.
Ez naiz ipuin xaharrak kontatzen hasiko: nekazaritza eta artzantza, arrantza eta kontserbagintza, txakolin- eta sagardogintza, altzarigintza-kontua eta kamioi bidezko garraioa, sukaldaritza eta harategiak... horiek eta beste zenbait lanbide, neurri on batean, euskaldun-jendearen eskutan, eta euskaraz zihardutela, ezagutu ditugu 50 urte inguruko gipuzkoar askok gure ume-denboran. Ezin esan dezaket Bizkaian hala zen edo ez. Bortzirietako lehen industrialdia ere (60ko hamarkadakoa), euskaraz bideratu zen neurri on batean. Lanean (lan arruntean, ez zuzendaritza-alorrean) euskaraz egiten ezagutu dugu jendea, ezker-eskuin. Euskara ez zen, gure ume-denboran, arrotz lan-munduan. Atzera ala aurrera egin du euskarak, eskola-prestakuntza handirik gabeko alor horietan? Erantzuna ez dizuet esango: nik baino hobeto dakizue. Eta zergatik? Hori ez da hain erraza esaten: baserriak hustu eta artzainak bakandu egin direlako, arrantzaleen seme-alabak Leioara joan direlako ikastera eta ontzietara gailegoak, portugesak edo afrikarrak etorri direlako, fabriketara kanpoko (edo inguruko) langile erdaldunak etorri direlako, gero eta lan teknifikatuagoa egiten delako eta hartarako prestakuntza, aplikazioa eta kontrola erdaraz bideratzen delako, telefonoz eta faxez, eskutitzez eta e-mailez etengabe erdaldunekin (handik 500 metrora dagoen beste planta bateko erdaldunekin, Opelen Zaragozako faktoriarekin edo Basel-go ikerketa-etxearekin) harremanetan gaudelako, euskaraz baino erdaraz hobeto manejatzen garelako… zuk erantsi, burura datozkizun gainerako arrazoiak. Eskertuko nizuke horien berri emango bazenit: benetan.
Horrekin guztiarekin zer esan nahi dut? Bi gauza, nagusiki: batetik, euskalgintzan "gero eta aurrerago, gero eta gorago" goazeneko ikuspegi horri ohar nabarmenak egin behar zaizkiola, lan-munduari dagokionean bederen. Bestetik, lan-mundu arrunt, tradizionalean euskarak izan duen atzerabidea faktore demolinguistiko, ekonotekniko eta soziokultural askorekin lotua dagoela eta, alor horretan ganorazko HINBE edo RLS-prozesurik aurrera atera nahi badugu, faktore-aniztasun hori oso gogoan hartu beharko dugula.
HINBEk, euskara indarberritzeko saioak aurrera egingo badu, bere ekimena ezin familia girora mugatuko da. Eta jakina: euskarazko bizibidea sukalde-zokora izkutaturik geldituko ez bada, ekonomiazko oinarri-modu bat bere eskueran izan beharko du euskaldun-jendeak. Bai bere kontzentrazio demografikoa babestu eta sendotzeko, bai gizarte-molde berriak hain zentrala bihurtu duen lanbidezko interakzio-esparruak ohiko arnasguneen itogarri gerta ez dakigun eta bai hiztun-talde horrek bertako herri-agintaritzan oihartzun zuzenik izateko. Alde horretatik atentzio berezia zor genieke, orain ere, euskaldunen jabetzapeko edo jestiopeko produkzio- eta zerbitzu-enpresei, nagusiki euskaldun-langileez osaturik dauden eta euskaldun-jendea atenditzen dutenei: pentsu- eta ongarri-enpresak, basozaintza alorrekoak, nekazari-tresnak saltzen dituztenak, sagardogileak, arrantza- eta kontserba-alorrekoak… Beren mugatuan eta txikian ere, euskal arnasguneak indartu eta zabaltzera datoz horiek guztiak.
Produkzio- eta zerbitzu-etxe gehienak, askogatik gehienak, "etxeko" multzo horretatik kanpokoak dira, ordea. Hezkuntza alorrean bezala, lan-munduko beste enpresa horiek guztiak bi atal nagusitan bana daitezke Fishmanen ustez:
- a) euskaldun-jendearen produkzio- eta zerbitzu-etxeak, neurri on batean langile euskaldunez osatuak baina luze-zabaleko (beraz, nagusiki erdal) harreman-sareak dituztenak hornitzaileen, I+G iturrien, merkaturatze-bideen eta bezeroen aldetik. Adibidez: Ormaiztegiko Irizar enpresa, autobusak egiten (karrozatzen) dituena.
- b) erdal esfera ekonoteknikoaren baitako produkzio- eta zerbitzu-etxeak, nagusiki langile erdaldunez (zenbaitetan atzerritarrez) osatuak baina bezeroen artean euskaldun-jendea dutenak. Adibidez: han-hemengo hainbat supermerkatu-kate.
Ikus ditzagun kasu biok aparte, merezi du-eta. Kontuan izan lehenengo kasuan produktore edo zerbitzu-emaile garela euskaldunok, nagusiki; bigarrenean, aldiz, batez ere produktu-erosle edo zerbitzu-jasotzaile. Bereizketa horrek badu, BAEN eskalaren 2. maila aztertzerakoan berariaz aipatuko dugunez, oihartzun ozenik.
Euskal enpresak, erdal mundua bezero eta solaskide.
Garbi bereizi behar da, kasu honetan, zein diren euskaldunen arteko lan- eta merkatu-harremanak, eta bestetik erdal munduarekikoak. Lehenengo alorrean sar daitezke, posiblearen zakua betetzen hasita, lantegiko jarduera arrunta, bertako bilerak eta lan-programa, informazio-orriak eta ebaluazio-koadroak, megafonia sistema eta barne-errotulazioa, enpresako artxiboak, fondoko musika euskalduna, lan-arautegia, urteko lan- eta jai-egutegia, euskara landu eta lan-giroan txertatzeko mikroplanak… Xede jakina dute, Fishmanen ustean, ekimen horiek guztiek: lantegiko euskal giroari eutsi edo, erdal munduak aski ahuldurik badauka, indar berriz ekitea. Egunean zortzi ordu erdaraz egitetik denbora-erdia, edo hiru laurdenak, euskaraz egitera pasatzeak berez lekarkeen iraultzaz nor ez da jabetzen? Nork ez du ikusten 30 urtez kale egin duten alfabetatze-saio gehienen iturri nagusia hortxe daukagula? Zertarako zeure burua euskaraz alfabetatu, lanean (lan teknifikatuan, paperean edo pantailan islatzen den horretan) erdara hutsean jardun behar baduzu?
Giro-lantze horrek berebiziko oihartzuna izan dezake, gainera, lan-orduetatik kanpora ere: kirol- eta joko-taldeak sortzen dira zenbaitetan enpresan, eskurtsioak eta bazkari-afariak antolatzen dira, udalarekiko harremanak zabaltzen... Zailago da, halakoetan, publizitate alorrari ekitea. Ezinezkoa ez luke, ordea, batzuetan izan behar: gogoratzen, berrogei urtetik gorako giputzok, Fanderiako pentsuarena?
Erdal (edo luze-zabaleko) enpresak, euskaldun-jendea bezero.
Erdal (edo luze-zabaleko) bankuek eta kutxek, merkatalgune handiek eta, oro har, eskualdeko posta-etxe, osasun-etxe, notario-etxe eta epaitegiek aparteko garrantzia izan dezakete alor horretan. Halakoetan, euskaldunok ez genuke mirari handiegirik eskatu behar: erdaldunak erdaraz atenditzen dituzten bezala, euskaldunak (hala nahi dugunak) euskaraz atenditzea. Ez al da akaso urrezko araua, "Erosleak beti arrazoi" edo amerikarren "the customer is always right" hori? Kontura gaitezen, bestalde, Enpresak eta administrazio-atalak, zaku berean sartzen dituela Fishmanek.
Gatozen berriro lan-esparru arrunt, aurrez aurreko honen azalpen jeneralera. Aurreko bi ataletan esan dena ez da, berriro ere, Barakaldon eta Barkoxen, Labastidan eta Errezilen berdin aplikatzekoa. Lekuan lekuko euskal giroaren arabera, demographic concentration edo arnasgunearen arabera aplikatzekoa da hori. Horretan zuzen samar gabiltzala uste dut, irizpideei dagokienez, aspaldi luzean. Hezur-mamitzeko orduan, aldiz, ezin hain gauza biribilik esan. Merezi luke lan-mundu osoa (sektorez eta eskualdez) hizkuntza aldetik tipifikatzea, egungo erabilera zehatzari dagokionez. Horra hor ere doktorego-tesi batzuetarako aztergai zoragarria.
Behar-beharrezkoa dugu euskaldunok oro har, eta euskal arnasguneek oso bereziki, gure hizkuntza ahula lan-munduan txertatzea. Guztiok erdara hutsean lan egin behar badugu, zertarako ari gara seme-alabak D eredura eta unibertsitateko euskal (edo ele bietako) ikasbideetara bidaltzen? Hori izan liteke lehenengo-lehenengo erreparoa. Gordina eta drastikoa, gutxiena uste dugunean esku artean lehertuko zaiguna. Bere proiekzio edukatiboaren aldetik garrantzitsua izanik ere, HINBEren aldetik egin litekeen erreparoaren elementu nagusia ez da hori, ordea: erdara hutsean bizi den lan-mundu batean jardun behar badugu, euskaraz bizi ahal izateko aukerak eta asmoak itxuratxarki erasango ditu, lehenxeago edo beranduxeago, erdal mundu horrek: etxea eta auzoa, lagunarte hurbila eta kale-bizitza ere gero eta erdararen mendeago gelditzeko arriskua benetakoa da, ez amets hutsala. Arrisku handi horri aurre egiten lagundu diezaguke, era nabarian lagundu ere, lan-mundu arrunt horretako euskalgintzak.
Lan-mundua euskalduntzeko orduan ere tentuz eta erne ibiltzeko gomendatzen du, bestalde, Fishmanek: egingarrienetik abiatzeko, euskal arnasguneen esferatik hurbilen dauden instantzia eta prozeduretatik hasteko, alegia. Eta, beti ere, lekuan lekuko euskaldun-jendeak (bai enpresa barnean eta bai bezero moduan) bere kabuz aurrera ateratzeko moduan. Nork bere buruari dezakeena baino gehiago eskatzea arras kaltegarri gerta litekeela dio berak. Lagungarri sendoa izan litekeela lan-mundu hori euskalduntzea baina, hala ere, giltzarria beste nonbait dagoela: euskararen belaunez belauneko transmisioan. Transmisio-gune nagusia etxea eta auzoa, lagunarte hurbila eta kale-bizitza direla eta, beraz, lan-munduaren euskalduntze alorrean zer-nola egin erabakitzeko orduan horixe izateko beti gogoan: lan-munduan hartzera goazen erabakiok zer neurritan lagunduko diote euskararen belaunez belauneko transmisio-bide horri?
BAEN eskalaren 2. maila: euskara administrazio-munduan eta komunikabideetan. Ez, halere, goren-mailetan.
Erdal mundua izan da gure artean, eta halaxe da orain ere nagusiki, gobernu alorreko (hasi udaletik eta estatuko goren-mailako aginte-organoetara arteko) administrazio-mundua. Beste horrenbeste esan liteke, funtsean, luze-zabaleko hedabideez ere. Aginte-esferatik hurbil gaude, batean zein bestean: hor osatzen eta biltzen dira, besteak beste, kasuan kasuko agintaritzaren integrazio-jarrerak, iritziak eta nortasunak; hor agertzen dira, orobat, goren-mailako trebetasunak eta status-kontuak ere.
Euskal munduak ez du erraza izango alor horretan aurrera egitea, batez ere erdal esferaren mende egon diren (eta, orain ere, nagusiki hala dauden) goren-mailako administrazio-alorretan edo luze-zabaleko hedabideetan. Erraza ez bada ere, hasi egin behar da, ordea, leiho hori ere euskal munduari zabaltzen. Errazenetik, egingarrienetik eta probetxugarrienetik hasi behar da: hori dio, hemen ere, Fishmanek. Zer da ordea errazena, eta zer da probetxugarriena? Mundua airean jarri gabe, dugunetik eta dezakegunetik egingarri dena: hori da errazena. Euskal arnasguneei eusten, eta ahal delarik zabaltzen, han-hemen euskalduntzen ari diren belaunaldi berriei euskal bizibidean txertatzen lagunduko dioten administrazio-prozedurak eta komunikabideak: horiek dira probetxugarrienak. Euskal arnasguneak atenditzen dituzten administrazio-organoak eta komunikabideak euskaldundu (praktikan: ele bietan jarduteko gaitu) behar dira lehentasun osoz. Hor gaude euskaltasunaren muinetik hurbilen, hori da gure hil ala biziko apustua. Aurreko puntuan aipatu dugun urrezko araua, "bezeroak du aukeratzeko eskubidea, administrazioak eta komunikabideek dute bezeroak berak nahi duen hizkuntzan atenditzeko obligazioa", oso-osoan aplikatu behar da esparru honetan. Funtzionarioen lan-baldintzak eta eskabideak ezin daitezke etengabeko aitzakia izan, euskaldunen hizkuntz eskubideak etengabe alboratu eta desatenditzeko.
Azken hogei urteotako esperientzia, arrakastatik baino prebisio-faltatik, adostasun-gabeziatik eta agindutakoa berandu, partez bakarrik edota apenas betetzetik hurbilago ibili da. Nola esplika liteke, bestela, Goierriko herri euskaldun-euskaldunetan ere (hiztunen %95etik gora euskaldun garbi direnetan), udaleko bilerak euskara hutsean egiten direlarik, udal-idazkari euskalduna behar, nahi, hala eskatu eta... erdaldun hutsa bidaltzea? Adibide xumea da hau, baina administrazio-alorrarekin lanbidezko harreman zuzena dugunok noraino ez genituzke horrelako adibideak ugarituko? Errazegi atera izan ditugu kontuak, guztiok ere, "administrazioa eta komunikabideak euskaldundu egin behar dira" esan dugunean: non dago plan zehatzik, urtetik urterakorik, lehentasun-eskala jakinaren arabera euskal arnasguneetako administrazio-bizitza zinez euskaraz edo ele bietan aurrera eramaten lagundu dezakeenik. Arazoa ez dago, gainera, goiko arduradunen atentzio- eta intetzio-falta horretan bakarrik. Zer egin dugu teknikariok egoera hori hobetzeko? Konturatu al gara alfabetatze-beharrik handiena zuketen hiztunak, hiztun-taldeak eta eskualdeak, alfabetatu ditugula akaso gutxien? Donostian (berdin du Bilbon...) bizi, Donostiako edo inguruko lan-postu ederrenak (etxetik hurbilenak, soldata txukunekoak, lan-ordutegiaz eta lan-egutegiaz erakargarrienak, ahalik eta burokrazia egitura zabalenean "izkutatuenak", aurrez aurreko problema gutxien sortzen dutenak, hortaz) euskaldundu nahi izatea gauza bat da, eta benetan administrazio-alorrean euskara indarberritzen ari garela uste izatea bestea.
Areagoko arriskurik ere ikusten dio Fishmanek administrazio-alorreko eta luze-zabaleko hedabideen esparruko euskalgintzari: erdalduntze-iturri bihurtzekoa, ustez euskalduntze-gune behar zukeena. Lehendik aipatua dugu alor honetako gure giza-kapitalaren "brain drain" arazoa (nolabait esan, ETBko euskal edo ele biko aktore-aktoresa eta presentadore hoberenak erdal, sarritan Madrilgo, telebista-kateek irenstekoa), eta ez gara horretaz luze arituko. Soldata hobeek, ranking profesionalean (eta, beraz, status sozialean) gora egiteak eta abarrek begien bistako ondorioa dute.
Eskaintzen al zaio plus profesional minimorik (soldatan, gorabide profesionalean) bere burua euskaraz trebatu duen teknikoari, administrazio-lanak eta erantzukizunak hitzez (aurrez aurre eta jendaurrean) zein idatziz zuzen eta egoki egiten dituenari, euskaraz idatzirik dauden dokumentuak (kartak, barne-idazkiak edo txostenak) hizkuntza horretan eta inoren laguntzarik gabe bideratzen dituen funtzionarioari, euskarazko administrazio-jarduna (beste horrenbeste luze-zabaleko hedabideetakoa) wishful thinking baino zertxobait gehiago izan dadin? Hori gabeko hizkuntz politikak, erdal administrazio- eta hedabide-egituren jirabuelta hutsean dabilen euskalduntze-jardunak, ez du Fishman gehiegi emozionatzen. Lehendik ezagunak ditu han-hemen horrelako saioak, eta badaki ekimen horietatik zer espero litekeen. Euskaldunok euskaraz bizi nahi izatea (edota, oro har, being and fostering Xmen-via-Xish) hautabide zorrotza dela, oso kontuz erabaki eta atentzio handiz lagundu beharrekoa. Hala dio berak: (it) is a philosophical / ideological position and, as such, it requires constant philosophical / ideological restatement and updating if it is to remain effective. Administrazioan eta komunikabideetan (bere osoan hartuta) erdara nagusi izango dela gero ere, eta euskaldun-jendeari probetxuzkoen gertatuko zaizkion alorretan zentratzeko batez ere, esaten digu berak. Behe- eta erdi-mailako administrazio-esferak gureago izango ditugula normalean, eta gure jardunaren enfasia handik eragiteko. Euskararen belaunez belauneko jarraipenari gehien laguntzen dioten ekimenetan zentratzeko. Betikoa.
BAEN eskalaren 1. maila: Euskara presente unibertsitatean eta goi-mailako lan-postuetan (aurrezki-kutxen, enpresen, agintaritzaren eta komunikabideen erabakimen-esparruetan). Baina independentzia politikoak berez eman dezakeen segurtasun osagarria gabe.
Euskaraz bizi nahi duen euskaldun-jendearentzat (oro har, Xmen-via-Xish direlakoentzat) bere autonomia kulturalera daraman trenbidearen azken geltokia, soziokulturazko berreskurapen-proiektu zabalaren goren helburua, da BAEN eskalaren 1. maila hau. Bere muga-baldintza eta eskari guztiekin ere, helburu horietan luke gure oraingo eramoldeak (aurreko pausoak, 6. dislokazio-mailatik 3.era doazenak bereziki, ondo emanak eta sendo finkatuak baleude) soziokulturazko beregaintasunaren azken xedea eta jomuga. Maila honetara iristeak (eta euskaldunok, alor batzuetan, hartara iristen hasiak gara edo iristeko bidean gaude) baditu bere mesedeak. Baita eragozpenak ere, ordea: eragozpen horiek larriagotu eta politizatu egin ohi dira sarri, euskara-erdaren tirabirak goi-mailako esfera horietara hurbildu ahala. Ezer esplikatu beharrik ba al dago?
Lehen maila horretara iristen den hiztun-herriak, halako neurri batean, bere lurralde horretan hizkuntz plangintza jakina diseinatu, aplikatu eta ebaluatzeko aukera izaten du. Aukera horiek gabe nekez horrelako planik prestatzen du inork. Bertako aginte-organoetara irits daiteke hiztun-herri hori eta, horrela, top-down plangintza aplika dezake. Trenbidearen azken estazioa izateak ez du esan nahi, ordea, problemak hemen bukatzen direnik. Ez, bereziki, bere Xishness (gurean: euskal(tzale)tasun) osoaren xedea huts-hutsik edo nagusiki hizkuntza horretan hitz egin ahal izatea baldin bada, eta autonomia kulturala eskuratua duen lurralde horretatik kanpora gelditzen baldin badira Xerazko (gurean, euskarazko) lurralde-esparru zabalak. Ez da hori, halere, BAEN eskalako 1. maila honetako buru-hauste nagusia, bertako HINBEzaleentzat, honako beste hau baizik: autonomia (politiko-)kultural hori lortuta ere, beren etnolinguistikazko bizi-ahalmenak arriskupean jarraitzen duela. Baita arnasguneetan bertan ere. Erdararen (gurean: gaztelaniaren, frantsesaren edo, beste maila batean oraingoz, ingelesaren) presioa ez da azken geltoki horretan ere deuseztuko. Hor dago eta hor jarraitzeko traza guztiak ditu, esparru batzuetan bereziki. Pesimisten edo autonomia (politiko-)kultural horren kritikatzaileen esanak ez dira, beraz, funtsik gabeko esamesatzat hartu behar. Arriskua hor dago, 1. mailara iritsitakoan ere, eta erne egon beharko du okerrera egin nahi ez duen etnokultura zein hiztun-herri (ez hain) ahulak. Fishmanen hitzetan esateko, Eternal watchfulness is the price of RLS and that price must be paid at stage I too. Hori baino gehiago esaten du berak, gauzak bere lekuan jartze aldera: Indeed, some such price must even be paid by the supporters of the languages of smaller, practically independent units.
Litekeena da, dio Fishmanek, mendi-gailurrera iritsitakoan mendizale asko desanimaturik gelditzea: trenbidearen azken estaziora iritsi, belaunaldi askoren eginahal sendoari eskerrak, eta HINBEzale-jendeak "hau al zen guztia?" esatea, arras desanimaturik. "Honetarako aritu al gara lanean?," Besteek egiten duten gauza bera egiteko, besteen tele-serie berberak ikusteko, besteen modako liburu berberak irakurtzeko hondartzan, baina euskaraz?", "Hori besterik ez al zen dena?". Galdera existentziala omen da hau, filosofi dimentsio sakonekoa. Ematen dizkiogun erantzunak ere garrantzi handikoak omen dira: "bizibide modernoa zertarako?, euskaraz bizi izateak zer zentzu du giro honetan?" galdetuko dute batzuek. Eta, galdegile horietariko zenbaitek, ezetz esango dio bere buruari: ez dela hori, inondik ere, berak amesten zuena. Unibertsitatean klaseak euskaraz eman bai, telebista-kate bat euskaraz izan bai, aurrezki-kutxako kajero automatikoak euskaraz funtzionatu bai... hori eta horrelako beste ehun "lorpen" ondo daudela, eta horien aldeko dela. Baina ez dela hori berak gogoan zuena: euskaltasun osobetezkoaren herentzia, herri-izatearen erroekiko onespen, maitez begirako iritzi, jokabide eta sinesmenak... Euskal izate jatorrago baten gogoa eta beharra azpimarratuko dizute horiek, eta "grial saindu"-aren bila etengabe jarraitzeko prest agertuko dira. Modernotasunaren eta tradizio-zaletasunaren arteko tira-bira ez da, halakoetan, berehala amaituko. Iritsi ginelakoan, eta berriro hasi behar!
(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua da)
- erabili.com-ek eta Azpeitiko Euskara Patronatuak bere esker ona adierazi nahi diete bai Mikel Zalbideri eta baita HIZNET Hizkutza Plangintza Ikastaroaren arduradunei ere, idazlan hau argitaratzeko baimena eta eskatutako laguntza guztia eman izanagatik.
- Orain arte argitaratutako atal guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|