|
Hanburgesa da euskal testuetan aurkitu dudan era bakarra delako jaki hori izendatzeko. Eta hori proposatzen da euskal hiztegi gehienetan gaztelaniazko hamburgesa-ren kidetzat. Hala eta guztiz ere niri ez zait inondik ere hitz egokia iruditzen.
Izan ere, labadora bezalakoxea da hanburgesa: espainolez bakarrik erabiltzen den hitza da, eta, gainera, espainolezko generoko marka ere badu, behinolako emakume santa bat eta kidekoetan gertatzen zen bezala.
Ez dut uste inork ukatuko didanik gaur egun euskaldun peto gehien-gehienek labadora erabiltzen dutela ahozko hizkera arruntean, familian edo lagunartean. Hala ere horiek berek egoera formalagoetan, eta are gehiago izkribuz, garbigailu idazten dute inongo zalantzarik gabe. Zergatik ez da gertatzen antzeko zerbait hanburgesa-rekin?
Arrazoi nagusia hau da nire ustez: inork ez dielako bestelako hautakizunik proposatu. Eta, ni bat nator, nahikoa lan badute idazleek txukun idazten, eta ezin dute denbora piloa eman bururatzen zaizkien hitzen eta esapideen jatortasun edo txukuntasuna etengabe arakatzen.
Baina besterik eskatu behar zaie hiztegigileei eta hizkuntzaren inguruan hausnarrean dabiltzanei. Hauen eginbidea da, dudarik gabe, hitz ustez desegokiak salatzea eta kideko txukunagoak proposatzea.
Hanburgesa-ren kasuan, badirudi “euskal itzulpena”, hanburgotar edo hamburgtar, ez dela onargarria: arrotzegia eta bitxiegia gertatzen da, eta are ilunegia eta lausoegia, nire ustez bederen. Baina bada beste hautakizun bat, aski egokia gerta daitekeena, nik uste: hitzaren forma nazioartekoa, ipar-amerikarrek asmatua, eta frantsesez, ingelesez, alemanez eta beste hainbat hizkuntzatan erabiltzen dena, hain zuzen. Hots, hanburger, euskal ortografian. Labadora esan eta garbigailu idazteko arazorik ez duen idazleak ez dut uste arazorik izango duenik hanburger bat jan nuen papereratzeko; ezta hanburger jatetxe batean idazteko ere. Are gutxiago, nik uste, horrela jokatuz bi euskal españolada argi eta garbi, hanburgesa eta hanburgeseria, saihestuko dituela ikusten duenean.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|
|
Erabat ados nago Ibon Sarasolarekin.
Nazioarteko mailan, hamburger oso ezaguna da eta Iparraldean ere, hamburger esaten dute,ez hamburguesa. Beraz, onar bedi "hanburger" hitza!
(MIKEL MORRIS PAGOETA, Morris Student Plus hiztegiaren egilea da)
|
|
Izan ere, "labadora" bezalakoxea da "hanburgesa": espainolez bakarrik erabiltzen den hitza da, eta, gainera, espainolezko generoko marka ere badu, behinolako "emakume santa bat" eta kidekoetan gertatzen zen bezala.
Aurreko paragrapho hori izkiriatu du euskal akademiko eta professore universitario ere den Ibon Sarasola-k. Irudi luke txar eta deitoragarritzat hartzen duela markatu ahal izaitea euskaraz berba baten femeninoa noiz den. Euskaldunok sortu dugun rekurso positivo differentzial hori beretzat antza dateke exponentea endekatze eta pobretze assimilativo etsai batena.
Euskaraz ongi differentziatzen dugu entzun dagigunean:
- a) plazan ikhusi zaitut potolo batekin
- b) plazan ikhusi zaitut potola batekin
- a) hori txotxolo hutsa da
- b) hori txotxola hutsa da
- a) zure lehengusua santu hutsa da
- b) zure lehengusinea santa hutsa da
Zergatik dagoz bigarrenak txarto? Ez othe dagoz ongi? Zer explikatione eman diezagukezu Ibon Sarasola? Non dagoke gure hutsa eta euskaldunona, edo euskararena?
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ, maisua da eskola publikoan)
|
|
Sarasolarekin ados nago eta "hanburger" idatziko dut aurrerantzean. Baina ahozkoan ere baliatu nahi badut, eta hauxe dugu ohiko arazoa euskara batuarekin, nola esan beharko nuke, edo are ("jamón" bezala)? Eta akzentua, edo jatorrizkoari jarraiki ?
(GILEN MEJUTO GARCIA itzultzailea da)
|