|
Mikel Zalbideren “Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE” idazlana argitaratuko du erabili.com-ek sei ataletan. Euskararen indarberritze lanean diharduen edota aritu nahi duen orok irakurri beharrekoa, zalantzarik gabe. Gaur eta hemen, erabili.com-en, duzu lehenengo atala.
Ilunpetako txinparta
Ilunpetako txinparta
Euskarak duen egoeraren ilunarekin kezkatuta, makina bat euskaltzale -euskara babesteko, indartzeko eta gorabidean jartzeko- argi bila ibili da, badabil eta ibiliko da gerora ere. Euskarak guztien beharra du, behar gorria. Mikel Zalbide ere aspalditxotik dabil eginahal horretan, aldez aurretik, euskararen hil ala biziko auzian, bide erakusle gertatuko zaion iparrizarrik aurkituko ez duela jakin arren. Baina ilunpetan bidea erakutsiko dion argi izpi bila dabilenarentzat txinparta txikiena ere mesede handia izaten da eta, hain zuzen ere, Mikel Zalbide, Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE idazlanarekin, berak aurkitu dituen zirrikitoen tarte-bitarteetatik euskarentzat baliagarri izan daitezkeen argi izpi bakan horiek eskaintzera datorkigu.
Aditu baten eskutik
Iturri askotara jo du Zalbidek euskarak jarraitu beharreko bidea argitu nahian; euskara dagoen kinkatik ateratzeko gutxi gorabeherako formulazio teoriko bat aurkitu nahian. Batez ere, hizkuntzaren soziologiaren arloan, han eta hemen gutxi-asko nabarmendu den argitalpenik ez da izango Mikel Zalbideren jakinminak arakatu gabe utzi duenik. Berak kontrakoa esango dizun arren, arlo honetan aditurik baldin badugu gure artean, horietako bat, zalantzarik gabe, Mikel Zalbide dugu.
Euskararen indarberritzea ardatz
Mikel Zalbidek, oraingo honetan, Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE idazlanarekin, hizkuntza indarberritzeko jakintza-alorrean ildo-berritzaile eta maisuetan maisu den Joshua A. Fishman irakasleak landutako language shift edo mintzaldatze kontzeptuari helduko dio lehen-lehenik; eta, abiaburu horretatik, Fishman irakaslearen Reversing Language Shift (RLS) euskaraz Hizkuntza INdarBErritzea (HINBE) zer den azalduko dizu, irakurle. Baina Mikel Zalbide ez da azalpen hutsean geratuko: behin eta berriro, etengabe, euskarak han-hemenka duen egoerarekin alderatuko dizkizu Fishman irakaslearen esanak eta, ez hori bakarrik, bere azterketa zorrotza ere gaineratuko dizu. Horixe da, hain zuzen ere, Mikel Zalbidek euskaltzale guztioi erabili.com-en eskainiko digun altxorra.
Orain arte argitaratu gabea
Orain arte argitaratu gabeko lana da Mikel Zalbideren Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE. Beraz, estrainekoz erabili.com-en argitaratuko da.
Mikel Zalbideren idazlana, berez, Eusko Ikaskuntzaren HIZNET hizkuntza plangintzari buruzko ikastaroaren baitako ikasgai bat da. Azpeitiko Euskara Patronatuak, idazlanaren garrantziaz jabetuta eta horrelako lan batek ahalik eta zabalkunderik handiena merezi duela sinistuta, egilearengana eta HIZNET ikastaroaren arduradunengana jo du argitaratzeko baimen eske; eta baita lortu ere. Mikel Zalbidek, gainera, idazlan osoa berrikusteko, zuzentzeko, osatzeko eta zabaltzeko lana hartu du. Horregatik guztiagatik, Azpeitiko Euskara Patronatuak bere esker ona adierazi nahi die bai Mikel Zalbideri berari eta baita HIZNET ikastaroaren arduradunei ere horrelako lan bat euskaltzale guztion eskuetara helarazteagatik: horretan, guzti-guztiok, zorretan geratzen gara.
Sei ataletan
Esan bezala, Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE idazlana sei ataletan argitaratuko dugu gaurtik hasita (beheraxeago daukazu lehenengo atala). Hona hemen argitaratze datak: 2004ko apirilaren 27an, maiatzaren 4, 11, 18 eta 25ean, eta ekainaren 1ean (gaurtik hasita, asteartero, beraz).
Era berean, ekainaren 8an idazlana oso-osorik argitaratuko dugu, testu bakar batean eskuratu nahi duenik izango da-eta.
Gure aldetik besterik ez, euskaltzale, Mikel Zalbideren idazlana irakurtzeko gomendioa luzatzearekin batera, beste aholku bat ere bai: erabili eta zukutu ezazu, horretarako sortua baita.
(PATXI SAEZ BELOKI, erabili.com eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da)
Argitaratutako atalak (irakurtzeko gainean sakatu)
Idazlana oso-osorik
Ildo bereko artikuluak
|