Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Orokorrean

Orokorrean

2004-04-07 / 07:08 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Seguru nago bat baino gehiago, batez ere gaztea bada, harritu egingo dela orokorrean delakoa ezin berriagoa dela jakitean. Baina hain da berria non ez baita behin ere agertzen, esaterako, 1977ko lagin estatistiko baten gainean egin zen Maiztasun Hiztegian.

Oinarrian duen orokor bera ere ez da betidanikoa. Duela ehun urte ez zegoen horren arrastorik oraindik. Jatorria ere, bistan denez, oso badaezpadakoa du. Ez da, noski, hortik segitzen hitza arbuiagarria denik, idazle ereduzkoek erabili dutenez eta gaur egun erabat onartua dagoenez gero. Dena dela, uste dut adierazgarria dela hitz horri buruz K. Mitxelenaren jokaera aipatzea. Mitxelenak behin baino gehiagotan erabili zuen orokor, bere hiztegian ikus daitekeenez. Hala ere, hiztegi horren euskal izentzat ez zuen Euskal Hiztegi Orokorra hautatu. Aitortu zidanez hitza ez zuen gogoko azken batean, bere hiztegiaren izenburuan agertzeko bezainbat bederen. Horren kariaz sortu zuen orotatiko, nire ustez, beste zenbait testuingurutan ere erabili beharko litzatekeen hitz egokia: orotariko geografia bezalakoak izan beharko lukete leku bat euskal testuetan, nire ustez behintzat.

Orokorrean-era itzuliz, ez dut nik gaitzetsiko, nahiz eta bere jatorri klonikoa begien bistakoa den. Baina gogoratu behar dut bere kide-kidea den oro har askoz ere egokiagoa iruditzen zaidala, alde guztietatik egokiagoa. Eta ez genukeela bertan behera utzi behar erabat, hainbat testuingurutan oro har-en kide jasoa dena. Orotariko Euskal Hiztegian ikus edo ikas ditzake nahi duenak, erabat-en adiera horren erabilera aski egokiak Orixeren eta Mitxelenaren beraren eskutik.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Orokorki
2004-04-13 / 19:08 / Raul Iglesias Alvarez

Ados nago. Hala ere, beste aukera bat proposatuko nuke: "orokorki"; Iparraldean sekulako tradizioa du eta.

(RAUL IGLESIAS ALVAREZ Euskal Filologian lizentziaduna da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com