Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Justizia Administrazioa salaketapean

Justizia Administrazioa salaketapean

2004-04-03 / 07:02 / Bizkaiko Abokatuen Bazkuna   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Bizkaiko Abokatuen Bazkunak Europako Kontseiluaren aurrean salatu du Justizia Administrazioak euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dituela. Era berean, Espainiako Estatuak Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna behin eta berriro urratzen duela salatu du Europako Kontseiluari igorri dion txostenean.

Sarrera

Sarrera

Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna Strasbourgen sinatu zen 1992ko azaroaren 5ean. Egun horretan, Espainiak ere sinatu zuen, beste 26 Estaturekin batera. Itunaren berrespena bederatzi urte beranduago egin zuen Espainiak, 2001eko otsailaren 2an, zehazki. Zenbait printzipio eta helburu ezartzen ditu Itunak, bai eta horiek erdiesteko bide eta bermeak ere. Kontuan izan beharreko gauza bat zera da, behin Ituna berretsita, zuzeneko zuzenbidea dela gure ordenamendu juridikoan, eta bere aplikaziorako ez duela arauketa garapenik behar. Aitzitik, Itunaren edukia hain da abstraktua, beharrezko suertatzen dela Estatu sinatzaileek beraien legeria egokitzea, horrela, Itunaren aplikazioa ez oztopatzeaz gain, modu egokian bete ahal izan dadin.

Zentzu honetan, agindu bat ematen dio Itunak Estatu sinatzaile bakoitzari, bere IV Ataleko 15. artikuluan: Ituna behar bezala aplikatzeko hartutako neurriei buruzko txostenak aurkeztu behar dizkiote Europako Kontseiluko Idazkari Orokorrari. Itunaren 17. artikuluak sortutako Adituen Batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako txostenak. Bestalde, Itunaren 16.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Estatu sinatzaileetan legalki ezarritako erakunde eta elkarteek ere aurkeztu ahal izango dizkiote Adituen Batzordeari konpromiso horien betetzearen inguruko txostenak. Hau da, aipatu erakunde eta elkarte horiek Itunaren edukia zein neurritan bete eta bermatzen den azter dezakete. Txosten horiek guztiak, Estatuek egindakoak zein erakunde eta elkarteek idatzitakoak, Adituen Batzordeak aztertu eta kontuan izango ditu Ministroen Batzordeari informazioa emateko garaian. Azken honek komenigarri iristen dituen gomendioak egingo dizkie Estatu sinatzaileei.

Ituna indarrean sartu eta urtebete dute Estatu sinatzaileek lehendabiziko txostena aurkezteko. Horrela dio 15. artikuluak eta horrela egin zuen Espainiako Estatuak. 2002 urtean aurkeztu zuen Espainian Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren aplikazioari buruzko 2002 Txostena. Txosten hori hizkuntza ezberdinekin lotutako araudiaren zerrenda bat baino ez da, indarrean dagoen legedi hori Itunak ezarritako helburu eta printzipioak bermatu eta iristeko nahikoa dela ondorioztatuz.

Itunak bere testuan zazpi esparru banatzen dituela esan beharra dago: hezkuntza (8. artikulua), justizia (9. artikulua), aginte administratiboak eta zerbitzu publikoak (10. artikulua), komunikabideak (11. artikulua), kultur ekintza eta zerbitzuak (12. artikulua), esparru ekonomiko eta soziala (13. artikulua) eta mugaz haraindiko hartu-emanak (14. artikulua). Esan beharrik ez dago txosten honetan 9. artikuluaz arituko garela, Justiziaz hain zuzen ere.

Txosten honen asmoa Espainiako Estatuak aurkeztutako Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren aplikazioari buruzko Txostenaren inguruan hausnarketa egitea da, bai eta Itunaren eta bere aplikagarritasunaren inguruan ere.

Eskualde eta gutxiengo hizkuntzen europako itunaren aplikazioa

Europako Itunaren argitaratzeak (E.A.O. 2001.IX.15) zera dakar: Espainiar Konstituzioko III Tituluko Hirugarren Kapituluak aurreikusitakoaren arabera, zuzenean aplikatu beharreko zuzenbidea da aipatu Ituna. Halaber, indarrean dagoen araudia Itunak ezarritako babes aurreikuspenen gisara moldatzea ere beharrezko dirudi edo, gutxienez, araudiaren interpretazio praktiko edota jurisdikzionala moldatzea.

Babes esparrua nahi bestekoa izan ez arren, ez dugu hori atal honetan gehiegi azpimarratuko. Aitzitik, esan beharra dago:

  • a) Nahiz eta Espainiar Konstituzioak ari garen hizkuntza hauei koofizial izaera eman, Europako Itunaren arabera eskualde edo gutxiengo hizkuntzak dira, Itunaren babesa ezin baita Estatu sinatzailearen eremu osora zabal;
  • b) Eskualde izaera hori dela eta, bete-betean sartzen dira hizkuntzok 9. artikuluak (Justiziari buruzkoak, alegia) aurreikusitako babes esparruan eta, horrela, Itunak adierazitako zenbait betebehar berezkotzat hartzea dakar Estatu sinatzaileak hartutako konpromisoak. Betebeharrik deigarriena hurrengoa da: jurisdikziozko organoek, alderdiren batek horrela eskatuta, prozedura eskualde edota gutxiengo hizkuntzetan bideratzen dutela bermatu beharra... Aukera hau bateraezina da Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231 artikuluarekin.


Itunaren aplikazio praktikoa eta Espainiar Estatuko botere publikoak.

Badirudi Gobernuak zailtasunik baduela, baita erreparorik ere, sinatutakoa betetzeko (ezin dugu ahaztu Ministerio Fiskalaren egituraketa, Botere Exekutibo sinatzailearen menpe dagoen organoa baita, Espainiar Konstituzioaren 124-4 artikuluaren ikuspegitik, eta horren gauzatzea 124. artikuluaren 3. paragrafoak adierazten duen Estatutu Organikoan).

Bestela, Itunaren betebeharren betetzea oztopatzen duen jarrera hori ulertzerik ez da. Are gehiago, Espainiako Estatuak aurkeztutako txostenean bertan ikus daiteke hartutako konpromisoaren maila horren kontzientziarik ez dela atzeman, txosten horretan jasotzen baitira, betetze neurrien adibide gisa, zenbait epai eta ebazpen judizial, Itunaren sinadura eta argitarapenaren aurrekoak izateaz gain, Itunaren aplikazioaren kontrako erabakiak dituztenak.

Herritar batek, bere eskualdean (dela elkargo autonomiko, probintzia edo bestelako edozein lurraldetan, Itunak eskualdetzat hartzen duen bitartean eta, horrekin, leku horretan hitz egiten den hizkuntza babesgarria bada), prozedura judiziala berak aukeratutako hizkuntzan garatzeko eskubidea badauka, ez dirudi burugabea denik prozedura horretan parte hartzen duten eragile juridikoek hizkuntza jakin hori ezagut dezatela eskatzea. Bada, aldarrikapen hori egin den aukera bakoitzean, botere judizialaren eta justizia administrazioaren batasuna dela eta ez dela, ezinezko suertatu da hizkuntzaren ezagutza betebehar bezala ezartzea, jurisdikzioko funtzioa hizkuntza jakin hori hitz egiten den lurralde eremuan egikaritzen dutenei. Eta ez epaile, fiskal eta idazkarien kasuan bakarrik (horiek erresumaren botere zentralaren menpe baitaude zuzenean). Elkargo Autonomikoek, funtzionarioen kudeaketaren transferentzia jaso ostean, hauentzako hizkuntza ezaguera maila arautzea nahi izan dutenean, Espainiako Gobernuak, Ituna sinatu duen horrek, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo du, eskualde edo gutxiengo hizkuntza hori erabiltzen duen herritarrari zerbitzu eman behar dioten funtzionarioek hizkuntza hori ezagutu beharra ekidin ahal izateko (bai eta gehienetan lortu ere).Azken adibide gisa, 2002ko Dekretua aipatuko dugu, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta funtzio publikoko esparru horretan ordezkaritza duten sindikatu guztiek sinatu zutena: honen aurkako helegitea ere aurkeztu du Espainiako Gobernuak (honek, gainera, dekretuaren eragingarritasunaren esekipena eskatu zuen, baina kautelazko neurri hori ez du onartu Auzitegi Konstituzionalak).


Aplikazio praktikoa eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia.

Zentzu berberean erabaki ohi du jurisprudentziak ere (Espainiar Gobernuaren txostenaren 25. folioan sartutako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak, alegia), 82/1986 Epaiak, ekainaren 26koak, 74/1987 Epaiak, maiatzaren 25ekoak, edo 190/1987 Epaiak, 573/1986 Babes Helegitean emandakoak, oraindik ere ezartzen baitute: koofizialtasunak justizia administrazioan duen zenbaterainoko bereziaren arabera, ezin zaie Estatuko botere publikoei galdatu funtzionario, epaile, fiskal edo idazkariek hizkuntza ezagutu beharra ezartzea, araudian zein praktikan. Bistakoa da txostenak hizkuntza koofizialaren ezaguera meritu gisa baloratua izango dela behin eta berriro esatea, hizkuntza hori ezagutzen duen funtzionarioaren onurarako baino ez dela izango (lehentasunen bat izango du lanposturen bat lortzerakoan), baina inolaz ere ez zerbitzu publiko horren hartzailea den herritarraren onurarako (meritu hori hizkuntza erabiliagoa den lekuetan dauden lanpostuekin ere ez da lotzen, sikiera).

Txostenean bertan jasotako epaien edukiak laburbilduko ditugu, txostenaren egilearen iritziz Itunak jasotako betebeharrekin bat datozenak. Aitzitik, epai horiek irakurrita, erraz hel gaitezke kontrako ondoriora, Itunaren konpromiso zehatz horri dagokionez (prozedura herritarrak aukeratutako hizkuntzan zuzentzea, alegia).

Botere Judizialak izaera bakar eta baterakoia duela esaten da, eta honek eragotzi egiten du, de facto, Autonomia-Erkidego batean (eskualde batean, beraz) lan egiten duten funtzionarioentzako bertako hizkuntza koofiziala ezagutzea betekizun bat izatea (saihestezinezko betekizuna, alta, eskubidea bermatzeaz ari bagara). Eta, honen inguruan, Auzitegi Konstituzionalaren 82/86 Epaiaren edukia esanguratsua da: “...bistakoa da honako helegite hau epaitzeko abiapuntuak hurrengoa izan behar duela: 1978ko Konstituzioak espainiar Nazioaren errealitate eleanitza aintzatesten du eta, errealitate horretan balore kultural bat ikusirik, onargarria izateaz gain sustatzea merezi duen balore kultural bat, zenbait ondorio juridiko ateratzen ditu hortik, espainiar hizkuntza ezberdinei izaera ofiziala ematea, hauek modu eraginkorrean babestea eta hizkuntza esparru honetan norbanakoen eskubide zein betebeharrak ezartzea... Konstituzioaren 3.1 eta 2 artikulua eta Autonomia Estatutuetako artikulu baliokideak hizkuntza aniztasunaren erregulazioaren oinarria dira, espainiar ordenamendu konstituzionalean hizkuntza horiek izan dezaketen ofizialtasunari dagokionez, Estatu Abokatuak adierazten duen “Espainiar Konstituzioaren hizkuntza-ereduaren jarraibide nagusien” barruan...”.

Aitzitik, Konstituzioko 3. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera, ikus dezakegu gaztelania dela Estatuaren hizkuntza espainiar ofiziala eta, bistakoa da, hemen “Estatu” hitzak espainiar botere publiko guztien multzoa adierazi nahi du, botere autonomiko eta udaletakoak barne, hots, gaztelania da botere publiko guztien eta espainiar lurralde osoaren hizkuntza ofiziala. Konstituzioak, hizkuntza ofizial bat zer den zehaztu beharrean, kontzeptu hori ezagututzat hartzen duen arren, gai honetan egiten duen erregulazioa ikusita zera adieraz daiteke: botere publikoek hizkuntza jakin bat komunikaziorako ohiko bitarteko gisa aintzatesten dutenean, baliotasun eta efektu juridiko osoekin, hala euren arteko komunikaziorako nola subjektu pribatuekin dituzten harremanetarako, orduan da ofiziala hizkuntza hori, bere errealitatea eta gizarte fenomeno modura izan dezakeen garrantzia edozelakoa delarik ere (nahiz eta, esparru zehatz batzuetan, prozedura arauetan adibidez, eta helburu jakin batzuetarako, defentsagabezia ekiditea kasu, legeek eta nazioarteko itunek baimentzen duten hizkuntza ofiziala ezagutzen ez dutenek ofiziala ez den hizkuntzarik erabiltzea). Horrek esan nahi du, Espainiar Estatu osoan, botere publikoen ohiko komunikazio bitartekoa eta euren aurrean erabili beharrekoa gaztelania dela. Eta horren arabera, 3. artikulu horren 2. paragrafoak gaineratzen badu beste hizkuntza espainiarrak ere ofizialak izango direla dagokien Autonomia-Erkidegoan, hurrengoa ondoriozta daiteke: arau horrek ezarritako koofizialtasuna lurralde autonomiko horretan dauden botere publiko guztiekiko aldarrika daiteke, Administrazio zentralaren eta zentzu hertsian estatuarenak diren beste erakundeak albo batera utzi gabe eta, hortaz, gaztelaniaren ofizialtasuna eta beste hizkuntza espainiarren koofizialtasuna mugarritzen duen irizpidea lurraldea da, ez botere publiko ezberdinen izaera, dela estatukoa (zentzu hertsian), autonomiko edo udalekoa.


Espainiar Konstituzioaren 3. artikulua eta hizkuntza ofizial ezberdinekiko ezartzen duen asimetria

Gaztelaniak Espainiar Estatu osoan duen hizkuntza ofizial komunaren izaera horrekin zuzen-zuzenean lotuta, espainiar guztiek hizkuntza hori ezagutu beharra agertzen da. Horrela, gaztelania beste espainiar hizkuntzetatik bereizten da, Konstituzioak ez baitu hauekiko betebehar bera ezartzen, gaztelaniarekin batera koofizialak izan arren. Horrek esan nahi du gaztelaniarekiko bakarrik ezartzen dela ezagutzeko betebehar banakako hori eta, horrekin, espainiar guztiek gaztelania ezagutzen dutenaren presuntzioa. Koofizialtasunari datxekion ezaugarria bada, hizkuntza koofizialak dauden lurraldetan, botere publikoek hizkuntza bat edo beste erabiltzeak printzipioz baliotasun juridiko berbera izatea, herritarren administrazioekiko harremanetan bi hizkuntzak batera erabili beharrean bakarra erabiltzeko posibilitatea erabat baldintzatua agertzen da, Konstituzioak eta Estatutuek ezartzen dituzten eskubideak direla eta. Esan nahi baita, Konstituzioko 3.1 artikuluak espainiar guztiei aitortzen baitie gaztelania erabiltzeko eskubidea, bai eta Autonomia Estatutuek ere beren lurraldetan edo zatiren batean koofizialak diren bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea ere (berariaz batzuek, inplizituki besteek, Katalunian kasu, edo Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoan). Hizkuntza-koofizialtasun estatutua duten lurraldetan, hizkuntza koofizialetatik edozein erabiltzeak balio juridiko osoa du herritarrek lurralde horretan ezarritako edozelako botere publikorekin dituzten harremanetan, pertsona orok hizkuntza ofizial bat erabiltzeko duen eskubidea Konstituzioan eta dagokion Autonomia Estatutuan oinarritutako eskubidea delarik.


Itunaren aplikazioa eta Estatu eta Autonomia-Erkidegoen arteko eskumen gatazka.

Oinarri horiek ezarrita, hizkuntza gai honetan dauden eskumenen auziari ekin behar diogu, Estatu Abokatuak eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak elkarren segidan planteatutako auzi horri.

Lehenik eta behin, zera argudiatzen du Estatu Abokatuak: Konztituzioko 149-1-1 artikuluak ematen duen eskumenaren arabera, 3-1, 14 eta 139. artikuluekin lotuta, hizkuntza ofizialen erabilera eta gaztelania ezagutzeko betebeharraren inguruko oinarrizko alderdiak arautzeko eskumena du Estatuak. Edo, bere iritzian beste modu batean esanda, espainiar “hizkuntza ereduaren” jarraibide nagusiak arautzeko eskumena. Estatu Abokatuaren iritziz, hizkuntzaren gai hau ez da agertzen Autonomia-Erkidegoen eskumenen iturri substantibo gisa, testu konstituzionalean honen inguruan agertzen den aipamen bakarra 148-1-17 artikuluan jasotzen baita: hots, Autonomia-Erkidegoek “kultura, ikerkuntza eta, kasuan kasu, Autonomia-Erkidegoaren hizkuntzaren irakaskuntzaren sustapenerako” hartu ahal izango dituzte eskumenak. Lehen ere ikusi dugun bezala, Konstituzioaren 3-2 artikuluak (Estatutuek xedatutakoarekin bat) ezartzen duen lurraldearen araberako koofizialtasun sistemak zera esan nahi du: gaztelania ez den beste hizkuntza bati ofizialtasuna emateak, dagokion Autonomia-Erkidego horretako botere publikoengan ez ezik, Erkidego horren lurraldean aritzen diren botere publiko estatalengan du eragin eta, beraz, Euskal Autonomi Erkidegoaren kasuan, bertako herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozein aukera dezakete botere publiko horiekin guztiekin dituzten harremanetan.

Galiziar hizkuntzaren eta bere ofizialtasunaren kasuan, arrazoi berdintsuetan oinarritutako helegiteak sorrarazitako epaiak (AKE 86/07/04) zera dio bere Bigarren Arrazoibide Juridikoan: “...betebehar hori ez du Konstituzioak ezartzen eta ez da galizieraren koofizialtasunarekin batera nahitaez eman behar den betebehar bat. Konstituzioaren 3-1 artikuluak gaztelania ezagutzeko betebehar orokor bat ezartzen du, Estatuaren hizkuntza ofiziala baita; betebehar hau bateragarria da espainiar guztientzako komuna den hizkuntza bat badela aintzatesten duten beste xedapen konstituzionalekin, eta hizkuntza hori ezagutzen denaren presuntzioa ezar daiteke kasu oro, bizileku edo auzotartasun faktoreekin lotu gabe. Aitzitik, ez da berdin gertatzen dagokien Autonomia-Erkidegoetan koofizialak diren beste espainiar hizkuntzekin, aipatu artikuluak ez baitu horiekiko betebehar bera ezartzen. Eta hori ezin da diskriminatzailetzat hartu, gaztelaniaren ezagutzaren beharrezkotasuna oinarritzen duten arrazoiak ez baitira beste hizkuntza koofizialetan agertzen; hori guztia prozeduraren hizkuntza galiziera (Konstituzioaren arabera babesa merezi duen hizkuntzatariko bat) izateko posibilitatearekin lotuta.

Galiziar Parlamentuaren 3/1983 Legeko 7. artikuluko 1 eta 2 paragrafoen arabera, herritarrek «Justizia Administrazioarekin dituzten harremanetan bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko» eskubidea dute (7-1) eta «Galizian egindako eginbide judizialak baliodunak izango dira eta efektu guztiak sortuko dituzte, edozein delarik erabilitako hizkuntza ofiziala», hurrengoa ere gaineratuz, «edozelan ere, alderdiak edo interesdunak eskubidea izango du jakinarazpenak eta beste berak aukeratutako hizkuntza egin dakizkion» (7-2).

Estatu Abokatuak artikulu hori inpugnatu duelarik, Konstituzioko 149-1-6 artikuluak Estatuari bakarrik ematen dion eskumena urratzen duelako, goitik behera errepika daiteke euskal Legearen 9-1 artikuluari buruzko Epaian ebatzitako guzti-guztia (Hamaikagarren Arrazoibide Juridikoa); hau da, arau horiek ez diote Justizia Administrazioari galiziera erabiltzeko betebeharrik ezartzen, hizkuntza hori erabiltzeko eskubideak eragindako berehalako efektuak baino ez baitituzte adierazten, GAEko 5. artikuluak jasotakoaren arabera eta, hortaz, arau horiek ez dira Konstituzioaren aurkakoak, eta Estatuari erreserbatutako eskumen esparrurik ere ez dute urratzen. Bestalde, zuzenbide prozesalari buruzko ezer ez dute arautzen. Eta, bistakoa da, 7-3 artikuluak Galiziako Xuntari ematen dion ahalmena ere, hau da, behar diren organoen bitartez Justizia Administrazioan galizieraren erabileraren mailakako normalizazioa sustatzeko ahalmena, ez da Konstituzioaren aurkakoa (lehen aipatu euskal Legeko 9-3 artikuluak Eusko Jaurlaritzari ematen dion bezala).

Aitzitik, lehen jaso dugun 7-2 artikuluko azken perpausak, 10/1982 euskal Legeak egiten duen bezalatsu, hurrengo eskubide eta ondoriozko betebeharra jasotzen du: Justizia Administrazioak herritarrak aukeratutako hizkuntza ofizialean erantzuteko eskubidea onartzen zaio honi eta, ondorioz, eskubide hori betetzeko beharra ezartzen zaio Justizia Administrazioari. Galiziar Parlamentuaren 3/1983 Legeko 7. artikuluko 3. paragrafoa, euskal Legearen 6-1 artikuluaren bigarren paragrafoa bezala, Justizia Administrazioan galizieraren erabileraren «mailakako» normalizazioaz ari da, Galiziako Xuntak «behar diren organoen bitartez» sustatuko duena. Horrek zera esan nahi du: aipatu eskubide horren gauzatzea Estatu eta Autonomi Administrazioen posibilitateen arabera egokitu beharko da; Administrazio bakoitzak bere eskumen propioen esparruan arautuko ditu koofizialtasun eraentzaren beharrizanek eskatzen duten moldaketaren bitarteko eta erritmoak”.

Txosten honen xedearekin zuzenean lotuta dago Francisco Rubio Llorente Magistratu jaunak 678/1983 zenbakidun helegiteko Epaiari egindako boto partikularra: “Ez nator bat inpugnaturiko Legearen 7. artikuluari buruz nire kideek emandako iritziarekin, nire aburuz Konstituzioaren aurkakoa baita artikulu hori, ez bere edukiagatik, Konstituzioaren 149-1-5 artikuluaren kontrakoa delako baizik, honek Justizia Administrazioaren eskumen esklusiboa Estatuari gordetzen baitio.

Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoko 231. artikuluan eduki berbera duen arau bat egoteak, nire iritzian, zalantzarik gabe berresten du Autonomia-Erkidegoak ez duela arau hori emateko eskumenik. Bi botere ezberdinen eskumen esparrua ez da aldatzen, txiripaz gai berdintsu baten inguruan arauketa berdina egiten dutelako, gaia bera edo bere izaera baita eskumena zehazten duena, eta ez gai hori erregulatzen duen arauaren edukia. Bistakoa da, estatu eta autonomi arauen edukia ezberdina izan balitz, autonomi araua konstituzioaren aurkakotzat hartuko litzateke, eskumen hutsuneagatik. Baina hutsune hau ez da inolaz ere betetzen, txiripa zoriontsu bat dela eta kasu honetan Galiziar Parlamentuaren borondatea eta Espainiako Gorte Nagusiena bat datozelako. Madril, 1986ko ekainaren 26an.-Francisco Rubio Llorente.-Sinatua eta izenpetua”.


Herritarraren eskubidea eta funtzionarioaren betebeharra

Ebazpen guztiek behin eta berriz adierazten dute herritarraren eskubide horrek ez duela zerbitzu publikoa ematen duen funtzionarioak bete beharreko ordainik. Betebehar horiek mailaka ezarriko direla dioen aieru hori ez da bete. Deigarria da, zentzu honetan, Auzitegi Konstituzionalak 2000ko maiatzaren 18an emandako Epaia, Justizia Administrazioko funtzionarioei buruzko konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuena, deigarria da eskubide honi buruz adierazten duena, bai eta jaulkitako boto partikularren edukia ere.

Justizia Administrazioaren gai honetan ezarri dugun doktrina, funtsean, 108/86, 56/1990 eta 62/1990 Epaietan jasota dago. Horietatik, bi alderdi nagusi nabarmenduko ditugu, gure arrazoiketa osoaren muina osatuko dutenak:

  • a) Lehenik, Konstituzioko 149-1-5. artikuluak Estatuari gordetzen dio Justizia Administrazioaren gaineko eskumen esklusiboa. Horrek Justizia Administrazioa zentsu hertsian, alde batetik, eta zentzu zabalean, bestetik, bereiztu beharra ekarri du. Gai honen inguruan finkatutako irizpideak errepikatu behar dira, doktrina hau BJLOaren erreformaren inpugnazioari aplikatu ahal izateko, 16/1994 Lege Organikoak, azaroaren 8koak, egindako erreformaren inpugnazioari, alegia. Horrela, zera esan genuen Auzitegi Konstituzionalaren 56/1990 Epaian (6. Arrazoibide Juridikoan):

    "Autonomi Estatutuen eta Konstituzioaren beraren onarpen prozesua ikusita, Justizia Administrazioaren kontzeptuan zentsu hertsi bat eta zentzu zabal bat ezberdintzea juridikoki garrantzi gutxikoa denik ezin daiteke esan. Estatu Abokatuak berak onartzen duen gisan, jurisdikzio-funtzioaren antolakuntza eta arauketa osoan agertzen den bereizkuntza horrek badu, gutxienez, jurisdikzio-funtzioa bera eta honi lotutako elementuak ezberdintzeko balioa. Elementu hauek, alde batetik, funtzio horren gauzatzeak behar duen independentziari hertsiki loturik daudenak dira, eta bestetik, funtzio horri sostengu material eta pertsonala ematen diotenak. Bereizketa hau prozesu konstituziogilean zein estatutugilean agertzen da, bai eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren zein beranduagoko Botere Judizialaren beraren Lege Organikoen onarpenean ere, besteak beste, Konstituzioak Botere Judizialaren antolakuntza eta gobernuan sartutako eraldaketa dela medio; europar Zuzenbide Konparatuari jarraiki, berariazko organo baten inguruan benetako autogobernu sistema bat ezartzeak beharrezko egin zuen, lurraldearen araberako boterea banatzen hasi baino lehen, autogobernu esparru hori zehaztea, beste funtzio osagarri edo sorospenezkoen aurrean botere judizialaren independentzia bermatu ahal izateko, funtzio osagarri horiek ez baitira sartzen epaitu eta epaitutakoa betearazteko funtzioan, ezta independentzia funtzionalaren berme den autogobernu horretan ere.

    Datu honek azaltzen du, gai honetan eman den arauketa-segida ez ezik, eskumenak hartzeko teknika berezi bat aukeratu izana: subrogazio teknika, alegia. Honen arabera, Estatuko legegileak zenbait eremu zehazten ditu lehendabizi, eta Estatuko exekutiboarentzako gordetako eremuak bere gain hartzen dituzte gero Autonomia-Erkidegoek. Beste modu batean esanda, autogobernu sistema berri bat sartzean, lurralde erakunde ezberdinen ahalmenak zehaztu baino lehen beste aurretiazko mugaketa bat egin beharra zegoen: zer zen autogobernuaren barruan sartzen zena eta zer ez.

    Datu horretatik abiatuta, Autonomia-Erkidego errekurtsogileek egindako egituraketak zentzu osoa hartzen du. Konstituzioaren 149-1-5. Estatuari gordetzen dio, eskumen esklusibo gisa, “Justizia Administrazioa”; horrek zera esan nahi du: lehenik eta behin, inork zalantzan jarri ez duena, Botere Judiziala bakarra dela eta berak baino beste inork ezin duela epaitu eta epaitutakoa betearazi, Konstituzioaren 117-5. artikuluak dioenaren arabera; eta bigarrenik, Botere Judizial horren gobernua ere bakarra da eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrari baino ez dagokio (Konstituzioaren 122-2. artikulua). 149-1-5. artikuluak gordetako estatuaren eskumen esklusiboa hor bukatzen da hain justuan. Baina ezin ahantz daiteke, Justizia Administrazioaren funtsezko muin horren aurrean, badela bitarteko pertsonal eta materialen multzo bat, hertsiki muin horretan sartu barik, 122-1. artikuluak berariaz dioen bezala, “Justizia Administrazioaren zerbitzura” daudenak. Jurisdikzio-funtzioaren eta Botere Judizialaren autogobernuaren funtsezko elementuak ez diren heinean, onar daiteke Autonomia-Erkidegoek bitarteko pertsonal eta material horien gaineko eskumenak hartzea. Egiaz, autogobernuaren funtsezko elementuak mugatu eta zehaztea lan zaila zen Autonomia Estatutuak onartu ziren garaian ….

  • b) Orain epaitzen ari garen konstituziokontrakotasun errekurtso hau, azkenik, BJLOaren 231-4. artikuluaren aurka zuzentzen da, Konstituzioko 3, 117-1 eta 149-1-5. artikuluen kontrakoa dela argudiatzen baita. Aipatu arau horrek, 16/1994 Lege Organikoak egindako erreformaren ostean, zera ezartzen du: "Autonomia-Erkidego bateko hizkuntza ofizialean gauzatutako eginbide judizialek zein agiriek eraginkortasun osoa izango dute, gaztelaniara itzuli behar izan gabe …”. Konstituzioko 3. artikuluak Estatuaren hizkuntza ofiziala gaztelania dela ezartzen du, eta espainiar orok duela gaztelera ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea. Berariazko aurreikuspen horri esker, BJLOaren 231-1. artikuluak, 16/1994 Lege Organikoak aldatu ez zuenak, hurrengo erregela orokorra eman ahal izan du: "eginbide judizial guztietan, Epaile, Magistratu, Fiskal, Idazkari eta Epaitegi zein Auzitegietako beste funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, Estatuaren hizkuntza ofiziala”; hala eta guztiz ere, direlako eginbide judizial horietan gaztelania zein beste hizkuntza ofizial autonomikoa erabiltzea baimentzen du: alderdi prozesalen kasuan, beti (BJLOko 231-3. artikulua); eta Epaile, Magistratu, Fiskal zein Justizia Administrazioko beste funtzionarioen kasuan, “baldin eta alderdietatik inork aurka egiten ez badu, hizkuntzaren ezjakintasuna argudiatuz, defentsagabezia sorraraz dezakeen ezjakintasuna, alegia” (BJLOko 231-2. artikulua).


Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231-4 artikulua

Eraentza juridiko hau borobiltzeko, bada hurrengo arazoari estaldura normatiboa ematen dion azken arau bat: zer gertatzen da, alderdi prozesalen ordez (hauek beti aldarrika baitezakete defentsagabezia, eginbide judizialak gaztelaniaz gauzatu behar izateko), jurisdikzio organoak direnean Autonomia-Erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala ezagutzen ez dutenak. Kasu honek arautze berria jaso du 16/1994 Lege Organikoak egindako erreforman, eta berrikuntza honen konstituziozkotasunari buruzko zalantza sortu da. Erreformaren aurreko arautzean, Epaile eta Auzitegiek hizkuntza autonomiko ofizialean idatzitako izkribu edo agiriaren itzulpena agin zezaketen, edozein kasutan eta irizpide askatasun osoarekin; erregulazio berriarekin, ostera, aipatu 231-4. artikuluak zera dio: itzulpenari buruzko erabaki judizial hori ofizioz hartu beharko da eta “Legeek horrela xedatzen dutenean” bakarrik. Ondorioz, beranduagoko lege-erregulazio batetarako igorpena egiten du artikulu honek, hurrengo zehaztasunak ezarri beharko dituen lege-erregulazio batetara, alegia: zein kasutan, zein arrazoi eta zein baldintzekin eman ahal izango duten, ofizioz, Epaile eta Auzitegiek, idazki edo agiri jakin bat gaztelaniara itzultzeko agindua.

Auzitegi Konstituzionalaren aburuz, ezin daiteke esan inpugnaturiko artikuluak, 16/1994 Lege Organikoan egindako erreformaren ostean, gaztelania ez den beste berezko hizkuntza ofiziala duten lurraldetako jurisdikzio organotan aritzen diren Epaile eta Magistratuei hizkuntza hori ezagutzeko betebeharra ezartzen dienik, inplizituki edo zeharka hori uler zatekeen arren. Hain zuzen, BJLOko 231-4. artikuluak ez du horrelako betebeharrik berariaz ezartzen, eta bere interpretaziotik ere ez da horrelakorik ulertzerik, ezta inplizituki ere. Aipatu artikulu horren erreformak hurrengo eragina baino ez du izan: epaileek lehen zuten baldintzarik gabeko ahalmen judizialaren lekuan, etorkizuneko erregulazio batetarako igorpena ezarri da, arautze berri honek zehaztuko dituelarik itzulpen horren oinarriak, baldintzak eta zenbaterainokoa.

Hori horrela izanik ere, nahiz eta itzulpena agintzeko epaileek zuten baldintzarik gabeko ahalmen horri buruz ez den erreformaren ostean ezer esaten, isiltasun horretatik ezin daiteke ondorioztatu Epaile eta Magistratuek ulertzen ez duten hizkuntza batean idatzitako izkribu edo agiri baten itzulpena ofizioz agintzea debekatuta dutenik orain, hizkuntza horrek lurralde horretan koofizialtasun estatutua izanda ere. Jakina, eragin prozesala duen agiri edo idatzi baten itzulpena ofizioz agintzeko ahalmen hori ukatzea, Autonomia-Erkidego bateko berezko hizkuntza ofiziala ezagutzen ez duten jurisdikzio organoei, Konstituzioko 117-3. artikuluak modu esklusiboan ematen dien jurisdikzio potestatea ukatzea bezain bestekoa litzateke. Baina, kontua da eztabaidapean dagoen arau horrek ez duela ukapenik egiten, ez berariaz ezta inplizituki ere, eta konstituziokontrakotasun errekurtsoa, jakina den bezala, ez da Konstituzioaren aurkako etorkizuneko urrapen hipotetikoak salatzeko edo zuzentzen saiatzeko tresna.

Are gehiago, Epaile eta Magistratuak duten jurisdikzio potestatearekiko erreserba hori, potestate horrek bilatzen duen xedearekin lotzen badugu, hots, Konstituzioko 24-1 artikuluak handikiro donesten duen babes judizial eraginkorra bermatu beharrarekin lotzen badugu, erraz ondoriozta daiteke, jurisdikzio organoaren titularrak, bere egoitzan ofiziala den gaztelania ez bestelako hizkuntza batean idatzitako agiri bat ulertzen ez badu, horren itzulpena agintzeko ahalmena izateaz gain, itzulpen hori agintzera behartuta ikusi behar duela bere burua, bere jurisdikzio funtzio propioa beteko badu. Oinarrizko eskubideen eraginkortasun zuzenak, Konstituzioko 53-1 artikuluak aldarrikatzen duenak, horrela agintzen du, berariazko lege baten beharrik gabe ere. Auzitegi Konstituzionalaren 81/1982 Epaitik aurrera, “ezin genezake inolaz ere ahantz Konstituzioak duen berehalako eraginkortasun zuzena, ordenamendu juridikoaren goreneko araua den heinean, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen esparruan legegile arruntak egin beharreko garapenari itxaron beharrik ez dago eta".

Ondorioz, atal honetan aztertzen ari garen arau horrek egiten duena, hau da, itzulpena agintzeko baldintzarik gabeko ahalmen judizial horren lekuan bestelako lege xedapenetara igorpena egitea, ez da oztopo, 16/1994 Lege Organikoak egindako erreformaren ostean, Epaile eta Magistratuek hizkuntza ofizial batean idatzitako agiri baten itzulpena agintzeko ahalmena zein betebeharra ukan dezaten, hori beren jurisdikzio funtzio propioa betetzeko beharrezkoa denean, hots, Konstituzioko 24-1. artikuluak ezartzen duen babes judizial eraginkorra eman behar dutenean (Konstituzioko 117-1 eta 3 artikulua). Interpretazio hau eginez gero, BJLOaren 231-4 artikulua ez da Konstituzioko 3, 117-2 eta 149-1-5. artikuluen aurkakoa.

Itunaren 9-3 artikulua

Itunaren 9-3 artikuluaren arabera, Estatu sinatzaileek hurrengo konpromisoa hartu dute: eskualde edo gutxiengo hizkuntzetan idatzita, eskuragarri jarri behar dituzte legegintza testu nazional garrantzizkoenak eta, batez ere, hizkuntza horien hiztunei zuzenduta daudenak, testu horiek beste bideren batetik eskuragarri ez badira behintzat.

Oraingoz, euskaraz lor daitezkeen legegintza testuak honakoak baino ez dira:

1. Legegintza testu nazionalak:

  • a. Zigor Kodea: honen itzulpena eta argitalpena Deustuko Unibertsitatea eta HAEEaren Itzulpen Zerbitzu Ofizialaren kargu izan da.
  • b. Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Prozedura Administratibo Komunari buruzko Legea (4/1.999 Legea, urtarrilaren 13koa): HAEEk 1999an egindako itzulpen eta argitalpena.
  • c. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legegintza Testuak (1. Bol): itzulpena eta argitalpena HAEEaren kargu, 1997an.
    • i. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legegintza Testuak (2. Bol): itzulpena eta argitalpena HAEEaren kargu, 1998an.

2. Legegintza testu autonomikoak:

  • a. Euskal Herriko Autonomi Estatutua.
  • b Kontzertu Ekonomikoa: Bizkaiko Foru Aldundia, 2002.

3. Nazioarteko legegintza testuak:

  • a. Europar Batasuna eratzeko Ituna: HAEE. 2001.
  • b. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna

Aipatu legegintza testuok Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioak argitaratu ditu, Zigor Kodea salbu, honetan Deustuko Unibertsitateak ere, erakunde pribatu batek, parte hartu baitu. Alta, garrantzizko legegintza testu asko dago itzultzeke: Lan arloko Prozedura Legea, Kode Zibila, Prozedura Kriminaleko Legea... Bestalde, Espainiako Estatuak Itunaren aplikazioari buruz egin duen txostenean ez du deus esaten Itunaren 9. artikuluko 3. paragrafo honen inguruan, ezta legegintza testu garrantzizkoenen itzulpena bultzatzeko neurririk aurreikusten duen ere. Zeregin honen garrantzia hain handia izanik, segurtasun juridikoa bezalako oinarrizko printzipioekin lotuta baitago, ezin zaio ekimen pribatuari bakarrik utzi lan mardul honen ardura.

Indarrean dagoen legediaren urraketak

Abokatuok funtsezko eta nahitaezko parte hartzea dugu Justizi Administrazioan eta, arlo honetan aritzen diren beste asko ez bezala, independentzia eta askatasun zabalagoa dugu Administrazioaren adar honen funtzionamendua aztertu, ondorioztatu eta kritikatzeko garaian. Euskarak Justizi Administrazioan bizi duen egoerari buruzko txosten batetan, beraz, ezinbestekoa da gure parte hartzea.

Koofizialtasun sistema ezartzen duen gaur eguneko legedia behin eta berriz urratzen da. Honen zioak egiturazko arrazoietan bilatu behar ditugu, ez kasuan kasuko ńabardura partikularretan.

Euskararen erabilera ez dago behar bezala bermatua Justizia Administrazioan, euskara eta gaztelaniaren koofizialtasun sistema bete-betean indarrean egon arren. Koofizialtasun sistema hau hurrengo arauetan oinarritzen da: Espainiar Konstituzioko 3-2 artikulua (“Beste espainiar hizkuntzak ere ofizialak izango dira dagokion Autonomia-Erkidegoan, bere Autonomia Estatutuaren arabera”); Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 6. artikulua (“Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”) eta, Justizia Administrazioaren esparru honetan zehazki, Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoaren 231. artikulua eta Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Oinarrizko 10/82 Legearen, azaroaren 24aren, 9. artikulua. Aitzitik, sistema hau guztiz hutsaldu da, euskara ez baita normaltasunez erabiltzen Justizia Administrazioan.

Justizia Administrazioarekin dituen harremanetan euskara aukeratzen duen herritarrak, ondorioz hizkuntza hau ezagutzen duen Letratu bat hartuz, hainbat zailtasun aurkituko ditu bere bidean. Zailtasun hauek koofizialtasun sistemari egindako urrapenek sortuak dira, eta hiru maila ezberdin hartzen dituzte urrapen hauek. Lehen maila batean, arau-hauste horiek euskararen benetako erabilera oztopatzen dute. Bigarren hein batetan, Justiziaren kalitatea murrizten duten ondorioak aurki genitzake. Azkeneko mailan, bestelako oinarrizko eskubide eta printzipioak urratzen dituzten arau-hausteak daude. Edozein kasutan, koofizialtasuna urratzen da beti, baina ondorioak bere horretan gera daitezke edo areagotu, justiziaren kalitatea edota oinarrizko eskubide zein printzipioak kaltetzera iritsi arte.


Koofizialtasun sistemaren arau-hausteak (1)

Lehenik eta behin, euskara –hizkuntza ofiziala den heinean- erabiltzeko eskubidearekin lotutako zailtasunak topa ditzakegu. Sarritan, Justizia Administrazioko protagonisten artean ematen den euskararen inguruko ezjakintasun orokorra edo trebakuntza maila eskasa dela eta, herritarrak ezinezko ikusiko du, edo ez oso erakargarri, Justizia Administrazioaren aurrean bere aukerako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea egikaritzea. Bestalde, Epaile edo Magistratuen aurreko ahozko eginbideetan, itzultzaileek parte hartu behar izaten dute normalean, eta honek zehaztasun eza eta bertsio ezberdinak sorrarazten ditu maiz. Kasu hauetan koofizialtasun sistema goitik behera urratzen da, gaztelaniak hizkuntza ofizial baten onurabide guztiak baititu, eta euskara, aldiz, sarritan baita marjinatua.


Koofizialtasunaren hausteak eta Justiziaren kalitatearen murrizketa

Koofizialtasunaren urrapenek nahi baino sarriago kaltetzen dute ematen den Justiziaren kalitatea, tamalez. Herritarrak euskararen aldeko aukera egindakoan, oztopo larriak aurkituko ditu lehen une batetan. Kemena bildu eta bere aukerarekin aurrera jarraitzea erabakitzen badu, jasoko duen Justiziaren kalitateari nahitaez gaitz egingo dioten kalteak ondorioztatuko zaizkio. Honek zera esan nahi du, Justizia baldintza ezberdinetan jasotzen dela, hizkuntzaren inguruko aukeraren arabera, eta honek koofizialtasunaren haustura dakarrela.

Kasu askotan, ahozko bistak eten egiten dira (2) itzultzailea agertu ez delako, gaztelania bakarrik ezagutzen duten Epaile eta Magistratuen aurrean.

Euskararen aldeko aukera egitean, bidegabeko atzerapen kasuak ere (3) anitzak dira.


Oinarrizko printzipio zein eskubideen urraketak sorrarazten dituzten koofizialtasunaren arau-hausteak (4)

Herritarrak egin duen aukera askeak funtsezko eskubideen zapalketa ekartzen dio batzutan. Honelako egoera bat azaltzeko, gai honen labainkortasun handiari erreparatu behar diogu. Hau da, hizkuntza bati buruz ari gara –komunikaziorako funtsezko tresna- eta hizkuntza honi Justizia Administrazioko zenbait esparrutan zaion errespetu urriari buruz. Koofizialtasunaren hausturaren agerpen lazgarrienaren aurrean gaude, lehenago ere aipatu dugun bezala, oinarrizko eskubideen urrapena dakarren hausturaren aurrean, alegia. Beti ere, koofizialtasunaren haustura bera pertsonaren duintasunaren aurkako erasoa ere badela ahaztu gabe, hain baita funtsezkoa pertsonarentzako komunikatu ahal izateko erabiltzen duen hizkuntza. Gehienetan, defentsagabezia prozesala nahitaezkoa izango du herritar horrek, Justizia Administrazioarekiko harremanetarako euskara aukeratu duelako. Ustez koofizialak diren bi hizkuntzen arteko ezberdintasuna bistakoa da, beraz.


Aplikatu beharreko legezko arauak

Aurreko hausnarketen inguruko ondorioak azaldu baino lehen, Justizia Administrazioaren esparruan gaztelania eta euskararen arteko koofizialtasun sistema ezartzen duten arauak jasotzea komeni da, beti ere Espainiar Konstituzioak eta Autonomi Estatutuak euskararen ofizialtasun orokorra ezartzen dutela ahaztu gabe. Justizia Administrazioari berari buruzko arau horiek honakoak dira: Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoaren 231-3. artikulua (“Dela alderdiek, hauen ordezkari eta zuzendariek, dela lekuko zein adituek, eginbide judizialak egikaritzen ari diren lurraldeko Autonomia-Erkidegoan ofiziala ere baden hizkuntza erabili ahal izango dute, hala ahozko adierazpenetan nola idatzizkoetan”) eta Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Oinarrizko 10/82 Legearen, azaroaren 24aren, 9. artikulua (“Justizia Administrazioarekin dituzten harremanetan, herritar guztiek aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izango dute, inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela”).

Koofizialtasuna errespetu gutxiz hartzen den printzipioa da Justizia Administrazioan. Euskara ez da hizkuntza ofiziala esparru honetan, ez gaztelaniaren bezainbesteko mailan, behintzat. Gaztelaniaz zein euskaraz egindako adierazpenek, alegazioek eta bestelako ahozko eginbideek balio eta eraginkortasun berbera izatea koofizialtasunaren ondoriotariko bat bada, ezin uler daiteke Idazkari Judizialek idatzitako aktetan gaztelania hutsean jasotzea eginbideok, horrela jatorriz adierazitakoari ofizialtasun osoa ebatsiz.. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzatan egitea koofizialtasunaren beste ondoriotariko bat bada, ezin uler daiteke jakinarazpenok gaztelania hutsean egiten diren kasuak egotea. Bi hizkuntzak ofizialak badira; Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoaren 231-3. artikuluaren arabera, alderdiek, hauen ordezkari eta zuzendariek, lekuko zein adituek, eginbide judizialak egikaritzen ari diren lurraldeko Autonomia-Erkidegoan ofiziala ere baden hizkuntza erabili ahal badute; eta Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Oinarrizko Legearen 9. artikuluak gauza bera badio, ezin uler daiteke euskara aukeratzen duen herritarra kalitate arrunt eskaseko justizia bat jasotzera behartzea. Hain zuzen, itzulpen sistema nahitaez aplikatzen da, abokatuek egiten dituzten ahozko alegazio-azalpenetan etengabeak dira gaztelaniaz eginez gero gertatzen ez diren etendurak eta bestelako jazoerak, abokatua ez da bere diskurtsoaren jabe, ńabardurak, tonukerak, geldiuneak, enfasiak... eta, askotan, funtsezko esanahia duten esamoldeak, galdu egiten dira, ahozkotasunak berebiziko garrantzia duen ekitaldi batean; abokatuen zein beste partehartzaileen pasarte asko ez dira itzultzen eta, horrela, ez dira Epaile eta Magistratuaren belarrietara iristen, edo iristekotan, itxuraldatuta, zehaztasunik gabe, okertuta; ohikoak dira prozeduraren muinarekin zerikusirik ez duten arrazoiek eragindako eteteak; ohikoak ere idatzizko itzulpenen berandutzeak eragindako bidegabeko atzerapenak; hizkuntzagatiko diskriminazioa pairatzen dute, gehienetan, euskara aukeratzen duten herritar zein profesionalek. Koofizialtasunarekin lotutako arau horietan oinarrituta, euskaraz aurkeztutako idazki batek gaztelaniaz idatzitako beste batek bezainbesteko balio eta eraginkortasuna badu, ezin uler daiteke euskarazko idazki hori, efekturik sorraraziko badu, itzuli behar izatea –hortik ondorioztatutako atzerapen prozesalarekin-, eta zenbait kasutan bidean galdu izana ere. Azken finean, hizkuntza bat ofiziala bada, ezin uler daiteke hizkuntza hori erabiltzeak hainbesteko oztopo aurkitzea eta oinarrizko eskubide zein printzipioak murriztea.

Ondorioak

Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunak Espainian duen aplikazioari buruzko Txostenak (bere Justiziari buruzko Atalean, Itunaren 9. artikuluari buruzkoan hain zuzen ere), Itunaren aplikazio hobezina lortzeko egokiak diren neurriak jasotzen ditu, txostengileen iritziaren arabera.

Aitzitik, euskara modu egokian, ahoz nahiz idatziz, ezagutzen duten Abokatu, Fiskal, Epaile, Magistratu, Idazkari Judizial, Epaitegietako Ofizial eta Aditu nahikoa ez dagoen bitartean, Europako Itunak jasotako eskubideak bermatzeko nahikotzat jotzen den legeria hori aplikaezina izango da.

Justizia Administrazioko protagonista guztien artean euskal hizkuntzaren ezjakintasun orokorra bistakoa izanda, Itunean jasotako bermeak aplikatu nahi izateak ametsezkoa dirudi, herritarrari, Justizia Administrazioarekin dituen harremanetan, bere aukerako hizkuntza benetan erabiltzea ahalbideratuko dioten neurriak hartzen ez diren bitartean; horrek, gainera, Justiziaren kalitatean edo oinarrizko printzipio zein eskubideetan murrizketarik sorrarazi gabe.

Indarrean dagoen Araudiak ez du jarraipen neurririk aurreikusten, bere betearazpena ere ez da kontrolatzen eta, horrela, gaur egungo egoerak beharrezko egiten du itzulpen zerbitzura jotzea, herritarren eta Administrazioaren arteko komunikazioa erraz dadin.

Tamalez, itzulpen sistema hau ez da egokiena, administratzen den Justiziaren narriadura ekartzen baitu batzutan, bai eta oinarrizko eskubide eta printzipioen urrapena ere. Ondorioz, Justizia Administrazioaren esparruan euskara erabiltzeko izan dezakeen nahia zapuzten zaio herritarrari.

Espainiako Botere Judizialaren organo zuzendarien aldetik, euskararekiko sentikortasun eskasa nabari da. Horrek hurrengo hausnarketara eraman gaitzake: zer gertatuko litzateke, botere legegile eta exekutiboarekin gertatzen den bezala, euskal botere judizial bat egongo balitz. Euskal Autonomi Erkidegoan, Eskualde eta Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna aplikatzeko sostengu eta berme handiagoa ekarriko luke horrek ziur aski.

Azken finean, Europako Itunak Justizia Administrazioan duen aplikazioari buruz Espainiar Estatuak egin duen Txostenean jasotako Ondorioekin ezin gaitezke bat etorri.

Gaur egungo legeria ez da nahikoa Itunaren edukia bermatzeko, euskara eta gaztelaniaren arteko koofizialtasunaren urrapen sistematikoa ikusita. Estatuko Administrazioaren jarrera aldaketa sakon bat nahitaezkoa da, gutxiengo hizkuntzen erabilerarekiko sentikortasun handiagoa ikus dadin, koofizialtasunaren hausturak saihestuta eta, horrekin batera, Itunaren edukia betetzeko ahaleginak gauzatu eta sendotuz.

ERANSKINA

Txostenari lotutako Eranskin honetan jasotzen diren adibideak, funtsean, euskara eta gaztelaniaren arteko koofizialtasunaren hausturaren etsenpluak dira. Hemen aurkezten diren kasuak Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuko Euskara Batzordeak pilatutako agirietatik atera dira, bai eta Euskal Kulturaren Batzarreak Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Komitearen aurrean aurkeztutako txostenetik ere, hau da, “Herriaren hizkuntza eskubideen esparruan, 1966ko abenduaren 16ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 15. artikuluarekiko, Espainiako Estatuak egin dituen urrapenen inguruko hausnarketa” izenburua duen txostenetik.

Eranskin honek Txostenean jasotako ondorioen oinarria izan nahi du, beraien funtzioak euskaraz garatzen saiatzen diren abokatuek egunero bizi behar duten errealitatearekin lotura bat, errealitatea ikuspegi eta sentikortasun ezberdinen menpe egon daitekeela ahaztu gabe. Aitzitik, zalantzarik ez da hurrengo lerroetan eskaintzen den urrapenen zerrenda aberasgarria dela, eta euskarak Justizia Administrazioan bizi duen benetako egoera ulertzen eta atzematen lagunduko duela.

Koofizialtasun sistemaren arau-hausteak

Olatz Elortza Letratuaren salaketa. 374/96 Falta Judizioan jazotako gertakariak, Gasteizko Argibideetarako 2. Epaitegian. Prozedura osoa, lehendabiziko jakinarazpenetik hasi eta ahozko bista arte (itzultzailearekin azken hau) euskaraz egin ostean, epaia gaztelania hutsean jakinarazi zen.

Jose Maria Azkuenaga Letratuaren salaketa. Bilboko Zigor Arloko 7. Epaitegia, 1.000/95 Auzia. Prozedura euskaraz egin ostean, Letratuari zein bezeroari gaztelania hutsean jakinarazten zaie epaia.

Legeak euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun ofiziala aldarrikatzen duen arren, praktikan Justizia Administrazioak gaztelaniaren aldeko aukera egiten duela erakusten dute aurreko bi adibideek, euskararen kalterako beti ere, eta horrela koofizialtasun printzipioa hautsiz. Legeria positiboan berretsitako eskubide honek zera dakar, Justizia Administrazioarekin izango dituen harremanetan erabiliko den hizkuntza aukeratzeko herritarrak duen eskubidea eta, ondorioz, Administrazio horren betebeharra, hots, herritarrari honek aukeratutako hizkuntzan zuzendu behar izatea, hala komunikazio egintzatan nola ebazpen ezberdinetan. Aurreko adibideetan, aldiz, alderdi hau urratua izan da.

Bilboko Zigor Arloko 5. Epaitegia, 624/94 Auzia. Ahozko bista atzeratu egin zen, itzultzaileari ez ziotelako aldez aurretik deitu. Beranduago, ahozko bista egin ostean, Letratuak zein bezeroak uko egin zioten akta sinatzeari, berau gaztelania hutsean idatzia zegoelako, nahiz eta biek ere bista osoa euskara hutsean egin.

Euskararen aldeko aukerak prozeduratan eragiten dituen atzerapenak nahi baino ohikoagoak dira eta, oraintsu aipatu auzian, itzultzaileari abisurik eman ez zitzaiolako gertatu zen atzerapen hori. Hau da, Botere Judizialeko partaideek euskara jakin ez eta itzultzailerik deitzen ez denean, ezinezko zaio herritarrari bere hizkuntza aukera gauzatzea, bere eskubidearen egikaritzea galarazten zaio edo, gutxienez, oztopatu eta kaltetzen.

284/95 Kognizio Judizioa, Bilboko Lehen Auzialdirako Epaitegi batetan. Demandatuak euskaraz egindako aitorpena jasotzeari uko egin zion Epaileak. Adierazpenen gaztelaniarako itzulpena baino ez zitzaion eskaini demandatuari, eta honek ez zuen sinatu.

Legeak euskararen ofizialtasuna ezarri arren, Letratu batek zein bere bezeroak euskaraz egindako adierazpenek ofizialtasunik ez baliorik ez dutela ikus daiteke kasu honetan, aurrekoan bezalaxe; eraginkorra eta balioduna izateko, itzulpena beharrezkoa da, eta Idazkari Judizialak egindako aktan ez da jatorrizko bertsiorik, euskaraz egindako adierazpenik alegia, jasotzen.

570/95 Aurretiazko Eginbideak. Amurrioko (Araba) Argibideetarako 1. Epaiegia. Auziperatuak prozeduran bere hizkuntza (euskara) erabiltzeko borondatea adierazi ostean, Epaileak eskubide hori ukatzen dio, Ministerio Fiskalak (Ministerio publiko batek) hizkuntza hori ezagutzen ez duela argudiatuz.

Herritarraren hizkuntza eskubidea urratzen da. Epaileak berak galarazten dio herritarrari Justizia Administrazioaren aurrean euskara erabiltzeko eskubidea, hizkuntza honen koofizialtasuna ezartzen duten arauak nabarmenki hautsiz.

88/293 Administrazioarekiko auzibideetarako Errekurstoa, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2. Aretoaren aurrean. Errekurtsogileari euskaraz zuzendutako komunikazioak ez ditu organo eskudunak Espedientean sartu. Beste barik, Auzitegiarentzako ez dira existitzen.

Koofizialtasuna zalantzan jartzen da berriro ere, euskaraz egindako komunikazioek ofizialtasunik ez dutelako, ezta baliorik ere. Jatorrizko ale ofizialaren itzulpena baino ez dira, hura baita ofizial eta baliodun bakarra.

Organoa: Erregistro Zibila (Bilbo). Data: 2002ko maiatza. Espediente Zenbakia: 6085/02 Agerraldia. Bere alabaren jaiotzaren inskripzioa euskaraz egin nahi duen herritar batek aurkeztutako idazkia. Eskaera horri erantzuteko ebazpenean, Konstituzioko eta Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Oinarrizko Legeko zenbait arau aipatzen dira, euskarazko inskripzioari uko egiteko: “(sic) procediendo la inscripción únicamente en castellano de conformidad con lo establecido en el artículo 149 de la Constitución y teniendo en cuenta la Ley Básica de Normalización del Uso del euskara (Ley 10/82, de 24 de noviembre, art. 1 y 2)”. Aipatu Oinarrizko Legearen artikuluak irakurriz gero, euskara zein gaztelania, bi hizkuntzak beraz, Euskal Autonomi Erkidegoan aritzen diren Administrazio Publikoen hizkuntza ofizialak direla ondorioztatzen da. Gaztelania hutsaren erabilera inola ere justifika ezin dezaketen artikulu eta legeak aipatzen dira.

Bilboko Epaitegi Dekanoa. Data: 2001eko apirila. Herritar batek idatziz aurkeztutako kexa da honako hau, organo judizial baten aurrean euskara erabiltzerik izan ez zuelako. Zera erantzun zion Epaitegi Dekanoak: “(...) BJLOko 231 artikuluak (...) ez du deus esaten zuk aldarrikatzen duzun eskubideaz, jakinarazpenak euskara hutsean jasotzeari buruzkoaz, alegia; eginbide judizial guztien printzipio orokorra zera da, Epaile, Magistratu, Fiskal, Idazkari eta bestelako funtzionarioek gaztelania erabiliko dutela, Estatuko hizkuntza ofiziala, hain zuzen ere”. Idatzizko erantzun honetan ez da aipatzen hiritarrari dagokion hizkuntza eskubidea, Administrazio Publikoekin dituen harremanetan euskara erabiltzekoa. Beste legezko xedapen batzuk, ostera, aintzatesten dute eskubide hau, Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako Oinarrizko 10/82 Legeak, azaroaren 24koak, adibidez. Lege honetako 1-2 artikuluak zera dio, eskubide hori bermatzeko xedearekin: “euskara eta gaztelania hiritarrari zerbitzua emateko hizkuntzak zein lan-hizkuntzak izango dira; xede horretarako Botere Publikoek eta aipatu Administrazioek behar diren neurriak hartuko dituzte”.

Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioaren auzibideetarako Aretoa. 2000ko maiatza. 1.065/00 Prozedura Arrunta. Euskal Udalen Mankomunitatean sartzeko asmoz Ondarroako Udaleko Osoko Bilkurak hartutako akordioaren aurka, Estatu Abokatuak aurkeztutako Errekurtsoa, Estatuko Administrazioaren ordezkaritzan. Errekurtso horren argudio nagusia zera da, Udalek ez dutela euskararen sustapen eta garapenaren esparruan akordiorik iristeko eskumenik. Euskararen Erabilpenaren Normalkuntzarako Oinarrizko Legeak, bere 5. artikuluan, botere publiko eta administrazio publikoek (Udaletxeek barne) zein betebehar dituzten ezartzen du, herritarren hizkuntz eskubideak bermatu asmoz, eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen.

Ahozko bistak etetea

Hona hemen, zerrenda:

  • 126/93 Prozedura Laburtua, Bilboko Zigor Arloko 5. Epaitegian.
  • 2/93 Prozedura Laburtua, Bilboko Zigor Arloko 4. Epaitegian.
  • 555/93 Prozedura Laburtua, Bilboko Zigor Arloko 5. Epaitegian.
  • 526/95 Aurretiazko Eginbideak, Bilboko Argibideetarako 10. Epaitegian.
  • 301/95 Aurretiazko Eginbideak, Bilboko Argibideetarako 10. Epaitegian.
  • 134/92 Prozedura Laburtua, Bilboko Zigor Arloko 6. Epaitegian.
  • 9/96 Aurretiazko Eginbideak, Gernikako Argibideetarako 3. Epaitegian.
  • 10/96 Falta Judizioa, Gernikako Argibideetarako 2. Epaitegian.
  • Balmasedako Argibideetarako 1. Epaitegia (96/3/8).
  • 40/96 Autoak, Bilboko Lan Arloko 2. Epaitegian.
  • 27/94 Munta Txikiko Errekurtsoa, Bizkaiko Probintzi Auzitegiko 3. Atalean.
  • 314/95 Aurretiazko Eginbideak, Azpeitiko Argibideetarako 2. Epaitegian.
  • 315/95 Aurretiazko Eginbideak, Azpeitiko Argibideetarako 2. Epaitegian.
  • 331/95 Aurretiazko Eginbideak, Tolosako Argibideetarako 2. Epaitegian.
  • 5/95 Aurretiazko Eginbideak, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Zibil eta Zigor Arloetako Aretoan.
  • 394/95 Aurretiazko Eginbideak, Tolosako Argibideetarako 1. Epaitegian.
  • 306/95 Aurretiazko Eginbideak, Azpeitiko Argibideetarako 2. Epaitegian.
  • 350/95 Aurretiazko Eginbideak, Tolosako Argibideetarako 3. Epaitegian.
  • 1296/95 Aurretiazko Eginbideak, Donostiako Argibideetarako 5. Epaitegian.
  • 355/95 Aurretiazko Eginbideak, Tolosako Argibideetarako 3. Epaitegian.
  • Donostiako Adin-txikien Epaitegia: A.S.M. adin-txikiaren agerraldia, 96-04-18an eten zen, Epaileak adin-txikiak hitz egiten zuen hizkuntza bakarra (euskara) ezagutzen ez zuelako.
  • 9/94 Prozedura, Gernikako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegian.
  • 748/95 Aurretiazko Eginbideak, Gernikako Argibideetarako 1. Epaitegian.
  • 292/96 Exhortoa, Gasteizko Argibideetarako 3. Epaitegian.

Bidegabeko atzerapenen adibideak

Hona hemen gertatutako atzerapenak:

  • 63/94 Prozedura Laburtua, Zigor Arloko 2051/94 Bilgua, Gipuzkoako Probintzi Auzitegiaren 2. Atala. Auziperatuaren abokatuak defentsa euskaraz egiteko borondatea agertzen duenean, Aretoko presidenteak ahozko bista eten zuen, aldi bereko itzulpen zerbitzu bat erabiltzea erabakiz.
  • 143/95 Auzia, Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian. Ahozko bista egiteko eguna 1995eko ekainaren 5ean finkatu ostean, ordezko Epaileak aldi bereko itzulpen sistema eskatu zuen, eta horrekin urtebete inguru atzeratu zen bista.
  • 265/94 Auzia, Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian. Ahozko bistarako finkatutako eguna 1995eko irailaren 20a izanda, eta Epaileak aldi bereko itzulpena eskatuta, urte erdi inguru atzeratu zen auzi honetako bista.
  • 508/95 Aurretiazko Eginbideak, Tolosako Argibideetarako 2. Epaitegian. Lekuko euskaldun baten adierazpena eten ostean, Epaileak ulertzen ez ziolako, eta adierazpen hori egiteko data berri bat finkatu ostean, egun horretarako itzulpen sistema bat prestatuta, deklarazioa hasi eta bi ordutara ohartu ziren grabaketa sistema matxuratuta zegoela. Irtenbidea zein izango eta, hara non lekukoa –kazetaria ogibidez eta egoitza judizialeko biztanle, halabeharrez- etxera joan eta bere grabagailu profesionala ekarri zuen, adierazpen osoa hasiera-hasieratik errepikatu ahal izateko.

Oinarrizko printzipio zein eskubideen urraketak sorrarazten dituzten koofizialtasunaren arau-hausteak

Hona hemen:

  • Jaime Elías Letratuaren salaketa. Bizkaiko Probintzi Auzitegiko Lehen Atala, Zigor Arloko 140/96 Bilgua. Euskara itzultzaile baten laguntza behar izan zuen Auzitegiak, Magistratuetariko bik ez baitzuten hizkuntza hau ezagutzen. Bistak aurrera egin ahala, itzultzailearen erabileragatik eta Magistratuetariko batek euskararik ezagutzen ez zuela eta, defentsa eskubidearen eta babes judizial eraginkorraren urrapen larriak eman ziren. Letratuak euskaraz planteatu eta itzultzaileak itzultzerik izan ez zuen gai prozesal bat errefusatzera heldu zen Auzitegia. Errefusapen hau, beraz, Letratuaren argudioak entzun gabe erabaki zen, jarrera horrekin defentsa eskubidea eta entzute, berehalakotasun eta kontraesan printzipioak urratuz, hizkuntza eskubideez gain.
  • Bilboko Lan Arloko 8. Epaitegia, G. S. 219/96 Auzia. Endika Garai eta Olatz Elortza Letratuen salaketaren arabera, ituzlpen oker bat egin zela eta, beraien bezeroak ez zituzten epaiketara behar bezala deitu; bezeroetariko bat ez zuten zitatu eta letratuei berandu jakinarazi zitzaien zitazio hori. Beranduago, zitazioak ganoraz egin eta gero, letratuak Epai Aretotik kanpora atera ziren, itzultzailearen lan negargarria eta Epaile zein Idazkaria euskaldunak ez zirela eta sortutako egoera jasangaitza suertatu baitzen.
  • Leire Elgezabal Letratuaren salaketa. Getxoko Argibideetarako 3. Epaitegia, 92/96 Falta Judizioa. Erreforma helegitea aurkeztu zuen Letratuak, euskara hutsean; baina, nahiz eta epe barruan egin, ez zuten kontuan hartu eta autoetan ere ez da ageri.
  • Bilboko Zigor Arloko 6. Epaitegiak 1995eko otsailaren 22an emandako Autoa, 293/93 Auziaren barruan. Auto horren jatorrizko bertsioa, gaztelaniaz idatzia, defentsak proposatutako lekukoen frogabidea oso-osoan onartu zuen. Auto beraren euskararako itzulpenak, defentsari jakinarazi zitzaionak, oso-osoan ukatzen zuen aipatu frogabide hori.
  • 493/95 Auzia, Barakaldoko Zigor Arloko 2. Epaitegian. Auziperatua eta bere abokatua, biak aritu ziren euskaraz. Defentsaren txosten juridikoaren azalpenak 25 minutu hartu zituen bitartean, txosten horren itzulpenak 3 minutu baino ez zuen iraun, eta horrela jaso zen ahozko epaiketaren aktan.
  • Getxoko Argibideetarako 2. Epaitegiak 1996eko urtarrilaren 12an emandako Probidentzia, 986/95 Aurretiazko Eginbideen barruan. Probidentzia honen bitartez, Epaitegiak 1996ko otsailaren 14rako zitatu zituen salatuak, zenbait eginbide gauzatzeko. Probidentzia horren itzulpenak hiru hilabete hartu zituen, eta urte horretako apirilaren 15ean jakinarazi zitzaien salatuei.
  • 1283/95 Aurretiazko Eginbideak, Getxoko Argibideetarako 3. Epaitegian. I.A. eta I.B. salatuak aske utzi zituzten 1995eko irailaren 28an, hilabeteroko 1 eta 15. egunean apud acta agertu behar izatea ezarriz. Neurri horren aurka helegitea aurkeztu zuen defentsak, eta Epaitegiak helegite hori onartu. Onarpena jasotzen zuen Autoaren euskararako itzulpenak zazpi hilabete behar izan zituen, eta denbora guzti horretan salatuek Epaitegiaren aurrean agertzen jarraitu behar izan zuten, gaztelaniaz idatzitako Autoan ordurako baliogabetuta zegoen neurri bat betetzeko.
  • 810/94 Aurretiazko Eginbideak, Getxoko Argibideetarako 4. Epaitegian. P.E.K., maiatzaren 19an menisko ebakuntza bat izan ostean, hiru egun beranduago atxilotu zuten, eta hurrengo egunean jarri Epailearen esku. Atxilotuak euskaraz deklaratzeko eskubidea egikaritzeko nahia adierazi zuen eta Epaileak, orduan, hurrengo egunera arte atxilotuta jarraitu beharko zuela, Justizia Auzitegi Nagusiko bi itzultzaileak kanpoan baitzeuden –bata Madrilen, Entzutegi Nazionalaren aurrean itzulpen lanak egiten, oporretan bestea-. Defentsak Arartekoari –Ombudsman delakoari- eman zion gertakari hauen berri eta honek (San Martin jaunak) bere burua prest agertu zuen Gasteiztik Getxoko egoitza judizialera joan (80 kilometro baino gehiago) eta itzulpen lanak berak pertsonalki egiteko. Halako egoera xelebre baten aurrean, Epaileak Justizia Administrazioaz kanpokoa zen eta inolako titulurik erakutsi ez zuen boluntario bat onartu behar izan zuen itzulpen lanetarako.
  • 289/92 Prozedura Laburtua, Bilboko Zigor Arloko 6. Epaitegian. Prozedura honetan dozena bat inguru eskakizun aurkeztu behar izan ziren, jakinarazpen eta zitazioak euskaraz komunika ziezaieten auziperatuei. Ahozko bistaren aktak Justizia Auzitegi Nagusiari lotutako itzultzailearen adierazpenak jaso zituen, non funtzio hori burutzeko gaitasunik ez zuela esan zuen. Izan ere, defentsaren Letratuak berrogei minututan azaldutako txosten juridikoa zazpi minututan itzuli zuen itzultzaileak.
  • Gipuzkoako Lan Arloko 2. Epaitegiak emandako 1989ko otsailaren 8ko Autoa. Lezoko Udaleko Alkateari ohartarazi zion Epaileak, Autoaren edukia bete ezean, “...Aginte judizialarekiko erresistentzia eta desobedientzia delituak egin zitzakeela, beste delitu mota batzuez gain...”. Auto honen arrazoia zera izan zen, Epaitegi bereko Probidentzia bat itzuli zuela Alkateak, gaztelania hutsean idatzita zegoelako; bide batez, ele bitan idaztea eskatu zuen, horrela Euskararen Erabilerari buruzko Udal Erregelamendua, Udaleko organo gorenak onartutakoa, bete ahal izateko. Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Presidentearen bitartekaritzak ondorio larriagoak ekidin zituen, 9/90 Prebentzioa eman baitzuen, Euskal Autonomi Erkidegoko organo judizial guztiei jakinarazpen oro ele bitan idazteko betebeharra gogorarazi ziena.
  • 445/94 Suplikazio Helegitea: Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoak emandako 1995eko maiatzaren 15eko Autoa. Paradoxikoki, sei urte beranduago, eta berriz ere Lezoko Udaletxea protagonista dugula, lehen aipatu dugun 9/90 Prebentzioa egonda ere, auzi honetako eginbideak Ministerio Fiskalari igortzea agindu zuen Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak, Alkatearen jarreratik zigor arloko erantzukizunik ondoriozta zitekeen azter zezan, honek epai baten jakinarazpena ere euskaraz jasotzea tinko eskatzen jarraitzen baitzuen.
  • Durangoko Argibideetarako 1. Epaitegiaren Probidentzia, 12/91 Falta Judizioan. Probidentzia honetan zera ezartzen du: “agerraldi agindua, auziperatua agertzen ez bada, atxilotze agindua bihurtuko da”. Hori, inputatuak gaztelera hutsean idatzitako zitazio bat Epaitegiari itzuli ziolako, zitazio hori euskaraz ere idatz zezatela eskatuz.
  • 252/95 Zinpeko izateko Hautagaien Erreklamazioa, Barakaldoko Epaitegi Dekanoaren aurrean. Zinpekoen Epaimahaiaren Lege Organikoaren aurreikuspenen arabera, zinpeko izateko hautagaiek urriaren azken 15 egunetan jakin behar dute beraien izendapena, honen aurkako erreklamazioa azaroaren lehen hamabostaldian egin dezaten. Ondoren, azaroaren 30a baino lehen eman behar du Epaileak arrazoitutako ebazpena. G.B.A.-k euskaraz eskatu zuen jakinarazpena. Eta berau, euskaraz idatzitako jakinarazpena, alegia, 1995eko azaroaren 20an egin zitzaion. Zerrendatan sartu izanaren aurkako erreklamazioa aurkeztu zuen eta Barakaldoko Epaitegi Dekanoak 1995eko abenduaren 21ean erabaki zuen erreklamazio horri ezezkoa ematea “...argudiatutako arrazoia legeak ezarritako epetik kanpo egin delako”. Ebazpen honen aurka ez da beste helegiterik.


(BIZKAIKO ABOKATUEN BAZKUNA)

  • Goiko argazkian txostenaren aurkezpena, Bilbon 2004-04-02an. Ezkerretik eskumara: Gontzal Aizpurua, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Gobernu Batzordeko kidea eta Nazario Oleaga, abokatua eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Dekanoa..

Oin-oharrak:

(1) Ikus txosten honen Eranskinean Koofizialtasuna hausten duten zenbait adibide jasotzen dira bertan.

(2) Txosten honi lotutako Eranskinean honelako egoerak eman izan diren prozedura batzuen zerrenda bat jasotzen da.

(3) Ikus Eranskina bidegabeko atzerapenen zenbait adibide ezagutzeko.

(4) Eranskinean aurkezten dira koofizialtasunaren hausteak pertsonaren oinarrizko printzipio eta eskubideak kaltetu dituen zenbait adibide.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com