|
Nire adiskide handi batek, eskolako arazo larri batez mintzo zelarik, hala idatzi zuen oraindik orain: "Irakasleak zein gurasoak ez dira apenas sekula enteratzen". Adiskidide hori nor den jakinda, harritu naiz, baina behingoak ez dio meriturik kentzen haren idazteko estilo zorrotzari.
Beraz, aurrera jarraitu aurretik, desenkusa nakion nire ausardiagatik. Dena den, Beterrian ikasi bide du hori, hemendik ez zuen eraman horrelakorik, nahiz eta aitortu beharrean nagoen laster ohikoa izango dela guztiontzat ere.
Apenasek, oraintsu arte, euskaraz honako adiera hau zuen: dirudienez, antza denez, ematen duenez,..., hau da, zalantza eta idarokizunezkoa zen: "Apenas jenderik etorri den Realaren partida ikustera"; eta ez, orain sarritan erabili ohi den eran, baieztapenezkoa: "Apenas etorri da jenderik Realaren partida ikustera". Gehiago esango nuke: lehenengo kasuan honako hau ere esan daiteke: "Apenas etorri den gaur Donostiako alkatea partida ikustera". Baina ez dago esaterik, inolaz ere, "apenas etorri da gaur Donostiako alkatea partida ikustera".
Bigarren adiera hori ere (apenas etorri da jenderik Reala ikustera), onartu behar bada, onartuko dugu, baina jakizue berriki hasi dela hedatzen, ez duela tradiziorik.
Ez da kontu berria maileguekin gertatzen dena; alegia, erderaz adiera bat izan eta euskarara pasatzean beste bat hartu. Ez al da horixe honako hauen kasua ere: "sasoi", "proportzio", "dezente", "galanta"...
- Hona adibideak:
- a la sazón
sasoi hartan (denbora) sasoia (indarra/kemena).
- proporción
erlazioa (proportzioa) proportzioa (aukera).
- decente
prestua (ondradua) dezentea (nahiko handia).
- galante
amultsua eta fina galanta (handia).
(RUFINO IRAOLA GARMENDIA Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiaren zuzendaria da)
|