|
Orain dela egun batzuk Euskal Telebistan “kometaren buztana” esapidea entzun nuen. Aitortu behar dut halako zera bat sentitu nuela belarrian.
Gauzak estu hartuta ez dago inongo hizkuntzatan sinonimorik, hots, ez daude konnotazio eta denotazio berbera duten bi hitz. Beste era batera esateko, kostatuko zaigu aurkitzea bi hitz esanahi eremu berbera eta adiera multzo berbera dutenak, eta erregistroz eta mailaz trukagarriak direnak.
Erdara-euskara hiztegiek diotenez, “cola/queue” adigaiaren euskal ordainak buztan eta isats dira. Hala ere, argi dago bi hitzak ez direla elkarren kideak. Hedatuena, ahoz nahiz izkribuz buztan da, euskal eremu osoa hartzen baitu eta euskalki eta garai guztietako idazkietan agertzen baita. Besteak, isats-ek, eremu meharragoa du berez: Gipuzkoako Beterria eta Tolosa aldeko ingurua, antza denez. Idatziz ere gutxiago erabili da isatsa: lehen adibideak XIX. mendearen azken aldekoak dira, eta gipuzkerazko tradiziotik at ez da erabili. Dena dela, euskara batuan biek dute, antza denez, maiztasun bertsua; adibidez, Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpuseko 36 liburutan daude buztan-en agerraldiak, eta 34tan isats-enak. Nolanahi ere, 168 aldiz agertzen da buztan testuotan, eta 112 aldiz isats.
Haatik, euskara batuari dagokionez, bataren eta bestearen arteko bereizgarri nabariena hizkuntza maila da. Aski da gorago aipatu dudan corpusa aztertzea ikusteko isats-en adibideak jasoagoak direla, oro har, mailaz. Alde batetik, badu buztan-ek adiera bat isats-ek ez duena, “zakil”ari dagokiona, hain zuzen, Ereduzko Prosa Gaur corpuseko 168 adibideetatik 70 bat biltzen dituena. Ez dago horrelakorik isats-en adibideetan. Bestetik, eta hori da orain axola zaidana, hedadurazko adiera jasoak isats-en bidez egiten dira. Esaterako, sirenak isatsak dituzte testuotan, eta nahiz eta tradizioan badagoen izar buztandun-en adibideren bat kometa izendatzeko, gure itzultzaile bikainenetako batek kometa baten suzko isatsa aipatzen du corpus horretako beste testu batean. Niri egokiagoa iruditzen zait kometaren isatsa hori, inoiz ikusi dudan kometaren adatsa literarioegia baino.
Ildo beretik, piano isatsdun ezarri nuen Hiztegi Handia-n piano de cola / piano ŕ queue-ren ordain. Aipatzen ari naizen corpusean isats-piano agertzen da bi aldiz, Elhuyar Hiztegiak proposatzen duenaren bidetik. Niri, egia esan, egokiagoa iruditzen zait piano isatsdun, frantsesezko izenetik gertuago dagoelako; dena dela, bata nahiz bestea erabili, uste dut piano de media cola / piano demi-queue delakoa -ingelesez baby grand piano esaten zaiona- itzultzeko bide egokiena erdi isatseko pianoa dela.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|
|
Ibon. Kometa buztana, inolaz ere, kometa adatsa ez da gaizki, kometa isatsa kalko hutsa. Iritziak iritzi . Bazter dezagun lehena Iparraldean ere buztana, pitoa, ernaltxotxa, estaltxotxa, pittilia eta abar.. delako. Ikusarte.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|