 |
Rubioren eztenkadak |
 |
2004-03-09 / 12:17 / Asier Larrinaga Larrazabal |
HIZKUNTZA |
|
Inon irakurrita daukat kritika beti izaten dela suntsitzeko, eta, hortaz, ez duela zentzurik "kritika konstruktiboa" esateak. Beharbada hala da, baina suntsitzeak asmo bi izan ditzake: gauza hobea eragitea, edo, osteantzean, ezereztea, deuseztea, ezabatzea. Jakin nahi nuke nik bietarik zein asmo darabilen Jesus Rubiok Euskararen garabideak argitaratu zuenez geroztik.
Guztiz zilegi da euskarazko testuen kalitatea gaitzestea, eta akuilua sartzea hobeak egin ditzagun. Beharrezkoa ere baderitzot. Baliteke Rubioren hitzak eztenkadak baino ez izatea, eta baliteke, euskararen egitura antiinformatiboa dela esaten duenean, geure buruazko estimua mindu nahi izatea, susper gaitezen.
Baliteke, baina ez dirudi hala denik. Batetik, Rubiok berandu hartu duelako akuilua. Gogoratu besterik ez dago Garziak, Hidalgok, Alberdik eta bestek azkenaldian egindako lana. Bestetik, euskararen gaitz omen direnen konponbidea aurkitu bide duelako: neoeuskara prepositiboa.
Zinez uste banu euskararen baliabideak ez direla behar bezain doiak eta malguak edozein pentsamendu edo edozein ideia behar bezain zehatz eta komunikatiboki azaltzeko, orduan, etsi egingo nuke, euskara alde batera utziko nuke; baina ez nintzateke esperantokerietan hasiko, ez nuke alferreko ahaleginik egingo ez hiztun-komunitaterik, ez historiarik, ez pentsaera-ondarerik ez duen hizkuntza bat asmatzen, are gutxiago, neomintzaira horren bokazioa, edo xedea, mikrolokala izanik.
Beharbada, Rubioren amua irentsi dut, eta berak espero bezalako erreakzioa izan dut, ez mezua idazteagatik, baizik mezu hau idazteko gogoarekin batera piztu zaidan hobetzeko irrikagatik. Nolanahi den, polemika honek luze iraungo duela jakinda, Rubioren argumentuei erantzun nahi nieke, neure gisa.
- Itzulpenaren kalitateak ez du xede-hizkuntzaren gaitasuna erakusten, itzultzailearen gaitasuna baizik (epeak, ordaina eta abar "ahazten" baditugu, jakina).
- Euskarazko testuen produkzioaren zati handi-handi bat, zoritxarrez, gaztelaniaren itzulpenetatik dator. Horrela nekezagoa da euskarak bere baliabideak garatzea.
- Gure inguruko hizkuntzek mendeak izan dituzte euren adierazpideak garatzeko. Ez hori bakarrik: hiztun-komunitate askoz zabalagoak; legearen babesa; eta eskola, belaunaldien eta belaunaldien berdintzaile eta trebatzailetzat. Haien aldean, miraria dirudi euskarak urte gutxian egin duen aurrerabideak.
- Hizkuntza baten adierazpideak ez dira beste batenak baino hobeak, komunikatiboagoak, edo teknikoki garatuagoak. Gakoa ez da adierazpide batzuk edo beste batzuk erabiltzea, baizik testua antolatzen jakitea.
- Mito batzuk apurtzeko ordua heldu da. Normala da Kant askoz hobeto egotea itzulita gaztelaniara, euskarara baino. Euskarara behin baino ez da itzuli, premiak larrituta, filosofiako hiztegia artean landu gabe zegoela. Gaztelaniara, ostera, mila bider itzuli da, eta mila eskuk orraztu dute testua, eta pentsamendu-testuen tradizio luzea eta sendoa izan dute oinarri. Hori dena, baina, ez da ezeren berme gaztelaniarentzat, ehunka eta ehunka testu produzitzen baitira gaztelaniaz egunero erabat traketsak, ulertezinak eta antikomunikatiboak.
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
|
Erantzun |
| |
 |
| Rubioren kritika txalogarria, proposamenak absurduak |
 |
2004-03-09 / 14:55 / Pruden Gartzia |
|
Bi gauza esan nahi nituzke. Bata, Rubioren kritika biziki txalogarria iruditzen zaidala; bada garaia gai horri duen garrantzia emateko, euskararentzat hil ala bizikoa baita. Bestea, Rubioren proposamenak absurduak iruditzen zaizkidala, eta barkatu gordintasuna, baina Rubiok berak darabilenaren heinekoa delakoan nago.
Eta Kant dela eta, gaztelaniarekin lotutako anekdota bat kontatu nahi nuke, gaztelaniaren "komunikagarritasuna" zertan den ikus dezagun. Hau da: 1880. urte inguruan gaude (ez dut astirik datak zehatz-mehatz egiaztatzeko) eta on Marcelino Menéndez Pelayo unibertsitari gazteak gutun bat idazten dio bere gurasoei, esanaz Madrileko Unibertsitatetik Salamancakora aldatzen dela; zergatik? Jasanezina egiten zaio irakasleek darabilten gaztelania; adibide zehatza jartzen du: ontziak gainez egin zuen hitzaldi batean "egoidad" hitza (hots, "nitasuna", gaur egungo gaztelanian "el yo", edo horrelako zerbait) entzun zuenean, gelatik atera eta unibertsitatez aldatzeko erabaki irmoa hartu zuen. Eta nor zen irakasle gaztelaniazida hori? Bada, Salmerón, edo Azcárate, edo ilaje horretako pentsalari "europearzale" ilustreren bat (ez dut astirik zehazteko nor), katedratikoa, diputatua, eta abar guztiak zena. Alegia, beste hitz batzuetan esanda, espainolen artean Kant gaztelaniaz esplikatzeari ekin zion lehenetako bat; hain gaizki egiten zuen, hain zen kamutsa bere gaztelania, ezen ikasle batek unibertsitatez aldatzeko deliberoa hartu zuen.
Inoiz edo beste, norbaitek, Filosofia fakultatekoa, adibidez, esplikatu beharko liguke noiz arte itxaron behar izan zuten espainolek Kant edo Hegel duinki irakurtzeko gaztelaniaz. Ziur naiz sorpresa monumentala hartuko duela batek baino gehiagok.
(PRUDEN GARTZIA Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)
|
| |
 |
| Euskara: Iparraldean frantsestuz eta hegoaldean espainolduz |
 |
2004-03-10 / 10:02 / Txomin Peillen |
|
Asier, zurekin osoki bat nago, baina beste zerbait pentsatu behar genuke, ezen bi hitz frantsesez esateko gai ez direnak, Iparraldekoak kontsultatu gabe, frantsesetik itzultzen baitabiltza, alderantziz ere gaztelaniazko testuak frantses lotsagarri batean idazten dituzte Jaurlaritzan, Eusko-Ikaskuntzan, Turismo bulegoetan eta beste zerbitzu askotan. Errusieratik itzultzeak arazo berdinak ditu frantsesez Les âmes Mortes (Mortvuie duxa) ren lau bertsio irakurri ditut eta tonuz ez dira liburu berdinak. traduttore, tradittore dio italiarrak.
Informaziorako gaitasuna zer den ez dakit. Ulergarritasuna bai eta orain unibertsitarioek euskainola beren hiztegi teknikoekin nahasiz dena iluntzen dute; gainera teknika hizkuntza horri -natura jakintza eta jakintza zehatzetan izan ezik- erabiltzaile bakoitzak esangura desberdina ematen dio. Saltsaren nahasteko, geroago eta gehiago Iparraldean frantsestuz eta hegoaldean espainolduz gure hizkuntzaren joskera itzulipurdikatzen da.
Beraz irtenbideak: lana, lana, lana.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|
| |
 |
| Profesionalki defiziente, etikoki gaitzesgarria. |
 |
2004-03-10 / 14:10 / Jesus Rubio. |
|
Badirudi ezen Asier Larrinaga nire kasuan balego atzeko atetik alde egingo lukeela, ixil-ixilean, ezer azaldu gabe (nahiz-eta azalpenak izan), eta hor konpon Herria eta Herriondoa, Zientzia eta Zientziondoa. Jakina, jokamolde hori profesionalki oso defizientea izateaz gain, etikoki erabat gaitzesgarria izango litzateke.
Tamalez, ohitzen hasiak gara tu jokamolde etikoki
gaitzesgarri eta profesionalki defizienteak inter gure hizkuntzalariak eta euren ingurukoak (zuzentzaileak barne), ohitzen hasiak gara ikusten nola euskararen goi-mailetan behin eta berriro ahazten den hitz klabe bat: erantzukizuna, zein baita erantzuteko betebeharra, obligazioa. Zeren, hemen ez du inork gaian serioski sartu nahi. Batek esperoko luke beste jokamolde bat, beste jarrera bat, bereziki inter pertsonak ze habitatzen baitute jakinduriaren tenploa; baina bistan da, iparra
galduta gabiltza, eta ez dakigu diferentziatzen inter inportantea eta gutxiago inportantea. Edozein aitzakia da ona afin-eta ebidentzia ez onartzeko.
Gero, hitz egingo digute buruz arazo larriak ze segituko zaizkigun baldin esaten badugu bizkarzainak ordez-eta ez dakit zer; mintzatuko zaizkigu, autoritate handiz hori bai, buruz aingeruen sexua, baina sahiestuko (edo
ixilduko) dute benetako debatea buruz euskararen
erronka nagusia, zein baita bere (akaso ezinezko)
garapen diskurtsiboa. Ezinezkoa bada, izan dadila,
baina gutxienez argi utzi beharko dugu zein den arazoa eta balizko konponbideak, ezta?
Absurdoari buruz, irakur Jacinto Iturbe kimikoaren
honako zita buruz euskararen garabideak, in EHUko
Ekaia aldizkaria, 16. alea, 2002:
Euskara -eta euskaldunok- kultura unibertsalaren
jasotzaile netoa da -gara-, eta kultura hori
hizkuntza ezberdinetan dator, nagusiki
ingelesa, gaztelaniera eta frantsesa. Horren
aurrean, euskarak -eta euskaldunok- ideiak,
hitzak eta baliabide estilistiko berriak
bereganatzen ditu -geureganatzen ditugu- .
Absurdoa da, eta hizkuntzaren bilakabidearen
kontrakoa, "ideiak bai baina hitzak ez" delako
planteamendua, eta horrela, euskararen
hiztegia -eta euskaldunona- aberastuz joan da
denborarekin maileguak eta hitz berriak, ideia
berriekin, behar izan direnean hartuz. Ildo honetatik segituz, "ideiak eta hitzak bai baina baliabide estilistikoak ez" delako planteamendua ez-egokia iruditzen zait. Euskararen historian anaforikoak (zein … baita, eta antzekoak) sartu ziren euskarak -eta euskaldunek- ideia berriak bideratzeko behar zituenean. Eta antzera ahozko hainbat baliabide paragramatikalekin (paragramatikalak, gramatiketan ez direlako normalean ikusten, eta ikusten direnean, sarri
gaitzesteko da).
Baina, nork ukatu ahal du inter preposizioa dela
komunikatiboki askoz ahaltsuagoa ezi bere kide
pospositiboa? Aditza aurreratuz, eta baliabide
prepositiboak konbinatuz zer gertatzen da? Agertzen zaigula pentsabide eta mintzabide progresiboa (diskurtsiboa), hau da klase oneneko garapen humanoa.
(JESUS RUBIO PEÑA da doktore in Ekonomia)
|
|
Erantzun |
|