Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Eskularruak eta eskuzorroak

Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2004-03-03 / 07:08


Manoplak zen lehengo egunean irakurri nuen egunkari zutabe baten izenburua. Hitza ez da egokia, euskaraz ez duelako tradiziorik, ez Hegoaldean eta are gutxiago Iparraldean, eta espainolez soilik erabiltzen den hitza delako. Baina ez da erraz ordain egoki bat proposatzea.



Frantsesez moufle da, bainuan erabiltzen dena -gant de bain- izan ezik. Ingelesez mitten. Hortaz, badirudi ez dutela inguruko hizkuntzek biderik ematen inongo egokitzapenik egiteko. Eta euskaran bertan ba al dugu irtenbiderik?

Jakina denez euskaraz bi hitz ditugu, eskularru eta eskuzorro. Lehenengoak, eskularruk, tradizio oparoagoa du, XVII. mendean hasten dena eta Iparralde-Hegoaldeak hartzen dituena; eta gaur egun ere badirudi askoz erabiliagoa dela: adibidez, 99 eskularru eta 9 eskuzorro daude Ereduzko Prosa Gaur-en.

Baina agerraldi horiek arreta pixka batekin aztertzen baditugu ikusiko dugu idazle batzuentzat bi hitzak ez direla sinonimoak: bederatzi eskuzorro horietako gehienak gomazkoak edo motorrean ibiltzekoak dira. Hau esan nahi dut: badirudi zenbait idazlerentzat eskularruek larruzkoak izan behar dutela, eta larruzkoak ez direnetzat erabiltzen dutela eskuzorro.

Tamalez, helduen alfabetatze kanpainek, euskaltegiek eta abarrek -eta zer esanik ez Euskal Filologia espezialitateak- filologotxoz eta filologo ustezkoz bete du euskal idazleria, hitzen erabilerari baino areago hitzen etimologiari begira jarri diren idazleez. Euskararen garapenaren kaltean nik uste. Hizkuntzaren aurrerabiderako komeni zaiguna hau da: hiztunek ez dezatela ikusi larrurik eskularruetan, ez dago-rik dagoeneko-n, ez bere-rik berebiziko-n...

Zorionez, ikusten dira Ereduzko Prosa Gaur-en plastikozko eskularruak -bost autorek gutxienez-, latexezko eskularruak eta orobat eskularru profilaktikoak. Hori da bidea nik uste. Hori da bidea, gainera, bide horretatik libre gelditzen delako eskuzorro “manopla/moufle”-ren ordain izateko. Are gehiago formaren aldetik ere “manopla/moufle”-rentzat eskuzorro batere desegokia ez delako, zorroak zorro direnez gero, hatz guztiak-edo sartzen diren zorroak kasu honetan.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzunak


Oso ondo: eta aitortza Harkaitz Canori

Xabier Mendiguren / 2004-03-03 / 12:48

Konforme guztiz. Baina aitortza txiki bat zor zitzaion Harkaitz Canori. Bera izan baita egunotan "eskuzorroak eta eskularruak" izenaz artikulu eder bat idatzi duena, orain Ibonek proposatzen duen bereizketa modu guztiz naturalean erabiliz gainera.

(XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da)


Ados bereizketarekin

Joxe Aranzabal / 2004-03-04 / 08:18

Kanadako hiriburuan bizi ginela, etxekoek mitten gozoak oparitu zizkiguten, hango negu gorria erosoago igaro genezan. Guk, berriz, beti deitu genien eskuzorro, geure artean euskaraz hitz egiten genuenean.

(JOXE ARANZABAL Mondragon Unibertsitateko irakaslea da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1078241327