![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2004-02-25 / 07:07
Ez dut uste inor harrituko denik esaten badut azken urteotan ikaragarri goratu dela jarraian-en erabilera.
1977ko ikerketa estatistiko batean 10.000ko 0,13ko maiztasuna zuen; azken urteotako produkzioaren gain egindako Ereduzko Prosa Gaur-en, aldiz, 10.000ko 0,46ko maiztasuna agertzen du, ia lau aldiz handiagoa beraz, nahiz eta bigarren erakusgarria, lehenengoa ez bezala, idazle eredugarriei soilik dagokien.
Jarraian-en erabileraren goratze hori ez dago euskaratik bertatik ulertzerik. Delako esapideak, adiera horretan, oso tradizio kaskarra du: aski da Orotariko Euskal Hiztegiari begiratzea ikusteko tradizioan “-en atzetik” eta “etenik gabe” adieretan ia soilik erabili dela jarraian; gaur egun bazter guztiak betetzen dituen adieran Erkiagak eta Toribio Etxebarriak bakarrik erabiltzen dute. Tradizioan, besteak beste, -en ondoren erabili izan da batik bat “a continuación / ensuite”-ren kidetzat.
Zer dela eta, hortaz, goratze hau? Ez dut uste inor harrituko denik, begi bistan dagoena azaltzen badiot: betidaniko -en ondoren horri garrantzizkoena falta zaio, egungo euskaran, Hegoaldean, “a continuación” horren kide betea izateko: azaleko antza. Zeren, bistan da -en ondoren “beste zerbait” dela, ezin dela izan “a continuación”. Baina “continuar”-en kide den “jarraitu”-ren gainean eratutako jarraian horrek, ematen dio, horrek bai, gaztelaniazkoaren musika gozo eta segurua.
Honekin guztiarekin ez dut esan nahi jarraian ezin erabili denik, ez hurrik eman ere. Hizkuntza guztietan hain garrantzizkoa den orekaz ari naiz. Gaztelaniazko “a continuación”–en kide jatorrena eta euskaldun guztiok batzen gaituena –en ondoren da; eta gero, horren ondoren, bigarren edo hirugarren mailan, beste batzuk ere badaude, jarraian horien artean. Horra esan nahi nuen gauza bakarra.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
Juan Inazio Hartsuaga / 2004-02-25 / 09:14
Eta "hurrena" zer?. Garai bateko hitz jator eta ongi errotua izan arren, "hur" erroko beste hainbati (hurrean, hurreratu) bezala madarikazioren batek ukitu duela ematen du.
(JUAN INAZIO HARTSUAGA Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da)