![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Hizkuntz Eskubideen Behatokia / Herri-administrazioa / 2004-04-01 / 07:07
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere Espainikako estatuak Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna ez betetzea salatu du Europan. Behatokiak Europako adituen lantaldearentzat egindako txostenean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean euskal hiztunekin gertatzen diren eskubide urraketa guztiak jaso ditu.
Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna sinatu duten lehenengo hamaiken artean dago Espainiako estatua. 1992ko azaroaren 5ean sinatu zuen, baina bederatzi urte geroago, 2001eko apirilaren 9an, berretsi zuen, eta urte hartako abuztuaren 1ean jarri zen indarrean.
Itunaren 15. artikuluko (IV. zatia, Ituna indarrean jartzearen ingurukoa) 1. paragrafoak agintzen du Ituna indarrean jarri eta hurrengo urtean Espainiako estatuak txosten bat helarazi behar diola Europako Kontseiluko idazkari nagusiari. Txosten hori Ministroen Batzordeak erabakitzen duen moduan egin beharko da, eta ondorengoa adierazi beharko du: Estatuak onartu dituen Itunaren III. zatiko erabakiak ezartzeko aurrera eraman duen politika, II. zatiarekin bat datorrena. Espainiako estatuak 2002ko irailaren 23an aurkeztu zuen bere txostena.
16. artikuluko (IV. zatia) 2. paragrafoak ezartzen du Estatuan legez sortutako erakunde eta elkarteek txostena aztertuko duen Adituen Lantaldeari oharrak egiteko eskubidea dutela. Ohar horiek Estatuak beregain hartutako III. zatiko konpromisoen ingurukoak izango dira. Bestalde, Estatuak II. zatiaren arabera aurrera eraman duen politikaren gaineko adierazpenak ere aurkez ditzakete.
Hori kontuan hartuta, agiri honetako 5. atalean azaltzen diren gobernuz kanpoko erakundeek ondorengo orrietako informazioa helarazi nahi diote Adituen Lantaldeari, Ministroen Batzordeari bidaliko dion txostena egiterako orduan kontuan har dezan.
1- Errespetu osoz adierazi nahi dugu Espainiako estatuak bere Adierazpenean ez dituela betetzen, edo behar bezala behintzat ez dituela betetzen Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren 2. artikuluaren 2. paragrafoko eta 3. artikuluaren 1. paragrafoko betebeharrak.
2- Itunaren 2. artikuluaren arabera, Ituna izenpetzen dutenek beren lurraldean mintzatzen diren erregio edo gutxiengo hizkuntza guztietan II. zatiko erabakiak aplikatzeko konpromisoa hartzen dute, erregio edo gutxiengo hizkuntzak definitzen dituen 1. artikuluko definizioarekin bat baldin badatoz hizkuntza horiek. Itunaren inguruko argibideak ematen dituen txostenaren 40. artikuluaren arabera, estatuek ez daukate eskubiderik beraien lurretan hitz egiten diren erregio eta gutxiengoen hizkuntzei 2. artikuluak emandako estatusa bermatu edo ukatzeko. Estatuen egiteko bakarra da erabakitzea Itunaren arabera beraien lurraldeko zatiren batean edo jende-multzoren baten artean erabiltzen diren mintzamoldeak erregio edo gutxiengo hizkuntzak diren ala ez diren.
3- Espainiako estatuaren Adierazpenak ez du horrelakorik egiten. Itunaren arabera Estatuan hitz egiten diren erregio edo gutxiengo hizkuntzak zeintzuk diren zehaztu beharrean, autonomia-estatutuetara jotzen du eta horietan ofizialtzat jotako hizkuntzak edo tradizioz hitz egiten diren lurraldeetan babes eta laguntza jaso dutenak hartzen ditu erregio edo gutxiengo hizkuntzatzat. Ondorioz, ez dakigu zehazki zeintzuk diren hizkuntza horiek, eta definizio horren arabera, Estatuko zenbait hizkuntza ez dira erregio edo gutxiengo hizkuntzatzat jotzen. Esate baterako, arabiera eta tamazight hizkuntza; biak ere autonomia-erkidego bilakatu diren zenbait kolonietan hitz egiten diren jatorrizko hizkuntzak.
4- Era berean, Espainiako estatuak ondo zehaztu gabe adierazten du bere Adierazpeneko laugarren paragrafoan, bigarren paragrafoko hizkuntzei, alegia, autonomia-estatutuetan ofizialtzat jotzen ez diren baina babes eta laguntza jasotzen duten horiei, II. zatiko xedapen guztiak aplikatuko zaizkiela ahal den neurrian eta 7. artikuluan ezarritako helburu eta oinarrien arabera. Ez du betetzen Itunean ezarrita dagoena. Hau da, 3. artikuluak eskatzen dituen zehaztasun eta zorroztasunari Espainiako estatuak zehaztasunik gabeko zalantzazko hitz lausoekin erantzuten die, eta ez du arauko 3. artikuluan agindutakoa betetzen.
5- Zergatik gertatzen da hori? Autonomia-estatutuak direlako hizkuntza ofizialak edo zaindu eta babestu beharrekoak zeintzuk diren zehazten dutenak; eta horrek ondorioak ekartzen ditu. Nafarroako Foru Komunitatean dagoen euskararen arazoa ikusi besterik ez dago.
6- Lehen esan dugun moduan, Adierazpenak dio autonomia-estatutuetan ofizialtzat jotako hizkuntzei Aitorpenaren hirugarren paragrafoko xedapenak aplikatuko zaizkiela. Horrez gainera, laugarren paragrafoak adierazten du tradizioz hitz egiten diren lurraldeetan babes eta laguntza jasotzen duten hizkuntzei aplikatuko zaizkiela 7. artikuluan ezarritako helburu eta oinarrien arabera aplika daitezkeen xedapen guztiak.
7- Bada, honela dio Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoak (NFEBHLO), Nafarroako Foru Komunitatea zuzentzeko arau nagusiak, 9. artikuluan: “Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala”. “Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan”. “Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du (“El castellano es la lengua oficial de Navarra”. “El vascuence tendrá también carácter de lengua oficial en las zonas vascoparlantes de Navarra”. “Una ley foral determinará dichas zonas, regulará el uso oficial del vascuence y, en el marco de la legislación general del Estado, ordenará la enseñanza de esta lengua”). Bitxia da, baina Legearen gaztelaniazko bertsioan ez da behin ere euskera edo euskara aipatzen, beti vascuence baizik. Hori ez da garrantzirik gabeko huskeria, izan ere nahiz eta Real Academia Españolak bere hiztegian euskera eta vascuence sinonimotzat eman, Euskararen Legea (Ley del Vascuence) onetsi aurreko Parlamentuko eztabaidan gai sutsuenetakoa izan baitzen hizkuntzaren izenarena. Unión del Pueblo Navarro alderdiak defendatzen zuena zen lege-proiektuaren testuan 36 aldiz azaltzen zela euskera hitza; horrela deitzen zaiola Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialari, baina Nafarroako Foru Komunitatean vascuence izaten jarraituko zuela.
8- Horri dagokionez, ez dugu ahaztu behar Espainiako Konstituzioak, maila goreneko araua denak, ondorengoa adierazten duela 3.2 artikuluan: “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagozkien eran”. Beraz, zalantzazkoa da erkidegoko hizkuntzen ofizialtasuna lurraldeko eremu batera mugatu ahal izatea erkidego-mailako lege batek, Konstituzioak ez baitu horretarako aukerarik ematen.
9- Gainera, kontuan hartu beharrekoa da Espainiako estatuak bere txosteneko atariko atalaren 2. atalak adierazten duena ere:
Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunean ezarritakoaren arabera, eta Espainiako Konstituzioak nahiz autonomia-estatutuek emandako babes-mailarekin bat etorriz, Espainiak Ituna Berresteko Agiriak bi mintzaira edo hizkuntza mota bereizten ditu, hain zuzen ere, Berresteko Agirian bi paragrafotan datozenak:
1- Tokian tokiko lurraldean, eta dagokion autonomia-estatutuaren arabera gaztelania edo espainierarekin batera hizkuntza ofizialkideak direnak. Ondorengoak, hain zuzen ere: (...) - Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: euskara (...)
2- Ofizialkideak ez diren hizkuntzak, baina tokian tokiko autonomia-estatutuetan zaindu eta babestu beharrekotzat jotzen direnak” (bablea edo asturiera, Aragoiko mintzairak eta aranera direla adierazten du).
10- Beraz, Espainiako estatuak argi eta garbi adierazten du lehenengo paragrafoko hizkuntzentzat hartu beharreko neurriak direla Nafarroan euskararentzat hartu beharrekoak, eta horrenbestez, Nafarroa osoan hartu beharrekoak.
11- Baina benetan gertatu dena da LORAFNA delakoaren 9. artikuluarekin bat datorren Euskararen 18/1986 Foru Legea idatzi zela, eta bertan Foru Komunitaterako hiru hizkuntz eremu bereizi zirela: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna (zona vascófona, zona mixta, zona no vascófona). Lehenik eta behin, legelariak terminologian egindako aldaketa nabarmendu nahi dugu, izan ere LORAFNA delakoan zona vascoparlante terminoa erabili baitzen. Hitz egin dezaketen bakarrak herritarrak direnez, euskal hiztunak dauden eremua izango litzateke vascoparlantea. Eremu euskalduna kontzeptua askoz ere anbiguoagoa da, historikoki euskara erabili izan den eremua har baitaiteke vascofonotzat, eta toponimoek utzitako aztarnak kontuan hartuta, esan baitaiteke Nafarroako Foru Komunitate osoa dela vascofono delakoa.
12- Ez dugu ahaztu behar hasiera batean Nafarroako Parlamentuak euskara Nafarroa osoan ofizial egiten zuen Ebazpena eman zuela 1980ko azaroaren 3an: “Euskara eta gaztelania izango dira Nafarroako hizkuntza ofizialak”.
13- Euskararen 18/1986 Foru Legeak eraginda, Nafarroa hiru eremutan banatuta gelditu da. Eremu euskaldunean euskara ofiziala da, eremu mistoan herritarrek administrazioari euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko eskubidea daukate (17. artikulua) eta euskara pixkanaka eta modu egokian joango da irakaskuntzan sartzen, ikastetxeetan euskarazko lerroak jarriz, eskatzen duten guztientzat (25.1 artikulua). Azkenik, eremu ez euskaldunean administrazioari euskaraz egiteko eskubidea dute herritarrek baina administrazioak interesdunei gaztelaniazko itzulpena eskatu ahal die (18. artikulua). Eremu horretan euskararen irakaskuntzari laguntza emango zaiola ere aipatzen da, eta, hala badagokio, aginte publikoek guztiz edo zati batean finantzatuko dutela irakaskuntza hori (26. artikulua).
14- Zatiketa hori ikusita, zalantzan jartzen dugu Espainiako estatuak Adierazpena Nafarroan aplikatu izana. Gure ustez, Espainiako estatuak Ituna Berresteko Agirian egindako Adierazpenaren arabera, eta LORAFNA delakoak euskara ofizialtzat jotzen duenez, Espainiako Adierazpenaren lehenengo paragrafoko hizkuntzei aplikatzen zaizkien xedapen guztiak aplikatu beharko litzaizkioke Nafarroan euskarari.
2.1. Hizkuntz ordezkapenaren prozesu historikoa eta egungo berreskuratze-egoera.
2.1.1. Euskara, Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza
15- Euskara edo euskal hizkuntzaren berezitasun morfologiko eta lexikoek, hizkuntza erromanikoez inguratuta, irla moduan dagoen hizkuntza izateak, eta bere jatorri misteriotsuak beti piztu izan du jakin-mina eta interesa Europa osoko ilustratuen artean, XVII. mendetik aurrera bereziki. Orduz geroztik hainbat teoria sortu dira bere jatorria argitzeko, eta beste zenbait hizkuntzekin ahaidetu dute (1). Hala ere, gaur egun oraindik ere misterioa da euskararen ahaidetasuna (2). Hipotesi nagusia da jatorriz hizkuntza preindoeuroparra dela, bere hedadura geografikoa asko murriztu dela, eta orain dela 2.000 edo 2.500 urte antzinako euskara hitz egiten zen lekuan hitz egiten dela gaur egun ere (3).
16- Tradizioz, euskara ez da hizkuntza idatzi moduan erabili izan. Jose Maria Lacarra historialariak (4) adierazi zuen zaila eta ezohikoa dela arrotz zaien hizkuntza batean idazten duten eta testuetan noizean behin bertako hizkuntzako hitz bat edo beste tartekatzen duten herrien historiografia egitea. Izan ere, mendetan ez baitute euskaldunek euskaraz idatzi. Koldo Mitxelena eta José Mª Jimeno Jurío ikerlarien ustez, hizkuntzaren beraren ezaugarriak dira euskaraz hain berandu idazten hasi izanaren arrazoia (hizkuntza ez erromanikoa izatea, fonetika berezia duena; baskoiek ez zeukaten sistema grafikorik beren hizkuntza adierazteko). Hizkuntza idatziz ez erabiltzea ez zen euskararekin bakarrik gertatu. Penintsulan, Europako mendebaldean eta beste hainbat lekutan izan ziren adierazpen idatzirik izan ez duten hizkuntza prerromanikoak, arrazoi bat edo beste dela latinaren edo beste hizkuntzen indarraren eraginez desagertu direnak, euskararekin gertatu ez den moduan (5).
17- Dakigula, behintzat, nahiz eta guretik hainbat herri eta kultura pasatu, euskarak bizirik iraun du. Latinarekin batera bizi izan zen. Pirinioetako alde batean eta bestean erromantzeak sorrarazi zituen hizkuntza hori administrazio sekularrak nahiz elizak ofizialki bere egin zuten; eta erromantzeek ere administrazioaren babesa jaso zuten. Nahiz eta orain dela hogei urte arte euskara ez den bere lurralde historikoetan hizkuntza ofizialtzat onartu (6) —oraindik ez da ofiziala bere lurralde historiko guztietan, ezta gehienetan ere— hizkuntzak bizirik dirau. Bizirik iraute hori ez da gertatu hegoaldeko haranetan hain orografia nahaspilatua ez duen euskararen lurraldearen egiturari esker. Euskal lurraldea nahita isolatua geratzeagatik ere ez, garai bateko Vasconiatik bide garrantzitsuak pasatzen baitziren eta horrek erromanizazioa —ez, ordea, latinizazioa— leku guztietara iristea ahalbidetu baitzuen. Euskara idatziz erabili ez izana izan liteke latinaz babesteko arrazoia; izan ere iberoa, ahoz zein idatziz erabilia, eta beraz, hizkuntza jasoa zena, bere lurraldean desagertu eta hizkuntza erromanikoak hartu baitzuen haren lekua. Hala ere, badirudi hau dela euskarak bizirik irautearen arrazoi logiko eta benetakoa: euskara erabat nagusi zela lurralde haietan, herri-hizkera euskara zela, alegia. José Mª Jimeno Jurío historialariaren ustez, baliteke mendi aldeko Vasconia inoiz latinizatua ez egon izatea, eta hirigune garrantzitsuenak ere inoiz guztiz latinizatu gabe egotea (hiriak izaten dira inperioaren hizkuntza hedatzen dutenak), elebitasunak edo akulturizazio linguistikoak gizarteko sektore oso zehatz batzuei bakarrik eragin baitzien. Baserri-giroko jendeak, garai hartan gehiengoa zenak, ahoz komunikatzeko euskara bakarrik erabiltzen jarraitu zuela dirudi, bai erromanizazio-garaian eta baita geroago ere (7).
18- Beraz, euskara da hizkuntza hau gaur egun erabiltzen den lurralde guztietako berezko hizkuntza. Euskal hizkuntzako espazioaren errealitate horri tradizioz Euskal Herria deitu izan diote euskal hiztunek euskaraz, eta hizkuntza erromantzeez, berriz, Pays des Basques (8), Pays Basque edo País Vasco.
19- Euskaraz hitz egiten zen lurraldeei tradizioz Euskal Herria (euskaldunen herria) deitu izan zaie euskaraz. Halaxe egin zuten, esate baterako, Ioannes Leiçarragak 1571n (9) edo Pedro Daguerre Azpilicueta “Axular”ek 1643an (10). Azken horrek, gainera, euskal lurraldeen izenak ere aipatu zituen: Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba.
20- Axularrek 1643an adierazitako lurralde historiko horietaz guztietaz ari gara agiri honetan Euskal Herria aipatzen dugunean. Euskal Herria hitza darabilgu berezko hizkuntza euskara duten eta Pirinioetako alde banatako administrazioen menpe dauden lurraldeak izendatzeko: Espainiako estatuan dauzkagu, alde batetik Nafarroa —administratiboki Nafarroako Foru Komunitatea dena— eta bestetik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa —administratiboki Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) osatzen dutenak —. Bestalde, Frantziako estatuaren menpe daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Ez daukate instituzio administratibo propiorik, eta administratiboki Akitania eskualdeko Pirinio Atlantikoen departamenduaren barruan daude sartuta.
| 1. mapa: Euskal Herria, euskal hizkuntzaren lurralde historikoak |
![]() |
2.1.2 Hizkuntz ordezkapen-prozesuaren inguruko ohar historikoak
21- Aurreko puntuan ikusi dugun moduan, euskara da gaur egun hizkuntza hau erabiltzen den lurralde guztietako berezko hizkuntza, nahiz eta euskararen gaur egungo egoera ordezkapen-prozesu historiko luze baten ondorio izan.
22- Dauzkagun lekukotasun historiko bakanen arabera, 1866an Euskal Herrian 902.000 pertsona bizi ziren, eta horien erdiak baino gehiagok, 471.000 inguruk, euskaraz hitz egiten zuten (11). Gaur egun, 130 urte geroago, euskal hiztunak ez dira Euskal Herri osoko biztanleen laurdena izatera ere iristen:% 22,5 dira (12):
23- Hizkuntz ordezkapenak ez du eragin bera izan lurralde guztietan. Guztien artetik Nafarroa, euskal hizkuntzaren lurralderik zabalena, izan da “eraso bortitzenak pairatu eta deserrotze handiena izan duena. Hain gogorrak izan dira eraso eta deserrotze horiek, non lurraldeko zati handi batean jendeak ahaztu ere egin baitu garai batean han euskara erabiltzen zela eta euskarak kultura eta historia aldetik daukan garrantzia ere ez baitute aintzat hartzen” (13). Nafarroan, Aro Modernoan “euskal hiztun kopururik handiena izan duen euskal lurralde historikoan”, euskarak jasandako galera demografikoak (14) zenbaki hauek erakusten dizkigu:
| Euskal hiztunak Nafarroan | Euskarak Nafarroan izan duen bilakaera demografikoaren taula (15) | ||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1587 | 1778 | 1863 | 1936 | 1986 | 1991 | 1996 | |
| 97.000 | 121.000 | 90.344 | 60.724 | 50.953 | 51.147 | 55.930 | |
| %64,7 | %53,1 | %30 | %17 | %10,15 | %10,22 | %10,9 | |
| Euskarak Nafarroan izan duen bilakaera demografikoaren grafikoa |
![]() |
| 2. mapa: Euskararen nagusitasunak Nafarroako eremu geografikoan izandako atzerakada historikoa erakusten duten lerroak (16) |
![]() |
24- Euskal hiztunen portzentajea jaitsi egin da lurralde historiko denetan, baina batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, Estatutik gaztelaniazko hiztunak ziren langile ugari jaso baitzituzten euskarak legezko estatusik eta administrazioaren babesik ez zuen garaian, derrigorrezko irakaskuntza gaztelaniaz besterik egin ezin zitekeenean, euskara bizitza publikotik baztertuta zegoenean.
2.1.3. Deskribapen demolinguistiko laburra: euskararen susperraldiaren hasiera
25- Euskal hiztunen komunitateak euskara berreskuratzeko proiektu kolektibo bat abiarazi zuen 1970eko hamarkadaren hasieran. Belaunaldien arteko transmisioan gertatu zen euskal hiztunen galera historikoa gelditzen hasi zen, batez ere ikastolak eta gaueskolak bezalako proiektuei esker (sortu zirenean legez kanpokoak ziren). Ikastoletan belaunaldi berriak euskaraz eskolatuz eta gaueskoletan helduek hizkuntza berreskuratuz, hiztun-komunitatean pixkanaka-pixkanaka euskararen suspertze demografikoa hasi zen.
26- Espainiako estatuko lurraldeei dagokienez, 1980ko hamarkadan euskarari berezko hizkuntzaren estatusa eta ofizialtasuna aitortzeak aldaketa kualitatiboa ekarri zion euskararen egoerari. Garapen juridikoak babes orokorra eskaini dio euskarari EAEko lurralde osoan. Nafarroan, ordea, ez. Eta horrek bere ondorioak izan ditu berreskurapen-prozesuaren erritmoan: hizkuntz gaitasunaren progresioa nabarmenagoa izan da EAEn, alegia, 1979. urtean erkidego osorako ofizial izatearen estatusa eman zitzaion lurraldean.
27- Egoera demolinguistikoaren eskema ondorengo taulan ikus daiteke:
| Euskal Herriko egoera demolinguistikoaren taula (1996) (17) | |||
|---|---|---|---|
| Euskal hiztunak | Elebidun pasiboak | Erdaldunak | |
| Espainiako estatua | % | % | % |
| Euskal Autonomia Erkidegoa – EAE | 25,3 | 16,2 | 58,5 |
| Nafarroako Foru Komunitatea | 10,9 | 7,4 | 81,7 |
| Frantziako estatua | |||
| Lapurdi, Behenafarroa, Zuberoa | 26,4 | 9,3 | 64,2 |
| Euskal Herria | 22,5 | 14,5 | 63 |
28- Espainiako lurraldeei dagokienez, bilakaera demolinguistikoak erakusten du euskara suspertzen ari dela belaunaldi berrietan, horixe baita euskal hiztunen proportziorik handiena daukan adin-tartea. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan nabarmena da euskararen suspertzea. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan ez dago aukerarik euskarazko irakaskuntza publikorako, eta suspertzea ez da hain nabarmena. Ondorengo taulak erakusten ditu 16-24 adin-tarteko euskal hiztunen proportzioak:
| EAE eta NFK-ko euskal hiztunen proportzioa erakusten duen taula. 16-24 adin-tartea (18) | ||
|---|---|---|
| Autonomia erkidegoa | Lurraldea | Euskal hiztunak 16-24 urte |
| Euskadiko Autonomia Erkidegoa | Araba | %16 |
| Bizkaia | %24 | |
| Gipuzkoa | %54 | Nafarroako Foru Komunitatea | Nafarroa | %11 |
Ehuneko horiek gainontzeko adin-tarteekin alderatuta, grafikoki ikus daiteke euskara suspertzen ari dela.
| Euskal hiztunen grafikoa adin-taldeka. EAE eta Nafarroa |
![]() |
2. 2. Esparru juridikoa. Alderdi orokorrak
29- 1978an onetsitako Espainiako Konstituzioaren 3.1. artikuluak agintzen du gaztelania dela Estatuko hizkuntza ofiziala (beraz, Estatuko hizkuntza ofizial bakar egiten du gaztelania), eta horrez gain adierazten du espainiar guztiek daukatela gaztelania ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea.
30- Estatu kontzeptua hainbat esanahirekin erabiltzen du legelariak. Alde batetik, lurraldea adierazteko darabil, eta bestetik, instituzioaren kontzeptu juridiko gisa. Gaztelaniaren ofizialtasunari dagokionez, Estatu kontzeptuak bi zentzu horiek hartzen ditu bere baitan. Batetik, gaztelania Estatuaren lurralde osoan dela ofiziala adierazten du argi eta garbi, hori dela Espainiako lurraldean hitz egiten den hizkuntza bakarra. Baina bestetik, bigarren esanahia ere adierazten du, gaztelania Espainiako instituzioen hizkuntza ere dela, alegia. Horrela, bada, Estatuko administrazioek gaztelania ezarri zuten lan-hizkuntzatzat Konstituzioa garatzeko sortutako arauen bidez (ikusi, adibidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea. Honela dio 36. artikuluak: “Estatuko administrazio orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko dira”).
31- Konstituzioaren 3.2. artikuluaren arabera, “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan berauen Estatutuei dagozkien eran”.
32- Beraz, tokian tokiko estatutuak ezarritakoaren arabera izango dira ofizialak gainerako hizkuntzak autonomia-erkidegoetan.
33- Horren harian, euskarari dagokionez adierazi behar dugu Penintsulako aldean Euskal Herria zatitzen duten bi autonomia-erkidegoetan euskara ofiziala dela, baina batean eta bestean desberdina dela ofizialtasun hori.
34- Ondorengoa agintzen du Euskal Herria osatzen duten zazpi probintzietako hiru bere baitan hartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak (3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa) 6. artikuluan:
“1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubide.
2. Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ñabardurak kontuan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz, eta berorien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
3. Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko”.
35- Nafarroako Foru Komunitateak, berriz, honela dio Nafarroarentzat bakarrik balio duen Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren (NFEBHLO) 9. artikuluan:
“1. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala.
2. Euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan. Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du”.
3.1. Espainiako estatuak egindako txostenaren lehenengo zatia. Iruzkin laburra
3.1.1. Ituna aplikatzeko agiriak eta bestelako xedapen juridikoak
36- Espainiako estatuaren txostenari egiten diogu hemen erreferentzia. Txostenak dio Estatuan gaur egun indarrean dauden legeak egokiak direla Itunak agintzen duen babes-mailari erantzuteko. Aurrerago aipatzen du babes-erregimen ugari aplika daitezkeela, eskumenak banatuta baitaude.
37- Azken hori egia da, bai. Baina gure ustez, Itunak agintzen duen babes-mailari egoki erantzuteko, Estatuan gaur egun indarrean dauden legeak nahikoak ote diren jakiteko, arau horiek guztiak aztertu behar dira eta bakoitza bere eskumen-esparruan nola aplikatu den ikusi, horrek esango baitigu, benetan, ezarritako babes-maila egokia den ala ez. Gure ustez, behintzat, gaur egungo babes-maila ez da nahikoa geroxeago aipatuko ditugun esparruetan. Ez dugu ahaztu behar Espainiako estatuan Estatu kontzeptu zabalak aginte publiko guztiak hartzen dituela bere baitan, autonomia-erkidegoak barne.
3.1.2. Hizkuntzen babes eta garapenean laguntzen duten erakundeak
38- Garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herrian euskara bultzatu eta normalizatzeko asmoz lanean dabiltzan mota guztietako erakundeak atal honetan aipatzea (gobernu-erakundeak nahiz gobernuz kanpokoak).
39- Txosten honetako 5. atalean bildu ditugu txostena egiten parte hartu duten erakundeak. Zerrendari begirada bat emanda ikus daiteke zein zabala den gure hizkuntzaren aldeko gizarte-mugimendua.
3.1.3 Ituna hobeto ezagutzeko hartutako neurriak
40- Gure ustez, Espainiako estatuak bere agirian adierazitakoa ez da ganorazkoa, eta beraz, ez zaigu iruditzen txostena arrazoi nahikoa denik gai honen inguruan hartu beharreko neurriak hartu ez izana justifikatzeko.
41- Pentsatzen dugu hartu beharreko neurrien gabezia argi ikusten dela Nafarroako Foru Komunitatean, eta iruditzen zaigu behar-beharrezkoa dela erregio edo gutxiengo hizkuntzak dituzten erkidegoetako aginte-erakunde guztiek Ituna behar bezala ezagutzea.
42- Nafarroarekin jarraituz, herri-administrazioetan euskararen erabilera arautzeko egin zituzten lehendabiziko dekretuetan Ituna aipatzen zen (martxoaren 21eko 70/1994 Foru Dekretuan, eta uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuan), baina ez ordea ondorengoetan (abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuan eta hori baliogabetu zuen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan, Nafarroako Administrazio Publikoetan Euskararen Erabilera arautzen duenean). Azken horietan ez zaio inongo erreferentziarik egiten Espainiako estatuak sinatu eta berretsitako Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunari.
3.1.4 Ministroen Batzordeak emandako gomendioak martxan jartzeko eta gomendio horiek ezagutzeko interesa dutenei informazioa emateko hartu diren neurriak
43- Aurreko puntuan adierazitakoa berresten dugu puntu honetan.
3.2. Itunaren 7. puntuaren aplikazioa: oinarri eta helburuak. II. Zatia
44- Espainiako estatuak Itunaren 7. artikuluan adierazitako oinarri eta helburuak betetzen ote dituen jakiteko, kontuan izan behar dira bi gauza: Estatuaren eskumen-banaketa eta ezarrita dagoen autonomia-sistema. Bi horiek direla-eta, hainbat aginte-erakunderi dagokie aipatutako oinarri eta helburuetaz arduratzea.
45- Horri dagokionez, eta kontuan izanda Espainiako estatuak hautatutako aukeretako bakoitzaren aplikazioa nola dagoen aztertuko dugula hurrengo kapituluan, atal honetan generikoki aipatuko ditugu garrantzizko zenbait gai:
46- 1- Gutxiengoen hizkuntza bakoitzeko eremu geografikoa errespetatzeko oinarri eta helburua. Printzipio horren arabera, egiten diren administrazio-zatiketek ez diete oztopo edo zailtasunik jarri behar erregio eta gutxiengoen hizkuntzei.
47- Lehen adierazi dugun bezala, hizkuntzari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateak eremukako zatiketa egin du, eta hizkuntza berreskuratzeko eskubidea eskatzen duen erkidegoaren zati garrantzitsu bati ez dio eskubide hori aitortzen. Gainera, eremu mistoan eskubideak murriztu egiten dizkie herritarrei, eta, azken batean, administrazio-zatiketa egiten du eremukako zatiketa horrekin. Hori dena Itunaren helburu eta oinarrien aurkakoa dela iruditzen zaigu, eta pentsatzen dugu euskal hizkuntzaren sustapena eta garapena ez gertatzea edo oztopatzea duela helburu. Foru Komunitateko euskal hiztunak diskriminatzeko neurria da, eta hizkuntzak sustatu eta normalizatzeko gizartean beharrezkoa den baketik urruntzen gaituena.
48- Gainera, neurri hori gehiegizkoa da, justifika ezina eta diskriminatzailea. Neurri horren arabera, administrazio-eremu misto bat ezarri da, hizkuntzaren ofizialtasuna onartu gabe zenbait eskubide aitortzen dituena. Eremu horretan daude, gainera, bertan nahiz eremu euskaldunean bizi diren herritarrei eskaintzen zaizkien Komunitate-mailako administrazio-zerbitzu guztiak (periferiako eta Komunitateko administrazioa, osasun-zerbitzuak, justizia, unibertsitate-hezkuntza...).
| 3. mapa 3: Nafarroako hizkuntz eremuen banaketa 18/1986 Foru Legea |
![]() |
49- 2- Aginte-erakunde zentralen jarduera hizkuntz normalkuntzan. Espainiako estatuak hatuatu dituen aukera zehatzen aplikazioan ikusiko dugun moduan, aginte zentralaren menpeko administrazio periferikoaren jarduera erabat eskasa da, eta ez du batere laguntzen normalizazio-prozesuan. Hizkuntzak justizia-administraiozan duen egoerak eta administrazio periferikoetan neurririk ez hartzeak eragiten dute azken batean 7. artikuluan adierazitako oinarri eta helburuak benetan ez betetzea.
50- 3- Erregio eta tokiko aginte-erakundeen jokabideari dagokionez, nabaria da teorian ezarritakoaren eta praktikan egiten dutenaren arteko desberdintasuna.
3.3. Espainiako estatuak aukeratutako atalen aplikazioa. III. Zatia
3.3.1. 8. artikulua. Irakaskuntza
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak
1. paragrafoa, a(i), b(i), c(i), d(i), e(iii), f(i), g, h, i atalak.
2. paragrafoa.
b) Paragrafo bakoitza aplikatzeko hartutako neurriak. Neurri horien inguruko oharrak.
51- Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu 8. artikulu horrek bereizketa egiten duela erregio edo gutxiengo hizkuntzak hitz egiten diren lurraldeen eta hizkuntza horiek tradizioz hitz egiten diren lurraldeen artean.
52- Bereizketa hori dela-eta, batean eta bestean neurri desberdinak hartuko direnez, hauxe jakin beharko dugu lehendabizi: Espainiako estatuan zeintzuk diren erregio edo gutxiengo hizkuntzak tradizioz hitz egiten ez diren lurraldeak. Baina kontu hori argitu gabe dago, eta beraz, oraindik zehaztu gabe dago zein hizkuntzari aplikatu behar zaizkion neurri batzuk eta zeini besteak.
53- Hezkuntza-eskumenei dagokienez, Espainiako Konstituzioak argi esaten du Estatuari dagokiola hezkuntzarako eskubidea garatzeko oinarrizko neurriak hartzea (149.1.30. artikulua), eta autonomia-erkidegoei dagokiela neurri horiek garatzea.
54- Gaur egun ezarrita dagoen lege-esparruaren arabera, eta Konstituzio Auzitegiarekin bat etorriz (Konstituzio Auzitegiaren 337/1994 Epaia), hezkuntzarako oinarrizko eskubidea izateak ez du esan nahi autonomia-erkidegoetan ofizialak diren hizkuntzetako bat aukeratzeko eskubidea dutenik interesdunek ikasketak egiteko. Gainera, Konstituzioaren ikuspuntutik, hezkuntzarako eskubideak gurasoei ez die aukerarik ematen beraiek aukeratzen duten ikastetxe publikoan seme-alaben ikasketetarako hizkuntza aukeratzeko, baina, era berean, gaztelania ezagutzeko guztiok daukagun betebeharrak ez du eskubiderik ematen hizkuntza ofizialkidea hezkuntza-hizkuntza moduan baztertzeko.
55- Hortik ondorioztatzen da autonomia-esparrura jo behar dela Itunaren 8. artikulua betetzen ote den jakiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoa
Eskolaurreko Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
56- Azaroaren 24ko 10/1982 Legeko (Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa) 5. artikuluaren arabera, euskal herritar guztiek daukate ikasketak bi hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea. Era berean, irakaskuntzan euskara nola erabiliko den zehazten du II. kapituluak.
57- Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legea ere, otsailaren 19koa, aipatu beharrekoa da, bertako 3. artikuluak adierazten baitu euskal eskola publikoaren helburuetako bat hau dela: ikasle guztiek, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea.
58- Bestalde, beste hauek ere kontuan hartu behar dira: 2/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez Kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzkoa; 47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, Irakaspostuetarako Hizkuntza Eskakizunak eta Derrigortasun Egunak Zehazteko Irizpideak finkatzen dituena; eta 6/2000 Dekretua, urtarrilaren 18koa, Irakaspostuen Hizkuntz Eskakizunak eta Derrigorrezkotasun Datak Ezartzeko Irizpideak Finkatzen Dituen Dekretua Bigarrenez Aldatzeko dena.
59- Ezarrita dauden legeen arabera, ikasle guztiek daukate euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko eskubidea. Eta gainera, beharrezko neurriak hartuko dira derrigorrezko hezkuntza bukatzerakoan ikasleek bi hizkuntza ofizialak maila berean erabili ahal izateko ahalmena lor dezaten.
60- Betebehar hori dela-eta eratu zen gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan daukagun hezkuntza-ereduen sistema.
61- Sistema horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hiru hezkuntza-eredu daude:
62- Gaur egun, indarrean dagoen eredukako sistema zalantzan jarria dago, zenbait urtetako esperientziaren emaitzek erakusten baitute A ereduak, eta zenbait kasutan B ereduak ere, ez dutela bermatzen ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatzerakoan euskararen erabateko ezagutza lortzea. Hainbat guraso-elkarte, hezkuntza-sindikatu eta hezkuntza-arloko erakunde ari dira hezkuntza-sistema aldatzeko eskatzen. Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan ikasle guztiak bi hizkuntza ofizialak benetan maila berean erabiltzeko gaituko dituzten hezkuntza-ereduak nahi dituzte.
63- Horren harian, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (19) zera adierazten du:
“A ereduan ikasten duten haur erdaldunek, bestalde, oso maila apala dute ulermen-mailan, apalagoa idazteko eta hitz egiteko. Ez dute legeak finkatzen duen “nahikotasun”-mailarik lortzen. B eredu “bigunean” ere hutsune nabarmenak agertzen dira: nahasketak fonologian, lexikoan eta joskeran, hiztegi mugatua, esaldiak osatzeko zailtasuna eta abar” (58-59 or.).
64- Arauei dagokienez, horrek esan nahi duena da gaur egun indarrean dagoen hezkuntza-sistema aldatu beharra dagoela, eta gaur egungo legeek ezarritako eskubide eta betebeharrak modu eraginkorrean bermatzeko moduko irakaskuntza-eredua hautatu behar dela.
Hezkuntza tekniko-profesionala
65- 10/1982 Legeak, Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoak, ikasle guztiei aitortzen die hezkuntza-maila guztietako ikasketak euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko eskubidea.
66- Era berean, Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legeak 5.b artikuluan adierazten du eskola publikoari dagokiola, alde batetik, hizkuntz ereduen plangintza egitea, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten; eta bestetik, aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten administrazio bideak garatzea.
67- Aurrerago, honakoa dio 12. artikuluak: “Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek hezkuntzaren maila guztietan euskaraz nahiz gazteleraz ikasteko duten eskubidea bermatuko da“.
68- Horri dagokionez adierazi behar dugu, bai heziketa teknikoan eta bai lanbide-heziketan, guztiz ezberdina den errealitatea daukagula. Izan ere, B eta D ereduetan ikasten duten ikasleek Derrigorrezko Hezkuntza bukatzen dutenean ez baitaukate askatasunik ondorengo ikasketetan hizkuntz eredua aukeratzeko.
69- Derrigorrezko Hezkuntzaren ondorengo ikasketak A eta D ereduetan egin daitezke, baina D ereduaren eskaintza eta, beraz, euskarazko hezkuntza jasotzeko eskubidea, oso urriak dira.
70- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2002-2003 ikasturteko matrikulazioaz dauzkan datuak begiratzen baditugu, segituan ikusiko dugu nolako alde handiak dauden ereduen artean. Euskarazko Lanbide Heziketaren eskaintza urriak eragiten du desberdintasun hori:
| Lanbide Heziketako matrikulazioen taula, hizkuntz ereduen araberakoa. EAE (20) | ||
|---|---|---|
| Hezkuntza-eredua | Erdi mailako Heziketa zikloa | Goi mailako Heziketa zikloa |
| A eredua | 9.190 | 15.776 |
| D eredua | 2.056 | 3.246 |
71- Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2002ko azaroaren 8ko Aginduak (2002ko azaroaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen) ez du irakasle elebidunentzako plazarik aurreikusten irakasgai hauetarako: ostalaritzako zerbitzuak, arte grafikoetako produkzioa, laborategia, bero- eta fluido-ekipoak instalatzea eta mantentze-lanak, estetika, komunikazio-prozesuak eta hedabideak, merkataritzako antolamendua eta kudeaketa, eraikuntza zibila, irudi pertsonaleko aholkularitza eta prozesuak, etab. Agindu horren bidez hautapen-probetarako deia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-Maistren Kidegoan, Lanbide-Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan, Bigarren Mailako Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoan, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoan eta Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegoan sartzeko.
72- Horrek adierazten du ez dela betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko d(i) atala.
Unibertsitate-esparrua
73- Unibertsitateko esparruari dagokionez, euskal unibertsitate publikoa den Euskal Herriko Unibertsitatearen gaur egungo estatutuek xedatzen dute unibertsitate hori elebiduna dela. Gaur egun, Hizkuntza Normalkuntzarako Bigarren Plangintza garatzen ari da.
74- Egungo datuen arabera, ordea, nahiz eta Estatutuek ikasketak euskaraz egiteko eskubidea aitortu, euskarazko irakaskuntzaren eskaintza % 55ekoa da unibertsitateko lehen eta bigarren zikloetan. Eta hirugarren ziklo edo doktoregoko ikasketetan, %7 besterik ez da euskaraz eskaintzen (21).
Helduen Hezkuntza
75- Lehen esan dugun bezala, Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Legeak hezkuntza-maila guztietan euskaraz ikasteko eskubidea ezartzen badu ere, egia esan arau hori ez da betetzen Helduen Hezkuntzan. Gainera, nabarmena da txostenean horren inguruko aipamenik ez dela egiten. Helduen Hezkuntzako irakaspostuen % 29ri besterik ez zaie eskatzen euskaraz jakitea (231/2002 Dekretua, urriaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Zereginen Ikaskuntzarako Ataletako eta Helduen Heziketako herri ikastetxeetako maisu-maistrentzako lanpostuen zerrendak onartzen dituena).
76- Horrekin lotuta, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak (22) Bizkaiko herritar baten kexa jaso zuen: Urrutiko Oinarrizko Hezkuntzako Euskal Ikastetxean matrikulatu nahi zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza euskaraz egiteko, baina ezin izan zuen, gaztelaniaz besterik ez baitute eskaintzen (38/2001 kexa).
77- Horrek esan nahi du ez dela betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko f(i) atala.
Etengabeko Prestakuntza
78- Aurkeztutako txostenak ez dio ezer Etengabeko Prestakuntzari buruz. Kontua da etengabeko lanbide-prestakuntza Hobetuz izeneko fundazioaren esku dagoela EAEn (euskal administrazioak, sindikatuek eta patronalak osatzen dute fundazioa). Hobetuzek eskaintzen dituen ikastaro guztiak gaztelaniaz bakarrik dira, ikastaro zehatzen bat eta euskara ikasteko ikastaroak kenduta. Etengabeko prestakuntza euskaraz egiteko bermerik ezak adierazten du agerikoa dela ez dela betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko f(i) atala.
Nafarroako Foru Komunitatea
Eskolaurreko Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
79- Abenduaren 15eko Euskararen 18/1986 Foru Legearen arabera, herritarrek eskubidea daukate hainbat hezkuntza-mailatan euskaraz eta gaztelaniaz ikasteko, eta horretarako, Nafarroako Gobernuak, alde batetik euskara irakaskuntza-planetan nola sartuko den arautuko du, eta bestetik, ikastetxe bakoitzean nola aplikatuko den zehaztuko du (19. eta 20. artikuluak).
80- Lege horren garapenerako egin zen 159/1988 Foru Dekretuak, maiatzaren 19koak, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan euskararen erabilpena arautzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntz ereduen sistemaren antzeko bat ezartzen du, baina aldagai gehiagorekin:
81- Euskararen Legeak ezarritako eremuen arabera aplikatzen da hezkuntzan hizkuntz ereduen sistema hori. Hau da, Legeak berak zehazten du eremu bakoitzari dagokion hezkuntza-eredua (24, 25 eta 26. artikuluak):
Dekretua aplikatu zenetik, euskara irakasgaitzat duen eredua (A eredua) hazi egin da, “eremu ez euskaldunean” batez ere (gogoan izan eremu horretan irakaskuntza publikoak ez duela eskaintzen euskara irakas-hizkuntzatzat duen eredurik, D eredurik, alegia (23)). D eredua sendotu egin da, eta irakaskuntza-eredu nagusia da eremu euskaldunean. Euskara irakasgaitzat ere ez duen G ereduak, berriz, nabarmen egin du behera Nafarroa osoan. Irakas-hizkuntzatzat bi hizkuntzak dituen eredu mistoa (B eredua) ez da existitzen hezkuntzako lehenengo urteetan. Ondorengo taulak erakusten du Nafarroan Haur Hezkuntzak eta Lehen Hezkuntzak izandako bilakaera, ehunekotan:
| Nafarroan irakaskuntza-ereduek izandako bilakaera erakusten duen taula (24) | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| Eredua | 88-89 | 92-93 | 96-97 | 00-01 | 1988-2001 |
| A | 5,48 | 9,58 | 17,2 | 26,67 | +21,19 |
| D | 13,34 | 16,92 | 22,1 | 25,25 | +11,91 |
| G | 81,18 | 73,5 | 60,6 | 48,07 | -33,11 |
Eremu mistoko ikastetxe publikoetan dagoen arazoa. Ikasle-ratioa
82- Abuztuaren 30eko 848/1988 Foru Dekretuaren araberako ikasle-ratioak kontuan hartuta egiten da eremu mistoko hezkuntza-ereduen eskaintza. Horrela, eremu mistoan eskariaren arabera jartzen dira D ereduko ikasgelak. Horrek esan nahi duena da D ereduko ikasgela jartzeko baimena lortzeko, gutxieneko ikasle-kopuru batek egin behar duela eskaera. Gaur egun, hiriburuko (Iruñea) 20 haurrek eta landa-inguruko 15ek eskatu dute D eredua. Ezarritako ikasle-ratioa betetzen ez bada, haur horiek ezingo dute D ereduan ikasi beraien ikastetxean.
83- Jaiotza-tasan 2000. urtera arte etengabeko beherakada izan den arren, ezarritako ratioa ez da aldatu 1986tik.
84- Esate baterako, Iruñeko San Joan auzoan 18 umek eskatu zuten D eredua 2002. urtean, eta ez zitzaien ikasgelarik eman; eta Arrotxapea auzoan, berriz, D ereduko 48 ikasletik 25ek bakarrik daukate ikasgela (25). Eremu euskaldunean, aldiz, ez dago gutxieneko ratiorik A ereduko ikasgelak jartzeko, eta ume bat edo birentzat ikasgelak jarri izan dira.
85- Horrek esan nahi du ez direla betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko a(i) eta b(i) atalak.
Hizkuntzak irakasteko eta ikasteko ereduak arautuko dituen dekretu-proiektua
86- Nafarroako Gobernuak dekretu bat idatzi du, oraingo A, B, D eta G ereduei I eta J ereduak gehitzen dizkiena. Dekretu hori onetsi gabe dago oraindik.
Ikastolak ez dira aintzat hartzen eremu ez euskaldunean
88- Ikastolen mugimendua XX. mendeko lehenengo hamarkadetan hasi zen, euskararen suspertze-prozesuaren hasieraren adierazle nagusi gisa. Ikasketak euskaraz egitea nahi duten ikasleen gurasoek sortu eta sustatutako eskola-eredua da, eta lurralde hauetako berezko ondare-hizkuntza suspertzeko gizarte-mugimenduaren barruko elementu bezala ulertu behar da.
89- Ikastolak, sortu zirenetik izan dira jazarriak; frankismoaren garaian guztiz debekatu zituzten. Baina hala ere lortu dute hezkuntza-sisteman erabat finkatzea. Horren adierazgarri da euskal lurralde historiko gehienetan gaur egun legez onartuta daudela, nahiz eta lege-onarpen hori desberdina izan erkidego batetik bestera, eta erkidego bereko eremu batetik bestera, Nafarroan gertatzen den bezala.
90- Aipamen berezia merezi dute puntu honetan eremu ez euskalduneko ikastolek, lurralde horretan historikoki hitz egin izan den ondare-hizkuntza seme-alabek berreskura dezatela nahi duten gurasoek sustatzen baitituzte.
91- Cortes, Lodosa, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera eta Bianako ikastoletan 392 ume ikasten ari diren arren, eremu horretako ikastolak gaur egun ez dira inolaz ere aintzat hartzen.
92- Herritarren laguntzari esker eta ikastolek legezkotzat jotzeko eta Nafarroako Administrazioaren laguntza jasotzeko daukaten eskubidea onartua izan dadin lanean jarraitzen duten gurasoen lan eta adoreari esker diraute bizirik ikastetxe horiek.
93- Kasu honetan, argi dago irakaskuntzan ez direla betetzen Itunaren 2. artikuluaren 2. paragrafoari eta 3. artikuluaren 1. paragrafoari dagokionez Espainiak Ituna berresteko agirian ezarritakoa. 8. artikuluaren 1. paragrafoko a(i) eta b(i) atalak ere ez dira betetzen.
Hezkuntza tekniko-profesionala
94- Une honetan Nafarroan ez dago, benetan, prestakuntzazko ikasketak euskaraz egiteko aukerarik. D eredua daukaten Bigarren Hezkuntzako Nafarroako ikastetxe guztietan egindako galdeketaren emaitzak aurkeztu zituen jendaurrean Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak 2002ko ekainean (ikusi 1. eranskina), eta jendaurrean adierazi zuen euskarazko prestakuntza-zikloen eskaintza handiagoa izateko eskaera dagoela. Eskaera horri erantzuteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta horrekin batera bidali dizkio euskarazko eskaintza handitzeko beharra adierazten duten eskaera-aurreikuspenaren datuak.
95- Beraz, euskarazko lanbide-prestakuntzari dagokionez, ez da betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko d(i) atalean adierazitakoa.
Unibertsitate-esparrua
96- Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Estatutuak onetsi zituen Nafarroako Gobernuak 1995ean (martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren bidez. Web orri honetan ikus daiteke gaztelaniazko testua osorik: http://unavarra.es/pdf/estat.pdf). 2002. urtearen bukaera aldera, NUPek Estatutu berriak idazteko prozesuari ekin, eta 2003ko martxoaren 7ko Klaustroan onetsi zituen. Estatutu berriek aldatu egin dute euskarak NUPen zeukan estatusa. Esate baterako, Estatutu zaharretako 6. artikuluaren edukia bertan behera gelditu da. Hauxe zioen artikulu horrek: “Gaztelania eta euskara dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere egiten dituen hizkuntzak eta beraz, unibertsitario guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea”. Horren ordez, Estatutu berriek honela diote 118. artikuluan:
“1- Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntzak dira, eta, beraz, unibertsitateko kide guztiek dute biak jakin eta erabiltzeko eskubidea, hurrengo artikuluak ezarritako moduan.2.
2- Unibertsitate Publikoan euskara administrazioan nola erabiliko den erabakitzeko erreferentziatzat hartuko dira organo eskudunek lege indardunei jarraikiz ematen dituzten hizkuntza jarraibideak”.
97- Bestalde, Estatutu zaharretan, ikasleen eskubideak zehazten dituen 90. artikuluko h atalean adierazten zen ikasleen eskubidea dela “irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea indarrean diren legeekin bat etorriz”. Baina eskubide hori ezabatu egin da Estatutu berrietan ikasleen eskubideak zehazten dituen 97. artikuluan.
98- V. tituluan, “Euskara unibertsitatean” izenekoan, arautzen da euskarari buruzkoa. Estatutu zaharretako 102. artikulua, hizkuntza dela-eta inor ezin dela diskriminatu agintzen zuena, desagertu egin da Estatutu berrietan. Zera zioen 102. artikulu horrek: “Unibertsitateko Komunitateko partaide guztiek dute gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea, eta Unibertsitatearen esparruan inor ez da berezitua izango bi hizkuntzetako edozein erabiltzeagatik”.
99- NUPen Estatutu berriek hainbat eskubide aitortzen dizkiete unibertsitateko kide guztiei 119.1. artikuluan. Merezi du Estatutu berriek (119.1 artikulua) eta zaharrek (103.1 artikulua) diotena erkatzea, berrietan hiritarren eskubideak nola murriztu diren agerian jartzeko:
| Estatutu zaharretako 103.1 artikulua | Estatutu berrietako 119.1 artikulua | a) Unibertsitatearen gobernu erakundeekin Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan harremanak izatea. | a) Unibertsitatearen gobernu organo eta administrazio zerbitzuetara zuzentzean, Foru Erkidegoko bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egitea. |
|---|---|
| b) Unibertsitatetako bileretan Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan hitz egitea. | b) Unibertsitateko bileretan Nafarroak dituen bi hizkuntzetako edozeinetan hitz egitea. |
| c) Beren ikerketa lanak Unibertsitateak bere egiten dituen hizkuntzetan aurkeztu eta argitara ematea. | |
| d) Unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen ikasgaietan irakaskuntzak euskaraz jaso eta eskaintzea, eta lanak, azterketak edo frogak egitea. | c) Unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen irakasgaietan irakaskuntzak euskaraz jaso eta eskaintzea, bai eta lanak, azterketak edo probak euskaraz egitea ere, Legeak ezartzen duen moduan. |
Unibertsitateko kide guztiei aitortzen zaizkien eskubideen inguruko 119. artikuluko 2. atalak (Estatutu berriak) hauxe dio:
“Unibertsitateko organo guztiak, beren eskumen esparruetan, behartuta daude eskubide horiek bermatzen. Horretarako, Unibertsitateak behar diren baliabideak jarriko ditu”.
100- Gainera, Estatutu berrietako 120. artikuluko 1. eta 2. paragrafoek ezartzen dute NUPeko Gobernu Kontseiluak, Hizkuntza Plangintzako Batzordeak proposatuta, irakaskuntza-jardueretan euskara erabiltzeko plangintza onetsiko duela, eta Unibertsitatea euskarazko irakaskuntza-jarduerak garatzeaz arduratuko dela eskaintzari eta gizarteko beharrei jarraituz (120. artikuluko 1. eta 2. paragrafoak). Estatutu zaharretako artikulu horretan “normalkuntza” eta “garapena sustatuko du” bezalako esamoldeak azaltzen ziren. Berrietan, ordea, horrelakoak desagerrarazi edo aldatu, eta hain loteslea ez den beste hau jarri dute adibidez: “garatzeaz arduratuko da”. Estatutu zaharretan jartzen zuen Unibertsitateak plangintza bat egin eta neurriak hartuko zituela bere jardueretan euskararen erailera normaltzeko, eta horrez gain euskarazko irakaskuntzaren garapena bultzatuko zuela gizartearen eskaera eta beharrizanen arabera (104. artikulua, 1. eta 2. paragrafoak).
101- NUPeko ikasleen % 18,87k euskara-maila ona daukate, eta euskaraz nahiko ongi dakitela esaten dutenen kopurua ere kontuan hartzen badugu, % 25era igotzen da portzentajea. Euskal hiztunen kopurua urtetik urtera gorantz doa. Ikasleen % 24k adierazi du irakasgairen bat euskaraz jasotzeko nahia (26).
Euskarazko eskaintza
102- NUPeko Klaustroak 1995eko otsailean prestatu zuen Hizkuntza Normalkuntzako Plana, baina zuzendaritza-taldea aldatu eta Antonio Pérez Prados jauna errektore izendatu zutenean, horrek Plana gelditu eta ez zion Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari bidali.
103- Errektore jaunak zenbait neurri iragankor proposatu zituen 1998an, eta horiek dira gaur egun NUPen euskarazko irakaskuntza arautzen dutenak. Neurri horietako bat da euskaraz gehienez ere 18 kreditu egin daitezkeela (Maisutza espezialitatean izan ezik).
104- Hori dela-eta, euskarazko ikasketen eskaintza oso urria egiten du NUPek, nahiz eta ikasle euskal hiztunen artean lautik batek irakasgaiak euskaraz jasotzeko nahia adierazi duen eta kopuru hori urtetik urtera gorantz joango dela aurreikusten den. NUPek gelditu egin du Hizkuntza Normalkuntzako bere Plana eta euskarazko irakasgaien eskaintza murriztu du. NUPek eskainitako kredituak (27):
| Urteko kredituak | 1998/1999 | 1999/2000 | 2000/2001 |
|---|---|---|---|
| Magisterioan | 414 | 414 | 414 |
| Irakasgai solteak | ± 90 | 190 | 59 |
| Euskaraz eskainiak | 504 | 604 | 473 |
| NUPek kredituak guztira | ± 4.900 | ± 4.900 | ± 4.900 |
| % | 10,29 | 12,33 | 9,65 |
105- NUPek 14 titulu eskaintzen ditu. Bakar batean egin daitezke kreditu guztiak euskaraz: Maisutzan. Maisutzako diplomatura horri dagozkio NUPek eskaintzen dituen euskarazko kreditu guztien % 87,5. Beste titulazioetako irakasgaietan eta aukera librekoetan euskarazko 59 kreditu besterik ez daude. Gainera, oztopoak jartzen zaizkio urtetik urtera nabarmen gorantz doan joerari, eta zailtasun handiak daude taldeak osatzeko eskatzen dituzten baldintzak betetzeko. Orotara, NUPek eskaintzen dituen kredituetatik % 9,65 besterik ez dira euskaraz ematen (28).
106- Bestalde, aurreko ikasturtean Nafarroako 1.200 unibertsitario joan ziren auzoko unibertsitatera, alegia, Euskal Herriko Unibertsitatera, ikasketak egitera. Ez dakigu horietatik zenbatek erabaki zuten Nafarroako Unibertsitatera ez joatea bertan ezin zituztelako ikasketak euskaraz egin, baina pentsatzekoa da arrazoi horrek kasu askotan izango zuela zerikusia.
107- Herritarrek Nafarroako Unibertsitateari idatzitako 33 kexa jaso zituen 2002. urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Herritarrek 33 idatzietan adierazitako kexak izan ziren agiriak gaztelania hutsez jaso zituztela, informazioa gaztelania hutsez jaso zutela, edo askoz orokorragoa den kontua: NUPek ez dituela errespetatzen unibertsitateko ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleen eskubideak. NUPen hizkuntz eskubideen urraketaren inguruko kexa piloa ikusita, eta modu baketsuan egindako eskaera horiei politikoki eman zitzaien erantzun larria kontuan hartuta, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Report on Violations of Freedom of Speech at the Navarre Public University izeneko txostena egin eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordearen barruko Gutxiengoen Lantaldeari helarazi zion, 2002ko maiatzean Ginebran egindako lan-saioetan aurkeztuz. Informazio zehatzagoa eta frogagiriak 2. eranskinean daude.
108- NUPek antolatutako udako ikastaro ugarietako bakar bat ere ez dela euskaraz ematen adierazten duten kexak jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bai 2002. urtean eta bai 2003.ean ere (ikusi 2. eranskina, 536/2002 kexa-agiriari dagokiona).
109- Gaur egungo egoeraren ondorioz, Estatuak unibertsitate-arlorako hartutako neurriak ez dira betetzen; bestela esanda, ez da betetzen 8. artikuluko 1. paragrafoaren e (iii) atala.
Helduen Hezkuntza.
110- Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Gobernuak ez du eskatzen baldintza bezala euskara jakitea helduen etengabeko prestakuntzako irakasle postu bakar batean ere. Horrekin pentsa daiteke ez dagoela eskaintza publikorik helduen irakaskuntza edo etengabeko hezkuntza zati batean edo osorik euskaraz egiteko. Beraz, ez da betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko f(i) atalean esandakoa.
Hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza
111- Historia eta kultura irakasteko orduan ideologia kontrolatzeko neurriak hartzen ditu 2001. urteaz geroztik Nafarroako Gobernuak, euskaraz irakasten duten ikastetxeetan, bai publikoetan (D eredua), bai pribatuetan (ikastolak). Kontrol ideologikoa helburu izanik, Nafarroako Gobernuak 2001eko apirilean 595.000 euroko aurrekontu-partida sortu zuen gaztelaniazko testu-liburuak euskarara itzultzeko (partida hori Nafarroan euskara sustatzeko sortutako beste edozein partida baino handiagoa da), eta Nafarroako lehendakariak berak, Miguel Sanz jaunak, gaztelaniatik euskaratutako liburu horiek erabiltzera derrigortu zituen ikastetxeak. Testu-liburu horietan ez dago Euskal Herriaren inongo erreferentziarik. Ez da Euskal Herriaren eremu geografikoaren erreferentziarik azaltzen, eta euskal kultura eta hizkuntzaren erreferentzia historikorik ere ez da inon agertzen.
112- Euskara adierazpidetzat duten historia eta kulturaren irakaskuntzan egiten den esku-hartze eta kontrol horiek ez dute betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko g atala.
Irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntza
113- Nafarroako Gobernuaren politika murriztailea irakasleak beraien borondatez euskalduntzeko egitarauetan ere nabaritu da, egitarau horiek etenda gelditu baitira. Hori horrela izanik, ez da betetzen 8. artikuluaren 1. paragrafoko h atala.
3.3.2. 9.artikulua. Justizia.
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak: 1. paragrafoa, a(i), a(ii), a(iii), a(iv), b(i), b(ii), b(iii) c(i), c(ii), c(iii) eta d atalak.
2. paragrafoa, a atala.
3. paragrafoa.
b) Paragrafo bakoitza aplikatzeko hartutako neurriak.
Euskararen erabilera gaur egun justizia-administrazioan.
Esparru juridiko aplikagarria:
114- Espainiako Konstituzioko 149.1 artikuluaren arabera, Estatuak du eskumen osoa justiziako gai hauetan:
149.1.5. Justizia-administrazioa.
149.1.6. ... legegintza prozesala...
149.1.18. administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak, eta bertako funtzionarioen estatutu-araubidea...
115- Horrekin bat etorriz, zera dio Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoak, uztailaren 1ekoak, hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilerari buruz 231. artikuluan:
116- Era berean, prozedura kriminalari dagokionez, Prozedura Kriminaleko apirilaren 30eko 2/1992 Legeak zera dio lekukoez 440. artikuluan: lekukoak ez badu gaztelaniaz ulertzen edo ez badaki hizkuntza horretan hitz egiten, interpretari bat izendatuko da, eta interpretariak zin egingo du bere lana behar bezala eta fideltasunez egingo duela.
117- Beraz, indarrean dauden legeen arabera, esan dezakegu Espainiako estatuak ez dituela bermatzen 9. artikuluaren 1. paragrafoko a(i), b(i) eta c(i) ataletan ezarritakoak. Hau da, Estatuak ez du ziurtatzen alderdiren batek eskatuz gero erakunde judizialek prozedura erregio edo gutxiengo hizkuntzan eramango dutela aurrera.
118- Hori ziurtatzea ezinezkoa dela diogu, Botere Judizialaren Lege Organikoko 231.1 artikuluak xedatzen duelako gaztelania izango dela ekintza judizialetako hizkuntza eta epaileek erkidegoko berezko hizkuntza ere erabil “dezaketela”, hizkuntza hori ez jakiteagatik defentsa-gabezia izango duela pentsatzen duen alderdiren bat aurka ez badago.
119- Hau da, epaile eta magistratuen esku dago autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza ofiziala erabiltzeko ahalmena, eta ez prozedura gutxiengoaren hizkuntzan aurrera eramateko eskatzen duen alderdiaren esku. Eta gainera, aukeratzeko ahalmen hori epaile eta magistratuek bi hizkuntzak dakizkitenean bakarrik erabil daiteke.
120- Horrek ezin du bestela izan, Estatuko legeek ez baitie baldintzatzat jartzen epaile eta magistratuei gaztelania ez den bestelako hizkuntza ofizialik jakitea beraien jurisdikzio-egitekoak gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizialen bat daukaten autonomia-erkidegoetan egiteko.
121- Beraien hizkuntzan epaituak izan nahi duten herritarrek horretarako gaituta dauden auzitegietara joateko aukera izatea ere ez dute aurreikusten legeek.
122- Bestela esanda, gerta liteke hizkuntza ofizialkidea ezagutzen duen epaile edo magistratu bat egotea baina bera dagoen auzitegira ez joatea herritarrik bere hizkuntzan epaitua izateko eskubidea erabili nahi duenik, eta alderantziz, hizkuntza ezagutzen ez duen epaile batek eskubide hori erabili nahi duten herritarrak ezagutzea eta herritarrek eskubidea behar bezala ezin erabili izatea epaileak hizkuntza ezagutzen ez duelako.
123- Euskal Herriari dagokionez (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea), nabari-nabaria da epaile eta magistratuek ez dakitela gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialik.
124- Esate baterako, euskal hiztunen kopurua % 90etik gorakoa den esparru judizialetan ez dago euskaraz (hizkuntza ofiziala) dakien epaile edo magistraturik, eta ezinezkoa da alderdietako batek eskatzen badu prozedura erregio edo gutxiengoaren hizkuntzan aurrera eramango dela ziurtatzea.
125- Hori dela-eta, etengabekoak dira euskarak teorian gaztelaniak duen ofizialtasun-maila bera izanik, euskal hiztunek jasan behar izaten duten hizkuntz diskriminazioaren salaketak.
126- Esate baterako, Abokatu Euskaldunen Sindikatuak (29) txosten bat egin zuen 2002an Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera, adin txikikoen jurisdikzio penalean euskarak duen egoerari buruz. Txostenean argi ikusten da jurisdikzio horretan ez direla betetzen Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunetik aukeratutako atalak (30).
127- Izan ere, gauzak gaur egun dauden moduan, ohikoena da prozedura judizialetan interpretari bat izendatzea, eta horrek auzian euskaraz jardun nahi duten alderdien (akusatuak, salatzaileak, auzi-jartzaileak, auzipetuak, defentsaren edo akusazioaren abokatuak, edo lekukoak) adierazpenak ahozko bistan bakarrik itzultzea, auzia erabaki behar duten epaile eta magistratuek ez baitute hizkuntza ezagutzen. Aldiz, prozedura bat bera ere ez dago gaztelaniatik euskarara itzuli beharrik, herritar guztiek baitaukate gaztelaniaz jakiteko betebeharra.
128- Horregatik, abokatuen eta hizkuntz eskubideen aldeko zenbait elkartek egoera hori salatu dute, eta babes judizial eraginkorra izateko eskubidearen urraketa gertatzen dela eta diskriminatuak ez izateko eskubidea bete dadila eskatzen duen Babes Errekurtso bat ere jarri dute Konstituzio Auzitegian (2310/97-A Babes Errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 1997ko apirilaren 23an emandako Autoan oinarrituz J.M.B eta J.M.E.k egindakoa). Babes Errekurtsoan adierazi dute eskubide horiek urratu egiten direla aldeetako batek adierazpenak hizkuntza ofizialetako batean (euskaraz) egin nahi dituenean, epaia eman behar duenak ez duelako hizkuntza hori jakin beharrik eta interpretarien bidez banatzen duelako justizia; eta, aldiz, beste alderdiari (gaztelaniazko hiztunari) justizia zuzenean ematen zaiolako, nahiz eta bi hizkuntzek ofizialtasun-maila bera izan, gaztelania goragoko mailako hizkuntza izan gabe, alegia. Horrelakoak ez dira noizean behin gertatzen, justiziak sistematikoki horrela jokatzen baitu.
129- Konstituzio Auzitegiak 1997ko urriaren 1ean egindako Probidentziaren bidez Errekurtsoari eman zion erantzuna izan zen ahozko epaiketan adierazpenak euskaraz egin ahal izateko eskaera egiten duten errekurtso-egileei eta haien letratu defendatzaileei juridikoki eta logikoki ematen zaien erantzuna direla hartzen diren itzulpen-neurriak.
130- Izan ere, gaur egun indarrean dauden legeen arabera, lehen esan dugun bezala, lanpostuak lehiaketa bidez betetzeko, Botere Judizialaren Lege Organikoak merezimendu gisa besterik ez du aintzat hartzen hizkuntza ofizialkideak jakitea.
131- Ministerio fiskalari dagokionez, arautegian ez dio ezer hizkuntza ofizialkideak jakitearen inguruan. Eta hemen ere nabaria da gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialkideen ezagutzarik eza.
132- Justizia-administrazioko langileei dagokienez, gogoan izan behar dugu justizia-administrazioa Estatu-mailakoa dela, eta beraz, bertako langileak ere administrazio nazionaleko langileak direla. Gaur egun, bertako funtzionarioek ez daukate hizkuntza ofizialkideak ezagutzeko obligaziorik, eta hizkuntza horiek jakitea merezimendu gisa besterik ez zaie baloratzen.
133- Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoa ados jarri zen Gobernu Zentralarekin Gobernu Zentralak Gobernu autonomikoari justizia-arloko eskumenak eman ziezazkion (60/1996 Errege Dekretua). Eskumenen esku-aldatze horren ondoren, justizia-administrazioko funtzionarioei (baina ez epaile, magistratu, fiskal eta idazkari judizialei) eragiten dien Dekretu bat eman zuen Eusko Jaurlaritzak: 117/2001 Dekretua, ekainaren 26koa. Bertan, euskararen normalkuntzarako zenbait neurri agertzen dira. Bai Dekretu horren aurka eta bai Dekretuaren nahiz abenduaren 26ko 309/2000 Dekretuaren ondorioz egindako Normalkuntza Planaren aurka errekurtsoa jarri du Gobernu Zentralak Konstituzio Auzitegian.
134- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakin du Justizia Administrazioak ez zituela onartu auzi batean euskaraz soilik idatzitako zenbait testu, nahiz eta euskara hizkuntza ofiziala izan. Auzi hartan Administrazioarekiko Auzien Donostiako 1. Epaitegiko epaile-magistratuak Ebazpen bat egin zuen eskatzaileari eskatzeko agiriak gaztelaniaz ere aurkez zitzala. Euskara hutsez aurkeztea akatsa zela zioen Ebazpenak, eta eskatzaileari ohartarazten zion akatsa konpontzen ez bazuen jarduerak artxibatuko zituela (356/2003 kexa-espedientea. 987/2002 kexa ere euskara hutsez egindako agiriak ez onartuak izateagatik egin zuten).
135- Nafarroako Foru Komunitatean ez da batere eskumenik eskualdatu, eta hizkuntz normalkuntzarako neurririk ere ez da hartu.
136- Iruñeko (Nafarroa) Probintzia Auzitegiko idazkariak akusatu baten abokatuari gastuen behin-behineko tasazioa bidali zion 2003ko urtarrilean: 14.260,13 €. Zenbateko horretan sartu zituen epaiketako interpretazio- eta itzulpen-gastuak nahiz aldi bereko interpretaziorako azpiegitura teknikoaren gastuak. Akusatua nafarra zen, euskal hiztuna. Epaileak eta fiskalek ez zioten ulertzen eta berak ere ez zituen ulertzen haien galderak (55/2003 kexa).
137- Beraz, esan dezakegu Espainiako estatuak ez dituela bermatzen 9. artikuluaren 1. paragrafoko a eta c(iii) ataletan ezarritakoak.
138- Ez dago botere judizialaren xedapenik paragrafo horretako edukien inguruan.
139- Horri dagokionez esan behar dugu Espainiako estatuaren txosteneko C atalean (administrazio publikoek hartutako bestelako neurriak aipatzen dituen horretan) ez dela ezer esaten Euskal Autonomia Erkidegoaz eta Nafarroako Foru Komunitateaz.
3.3.3 10. artikulua. Administrazio-agintaritza eta zerbitzu publikoak.
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak.
1. paragrafoa, a(i), b eta c atalak.
2. paragrafoa, a, b, c, d, e, f eta g atalak.
3. paragrafoa, a eta b atalak.
4. paragrafoa, a, b eta c atalak.
5. paragrafoa.
b) Paragrafo bakoitza aplikatzeko hartutako neurriak.
140- Konstituzio Auzitegiaren arabera, hizkuntza bat ofiziala da, bere errealitatea nahiz gizarte-fenomeno gisa daukan indarra edozein izanda ere, aginte-publikoek aginte publikoetan, haien artean eta subjektu pribatuekin komunikatzeko erabiltzen duten balio osoko eta eragin juridikodun tresna normaltzat onesten dutenean (Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 Epaia).
141- Hortik ondorioztatzen da Konstituzioak 1978an ezarritako sistema juridikoaren arabera autonomia-erkidegoetako aginte publikoek hizkuntza bat ofizialtzat jotzen badute Konstituzioak emandako ahalmena erabiliz, hizkuntza hori subjektu pribatuen eta botere publikoen artean komunikatzeko tresna normal bihurtzen dela.
142- Horrez gain, Konstituzio Epaitegiaren arabera, hizkuntza ofizialkideak erabilgarriak dira lurralde zehatzetan, eta beraz, autonomia-erkidegoan dauden instituzio guztietan dira erabilgarriak, Estatu-mailako aginte publikoak izan ala erkidego-mailakoak izan.
143- Hori dela-eta, aginte publiko guztiek ofizialkidetasun bikoitzaren printzipiora egokitu beharra dute, eta hori gertatzeko, beharrezkoak diren mota guztietako neurriak hartu behar dira.
144- Beraz, esan bezala, autonomia-erkidegoei dagokie hizkuntzen ofizialtasunaren gaineko eskumena, hau da, Konstituzio Auzitegiko jergan hizkuntzen “ofizialtasunari datxekion edukia” esaten dena. Bestela esanda, autonomia-erkidegoei dagokie, alde batetik, ofizialtasunaren ondorio juridikoen legezko araubidea zehartzea, kasu honetan euskararen ofizialtasunarena; eta bestetik, hizkuntz normalkuntzaren helburuak lortzeko beharrezkoak diren plangintza-neurriak zehaztea. Baina, behin ofizialtasunari datxekion esparrua zehaztuta, eskumena duten instituzioei dagokie gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialaren erabateko eraginkortasuna eta baliotasuna antolatu eta lortzea.
145- Zentzu horretan, adierazgarria da Estatuak, aurkeztu duen txostenean, 30/1992 Legea (azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) aldatu zuen 4/1999 Legea, urtarrilaren 13koa, besterik ez duela aipatzen hartu dituen neurriei erreferentzia egiteko. Esaten du Lege horrek adierazten duela herritarrek eskubidea dutela erkidegoko hizkuntza ofiziala erabiltzeko, eta horrez gain, horretarako administrazio-prozedurak ezartzen dituela.
146- Adierazgarriena da arau hori eta seinaleen eta instituzioen irudiaren inguruko arau bat edo beste kenduta, ez duela aipatzen ofizialtasunari datxekion edukitik eratorritako ondorioak bermatzeko Estatu zentralak hartzen dituen neurrien inguruko araurik.
147- Horrekin dute zerikusia Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotzen dituen kexa askok: kexa horiek adierazten dute ezinezkoa dela EAEn dauden Estatuko aginte zentralekin ahozko edo idatzizko harremanak euskaraz izatea, edo koofizialtasunaren ondorioak ez direla betetzen (esate baterako, aginte zentralak agiriak gaztelania hutsez bidaltzen dizkiela herritarrei) (31).
Administrazio zentralak sortutako arauak eta hartutako neurriak
148- 1990eko uztailaren 20ko Agindua, Estatuaren administrazio periferikoan funtzionarioen lanpostuak betetzeko autonomia-erkidegoetako berezko hizkuntzak jakitearen inguruko arauak ezartzen dituena.
149- Agindu horren arabera, Estatuko administrazio periferikoan erkidegoko berezko hizkuntza ofizialak daukan ezartze-maila adierazten duen txosten bana egin behar du urtero gobernu zentraleko ordezkaritza bakoitzak. Txosten horiek ministro-sailek aztertzen dituzte, lanpostuetan hizkuntza aldetik bete beharreko zehaztapenak erabakitzeko.
150- Agindu hori ez da behin ere betetzen, eta Aginduko 3. arauaren azkeneko atalean ezarritakoa ere ez.
151- Esandakoaren adibidea da Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzietako Salako laugarren sekzioak 2002ko urriaren 2an emandako Epaia. Epai horrek baliorik gabe utzi zuen 2001eko urtarrilaren 12ko Agindua, Doneztebeko (Nafarroa) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko Prestazioen Bulegoko eremu-zuzendari plaza betetzekoa, euskaraz jakitea merezimendutzat ez zelako hartu (ikusi 3. eranskina).
152- Aurretik adierazi dugun bezala, 30/1992 Legeak (azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen ingurukoa) dioena alde batera utzita, administrazio periferikoak sistematikoki ez du aukerarik ematen erregio-hizkuntzak administrazio-prozeduretan erabiltzeko, ez baitu jartzen eskubide hori erabili ahal izateko beharrezko neurri eta tresnarik.
153- Estatuak ez du ezer aurkeztu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legetik eratorritakoa aplikatzen dela adierazten duenik.
154- Estatu-mailako administrazioek euskarazko agiriak ez dituztela onartzen adierazten duten hainbat kexa jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Horren adibide ditugu bi hauek: (1) Administrazioarekiko Auzien Donostiako 1. Epaitegiko epaile-magistratuak Ebazpen bat egin zuen eskatzaileari eskatzeko agiriak gaztelaniaz ere aurkez zitzala. Euskara hutsez aurkeztea akatsa zela zioen Ebazpenak, eta eskatzaileari ohartarazten zion akatsa konpontzen ez bazuen jarduerak artxibatuko zituela (356/2003 kexa-espedientea). (2) Posta eta Telegrafoak erakundeak ez zituen onartu euskaraz aurkeztutako agiriak (229/2002 kexa). (kusi 4. eranskineko agiriak, kexa horien ingurukoak).
155- Egia esan, bada 1465/1999 Errege Dekretu bat, irailaren 1ekoa, instituzioen irudia zaintzeko irizpideak ezarri eta Estatuko administrazio orokorraren agiri eta inprimakien ekoizpena arautzen duena. Baina Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kexa pila bat jaso ditu adierazten dutenak autonomia-erkidegoetan kokatuta dauden administrazio zentraleko erakundeek edo erkidego horietan bizi diren herritarrei zuzendutako erakundeek ez dutela Dekretua betetzen inprimaki eta agiriak egiterako orduan (ikusi 5. eranskineko agiriak).
156- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak dagokien administrazioei bidali dizkie kexen jakinarazpenak, eta administrazio horiek erantzun diote arrazoi hauek dauzkatela gaztelania hutsa erabiltzeko: Madriletik iristen diren agiriak direla; edo Estatu osoko herritarrei zuzendutakoak; edo gaztelania dela herritar guztiek jakin beharreko hizkuntza, Estatuko hizkuntza ofiziala; edota Estatu osoko herritarrei zuzendutako agirietan ez dagoela hizkuntza ofizialkiderik erabili beharrik.
157- Adibidez, honela erantzun zion, gaztelaniaz, 2003ko otsailaren 13an, Barne Ministerioaren menpeko Trafikoko zuzendari orokorrak Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bidalitako kexa-jakinarazpenari (kexa hori herritar batek bidali zion aurretik Behatokiari. Zera adierazten zuen: Trafiko Zuzendaritzak gaztelania hutsezko agiri bat bidali ziola): “Agiri hori Madrilgo Zerbitzu Zentral hauetatik bidaltzen da gida-baimenetan azaltzen diren helbideetara, eta horregatik bidaltzen da gaztelania hutsez, Estatuko hizkuntza ofizialean; hau da, espainiar guztiek jakiteko betebeharra daukaten hizkuntzan” (ikusi 6. eranskineko agiria, 1019/2002 kexari dagokiona).
158- Trafikoko Gipuzkoako zuzendariak, berriz, Behatokiaren jakinarazpen hori bera jaso zuenean, honela erantzun zion 2003ko urtarrilaren 16an gaztelaniaz bidalitako eskutitzean: “... eskutitza zenez, menperatzen dudan hizkuntzan besterik ezin nuen idatzi; eta gainera, Espainiako Konstituzioaren 3.1. artikuluaren arabera, “gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute” ” (letra lodiak jatorrizko testukoak dira. Ikusi 7. eranskineko agiria, 739/2002 kexari dagokiona).
159- Osasun eta Kontsumo Ministerioak ere erantzun dio Behatokiak jasotako kexaren jakinarazpenari, gaztelaniaz: “...1465/1999 Errege Dekretuaren arabera (III. kapitulua, 6. artikulua), eta EAEko Autonomia Estatutua, Hobekuntza Legea eta autonomia-erkidego zehatz batzuetako hizkuntzen ofizialkidetasun-printzipioa kontuan hartuz, kanpainaren garapen-esparruak Autonomia Erkidegoa edo hizkuntza ofizialkidea daukan lurraldea soilik hartuko balu bakarrik izango litzateke derrigorrezkoa hizkuntza ofizialkidea erabiltzea publizitate-paneletan” (ikusi 8. eranskineko agiria, 1008/2002 kexari dagokiona).
160- Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) sistematikoki gaztelania hutsez bidaltzen ditu derrigor bete beharreko galde-sortak eta dagozkion agiriak. Behatokiak jasotako kexen jakinarazpenetan, Behatokiak irailaren 17ko 1465/1999 Errege Dekretuaren 5. artikuluari egin dio erreferentzia, eta hauxe da EINek gaztelaniaz eman dion erantzuna: “(Errege Dekretuak) ez dio eragiten, beraz, Datu Bilketa Zuzendariordetzak zuzenean jasotzen dituen galde-sortei, galde-sorta horiek ez baitira, inolaz ere, Euskal Herrira mugatzen, baizik eta Espainia osora. Horregatik, gure ustez, galdeketen inprimakiak hasiera batean gaztelania hutsez bidal daitezke” (ikusi 9. eranskineko agiria, 665/2002, 690/2002, 906/2002 eta 927/2002 kexei dagokiena).
161- Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gaztelania hutsezko agiriak bidali zizkion Arantzako Udalari (Nafarroako eremu euskalduneko udalerria da) 2003. urtearen hasieran. Arantzako Udalak, orduan, agiri horiek euskaraz ere jasotzeko eskabidea egitea erabaki zuen. Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, hori ikusita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Arantzako Udalaren erabakiaren aurka (ikusi 10. eranskineko agiria, 135/2003 kexari dagokiona).
162- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2002ko urtarrilaren 10ean eskutitz bat bidali zion Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuaren ordezkaria den Enrique Villar Montero jaunari, berarekin bilera bat egin nahi zuela adierazteko. Behatokiak bileran adierazi nahi zion Villar jaunari Estatuko administrazioak sistematikoki zapaldu egiten dituela bere jardueretan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntz eskubideak. Honela erantzun zuen Gobernuaren ordezkariak, gaztelaniaz: “(...) iraingarria da zure baieztapena, alegia, sistematikoki hizkuntz eskubideak zapaltzen direla. Izatekotan, alderantziz gertatuko litzateke; hau da, Autonomia Erkidegoko beste hizkuntza ofizialean, gaztelanian, hain zuzen ere. Gaztelaniak, hainbat talde eta erakundek zenbaitetan ematen diotena baino babes handiagoa eta tratu hobea jaso beharko luke”. (ikusi 11. eranskineko agiria).
163- Merkataritzako Erregistroaren Erregelamenduaren gaineko uztailaren 19ko 1784/1996 Errege Dekretuaren arabera, idazpenak gaztelaniaz idatzi behar dira.
164- 1947ko otsailaren 14ko Dekretuaren (Hipoteka Erregelamendua) 37. artikuluaren arabera, berriz, “latinez eta Espainiako dialektoez edo antzinako letrez sortutako agiriak, edo erregistratzailearentzat ulertezinak direnak, itzulpenarekin edo ulertzeko moduko kopiarekin batera aurkeztu behar dira”. Ez dago aukerarik inskripzioak hizkuntza ofizialkideetan egiteko.
165- Horren adibide bat dugu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako kexa hau: herritar bat Bilboko Erregistro Zibilera joan zen bere ume jaio berria erregistratzera, eta ezin izan zuen inskripzioa euskaraz egin, erregistro-liburua gaztelania hutsez zegoelako (ikusi 12. eranskineko agiria, 870/2002 kexari dagokiona).
166- Ez da ezer aipatzen Estatuaren jardunbideaz.
167- Legeak autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialkideetan argitaratzeari buruzko apirilaren 14ko 489/1997 Errege Dekretuaren arabera, legeak Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuko dira gaztelaniaz, eta beste hizkuntza ofizialkideetan argitaratu ahal izango dira, organo eskudunek hala erabakitzen badute.
168- Baina kontua da Espainiako estatuak berak egindako ikerketaren arabera, ez dela arau bat bera ere euskaratu.
169- Administrazio zentral eta periferikoko funtzionario eta langileei dagokienez, Espainiako estatuaren txostenak ez du aipatzen arau edo xedapen-garapenik haien hizkuntz prestakuntza eta hizkuntz gaitasunari buruz, eta, beraz, horrek berretsi egiten ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotzen dituen kexak, hau da, Estatuaren administrazioko langileek ez dietela harrerarik egiten administrazioarekin euskaraz aritu nahi duten herritarrei.
170- Euskal Senatari Abertzaleak Legebiltzar Taldeko senataria den Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida jaunak egindako galderari erantzunez, datu hauek eman zituen Espainiako Gobernuak 2002ko abenduaren 16an (ikusi 13. eranskineko agiria): Estatuko administrazioak 1.405 lanpostu dauzka Nafarroan. Horietatik guztietatik bati besterik ez zitzaion eskatu derrigorrezko baldintza moduan euskaraz jakitea (Trafikoko Nafarroako Zuzendaritzako itzultzaile-lanpostuari). Espainiako Gobernuak emandako erantzunaren arabera, euskara merezimendu gisa baloratzen da jendaurreko lanpostuak betetzerako garaian.
171- Baina, egia esan behar bada, kontratakoa gertatzen da. Esate baterako, Langile Abertzaleen Batzordea (LAB) sindikatuak errekurtsoa jarri zuen Doneztebeko (Nafarroa) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko lanpostu bat betetzeko hautaprobetan euskara jakitea ez zelako baloratu (197/2002 kexa). LABek jarritako apelazio-errekurtsoa dela-eta, Auzitegi Nazionalak agindu hau eman zuen 2002ko urriaren 2ko Epaian: deialdia aldatu, eta Foru Komunitateko hizkuntza ofizialkidea merezimendu espezifikotzat balora zedila (Auzitegi Nazionala. Administrazioarekiko Auzietako Sala. Laugarren sekzioa. Apelazio-zenbakia: 04/126/2002) (ikusi 3. eranskineko agiria).
172- Espainiako Gobernuak berak emandako informazioarekin jarraituz, Nafarroan lanean ari ziren Estatuko 40 funtzionariok (% 2,85ek) egin zituzten euskal hizkuntzan gaitzeko ikastaroak 1999-2000 ikasturtean. 2000-2001 ikasturtean, ordea, 24k bakarrik (% 1,71k). Estatuko administrazioak ikastaroetako denboraren % 50a langileen konturakoa izango zela erabaki zuenean gertatu zen euskal hizkuntzan gaitzen ari zen langile-kopuruaren beherakada.
173- Euskal Autonomia Erkidegoko datuak, horiek ere Espainiako Gobernuak emandakoak, honakoak dira: 4.568 lanpostu dauzka Estatuko administrazioak, eta horietako 101etan (% 2,21) eskatzen da euskaraz jakitea. 2000-2001 ikasturtean 117 langilek (% 2,56) egin zituzten euskara ikasteko ikastaroak, eta langileek eurek jarri behar izan zuten ikasketa-denboraren zati bat.
174- Ez da ezer aipatzen Estatuaren jokabideaz.
175- Herritar batek Hizkuntz Eskubideen Behatokiari bidalitako kasu batek adierazten du Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak gaztelaniazko grafiarekin idatzi zituela bere izen-abizenak, euskal grafian ofizialak izan arren (bere nortasun-agirian euskaraz agertzen ziren). Herritarrak erreklamazioa egin zuenean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak jaiotza-agiria eskatu zion (993/2002 kexa). Horren antzeko kexa da Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiarekin gertatutako kasua (104/2003 kexa) (ikusi 14. eranskineko agiriak).
176- Adierazitako guztia kontuan hartuta, esan dezakegu Espainiako estatuak ez dituela betetzen 10. artikuluaren 1. paragrafoko a(i), b(i) eta c atalak.
Autonomia-erkidegoetako administrazioek sortutako arauak
177- Autonomia Estatutuak ezarritako ofizialkidetasunarekin bat etorriz, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen (Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa) II. tituluko I. kapituluak zehazten du euskararen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko administrazio publikoan.
1- Administrazio publikoak erregio-hizkuntza erabiltzeko arau orokorrak:
178- Aipatutako bi arau horien arabera, herritar guztiek daukate eskubidea euskara nahiz gaztelania erabiltzeko administrazio publikoarekin dituzten harremanetan. Eta, eskubide horren erabilera pixkanaka bermatzeko, hartu beharreko neurriak hartuko dira.
179- Hori lortzearren, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat arau sortu ditu administrazioetako hizkuntz normalkuntzaren prozesua aurrera eramateko. Prozesu hori, zenbait gorabeherekin, baina aurrera doa, eta ez du merezi orain horretan sakontzea.
180- Normalkuntza-prozesua helburu izanik sortutako arauak honakoak dira:
181- Arau horiek xedatzen dute, Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legea behar bezala bete dadin, beharrezkoa dela erakunde bakoitzean euskararen erabilera normaltzeko dagokion plana gauzatzea eta lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntz eskakizuna jartzea.
182- Gaur egun, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak arautzen du normalkuntza-prozesua. Esparru hauetan da aplikagarria Dekretua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegian, Lan Harremanen Kontseiluan, foru- eta toki-administrazioetan eta haien erakunde autonomoetan, lurralde historikoetako batzar nagusietan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioan eta zerbitzuetan diharduten langileen artean.
183- Dekretu horren arabera, jarduera-esparrutik kanpo gelditzen dira Ertzaintza (euskal polizia autonomoa) eta osasun-etxeak, egitura eta eginkizun bereziak dituztelako.
Osasuna. Zerbitzuaren egoera
184- 1978ko Espainiako Konstituzioaren 148.21 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek Osasun arloko eskumenak izango dituzte, besteak beste.
185- Euskal Autonomia Erkidegoan, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoa sortu zuen 20. artikuluaren bidez. Juridikoki zuzenbide pribatuko erakundea da, eta osasun-arloan eskumena duen Administrazio Orokorreko Sailari atxikia dago.
186- Lege horren aurretik, erakunde autonomoa zen; orain, berriz, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
187- Hizkuntz erregimenari dagokionez, zuzenbide pribatuko sozietate publikoek eta erakunde publikoek arau espezifikoak izaten dituzte, legez, normalkuntza-prozesuak abiarazteko. Alabaina, erakunde autonomoak Administrazio Orokorrarekin homologatuta egoten dira eta, beraz, normalkuntzari dagokionez, Administrazio Orokorraren arau berak izaten dituzte. Halaxe ezartzen du apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak 2. artikuluan eta 4. xedapen gehigarrian. Xedapen gehigarriak honela dio: “(...) nahita nahiez euskara eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko dute herritarrekin harreman zuzenak dituzten zerbitzuetan”.
188- Era berean, lehenengo xedapen gehigarriak zera agintzen du: “Hezkuntzari, Osasunari eta Ertzaintzari dagozkion arloak nolakoak diren eta beren eginkizunetan dituzten berezitasunak aintzakotzat hartuta, hizkuntza normalkuntza-prozesua arautzeko arau bereziak izango dira arlo horietan”.
189- Zentzu horretan, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, ondorengoa adierazten du 28.5 artikuluan:
“Euskadiko Autonomi Elkarteko administrazio publikoetan eskaeraren erabilera normalizatzeko arautegian xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak plan berezia ezarriko du, hizkuntz politikari buruz Autonomi Elkarteko organo eskumendunak xedatzen dituen norabideen arabera; plan horretan zehaztuko dira entearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntz helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.
Aurreko atalean aipatutako plan hori elaboratuta ez dagoen bitartean, Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak hautapenerako eta lanpostuak betetzeko burutzen dituen prozesuetan, funtzio publikoko legerian aurrikusitako arauak, alegia, euskaraz jakitea merezimendutzat hartzeari buruzkoak, aplikatuko dira”.
190- Hauxe dio 10/1982 Legeak, Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoak:
14.1 artikulua: “(...) herri-agintariek Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Herri Arduralaritzari atxikitako lanariak arian-arian euskalduntzeko xedezko neurriak hartuko dituzte”.
14.2 artikulua: “Herri-agintariek erabakiko dute zein lantokitarako izango den beharrezko bi hizkuntzak jakitea”.
14.3 artikulua: “Euskal Herriko Autonomia Elkartearen lur-eremuango Arduralaritzako gainerako lantokietara sartzeko egin daitezen baztertze-indarrezko azterketetan, beste merezimenduen artean hizkuntza ofizialen jakintzamaila hartuko da kontutan”.
Bestela esanda, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar da euskara derrigorrezko baldintza ez den plaza guztietan.
191- Uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoarenak, hauxe ezartzen du V. idazpuruan: “Euskera eta gaztelera dira euskal Administrazio Publikoetako hizkuntza ofizialak, eta bi hizkuntzok erabiltzea bermatu beharko dute Administrazio horiek bere barneko zein kanpoko harremanetan”. Horretarako, Euskal Funtzio Publikoaren Legeak lanpostuei hizkuntz eskakizuna jartzearen sistema ezartzen du. Sistema hori administrazio osoarentzat orokorra bada, ezinezkoa da hizkuntz eskakizunetan oinarritu gabe arautzea langileen sistema.
192- Gauza bera ondorioztatzen da Euskal Funtzio Publikoaren Legeko 2.3 artikuluak xedatutakotik: “Lege hau ezarriz, arau bereziak eman ahal izango dira, legea, osasun, irakaskuntza eta ikerlaritza-langileen berezitasunei egokitu ahal izateko”.
193- Ondorioz, Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuaren hizkuntz normalkuntzako sistemak hizkuntz eskakizunetan oinarritu beharko du.
194- Hori bai, 1997ko Dekretuari kasu eginez, arlo horiek nolakoak diren eta beraien eginkizunetan dituzten berezitasunak aintzakotzat hartuta, hizkuntz normalkuntzako prozesua arautzeko arau bereziak izango dituzte.
195- Beraz, badirudi arloren batek arau espezifikoak edukitzeko arrazoiak arloaren nolakotasuna eta bere eginkizunetan dituen berezitasunak direla. Zeintzuk dira, bada, eginkizun berezi horiek? Eta zer eragin izan behar dute hizkuntz normalkuntza arautzeko prozesuan?
196- Galdera horiei erantzuteko, ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena, hartu behar da kontuan; zioen adierazpenean xedatzen duena, hain zuzen ere:
“(...) Behin eta berriro esaten du [legeak] osasunaren babes legaletik datozen eskubide instrumental eta osagarriak garantizatu behar direla, hots, pertsonaren intimitate eta duintasuna, baimena ematea behar besteko informazioa hartu eta gero, edo zerbitzu sanitarioak aukeratzeko ahalbide zabala dagoela onartzea. Bestetik, legeak azpimarratzen duenez, sistema sanitarioarekiko herritarren zeregina handia ez ezik, demokratikoa eta parte hartzekoa ere izan behar da. Sistema lehen baino areago jartzen da herritarrei begira, antolamenduan egin diren aldaketek erakusten dutenez (...) Euskadiko Osasun Plana da herritarren protagonismo berrira heltzeko tresna nagusia, helburuak finkatzen dituelako. Izan ere, planak prebentzioaren eta osasun-sustapenaren arloan jarduteko orientabide nagusiak eman behar ditu, eta, halaber, Administrazio Sanitarioko estrategien esparrua ere sortu behar du, herritarren beharrizanei erantzun diezaion eta beharrizan horiek artatzeko behar beste baliabide izan dezan”.
197- Horrela, bada, argi ikusten dugu osasun-sistema herritarrei laguntzeko tresna dela; erraz egiazta daiteke hori bere antolamenduaren eta funtzionatzeko moduaren oinarriak jasotzen dituen 8. artikuluan:
“a) Pertsona sistemaren oinarrizko helburutzat hartzea...”.
edo 10. artikuluan:
“2. Herritarrak estaldura publikoko zerbitzu sanitarioetara heltzeko prozedurak benetako berdintasun printzipioa garantizatuko du...”
198- Herritarrei laguntzeko tresna izanik, Administrazioak erantzukizun handiagoa du, zalantzarik gabe, herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko garaian. Herritarrek eskubidea badute administrazioekin harremanak hizkuntza ofizial batean edo bestean izateko, laguntza-funtzioa ezingo da benetan bete ez bada bermatzen herritarrek borondatez egindako hizkuntz aukera, edota hori bermatzeko adinako hizkuntz gaitasunaren jabe diren behar adina langile ez badaude. Hizkuntz aukera bermatzen ez badugu, ezin dugu esan pertsona hartzen dugula sistemaren oinarri, benetako berdintasuna ziurtatzen dugula, eta herritarren intimitatea eta duintasuna babesten ditugula.
199- Hori kontuan izanik, gauza da Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuak oraindik ez duela plangintzarik onetsi —beste administrazioek, ordea, bai— eta, beraz, oraindik ez duela neurririk hartu euskarazko zerbitzuak eskaintzeko.
200- Hori dela-eta, herritarrek ez dutenez euskarazko mediku-zerbitzurik jasotzen, askok eta askok kexak bidali dizkiete Hizkuntz Eskubideen Behatokiari. Bereziki larria dena da larrialdietako zerbitzuetan ez egotea euskaraz dakien osasun-langilerik, edo osasun-etxeetan mediku-zerbitzu publikorik euskaraz ezin jaso izatea, edo ikastoletara euskaraz ulertzen ez duten erizainak bidaltzea euskal hiztunei zuzendutako prebentzio eta osasun-informazioko kanpaina publikoak egitera (ikusi 15. eranskineko agiria, 3/2002, 22/2002, 30/2002, 238/2002, 369/2002, 488/2002, 829/2002, 842/2002 eta 909/2002 kexei dagokiena).
201- Agiriak, jakinarazpenak, txanda-emateak, etab. gaztelania hutsez jaso izanagatik egindakoak dira kexetako asko (ikusi 16. eranskineko agiriak, 419/2002, 425/2002, 394/2002 eta 588/2002 kexei dagozkienak).
202- Behatokiak 93/2001 kexa jaso zuen 2001ean (32), Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuak 1.800 lanpostu betetzeko egindako enplegu publikorako eskaintzaren ingurukoa. Izan ere, lanpostu horietako bakar baterako ere ez zen baldintzatzat jarri euskaraz jakitea. Denetan merezimendu bezala baloratu zuten, eta besteak beste, gehienez ere puntuazio osoaren % 5,6 lor zitekeen euskaraz jakiteagatik (6/1985 Legeak, Euskal Funtzio Publikoarenak, aurreikusten du euskaraz jakitea, derrigorrezko baldintza ez denean, gutxienez puntuazio osoaren % 5ekin eta gehienez % 20rekin baloratuko dela). Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) (33) epaitegietan deialdi horren aurkako errekurtsoak jarri dituzte, baina, oraingoz, epaileek ez dituzte balioetsi.
2- Erregio-hizkuntzaren erabilera administrazio-prozeduretan.
203- 10/1982 Legea, Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa, 6. artikulua.
204- Artikulu horren arabera, pertsona batek baino gehiagok esku-hartzen duten prozeduretan, pertsona horiek adostasunez aukeratzen duten hizkuntza erabili behar dute aginte publikoek. Adostasunik ez badago, espedientea irekiarazi duen pertsonak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da, baina besteek eskubidea izango dute informazioa beraiek nahi duten hizkuntzan jasotzeko.
205- Legeak hori adierazten badu ere, gero, praktikan, ez da askotan betetzen, eta betetzekotan ere, atzerapen handiarekin. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak arazo horri dagozkion kexa ugari jaso ditu.
206- Adibide esanguratsua da Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailarekin gertatutakoa: elkarte bateko kideek, interes publikoko elkarte bihurtu ahal izateko beharrezko agiriak bidali zizkion euskaraz, eta Sail horretako funtzionarioak eskatu zien gaztelaniaz bidaltzeko; berak ez omen zuen euskaraz ulertzen, eta agiriak gaztelaniaz ez bidaltzekotan prozedura asko luzatuko omen zen (40/2001 kexa).
207- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako beste kexa-mordo bat Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari dagokio. Kexa-egileek adierazten dute Ertzaintzan ezin izan dutela euskaraz deklarazio edo salaketarik egin, edo egin ahal izatekotan, luzamendutan ibili edo denbora luzean zain egon ondoren egin dutela (ikusi 17. eranskineko agirian azaltzen diren kasuak).
3- Inprimaki eta ereduen erabilera
208- Euskararen erabilera arautzeko 10/1982 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek erabili beharreko inprimaki eta eredu ofizialek bi hizkuntzetan idatzita egon behar dute.
209- Toki-administrazio eta Erkidego-mailako administrazio gehienek araua betetzen badute ere, oraindik badaude ezarritakoa betetzen ez duten kasuak.
210- Hizkuntz Eskubideen Behatokira bidalitako kexa batek adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko herritar batek bi hizkuntza ofizialetan idatzitako ziurtagiri bat eskatu zuela familia-epaitegian, eta administrazioak erantzun ziola ziurtagiriaren eredua gaztelania hutsez egina zegoela (998/2002).
4- Erregistroetako inskripzioak.
211- Euskararen erabilera arautzeko 10/1982 Legearen arabera, Autonomia Erkidegoaren menpeko erregistro publikoetako inskripzioak agiria idatzita dagoen hizkuntzan egingo dira (arau hori ez da aplikagarria administrazio zentralaren menpeko erregistroetan).
5- Erregio-hizkuntzen erabilera agiri publikoetan.
212- Espainiak egindako txostenean ez da horren inguruko aipamenik egiten.
213- Hizkuntz Eskubideen Behatokira bidalitako zenbait kexek esaten dute Eusko Legebiltzarrak gaztelania hutsez egiten dituela txosten publikoak (ikusi 18. eranskineko agiriak, 806/2002 eta 807/2002 kexei dagozkienak).
6- Xedapenak eta jardunbideak hizkuntza ofizialkideetan argitaratzea.
214- Azaroaren 24ko 10/1982 Legearen (Euskeraren Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa) 8. artikuluak agintzen du xedapenak eta jardunbideak bi hizkuntza ofizialetan argitaratu behar direla.
215- Hala ere, eguneroko bizitzan herritarrek kexa ugari bidaltzen dizkiote Hizkuntz Eskubideen Behatokiari, Erkidego-mailako administrazioek, eskualde-mailakoek eta tokikoek ofizialkidetasuna ez dutela betetzen salatzeko.
216- Hizkuntz Eskubideen Behatokira iritsitako kexa batek dio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailak gaztelania hutsez argitaratu zituela lehiaketa publiko batean parte hartzeko baldintzen orriak (ikusi 19. eranskineko agiria, 985/2002 kexari dagokiona).
217- Herritarrek helarazitako kexa-mordo batek adierazten du Eusko Jaurlaritzak agiriak gaztelania hutsez bidali dizkiela (ikusi, esate baterako, 20. eranskineko agiriak, 916/2002, 67/2003, 808/2002, 809/2002 eta 810/2002 kexei dagozkienak), edo Euskal Autonomia Erkidegoko udaletxeek ez dizkietela agiriak bi hizkuntza ofizialkideetan bidali (ikusi, adibidez, 21. eranskineko agiriak, 204/2002 eta 508/2002 kexei dagozkienak), edota Euskal Herriko Unibertsitateak agiriak gaztelania hutsez bidali dizkiela (ikusi, adibide moduan, 22. eranskineko agiriak, 510/2002, 511/2002 eta 291/2003 kexei dagozkienak).
7- Hizkuntza ofizialkideen erabilera eskualde-mailako biltzarretako eztabaidetan.
218- Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 1. artikuluaren arabera, hizkuntza ofizialkide bat edo bestea erabil daiteke.
8- Hizkuntza ofizialkideen erabilera tokian tokiko biltzarretan.
219- Toki-erakundeen antolamendu, funtzionamendu eta erregimen juridikoaren gaineko azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren arabera, erkidegoko hizkuntza ofizialkidea erabil daiteke.
9- Toponimoen erabilera erregio-hizkuntzetan.
220- Langraiz Okako saihesbide berrian, Arabako Foru Aldundiak toponimoa gaztelania hutsez jarri du bideko errotuluetan: Nanclares de la Oca (ikusi 23. eranskineko agiria, 31/2003 kexari dagokiona).
10- Funtzionario eta langile publikoen hizkuntz prestakuntza eta hizkuntz gaitasuna.
221- Osakidetzan sortu diren arazoak nabarmendu behar ditugu. Osakidetzan normalkuntza-prozesurik ez dagoenez, ezin dira konpondu bertan gertatzen diren arazo larriak. Osasun-arloko langileak gaitzeko prozesurik ez dagoenez, ez da betetzen legeetan ezarritakoa.
222- Oro har, esan behar dugu Espainiako estatuak aurkeztutako txostenak ez dituela ia aipatu ere egiten gaur egun Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden legeak, izan ere, lege horien zenbait alderdi besterik ez baititu jasotzen.
223- Gure ustez, hori horrela egin du nekez azal daitekeelako Nafarroako Foru Komunitatean euskarak gaur egun duen egoera eta arautze juridikoa.
224- Txosten honen hasieran adierazi dugun bezala, Nafarroako Foru Komunitatean euskarak duen zailtasunetako bat euskara lurraldeka banatzeak eragiten du. Izan ere, eremu euskaldunean ofizialkideak dira euskara eta gaztelania, eremu mistoan euskal hiztunek zenbait eskubide dauzkate (geroago ikusiko dugunez, eskubide horiek praktikan gutxituak gelditzen dira Nafarroan dauzkaten lege murriztaileen erruz), eta eremu ez euskaldunean euskara ez da inolaz ere aintzat hartzen.
225- Gure ustez, arrazoi hauengatik ez du ia aipatu ere egiten Estatuak bere txostenean Nafarroako kasua eta bertako benetako egoera: (1) Nafarroako legeen bidez egiten den hizkuntzaren lurraldekako zatiketa Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluaren interpretazio eztabaidagarria eta Estatuko kasu bakarra delako eta, (2) Euskararen Legearen bidez ezarritako eskubide eskasak oraindik eskasagoak izateko helburuarekin, legezko arauak aldatzeko politika erabiltzen ari delako Nafarroako Gobernua azken urteotan.
1-Administrazio publikoak erregio-hizkuntza erabiltzeko arau orokorrak.
226- Erregio-hizkuntza administrazioan erabiltzeko aplika daitezkeen arauen artetik, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Araua, Euskarari dagokiona, da lehendabizi aipatu beharrekoa.
227- Lege horren arabera, eremu euskaldunean herritar guztiek daukate eskubidea, alde batetik, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko administrazio publikoarekin dituzten harremanetan eta, bestetik, administrazioaren aldetik euskarazko harrera jasotzekoa (10. artikulua). Hori horrela izan dadin, hartu beharreko neurriak hartuko dira, eta pertsona batek baino gehiagok esku-hartzen duten prozeduretan esku-hartzaileek adostasunez erabakitako hizkuntza erabiliko da.
228- Eremu mistoari dagokionez, herritarrek administrazioari euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko eskubidea daukate; ez daukate, beraz, euskarazko harremanik izateko eskubiderik, administrazioak ez baitauka euskaraz erantzuteko obligaziorik (17. artikulua).
229- Azkenik, eremu ez euskaldunean, administrazioari euskaraz egiteko eskubidea dute herritarrek baina administrazioak interesdunei gaztelaniazko itzulpena eskatu ahal die (18. artikulua).
230- 18/1986 Foru Arauaren ondoren, zenbait dekretu egin dira Lege hori garatzeko. Horien artean daude Espainiako estatuak bere agirian jaso dituenak. Alabaina, argi utzi nahi dugu Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretua indargabetuta gelditu zela abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuaren bidez. Euskararen erabilera sustatzeko lanean diharduten agente guztiek eta Nafarroako gizartearen gehiengoak guztiz gaitzetsi zuten Dekretu berria eta bere aurkako errekurtsoa jarri zen auzitegietan. Azkenean, erabat deuseztzat jo zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, 2002ko ekainaren 26an emandako Epaiaren bidez. Baina hala ere, Dekretu hori exekutatzen jarraitzen du Nafarroako Gobernuak. Alde batetik, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Epaiari errekurtsoa jarri dio, eta horrela Epaia irmoa izatea saihestu du; eta bestetik, baliogabetutako dekretuaren berdin-berdina den beste dekretu berri bat indarrean jartzeko izapideak hasi ditu. Hauxe da 2003. urte hasieran onetsi zuen Dekretu berri hori: 29/2003 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan Euskararen Erabilera arautzen duena. Dekretu berri horren aurka ere errekurtsoa jarri dute Nafarroako hainbat gizarte-agente eta toki-administrazioko erakundek.
2- Erregio-hizkuntzaren erabilera administrazio-prozeduretan.
231- Eremu euskaldunari dagokionez, 29/2003 Foru Dekretuak 8. artikuluan dio berez egintza administratiboak diren administrazio-jarduerak eremu bereko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei jakinarazi behar bazaizkie, gaztelaniaz eta euskaraz idatzi beharko direla, ez badute behintzat interesdunak diren guztiek hizkuntza bat bakarra erabiltzea espresuki eskatzen.
232- Eremu mistoan, berriz, 16. artikuluaren arabera, eremu mistoko pertsonentzako egiten diren komunikazio eta jakinarazpenak (xedapenak, ohartarazpenak, argitalpenak, iragarkiak...) gaztelaniaz eginen dira. Eremu mistotik eremu euskaldunerako komunikazioak gaztelaniaz egingo dira, non eta interesdunek espresuki euskara erabiltzea hautatzen ez duten, orduan ele bitan egingo baitira.
233- Azkenik, eremu ez euskalduneko Administrazioak interesdunei eskatuko die euskaraz aurkezten dituzten agirien gaztelaniazko itzulpena ere aurkez dezatela aldi berean.
234- Nafarroako Gobernuaren administrazio-jardunbideari buruzko kexa ugari bidali dizkie hiritarrek Hizkuntz Eskubideen Behatokiari. Adibidez, kexetako batzuk Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari zuzenduta daude, Nafarroako Gobernuak herritarrei gaztelaniazko agiriak eskatzen dizkielako (ikusi 24. eranskineko agiriak, 228/2002 eta 260/2002 kexei dagozkienak). Hezkuntza eta Kultur Departamentuari zuzendutako kexak ere badaude. Mota horretako kexa gehienek adierazten dute agiriak gaztelania hutsez bidaltzen dituela Sail horrek, baina ez eremu misto eta ez euskaldunera bakarrik, baita eremu euskaldunera ere (ikusi 25. eranskineko agiria, 59/2003 kexari dagokiona).
3- Inprimaki eta ereduen erabilera.
235- Aipatutako Dekretuko 8.3. artikuluaren arabera, eremu euskaldunean organo eskudunek gaztelaniaz, euskaraz edo ele bitan idatzitako inprimaki, eredu edo formularioak eduki ahalko dituzte interesdunek egin beharreko jardueretarako.
236- Eremu mistoan, barne inprimakietan eta paperetan idazpuruak gaztelaniaz idatziko dira. Inprimakiak kanpoko jendeak erabiltzeko badira, gaztelaniaz eta ele bitan idatzitako formulario bereiziak izanen dira, interesdunek horietako bat hautatzeko. Hala dio Dekretuko 13. artikuluak.
237- Eremu ez euskaldunean, azkenik, jarduera, inprimaki, zigilu, agiri, jakinarazpen, komunikazio, seinale, errotulazio, argitalpen eta publizitate oro gaztelaniaz izanen da 17.2 artikuluaren arabera.
238- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak puntu horri dagozkion kexa asko jaso ditu. Esate baterako: kexetako batzuk Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Herrizaingo Sailari zuzenduta daude, gaztelania hutsezko inprimakiak dauzkalako herritarrentzat (ikusi adibide moduan 26. eranskineko agiria, 498/2002 kexari dagokiona).
239- Beste kexa batzuk Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzenduta daude, gaztelania hutsezko inprimaki eta agiriak erabiltzen dituelako (ikusi adibide gisa 27. eranskineko agiriak, 218/2002, 219/2002 eta 689/2002 kexei dagozkienak).
240- Kexetako batek adierazten du Nafarroako Estatistika Institutuak eremu euskalduneko herritarrei gaztelania hutsez bidali ziela derrigor bete beharreko galde-sorta bat (ikusi 28. eranskineko agiria, 1014/2002 kexari dagokiona).
241- Badira beste kexa batzuk Nafarroako Gobernuaren Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari dagozkienak. Horietan adierazten da gizarte-laguntzak eskatzeko inprimakiak gaztelania hutsez bidaltzen dizkiela Sail horrek Nafarroako hiru hizkuntz eremuetako herritarrei (ikusi 29. eranskineko agiria, 180/2003 eta 236/2003 kexei dagokiena).
242- Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultur Departamentuari dagozkion kexak ere badaude, gaztelania hutsezko inprimakiak erabiltzen dituelako (ikusi 30. eranskineko agiria, 260/2003 kexari dagokiona).
243- Hainbat kexa jaso dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzu publikoetan gaztelania hutsezko errotuluak daudela salatzen dutenak (ikusi 31. eranskina, 697/2002, 698/2002 kexei eta beste kasu batzuei dagokiena).
244- Toki-erakundeei dagokienez, herritarren 2002ko kexa gehienak Iruñeko Udalari jarritakoak dira. Kexa horietako gehienek salatzen dute Udalak ez duela betetzen Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza, 1997ko irailaren 12an Udalak egindako Osoko Bilkuran onetsitakoa (1997ko urriaren 10eko NAO, 122. zk.). Iruñeko Udalak sistematikoki ez du betetzen Udal Ordenantza, nahiz eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren (34) hainbat Epaien bidez behin eta berriz agintzen zaion Udalari Ordenantzan ezarritako elebitasuna bete dezala. Nafarroako administrazio publikoekin dauzkaten harremanetan herritarrei dagozkien eskubideak defendatzeaz arduratzen den arartekoak ere (Gobernuaren menpekoa ez den instituzio publikoa da) gomendatu dio Iruñeko Udalari herritarrek euskarazko zerbitzu publikoa jasotzeko daukaten eskubidea ziurtatzeko hartu beharreko neurriak har ditzala.
245- Herritarren kexek agerian uzten dute Udalaren irudi instituzionalean, nahiz inprimaki eta jakinarazpenetan gaztelania besterik ez dela erabiltzen (ikusi 32. eranskineko agiri grafikoa, 655/2002 kexari dagokiona), euskara eta gaztelaniazko agiri elebidunik ez dela egiten (718/2002), eta udal-informazioa gaztelania hutsez ematen dela (ikusi 33. eranskineko agiriak, 800/2002, 850/2002 eta 852/2002 kexei dagozkienak).
4- Erregistroetako inskripzioak.
246- Euskararen Legeak 13. artikuluan esaten du eremu euskalduneko erregistro publikoetan agiria idatzita dagoen hizkuntza ofizialean egin behar direla idazpenak, eta, edonola ere, gaztelaniaz ere bai.
247- Lege horrek ez dio ezer eremu mistoko eta eremu ez euskalduneko inskripzioen inguruan.
5- Erregio-hizkuntzen erabilera agiri publikoetan.
248- Espainiako estatuak egindako txostenean ez da agiri publikoen inguruko aipamenik egiten.
6- Xedapenak eta jardunbideak hizkuntza ofizialkideetan argitaratzea.
249- Aipatutako Dekretuaren arabera, eremu euskalduneko erakundeek sortutako jardunbide eta xedapenak ele bietan argitaratu behar dira.
250- Eremu mistoan, xedapenak, ohartarazpenak, argitalpenak, iragarkiak eta mota guztietako publizitatea gaztelaniaz egin behar dira.
251- Gauza bera egin behar da eremu ez euskaldunean.
252- Argitalpenak direla-eta hartutako konpromisoak ez direla betetzen adierazten duten hainbat kasu bildu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Ondorengoa, esate baterako: Eremu euskaldunean kokatuta dagoen Baztango Udalak akta eta jakinarazpenak gaztelania hutsez egiten ditu (ikusi 34. eranskineko agiria, 302/2003 kexari dagokiona).
253- Eremu euskalduneko zenbait udalek, Arantzako Udalak, esate baterako, Nafarroako Gobernuari eskatu diote bidali beharreko xedapenak euskaraz ere bidaltzeko, Gobernu horrek gaztelania hutsez bidaltzen baitizkie. Nafarroako Gobernuak, hala ere, 29/2003 Foru Dekretuari eusten dio euskara ofiziala den udalerrietara gaztelania hutsezko agiri ofizialak bidaltzeko (ikusi 35. eranskineko agiria).
254- Eremu euskalduneko ikastetxeek, horien artean Baztan Udalerrian dagoen Iruritako eskola publikoak, gaztelania hutsez jasotzen dituzte Nafarroako Gobernuaren komunikazio guztiak (ikusi 36. eranskineko agiria).
255- Nafarroako Gobernuak, gainera, ez ditu onartzen eta bueltan bidaltzen ditu eremu euskalduneko udalerrietatik jasotzen dituen euskarazko agiriak, eta agiriak gaztelaniaz bidaltzeko eskatzen die udalerri horiei (ikusi 37. eranskineko agiria).
7- Hizkuntza ofizialkideen erabilera eskualde-mailako biltzarretan.
256- Ez daukagu zeresanik gai horren inguruan.
8- Hizkuntza ofizialkideen erabilera tokian tokiko biltzarretan.
257- Toki-erakundeen antolamendu, funtzionamendu eta erregimen juridikoaren gaineko azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren arabera, komunitateko hizkuntza ofizialkidea erabil daiteke.
9- Toponimoen erabilera erregio-hizkuntzetan.
258- Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du betetzen 16/1989 Foru Dekretua, urtarrilaren 19koa, Nafarroako Eremu Euskalduneko Toponimoen Izendapen Ofiziala zehazten duena (1989ko urtarrilaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 13. zk.) (ikusi, adibide gisa, 10. eranskineko agiria, 135/2003 kexari dagokiona).
259- Esanguratsuak dira Nafarroako Gobernuaren Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bide-seinaleetan aplikatutako neurriak direla-eta herritarrek jarritako kexak. Izan ere, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak gaztelania hutsezko seinalek jarri baititu Nafarroa osoan; ez eremu misto eta ez euskaldunean bakarrik, baita eremu euskaldunean ere. Zenbait seinaletan, izena bi hizkuntza ofizialetan duten toponimoak gaztelaniaz bakarrik errotulatu ditu: Pamplona, Aoiz, Huarte, Estella edo San Sebastián jarri du, esate baterako, euskaraz dagokien izen ofiziala alde batera utzita (Iruña, Agoitz, Uharte, Lizarra eta Donostia, hurrenez hurren) (ikusi, adibide moduan, 38. eranskineko agiri grafikoak, 652/2002, 688/2002, 211/2003 eta 258/2003 kexei dagozkienak).
260- Iruñeko Udala, aipatu dugun Udal Ordenantza sistematikoki ez betetzeko bere grinan, hiriaren euskarazko toponimo ofiziala alde batera uztera ere iritsi da (gaztelaniazko izen ofiziala Pamplona da, eta euskarazkoa Iruña) (35) (ikusi 32. eranskineko agiri grafikoa, 655/2002 kexari dagokiona) eta gaur egun hiriko errotuluetan gaztelania hutsa erabiltzen du, duela hamar urte baino gehiagotik gaurdaino Nafarroako hiriburuko kaleetan errotulu elebidunak jartzea ohikoa bazen ere (ikusi 39. eranskineko agiri grafikoa, 696/2002 kexari dagokiona). Errekurtsoak jarri ziren errotuluak gaztelania hutsez ipintzeko administrazio-erabakien aurka, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak onetsi egin zituen (36).
10- Funtzionario eta langile publikoen hizkuntz prestakuntza eta hizkuntz gaitasuna.
261- Langile publikoen gaitasun eta prestakuntzari dagokienez, 29/2003 Foru Dekretuak aurretik zegoen egoera aldarazi du eta, beraz, gaur egun, praktikan, funtzionarioen hizkuntz gaitasuna ia ezabatuta dago, eremu euskaldunean izan ezik.
262- Egungo sistemaren arabera, eremu euskalduneko zenbait lanpostutan euskaraz jakitea derrigorrezkoa izango da. Gainontzeko lanpostu guztietan, merezimendu bezala konta daiteke. Euskararen Foru Legean ezarritako helburuak gaur egun ez betetzea eragiten du administratzailearen ahalmen horrek.
263- Eremu mistoari dagokionez, lanpostuak betetzeko ez dago eskatu beharrik derrigor euskaraz jakitea. Administrazioek erabaki dezakete zein lanpostutan kontatuko den euskaraz jakitea merezimendu gisa. Eremu mistoan, euskaraz jakiteagatik merezimendu gisa emango diren puntuak, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik emango direnak baino % 5 gehiago izan daitezke, gehienez ere. Eremu euskaldunean, berriz, beste hizkuntza horiek jakiteagatik emango diren puntuak baino % 10 gehiago, gehienez ere.
264- Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak gutxitu egin zituen Nafarroako bi hizkuntza ofizialak jakitea derrigorrezkoa den lanpostuen kopurua (irakasleak alde batera utzita). Dekretu horrek adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostu diren euskara jakin beharrekoak (Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleenak kanpo direla) eta zer jakite-maila behar duten, eta zehazten du zein lanpostutan hartu behar den euskara jakitea beste batzuen arteko merezimendutzat (2001eko irailaren 10eko NAO, 110 zk.). Aurreko plantillan 234 lanpostutan zen derrigorrezkoa Nafarroako bi hizkuntza ofizialak jakitea, eta oraingoan, berriz, 153tan. 13.000 inguru lanpostu publikoz osatutako plantillan 153 langile elebidun daude; hau da, langile guztien % 1, euskara-itzultzaileak barne.
265- Iruñeko Udalak Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantzako 16. artikuluan aldaketa bat egitea erabaki zuen 2003ko abuztuaren 1ean. Horrela, baldintzatzat euskaraz jakitea ez daukaten A eta B mailetako udal-lanpostuak betetzeko (langile kualifikatuenen lanpostuak dira), hemendik aurrera aukerakoa izango da euskara merezimendutzat kontatzea. Ordenantzan lehen jartzen zuenaren arabera, euskaraz jakitea baldintzatzat ez zeukaten A eta B mailetako lanpostuetan euskara merezimendutzat baloratu behar zen gutxienez. Aldaketa berriak adierazten duena da ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea baloratu egingo dela lanpostu guztietan, baina Iruñeko Udalak, nahi izanez gero, ez duela euskara meritu gisa baloratu beharrik.
266- Eremu ez euskaldunean ez da ezer egiten langile publikoek euskarazko gaitasuna lor dezaten.
267- Beraz, aurreko guztia kontuan hartuta, ikus daiteke Nafarroako aginte autonomikoak eremu euskaldunean ere ez duela sistematikoki betetzen Itunean ezarritakoa; hau da, askotan ez du Ituna betetzen. Nafarroako gainerako hizkuntz eremuetan, mistoan eta ez euskaldunean, alegia, ez betetzea sistematikoa da.
3.3.4. 11. artikulua. Hedabideak.
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak
1. paragrafoa, a(i), b(i), c(i), d, e(i), f(ii) eta g atalak.
2. paragrafoa.
3. paragrafoa.
b) Hartutako neurriak. Oharrak
Erregio eta gutxiengoen hizkuntzen erabilera irrati eta telebistan
Euskal Autonomia Erkidegoa.
268- Balorazio sakonik egin gabe, esan behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen direla 1. paragrafoan ezarritako gutxiengoak.
Nafarroako Foru Komunitatea.
269- Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren (LORAFNA) arabera Nafarroari badagokio ere Irrati eta Telebistaren Estatutu Juridikoa arautzen duen Legeak (Estatuaren eskumenekoa da) ezarritako eran legez garatu eta exekutatzea irrati eta telebistaren erregimena, Nafarroako Administrazioak ez du ekimenik egin Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunean ezarritakoa betetzeko. Horrela, bada, prentsan, irratian eta telebistan euskara erabiltzeagatik Nafarroako Gobernuaren Unibertsitate eta Hizkuntz Politikako Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen diru-laguntzak kenduta, ez da ezertxo ere egin euskarazko edonolako irrati edo kanalen sorkuntza ziurtatu, sustatu edo errazteko. Euskaraz emititzen duten hedabideentzat aipatutako laguntzak % 30 eta % 40 artean murriztu dira 2002. urtean, baina euskarari tartetxoren bat egiten dioten gaztelaniazko hedabideentzako laguntzak, ordea, ugaritu egin dira (219/2002 Ebazpena, azaroaren 12koa, Nafarroako Prentsa, Irrati eta Telebistetan Euskara Erabiltzeko Dirulaguntzetarako Deialdia onesten duena).
270- Zentzu horretan, gogoan izan behar dugu Euskararen Legeak agintzen duela administrazioak lagunduko diola euskarari poliki-poliki gizarte-hedabideetan, publiko nahiz pribatuetan, sartzen. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak planak egin behar ditu Nafarroako Foru Komunitateak kudeatzen dituen irrati eta telebistetan nahiz bestelako hedabideetan euskara maiz edo gero eta gehiago erabil dadin laguntza ekonomiko eta materiala emateko. Gobernuak zaindu behar ditu hedabide horiek (27. artikulua).
271- Derrigor aipatu beharrekoa da Iruñetik euskara hutsean emititzen duen irrati bakarrak, Euskalerria Irratiak, jasan beharra duen egoera. 1986tik ari da emititzen, eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu dio emititzeko baimena.
272- Horrez gain, euskara erabiltzen duten prentsa, irrati eta telebisten artean diru-laguntzak banatzeko indarrean dauden arauen arabera, emititzeko baimena duten irratiek bakarrik jaso ditzakete diru-laguntzak, eta, beraz, Euskalerria Irratiak ezin du Nafarroako Gobernuaren laguntzarik jaso.
273- Euskarazko hedabideak diskriminatzeko jarrera agerikoa da, telebistek, esate baterako, ez baitute baimenik behar diru-laguntzak jaso ahal izateko. Modu horretara, Iruñetik -eremu mistoa- emititzen duen euskara hutsezko telebistarik ez dagoenez, gaur egun gaztelaniaz emititzen duten telebistek jaso ditzakete diru-laguntzak.
Gutxiengoen hizkuntzen erabilera prentsan.
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea.
274- Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen 2003ko otsailaren 20an Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Andoainen (Gipuzkoa) zituen bulego nagusiak, Iruña, Gasteiz eta Bilboko ordezkaritzak, eta argitalpen digitala itxi zituzten. Euskaldunon Egunkaria, hitzez hitz “euskal hiztunen egunkaria” esan nahi duena, euskara hutsez egunero argitaratzen zen argitalpen bakarra zen, eta espainiar estatuko nahiz Frantziako euskal hiztun guztiei eguneroko berri orokorrak helarazten zizkien. Epaile horrek egunkari bat itxi zuen horretarako arrazoitzat zuzendaritzak ustez delituzko ekintzak egin dituztela erabiliz eta inongo frogarik izan gabe. Auzitegi Nazionaleko epailearen ekintzaren inguruan eztabaida handia sortu da, Espainiako Konstituzioaren beraren arabera ere ez baitago argi instrukzioko epaile batek (ikerketa-epailea) hedabide bat prebentzioz eta segurtasunaren izenean ixteko ahalmena izan ote dezakeen epaiketa egin aurretik. Euskaldunon Egunkariaren itxierari Euskal Herriko nahiz nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek emandako erantzunen inguruko informazio gehiago izateko, ikusi 40. eranskina.
Nafarroako Foru Komunitatea.
275- Irrati eta telebistaren atalean adierazi dugun moduan, hemen ere esan behar dugu laguntza bakarrak Nafarroako Gobernuaren Unibertsitate eta Hizkuntz Politikako Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen diru-laguntzak direla, gero eta txikiagoak, eta diru-laguntza horiek emateko gero eta irizpide murriztaile eta diskriminatzaileagoak aplikatzen direla. Euskara hutsez lan egiten duten hedabideentzako laguntzak % 30 eta % 40 artean murritzagoak dira gaur egun. Gainera, laguntzak eskuratzeko argitaratu den azken deialdiko (219/2002 Ebazpena, azaroaren 12koa) baldintza-orriak ez dira aurreko deialdietakoen berdinak, eta oraingo hauekin euskarazko hedabide nagusiek ezin dituzte laguntzak eskatu.
276- Euskaraz idatzitako egunkari bakarra zen Euskaldunon Egunkariak ez zuen diru-laguntzarik jaso 2001. urtean, Nafarroari zuzenduta zegoen Nafarkaria izeneko gehigarri berezia argitaratzeko. Laguntzarik ez jasotzeko arrazoia, egunkariaren egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora egotea. 2002. urtean ere ukatu egin zitzaion diru-laguntza. Zergatik? baldintzatzat jarri zelako 2001 baino lehenagotik etengabe funtzionatzen egotea. Euskaldunon Egunkariak urte hartan diru-laguntzarik jaso ez zuenez, eten egin behar izan zuen Nafarroarako Nafarkaria gehigarriaren argitalpena, eta, beraz, 2002. urtean ere laguntzarik gabe gelditu zen.
277- Baldintza horiek ondorio bera izan zuten 2001. urteaz geroztik euskara hutsez argitaratzen den Nabarra aldizkarian ere.
Erregio-hizkuntzen sustapena entzuteko eta ikusi-entzuteko lanetan.
278- Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Komunitateari dagokienez, ez du gai horri buruzko ezer esaten Estatuak bere agirian.
3.3.5. 12. artikulua. Kultur jarduera eta zerbitzuak.
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak
1. paragrafoa, a, b, c, d, e, f, g eta h atalak.
2. paragrafoa.
3. paragrafoa.
Euskal Autonomia Erkidegoa
279- Ikusmen-urritasuna daukaten herritarren hizkuntz eskubideak zein egoeran zeuden ikusteko ikerketa bat egin zuen 2002. urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Urteko txostenean sartu zuen ikerketa hori. Urritasun-mota hori daukaten herritarren kexa ugari jasoak zituen Behatokiak, eta marjinazio bikoitza jasotzen dutenez —batetik, marjinazio fisikoa, ikusmen-urritasuna izateagatik; eta bestetik, kultur marjinazioa, gutxiengoen hizkuntza bateko hiztunak izateagatik—, haien kultur eta hizkuntz eskubideak babesteko arauak betetzerako orduan arreta berezia eta zehaztasuna behar zirela ikusi zuen Behatokiak.
280- Urritasun fisikoak dituzten herritarrek, beste edozein herritarrek bezala, hizkuntz eskubideetan normaltasunik eza eta eskubide horien zapalkuntza jasan behar izaten dute Administrazioarekin, Justiziarekin, Osasunarekin, edo enpresa pribatuekin dituzten harremanetan. Baina horrez gain, bestelako gabeziak ere badituzte: ez daukate euskaraz irakurtzeko aukerarik (ez dagoelako euskaraz braillez idatzitako literatur fondo bibliografikorik), ezin dute beraien jatorrizko hizkuntza ikasi edo hizkuntza horretan alfabetatu (ez dagoelako material didaktiko egokirik), eta ezinezkoa zaie informazioa euskaraz jasotzea edo euskarazko informatika-teknologia berriez baliatzea (euskaraz ez dagoelako braillez transkribatutako informazio orokorreko argitalpenik, eta ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat egokitutako informatika-aplikaziorik ere ez dagoelako).
281- Ia mende oso bat joan da Braille frantziarrak ikusmen-urritasunak dituzten pertsonek irakurri eta idatzi ahal izateko sistema asmatu eta martxan jarri zuenetik. Sistema horri esker, mundu osoko itsu edo ikusmen-arazo larriak dituztenek beraien kabuz kultura eta informaziorako sarbide izatea lortu zuten: irakurtzea lortu zuten. Europako estatu-hizkuntza guztietako eta erregio-hizkuntzatzat har daitezkeen beste askotako hiztegi eta gramatikak argitaratzen hasi ziren, eta gaur egun literatur fondo handia dago hizkuntza horietan. Fondo horren barruan sartzen dira bai idatzizko lanak eta bai entzutezkoak. Baina ikusmen-urritasuna daukaten euskal hiztunen egoera bestelakoa da: braillez idatzitako 20 bat liburu besterik ez dituzte beraien hizkuntzan. Kopuru hori oso txikia da ingelesez dauden 4.000 tituluekin, gaztelaniaz nahiz frantsesez eskura ditzaketen beste milaka libururekin edota katalanez ere irakur ditzaketen 2.000 argitalpenekin erkatzen baditugu. Egoeraren larritasunaren eta paradoxaren erakusgarri da, esate baterako, katalanez hitz egiten duten itsuek beraien hizkuntzan irakur dezaketela jatorriz euskaraz idatzi eta Literatur Sari Nazionala eskuratu zuen Obabakoak eleberria, baina itsu euskal hiztunek ezin dutela euskaraz irakurri jatorriz euskaraz idatzitako lan hori.
282- Orain dela 20 urte hasi ziren Hego Euskal Herriko itsu asko euskarazko liburuak argitaratzeko braille-inprenta eskatzen. Orduz geroztik, zenbait pauso eman dira: 1999ko udaberrian Elkar argitaletxeak eta Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalak (ONCE) itun bat sinatu zuten argitaletxeak ONCEri euskarri informatikoan material bibliografikoa utzi (Elkar-ek bete zuen konpromisoa), eta ONCEk materiala braillez inprimatu eta euskarazko fondo bibliografikoa osatzeko (ONCEk oraindik ez du konpromisoa bete).
283- ONCEk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-itun bat sinatu zuten 2001ean, ikusmen-urritasuna duten Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek laster testua ahots bihurtzen duen informatika-tresna izan dezaten eta, horrela, herritar horiek teknologia berriez baliatu ahal daitezen.
284- Nafarroako Foru Komunitatean ez da urratsik eman arlo honetan.
285- Aurrerapausoak egin badira ere, itsu euskal hiztunek oraindik ez daukate ziurtatuta beraien hizkuntza eta kulturarako sarbidea izateko eskubidea, eta ezta kultura unibertsal eta informazio orokorrerakoa ere. Eskubide horiek ziurtatzeko, ezinbestekoa da braillez idatzitako euskarazko liburuen fondoa sortzea eta informazioa eskuratzeko bitartekoak jartzea.
286- Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ikusmen-urritasuna zeukan herritar batek bidalitako kexa jaso zuen 2001ean. Kexa hori bera 2002. urtean iritsi zitzaion berriz Behatokiari, baina oraingoan 17 herritar itsuk sinatuta zetorren. Kexa orokorra zen, ez zegokion gertaera zehatz bati. Ikusmen-urritasuna duten euskal hiztunek jasan beharra duten egoera larria agerian jartzeko kexa zen:
Ugari dira ikusmen arazoak ditugunen artean euskara erabiltzeko oztopoak. Nolabait laburbiltzeko, esan genezake gure hizkuntzan irakurtzeko aukerarik ez dugula, hizkuntza bera ikasteko ere makina bat gabezia jasaten ditugu. Eta ze esanik ez, euskeraz informazioa jasotzeko edota informatikak eskeintzen dituen aukerak baliatzeko.
Urteak dira egoera hau gainditzeko era guztietako harremanak hasi ditugula. Batez ere, ardura hori dagokien erakundeekin, hau da Eusko Jaurlaritza, euskaldun hiritar garen aldetik eta ONCE bere gurekiko ardura zuzenagatik.
Kontua da, gaurdaino inolako aurrerapenik ez dela eman euskal liburu fondorik ez dago irakurri ahal izateko moduan eta aipatutako beste arazoak ere bere horretan diraute.
Uste dugu egoera honek errotik suntsitzen dituela gure hizkuntz eskubideak, eta horregatik berau zuzentzeko erabakiak eta baliabideak jar ditzaten zuengana jotzen dugu helburu eta urratsak lehen bait lehen bideratzeko.
287- Talde horren kexa ikusita, eta testuak braillez transkribatzeko sistema automatikoek daukaten gastu txikiaz jabetuta, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarentzat benetan zaila da ulertzea zergatik dauden herritar horiek oinarrizko kultur eskubiderik gabe.
288- ONCEri zuzendutako beste bi kexa bidali zizkieten herritar itsuek Behatokiari 2002. urtean. Kexek adierazten dute ONCEk ez duela bete braillez idatzitako euskarazko bibliografia-fondoa argitaratzeko hartu zuen lankidetzarako konpromisoa (921/2002 eta 961/2002 kexak).
Nafarroako Foru Komunitatea
289- Lehen esan dugun bezala, Nafarroan ez da inongo neurririk hartu ikusmen-urritasunak dituzten herritar euskal hiztunen egoera hobetzeko.
3.3.6. 13. artikulua. Ekonomia eta gizarte-bizitza.
a) Aukeratutako paragrafo eta atalak
1. paragrafoa, a, b, c eta d atalak.
2. paragrafoa, a, b, c, d, eta e atalak.
290- Espainiako estatuak adierazitakoari buruz lehenik eta behin esan behar dugu azterketa okerra egin duela, azterketa horretan dioenez, hartutako neurriak hein handi batean herritarren borondatean oinarrituta baitaude.
291- Izan ere, Estatuak adierazitakoak ez bezala, 1. paragrafoak adierazi nahi duena da kendu egin behar direla ekonomia eta gizartearen esparruan erregio eta gutxiengoen hizkuntzak erabiltzeko eskubidea galarazten duten lege-, administrazio- eta kontratu-mailako oztopoak.
292- Aurkeztutako txostenak ez du aipatzen lehenengo paragrafoko ataletako bakoitza betetzeko zein neurri orokor hartu dituen Estatuak. Eskumena autonomia-erkidegoek daukatela esateak ere ez du balio, ez baitugu ahaztu behar erregio-hizkuntzak sustatzea ez dela autonomia-erkidegoei soilik dagokien lana.
293- Atal honetan agerian jarri nahi dugu ez direla betetzen 1. paragrafoko neurriak. Zehatz esateko, ez zaie aurre egiten erregio edo gutxiengo hizkuntzak gizarte-jardueretan erabil ez daitezen egiten diren ekintzei.
294- Horren adierazgarri dugu Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak preso baten kexa atzera botatzeko emandako autuaren aurka jarritako errekurtsoari erantzunez Madrilgo Probintzia Auzitegiko Bosgarren Sekzioak 2002ko irailaren 17an emandako autua. Presoak telefonozko elkarrizketa pribatua euskaraz izan nahi zuen, eta auzitegiak esan zuen preso horren elkarrizketak kontrolatuak zeudenez eta interpretari-sistema egokirik ez zegoenez, murriztuta gelditzen zela bere ama hizkuntzan hitz egiteko eskubidea (ez ordea eskubiderik gabe, kontrolatuta egoteak eragiten baitzuen egoera hori). Honenbestez, bi aukera hauek besterik ez zitzaizkion gelditu: elkarrizketa gaztelaniaz egitea edo beste baterako uztea.
295- Adierazpen-askatasunerako eta pribatuan norberaren hizkuntza erabiltzeko eskubideen urraketa hori ez da Erregio zein Gutxiengo Hizkuntzen Europako Itunaren aurkakoa bakarrik, baita gizakien oinarrizko eskubideen aurkakoa ere.
296- Horren harian esan beharra daukagu Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak berak Barne ministroari idatzi bat bidali ziola 2002ko urriaren 30ean, horrelakorik berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak har daitezela eskatzeko.
297- Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) herritarren kexa ugari jaso ditu (ikusi 9. eranskineko agiria, 665/2002, 690/2002, 906/2002 eta 927/2002 kexei dagokiena).
298- Txostenak ez dio ezer Estatuak sinatutako atalei buruz eta atal horiek ezarri eta gauzatzeko hartutako neurriei buruz.
299- Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako kasu batek egiaztatzen du osasun-arloan ez dela bermatzen gutxiengoen hizkuntza. Lizartzako (Gipuzkoa) herritar batek Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuari kexa bat bidali zion, erditze-ikastaroa ezin izan zuelako bere herrian euskaraz egin. Osakidetzak hauxe erantzun zion: “Jaso dugu zure 2. kexa, eta adierazi nahi dizugu arazoari konponbidea emateko, erditze-ikastaroa egiteko tokia alda diezazukegula. Nahi izanez gero, gure eskualdeko beste osasun-etxe batean egin dezakezu ikastaroa, euskaraz hitz egin ahal izango duzun emagin batekin. Bestalde, jakinarazten dizugu ikastaro horiek gaztelaniaz egiten direla euskaraz ez dakien norbait baldin badago” (ikusi 41. eranskineko agiria. Azpimarratua gurea da).
300- Nafarroan ere, osasun-zerbitzuak eta, orokorrean, gizarte-zerbitzuak euskaraz jasotzeko ezintasuna adierazten duten kexa ugari dokumentatu dira. Ezintasun horren lekuko dira, esate baterako, Nafarroako Gobernuaren Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun-prebentzioko gizarte-programak zabaldu eta sustatzeko egiten dituen gaztelania hutsezko kanpaina publikoak (Programa de Asistencia Dental Infantil eta Programa de Acción sobre el Tabaco direlakoak, adibidez) edo bere zerbitzu publikoak hedatzeko erabiltzen duen gaztelania hutsezko materiala (Sistema de Información Territorial de Navarra, esate baterako). Legionella, tabakismoa, hortzetako higienea, haurren osasuna, eta abar barnean hartzen dituzten prebentzio-programa eta zerbitzu publiko horiek denak Nafarroa osoko herritarrei zuzenduta daude, eta gaztelania hutsez gauzatzen dira, hizkuntz eremuak kontuan hartu gabe. Txosten honetan jaso ditugu adibide gisako zenbait agiri (ikusi 29. eta 42. eranskinetako agiriak, 692/2002, 19/2003 eta 280/2003 kexei dagozkienak).
301- Beraz, 13. artikuluan bildutako atalak ez dira betetzen gure ustez.
3.3.7. 14. artikulua. Mugaz haraindiko trukeak.
a) Aukeratutako atalak.
a atala.
b atala.
b) Hartutako neurriak.
302- Espainiako estatuak aurkeztutako txostenak adierazten duen bezala, Espainiako erreinuaren eta Frantziako errepublikaren arteko itun bat dago, 1995eko martxoaren 10ean sinatutakoa, eta horren garapenetik sortu da Euskadi – Nafarroa – Akitania hitzarmena. Baina egia esan, hitzarmen horrek ez du balio izan ez hizkuntza berekoen arteko hartu-emanak gehitzeko, eta ezta kultura, irakaskuntza, informazio, lanbide-prestakuntza eta etengabeko prestakuntzaren inguruko lankidetza nabarmenik lortzeko ere. Erregio edo gutxiengo hizkuntzen onurarako lankidetzarik ere ez da lortu.
Erregio edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Ituna berresteko agirian Espainiako estatuak beregain hartutako konpromisoen egoera adierazten du txosten honek. Bertan azaltzen den informazioa agirien bidez egiaztatua dago, alegia, ehunka herritarrek Hizkuntz Eskubideen Behatokiari bidalitako kasu zehatzekin. Txosten honek erakusten duen egoera berretsi egiten dute bertan parte hartu duten erakunde guztiek ere, eta egoera horretan oinarrituz, ondorengo gomendio orokor nahiz zehatzak egin nahi dituzte, Adituen Lantaldeak kontuan har ditzan.
4.1. Gomendio orokorrak
Euskal Autonomia Erkidegoa – EAE
Nafarroako Foru Komunitatea
4.2. Gomendio bereziak
8. artikulua. Irakaskuntza.
Euskal Autonomia Erkidegoa – EAE
Nafarroako Foru Komunitatea
9. artikulua. Justizia.
Zehazki:
10. artikulua. Administrazio-agintaritza eta zerbitzu publikoak.
Euskal Autonomia Erkidegoa – EAE
Nafarroako Foru Komunitatea
11. artikulua. Hedabideak.
Nafarroako Foru Komunitatea
12. artikulua. Kultur jarduera eta zerbitzuak
EAE eta Nafarroa
13. artikulua. Ekonomia eta gizarte-bizitza.
EAE eta Nafarroa
14. artikulua. Mugaz haraindiko trukeak.
Ohar berezia
| Abokatu Euskaldunen Sindikatua | Jarduera | Euskara Justizia Administrazioan erabilpen normaleko hizkuntza izatea bilatzen duen abokatuen sindikatua. |
| IFK | G-20655932 |
| AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) | Jarduera | 100 zentro baino gehiago biltzen dituen euskararen irakaskuntzarako koordinakundea. |
| IFK | G-20088548 | |
| Erreg. Zbk. | Reg. Minist. De Interior: nº estatal 447728, nº provincial: 1425 |
| ARGIA (Komunikazio Biziagoa, S.A.L.) | Jarduera | Euskarazko informazio orokorreko astekaria. |
| IFK | A-20644928 | |
| Erreg. Zbk. | Gip. Erregistro Merkantila: 1724 liburukia, 191 orria, SS-15199. |
| ARTEZ | Jarduera | Euskararen normalizaziorako plangintzak, aholkularitza eta euskarriak eskaintzen dituen enpresa. |
| IFK | F-95015897 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Kooperatiben Erreg. 97.0.007 zbk. |
| BERRIA (Euskarazko Komunikazio Taldea S.A.) | Jarduera | Euskarazko egunkaria. |
| IFK | A-20807749 | |
| Erreg. Zbk. | Gip. Erregistro Merkantila: 2029 liburukia, 0 liburua, 122 orria |
| BOSTAK BAT Kultur Elkartea | Jarduera | |
| IFK | G-9512489 | |
| Erreg. Zbk. | Jaso gabe |
| ELKARLANEAN argitaletxea | Jarduera | Argitaletxea. |
| IFK | B-20606422 | |
| Erreg. Zbk. | Gip. Erregistro Merkantila: 1666 liburukia, 152 orria, SS- 13518 |
| EMUN kooperatiba elkartea | Jarduera | Enpresetan euskararen normalizaziorako planak garatzen dituen erakundea. |
| IFK | F-20579454 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Kooperatiben Erregistroa 97.0.067 zbk. |
| Euskal Soziolinigustika Institutua Sortzen Elkartea | Jarduera | Euskal Soziolinguistika Institutua. |
| IFK | G-20666806 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Elkarteen Erregistroa G-08063-99 zbk. |
| Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua | Jarduera | Jatorri, izaera eta lan eremu desberdinetan diharduten erakundeek osatutako erakundea euskarak garapen osoa izateko ildoak bultzatzeko. |
| IFK | G-20620217 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Elkarteen Erregistroa G-7267-98 zbk. |
| Goiherriko Euskal Eskola | Jarduera | Euskararen ezagutza eta erabilera arlo guztietan sustatzeko kultur elkartea. |
| IFK | G-20117743 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Elkarteen Erregistroa 625 zbk. |
| HIK HASI | Jarduera | Euskal heziketarako aldizkaria |
| IFK | G-20772513 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Elkarteen Erregistroa G-09737-2002 zbk. |
| Hizkuntz eskubideen Behatokia | Jarduera | Euskal Herriko herritarren hizkuntz eskubideez arduratzen den fundazioa. Eskubide horiek Euskal Herri osoan bermatzera zuzentzen du bere jarduera. |
| IFK | G-31724339 | |
| Erreg. Zbk. | Nafarroako Gobernuaren Fundazioen Errolda 135 zbk. |
| Ikas eta Ari - IKA | Jarduera | Helduen euskalduntze eta alfabetatzerako zentroen elkartea. |
| IFK | G-31261308 | |
| Erreg. Zbk. | Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Errolda, 1990.eko otsailaren 16a. |
| Karmel | Jarduera | Euskal Herriko karmeldarren aldizkaria. |
| IFK | Q-48003585I |
| MAIZPIDE | Jarduera | Euskaltegi eta barnetegia |
| IFK | G-20161402 | |
| Erreg. Zbk. | HABE erakundearen Euskaltegien Erregistroa 270 zbk.. |
| OINARRIAK | Jarduera | Nafarroan euskararen normalizazioan diharduten erakundeen elkartea. |
| IFK | G-31454598 | |
| Erreg. Zbk. | Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Errolda 2310 zbk. |
| Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea | Jarduera | Euskara osasun arloan sustatu eta bultzatzen duen elkartea. |
| IFK | G-20364428 | |
| Erreg. Zbk. | EAEko Elkarteen Erregistroa B-2003-90 zbk. |
| Sortzen – Ikasbatuaz | Jarduera | Irakaskuntza publikoaren sektoreak biltzen dituen elkartea. |
| IFK | G-31561509 | |
| Erreg. Zbk. | Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Errolda 2699 zbk. Erregistro Nazionala: 149010 |
(1) Jimeno Jurío, Jose Mª (1997). Navarra. Historia del euskera. Tafalla: Txalaparta, 29 eta 30 or.
(2) Mitxelena, Koldo (1988). Sobre la historia de la lengua vasca I. Anejos del Anuario de Filología Vasca “Julio Urquijo” 10. Donostia, 73. or.
(3) Ibidem, 43. or.
(4) Lacarra, Jose Mª (1975). Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Iruñea: Caja de Ahorros de Navarra.
(5) Jimeno Jurío, Jose Mª. Op. cit., 31 eta 32. or.
(6) Euzkadiko Gobernuaren erabakiz euskara ofiziala izan zen 1936-1937 denbora-tarte laburra kontatu gabe.
(7) Jimeno Jurío, Jose Mª. Op. cit., 37. or.
(8) Pays des Basques erabili zuen Ioannes Leiçarragak 1571n, Itun Berriaren bere itzulpenean, Nafarroako erregina zen Joana Albreti liburua eskaintzeko frantsesez idatzi zituen lerroetan [Leiçarraga, Ioannes (1571/1990) Iesus Christ gure iaunaren testamentu berria. Bilbo: Euskaltzaindia, 247. or.] Berdin egin zuen Wilhelm von Humboldt-ek alemanez.
(9) “...batbederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco maneran cer differentia eta diversitatea den” [Leiçarraga, Ioannes. Op. cit., 254. or].
(10) “Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscaraco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian. Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian, eta bertce anhitz leccutan”. [Axular. (1643/1988) Guero. Bilbo: Euskaltzaindia, 17. or.].
(11) Udalbiltza (2002). Euskal Herria datuen talaiatik. Euskal Herria: Udalbiltza, 180. or.
(12) Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Institut Culturel Basque (1997). Euskal Herriko soziolinguistika-inkesta. Euskararen Jarraipena II. Euskal Herriari buruzko liburukia, 19. or.
(13) Jimeno Jurío, Jose Mª. Op. cit., 19 eta 20. or.
(14) Mikelarena Peña, Fernando. (2003). “La evolución demográfica de la población vascoparlante en Navarra entre 1553 y 1936”. Fontes Lingua Vasconum, 92. 183-197or.
(15) Iturria: 1587 eta 1778 urteetako datuenak, Mikelarena (2003, 192. or.); 1863 eta 1936koenak, Erize, Xabier [(1999) Vascohablantes y castellanohablantes en la historia del euskera de Navarra. Iruñea: Nafarroako Gobernua, 88. or]. 1986ko datuak 1986ko Nafarroako udal-erroldatik ateratakoak dira, eta 1996koak, Nafarroako Gobernuarenak [(1999) Nafarroako Populazioaren Estatistika. 1996. Populazioaren banaketa euskararen ezagutzari buruz. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Estatistika Institutua, Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusia].
(16) Erize, Xabier (1999) op. cit.
(17) EAEko eta Nafarroako datuak 1996ko erroldetatik hartu ditugu, hain zuzen ere www.euskadi.net/euskera web orritik eta Nafarroako Gobernutik (1999, op. cit.). Frantziako estatuko datuak ere 1996koak dira eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Institut Culturel Basquetik hartu ditugu (1997, op. cit.).
(18) Udalbiltza. (2002) op.cit., 185. or. 1996ko inkesta soziolinguistikoko datuetan oinarrituta (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Institut Culturel Basque, op. cit.).
(19) Euskararen Aholku Batzordeak 1998ko ekainaren 24ko Batzorde Osoaren bileran eta Gobernu Kontseiluak 1998ko uztailaren 28an aho batez onetsitakoa.
(20) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datatuak. 2002-2003 ikasturtea.
(21) Euskal Unibertsitatea-2021 kongresua. Egiten ari garen Euskal Unibertsitatea kongresuko aktak. Bilbo, 2001eko irailaren 27 eta 28a.
(22) Euskal Herri osoko herritarren hizkuntz eskubideak defendatzen dituen fundazioa. Bere legezkotasunaren inguruko erreferentziak ikusteko, joan txosten honetako 5. atalera. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero egiten du hizkuntz eskubideen egoerari buruzko txostena. Txostenak egiteko, oinarritzat hartzen ditu hizkuntz eskubideen urraketa adierazten duten kasu zehatzak, herritarrek behar bezala dokumentatuta helarazitakoak. 2001 urteari dagokion txostena eta txostena egiteko oinarritzat hartu zituen kasu zehatzak hemen eskura daitezke. 2002ko txostenaren euskarazko bertsio osoa hemen dago. Laster jarriko dute 2002ko txostenaren gaztelaniazko bertsio laburtua web orrian.
(23) Euskarazko irakaskuntzaren ordez euskararen irakaskuntza publikoa besterik eskaintzen ez duen eremu horretan, ikastolak ere badaude. Ikastolak ikasleen gurasoek sortutakoak dira, kooperatiba moduan gehienetan, eta euskara daukate irakas-hizkuntzatzat. Eremu ez euskalduneko herri hauetan dauzkate ikastolak: Cortesen, Lodosan, Zangozan, Sartagudan, Tafallan, Tuteran eta Bianan.
(24) Iturria: Iñigo, Andres (2001) Euskeraren egungo egoera Nafarroan. Euskera (separata), 46. liburukia (2. aldia), Bilbo, 337 - 345. or.
(25) Euskarazko irakaskuntza defendatzeko lanean ari den Sortzen-Ikasbatuaz erakundeak emandako datuak. Erakundearen legezkotasunaren inguruko erreferentziak ikusteko, joan txosten honetako 5. atalera.
(26) NUPeko Hizkuntza Normalkuntzako Batzordeak 1999-2000 ikasturtean argitaratutako datuak; iturri honetatik hartuak: Lopez-Mugartza, Juan Karlos; 2001, “Nafarroako euskal hezkuntza eta euskal unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan”. Euskal Unibertsitatea-2021 kongresuan aurkeztutako txostena da. Ikusi 21. oin-oharra.
(27) Lopez-Mugartza, Juan Karlos, 2001, op. cit.
(28) Ibidem.
(29) Justiziaren arloan euskararen normalkuntzaren alde lan egiten duen abokatu euskal hiztunen elkartea. Erakundearen legezkotasunaren inguruko erreferentziak ikusteko, joan txosten honetako 5. atalera.
(30) Txostena interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.behatokia.org
(31) Ikusi Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako txostena.
(32) Ikusi Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako txostena.
(33) Gehiengo euskal hiztuna duten udalerrien elkartea. Administratiboki euskaraz funtzionatzen dute udalerri horiek. Erakundearen legezkotasunaren inguruko erreferentziak ikusteko, joan txosten honetako 5. atalera.
(34) Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Sekzioak 01-2134 gora jotzeko errekurtsoaren erantzun gisa emandako 5825 Ebazpena; Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Sekzioak 01-2132 gora jotzeko errekurtsoaren erantzun gisa emandako 5827 Ebazpena; Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Sekzioak 01-2065 gora jotzeko errekurtsoaren erantzun gisa emandako 5828 Ebazpena.
(35) 338/1990 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Hiriburuaren Izen Ofizialak Zein Diren erabakitzen duena (1991ko urtarrilaren 9ko NAO, 4. zk.).
(36) ...“Nafarroako Administrazio Auzitegiak onetsi egiten du aipatzen ez den datan Udalak egindako jardunbidearen aurka goian adierazitako gora jotzeko errekurtsoa. Jardunbide horren arabera, Santa Bizenta Maria, Sanduzelai, Miguel Servet eta Irigaray doktorea hiriko kaleen izenak gaztelania hutsez errotulatu ziren, eta Udalak kale horien izenak ele bitan, gaztelaniaz eta euskaraz, errotulatu beharko ditu”. 4227 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Sekzioak 02-1135 gora jotzeko errekurtsoari erantzutekoa.
“Nafarroako Administrazio Auzitegiak aurreko oinarrian adierazitako moduan onesten du aipatzen ez den datan Udalak egindako jardunbidearen aurka goian adierazitako gora jotzeko errekurtsoa. Jardunbide horren arabera, Udalaren egoitza hauen izenak gaztelania hutsez errotulatu ziren: “Iruñeko Energia Agentzia”, “Kulturako Alorra” “Erraldoien Txokoa”, eta “Joaquín Maya Musika Eskola”. Udalak egoitza horien izenak ele bitan, gaztelaniaz eta euskaraz, errotulatu beharko ditu”. 4211 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Sekzioak 02-1136 gora jotzeko errekurtsoari erantzutekoa.
![]() | Inprimatu |