|
Milguel Sanz Nafarroako lehendakariaren esanetan "hizkuntza eskubideak absurdoak dira, hizkuntzek ez dituztelako eskubideak". Hizkuntzek ez. Bai, ordea, hiztunek.
Bojan Brezigar EBLULeko presidenteak ondo azaldu zuen Iruńean bertan, Sanzek hain sutsuki defenditzen duen Nafarroako hiriburu honetan, azken bisitan. Diskriminazioa ote da gutxitu fisikoentzat autobusak atontzea? Bada, bai. Salagarria da? Bada, ez. Elbarrituen eskubideak eta hizkuntza eskubideak parekatzea arriskutsua izan daiteke, ez oso zuzena ere bai, baina adibide ona da Nafarroan euskararen presentzia biziak tripako minak ematen dizkienen faltsukeria agertzeko. Jo eta ke, gezurrarekin jendea konbentzitu arte.
Harrigarria da. Epaileen erabakiek behin eta berriro gogoratzen dute eskubideen kontra ezin dela dekretuz dekretu egin. Ezin dela indarrean dauden legeak nahi bezala saihestu. Ezin dela esan hori pitokeria gehiago dakienari puntu gehiago ematea diskriminatzailea dela gutxiago dakitenentzat. Epaile erdaldunak, asko eta asko oso kontserbadoreak oroit Merino Zalbaren teoria soziolinguistikoak esaten ari dira badirela eskubideak, horixe badirela, eta errespetatu behar direla. Baina hori ez dira bakarrik epaileak errepikatzen ari.
Europan, orain, eskubideen ideien inguruan iraultza txikia gertatzen ari da. Funtsean, hau da ideia: bizitzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea, berdintasun eskubidea... eskubide oinarrizkoak dira denak, baina beste batzuk, esaterako, hizkuntza eskubideak, horiek ere eskubideak dira. Hau da, oinarrizkoak dira. Hori da aldaketa.
Bada gehiago.
Europan, orain, ez da hizkuntza ofizialez eta ez-ofizialez hitz egiten ari, hizkuntza europarrez baizik. Estatuek eta administrazioek badituzte arazoak, bistan da, batzuen buruetan arazo burokratikoak baino ez dakartzaten ideiak bere egiteko, baina bidea hortik doa. Eta Nafarroan atzera egiten ari da bide horretan, eta hori ezin da onartu.
Horregatik, ezjakintasun eta harrokeria puntu guztiz iraingarria darie Sanzen hitzei Pegenauteren hitzei darien bera. «Hizkuntza eskubideak absurdoak dira, hizkuntzek ez dituztelako eskubideak». Jakina. Hiztunentzat eskubideak aldarrikatzen ari dira euskaltzaleak, ez euskararentzat eskubideak. Aldarrikatzen ari dira, hain zuzen ere, euren hizkuntza erabiltzeko oztopoak ikusten dituztelako non-nahi. Hori ere argitu egin behar da?
Ez da ahaztu behar unea. Europako adituek bisita egin behar zuten hil honetan, hizkuntzen eurokarta betetzen ari ote zen ikusteko, eta nahiz eta presioak elkarretaratzea atzeratu duen, hauteskundeak igaro arte, adituak etorri, etorriko dira. Nekez sinisten dira Brezigarren hitzak «nazioartekoan Nafarroako kasuaren inguruan dagoen interesak ondorio onak ekar ditzakeela iruditzen zaigu» baina esperantza pixka bat egon daiteke. Batzuk, hala ere, kaskagogorrak dira. Elebakar kaskagogorrak.
(ALBERTO BARANDIARAN AMILLANO kazetari eta idazlea da)
- Estrainekoz Berrian argitaratua, 2004-02-10ean
|