Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Baino

Rufino Iraola Garmendia / Hizkuntza / 2004-02-27 / 07:09


Pentsatuko duzue, noski, ez naizela Lázaro Carreter. Nire geziak oso txikiak eta biguinak dira. Baina ez naiz neurea bota gabe erraz konformatzen den horietakoa.



Aurreko batean, artikulu polit bat irakurtzen ari nintzela, harribitxi honekin egin nuen topo: “Gure ikuspegi kontsumistatik begiratuta, zoriona baino samina eta sufrimendua dutela pentsatuko genuke”. Gazteleraren kalko hori ulergaitza zen niretzat orain dela gutxira arte. Eta marka da gurea! Ongi dagoena ikastea gutxi balitz, gaizki adierazitakoa ulertzen ere ikasi egin behar. Esaldi hori, ondo idatzita, honela da: “Gure ikuspegi kontsumistatik begiratuta, zoriona ez baino samina eta sufrimendua dutela pentsatuko genuke”. Edo, bestela, honela: “Gure ikuspegi kontsumistatik begiratuta, zoriona baino samin eta sufrimendu gehiago dutela pentsatuko genuke”.

Behin horretara ezkero, barkatuko ahal didazue beste gomendio bat emateko ausardia ere. Izan ere, ez da ulergarriago gertatzen –nahiz eta Sebero Altube ernegarazi– esaldi nagusia aurretatuta?; honela: “Pentsatuko genuke, gure ikuspegi kontsumistatik begiratuta, zoriona baino samin eta sufrimendu gehiago dutela”.

Beste sail batean, honako hau aurkitu dut: Ruiz Piñeirok “Konstituzioa betearaziko” duela adierazi du. Esaldi horrek, zehar estiloan eman nahi izanez gero, komatxoak kendurik, honela behar du: Ruiz Piñeirok Konstituzioa betearaziko duela adierazi du. Estilo zuzenean, berriz, honela: Ruiz Piñeirok “Konstituzioa betearaziko dut” esan du. Gainera, hemen ere, esaldi nagusia aurreratzea ez letorke gaizki. Ruiz Piñeirok adierazi du: “Konstituzioa betearaziko dut”, edo Ruiz Piñeirok adierazi du Konstituzioa beteraziko duela.

Gezi txikiak dira, baina pezetaka egiten zen milioia.


(RUFINO IRAOLA GARMENDIA Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiaren zuzendaria da)

Inprimatu


Erantzunak


Matazaren hari-muturra

Jesus Rubio / 2004-02-28 / 10:38

Hitz hauek Mitxel Kaltzakorta irakaslearenak dira [Galdegai-lekua testu-hastapenetan (I), UZTARO, 45, 2003, 71-89]:

Edozein perpaus, oro har, errazago irakurtzen da galdegaia badauka aditzaren eskuman ezkerrean baino, eta are errazago galdegaia luzea bada eta konplexua

Baina, hortxe bukatzen al da ulergarritasunaren arazoa? Uste dut ezetz. Areago, uste dut horixe ez dela baizik matazaren hari-muturra, nondik tiratu behar dugun, luze tiratu ere.

Zeren, adibidez, hala nola aditzen objetuak izan daitezkeen laburrak edo ongi luzeak, berdin konparazioetan ere konparagaiak izan daitezke sinple-sinpleak edo ongi konplexuak, eta sinplerako balio duena ez da beti konplexurako baliagarri (ideia hau, bistan denez, zentrala da).

Gainera, aditza aurreratzeak bere ondorioak dakartza. Ikus dezagun Mitxel Kaltzakortaren goiko artikulu beretik ateratako esaldi konparatibo hau, non autoreak modu egokian aurreratu baitu aditza:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiagoa dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak baino aditza aurreren erabiltzeak.

Irakurtzean: "garrantzia handiagoa dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak", uler dezakegu horixe dela "garrantzia handiagoa dauka"na, baina gero hurrengo "baino" hori irakurtzean geldi gaitezke aztoratu samar, ikusiaz ezen hori baino "garrantzia handiagoa dauka"na dela "aditza aurreren erabiltzeak".

Hau da, harik-eta "baino" irakurri arte ez dugu ezagutuko "baino" horren aurretik irakurritakoaren zentzua, eta aurreko hori luze edo konplexu samar denean, bistan da zein deseroso izan daitekeen (hau berdin ere gertatzen da beste baliabide pospositiboekin).

Zeren, ez al litzateke aukera askoz hobea honako hau?

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiagoa dauka eduki aditza aurreren erabiltzeak ezi galdegaiaren fetitxea betetzeak.

Ez da beste tajuzko biderik: hasi behar gara erabiltzen "ezi" edo antzekorik, hasi behar gara erabiltzen "afin(-eta)" edo antzekorik, eta hasi behar gara bilatzen alternatibak tu hainbat eta hainbat baliabide pospositibo.

(JESUS RUBIO PEÑA: Doktore in Ekonomia)


Bi arrazoi: gramatikala eta testuala

Mitxel Kaltzakorta Mentxaka / 2004-03-07 / 23:14

Irakurri dut Jesus Rubioren artikulua. Berak dio perpausak ulergarriak egiteko ez dela nahiko aditza ahalik aurreren erabiltzea (ados), eta hori frogatzeko neure perpaus bat darabil artikulu batetik jasoa:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiago dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak baino aditza ahalik aurreren erabiltzeak.

Rubiok dio perpaus horretan aditza aurreratuta dagoela egon, baina perpausa nahasgarria dela ulergarritasunaren aldetik, izan ere, beraren ustez perpaus horretan irakurtzen badugu BAINOren aurreko informazioa

garrantzia handiagoa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak]

irakurlea erra daiteke eta pentsa garrantzia handiagoa eduki kako arteko informazioak daukala, baina irakurtzen jarraituz gero, irakurlea konturatuko litzatekeeela bere ustea ustela dela, eta garrantzia handiagoa eduki daukala BAINOren osteko kako arteko informazioak:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiagoa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak].

Hori saihesteko, proposatzen du EZI baliabidea erabiltzea. Honela erabili ere gure perpaus aztergaian:

(…) “garrantzia handiagoa dauka eduki aditza ahalik aurreren erabiltzeak EZI galdegaiaren fetitxea betetzeak”.

Horrela, dio Rubiok, irakurlea ez litzateke nahastuko, eta jakingo luke beltzekoa dela informaziorik garrantzitsuena, EZIren aurrekoa, eta ez ondokoa.

Ikusten denez, beltzezkoa aurreratuko bada, EZI baliabide prepositiboa behar, eta ez BAINO.

Kritika ona da eta beharrezkoa (are gehiago gure artean, eta batez ere, nik uste, kontu gramatikal eta testualetan), baina egin behar da tajuz, zentzuz eta jakinduriaz. Ikusita Rubioren kritika, konturatzen naiz ez dakiela, lehenengo, zelan funtzionatzen duen –AGO… BAINO semaforo edo menderagailu konparatiboak; bigarren, zer den testuingurua eta, azkenez, zer den informazioaren progresioa. Horren guztiorren hutsunea somatzen dut haren azterketan. Ez du egoki analizatu nire esaldia, eta nik erakutsi gura nuke nire perpausa, testuinguruak eskatuta, hurrenkera zuzenean dagoela emanda, eta ez dela nahasgarria, lausoa, erakutsi uste duenez Rubiok. Frogatzeko ekonomia irakasleak ez duela egoki irakurri nire perpausa, arrazoi bi erabiliko ditut:

Arrazoi gramatikala

Hasi gaitezen lehenengotik. Ikus dezagun perpausa osorik:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak BAINO aditza ahalik aurreren erabiltzeak.

Hor dugu menderagailu edo semaforo konparatiboa (-AGO… BAINO) eta, kargutzen bagara, zati bi ditu: -AGO eta BAINO. Lehenengoak eskatu egiten du bigarrena, exigitu egiten du. Bestela esateko, perpaus konparatibo mota honetan informazio parte bi daude. Hona hemen adibide bidez emana era bitara:

[GurAGO dut] [ura BAINO ardoa] [GurAGO dut] [ardoa ura BAINO]

Perpausaren era bietan, lehenengo informazioa -AGOren inguruan dago ardaztua eta bigarrena BAINOren inguruan, eta batak beste behar du. Gainera, euskaldunok badakigu, batera zein bestera eman perpaus konparatiboa, beltzekoa dela informaziorik garrantzitsuena, berriena.

Semaforoaren lehen zatia aurreabisu bat da zelako estruktura gramatikala datorren bigarren partean, iragarri egiten digu perpaus konparatibo batean sartuta gaudela, lehenengo partean egon ere, baina bigarrena falta zaigula, eta badakigu euskaldunok bigarren parte horretan BAINO dagoela, eta berton informazio bi daudela. Bestela esateko, euskaldun batek irakurtzen edo entzuten badu [GurAGO dut], badaki jakin bigarren parte bat datorrela derrigor, eta berton BAINO egongo dela era bietariko batean:

[GurAGO dut] [ura BAINO ardoa] [GurAGO dut] [ardoa ura BAINO]

Era berean, perpaus aztergaiari helduta, euskaldun batek entzun edo irakurtzen badu:

“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki…”

badaki jakin bigarren parte bat datorrela, eta bertan BAINO egongo dela, eta kasu honetan, ezkerretara duela informazio bat, eta beste bat, eskumatara:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak].

Horregatik, eta Rubiok uste ez legez, euskaldunok entzun edo irakurtzen badugu:

“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGO dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak]…”

badakigu perpausa ez dela amaitu, informazio gehiago datorrela, eta zain egon behar dugula perpausa osorik amaitu arte, eta ez dugula konklusiorik atera behar, Rubiok egin duen legez. Eta irakurrita perpaus osoa:

“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak]”.

orduantxe aterako dugu konklusioa, eta bakarra da: BAINOren osteko informazioa da berriena, berak du garrantzirik handiena (beltzez dago).

Arrazoi testuala

Orain artekoa ikuspegi gramatikaletik esan badut ere, horren osagarri eta sendogarri erabiliko dut ikuspegi testuala. Bada lege unibertsal bat, informazioaren progresioa deitua, balio duena, behintzat, informatzen ari garenerako:

Lehenengo eman behar da informazio zaharra, eta, ondoren, informazio berria

Nire perpausak aurretestuingurua beharko luke jakiteko zehatz-mehatz zein den informazio zaharra, eta, ondorioz, berria. Rubiok, zoritxarrez, huts-hutsean eman du nire perpausa, ezelako testuinguru linguistiko barik. Neuk azalduko dut zelako testuinguruan dagoen emanda nire perpausa. Perpaus aztergaia orduko hogeiren bat orrialde daude idatzita ideia bakar-bakarraren inguruan: dagoen legea galdegaiaren inguruan gezur hutsa dela, ustela. Horrek esan gura du ideia hori informazio ezagun-ezaguna dela, informazio zaharra. Baina ideia hori, informazio ezagun edo zahar hori, beste berba batzuez esateko, perpaus konparatiboaren BAINOren aurreko informazio bera da, [galdegaiaren fetitxea betetzeak], eta horren ondorioz, informazio berria da perpaus konparatiboaren ostekoa:

[aditza ahalik aurreren erabiltzeak]

Eta informazioaren progresioak eskatzen duenez lehenengo ematea informazio zaharra, eta, gero, berria, lege hori bete-bete egiten du nire perpausak:

Perpaus guzti-guztietan, nik uste garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] —informazio zaharra— BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak] —informazio berria—.

Argiago gera dadin esandakoa, beste adibide bat paratuko dut:

(Gogaitu-gogaituta nago hemen, beti gabiltza muturka, ez dakigu bizitzen mokoka egin barik). Gurago dut hemen, Euskal herrian bizi BAINO edonon bizi.

Ikusita aurretestuingurua (parentesi barrukoa), nor ausartuko litzateke esaten informaziorik garrantzitsuena perpaus konparatiboan ez dela BAINOren ostekoa? Nork esango luke perpaus hori txarto dagoela eratuta?

Laburpentzat esango nuke, lehenengo, ikuspegi gramatikala erabili dudala adierazteko perpaus konparatiboak parte bi dituela, eta bigarrena, irakurri arte ezin dela konklusiorik atera; bigarren, ikuspegi testuala baliatu dudala erakusteko, nire adibidean behintzat, BAINOren osteko informazioa dela berriena, garrantzitzuena (eta ez aurrekoa). Eta ez dagoela ekibokorik ulergarritasunean. Hala dela uste dut, inork besterik frogatu ezik.

(MITXEL KALTZAKORTA MENTXAKA, Euskara irakaslea)


Komparativoetan zati bi, noski eta prefosta.

Erramun Gerrikagoitia Rodríguez / 2004-04-20 / 15:28

Irakurri ondoan Mitxel Kaltzakorta lagunak izkiriatua ethorri zaizkit gogora ondoko kommentarioak.

Ez othe dugu sarri entzun honango esaldirik artean euskaldun jende garbia? "Gaur prosterako, mandarinea naranjea baino nahiago dut". Edo soilik "mandarinea naranjea baino nahiago dut".

Hemen komparatzen ditugunak (mandarinea eta naranjea) doaz aurretik eta elkharren ondoan garbi ezein tarte txikerrenik gabe, oraindino sartu gabe phrasearen parte proprio komparativoetan ("baino" eta "...ago").

Esandi (eta phrase) hau da guziz normala euskaraz. Othe du honek guziak gorabehera transzendental determinanterik in analysia on Mitxel Kaltzakorta nire lagun eta ezaguna?

Gehiagorik ere kommentatuko nuke, baina utz dezagun gaurkoz hemen.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ, maisua da eskola publikoan)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1076408968