|
Irakurri dut Jesus Rubioren artikulua. Berak dio perpausak ulergarriak egiteko ez dela nahiko aditza ahalik aurreren erabiltzea (ados), eta hori frogatzeko neure perpaus bat darabil artikulu batetik jasoa:
Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiago dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak baino aditza ahalik aurreren erabiltzeak.
Rubiok dio perpaus horretan aditza aurreratuta dagoela egon, baina perpausa nahasgarria dela ulergarritasunaren aldetik, izan ere, beraren ustez perpaus horretan irakurtzen badugu BAINOren aurreko informazioa
garrantzia handiagoa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak]
irakurlea erra daiteke eta pentsa garrantzia handiagoa eduki kako arteko informazioak daukala, baina irakurtzen jarraituz gero, irakurlea konturatuko litzatekeeela bere ustea ustela dela, eta garrantzia handiagoa eduki daukala BAINOren osteko kako arteko informazioak:
Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiagoa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak].
Hori saihesteko, proposatzen du EZI baliabidea erabiltzea. Honela erabili ere gure perpaus aztergaian:
(…) “garrantzia handiagoa dauka eduki aditza ahalik aurreren erabiltzeak EZI galdegaiaren fetitxea betetzeak”.
Horrela, dio Rubiok, irakurlea ez litzateke nahastuko, eta jakingo luke beltzekoa dela informaziorik garrantzitsuena, EZIren aurrekoa, eta ez ondokoa.
Ikusten denez, beltzezkoa aurreratuko bada, EZI baliabide prepositiboa behar, eta ez BAINO.
Kritika ona da eta beharrezkoa (are gehiago gure artean, eta batez ere, nik uste, kontu gramatikal eta testualetan), baina egin behar da tajuz, zentzuz eta jakinduriaz. Ikusita Rubioren kritika, konturatzen naiz ez dakiela, lehenengo, zelan funtzionatzen duen –AGO… BAINO semaforo edo menderagailu konparatiboak; bigarren, zer den testuingurua eta, azkenez, zer den informazioaren progresioa. Horren guztiorren hutsunea somatzen dut haren azterketan. Ez du egoki analizatu nire esaldia, eta nik erakutsi gura nuke nire perpausa, testuinguruak eskatuta, hurrenkera zuzenean dagoela emanda, eta ez dela nahasgarria, lausoa, erakutsi uste duenez Rubiok. Frogatzeko ekonomia irakasleak ez duela egoki irakurri nire perpausa, arrazoi bi erabiliko ditut:
Arrazoi gramatikala
Hasi gaitezen lehenengotik. Ikus dezagun perpausa osorik:
Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki galdegaiaren fetitxea betetzeak BAINO aditza ahalik aurreren erabiltzeak.
Hor dugu menderagailu edo semaforo konparatiboa (-AGO… BAINO) eta, kargutzen bagara, zati bi ditu: -AGO eta BAINO. Lehenengoak eskatu egiten du bigarrena, exigitu egiten du. Bestela esateko, perpaus konparatibo mota honetan informazio parte bi daude. Hona hemen adibide bidez emana era bitara:
[GurAGO dut] [ura BAINO ardoa]
[GurAGO dut] [ardoa ura BAINO]
Perpausaren era bietan, lehenengo informazioa -AGOren inguruan dago ardaztua eta bigarrena BAINOren inguruan, eta batak beste behar du. Gainera, euskaldunok badakigu, batera zein bestera eman perpaus konparatiboa, beltzekoa dela informaziorik garrantzitsuena, berriena.
Semaforoaren lehen zatia aurreabisu bat da zelako estruktura gramatikala datorren bigarren partean, iragarri egiten digu perpaus konparatibo batean sartuta gaudela, lehenengo partean egon ere, baina bigarrena falta zaigula, eta badakigu euskaldunok bigarren parte horretan BAINO dagoela, eta berton informazio bi daudela. Bestela esateko, euskaldun batek irakurtzen edo entzuten badu [GurAGO dut], badaki jakin bigarren parte bat datorrela derrigor, eta berton BAINO egongo dela era bietariko batean:
[GurAGO dut] [ura BAINO ardoa]
[GurAGO dut] [ardoa ura BAINO]
Era berean, perpaus aztergaiari helduta, euskaldun batek entzun edo irakurtzen badu:
“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki…”
badaki jakin bigarren parte bat datorrela, eta bertan BAINO egongo dela, eta kasu honetan, ezkerretara duela informazio bat, eta beste bat, eskumatara:
Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak].
Horregatik, eta Rubiok uste ez legez, euskaldunok entzun edo irakurtzen badugu:
“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGO dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak]…”
badakigu perpausa ez dela amaitu, informazio gehiago datorrela, eta zain egon behar dugula perpausa osorik amaitu arte, eta ez dugula konklusiorik atera behar, Rubiok egin duen legez. Eta irakurrita perpaus osoa:
“Perpaus guzti-guztietan, nik uste, garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak]”.
orduantxe aterako dugu konklusioa, eta bakarra da: BAINOren osteko informazioa da berriena, berak du garrantzirik handiena (beltzez dago).
Arrazoi testuala
Orain artekoa ikuspegi gramatikaletik esan badut ere, horren osagarri eta sendogarri erabiliko dut ikuspegi testuala. Bada lege unibertsal bat, informazioaren progresioa deitua, balio duena, behintzat, informatzen ari garenerako:
Lehenengo eman behar da informazio zaharra, eta, ondoren, informazio berria
Nire perpausak aurretestuingurua beharko luke jakiteko zehatz-mehatz zein den informazio zaharra, eta, ondorioz, berria. Rubiok, zoritxarrez, huts-hutsean eman du nire perpausa, ezelako testuinguru linguistiko barik. Neuk azalduko dut zelako testuinguruan dagoen emanda nire perpausa. Perpaus aztergaia orduko hogeiren bat orrialde daude idatzita ideia bakar-bakarraren inguruan: dagoen legea galdegaiaren inguruan gezur hutsa dela, ustela. Horrek esan gura du ideia hori informazio ezagun-ezaguna dela, informazio zaharra. Baina ideia hori, informazio ezagun edo zahar hori, beste berba batzuez esateko, perpaus konparatiboaren BAINOren aurreko informazio bera da, [galdegaiaren fetitxea betetzeak], eta horren ondorioz, informazio berria da perpaus konparatiboaren ostekoa:
[aditza ahalik aurreren erabiltzeak]
Eta informazioaren progresioak eskatzen duenez lehenengo ematea informazio zaharra, eta, gero, berria, lege hori bete-bete egiten du nire perpausak:
Perpaus guzti-guztietan, nik uste garrantzia handiAGOa dauka eduki [galdegaiaren fetitxea betetzeak] —informazio zaharra— BAINO [aditza ahalik aurreren erabiltzeak] —informazio berria—.
Argiago gera dadin esandakoa, beste adibide bat paratuko dut:
(Gogaitu-gogaituta nago hemen, beti gabiltza muturka, ez dakigu bizitzen mokoka egin barik).
Gurago dut hemen, Euskal herrian bizi BAINO edonon bizi.
Ikusita aurretestuingurua (parentesi barrukoa), nor ausartuko litzateke esaten informaziorik garrantzitsuena perpaus konparatiboan ez dela BAINOren ostekoa? Nork esango luke perpaus hori txarto dagoela eratuta?
Laburpentzat esango nuke, lehenengo, ikuspegi gramatikala erabili dudala adierazteko perpaus konparatiboak parte bi dituela, eta bigarrena, irakurri arte ezin dela konklusiorik atera; bigarren, ikuspegi testuala baliatu dudala erakusteko, nire adibidean behintzat, BAINOren osteko informazioa dela berriena, garrantzitzuena (eta ez aurrekoa). Eta ez dagoela ekibokorik ulergarritasunean. Hala dela uste dut, inork besterik frogatu ezik.
(MITXEL KALTZAKORTA MENTXAKA, Euskara irakaslea)
|