Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Nafarroa: euskara eta neurosia

Nafarroa: euskara eta neurosia

2004-02-13 / 07:07 / Jose Luis Idoate Iribarren   BESTELAKOAK

Nafarroako agintedunentzat nafar euskaldunak ez gara eta ez gaude. Izan bagarela ukatzen digute eta Nafarroan euskaldunik ez balego bezala jokatzen dute. Nafarroan euskaldunak ez gara existitzen bertako agintarientzat. Baina zalantza bat sortzen ari zait: Nafarroako gainerako herritar eta erakundeentzat existitzen al gara?

Nafarroan, euskaldun edo euskaltzale izatea neurosia izatea da. Erotasunaren eta zentzuaren mugan egotea. Hutsune bat da garatzeko bidean. Neurosia, ez «gaixotasun psikologiko» modura ulertuta, geure burua ezin landu dugun irudipen modura baizik, gure giza izaera ezin zabaldu dugun irudipena. Aztoramen guztiz espirituala da, eta pertsonari bere osoan eragiten dio.

Teorian izan bai, baina praktikan ez izatea da. Zigorra begi bistakoa da: desagertzea.

Badut gertaera bat edo beste gorago esandakoa ispilatzen duena, eta, bide batez, sindrome neurotikoa nola azaltzen den ikusarazten duena.

00. gertaera:

Nafarroako Unibertsitatea (Opus Dei). 1976. urtea. Victoria Romero, Espainiar hizkuntzaren irakaslea: «Euskara, galiziera eta katalana legez, nekazari eta arrantzale jendearen hizkuntza da, batere jantzia ez den jendearena, ohitura eta baliabide eskaseko jendearena. Horren haritik, argi dago euskara desagertu egingo dela». Nire ikaskide euskaldunek (Arbizukoak eta Goizuetakoak) honela zioten: «Euskaraz mintzo naizela jakiten badu, azterketa ez dut pasatuko sekula!». Trantsizio garaia zen. Nik ez nekien euskaraz, baina ikasteko asmo hutsak eroen gauza zirudien.

0. gertaera:

Behin batean, autobusean nindoala, honela galdetu zidan andre batek: «Zer hizkuntzatan mintzo da zure alaba?». «Euskaraz», nik erantzun. «Ulertzen al diozu?». Izututa nago. Nik uste nuen alabarekin komunikatu nahi zuen aita nintzela, uste nuen lotura bat ezarri nahi nuela biok ala biok lasai hazi gintezen. Sobra ere, hanka sartu nuen hizkuntzarekin. Halere, hobe pentsatzea emakume hura eskolarik gabekoa zela, jende jantzi askoren inguruan bizi zena. Badut, ordea, zalantzarik.

1. gertaera:

Beste behin, lagunartean geundela, Ekuadorko edo Kolonbiako mutiko batek galdetu zidan: «Atzerritarrak zuek ere, ala?». Gu euskaraz ari, alajaina! Marjinazioaren basamortuan lagun bila zebileneko trantze hartan, zein aurkituko, eta gu. Harrigarria, ezta? Nik nafar peto-petotzat neure burua, eta orain badirudi hemengoa ere ez naizela. Atzerritarrei eurak bezain atzerritar naizela iruditzen zaie, antza. Kezkatzen hasia naiz. Hemengoa izan nahi, eta ez didate uzten. Neurosia agertu da. Polonieraz edo euskaraz egin, biak bat?

2. gertaera:

Erosketak egunero egiten ditudan dendan, «agur» esan ohi dut irtetean, eta dendariak, berriz, «ciao» erantzuten dit. Badakit, ordea, «adiós» esaten diola gainerako jendeari. Galdetu diot ea zergatik «ciao» niri bakarrik esaten didan, eta haren erantzuna: «zuk agur esaten baduzu, nik zuri ciaoÓ. Euskaraz hitz eginez gero, jendeak modu berezian hartzen zaitu, baina ez jatortasunez, ez horregatik! Ezinegonak jota nago; halere, uste dut okerrago litzatekeela agurtuko ez banindu. Italieraz agurtzeari, haatik, zirikaldi usaina hartzen diot. Paranoia hasi da.

3. gertaera:

Iruñerriko nekazari batekin eztabaidatu nuen. Esan zidan paraje horretan ez dutela sekula euskaraz hitz egin. Bitarte hartan, jolasean zebilkien semea, eta kargu hartu zion: «¡No te metas en la ezpuenda que te vas a pinchar con los achunes!». Zaila da adierazten, zaila denez, zein abailgarria den norbaiti lehendik dakiena ezin irakatsi ahal izatea. Zergatik erakutsi inori aurrez dakiena? Nahi eta ezin. Neurosia. Obsesiboa agian?

4. gertaera:

Girona. Banoa Caixara dirua ateratzera, eta, nire pozgarri, kutxa automatikoan euskara erabil dezakedala ikusi nuen. Iruñea. Lagun bati kontatu nion gertatu zitzaidana, eta, haren harridura ikusita, egia ote zen egiaztatzera abiatu ginen auzo bateko sukurtsalera. Harrigarria! Frantsesez, ingelesez, alemanez eta gaztelaniaz eska zitekeen. Caixarentzat, itxura denez, ofizialagoa da euskara Katalunian, Nafarroan baino. Ez ote nintzen, bada, okerreko sorterrian jaioko? Krisi existentziala, inondik ere.

Eta horrela, ehunka eta ehunka adibide.

Hau, behintzat, ziurtzat daukat: euskaldun eta euskaltzaleok ez garela astakeria horien guztien errudunak. Giro gaiztotu eta zentzugabe horrek «nahia eta ezina» ekartzen du. Ez dago lasai bizitzerik dakigun hizkuntza bat erabiliz. Ez dago libreki hautatzerik.

Ez gara libreak. Batez ere, gure politikariak ere ez direlako. Sanz eta Lizarbe ez dira libreak, ez bata eta ez bestea. Hizkuntza bera erabili beharra daukate beti, nahitaez, ez baitakite besterik.

(Julio Villanueva, ordea, libre da; egungo Hezkuntzako Zuzendari Nagusia da Villanueva. Gizon horri denon artean ordaindu genizkion euskara ikasteko eskolak. Bada, libreki, ez ditu hartzen. Asmo txarrez betetako iseka da bere ahalegin, ikasketa, diru eta denboraz geure kulturaren balioa bereganatu nahi izan duen ororentzat).

Natorren berriro neurosira. Izan ere, existitzeaz, izateaz, nork bere burua landu nahiaz ari naiz. Gizarte inguruak bide eman behar digu geure lurrean atzerritar senti ez gaitezen. Sanzek, baina, euskaldunak kentzen ditu leihatila, osasun etxe eta ikastoletatik. Barcinak, berriz, banatu egiten ditu euskarazko argitalpenak eta gaztelaniazkoak, ankerkeriaz. Gero, gainera, 13.000 milioi gastatu dituzte Baluarten, euskara aipatu ere egiten ez duen Baluarte horretan.

Agintedunen hitzetan, ez gara eta ez gaude. Neurosia ziztatzen digute luzarora lo har dezagun, geldi gaitezen eta gal gaitezen.

Horren kontrako onena zer den argi dago, nire ustez: mobilizazioa. Horrek agerian utziko baitu badela Nafarroan euskaltzale eta euskaldunik: bagara, maitatzen eta gorrotatzen dugu, eskubideak ditugu; potoloak nahiz argalak gara, handiak zein txikiak, ezkertiarrak, eskuinekoak. Azken batean, kolektibitate bat gara, galiziarrak, andaluziarrak eta magrebtarrak diren bezala. Horregatik, inon ez bageunde bezala ez ikusiarena egiten digutenean mugitu beharra daukagu, batere konplexurik gabe kalera irten, artea sortu. Orain gauzatze kolektibo batean islatuko da gure neurosia, geure burua berresteko ekintza batean.

Hemen gara eskubide osoz. Kalera, bada-eta garaia!


(JOSE LUIS IDOATE IRIBARREN "TXIKI" orientatzaile psikopedagogikoa da)

  • Estrainekoz Berrian argitaratua, 2004-01-30ean.

Inprimatu


Erantzun

 
Eutsi etsi gabe
2004-02-13 / 09:36 / Dionisio Amundarain

NIRE ZORIONIK HANDIENA, HIRETZAT ETA BORROKAN GOGOR ETA ETSI GABE ARI ZARETEN NAFAR GUZTIOI.

(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA erlijioso beneditarra eta itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com