|
Azken urteotan Nafarroako Gobernuak makilkada guztiak bizkar berean eman ditu: euskararen bizkarrean. Nafarroako Euskara Kultur Elkargoak txosten zabal-sakona tajutu du Nafarroako Gobernuak euskarari emandako astinduei buruz. Txostena Europan aurkeztu dute Espainiako Erresumak Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokarta inolaz ere betetzen ez duela agerian jartzeko. Orain Europako ebazpenaren zain daude. Hona hemen txosten hori oso-osorik:
1.- SARRERA GISA
1.- SARRERA GISA
1992ko azaroaren 5ean Espainiak Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokarta (EZGHBE) sinatu zuen. Geroago, 2001eko apirilaren 9an berretsi zuen Karta horretan xedatzen den oro; berreste agiria 222 zenbakiko EAOn (2001-9-15) eman zen argitara.
EZGHBEk, 15. artikuluan, honako hau aurreikusten du: "kartagileek aldian aldian eta Ministroen Lantaldeak erabakiko duen moduan, karta honetako II. zatiaz (1) bat eta III. zatitik (2) onartutako erabakiak ezartzearen ondorioz, aurrera eraman duten politikari buruzko txosten bat aurkeztu beharko diote Europako Kontseiluko idazkari nagusiari. Lehen txostena Karta indarrean jarri eta hurrengo urtean aurkeztu beharko da..."
2002ko irailaren 23an, bere borondatez hartutako konpromisoa betez, Espainiako Erresumak bere txostena aurkeztu du.
Karta horren 16.2 artikuluak ezartzen du "legez kartagile bilakatutako erakunde eta elkarteek Adituen Lantaldeari (3) oharrak aurkezteko aukera izango dutela, kartagile horrek dituen konpromisoen inguruko gaiak direla eta".
Euskara Kultur Elkargoa Fundazioa Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Fundazioen Erregistroan dago inskribatua, 114. zenbakiarekin, Barne zuzendari nagusiak 2001eko urtarrilaren 10ean eman 52/2001 Ebazpenaren arabera.
Fundazioaren oinarrizko helburua Nafarroan euskara eta euskal kultura ezagutzera eman, garatu eta zabaltzea izaki, bere burua zilegitzat hartzen du Adituen Lantaldeari igortzeko EZGHBEk Nafarroan duen errealitateari buruzko txosten hau.
Gure txostenaren helburu nagusia da Administrazio publikoei laguntza ematea Espainiako agintariek EZGHBE berretsiz hartutako konpromisoak aurrera eraman ditzaten.
Metodologiari dagokionez, Estatu espainiarraren txostena izanen dugu abiapuntu, proposamenean haren egitura hitzez hitz segituko ez dugun arren, ez delako, hain zuzen, txosten osatua eta zehatza. Nafarroari dagokionez, Estatuak, Kartaren aplikazioari buruzko txostena egiterakoan, ez die inoiz kontsultarik egin euskararen sustapen eta defentsaren alde lan egiten duten gizarte erakundeei. Areago, agintariek ez dute txosten hau zabaldu, ezta hizkuntza gutxiagotuetara itzuli ere.
Gure hausnarketekin batera Nafarroako Foru Komunitateko errealitate soziolinguistiko eta juridikoari buruzko datuak ere eransten ditugu, zatiketa administratibo-autonomikoa dela kausa hori baita gure lurraldetasunaren muga.
2.- ESPAINIAKO ERRESUMAREN TXOSTENA
2.1.- ATARIKOA
Puntu honetan txostenak Espainiako Erresumaren ustezko bilakaera historikoaren ikuspegi orokorra azaltzen du eta datuak ematen ditu: geografiko eta demografikoak, ekonomikoak, Estatuaren eskumen-egitura, autonomia erkidegoen antolaketa, hizkuntzen zerrenda, etabar.
Ezin dugu puntu hau aztertu txostenaren erredakzio taldeak erabilitako denbora irizpideari erreparatu gabe. Espainiako Erresumaren errealitate historikoaz duen ideia bereziaren arabera, hau bitan banatzen da: gaurko Konstituzioa promulgatu zen 1978. urtea baino lehen eta ondoren. Oso urria, dudarik gabe.
1.1.- Datu orokorrak
Txostenak bakarrik argitzen du 1978ko Espainiar Konstituzioa baino lehenago Estatua "lurralde antolaketa arras zentralizatuaren ezaugarria zuen" egitura zela.
Txostenaren ikuspegi hau aseptikoa, arina eta osatugabea da. Ez da Estatuaren iraganaldian barnako benetako ibilbidea egiten eta ez da Administrazio zentralaren eta Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzen arteko harreman historikoen berri ematen. Txostenak ez du atzera begiratzen: begiak 1978an irekitzen ditu eta aurreko errealitate orori ixten dizkio ateak, gaurko egoerara ekarri gaituen bidea saihestuz.
Guk idazki hau hasi behar dugu erabili behar ditugun kontzeptuak, hots, euskara, Nafarroa eta hauen eta botere zentralaren arteko jarduera, laburki bere inguruan kokatzen.
Euskara, euskaldunok gure hizkuntza izendatzeko erabiltzen dugun izena, historian zehar modu askotan izan da ezagutua: Bizkaitarren hizkuntza, Kantabriako hizkuntza, Lingua Navarrorum, Nafarren hizkuntza, Vascuence, etabar. Izen aniztasuna ideia bakarra izendatzeko, Euskal Herria mintzatzen den hizkuntza. Euskararen sustraiak gizakiaren prehistorian galtzen dira, "harri leunduaren aroan mintzatzen zen euskaraz mendebaldeko Pirinioetan" (4). Mendebaldeko Europan gaur egun erabiltzen den hizkuntza indoeuroparaurreko bakarra da.
Euskarak jardun duen hedapen geografikoa aldatu egiten da historiaren unearen arabera. Prehistoriatik "baskona kontinenteko jatorrizko hizkuntza zenetik" (5) gaurko egoera arte, zeinean euskara jatorrizko hizkuntza bizia den aldetik, estatu espainiarreko iparmendebaldean (Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa) eta Frantziako hegomendebaldean (Ipar Euskal Herria), hots, Euskal Herrian (6) erabiltzen baita.
 | | Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestatik (1996) ateratako datuak (7). |
Ikuspuntu juridiko-administratibotik, egun, euskara banaturik dago bi estatutan eta hiru administrazio ezberdinetan, eskumen desberdinak dituztenak eta haietan euskarak aitortza maila anitza du: koofizialtasunetik (Euskal Autonomia Erkidegoan) aitortzarik ezara (8) (estatu frantziarra), Nafarroatik pasatuz, bertan euskaldunek lurraldearen eremu zehatzetan eskubideak dituztela.
Hizkuntza normalizazioari dagokionez, administrazioen aniztasunak ekartzen du Euskal Herrian euskara normalizatzeko hizkuntza politika komunik ez izatea, honek dakartzan kalte eta atzerapenarekin. Egoera honen zioa, nagusiki, politikoa da. Administrazio batzuk egoteak ekartzen du Kartaren betetzea zaintzeko erregio-ente arduradun ezberdinak izatea eta honek behartzen gaitu Europako Kartaren aplikazioa banan-banan aztertzera. Guri dagokigunez, aztertuko dugu Nafarroako Foru Komunitateak, eta, maila batean Estatuak, nola betetzen duten Karta.
Txosten espainiarrak aipatzen du 1978. arte Estatua egitura arras zentralizatua zela. Hau egia bada ere, ez da ahaztu behar XIX. mendera arte Espainiako Erresuma ez zela egitura zentrala bihurtu; ordura arte lurralde errealitate bereiziak ziren. Nafarroako Erresumak berezko organo legegileak, ogasuna, mugak, e.a. zituen; errealitate politiko autonomoa zen, Gaztelako koroari lotua eta haren menpekoa.
Nafarroa, kontzeptu politiko-administratibo gisa, XII. mendean agertu da historiografia ofizialean. Ordura arte Nafarra "Pirinioetako hegoaldeko isurialdean bizi zen euskal komunitateko partaide oro zen, Nafarra zen hegoaldeko euskaldun (9) oro, arabarrak eta bizkaitarrak barne (10) ". Honela, historian zehar, Nafarroak gaur egungo Komunitate Autonomoa baino handiagoa zen kontzeptu politikoa biltzen zuen, aurrekariak Baskonian zituena.
Euskal lurraldeetako gaur egungo zatiketa politiko administratiboak jatorria du Nafarroako Erresumak, bere historian zehar, jasan zituen konkista prozesu tartekatuetan, Estatuaren (frantziarra edo espainiarra) (11) beste barruti administratiboa izatera murriztu zuten arte. Nafarroako Foru Komunitatearen gaur egungo lurraldea Gaztelak konkistatu zuen 1512an eta bere koroari lotu 1515ean (12).
Gaztelak Nafarroa konkistatu izana uztartzen da Europan Nazio Estatuak sortzeko prozesuetan, horrek dakartzan ondorioekin, batasun, erakundeen eta legeen zentralizazio eta hizkuntza nazional baten eskakizunari dagokienez. Arestian aipatu dugun bezala, Nafarroari bere erakundeak XIX. mende arte kentzen ez badizkiote ere, askoz lehenago ezagutu ziren lur hauetan Gaztelako koroak euskararen erabileraren aurka egin erasoak. Azken bi mendeen erakusgarri gisa, hona hemen adibideok (13):
- XX. mendearen erdira arte, eskoletan eraztuna erabiltzea ohikoa izan zen, gure nagusiek oraindik ongi gogoratzen dutena. 1789an, Joseph Ruiz de la Torre Palmako Comú-ko sindikoak honela deskribatzen zuen: "eta noraino dagoen debekatuta lurralde horretako hizkuntzaz, euskaraz, hitz egitea ezen ezarrita baitago eraztun bat, debekuari kasu egiten ez diotenen artean eskuz esku pasatzen dena; horrela, asteburuan eraztuna berarekin daukan gazteak izaten du zehazturik dagokion zigorra (14) ".
- 1901ean, Nafarroako Gobernari Zibilaren zirkular batek iparraldeko maisuei adierazten die jakin badakiela zenbait ikasgaitan "bertako hizkuntza" erabiltzen dela, baita ohartarazi ere debekatuta dagoela (15).
- 1994an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaltegarritzat eta diskriminatzailetzat jo zuen euskarazko programazioa besterik eskaintzen ez zuen irrati bat izatea (16).
Txosten espainiarrak Estatuaren egitura politiko administratiboaz, 1978ko Konstituziotik eratorritakoaz, egiten duen azterketari dagokionez, kalitate gutxikoa da.
Lehenik eta behin, begi bistako deskribapen hutsa egiten du (ganbara legegileak, kide kopurua, kontseilaritzak, organo autonomikoak...) Espainiako errealitate autonomikoa ez argitzeaz gain, ulertzen ere laguntzen ez duena.
Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko eskumen banaketari dagokionez, txostenak 1978ko Konstituzioaren 148 eta 149. artikuluak aipatzen ditu, "autonomia erkidegoen eskumenak 148 eta 149. artikuluetan zerrendatzen dira", baina ez du inon puntu hau garatzen. Hemen, lehenik, azpimarratu behar da Konstituzioaren agindu indibidualizatua dagoela gaztelania (17) ezagutzera behartzen duena eta ez, ordea, gainerako hizkuntzak, koofizialak diren lurraldeetan ere. Hortaz, Espainiako Konstituzioak errealitate diglosikoa sustatzen du. Bestalde, hizkuntza gutxiagotuei dagokienez, Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko eskumen banaketa gai korapilatsua da. Hizkuntza baten erabilerak eta arautzeak gizarte jardueraren arlo ezberdinetan izaten du eragina (irakaskuntza, administrazioa, kultura, justizia, komunikabideak, e.a.) Teorian hizkuntza politikaren eskumena autonomiei dagokien arren, praktikan hizkuntzaren errealitateak zenbait eskumen ukitzen ditu, estatukoak zein autonomietakoak. Honela, hizkuntza normalizaziorako politikek estatuaren eskumena den gai bat ukitzen dutenean edo haren baitan txertatzen direnean, autonomiek ez dute inolako zilegitasunik gaia arautzeko, horrela izan ezean aginpiderik ezaren akatsean (18) eroriz. Ondorioz, txosten espainiarrak eskumen banaketari buruz egiten duen aipua, "148.1.17 artikuluan erkidego autonomoei eskumena esleitzen zaie kulturaren sustapenean, ikerkuntzan, eta, hala badagokio, Autonomia Erkidegoko hizkuntzaren irakaskuntzan", ez da zehatza eta ez du Estatuko eskumen errealitatea argitzen.
Bestalde, Espainiako Erresumak aurkeztutako txostenak ematen dituen datuak interes handiagokoak izan edo txikiagokoak izan, ez dira datu orokorrak. Gainera, bere egituraketa hobetzen ahal da eta metodologia akatsak ditu. Ildo honetan, adibide gisa, azpimarratu behar dira puntu hauetan bildutako datuak:
- 4.4. Espainiako deszentralizazio mailari dagozkion adierazleak.
- 4.5. Lurralde antolaketaren mailetako bakoitzaren zerbitzuan dauden langileen banaketa.
Atal hauetan ez da biltzen zein diren figura horiek berresten dituzten iturriak.
Beste aldetik, 3.3. puntua, Datu interesgarriak soziolinguistikarako, ez da hasierako aurkibidean agertzen.
2.1.2.- Espainian mintzatzen diren erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen zerrenda.
Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartaren berrespenean, Estrasburgon 1992ko azaroaren 5ean, estatuak adierazten du, "aipatutako artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzatzat hartzen dira Euskadi, Katalunia, Balear Uharte, Galitzia, Valentzia eta Nafarroako Autonomia Estatutuetan hizkuntza ofizial gisa aitortuta daudenak". Formula honekin, Estatuak, estatu den aldetik, ez du inolako hizkuntzarik aitortzen eta ente autonomikoei uzten die hizkuntza bat, koofizial gisa ala ez, aitortzeko erabakimena beren lurraldean. Berrespen formula honen aurrean kritiko izatea besterik ez da gelditzen, ez baitira espreski aipatzen Kartak babesten dituen hizkuntzak eta, hortaz, Kartaren 2. artikulua (19) urratzen da espreski. Gabezia honek inportantzia handia du Nafarroarako, euskarak Europako Kartatik eremu ezberdinetan (euskalduna, mistoa, ez-euskalduna) jasotzen duen babesa maila finkatzeko orduan.
2.1.3.- Hiztun kopurua eta "erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza bateko hiztuna" zertan den zehazteko erabilitako irizpidea.
Txostenak Centro de Investigaciones Sociólogicas (CIS), gobernu zentralaren mende dagoen erakunde publikoak egindako inkestak aztertzen ditu.
Nafarroako euskaldunen kopuruari dagokionez, "Begirune berezia Nafarroako Foru Komunitatean hitz egiten den Euskararekiko" atalean, ondoko hau baieztatzen da: "Autonomia osoan ez, bertako iparraldean baizik hitz egiten den hizkuntza bat da". Baieztapen hau ez da erreala: Nafarroako Foru Komunitatea hiru hizkuntza eremutan (euskalduna, mistoa, ez-euskalduna) banatuta badago ere, zatiketa honek ez du esan nahi hizkuntza eremuan hitz egiten den ala ez. Euskara Nafarroa osoan hitz egiten da (20), intentsitate handiago edo txikiagoarekin. Modu berean babesturik ez daudenak hiztunen eskubideak dira, Nafarroako Foru Komunitatean bertan diskriminazio egoerak sortuz, pertsona bat iparraldean edo hegoaldean bizi bada, horren araberakoa, hain zuzen. Euskaldun nafar batek bere eskubideak bermatuago ditu komunitateko iparraldean hegoaldean baino, bertan berme juridikorik ez dagoela.
Eremuz eremuko banaketak bakarrik Administrazioak hiritarrarekiko dituen betekizunak zehazten ditu eta, sensu kontrario, eremu horietan euskaldunek dituzten eskubideak. Laburbilduz eta Euskararen 1986ko Foru Legeari jarraikiz, eremu euskaldunean derrigortze printzipioak agintzen du Administrazioa, honek euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzan; eremu mistoan borondatezkotasun printzipioak eta eremu ez-euskaldunean sustatze printzipioak.
Hurrengo puntura pasatu baino lehen, azpimarratu behar da zonifikazio honek Nafarroako Foru Komunitatearen barruan ekarri duela hizkuntza eskubideen murrizketa, sekula arrazoitua izan ez dena, edozein estandar demokratikok hala eskatzen badu ere. Inoiz ez da azaldu zergatik sortu den hiritar nafarren hizkuntza eskubideen gaineko murrizketa hau; are gutxiago eremuak zedarritzeko erabilitako irizpideak zein izan diren ere. Finean, nafarrok gure hizkuntza eskubideen murrizketari (eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna) egin behar diogu aurre diskriminazio honetarako inolako irizpide edo legezko azalpenik izan gabe. Eta hau guztia alde batera utzita Nafarroako Parlamentuak, aldez aurretik, adierazi zuela "gaztelania eta euskara izanen dira Nafarroako hizkuntza ofizialak (21)".
 | | Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestatik (1996) ateratako datuak (22). |
2.1.4.- Diputatuen Kongresuko mozioa (1997).
Txosten espainiarraren 5. puntuan mozio hau aipatzen da. Onestearekin batera, Diputatuen Kongresuak eta, hortaz, Estatuak, sei helburu erdiesteko konpromisoa hartzen du:
- Espainiako hiritarrei estatuko errealitate eleanizduna ezagutaraztea (seiluak, billeteak, irratia, telebista...)
- Katalana, galiziera eta euskara ofizialak diren erkidegoetatik kanpo ere ikasi ahal izateko aukera.
- Irudi elebiduna. Seinaleztapenak, adibidez.
- Errealitate eleanizduna erakundeetan bermatzea.
- Hiritar oro, bere erkidegoan, Administrazio zentralari berezko hizkuntzan zuzen dakion bermatzea.
- Gaztelania bere mugez gaindi sustatzea.
Ikus daitekeen bezala, txostenak ez du egia esaten baieztatzen duenean "proposatutako neurri asko ez dagozkie, hain zuzen ere, botere publikoei". Estatuko Administrazio Zentralari egokitzeaz gainera, hura da mozioan ezarritakoa betetzeko berezko baliabide askiak dituen bakarra: hezkuntza legeak, komunikabideak, Cervantes institutua, e.a. Arazoa borondate politikoan datza, Diputatuen Kongresuko eztabaidan azpimarratu zen bezala: "susmoa dugu neurtutako konpromisoa bainoago asmo adierazpen hutsa dela (...) finantziaziorako konpromisorik ez da, legezko garapenerako konpromisorik ez da (23)".
2.2. LEHEN ZATIA
2.2.1.- Baliabide eta xedapen juridikoak Karta aplikatzeko.
Puntu honetan txosten espainiarrak hizkuntza gutxiagotuen erabilera arautu eta eragiten dituzten xedapen guztien edo gehienen deskribapen arau-emailea egiten du. Estatu espainiarreko hizkuntzak babestu eta erabiltzeari buruzko arautegia aztertzen du.
Lehendabiziko arazoa hasieran bertan agertu zaigu. Ezen, hasten baita segurtatzen gaurko araubide juridikoak betetzen dituela Europako Kartak eskatutako baldintzak, logikoa ematen duenean elementu hau txostenaren bukaeran erabakitzea, ez hasieran.
Espainiako 1978ko Konstituzioak diseinaturiko eskumen sistema da zati honetako elementurik garrantzizkoena. Erregioen hizkuntzak erabiltzeari dagokionez, printzipioz, autonomia erkidegoei lehentasuna ematen dien sistema da. Erkidegoek eskumeneko eremu aski zabala dute, beti ere Espainiako Konstituzioaren 3, 20.3 eta 149. artikuluak (24) errespetatzen badira.
Aldi berean, harrigarria da Estatuko txostengileak murrizteko adierazten duen gaitasuna hizkuntza gutxiagotuak arautzen dituzten legeak deskribatzeko orduan. "Lege hauen egitura eta edukia antzekoak dira eta, neurri handi batean, errazki aldera daitezke". Jarraian, txostenak emandako egituraketa eta txostengilearen jarrera argitzeko beharrezkoak iruditu zaizkigun iruzkinak (beltzean):
- Konstituzioan eta Autonomia Estatutuetan dituen oinarri juridikoak aipatzen dituen Atariko batekin hasi ohi dira eta haien asmoak justifikatzen dira. Arau orok, hizkuntza eskubideak arautu edo ahalbidetzen dituela alde batera utzita, bere izaera justifikatzen duen atariko bat eramaten du.
- Jarraian, erregio hizkuntza "berezko hizkuntzatzat" hartu izana berresten da, bai eta gaztelaniarekiko duen koofizialtasuna eta ezagutu eta erabiltzeko eskubidearen aitortza ere. Nafarroako Foru Komunitatean euskarari ez zaio berezko hizkuntzaren izaera ematen. Nafarroako araudia euskararen koofizialtasuna Iparraldeko eremuan deklaratzera mugatu da (25).
- Koofizialtasunaren lurralde eremua Erkidego autonomoaren lurralde osoa izaten da, Nafarrorako, Valentziako Komunitaterako eta Val d'Aranerako aipatutako berezitasunak salbu.
- Modu inplizituan, eta batzuetan begi bistan ere, Legeek administrazio autonomikoen esku uzten dute berezko hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeko ardura, hasieran duen inferioritate egoera orekatuz eta edozein momentutan erabiltzeko eskubidea egikarituz. Nafarroan Gobernuak baita zenbait epailek (26) ere konpentsazio hori diskriminaziotzat hartu dute eta, hortaz, egoera ez da suertatzen modu normalizatuan.
- Lege hauen guztien helburua berezko hizkuntza defendatu eta sustatzea da eta, alde horretatik, hizkuntza politika zehatz baten formulaziotzat har daitezke. Begi bistakoa dena baina Nafarroan beti betetzen ez dena. Nafarroan, hizkuntza politika, euskara defendatu eta sustatu beharrean, haren kontrolatzeko eta mugatzeko printzipioen mende aritzen da. Euskararen erabilera bultzatzea zenbait botere erregionalendako erdalduna diskriminatzea da.
Alderatzeko azterketaren ondoren txostengileak lege zerrenda bat ematen digu.
Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, txostengileak azpimarratzen du 18/1986 Foru Legeak diseinatutako zonifikazioa. Honen inguruan aipatzen du eremu euskaldunean beste autonomia erkidego elebidunetan ezarritako "babes ia ia antzekoa" ezarri dela. Zer esan nahi du "babes ia ia antzekoak"? Beste zein autonomia erkidegorekiko? Bere aldetik, Auzitegi Konstituzionalak zenbaitetan aipatu du hizkuntza baten ofizialtasunaren edo ofizialtasunik ezaren esanahia. Ofiziala bada, eskubideak eta betebeharrark sorrarazten ditu, botere publiko guztiak lotzen dituztenak (27), eta ez bada, ez. Horregatik ez dugu ulertzen ia ia horren irizpidea.
Eremu mistoan "legeak Nafarroako Administrazio Publikoak behartzen ditu hizkuntza aldetik beharrezkoak diren langile gaituak izatera". Hau irakurketan huts egitea da, legeak ez baitu behartzen, ahalbidetzen baizik: "Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete:
- a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu.
- b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu (28)".
Eremu mistoan ez da hizkuntza baten koofizialtasunaren ondorio nagusirik ematen, hau da, hizkuntza baten koofizialtasunak lurralde horretako botere publiko guztiak lotzen ditu. Ahalmenekotasuna baldin bada, ez da betebeharrik eta, hortaz, Administrazioak ez du betekizunik. Eremu ez-euskaldunean sustatzeko konpromisoa, besterik ez dago eta hau, praktikan, hutsaren hurrengoa da.
Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza zonifikazioak zurruntasun arazoak ekarri dizkigu, euskaldunen hizkuntza eskubideak ez bermatzean eta blokeo sozialean isla izan dutenak. Gainera, zonifikazio horren atzetik ez dago inolako irizpiderik: ez hiztun kopururik, ez errealitate historikorik, ez deus.
2.2.2.- Erregioko Hizkuntza erabiltzeko eskubidearen babes juridikoa.
EFLaren 4. artikuluak bermatzen du hiritarrek beren hizkuntza eskubideak defendatu eta gauzatzeko Justizia Administraziora jo ahal izatea: "Indarrean dagoen legeriaren arabera, eta Foru Lege honetan ezartzen diren hizkuntza eskubideetan babestuak izateko, herritarrak epaile eta auzitegietara zuzen daitezke". Nafarroako Foru Komunitatean, hiritarrek edo erakunderen batek administrazioarekiko ekintzak aurrera eraman dituztenean, juridikoki gobernuaren jarduera legearekin bat ote datorren fiskalizatzeko, Nafarroako Gobernuak irainaren bitartez erantzun du eta erakunde hauei antisozialak direla leporatu die (29).
2.2.3.- Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia hizkuntza koofizialtasunaren auzian.
Hizkuntza koofizialtasunaren inguruko epai zerrenda aski zabala erantsi da. Epaiak aztertzean ikusten da bi heren Estatuaren saiakerak direla, bai erkidego autonomoak hizkuntza eskumenez husteko, bai erkidego autonomoei hizkuntza normalizaziorako zenbait ekintza arautzeko duten eskumena ukatzeko. Talde txostengileak bi ondorio oinarrizko atera ditu jurisprudentzia konstituzionalaren azterketarik:
- Hizkuntza koofiziala: botere publikoek horrela aitortzen dutenean. Auzitegi Konstituzionalaren 82/96 eta 46/91 epaiak. Gizabanakoaren eginbeharra bakarrik gaztelania ezagutzekoa da, ez gainerako hizkuntzak ezagutzekoa. Partikularrek erregioetako edozein hizkuntza erkidego autonomoetan erabiltzeak baliotasun juridiko osoa du. 372/2000 Foru Dekretuaren Xedapen Gehigarrietako 5.ak honela dio: "Agiri ofizialen gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak interpretatzean arazorik sortzen bada eta arazo hori ebatzi behar denean, Administrazio Publikoek eta haiei lotutako entitateek gaztelaniaz idatzitako agiriaren bidez ebatziko dute, lehen instantzian eta behar diren ondorioak izan ditzan". Xedapen gehigarri hau Auzitegi Konstituzionalaren interpretazioaren aurka doa. Gainera, xedapen horren bitartez, errealitate diglosikoa sustatzen da.
- Hizkuntzaren erabilera Administrazioan: berezi behar dira hizkuntza koofiziala eta hizkuntza bati ondorio ofizial guztiak esleitzea. Administrazioaren aurrean hizkuntza bat erabiltzeak esan nahi du bi hizkuntza koofizialen artean berdintasuna dagoela. Hizkuntza bat koofiziala izan daiteke baina horrek ez du eskatzen Justizia Administrazio osoak ezagutzea, justizia Estatuko lurralde osoan bakarra baita.
2.2.4.- Hizkuntzen babesa eta garapena ahalbidetzen dituzten erakundeak.
- AKADEMIKOAK
- Euskaltzaindia: Erakunde hau lau euskal diputazioek sortu eta bultzatu zuten 1917an. Ondoren, 1989an, Eusko Jaurlaritza sartu zen. 2001ean Nafarroako Gobernua atera zen Hitzarmenetik. Nafarroako Gobernuarekin egin den akordio berria, alde bikoa eta esklusiboa dena, 2002ko azaroan (30) sinatu da.
- Eusko Ikaskuntza: Nafarroako Gobernuak diru laguntza kendu zion 2001ean hiztegi bateko zenbait eduki ez zituelako gustuko.
- ADMINISTRAZIO UNITATEAK
- Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia. Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia, egun Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren barruan dagoena, sortu zen Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko maiatzaren 12ko 3/1998 Foru Legearen Xedapen Gehigarrietako hamargarrenaren bitartez: "Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen garapena eta aplikazioa koordinatzeko asmoz, Lehendakaritza eta Barne Departamentuan Hizkuntza Politikarako Idazkaritza sortu da eta honen titularrak zuzendari nagusiaren lerruna izanen du".
Ondoren, Foru Dekretu batzuek ezarri zituzten bertako eginkizunak eta egitura, izena eta Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuekiko atxikipena, beti ere Euskararen Foru Legearen aplikazio eta garapenaren eremu barruan. Hau da, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak lantzen zuen hizkuntza politika ez zegokien hizkuntza guztiei, oro har, zehatz bati baizik, hots, Nafarroako berezko hizkuntzari, euskarari.
Gaur egungo Gobernuak Zuzendaritza horren egitura aldatu zuen ekainaren 19ko 228/2000 Foru Dekretuaren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortuz. Geroago, Gobernuak beste dekretu berri bat promulgatu zuen, apirilaren 22ko 85/2002 Foru Dekretua, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren egitura organikoa (31) ezarri eta Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren eginkizunak zehazten zituena. Aldaketa hauen guztien esanahia da "hizkuntza politika" hizkuntza zehatz bati, euskarari, dagokion gaia izatetik hizkuntzekin, oro har, zerikusia duen zerbait izatera pasatu dela. Orduz geroztik Gobernuak ulertzen du Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizuna ez dela euskararen aplikazioa eta garapena koordinatzea, gaztelania (32) ez diren gainerako hizkuntzen koordinatzea baizik. Zehazkiago, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak, ingelesa, frantsesa eta alemana (33), bereziki. Euskara Europako Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzekin, Nafarroako Foru Komunitateko errealitate sozio-kulturalarekin zer ikusirik ez dutenekin, alegia, parekatzean, Gobernua bera ari da hizkuntza atzerapeneko egoera legeztatzen.
2.2.5.- Kontsulta aipatutako erakundeei.
Txostenak berriro ere egiten du indar hizkuntza arloan autonomia erkidegoen eta estatuaren artean dituzten eskumen arazoetan eta materiala lortzeko honek dakarren zailtasunean. Arlo zerrenda egiten du eta berehala pasatzen da haien titularitatea azaltzera.
Planteamentu orokor gisa, esan behar da eskumen asko autonomia erkidegoei transferitu bazaizkie ere, Estatu espainiarra dela nazioarteko eginbideak bete izanaren azken bermatzailea. Inongo autonomia erkidego ez da erantzule nazioartean. Administrazioa da nazioartean nortasun juridikoa duen bakarra, txostenak aintzat hartzen ez duena. Espainiako 1978ko Konstituzioaren 149.1.3. artikuluari jarraikiz, estatua da eskudun bakarra nazioartean. Inor ezin da behartu nazioartean bera baino eta, hortaz, inor ez da erantzule bera baino.
2.2.6.- Kartaren ezagutza hobetzeko hartutako neurriak.
Txostengileak dioenaren arabera, ez da beharrezkoa Karta sustatzeko eta zabaltzeko neurririk hartzea, Espainiako antolamendu juridikoak, estatu mailan zein autonomia mailan (erregio hizkuntzak dituzten autonomia erkidegoetan), aldez aurretik betetzen baizituen Kartako eskakizunak.
Adierazpen honek argi uzten duen gauza bakarra da Estatu espainiarrak, Nafarroako Administrazioak bezala, ez duela horri buruzko inolako neurririk hartu. Honen inguruko datu argigarri gisa, azpimarratu behar da Nafarroako Gobernuak, Administrazio Publikoan (34) euskararen erabileraz orain egiten duen arauketan, atarikotik ezabatu duela Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartaren aipua, ordurarte aurreko arauemaileek egiten zutena. "Azken ohar gisa aipa dezagun Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartaren aipua kendu izana -dekretuaren zirriborroan zegoen arren- dekretu berria bultzatu duen izaeraren sintoma nabaria dela." (35)
2.2.7.- Ministroen Komitearen Gomendioak aurrera eramateko eta dagokien erakundeei gomendio hauen berri emateko hartu diren neurriak.
Aurreko puntuan bezala, betiere txosten espainiarrari jarraikiz, azpimarratu behar da Espainiako antolamendu juridikoaren handikeria gai honekiko eta honi buruz informatzeko duen beharrik eza, "Espainiako antolamendu juridikoan dagoen babes maila egoki eta askitzat jotzen baita eta, hortaz, oraindik, ez da beharrezkotzat jo botere publikoei zuzendutako informazio politika zehatza aurrera eramatea".
Kartaren ezagutzaren elementu argigarri gisa jartzen da "Diputatuen Kongresuan eta Senatuan Karta berrestearen karietara egindako eztabaida". Kontraesankorra da autonomia erkidegoek hizkuntza politikak ezarri eta bultzatzeko duten eskumen eremu zabala azpimarratzea eta uste izatea autonomia erkidegoak informatuak izateko Diputatuen Kongresuko eztabaida bat aski dela. Kontuan hartuz, gainera, nazioarteko ordezkaritza Administrazio Zentralaren eskumena dela eta autonomia erkidegoek ez dutela ordezkaritzarik Europan. Honi dagokionez, Estatuaren betekizuna da, gutxienez, autonomia erkidegoei espreski jakinaraztea erkidegoek, Estatuaren bitartez (Espainako Konstituzioaren 149.3), bere egin dituzten eskakizun eta betebeharrak eta hauek haiengan duen esananhia.
2.3.- BIGARREN ZATIA: KARTAREN 7. ARTIKULUAREN APLIKAZIOA (HELBURUEZ ETA OINARRIEZ)
7. artikulua. Helburu eta oinarriak.
Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzei dagokienez, hizkuntza horiek erabiltzen diren eskualdeetan eta hizkuntza bakoitzak bizi duen egoeraren arabera, kartagileek aurrera eraman nahi duten politika, legedia eta ekintzak, helburu eta oinarrion araberakoak dira:
Ezinbestean osotara bete beharreko artikulua. Talde txostengilearen arabera, 7. artikulu hau betetzen da, nahiz eta txostenak oso arinki aztertu. Bakarrik 7.1.a, 7.1.b, 7.1.e aipatzen ditu eta gainontzekoak ahaztu.
Azterketa berezia ondoko baieztapenak behar du: "aurrera eramaten diren sustapen neurriak autonomia erkidego bakoitzean demokratikoki hautatutako erakunde organoen borondatearen mende daude".
Espainiako Erresumak berretsitako nazioarteko akordioek galdatzen dute Administrazio Zentralak, autonomia erkidegoek eta toki administrazioek bete ditzaten. Bai autonomiak, bai toki entitateak dira Estatua eta, hortaz, Madrilgo Gobernuak lortutako akordioek behartzen dituzte. Ildo honetan, hiritarren eskubideak ez daude borondate administratiboaren mende beteak izateko. Autonomia erkidego baten batek aitortutako eskubideak ez betetzeak Estatuak ez betetzea ekartzen du eta honek ezin du aitzakia paratu Espainiako autonomia sistemaren eskumenen banaketan. Nazioarteko ordezkaritza bakarrik Estatuarena bada (Espainiako Konstituzioaren 149.3 artikulua), berarena ere izanen da martxan jarri eta betetzearen erantzukizuna.
Bestalde, Karta betetzeak ez luke borondate politikoen mende egon behar. Karta orga omnes eskubideak sorrarazten ditu eta, hortaz, baita betebeharrak ere. Gutxiengoen hizkuntza erabiltzeko eskubideak botere publikoengan bermatzeko betekizuna sorrarazten du eta hau, inoiz ere, ez dago gehiengo politikoen mende. Kartan diseinatutako eta Estatu espainiarrak berretsitako betekizunak, administrazioek aurrera eraman behar duten hizkuntza politikaren oinarri nagusiak dira eta honetaz onartutako eskumeneko bakarra da berresten denaren haratago joatea, eskuzabal eta ez murrizki jokatuz (EZGHBE, 4. artikulua).
7.1. artikulua:
a) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak onartzea, kultura aberastasunaren erakusle dira eta;
b) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza bakoitzaren geografia eremua errespetatzea. Hala, dagoeneko badiren edo sortuko diren administrazio zatiketak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen sustapenean oztopo ez izatea lortuko da;
b) atalean berriro ere gogorarazi behar dugu Euskararen 18/1986 Foru Legean diseinatutako zonifikazioa. Honen ondorio zuzena izan da Nafarroako Foru Komunitate barruan euskaldunek pairatzen duten diskriminazioa, dauden, bizi diren edo diharduten eremuaren araberakoa. Hizkuntza eskubideen gaineko diskriminazioa (36). Finean, Euskararen 18/86 Foru Legea, eremu ezberdinak eta, hortaz, eskubide ezberdinak ezartzearekin nafar hiritarrak ari da diskriminatzen hizkuntza eta bizitokia direla medio. Euskaldunek ez dituzte eskubide berak iparraldean edo hegoaldean, erdaldun batek (gehiengoen hizkuntza) eskubide berak eremu guztietan dituen bitartean. Gainera, arestian aipatu dugun bezala, lurralde mugaketa hauek eragozten dute nafar gizarteak eskatutako hizkuntza beharretara hurbildu eta horiek babestu eta garatzea. Zonifikazioa, beraz, oztopo objektibo bilakatu da Nafarroako Foru Komunitatean euskararen sustapena eta normalizazioa lortzeko.
7.1. artikulua:
c) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak sustatzeko benetako ekintzak burutzea;
Euskara garatu eta sustatzeko ekintzak urriak izateaz gain, azken bolada hauetan, murriztu egin dira. Gobernuaren jardun kezkagarri eta atzeragarriaren aurrean gaude (37).
7.1. artikulua:
d) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak jendaurreko jardunean eta pribatuan ahoz zein idatziz erabili daitezen erraztu eta/edo sustatzea;
Administrazioaren eta administratuaren arteko harremanen arautzeak gaztelaniaren erabilerari ematen dio lehentasuna. Nafarroako Gobernuak zein Eskualdeko zerbitzu zentralak dituen hiriburuko Udalak ez dute errespetatzen Komunitatearen izaera elebiduna. Ugariak dira administratuek Administrazioaren kontra jarritako salaketak nafar hiritarren hizkuntza eskubideak ez errespetatzeagatik. 2002ko azaroan Nafarroako Arartekoak txosten batean salatu du Iruñeko Udalak ez dituela bere ordenantzak ere betetzen eta hiritar euskaldunen eskubideak urratzen dituela (38).
7.1. artikulua:
e) Karta honek hartzen dituen esparruetan, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza bat erabiltzen dutenen eta hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten estatu bereko beste talde batzuen arteko harremanak mantendu eta garatzea. Baita estatuan beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten beste talde batzuekiko kultura arloko harreman finkatzea ere;
Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoarekin dauden Hitzarmenak, gauzatu ez direnak edo iraungi direnak:
- Euskaltzaindia finantzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean 1989ko urriaren 7an sinatutako Lankidetza Hitzarmena. (Nafarroarekin 2002ko azaroaren 6an sinatutako hitzarmen partikularra dago. Bertan eredu berri bat, bi aldekoa, ezarri da Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren artean)
- Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Komunitatearen artean 1996ko apirilaren 17an sinatutako Hitzarmena, Nafarroan Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) zerbitzuak Nafarroan hartzeko. Halere, gaur egun ere EITB ezin da Nafarroa osoan hartu eta Nafarroako Gobernua etengabe kexu agertzen da haren kudeaketarekin.
- Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea (UZEI) Elkartearen artean 1997ko martxoaren 7an sinatutako Lankidetza Hitzarmena, euskararen normalizaziorako ikerketa linguistikoari buruzko proiektuak egiteko.
- Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen, Arabako, Gipuzkoarako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Euskaltzaindiaren artean 2000ko martxoaren 8an sinatutako Lankidetza Hitzarmena, alderdien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzeko eta Euskaltzaindiaren geroko jarduna bermatzeko alderdi bakoitzak bere egiten duen konpromiso maila arautzeko.
7.1. artikulua:
f) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak maila guztietan irakatsi eta ikertzeko baliabideak eskaintzea;
Ildo honetan, interesgarria da aipatzea eremu ez-euskalduneko ikastolek (irakaskuntza euskara hutsean ematen duten eskolak) pairatzen duten alegaltasun egoera (39). Batez ere, ikasleen gurasoek eta gizarteak eusten diete ekonomikoki ekimen herritarren bitartez. Adibidea Nafarroa Oinez dugu, besta ibiltaria, herritarra, ez instituzionala, urtero egiten dena, besta egiten den Nafarroako herrian euskararen erabilera eta euskal kultura sustatu eta zabaltzeko, eta, bidenabar, euskararen alde dauden milaka lagunen ekarpen solidarioaren bitartez, baliabide ekonomikoak lortzeko (40). Nafarroa Oinezen bildutako dirua ospatu den herriko ikastolan inbertitzen da (41). Gobernutik eskuratzen zuten laguntza murriztu egin dute, eta diru laguntzetarako erregimen berezia ezarri diete, behin-behinekoa.
7.1. artikulua:
g) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza baten eremuan bizi baina hizkuntza horretan hitz egiten ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzea, ikastea borondatezkoa bada ere;
2002ko jarduerak ixterakoan, Iruñeko Udalak harritu gintuen euskararen erabilera sustatzeko hiru programa edo ekimen ezabatu zituelako. Ez zuten arrazoirik adierazi, nahiz eta zinegotzi batek honi buruzko informazioa eskatu zuen, urtea bukatzear baitzegoen eta, harekin batera, ekitaldi ekonomikoa, eta horrek jarduerak gauzatzea galerazten baitzuen. Jardueren artean, euskara ikastaroak barnetegian egiteko beken deialdia zegoen (42).
7.1. artikulua:
h) unibertsitate edo baliokideak diren tokietan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzei buruzko azterketa eta ikerketak sustatzea;
Azken urteotan horrelako azterketarik ez egiteaz gain (horretarako aurrekontuko kontusaila bazegoen ere) diru hori euskararekin zerikusirik ez zuten unibertsitateko ikerketak egiteko erabili da.
7.1. artikulua:
i) Karta honek biltzen dituen arloetan bi edo zenbait estatutan modu berean edo antzekoan hitz egiten diren erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen arteko nazioarteko harreman egokiak sustatzea.
Puntu hau aurrerago aztertuko da (2.4.7. Mugaz gaindiko harremanak).
7.2. artikulua: Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak mantendu eta garatzea bultzatu ez eta arriskutan jarri asmoz, berauek erabiltzean sortutako arrazoirik gabeko bereizkeria, baztertze, muga edo lehentasunei amaiera emateko konpromisoa hartu dute Kartagileek, dagoeneko egin ez badute. Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzan egoera berezia kontuan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko.
Nafarroako Foru Komunitatean, euskarak hiritar erdaldunak baztertzen zituela argudiatuta, Auzitegiek atzera bota dute euskara hutsezko programazioa duen irrati bakarrari emisio lizentzia ukatzeagatik paratutako errekurtsoa.
Bestalde eta euskarak erdaldunak baztertzen dituelako argudio berarekin, foru dekretu berri bat indarrean jarri da, Administrazio Publikoan euskararen erabilera arautzen duena, 372/2000 Foru Dekretua (43), hain zuzen, euskaldunen eskubideak murriztu dituena eta Auzitegian errekurritu zena. Halaber, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak justifikatu zuen Administrazioan euskara erabiltzeko arautze berria zeren eta 1994ko arautzeak, zioen azalpenean Kartaren baloreak bere egiten zituenak, ahalbidetzen baitzuen "nafar euskaldunen aldeko gehiegizko erabilera eta, hortaz, gaztelaniaz ez beste mintzatzen direnak kaltetuz (44). Haren irudiko, Foru Administrazioko lanpostu baterako ezin da puntuazio gehiago eman aspaldian tratu txarrak jasan zituen hizkuntza mintzatzeagatik bakarrik" (45) 372/2000 Foru Dekretua aipatuz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak ondokoa azaldu zuen: "hiritar nafar guztiek administrazio publikoetan sartzeko aukera berdintasuna bermatzea, beste helbururik ez du, euskaraz jakin ala ez, ingelesez jakin ala ez, alde batera utzita" (46), baina beti ere gaztelaniaz jakinik. Argudio hauek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarritako tesi eta filosofiaren aurkakoak dira (47).
Auzitegiek (48), zuzenbidean oinarrituz, 372/2000 Foru Dekretua baliogabetu badute ere, Nafarroako Gobernuak aplikatzen segitzen du, hark berak jarritako errekurtsoen ebazpenaren zain baitago epaiaren exekuzioa. Gainera, Gobernuak beste dekretu berri bat iragarri du, aurreko irizpide berberekin (49). Ezberdintasun bakarra da azken xedapen berri bat, kartel elebidunak (euskara-gaztelania) kartel elebakarrekin (gaztelania) ordezteko kontusailak gaitzen dituena.
7.3. artikulua:
Neurri egokien bidez, herrialdeko hizkuntza-talde guztien arteko elkar ulertzea sustatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek eta hala, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak errespetatu, ulertu eta onartzea herrialdean ematen den hezkuntza eta prestakuntzaren helburuen artean izango da. Bestalde, komunikabide handiek helburu beraren bila jardun dezaten saiatuko dira kartagileak.
Txosten honetan badira zenbait kasu eta egoera non aipatzen ditugun Nafarroako Administrazioak euskararen alde diharduten taldeen aurka botatako akusazioak bai eta euskararen sustapenak erdaldunak baztertzen dituelako argudio etengabea ere.
7.4. artikulua:
Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzekiko politika zehazteaz batera, kartagileek hizkuntza horietako hiztunek adierazitako beharrizan eta gurariak kontuan izateko konpromisoa hartu dute. Beharrezkoa baldin bada, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzekin zerikusia duten kontuez agintariei gomendioak emateko organoak sor ditzatela eskatzen zaie.
Egun, administrazioaren eta euskararen alde diharduten gizarte eragileen arteko egoera aurka egitearena da. Gobernuaren ia ia jardun guztia errekurrituta dago auzitegietan. Halaber, Nafarroako Euskararen Kontseilua, Administrazioaren eta gizartearen elkargunea, errekurrituta dago. Kontseilukideen erdiek baino gehiagok ez dakite euskaraz, erabakiak hartzeko hiru kontseilukideren (hogeiren artean) quoruma aski da eta kontseilukideen heren bat Gobernuaren konfiantzako karguak dira. Gobernuak kontseilu ad hoc izendatu du, aniztasuna bermatzen ez duena, eta are gutxiago Administrazioaren eta euskaraz aritzen diren taldeen arteko presentzia orekatua ere. Kontseilu honen bitartez bermatzen den gauza bakarra da gobernuaren politiken segidismoa. Kontseiluaren gaurko egituraketak ahalbidetzen die Gobernuko lehendakariari, Hizkuntza Politikarako zuzendariari eta Hezkuntza kontseilariari euren politikak aztertu eta horiei beraiei buruzko aholkuak ematea, hiru kargu hauek egotea aski baita Gobernuaren jardunari buruzko txostenak onesteko.
2.4.- HIRUGARREN ZATIA: ESPAINIAK HAUTUTAKO PARAGRAFOEN ETA AUKEREN APLIKAZIOA.
Txostenaren talde egileak azpimarratzen du bere lana arau bilduma egitea izan dela: "hauxe izan da txostena lantzeko metodoa: gorago aipatutako autonomia erkidegoetako antolamenduetan diren arauak eta beste aginduak berrikustea."
Nabarmentzekoa da, Estatuak aukeratutako artikuluak errepasatu aurretik, txostena idatzi duen taldeak egindako kexa: "Bilakaera kronologikoa da kontuan hartu beharreko beste gai bat, txostenaren konplexutasuna ulertzeko, zeren eta hogei urtekoa da koofizialtasunaren indarraldia, eta jada aintzat hartzekoa den aldi batean zenbait aldaketa gertatu da. Hizkuntza politikek ñabardura txikiak izan dituzte, eta ez dira inola ere konstanteak izan azken hogei urteetan”. Hori nabarmena da Nafarroan: ezin alderatu daitezke aurreko gobernuek Euskara alorrean izandako politika “posibilistak” eta egungo gobernuaren politika murriztaile eta atzerakoia.
2.4.1.- 8. artikulua. Irakaskuntza
1. Paragrafoa.
Irakaskuntzaren arloan, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta estatuko hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntzaren kaltetan gabe, agirigileek honako konpromisoak hartu dituzte:
a) i) Eskolaurreko heziketa kasuan kasuko erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea.
b) i) Lehen heziketa kasuan kasuko erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea..
c) i) Bigarren heziketa kasuan kasuko erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea.
d) i) Heziketa teknikoa eta lanbide-heziketa kasuan kasuko eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzetan burutzea ziurtatzea.
e) iii) Goi mailako irakaskuntza finkatzean estatuak izan dezakeen eragina dela eta, lehen bi azpiartikuluak ezin bete izango balira, unibertsitateko edo goi mailako beste irakaskuntza mota batzuk erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan burutu daitezen bultzatu eta/edo baimentzea.
f) i) Helduen heziketa edo etengabeko heziketa neurri handi batean edo erabat erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan burutzeko ikastaroak eskain daitezen beharrezko erabakiak hartzea.
g) erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzek adierazten duten historia eta kultura irakatsi ahal izateko erabakiak hartzea.
h) Zati honen bidez onartutako a)tik g)ra arteko lerro-aldietan esaten dena indarrean jartzeko, irakasleek beharrezko hasierako eta etengabeko prestakuntza jaso dezatela ziurtatzea.
i) Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntza finkatu edo garatu asmoz hartutako neurrien eta izandako aurrerakuntzen jarraipena egiteko, ikuskaritza-organo bat edo beste sortzea eta gai horien inguruko txostenak egitea aldian aldian. Txosten horiek jendaurrean jarriko dira.
2. Paragrafoa.
Irakaskuntzaren arloan, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen diren eskualdetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, irakaskuntzaren garai egokietan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak edo hizkuntzetan irakatsi ahal izatea baimendu, sustatu edo finkatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzaren hiztun kopuruak hala jardutea bidezko egiten badu.
Irakaskuntza alorrean, eskumen sistema, honako hau da, Txostenaren hitzetan: “Irakaskuntza. Estatuak hezkuntza eskubidea garatzeko oinarrizko neurriak har ditzake (Konstituzioko 149.1.30 artikulua), eta ondoren Autonomia Erkidegoek legeria hori garatu dezakete”.
Bestalde, eta betiere Espainiako Erresumak aurkeztutako txostenaren arabera, "Estatuak, toki bakoitzeko Autonomia Estatutuak onetsi aurretik ere, eskualdeetako hizkuntzen erabilera irakaskuntzan bere gain hartu eta erregulatu zituen, hainbat arautegiren bidez". Nafarroan, azaroaren 29ko 1713/1991 Erret Dekretua aipatzen da. Haren bidez, Nafarroako Foru Erkidegoko Fakultateetarako, Goi Mailako Ikastetxe Teknikoetarako eta Unibertsitate-Ikastetxeetarako gaitasun probetan euskal hizkuntza sartu zen.
Bitxia eta guztiz kontraesankorra da azaroaren 29ko 1713/1991 Erret Dekretua goian aipatutakoaren adibide gisa jartzea, jadanik bederatzi urte iragan zirela Nafarroako Foru Hobetzea (50) onetsi zenetik, 1982an.
Txostenaren arabera, eta 6/2001 Unibertsitateen Lege Organikoaren (LOU) 2. (51) artikulutik abiatuta, 6/2001 “berezko hizkuntza duten Autonomia Erkidegoetan kokaturik dauden Unibertsitateek irakaskuntza hizkuntza horretan ematen ahal dute, baina unibertsitate bakoitzaren erabakia da eskubide hori noraino iristen den erabakitzea”.
Interpretazio hori eztabaidagarria bada ere, izan ere ez baita arauaren xedapen hori espreski ondorioztatzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errealitateak beste eszenatoki bat marraztu digu. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, egun hauetan, gizartean eta Nafarroako Parlamentuan NUPerako euskararen erabilerarako lege berri bat eztabaidatzen ari dira. Unibertsitatearen autonomia, Espainiako Konstituzioan garatzen den moduan, kaltetu eginen luke lege hark, eta, jakina, Estatuak 6/2001 LOUren 2. artikuluaz egiten duen interpretazioaren kontra joko luke.
Erregioko Gobernuaren jarrera hori Konstituzioan bermatutako unibertsitatearen autonomiaren printzipioaren kontra doa, izan ere unibertsitatean euskararen erabilera arautzen baitu erakunde horretatik kanpo, jadanik Unibertsitateak berak egindako arautze bat badela. 68/1995 Foru Dekretuko V tituluak, 102tik 109rako artikuluek, biak barne, euskararen erabilera arautzen dute unibertsitatearen barnean. 102.1 artikuluak dio: “unibertsitateko komunitateko kide guztiek bermatua dute gaztelania eta euskara erabiltzea, ondorengo artikuluan ezarritako baldintzetan, inor ezin dela baztertua izan bi hizkuntza horietakoren bat erabiltzeagatik unibertsitateko esparruan”. Eskualdeko Gobernuaren proposamenaren 1. artikuluan oso argi uzten da zein diren haren lehentasunak: “Nafarroako Unibertsitate Publikoak soilik gaztelaniaz edo espainieraz emanen ditu ikasketa planetan dauden ikasgai eta irakasgai haiek zeinak eramaten duten izaera ofizialeko eta lurralde nazional guztian baliotasuna duten unibertsitate tituluak eskuratzera, Unibertsitateen Kontseiluak edo, behar balitz, Unibertsitateko Koordinazio Kontseiluak homologatutakoak”.
Egoera honelakoa da, nahiz eta unibertsitateko komunitatea, erabateko gehiengoz, %75 baino gehiago, euskara sustatzearen aldekoa izan, eta nahiz eta haren ustetan euskararen presentzia apala izan unibertsitate-eremuetan. Politika horren berehalako ondorioa da euskaraz ikasi nahi duten ikasle nafar askok Euskal Autonomi Erkidegora jo behar dutela unibertsitate-ikasketak euskaraz egiteko, behintzat Irakasle-ikasketen erdi mailako karreraz haratago doazen beste unibertsitate ikasketak.
Azkenik, eta paradoxa modura, harritzekoa da ezen euskara unibertsitatean bazterturik gelditzen den bitartean, eta Nafarroako Gobernuko agintariek hizkuntza horretarako dagoena baino marko legal estuagoa bilatzen duten bitartean, ingelesaren ezagutza aldez aurreko inolako eztabaidarik gabe inposatzen ari dela, Carlos Vilches-ek (52), Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakasleak, aipatu duen bezala.
Markoa marraztu besterik ez du egin Estatuko arautegiak. Kartari errespetua dion markoa. Baina, Estatuko legeria asmo-deklarazio bat baino ez da, Autonomia Erkidegoek garatzen baitituzte, hobeki edo makurrago, Estatuko arauan azaldutako printzipio orokorrak. Nafarroan, hauek dira arau autonomikoak:
Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, euskarari buruzkoa, 19. artikulua: "Herritar guztiek dute hezkuntza mailetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko eskubidea (...)". 20. artikulua: "Nafarroako Gobernuak arautuko du euskararen sartzea ikasketa plangintzetan eta ikastetxe bakoitzean nola aplikatuko zehaztuko, lege honek eremu desberdinetarako xedatutakoaren xedearen barruan".
Maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretua, zeinaren bitartez arautzen den euskararen sartzea eta erabilera irakaskuntza ez-unibertsitarioan. Ondoko hizkuntza ereduak ezartzen ditu Komunitateko zentro publiko eta pribatuetan:
- A eredua: Gaztelaniazko irakaskuntza, euskara irakasgai duela.
- B eredua: Ikasgai gehienak euskaraz eta beste guztiak gaztelaniaz.
- D eredua: Euskarazko irakaskuntza, gaztelania irakasgai duela.
- G eredua: Gaztelaniazko irakaskuntza.
Zonifikatzearen ondorioak aurretik ere planteatu dira. Nabarmentzekoa da intra-erregio zonifikatze hau Kartaren 8. artikuluko 2. paragrafoaren berrestearen aurka dagoela: “Irakaskuntzaren arloan, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen diren eskualdetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, irakaskuntzaren garai egokietan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak edo hizkuntzetan irakatsi ahal izatea baimendu, sustatu edo finkatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzaren hiztun kopuruak hala jardutea bidezko egiten badu”.
Gaur egun, eremu ez-euskaldunean, ondoko irakaskuntza zentroak egoera alegalean daude; hau da, Gobernuak existitzen ez diren zentrotzat ditu, eta diru publikoa murriztu die:
| 2002/2003 |
|---|
| IKASTOLA | Haur Hezkuntza | Lehen hezkuntza | Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza | Guztira |
|---|
| Arangoiti | 32 | 47 |
| 79 | | Argia | 85 | 106 | 32 | 223 | | Deikaztelu | 10 | 13 |
| 23 | | Erentzun | 44 | 48 |
| 92 | | Kortes | ? | ? | ? | ? | | Muskaria | 9 | 17 |
| 26 |
| Iturria: Nafarroako ikastolen Elkartea |
Administrazio zentralak horiei direnak eta ez direnak ukatzeko baliatzen duen argudioa da ikastetxe horien izaera alegala. Izaera hori dute zeren eta eskualdeko gobernuak eremu ez-euskalduntako baitu inguru geografiko hura non hizkuntza eredu hori ematen den, kontuan hartu gabe zer gizarte eskaera dagoen. Egoera hori, nabarmendu dugun bezala, Madrilgo gobernuak sinatutako Europako Kartako 8. artikuluko 2. paragrafoaren aurka dago erabat.
EREMU EUSKALDUNA (53) Irakaskuntzaren (Haur eta Lehen Hezkuntzak) bilakaera portzentaietan |
|---|
| 88/89 | 90/91 | 92/93 | 94/95 | 96/97 | 98/99 | 00/01 |
|---|
| D | 48,37 | 55,99 | 64,10 | 73,03 | 79,77 | 82,80 | 85,26 | | A | 43,02 | 38,73 | 34,36 | 26,57 | 20,21 | 17,20 | 14,74 | | G | 08,61 | 05,28 | 01,54 | 00,40 | 00,02 | 00,00 | 00,00 |
EREMU MISTOA Irakaskuntzaren (Haur eta Lehen Hezkuntzak) bilakaera portzentaietan |
|---|
| 88/89 | 90/91 | 92/93 | 94/95 | 96/97 | 98/99 | 00/01 |
|---|
| D | 13,36 | 14,43 | 16,66 | 18,80 | 22,78 | 25,20 | 28,18 | | A | 01,44 | 04,35 | 06,76 | 08,26 | 14,13 | 19,30 | 22,40 | | G | 85,20 | 81,22 | 76,58 | 73,94 | 63,09 | 55,50 | 49,42 |
EREMU EZ EUSKALDUNA (54) Irakaskuntzaren (Haur eta Lehen Hezkuntzak) bilakaera portzentaietan |
|---|
| 88/89 | 90/91 | 92/93 | 94/95 | 96/97 | 98/99 | 00/01 |
|---|
| D | 01,35 | 01,80 | 02,45 | 02,95 | 04,05 | 04,71 | 05,34 | | A | 00,00 | 03,22 | 06,77 | 11,75 | 21,59 | 29,12 | 35,02 | | G | 98,65 | 94,98 | 90,78 | 85,30 | 74,36 | 66,17 | 59,64 |
 | | Irakaskuntzaren bilakaera Nafarroan (55). |
Ezin itxi dugu puntu hau ratioak (56) kontuan hartu gabe. Horien arabera, administrazioak irakaskuntzarako eremuak prestatzen ditu, gizarte eskaeraren arabera. Horrek esan nahi du beharrezkoa dela ikasle kopuru zehatz batek eskatzea A, B edo D eredua, Administrazioak eskaera hori betetzeari ekin diezaion (57). Ikasle ratioa betetzen ez bada administrazioa ez dago legalki beharturik gizarte eskaerari erantzuteko. Exijitutako gutxiengo ikasle kopurua ez da aldatu 1986 urtetik, jaiotze tasak etengabeko beherakada jasan duen arren. Eremu euskaldunean, ratio hori eskola unitarioak ezartzeko bera da (6 ikasle, eskuarki), Eremu misto eta Ez-Euskaldunean 15 ikasle behar dira landa eskualdeetan eta 20 hiriguneetan.
Azkenik, azpimarratzekoa da ratio horiek euskara erabiltzen duten ereduei eragiten dietela soilik; A, B edo D ereduak. Gaztelania hutsezko G ereduko irakaskuntzari ez diote exijentzia horiek eragiten, eta eredu horretarako eremuak prestatzen ahal dira pertsona bakar batendako. Agerian dago ez dela neurri bakar batekin neurtzen.
1988ko Maiatzaren 19ko 161/88 Foru Dekretuak zehatz-mehatz arautzen ditu zentro horietako gobernu organoak.
Helduen alfabetatzea euskararen hizkuntza normalizazioan gako osagaia izan da eta da oraindik ere. Duela gutxiko iraganak (Francoren diktadura eta euskararen debekatzea) eta euskal hizkuntzaren gaurko egoera soziolinguistikoak arreta berezia exijitzen dute helduen irakaskuntzarako, euskara belaunaldien bidez lotu dadin. Gaur, errealitate arrunta dira familia horiek non gurasoek ez dakiten euskaraz eta seme-alabek hizkuntza horretan ikasten duten.
Nafarroan, zentro bakar batek osatzen du zirkuitu publikoko helduen hezkuntza, ireki berri den zentro bat, hiriburutik kilometro gutxitara. Eskaintza publiko falta hori (gaurkoa eta iraganekoa) dela eta, berriz ere gizartea antolatu da bere beharrei erantzuna emateko, eta zentro pribatuen sare batean egituratu da, bi erakunderen bidez batez ere: AEK eta IKA. Zentro pribatuak dira, eta nahiz eta diru laguntza publikoak jaso, horiek ez dira azken bost urteetan aldatu; beraz, laguntza publikoak murriztu egin dira egiaz.
21. artikulua: "Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, behar diren ekintzak aurrera eramanen ditu, irakaslegoaren prestakuntzarako goi-mailako ikastetxeetako ikasketa-planek euskarazko irakaskuntzarako beharrezko den irakaslegoaren gaikuntza egokia berma dezaten".
Gai hori ez da maila arau-emailean gehiago garatu. 2000-2001ikasturtean irakasleen 25 liberazio izan ziren euskal hizkuntzan birzikla zitezen. Ez nahikoa, gizarte eskaeraren aurrean.
2.4.2.-9. artikulua. Justizia.
1. paragrafoa.
a) Auzibideetan:
- i Auzibidean parte hartzen dutenek hala eskatzen badute, auzibidea erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan aurrera eramatea ohartematea.
- ii Auziperatuak bere erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko aukera izan dezan bermatzea.
- iii Ohartematea errekerimendu eta frogak, ahozkoak zein idatzizkoak, onartezintzat ez hartzea erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan egiteagatik.
- iv Gutxiengoen hizkuntza horietan aurrera eraman ahal izatea, beharrezkoa bada interpretari eta itzultzaileez baliatuta, interesatuei gehiago ordaindu beharra ekartzen ez badiote.
b) Zibil arloko auzibideetan:
- i Auzibidean parte hartzen duenetakoren batek hala eskatzen badu, auzitegiek auzibidea erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan aurrera eraman dezatela ohartematea.
- ii Auzibidean parte hartzen duenetakoren batek epaimahaiaren aurrean agertu behar badu eztabaidaren batean, bere erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan hitz egin ahal izatea baimentzea. Horrek ez dio gastu gehigarririk ekarriko.
- iii Karta eta frogak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan sortzea baimentzea, horretarako interpretariak edo itzulpenak erabili behar badira ere.
c) Administrazio arloan aginpidea duten auzibideetan:
- i Auzibidean parte hartzen duenetakoren batek hala eskatzen badu, auzitegiek auzibidea erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan aurrera eraman dezatela ohartematea.
- ii Auzibidean parte hartzen duenetakoren batek epaimahaiaren aurrean agertu behar badu eztabaidaren batean, bere erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan hitz egin ahal izatea baimentzea. Horrek ez dio gastu gehigarririk ekarriko.
iii Karta eta frogak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan sortzea baimentzea, horretarako interpretariak edo itzulpenak erabili behar badira ere.
d) b eta c lerroaldietan lehen eta hirugarren azpiatalak ezartzeak eta aldi batez interpretari nahiz itzulpenez baliatu beharrak interesatuei gastu gehigarririk eragin ez diezaieten neurriak hartzea.
Estatu mailan egiten den deskribapenari buruz, nabarmentzekoa da Botere Judizialaren Lege Organikoko 231. artikulua:
- Jarduera judizial guztietan, Epaileek, Magistratuek, Fiskalek, Idazkariek eta Epaitegi eta Auzitegietako bestelako funtzionarioek gaztelania erabiliko dute, Estatuko hizkuntza ofiziala.
- Epaileek, Magistratuek, Fiskalek, Idazkariek eta Epaitegi eta Auzitegietako bestelako funtzionarioek Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza ere erabili ahal izanen dute, parteetako bat ere ez bada aurka jartzen, hura ez jakitea eta ezjakintasun horrek defentsa-gabezia sor lezakeela alegatuz. (58) (59)
- Parteek, haren ordezkariek eta haiek zuzentzen dituztenek, bai eta lekukoek eta adituek ere, Autonomia Erkidego hartan, non gertatzen diren jarduera judizialak, ofiziala den beste hizkuntza ere erabili ahal izanen dute, bai ahozko adierazpenetan, bai idatzizko adierazpenetan ere.
- Autonomia Erkidego bateko hizkuntza ofizialean egindako jarduera judizialek eta aurkeztutako dokumentuek baliotasun eta eraginkortasun osoa izanen dute, gaztelaniara itzultzeko beharrik gabe.
Ofizioz haien itzulpenari ekinen zaie eragina izan behar dutelarik Autonomia Erkidegoko organo judizialen jurisdikziotik kanpo, ez badira berezko hizkuntza bera duten Autonomia Erkidegoak. Legeek hala agintzen dutelarik edo defentsa-gabezia alegatzen duen parteak eskaturik ere haien itzulpenei ekinen zaie.
- Ahozko jardueretan, Epaileak edo Auzitegiak erabilitako hizkuntzaren jakitun den edozein pertsona interprete gisa gaitu ahal izanen du, hark aldez aurretik zin edo promesa eginda.
Txostenean Prozedura Zibileko Legeari eta Prozedura Kriminaleko Legeari dagozkien artikuluak eransten dira, artikulu batzuk zeinak LOPJk haren 231. artikuluarekin ezarritako mandatuaren ondorio diren. Hori begibistako gauza baino ez da. Dena den, eta goian aipatutako Espainiako legeriako artikuluek edozer diotela ere, 9. artikuluaren parametroen ez-betetzea etengabea da, Josep Romeuk oroitarazten digun bezala (60). Zentzu honetan, oroitu beharra dago gai honetako eskumena Estatuarena dela: autonomia erkidegoek azpiegiturak besterik ez dituzte haien ardurapean, hau da, lokalak, ordenagailuak, soldatak, e.a. Justiziako administrazioko lanpostu batera sartzeko eskakizunak eta gaitasunak Administrazio zentralaren eskumena dira.
Txostena idatzi duen taldeak hauxe dio: "Estatuari dagokio Justizia Administrazio gaietako eskumena (149.1.5. artikulua), baita legeria penal, prozesal eta merkataritzakoa ere (149.1.6. artikulua); nahiz eta berezko zuzenbide zibila duten Autonomia Erkidegoek beren eskumena onartua ikusi duten hura zaintzeko, aldatzeko eta garatzeko (149.1.8. artikulua)”. Autonomia Erkidegoei egindako erreferentziak ez du zerikusirik Espainiak Kartatik aukeratutako edukiarekin eta Konstituzioak gai honetaz egiten duen eskumen banaketarekin. Erreferentzia desegokia da eta egiten duen bakarra da nahasmenduaren bidez Estatua bere erantzukizunez gabetu.
Nafarroako Foru Komunitatean arreta jarriz, hura ez da txosteneko atal honetan agertzen. Baina, 2003ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak 14.427,45 €ko ordainketa eskatu du, euskara/gaztelania aldibereko itzulpen zerbitzuen kontzeptuagatik. Zerbitzu hura, 2001eko maiatzean Iruñeko Auzitegi Probintzialean egindako epaiketa batean erabili zen. Nafarroako Gobernuak itzulpenen faktura hori sartu du kondenatuek ordaindu behar dituzten prozesuaren kostuen artean. Epaiak ezartzen du kondenatuek prozesuaren kostuak ordaindu behar dituztela, eta hori normalean kontrako partearen faktura eta prokuradorearen gastuak besterik ez dira izaten (61).
2.4.3.- 10. artikulua. Administrazio agintariak eta zerbitzu publikoak.
- Paragrafoa.
- a. i) administrazio horiek erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzatela zaintzea.
- b. jendearentzat ohizkoak diren administrazioko agiri eta testuak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan edo elebitan jartzea. Administrazioari agiriak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan idazteko aukera ematea.
- Paragrafoa.
Jarraian datozen neurriak hartzea bidezko egiteko besteko erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako hiztun kopurua duten toki edo erregio agintaritzei dagokienean, kartagileek honakook baimendu eta/edo sustatzeko konpromisoa hartu dute:
- a. Eskualde edo toki mailako administrazioaren esparruan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea.
- b. Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan ahoz edo idatziz eskariak aurkeztu ahal izatea.
eskualdeko taldeek beren agiri ofizialak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan ere argitaratzea.
- Eskualdeko taldeek beren agiri ofizialak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan ere argitaratzea
- d. Toki mailako taldeek beren agiri ofizialak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan ere argitaratzea.
- e. Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren eskualdeetako taldeek
- f. Beren batzarretako eztabaidetan hizkuntza horiek erabiltzea. Horrek ez du esan nahi estatuko hizkuntza ofiziala edo ofizialak erabiliko ez direnik.
- g. Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako toponimia aspaldidaniko moduan eta zuzentasunez erabiltzea edo erabiltzen hastea, bestela ezin denean estatuko hizkuntza ofizial edo ofizialetako izenekin batera.
- Paragrafoa.
- a. Zerbitzua eskaintzean erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabil daitezen zaintzea.
- b. Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek eskariak hizkuntza horietan egin eta erantzunak ere hizkuntza berean jaso ahal izatea baimentzea.
- Paragrafoa.
Onartu dituzten 1., 2., eta 3. lerroaldietako erabakiak indarrean jarri ahal izateko, kartagileek jarraian datozen neurrietako bat edo batzuk betetzeko konpromisoa hartu dute:
- a. Eskatuko balitz, idatzizko edo ahozko itzulpena egitea;
- b. Behar beste herri-langile kontratatu edo, bestela, lanean dihardutenak prestatzea;
- c. Erregio edo gutxiengoen hizkuntzaren bat ezagutzen duten herri-langileek hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeetan lan egitea eskatzen badute, ahal den neurrian aukera hori ematea.
- Paragrafoa.
Abizenak erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan erabili edo erabiltzen hastea baimentzea, interesatuek hal eskatzen badute.
- ARAU OROKORRAK, ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ERREGIO-HIZKUNTZAREN ERABILERARI BURUZKOAK
Nafarroako Foru Erkidegorako atalean honako dekretu hauek aipatzen dira:
1991ko irailaren 12ko Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen den Foru Erkidegoko Administrazioko organoek nola erabili behar dituzten Nafarroako Gobernuak, Euskararen Foru Legearen babespean, onetsitako hainbat izendapen ofizial. Administrazioak dekretu hori etengabe uzten du bete gabe. Bai Nafarroako Gobernuak, bai hiriburuko Udalak gaztelaniazko aukera erabiltzen dute batez ere, hura soilik erabiltzen dutela ez esatearren.
Uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen den Euskararen Erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan. (Indargabetua)
Abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen den Euskararen Erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan (Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetua, baina indarrean dago,gobernuak hiru aldiz aurkeztu baitu helegitea, horrela epaia betetzea saihestuz) (62).
Ez dirudi puntu hau oso arrakastatsua izan denik, datuen deskribapena eta baliotasunari dagokionez.
- ERREGIOETAKO HIZKUNTZEN ERABILERA ADMINISTRAZIO PROZEDURETAN
Txostenak, ez dakigu lotsagatik edo datuak ezkutatzeagatik den, ez du Nafarroako Foru Komunitatea aipatzen azpipuntu honetan. Dena den, Euskararen Foru Legeak diseinatutako zonifikazioak, gehi baliogabetutako baina oraindik indarrean den 372/2000 Dekretuaren ondorioek, soilik eremu euskaldunean eskaintzen dute lege estaldura, baina praktikan nahiko modu kaskarrean. eremu mistoan eta ez-euskaldunean eskubide hori ez dago bermatua.
Honela dio 18/86 Foru Legeak 11. artikuluan: "Erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, Administrazio Publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesatu guztiek espreski bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik”.
Nahiz eta legea zuzen enuntziaturik izan, 11. artikulu hori garatzen duen dekretuak antipoda juridikoetara garamatza:
372/2000 Foru Dekretuko 12.3 artikuluak dio: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu nagusietan, egoitza Iruñean badute eta beren jarduera biztanle guztientzat baldin bada, euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko unitate administratiboa ezarriko da, eta, erabiltzaileak eskatzen duenean, oinarrizko administrazio zerbitzuak euskaraz eman ahal izatera joko duten neurri osagarriak hartuko dira".
14.2 artikulua: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta hari lotutako zuzenbide publikoko entitateek, hots, egoitza eremu mistoan dutenek, eremu euskaldunean eta mistoan dauden beste administrazioetara igortzen dituzten agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak gaztelaniaz idatzi beharko dira, eremu euskaldunean eta euskaraz hasitako administrazio prozedurei dagozkienak izan ezik, horiei elebitan eman ahalko baitzaie jarraipena”.
14.3 artikulua: "Aurreko idatz-zatietan sartzen ez diren administrazio publikoei eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateei igortzen zaizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak gaztelaniaz idatziko dira; elebitakoek ere balioa izanen dute, eremu euskaldunean eta euskaraz hasitako administrazio prozedurak baldin badira".
15.1 artikulua: "Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuetatik eremu euskalduneko pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak gaztelaniaz eginen dira, non eta interesatuek espresuki euskara erabiltzea hautatzen ez duten, orduan elebitan egin ahalko baitira".
17. artikulua 1.: "Eremu ez-euskalduneko administrazio publikoek interesatuei eskatuko diete euskaraz aurkezten dituzten agirien gaztelaniazko itzulpena ere aurkez dezatela aldi berean, baina, ezinezkoa bada, itzulpen ofizialeko zerbitzuak erabili ahalko dituzte herritarrei zerbitzua emateko, horiek, beren eskubideak erabiliz, administrazioetara euskara hutsean zuzen daitezkeenean".
17. artikulua 2.: "Eremu ez-euskalduneko administrazio publikoek eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateek egiten duten jarduera, inprimaki, zigilu, agiri, jakinarazpen, komunikazio, seinalizazio, errotulazio, argitalpen eta publizitate oro gaztelaniaz izanen da".
Goian azaldutako planteamendua Kartak errekeritzen duenetik oso urruti dago: “administrazio horiek erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzatela zaintzea. Jendearentzat ohizkoak diren administrazioko agiri eta testuak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan edo ele bitan jartzea. Administrazioari agiriak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan idazteko aukera ematea".
Txostenak ez du azpipuntu honetan Nafarroako Foru Komunitatea aipatzen. eremu misto eta ez-euskaldunean eskubide hori ez dago bermatua. 372/2000 Foru Dekretuak honela dio 13. artikuluan: "Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako administrazio publikoen eta haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateen zerbitzuek erabiltzen dituzten barne inprimakietan eta paperetan idazpuruak eta menbreteak gaztelaniaz idatziko dira”.
- ERREGISTROKO INSKRIPZIOAK
Txostenak ez du Nafarroako Foru Komunitatea aipatzen azpipuntu honetan.
- ERREGIOETAKO HIZKUNTZEN ERABILERA DOKUMENTU PUBLIKOETAN
Txostenak ez du Nafarroako Foru Komunitatea aipatzen azpipuntu honetan, eta horrek harritu egiten gaitu, gai honi buruz dagoen material ugaria, zoritxarrez zentzu negatibokoa, kontuan harturik. euskararen erabilera arautzen duen 372/2000 Foru Dekretuko artikuluen errepaso azkar bat eginez, hau aurkitzen dugu:
372/2000 Foru Dekretuko 9.2 artikuluak dio: “Euskarari buruzko Foru Legearen 12 eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera eta haietan azaltzen den eran, fede publiko administratiboa eta ziurtatze administratiboaren eginkizuna esleitua duten funtzionario publikoek gaztelaniaz egin beharko dituzte, beti, beren administrazioen aurrean eman eta ondorioak eremu euskaldunetik kanpo izan behar dituzten agiri publikoen kopiak. Horretaz gain, administrazio publikoen menpeko erregistroetan dauden idazpenen kopiak eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetako edozeinetan eginen dituzte”.
372/2000 Foru Dekretuaren Bosgarren xedapen gehigarria: "Agiri ofizialen gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak interpretatzean arazorik sortzen bada eta arazo hori ebatzi behar denean, Administrazio Publikoek eta haiei lotutako entitateek gaztelaniaz idatzitako agiriaren bidez ebatziko dute, lehen instantzian eta behar diren ondorioak izan ditzan".
- XEDAPENAK ETA EKITALDIAK HIZKUNTZA KOOFIZIALETAN ARGITARATZEA
Txostenean esaten den bezala, 18/1986 Euskararen Foru Legeko 7. artikuluak dio: "Nafarroako Aldizkari Ofiziala eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz emanen dira argitara, aldibereko edizio bananduetan". Hemen ondoko hau azpimarratu nahi genuke: Nafarroako Aldizkari Ofiziala eta Parlamentuko Aldizkari Ofiziala bi edizio bananduetan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratzeak, edizioa elebiduna balitz baino eragin normalizatzaile txikiagoa du.
- ERREGIO-BATZARRETAKO EZTABAIDETAN HIZKUNTZA KOOFIZIALAK ERABILTZEA
Txostenak ez du Nafarroako Foru Komunitatea aipatzen azpipuntu honetan.
- TOKIKO BATZARRETAKO EZTABAIDETAN HIZKUNTZA KOOFIZIALAK ERABILTZEA
Desberdina da, Udal Ordenantza desberdinek ezartzen dutenaren arabera. Zentzu horretan ere zonifikazioak eskubideak kaltetzen ditu.
- TOPONIMOAK ERREGIO HIZKUNTZETAN ERABILTZEA
Teorikoki zuzena da. Praktikan, toponimoei buruzko arautegia urratzeagatik helegiteak aurkeztu beharra eskatzen duten administrazio ekintzak gertatzen dira (63).
- FUNTZIONARIO ETA LANGILE PUBLIKOEN HIZKUNTZA PRESTAKUNTZA ETA TREBAKUNTZA
Gaur egun, Administrazioko postu batera sartzeko, berdin baloratzen dira euskara eta EBko beste hizkuntza batzuk, adibidez Ingelesa, Frantsesa edo Alemana, edo euskara gutxiago baloratzen da. Arautze berriarekin arlo honetan ere oztopoak paratu dira. Lehen funtzionarioak ikastaro horietara haien lan orduetan sar zitezkeen, eta orain hizkuntza trebakuntza lortzeko ematen duten denboraren %50 langileak dituen ordu libreetatik hartu behar dira.
203/2001 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren organismo autonomoko plantilla organikoko lanpostu guztiak arautzen dira. Baina ez da deus ere esaten prestakuntzari buruz.
- PATRONIMIKOAK HIZKUNTZA KOOFIZIALEETAN ERABILTZEA
Ez dago esateko deus.
2.4.4. 11. artikulua. Komunikabideak (64).
1. Paragrafoa
Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeei dagokienez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, herri-agintariek arlo horretan zuzenean edo zeharka aginpiderik edo zer eginik duten neurrian eta komunikabideen independentzia eta autonomia errespetatu behar dela kontuan izanda, kartagileek honako konpromisoak hartu dituzte:
a) Irratia eta telebista neurri batean herri-zerbitzua direla kontutan izanda;
- i) Erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duten irrati eta telebista bana gutxienez sor dadila ziurtatzea, edo
b) i) Erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen irrati bat gutxienez sortzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
c) i) Erregio edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen telebista bat gutxienez sortzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
d) Entzutezko eta ikus-entzutezko lanak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan ekoiztu eta hedatzea sustatu eta erraztea.
e) i) Erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzan jardungo duen aldizkari bat gutxienez sortzeko eta/edo mantentzeko sustapena egin eta/edo laguntzea, edo
f) ii) Dirubidezko laguntzak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan sortutako ikusentzutezkoei ere ematea.
g) Erregio edo gutxiengoen hizkuntzan lan egiten duten komunikabideetan jardun ahal izateko kazetari eta beste langile batzuen prestakuntza bultzatzea.
2. Paragrafoa
Alboko herrialde batean erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako irrati edo telebista-saioak zuzenean hartzeko askatasuna bermatzeko konpromisoa hartu dute kartagileek, eta baita alboko herrialdeetan hizkuntza horietan egindako irrati edo telebista saioak hedatzeari oztoporik ez jartzeko ere. Bestalde, erregio edo gutxiengoen hizkuntzan nahiz hauen antzekoren batean sortutako idatzizko informazioa dela eta, adierazpen-askatasunari edo informazioa askatasunez hedatzeari buruzko mugarik ez jartzeko konpromisoa ere hartu dute.
Aipatutako askatasunez baliatzean, betebehar eta erantzukizunak daudenez, legean ohartemandako betekizun, baldintza, muga edo zigorrak izan daitezke. Neurriok beharrezkoak dira demokrazian oinarritutako gizarte batean nazioaren segurtasuna, lurralde-osotasuna edo biztaleen segurtasuna, bakea zaintzea, kriminaltasunari aldez aurretik aurre egitea, osasuna edo morala babestea, lagun hurkoaren ospea edo eskubideak babestea, ezkutuko informazioa zabaltzea galaraztea edo botere judizialaren aginpidea edo alderdikeriarik eza bermatu ahal izateko.
3. Paragrafoa
Legearekin bat etorrita sortutako egituretan, erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen interesak ordezkatuta egon eo kontuan hartzeko konpromisoa hartu dute kartagileek. Helburua komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna bermatzea da.
- IRRATIAN ETA TELEBISTAN ERREGIOETAKO HIZKUNTZAK ERABILTZEA
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko (LORAFNA) (65) 55. artikulua aipatzen du txostenak. Artikulu horretan honela dio:
- Nafarroari dagokio irratizabalpen eta telebistaren erregimenaren legegintzaren garapena eta gauzatzea, Irrati eta Telebistaren Estatutu juridikoak arautzen duen Legean erabakitako era eta kasuetan.
- Halaber dagokio prentsaren erregimenari dagozkion Estatuko oinarrizko arauen legegintzaren garapena eta gauzatzea eta orohar, gizarte-komunikabide guztiena.
- Aurreko ataletan erabakitakoaren arabera, Nafarroak bere prentsa, irrati eta telebista propioa arautu, sortu eta mantendu ahal izango du eta orohar, bere helburuak lortzeko behar dituen gizarte-komunikabide guztiak.
Ikusten ahal den bezala, hemen ez da deus esaten erregioetako hizkuntzei buruz. Honekin loturik, nabarmentzekoa da Iruñeko euskara hutsezko irrati bakarrak (Euskalerria Irratia) 16 urte daramatzala alegaltasunean emititzen, Gobernuak hari baimenik eman gabe jarraitzen duelako. Ildo honetatik, irrati horrek, 1989an Nafarroako Gobernuak egindako baimen ematearen kontra errekurtsoa aurkeztuta, Nafarroako Auzitegi Nagusiak errekurtsoa gaitzetsi zuen, oinarri hartuta euskarazko irrati batek erdaldunak baztertzen dituela (66). Egun, Nafarroako Gobernuak 1994an egindako azken baimen ematea aztertzen ari da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia, haren legaltasunari buruz erabakitzeko. Azkenik, erantsiko dugu Nafarroako Komunikabideetan euskara erabiltzeko diru laguntzen azken deialdian, 2002an, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak laguntzak ukatu dizkiola irrati honi, baimenik, Gobernuak berak sistematikoki ukatu dion baimen hori, ez duela argudiatuz.
Nafarroako Gobernuak Espainiako Erresumak berretsitako paragrafo bakar bat ere ez betetzeaz gainera, 11. artikuluko eskakizunak gauzatzeko edozein ekimen herrikoi edo pribatu galarazten du.
Honi buruz, Euskararen Foru Legeko 27. artikuluan, hauxe esaten da:
- Administrazio Publikoek bultzatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan.
Horretarako, eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.
- Foru Komunitateak gestionatzen dituen telebista eta irrati emisora eta gainerako komunikabideetan, Nafarroako Gobernuak euskararen presentzia egokia begiratuko du".
Artikulu honek ez du garatu eta aplikatuko duen arautegirik. Dena den, badira Nafarroako Gobernuak gai honetan izandako jokabidearen adibideak. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, telebista digitalen emititzeko baimenen ematean, ezarri du, minimo modura, beharrezkoa izatea albistegi elebidunak emititzea, lurraldeko hizkuntza errealitatea errespetatuko dutenak. Gobernuak, honelako baimenak lortzeko aukerak izateko baldintzetan, errealitate hori alde batera utzi zuen.
Komunikabideetan euskara erabiltzeko diru laguntzei dagokienez, nahiz eta deialdi horiek urtero eman diren, azken garaietan horietan sartu ahal izateko baldintzak urtez-urte aldatu dira, ondorio praktiko bitxia izan dutela: lehiaketatik kanpo utzi dituzte lurralde honetan euskara hutsean lan egin eta funtzionatzen duten komunikabide bakarrak (67).
Bi datu dira azpimarratzekoak aurtengo deialdian.
- %20 batean murriztu dira laguntzak.
- Kanpoan gelditu direla, lurralde guztian ezarririk egonik, beren lana euskara hutsean egiten duten hiru komunikabide bakarrak (Euskalerria Irratia izeneko irratia, Nabarra aldizkaria eta Egunkaria kazeta)
Kontraesankorra behintzat bada: praxi honekin Administrazioak, azkenerako, laguntzen diru guztia ematen die, Nafarroako lurralde guztian ezarrita egonik, euskarari eskainitako atal folkloriko eta ez sozial bat argitaratzen duten komunikabideei, modu horretan ezinezkoa bihurtuz komunikabideetan euskara normalizatzea, eta gatazka soziala eta judiziala sortuz (68). Hori dena 18/1986ko Euskararen Foru Legearen 27. artikuluak ezarritako lege mandatuaren kontra. Hark “Administrazio Publikoei” eskatzen baitie “euskararen mailaz mailako presentzia” bultzatzea “komunikabide sozial publiko eta pribatuetan”.
Erregio Administrazioaren jarrera eragozle horren aurrean, toki administrazioek beren herrietako gizarte eskaerei aterabidea eman diete, tokian tokiko komunikabide euskaldunak sortuz eta hedatuz (69). Baina hori adabaki bat besterik ez da, kontrako haizeek edozein unetan hegaldatzen ahal dutena.
- ERREGIOETAKO HIZKUNTZEN SUSTATZEA ENTZUTE ETA IKUS-ENTZUNEKO LANETAN
Horri dagokionez, ez dirudi arautegirik dagoenik. Ez eta inolako praktikarik ere.
- PRENTSAN ERREGIO HIZKUNTZAK ERABILTZEA
Azken boladan, laguntzak emateko irizpideak linguistikoak baino politikoagoak dira: 2001 urtean, diru laguntza kendu zitzaion Nafarroari eskainitako koaderno bati, zeina euskara hutsean argitaratzen den egunkari bakarrak, Egunkariak, egiten zuen, eta biderkatu egin zen beste egunkari bati emandakoa, zeinak astean behin euskarazko orrialde bat argitaratzen duen, jarraitzen ez dituena ez euskara batuaren arauak ez eta Nafarroako forma dialektaletako bakar bat ere. 2002 urterako laguntzen ematean, Egunkaria kazeta berriz ere deialditik kanpo gelditu da, goian azaldu den bezala.
Joan den urteko laguntzen ematean izandako irregulartasunengatik, Unibertsitateetako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia behaketa judizial pean dago, prebarikazio delitu posible bat dela-eta.
2.4.5- Kultura beharrak eta zerbitzuak.
1. Paragrafoa.
Kultura-jarduera eta azpiegituren arloan batez ere liburutegiak, bideotekak, kultur etxeak, museoak, ikastetxeetako artxibategiak, antzerkiak, zinemak, literatura eta zinemarako ekoizpen-lanak, herri-kulturaren adierazpideak, jaialdiak, kulturaren arloko industriak, guztietan ere batez ere teknologia berria erabiltzea bultzatuko delarik, hizkuntza horiek erabiltzen diren eskualdeari dagokionez eta herri-agintariek aginpideren bat edo zer esanik baldin badute arlo horretan, honako konpromisoak hartu dituzte kartagileek:
a) Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzako espresabideak eta ekimenak sustatzea eta hizkuntza horietan sortutako lanak eskuratzeko bideak erraztea;
b) Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio-lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu edo garatuko dira;
c) Beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio-lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko dira;
d) Kultura-jarduerei hasiera eman edo bultzatzeko ardura duten erakundeek, beren ekimeneko lanak edo beraiek bultzatutakoak burutzerakoan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak neurri egokian barnera daitezen zaintzea;
e) Kultura-jarduerei hasiera eman edo bultzatzeko ardura duten erakundeek, beren langileen artean, biztanleen gainontzeko hizkuntzak ezagutzeaz gainera, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak menperatzen dituztenak izan ditzaten erraztea;
f) Kultura-jarduerak hornitu eta berauen egitarauak egitearekin zer ikusia duten arloetan, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan hitz egiteko gauza diren ordezkariek zuzenean parte har dezaten erraztea;
g) Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan sortutako lanak jaso, gordailua eman eta aurkeztu edo argitaratzeko ardura izango duen erakunde bat edo gehiago sor dadin sustatu eta/edo erraztea;
h) Halakorik ezin bada, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako administrazio, merkataritza, ekonomia, gizarte, teknologia edo lege arloko terminologia egokia mantendu eta garatzeko itzulpen eta terminologiaren arloko ikerketarako zerbitzuak sortu eta/edo sustatu eta finantzatzea.
2. paragrafoa.
Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen dituzten beste
lurralde batzuei dagokienez, hizkuntza horietako hiztun kopurua behar adinakoa baldin bada, kultura-jarduera eta hornikuntza egokiak izan ditzaten baimendu, sustatu eta/edo ohartemateko konpromisoa hartu dute kartagileek, aurreko lerro aldian erabakitakoaren ildotik.
3. paragrafoa.
Atzerrian aurrera eraman beharreko kultura arloko politikari dagokionez, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzei eta hauek adierazten dituzten kulturei gune egokia eskaintzeko konpromisoa hartu dute kartagileek.
- LIBURUEKIN ETA IRAKURKETAREKIN LOTUTAKO NEURRIAK
Nafarroako Gobernuak eta Udal batzuek argitaratzeko, irakurketa sustatzeko eta literatura sortzeko laguntzak ezarririk dituzte.
- ZINEMATOGRAFIAREKIN ETA IKUS-ENTZUNEZKO ARTEEN SUSTAPENAREKIN LOTUTAKO NEURRIAK
Berriki jakin izan dugu Iruñeko Udalak ez duela aurten diru laguntzarik eman, hiriko zine areto batekin eta Karrikiri kultur elkartearekin batera 1998tik egiten ari ziren euskarazko zine ziklorako. 2002ko erdialdean, Iruñeko Udaleko kultura zinegotzi Vicente Etayok (UPN), aipatutako kultur elkarteari gutun bat bidali zion, ohartaraziz aurten ziklo horien antolaketa lehiaketa publikoaren bidez emanen zela. Urtea bukaturik, ez da deus ere lehiaketan jarri, eta, beraz, euskaldunak jarduera hori gabe gelditu gara.
- ARTE ESZENIKOEN SUSTATZEAREKIN LOTUTAKO NEURRIAK
Horri dagokionez, ez dirudi arautegirik dagoenik.
- LIBURUTEGIEN KOORDINAZIOAREKIN LOTUTAKO NEURRIAK
Ez dago inolako politika edo planifikaziorik alor horretan. Ez dago katalogo elebidunik, ez dira euskaraz dauden liburuak katalogatzen, liburutegietan ez dago errotulazio elebidun estandarizaturik, ez dago bermatua euskal hizkuntzako arreta, e.a. Azken urteetan Nafarroako Liburutegien Saretik ez da bidali euskarazko 10 edo 15 eleberri arrakastatsuenetako bat ere. 372/2000 Foru Dekretuak ezabatu egin du eremu euskalduneko bibliotekari lanposturako euskaraz jakitearen beharra, eta Ingelesa, Frantsesa edo Alemana bezala baloratzen da hura..
- ARTXIBOEN KUDEATZEAREKIN LOTUTAKO NEURRIAK
Horri dagokionez, ez dirudi arautegirik dagoenik.
- BESTE ZENBAIT NEURRI ERREGIO HIZKUNTZEN ERABILERA SUSTATZEKO
Txostenaren arabera: Kultura-jarduerak eta zerbitzuak. Abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak nola erabili behar duen euskara, eta kultura-jarduerei eta zerbitzuei dagokienez hari lotzen zaio Kultura Zuzendaritza Nagusia.
Dekretu horren ondorio diren jarduera gehienak liburuen edo irakurketaren sustatzeari dagokie, baina Dekretu horretan, halaber, kultura jardueretarako diru laguntzak ematea ere aurre ikusten da, horiek gaztelaniaz edo euskaraz egin.
Tokiko Korporazioetarako Diru Laguntzak ematea, 1990eko urtarrilaren 25eko Foru Dekretuak araututakoak, Euskararen Foru Legea garatzeko.
Esanguratsua da Nafarroako Gobernuaren Kultur Zuzendaritza Nagusiaren politika murriztailea. euskara baztertua da bai haren argitaratzeetan, iragarkietan, paper-gauzetan, e.a., bai haren kultura jardueren programazioetan ere.
2.4.6.- 13. artikulua. Bizitza ekonomiko eta soziala.
1. paragrafoa.
Ekonomia eta gizarte-arloko jarduerei dagokienez, kartagileek honako
konpromisoak hartu dituzte herrialde osorako:
a) Ekonomia eta gizarte-arloei buruzko agirietan batez ere lan-hitzarmenetan eta agiri teknikoetan, esate baterako ekoizpenak edo hornigaiak nola erabili adierazten dutenetan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea benetazko arrazoirik gabe galarazi edo mugatzen duten erabaki guztiak kentzea beren legedietatik;
b) Enpresetako barne-araudietan eta ekintza pribatuetan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horiek erabiltzea galarazi edo mugatzen duten baldintzak izatea debekatzea;
c) Ekonomia eta gizarte-arloko jardueretan erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzea bultzatzearen aurkakoak diren neurriei aurre egitea;
d) Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen erabilera bultzatzeko, aurreko azpiataletan azaldutako neurriez gainera, beste batzuk erabiltzea erraztu eta/edo sustatzea.
2. paragrafoa.
Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeetan, ekonomia eta gizarte-arloko jarduerei dagokienean herri-agintariek aginpideren bat baldin badute, aurrera eramatea posible den neurrian, honako konpromisoak hartu dituzte kartagileek;
a) Finantza eta bankuei buruzko araubideen bidez, merkataritzan jarduteko moduko baldintzetan, ordainketa-aginduak (txekeak, kanbio-letrak, etab.) edo finantza arloko beste agiri batzuk erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzetan erabili ahal izateko bideak jartzea, edo bestela, bide horiei hasiera ematen laguntzea;
b) Zuzen-zuzenean beren ardurapean dauden ekonomia eta gizarte-arloetan (arlo publikoa), erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen erabilera bultzatzeko ekintzak burutzea;
c) Ospitale, helduen egoitza edo antzeko gizarte-egoitzetan dauden gaixo, adineko edo bestelakoak beren erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan zaindu ahal izan ditzaten betearaztea;
d) Segurtasunezko oharrak, modu egokien arabera, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan ere idatzita egon daitezen zaintzea;
e) Kontsumitzaileen eskubideen arloan aginpidea duten agintariek emandako argibideak erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzan jaso ahal izatea.
Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, atal honetan hau agertzen da txostenean:
“Interesgarria da Foru Komunitate honek berariazko Ekintza Plan bana duela Komunitateko eremu geografiko bakoitzerako, non gauzatu beharreko ekintzak zehazten diren.
- Eremu Mistoan Euskara Erabiltzeko Arautegia Aplikatzeko Ekintza Plana, Gobernu Kontseiluak 2001eko urtarrilaren 8an onetsia.
- Eremu Euskaldunean Euskara Erabiltzeko Arautegia Aplikatzeko Ekintza Plana, Gobernu Kontseiluak 2001eko urtarrilaren 8an onetsia."
Nahiz eta bi akordio horiek atal honetan sartzea eztabaidagarria izan, seguru aski txostenaren talde idazlea ez da ohartuko horiek zein atzeragarriak diren aurreko arauaren aldean; izan ere akordio horiek, baliogabetutako 372/2000 Foru Dekretuaren garapen arau-emailea ziren. Hain atzeragarri izateagatik, bi ekintza plan horiek erabat deusez deklaratu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (70).
2.4.7.- Mugaz gaindiko harremanak
Kartagileak honako konpromisoak hartu dituzte:
- Hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten eskualdeen gaineko estatuek dituzten bitariko edo askotariko akordioak betetzea edo amaieraraino eramaten saiatzea, estatu horietako hizkuntza beraren hiztunen arteko harremanak erraztu asmoz. Harreman horiek kultura, irakaskuntza, informazioa, lanbide-heziketa eta etengabeko prestakuntzaren arlokoak izango dira;
- Erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza modu berean edo antzekoan erabiltzen duten lurraldeetako elkarlana erraztea eta/edo sustatzea, batez ere eskualde edo toki mailako elkarteen artekoa, beti ere erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzen alde.
Espainia eta Frantziaren arteko Mugaz gaindiko Lankidetzako Esparrurako Hitzarmena (1995eko martxoaren 10) eta Euskadi-Navarra-Akitania Akordioa hor dauden arren, gai honetan ez dago inolako ekintza zehatzik.
Gai honetan azpimarratzekoa den bakarra diru laguntza batzuk dira, mugaz gaindiko lankidetzari erreferentzia egiten dietelako, eta ez euskal hizkuntza Kartako artikulu honetan ezartzen diren printzipioen arabera sustatzeagatik: 72/2002 Foru Aginduan ezartzen diren laguntzak. Horien bitartez deialdia egiten da honako Fondo honen kontura eskaintzen diren Laguntzetarako: Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Erregio Kontseiluaren arteko Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmenean ezarritako Lankidetza Fondoa. Haren III. ardatzean hauxe dio: “prestakuntza eta kultura: mugaz gaindiko jarduerak garatzeko prestakuntza, irabazi asmorik gabeko erakundeen arteko elkarlana, frantses/espainiera elebitasunaren sustatzea eta euskal hizkuntzaren garapena”.
Egiaz bitxia da hirugarren ardatzaren idazketa, non adierazten den frantzes/espainiera elebitasuna sustatzeko asmoa. Ez da atzendu behar Agindu honen helburua dela laguntzak emateko erregimen bat ezartzea, laguntza batzuk zeinak Nafarroako Gobernuak bideratzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko pertsona fisiko eta pertsona juridiko publiko edo pribatuen Akitania Eskualdeko -non Ipar Euskal Herria dagoen- pertsona fisiko eta pertsona juridiko publiko edo pribatuen mugaz gaindiko lankidetza proiektuetarako. Ikusten ahal den bezala, euskarak halako izaera bitxi/folklorikoa du deialdi honetan eta erregio gobernu honen jardueran.
Ezin bukatu dugu puntu hau euskarak, Ipar Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzak, bizi duen egoera larriari erreferentziarik egin gabe. Aski ongi jakina den bezala, Frantziako Errepublikak ez du Erregioetako zein Gutxiengoei Buruzko Hizkuntzen Eurokarta berretsi, eta haren barne ordenamendu juridikoak Konstituzioaren kontrakotzat definitzen du Frantsesa ez den beste edozein hizkuntzaren aintzatespena. Hori dela eta, euskara ez da eskubidedun hizkuntza gisa ezagutua, eta horrela bidea prestatzen da hura desager dadin. Egoera honek behartzen gaitu Europako erakundeei eskatzera, euskara babesteko, Frantziako Estatua premia dezan bere jarrera aldatzeko, ahalik eta azkarren Karta berretsiz eta Konstituzioa aldatuz, Errepublikaren antolamendu juridikoan Frantsesa ez diren beste hizkuntzen existentziak lekua izan dezan.
2.5.- ONDORIOAK
Espainak aurkeztutako testua, hasiera hasieratik, nahasia eta iluna da. Zuzenbide politikoko ikasgai txarra eta hizkuntza gutxiagotuei buruzko edo, batzuetan, hizkuntza gutxiagotuekin zerikusia duen arau-bilduma txarragoa da txostena. Batzuetan aipatzen diren arauek ez lituzkete gaindituko Europan arlo honen gainean eskatzen diren gutxienekoak. Arau-datu gehiegi aipatzen dira baina ez iturriak. Aurkibidea ez dago osatua eta puntuen zenbakikuntza ez da zuzena.
Txostengileak etengabe planteatzen du Espainiako errealitate autonomikoa. Estatua osatzen duten administrazio ezberdinen artean (zentrala, autonomikoa eta tokian tokikoa) eskumen-erantzukizuna banatzen duen errealitatea. Horregatik, txostenaren arabera, erregioetako zein gutxiengoen hizkuntza duten autonomia erkidegoak dira Kartan aipatutako irizpideak betetzearen azken erantzuleak. Administrazio hauek dira eskudunak karta aplikatzeko eta, hortaz, bere betetzearen erantzuleak ere. Beste modu batez esanda: Administrazio zentrala ez da Karta aplikatzeko barneko erantzulea. Alabaina, Espainiako errealitate juridikoak bakarrik Estatuko Administrazioari esleitzen dio nazioarte mailako eskumena (1978ko Espainiako Konstituzioaren 149. artikulua) eta, beraz, erantzule bakarra da Europako Kontseiluaren aurrean. Honek ahultzen du, arras, Administrazio zentralaren jarrera eta jardunen defentsa, baita administrazio horrek autonomia erkidegoetako hizkuntza errealitateaz benetan duen ezagutza ere (testuak dituen akatsek agerian uzten dutenez). Honen guztiaren ondorioz, kalitate gutxiko txostena da.
Metodologiaren ikuspegitik, ezinbesteko garrantzia du informazio iturriak aipatzeak. Bada, txosten espainiarrak hasierako estatistika datuetan bakarrik ematen digu erreferentzia. Gainerako datuei eta arau-zerrendei buruz zalantzak daude, zaila baita informazioetako batzuen egokitasuna ezartzea. Datu pila bat dugu, batzuek iturriak zehaztu gabe dituzte, egituratu gabeko arau zerrenda luzea, bertan indarrean dauden arauak indargabetuak edo baliogabetuak direnekin nahasten direla.
Finean, Espainiako Erresumak aurkeztutako txostenak ez ditu betetzen Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartaren 15. artikuluak ezartzen dituen baldintzak.
Nafarroari dagokionez, garrantzia berezia du euskararen 18/1986 Foru Legeak ezarritako zonifikazioak, baita Legearen garapenak ere, ez baitituzte bermatzen eremu euskaldunetik kanpo dauden gutxiengoen hizkuntza eskubideak. Euskaldunak diskriminatzen dituen zonifikazioa, Nafarroako Parlamentuaren irizpidearen kontra diseinatu zutena eta gaur egun oraindik ezezagunak diren irizpideen arabera ezarri zutena. Gainera, izaera linguistikoko barruko muga hauek galerazten dituzte eta galeraziko dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen barruan euskara ikasi eta erabiltzeari buruzko gizarte eskaeraren bilakaerari erantzuna emanen dioten politika malguak.
Nafarroako gaurko Administrazioak euskara folklore eremuan mantendu nahi du eta ez du utziko inolaz ere hizkuntza honek gizarte jarduerako beste esparruak bere egitea. euskara ongi dago ikerketarako, jatorri misteriotsu eta indoeuroparraurrekoa duen hizkuntza altxor gisa, baina ezin da onartu eskubideen subjektua nahi izatea. Horren ondorioz ditugu lege atzerakoiak Administrazio Publikoan eta unibertsitatean euskararen erabilera arautzeko orduan, Gobernuaren irudiko euskaraz egin daitekeen eremutik at dauden eskolen itolarri ekonomikoa, euskarazko komunikabideei diru publikoak ukatzea eta euskara modu sinbolikoan erabiltzen dutenei ematea, eremu ez-euskalduneko ikastoletan lan egiten duten irakasleen diskriminazioa, funtzio publikoan sartzen diren funtzionarioen diskriminazioa, etabar.
Egoera honen azalpenetako bat da badirela ezberdinaren pentsamendua edo berea ez den nortasuna duten pertsonak jasaten ez dituzten aukera politikoak. Nafarroa gobernatzen duen alderdiaren, UPNren, programa politikoan, "Etorkizunerako erronkak" izenburupean ondoko hau aipatzen da: "bi hamarkadetan, Estatu Batuetan, espainieraren erabilera ingelesaren parekoa izanen da. Aukera hau, lehiarako abantaila hau aprobetxatzea ez doa, ezta gutxiago ere, euskararen aurka, nahiz eta hausnarketa egitera bultzatu beharko lituzkeen energia guztia -arrazoi politikoak direla medio- batua zabaltzen xahutzen duten horiek" Explicatio non petita acusatio manifesta.
Azken finean, azpimarratu behar da legezko eta eskumenezko eremuak Nafarroari Kartan ezarritako irizpideetara hurbiltzen uzten badio ere, Nafarroako legedia hark eskatutako baldintzen oso azpian dagoela.
4. GOMENDIOAK
Hona hemen gure gomendioak:
- Nafarroako legedia aztertu, Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartan ezarritako irizpideetara egokitu eta aplikatzea.
- Europako Karta (II. zatia eta III. zatia) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan aplikatzea, modu horretan Nafarroako Parlamentuak 1980eko azaroaren 3an eman ebazpena betez eta euskara, arriskuan dagoen hizkuntza, babestuz. Hau egin ezean, Kartaren III. zatiaren babesa eremu mistoan garatu eta zabaltzea eta II. zatiaren irizpideak eremu ez-euskaldunean aplikatzea.
- Hizkuntza baten normalizazioak Administrazioaren aldetik ardura berezia eskatzen du, bai eta helburu horretarako espreski esleitutako baliabideak ere. Horregatik beharrezkoa da organo administratibo bat sortzea, bere ahalegin eta baliabideak Euskararen 18/1986 Foru Legearen garapen eta aplikazioaren koordinazioan bideratuko dituena.
- Eskualdeko administraziotik nafar hiritar ororen hizkuntza eskubideak bermatzea, zirkuitu elebidunak abian jarriz.
- Indefinizio juridiko eta alegaltasun egoerei bukaera eman eta hizkuntza eskubideen arloan dauden eskaera sozialei legezko estaldura ematea, Erregioetako Zein Gutxiengoei Buruzko Hizkuntzen Eurokartaren oinarriak errespetatuz.
- Euskarazko komunikabideak sustatu eta garatzea, arreta berezia eskainiz euskara komunikazio integralaren lanabes gisa erabiltzen dutenei.
- Berriz ere harremanetan sartzea Nafarroako Foru Komunitatean euskararen alde lan egiten duten eragileekin.
- Harremanak normalizatu eta politikak homogenizatzea euskara jatorrizko hizkuntza duten lurraldeekin.
- Nafarroako erakunde eta organismoetatik euskara eta euskal kulturari buruzko ikerkuntza sustatu eta garatzea. Adibidez, egun ez dagoen euskara katedra bat sortuz, gutxienez Nafarroan kokaturik dauden hiru unibertsitateetako batean.
- Hizkuntza errealitatea konplexua da eta jardun sozialaren eremu desberdinak eragiten ditu. Ildo honetan, komenigarria litzateke, beti ere Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokartan garatutako oinarrei jarraikiz, eskualdeko Administrazioak beste erakundeei (unibertsitateak, udalak, etabar) autonomia handiagoa uztea Nafarroan euskara arautu, garatu eta sustatzeko orduan.
(IULEN URBIOLA LOIARTE Euskara Kultur Elkargoaren zuzendaria da)
- Txosten hau Euskara Kultur Elkargoak Iruñean 2003-01-16an burutu zuen.
Oin-oharrak:
(1) II. Zatia: Helburuak eta Oinarriak: 7. artikulua.
(2) III. Zatia: Jendaurreko jardunean erregioetako zein gutxiengoen hizkuntzak erabiltzearen alde hartu beharreko neurriak: 8-14. artikuluak.
(3) EZGHBEaren 16.1 artikuluari jarraikiz, Lantaldeak txostena aztertu behar du. Kartaren 17. artikuluak agintzen du Lantaldearen eraketa.
(4) BARANDIARAN, JM, El hombre Primitivo del País Vasco. JM BARANDIARAN FUNDAZIOA.
(5) Gai honen inguruko informazio gehiagorako, ikus ELIZABETH HAMEL eta THEO VENNEMANN "Vaskonisch war die Ursprache des Kontinents" Spektrum der Wissenschaft-ean. 32 zkia. 2002ko maiatza.
(6) Euskal Herria da euskaldunen lurraldea izendatzeko euskaraz erabiltzen den izena.
(7) Aurtengo udan inkesta honen 2002. urteari dagozkion datu eguneratuak espero dira. Erdara edo erdaldun, euskaraz, euskara ez den hizkuntza oro eta bere hiztunak dira. Kasu honetan erdara gaztelaniari eta frantsesari dagokie.
| HIZKUNTZA-GAITASUNA LURRALDEKA |
|---|
| Euskal Herria | EAE | Nafarroa | Iparraldea |
|---|
| Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % |
|---|
| Guztira | 2.248.100 | 100 | 1.778.500 | 100 | 437.200 | 100 | 212.400 | 100 |
|---|
| Euskaldun elebakarrak | 12.400 | 0,5 | 9.800 | 0,6 | 1.100 | 0,2 | 1.500 | 0,7 | | Elebidunak | 534.100 | 22,0 | 438.400 | 24,7 | 41.000 | 9,4 | 54.700 | 25,7 | | - euskal elebidunak | 159.600 | 29,9 | 128.500 | 29,3 | 13.400 | 32,7 | 17.700 | 32,2 | | - elebidun orekatuak | 171.500 | 32,1 | 141.700 | 32,3 | 11.800 | 28,9 | 18.000 | 33,00 | | - erdal elebidunak | 203.000 | 38,0 | 168.200 | 38,4 | 16.800 | 38,4 | 19.800 | 34,8 | | Elebidun hartzaileak | 352.900 | 14,5 | 290.200 | 16,3 | 42.800 | 9,8 | 19.800 | 9,3 | | Erdaldun elebakarrak | 1.528.700 | 63,00 | 1.040.000 | 58,5 | 352.300 | 80,6 | 136.400 | 64,2 |
(8) 2002ko azaroaren 21ean Frantziako Biltzar Nazionalak Konstituzioaren 1. artikuluaren aldaketa atzera bota zuen. Aldaketa horren bitartez "erregioetako hizkuntzek", hala nola euskara, bretoiera, okzitaniera, alsaziera, aitortza ofiziala izatea lortu nahi zen.
(9) Euskalduna, euskaraz, euskaraz mintzatzen dena da.
(10) JIMENO JURIO JM, Historia del Euskara, TXALAPARTA, Tafalla, 1997. 48. orr.
(11) URZAINQUI MINA T, Recuperación del Estado Propio. NABARRALDE, 2002. 7. orr.
(12) Albako Dukeak, Fernando Katolikoaren aginduetara, Nafarroa Garaia konkistatu ondoren, Nafarroako Erresumak bizirik iraun zuen entitate politiko aske gisa Behe Nafarroan 1620. arte. Egun Behe Nafarroa Ipar Euskal Herria osatzen duten lurraldeetako bat da.
(13) Gai honi buruz gehiago jakiteko, ikus III. Kapitulua. JIMENO JURIO JM, NAVARRA Historia del Euskara, TXALAPARTA, Tafalla, 1997.
(14) TORREALDAI JM, El libro negro del Euskera,TTARTALO, Donostia, 1998. 18. orr.
(15) TORREALDAI JM, Op.Cit., 45-46 orr.
(16) TORREALDAI JM, Op.Cit., 210-211 orr.
(17) Espainiako 1978ko Konstituzioa. 3.1 artikulua "Gaztelania da Estatuko hizkuntza ofiziala. Espainiar orok ezagutzeko betebeharra du, baita erabiltzeko eskubidea ere".
(18) Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 82/1986 epaia, 1986ko uztailaren 4ko 159. zkiko EAOn argitaratua.
(19) Ruiz Vieytez. Eduardo J. Erregioetako Zein Gutxiengoen Hizkuntzei Buruzko Eurokarta. Gutxiengoen hizkuntzak babesteko tresna ote?. Edukiak, Mugak eta aukerak. Euskal Kultur Elkargoak antotatutako ERREGIOETAKO ZEIN GUTXIENGOEN HIZKUNTZEI BURUZKO EUROKARTA. JARDUNALDIetan aurkeztutako txostena. Iruñea, 2002.
(20) Izan ere, euskaldunen kopururik handiena eremu mistoan biltzen baita.
(21) Nafarroako Parlamentuaren 1980ko azaroaren 3ko Ebazpena.
(22) 1996ko Euskal Herriko soziolinguistikazko inkestatik ateratako datuak.
| HIZKUNTZA-GAITASUNA EREMUKA |
|---|
| Nafarroa | Euskalduna | Mistoa | Ez-euskalduna |
|---|
| Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % |
|---|
| Guztira | 437.200 | 100 | 47.700 | 100 | 227.800 | 100 | 161.700 | 100 |
|---|
| Euskaldun elebakarrak | 1.100 | 0,2 | 1.100 | 2,3 |
|
|
|
| | Elebidunak | 41.100 | 9,4 | 27.500 | 57,6 | 12.200 | 5,4 | 1.300 | 0,8 | | Elebidun hartzaileak | 42.800 | 9,8 | 3.500 | 7,4 | 29.600 | 13,0 | 9.700 | 6,0 | | Erdaldun elebakarrak | 352.300 | 80,6 | 15.600 | 32,7 | 186.000 | 81,6 | 150.700 | 93,2 |
(23) Diputatuen Kongresuko bilkura egunkaria. 126. zkia. 1997ko abenduaren 16a. 6646. orr.
(24) Honi gagozkiolarik, arestian aipatu dugu zein erraz har daitezkeen estatuaren eskumenak hizkuntza eta bere erabilera bezain jakin-alor anitzeko diren gaietan. Ikus eskumen banaketari buruzko aipua. Txosten honetako 10. orr.
(25) MONREAL ZIA G. La Oficialidad del Euskera en Navarra. "Euskararen Erregimen Juridikoari buruzko Jardunaldiak", APEI, Oñati. 1990. 11-163 orr.
(26) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek ezarri zuen Iruñean eta euskaraz irrati bakarra izateak baztertzen zituela hizkuntza hori ezagutzen ez zuten hiritarrak, gaztelaniaz hamaika irrati dauden arren. Bere aldetik, Gobernuak, 2000. urtean, aldatu zuen Administrazio Publikoan euskararen erabilera arautzen zuen araudia, erdaldunekiko diskriminazioa zela argudiatuta.
(27) Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 82/1986 epaia. 1986ko uztailaren 4ko 159. zkiko EAOn argitaratua.
(28) Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 17. artikulua.
(29) Adibide gisa, Euskara Kultur Elkargoa Fundazioak Nafarroako Euskararen kontseilukideak izendatu zituen Foru Dekretuaren kontra jarritako administrazioarekiko errekurtso baten inguruko prentsa ohar batean (2002-10-15) ondokoa esan zuen: "Nafarroako Gobernuak ez daki zer nolako zilegitasunik ote duen Fundazio horrek izendapen batzuk errekurritzeko (...) Nafarroako Euskararen Kontseiluaren izendapenen kontra Euskara Kultur Elkargoa Fundazioak aurkeztutako errekurtsoaren aurrean, Nafarroako Gobernuak ohartarazten du ekimen honen helburua dela Nafarroako Euskararen Kontseiluaren abiatzea geldiaraztea eta euskararen erabilerari buruzko Foru Dekretuaren onespen prozedura oztopatzea (...) Fundazio horrek jarritako errekurtsoa, Gobernuaren irudiko, luzamenduzko teknika bat da, helburu hori lortzeko administrazioarekiko errekurtsoen bitartez egindakoa. (...) Kasu honetan, Gobernuaren ustetan, Zuzenbidearen adierazpen antisozial garbia ari da gertatzen, Legeak babesten ez duena, alde batetik Kontseiluaren funtzionamendua geldiarazi nahi denean eta, bestetik, auzitegietan Kontseiluaren beraren irizpenik ez dagoela alegatzen denean." Auzitegiek errekurtosa onartu dute izapidatzeko.
(30) Sinadura ekitaldian, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak ezagutzera eman zuen Nafarroako Gobernuak ez zuela parte hartuko "Euskal Herria" izendapena agertzen zuen inolako proiektutan.
(31) Esanguratsua da 1999tik HPZN Lehendakaritza Departamentuaren organigramatik kanpo gelditu eta Hezkuntza eta Kulturakora pasatu izana. Horrekin argi gelditzen zen Gobernuaren asmoa, Administrazioa normalizatzeko zeharkako organoa ezabatu eta erakunde hezitzaile-kulturala izatera mugatu.
(32) Hizkuntza politikari buruzko ikuspegi motz eta jainkojalea; bakarrik euskararendako hartzen du kontuan" Pedro Pegenaute, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia. Diario de Navarra. 2003-02-05.
(33) Apirilaren 22ko 85/2002 Foru Dekretuaren 28. artikuluak zehazten ditu Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren eginkizunak. Etengabe parekatzen dira "euskara eta Europako Batasunean erabilera ofiziala duten beste hizkuntzak".
(34) Orain indarrean dagoen dekretua 372/2000 Foru Dekretua da, auzitegiek forma arrazoiak direla kausa baliogabetu dutena. Egun, Gobernuak dekretu berri bat aurkeztu du, 372/2000 F Dekretuaren berdina dena. Bietan ez da Kartaren aipurik egiten. Alta, aurreko bi dekretuetan, 70/1994 eta 135/1994, Kartaren aipua garbia da nahiz eta Espainiak oraindik Karta berretsi gabe zuen. 2003ko otsailaren 10ean, txosten hau itxi ondoren, Nafarroako Gobernuak onetsi du Euskara Administrazioan erabiltzeari buruzko dekretu berria. "Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu zuen dekretu berria aurrekoaren (372/2000) kopia berdin-berdina dela, argitu zuen arren xedapen gehigarri bat erantsi dutela. Bertan zehazten da eremu mistoan eta ez-euskaldunean (Nafarroa, 1985. urteaz geroztik, hiru hizkuntza eremutan banaturik dago) jarduteko planak, seinalizazio kartel elebidunak ezabatzeko eta gaztelania hutsezko kartelekin ordezteko, martxan jarriko direla aurrekontuetako diru kopuruaren arabera". Diario de Noticias, 2003ko otsailaren 11.
(35) RODRIGUEZ OTXOA JM, Legislación Navarra sobre el uso del Euskara en la Administración Foral, "La situación Jurídica del Euskara en Navarra"n. Euskara Kultur Elkargoa. Iruñea, 2002. 77. orr.
(36) Adibide gisa, irakaskuntza ez-unibertsitarioa euskaraz nahi duten hiritar nafarrek (1989ko maiatzaren 19ko Foru Dekretua) ez dute aukera berdina Leitzan, Iruñean edo Tuteran jaio badira. Seme-alabak euskaraz ikastea nahi duten gurasoek ez dute aukera berdina, ezta eskubide bera ere izanen hauek Leitzan, Iruñean edo Tuteran badaude; eta hau Nafarroako Ogasunari beste hiritarrek adina ordaintzen badiote ere eta beste hiritarrek hartzen dituzten zerbitzu berdinak hartzeko eskubidea badute ere. Egoera berdina suertatzen da euskara Administrazioan erabiltzeari dagokionez.
(37) EBLULk (European Bureau for lesser used languages) prentsa ohar batean ondokoa eman zuen aditzera: "Nafarroako Foru Gobernua modu negatiboan ari da aldatzen euskarari buruzko bere legeria eta hizkuntza hau arrisku egoeran dago komunitate horretan. Izan ere, 372/2000 Foru Dekretuak ezarri duen erreformak euskararen erabilera mugatzen du Nafarroako administrazio publikoan. Nafarroako Foru Gobernuak hartutako erabaki hau Europako erakundeen hizkuntza politiken inguruko xedapen orokorren testuaren eta espirituaren kontra doa".
(38) 2002ko azaroaren 15eko 348/2001/3 espedientea. Nafarroako Arartekoa.
(39) Nuria Iturriagagoitia Nafarroako Gobernuko bozeramaleak azaldu zuen Foru Exekutiboa ez zela joan den urteko Nafarroa Oinezen izan Argia ikastola, dirua jaso behar zuena, "alegala" delako. Diario de Noticias 2002-10-22. Alegaltasun egoera hau lan esparruan ere ari da egoera diskriminatzaileak sortzen. Nafarroako Hezkuntza itunaren Jarraipen Batzordeak uko egin dio Nafarroako ikastola alegaletako irakasleei ikastetxe hauetan izandako esperientzia aitortzeari, kontratazioetarako puntuatze aldera, ikastetxe pribatuetako gainerako irakasleei aitortzen zaien bezala. Gara 2003-01-8.
(40) 2002ko urriaren 20an egin zen azken bestan, antolatzaileen arabera, 130.000 lagunek hartu zuen parte. Jasotako dirua Tuterako Argia ikastola (eremu ez-euskaldunean) handitzeko erabiliko dira.
(41) Nafarroa Oinezi buruzko informazio gehiago HEMEN.
(42) Diario de Noticias. 2003-01-29
(43) EBLULek atzerapentzat jo zuen dekretua. Ikus Hizkuntza gutxiagotuen Europako Bulegoaren 2001/03/ 2ko ebazpena eta 2002710/7ko adierazpena.
(44) Gaztelania ez den berezko hizkuntzaren eskakizunaren "gehiegikeriaren" tesiaren kontra egin dute Auzitegi Gorenak (27/1991 epaia), Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (2002ko ekainaren 26ko epaia) eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak (82/1986 epaia).
(45) Diario de Navarra. "Gurreak justifikatzen du euskararen dekretua justizia eta zuzentasunagatik" 2001eko otsailaren 9a. Errealitatean, Foru Dekretuaren 8 urteko indarraldian, hamahiru mila langileko plantilan ehun lanpostu inguru izan dira euskararen eskakizuna izan dutenak. 2001ean, euskara ezinbestekoa zuten lanpostuen kopurua 248tik 153ra murriztu da. Ehunekoetan, Nafarroako Administrazioan, euskara ezinbestekoa duten lanpostuen kopurua 2000. urtean %1,90 izatetik 2001ean %1,17 izatera aldatu da. Beherunzko joera garbia da.
(46) Diario de Noticias. 2002ko abuztuaren 22a.
(47) Administrazioak diharduen lurraldean ofiziala den hizkuntzaren ezagutza galdatzea ederki sar daiteke eskatutako meritu eta gaitasunen barruan, katalaneraren ezagutza eskakizun "ad extra"tzat hartu behar ez bada ere, kreditatutako merezimendu eta gaitasunetik at, baizik eta, funtzio publikoan sartzeko eskatzen den edozein ezagutza edo baldintza bezala, eskakizuntzat, zeinaren kreditazioak oinarri konstituzionalak asetzen dituen". Auzitegi Konstituzionalaren 0046/1991 epaia. EAO 74. zkia. 1991/03/27
(48) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Gelaren 2002ko ekainaren 26ko epaia.
(49) 34. zkiko oharrean aipatu dugun bezala. 2003ko otsailaren 10ean, txosten hau itxita ondoan, Nafarroako Gobernuak euskara Administrazioan erabiltzeari buruzko dekretu berria onetsi du. "Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu zuen dekretu berria aurrekoaren (372/2000) kopia dela, argitu bazuen ere xedapen gehigarri bat erantsi dela non zehazten baita eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean (Nafarroa, 1985. urteaz geroztik hiru hizkuntza eremutan banatuta dago) seinalizazio elebiduneko kartelak gaztelania hutsezko kartelekin ordezteko jarduera planak aurrekontuetako diru kopuruaren arabera eramanen direla aurrera". Diario de Noticias, 2003ko otsailaren 11.
(50) Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroarako Autonomia Estatutua da.
(51) Unibertsitate Autonomiako 2. artikulua.
1. Unibertsitateek nortasun juridikoa dute eta autonomia eta elkarren arteko koordinazio erregimenean garatzen dituzte beren funtzioak.
Unibertsitate pribatuek beren nortasun juridikoa izanen dute, Zuzenbidean onartutako formetan.
Beren helburu sozial bakarra goi mailako hezkuntza izanen da, 1. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen funtzioak betez.
2. Aurrean dugun Legearen hitzetan, Unibertsitateen autonomiak honako hauek barne hartzen ditu:
a) Beren Estatutuak egitea, eta, Unibertsitate pribatuen kasuan, antolatzeko eta funtzionatzeko beren arauak ere egitea, baita barne erregimeneko beste arauak ere.
b) Egoki diren gobernu eta ordezkaritza organoak aukeratzea, izendatzea eta kargutik kentzea.
c) Ikerketa eta irakaskuntzaren euskarri gisa jardunen duten egiturak sortzea.
d) Ikasketa eta ikerketa planak eta bizi guztiko heziketarako berariazko irakaskuntza planak egitea eta onestea.
e) Irakasleak eta ikerlariak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak aukeratzea, prestatzea eta sustatzea, baita haien jarduerak garatzeko baldintzak zehaztea ere.
f) Ikasleen onarpena, egonaldi erregimena eta haien ezagutzen egiaztatzea.
g) Izaera ofizialeko eta lurralde nazional guztian balioa duten tituluak ematea, baita beren diplomak eta tituluak ematea ere.
h) Haien aurrekontuak egitea, onestea eta kudeatzea eta haien ondasunen administrazioa.
i) Lanpostuen zerrendak ezartzea eta aldatzea.
j) Haien erakunde-helburuak sustatzeko eta garatzeko, beste entitate batzuekin harremanak ezartzea.
k) 1. artikuluko 2. atalean aipatutako funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoa den beste edozein eskumen.
3. Unibertsitatearen jarduera, baita haren autonomia ere, askatasun akademikoaren printzipioan oinarritzen da, zeina katedra, ikerketa eta ikasketa askatasunean adierazten den.
4. Unibertsitate autonomiak hau exijitzen eta ahalbideratzen du: irakasle, ikerlari eta ikasleek, bakoitzari dagozkion erantzukizunak betetzea, hezkuntza-, zientzia- eta lanbide-beharrak betetzeko, hala nola Unibertsitateek gizarteari haien ondasun eta baliabideez egiten duten erabileraz kontu egiteko.
5. Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluari dagozkion funtzioei kalterik egin gabe, Autonomia Erkidegoari dagozkio beren eskumeneko Unibertsitateen koordinazio lanak.
(52) VILCHES PLAZA C. Euskararen Eszenatokiak Nafarroan, 1970-2000, in Euskararen Egoera Juridikoa Nafarroan. Euskara Kultur Elkargoa. Iruñea. 2002, 125orr.
(53) Aldasoro Lecea, E. "La evolución de la enseñanza en Euskara en Navarra: una perspectiva pedagógica". Dossier 15 años de la Ley del Euskara en Navarra". RIEV 46-2. Donostia 2001.
(54) Eskualdeko legeztatu gabeko ikastolen datuak ere sartu dira, datu ofizialetan agertu ohi ez direnak.
(55) Aldasoro Lecea, E. Op. Cit.
(56) Maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretua, 7. artikulua.
(57) Badira kasuak, Iruñeko Donibane auzokoa esaterako, non 18 haurren eskaera dagoela, ez dioten ekin gela bat prestatzeari, edo Errotxapea auzokoa, non 48 ikasleren eskaera dagoela, soilik horietako 25endako gela bat dagoen. Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak emandako datuak. Elkarte hori Nafarroan Euskarazko irakaskuntza publikoko sektore guztiak biltzen dituen kolektiboa da.
(58) Justizia bakarra da Espainiako Estatu guztian, eta Erregearengandik dator. Horren ondorio zuzena da Justizia Administrazioa bakarra dela Estatu guztirako, eta Administrazio horren plantilla organikoa Estatu guztian barna mugitzen dutela kasu bakoitzari dagokion Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen ezagutza alde batera utzita. Horrela zaila da eremu honetan hiritarren hizkuntza eskubideak bermatzea.
(59) Gaztelania hiztun batek beti alegatzen ahal du defentsa gabezia; hortaz, beti egonen da egoera abantailatsuan.
(60) ROMEU J. Erregioetako zein Gutxiengoen hizkuntzei buruzko Eurokartaren Ezarpena Espainiako Estatuan in Euskararen Egoera Juridikoa Nafarroan. Iruñea. 2002. 45 orr.
(61) 03/01/29an Garan eta Diario de Noticiasen agertutako informazioa.
(62) Dekretu honen onespenak, beste zenbait iluntasunekin batera, zalantzaren hazia ekarri digu Toki Administraziora. Haren onestearekin, aurretik Euskararen erabilera arautzeko beren ordenantzak garatu dituzten toki administrazioek ez dakite ea horiek balio juridikoa izaten jarraitzen duten, edo, aitzitik, Dekretuak indargabetu dituen. Praxia desberdina da udalen arabera, baina badirudi auzitegiek toki autonomia nagusitzen dela onartzen dutela, eta, beraz, Dekretuak ez dituela Ordenantzak baliogabetzen.
(63) Honen haritik, nabarmentzekoa da Berriozarko Udalak euskal toponimoak gaztelaniara itzuli dituela, egoera absurduak eta itzulpen makurrak sortaraziz, eta horretaz gain izendapen berriak sortuz, Euskarazko usadiozkoak saihesteko. Auzokideek Toki Administrazioaren ekintza horiei helegiteak aurkeztu dizkiete.
(64) Zoritxarrez, eta behin txosten hau itxi ondoren, Espainiako Erresumak, Auzitegi Nazionalaren (jurisdikzio berezia duen Auzitegia) bitartez, tartean inolako epai judizialik izan gabe, Egunkariaren kautelazko itxiera agindu du 2003-02-20an. Kautelazko neurri hau (zeinetik egunkari honen ixtea eratortzen den) hartu duen epailearen arabera, Egunkariak helburu terroristetako bat sendotzeko helburuari men egiten dio, beren menpeko euskarazko egitura berriemaile bat sortzeko helburuari, alegia. ETAren asmoa zen, epailearen arabera, ideal terroristaren babesa eta hedapena erraztea, euskararen laguntzaz estaldura kultural gisa. Bere aldetik, Espainiako Barne Ministroak, Ángel Acebesek, esan zuen operazioa, egiaz euskal hizkuntzaren aldeko ekintza izan zela, zeren eta, bere aburuz, ETAk ez luke hizkuntza hau haren helburuak sustatzeko erabiliko. Hizkuntza honen garapenaren alde lanean ari diren kolektibo guztiek erantzun diote neurri horri, eta euskararen erabileraren garapen eta normalizazioaren kontrako erasotzat hartu dute. Amnesty International, Gutxiagotuen hizkuntzen Europako Bulegoa, MIDAS kazetari elkarte minoritarioek eta nazioarteko ezin konta ahala erakundek ere egunkariari elkartasuna adierazi diote.
(65) Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroarako da, Autonomia Estatutuak beste Erkidegoetarako direna.
(66) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Aretoa. 1994ko Azaroa.
(67) Aipatu behar da oraingo Nafarroako Hizkuntza Politikarako zuzendariak Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegian auzi bat irekia duela prebarikazioagatik. Salaketak jatorria du Zuzendaritza horrek eta zehazki haren zuzendariak egindako laguntzen banaketan, euskara komunikabideetan erabiltzeko laguntzetarako 2001eko deialdian.
(68) Nabarra aldizkariak eta Euskalerria Irratiak deialdi honetako oinarriak errekurritu dituzte.
(69) BARANDIARAN A. Euskararen egoera komunikabideetan in Euskararen egoera juridikoa Nafarroan. Euskara Kultur Elkargoa. Iruñea. 2002.103 orr.
(70) 2002ko ekainaren 26ko epaia eta uztailaren 18ko epaia, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Aretoa.
Ildo Bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|