|
Bada gaztelaniazko esapide bat, oso erosoa esaldiak lotura arin batez josteko, “así las cosas”. Erosotasun hori dela-eta, horren hainbat egokitzapen ikusi dira euskaraz. Nolanahi ere bat nagusitu da –edo beti izan da nagusi– horien artean: gaztelaniazkoaren hitzez hitzezko kalkoa, gauzak horrela, hain zuzen.
Esapide hori, gauzak horrela, ez da tradizioan inoiz agertzen. Nik ez dut inon topatu bederen. Egungo idazleen artean, aldiz, oso hedatua dago, are nire ustez eredugarriak direnen artean ere. Ikusi besterik ez dago Ereduzko Prosa Gaur-en: nahiz horko gauzak horrela guztiak ez dagozkion esapide honi, bai ordea gehienak, eta niretzat eredugarri diren idazleenak ere ez dira falta.
Hortaz, ez naiz hasiko esaten gauzak horrela delakoa ez dela euskarazkoa. Baina bada beste euskal esapide bat, horren erabateko kidea dena eta askoz tradizio hobea duena: Iparraldeko horiek hola edo horiek horrela, batuan bigarren forma horretan erabil daitekeena. Eta hona ekarri nahi dut horiek horrela delako hori, ziur bainago gauzak horrela erabiltzen duen batek baino gehiagok besterik ez omen dagoelakoan-edo erabiltzen duela hori. Are gehiago, niri, behin, horiek horrela jarri eta “zuzendu” egin zidaten, eta gauzak horrela ezarri: gehitxo iruditu zitzaidan egia esan.
Izan ere, horiek horrela esapideak tradizio ona du: bada jada horiek hola direlarik esapidearen agerraldi bat Duhalde-ren Meditazione handiak liburu aipatuan, XVIII-XIX. mendeen muga horretan, eta horiek hola-ren beste bat gutxienez Arbelbideren Igandea-n, XIX.aren bukaera aldera. XX. mendean asko zabaltzen da esapidea Iparraldean, idazle onenen artean, eta Hegoaldera zerbait zabaltzen: Orixe, Ibiñagabeitia, Jon Etxaide, Mirande.... Gaur egun horiek horrela astero aurkitzen dut Herria aldizkarian, adibidez, eta Ereduzko Prosa Gaur erakuskarian, Iparraldekoez bestalde, badaude J. Alonso eta A. Lertxundiren adibideak gutxienez. Niretzat ez da gutxi.
Horiek horrela, uste dut, esapide horrek leku handiagoa merezi duela euskara batuzko idazlanetan.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|
|
Horiek horrela esapidearen ondoan beste bat ere bultzatuko nuke nik, euskaraz sarri erabiltzen dugulakoan, gaztelaniazko ¡a propósito! esapidearen testuinguruan: IZAN ERE. Adibidez: Izan ere, non bizi da hire lagun hori?
"Horretaz ari garela", "hori aipatzen dugula" eta holako esapide luzeak baino egoakiago deritzot, dudarik gabe.
(IÑAKI ZUBIZARRETA Irusoin ikus-entzunezko ekoiztetxearen euskara arduraduna da)
|
|
Horiek hola tradiziokoa da, Iparraldeko idazleek oso erabilia; horiek horrela ez dakit hain erabilia den (ez dut eskura zuk aipatu hegoaldeko idazleen adibiderik). Horiek hola formak hobesgarriagoa dirudi, batez ere esapide egina baldin bada, hots, hizkuntzan lur hartu duena (ez soilki idazle edo hiztun batzuek erabilia).
Bestalde, hola forma Euskara Batuaren Hiztegian ere badago.
(XABIER ALTZIBAR ARETXABALETA Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Fakultateko doktore eta irakaslea da)
|