|
Askotan pentsatu izan dut, eta oraindik ere iritzi horretakoa naiz, abertzaletasunik gabeko euskaltzaletasuna iruzur ikaragarria dela herri honentzat. Baina, beste muturrean, gero eta garbiago dakusat, euskaltzaletasunik gabeko abertzaletasuna are okerragoa dela gure herriarentzat. Eta, jakina, zer esanik ez, abertzaletasun hori independentziaren goiburua besapean hartuta baldin badatorkigu.
Arazo latza daukagu euskaldunok identitate politikoaren eta nortasun kulturalaren arteko sokatiran. Bi dimentsio horien garapen orekatuan eta zuzenean datza, seguru asko, euskal arazoaren aterabidea neurri handi batean. Baina ez da batere erraza euskal identitatearen garapen orekatua. Etnozidioak eta glotozidioak gure kultura-nortasunaren izaera suntsituta utzi duenez, dimentsio hau nazionalismo politikoaren mirabe bihurtu izan da beti. Bai abertzaletasun zaharraren eskutik, eta bai hirurogeiko hamarkadan sortu zen ezkerreko abertzaletasun berriaren aldetik. Aldeak alde, funtsaren funtsean, lurralde-nazionalismoaren mirabe dira bi abertzaletasun-mota horiek.
Identitate politikoaren xedea egitura politikoaren eta juridikoaren gainegitura lortzea dela onartuko bagenu, kultur nortasunaren helburua gainegitura horien barrunbea mamiz eta edukiz betetzea dela esan genezake. Kultura, bizitzaren energiaz hornitutako kultura, ez kultura etniko eta folklorikoaren deuseza, eguneroko bizitzaren taupada eta arnasa bera da. Orobat, kultura da nazio-identitatearen garapen eta zentzua mamitzeko gauzatze-lekua eta «lehengaia». Esan dezagun, beraz, euskal kulturaren arragoan mamitzen ez den kultura ezin dela euskal kulturatzat hartua izan, kulturaren jarduna beti hizkuntza batean edo bestean oinarrituta dagoelako.
Euskal nazio-identitatearen aurrean dauzkagun aldeak, ordea, izugarriak dira, eta izugarriak dira gure artean, eta gure artean diodanean ezker abertzaletzat jo ohi dugun eremu soziologikoa daukat gogoan. Ikus dezagun, ideologia eta praxi horren lekuko, kontraesanaren sakontasuna: alde batetik, Euskal Estatuaren beharra nabarmentzen dizun horrek berorrek, eguneroko erdal kulturan oinarrituriko euskal identitatea ezarriko dizu xede, beste alde batetik. Hona lehendabizikoaren aldarria: «La razón es que estamos proponiendo que el conjunto de los habitantes de este país opten entre una Euskal Herria-estado o una comunidad autónoma española». Bistan denez, aurrenekoaren aldeko aukera egiten du hori dioenak, nik neuk bezalaxe. Horren ondotik, gainegitura politiko eta juridiko nazional hori edukiz eta zentzuz betetzeko orduan, berriz, «lehengaitzat» honakoa proposatzen digu: «Tendremos que reconocer, profunda y sistemáticamente, que todos, de forma indivisa, componemos al mismo nivel la materia prima del futuro de Euskal Herria. Que todos somos “nosostros”. No hay “los otros” dentro de Euskal Herria. Cuando desmenucemos esa verdad y entendamos sus repercusiones sociales y psicológicas, en ese momento, sólo entonces, se extenderá el euskara por todo el país, será general el apego a una nación vasca y desaparecerá el fantasma de las dos comunidades» (Gara, 2004/1/10).
Zinez eta benetan eskertu nahi nioke José María Pérez Busterori gauzak pentsatzen dituen moduan esan izana. Izan ere, horixe baita, praktikan, abertzaletasun berriaren jarduera hegemonikoa, baina kontraesanak gordean edukitze aldera, inork gutxik azaleratuko ditu horren agerian. Abertzaletasun berria, beraz, aski leiala eta sentibera da lurraldetasunaren auzian, baina iruzur handi baten estalkia euskal kultura nazionalaren identitatearekiko jokabidean. Bai, badakit nazio-zapalkuntzaren etnozidioak eta glotozidioak gauza asko esplikatzen dituztela. Bai, halaxe da. Baina orduan zergatik ahazten dugu alderdi jeltzaleari antzeko zer edo zer gertatzen zaiola? Alderdi horren nazio-politika erregionalista izatea ez al da bada gauzarik «normalena» gure nazio-alienazioaren historia ezagututa? Ez al litzateke harrigarria izango, sinetsi ezinezkoa, alderdi hori benetako nazio-estrategia batean murgildurik ikustea? Nazio-alienazioak denok jo gaitu: Euskal Herriaren historia, estaturik gabeko beste gehienetan bezalatsu, nazio-alienazioaren historia besterik ez da azken batean. Hemen denok baikara «besteak» neurri baten edo bestean, ez bakarrik eskuineko indar politiko eta sozialak. Baina, jakina, ez Peréz Busterok aurreko hitz hori («los otros») darabilen adieran, asimilazio gordinaren ondorio gisa baizik.
Ez dago zalantzarik: identitatearen dialektikari buruz arras bestelako ideiak dauzkagu geure artean. Herritartasuna eta naziotasuna oinarri teoriko eta ideologiko sendoetan bereizteko gaitasun urria erakusten badugu, ez da harritzekoa izango gabiltzan moduan ibiltzea. Hemen, eguneroko bizitzan, ez dago «besterik»: denok bizi gara nazio-identitate espainolaren oinarrizko izaera funtsatzen duten ezaugarrien arabera: hizkuntzaz espainolak, kulturaz (informazioa, pentsamendua, erreferentziak...) espainolak, eta oin-egitura sozial eta ekonomiko guztia, goitik beheraino, espainol hutsa. Arrazoi du, baina zentzu honetan hartuta bakarrik du arrazoi Peréz Busterok: hemen ez da inolako bitasunik. Ez elebitasunik, ez kultura-bitasunik, ez nazio-bitasunik. Berak buruan darabiltzan amesgaizto horiek ideologia abertzale erdaldun baten mamuak besterik ez dira: alegia, hemen euskal identitatea erdal identitateari gain hartzen ari zaioneko irudikeria. Ideologia horri darion praxia berez irudikeria hutsean bizi baita. Horretarako ez dago erdaraz bizi den diskurtso eta praktika politiko abertzalearen zantzu adierazgarri batzuk ikustea besterik: hau, nazio politikoaren eta nazio kulturalaren arteko kontraesanaren kontzientziarik ez duen hau, aurreneko osagarriaren aldeko borrokan itsututa bizi delako, bigarren osagarririk gabeko naziogintza «hemengo» erdal herri baten eraikuntza besterik ez dela ezin oharturik dabil oraindik.
Mingarriagoa egiten zait hemengoen agintepean egon litekeen Euskal Herri independente arrotz bat, Estatu totalitarioaren mendeko Euskal Herri bat baino. Baina, dirudienez, ideologia abertzale erdaldunaren jokabideak horretara garamatza. Peréz Busteroren aipua lekuko. Baina ez da hor amaitzen, ordea, bi komunitateak, maitekiro, integrazio eredugarri batean -hots: erdal komunitatearen azpikomunitate hutsa eta putza besterik ez den euskaldungoaren integrazioa proposatzen digu Euskal Estatuaren aldarria egiten digun ideologia horrek- elkartu nahi dituenaren ustekizuna. Gauzak egin behar liratekeen egokitasunez eginez gero, euskararen etorkizuna esne-mamitan legokeela esango digu: memento horretan, eta horretan bakarrik («en ese momento, y sólo entonces»), orain erdal herria den euskal herri honetan, egunsentiko eguzkiaren errainuak bazter guztiak argitzen dituen gisa, euskararen mintzoa erdaldun guztien ahotan loratuko litzaiguke. Zer ote da daukagun arazorik sakonena itxuragabeki murrizteko joera!
Askotan pentsatu izan dut, eta oraindik ere iritzi horretakoa naiz, abertzaletasunik gabeko euskaltzaletasuna iruzur ikaragarria dela herri honentzat. Baina, beste muturrean, gero eta garbiago dakusat, euskaltzaletasunik gabeko abertzaletasuna are okerragoa dela gure herriarentzat. Eta, jakina, zer esanik ez, abertzaletasun hori independentziaren goiburua besapean hartuta baldin badatorkigu.
(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR euskara irakaslea da Pasaiako Udal Euskaltegian)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|